Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

238. zk., 2019ko abenduaren 16a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
5728

EBAZPENA, 2019ko azaroaren 21ekoa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Lazkaoko (Gipuzkoa) HIE 6 P9-P10 bizitegi-lurzatien Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa.

EGITATEAK

2019ko ekainaren 13an, Lazkaoko Udalak HIE 6 P9-P10 bizitegi-lurzatien Hiri Antolamenduko Plan Bereziari (aurrerantzean, Planari) buruzko ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuari hasiera emateko eskabidea bete zuen. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan eskatutako edukia zutela. Gainera, ingurumen-dokumentu estrategikoan, dokumentu hori landu duten pertsonak aipatzen dira, sinatuta dago eta amaiera-data dauka.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan xedatutakoa betetzeko, 2019ko irailaren 10ean, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak zenbait erakunderi eskatu die egoki ikusten dituzten oharrak egiteko, ohar haiek oinarritzat hartuta ingurumen-organo horrek ingurumen-txosten estrategikoa egin zezan. Zehazki, honako erakunde hauei egin zitzaien kontsulta: Eusko Jaurlaritzaren Kultura Ondarearen Zuzendaritzari eta Gipuzkoako Arabako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendariordetzari; Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura Zuzendaritza Nagusiari; Gipuzkoako Ekologistak Martxani, eta Eguzki, Eguzkizaleak elkarteari.

Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri egon zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdunek egoki iritzitako ingurumen-arloko oharrak egin zitzaten.

Amaitu da abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea, eta espedientean jasota dago eman dituzten erantzunen emaitza.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen planen, programen eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, beste helburu batzuen artean, plangintza-prozesuaren lehen faseetan ingurumenaren gaineko ondorioen analisia txertatzea, aukerarik egokienak hautatzeko, jardueren metatze- eta sinergia-efektuak aintzat hartuta.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan aurreikusten da zer planek edo programak pasa behar duen ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo planen nahiz programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra dagoela, ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako. Lazkaoko Plan Berezia kasu horietako bat da.

Aztertuta geratu dira Lazkaoko Plan Bereziaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak eta dokumentazio teknikoa, eta kontuan hartu da ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdiekin bat datorrela. Horrenbestez, txosten horiek aintzat hartuta, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak –ingurumen-arloko organo eskuduna den aldetik, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen eta Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera– judizio-elementu nahikoa dauka, eta, beraz, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du, zeinak planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten eta plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jasotzen baitu, baita sartu behar diren azken oharrak ere, soilik ingurumen-arlokoak.

Hauek guztiak aztertu dira: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babestekoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzkoa, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea Lazkaoko HIE 6 P9-P10 bizitegi-lurzatien Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren gainean, baldintza hauekin:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak. Eremuaren deskribapena.

Helburuak.

Plan Bereziaren helburua da Lazkaoko arau subsidiarioetako HIE 6 P9-P10 bizitegi-lurzatietarako eraikuntza-proiektuak garatzeko irtenbideak proposatzea.

Horretarako, hauek egin beharko dira:

– Eraikigarritasun-aldaketa bat; 10. lurzatiko bizitegi-erabilerako 95,70 m2 (s) 9. lurzatira aldatzea, Lazkaoko arau subsidiarioetan HIE 6.erako ezarritako guztizko eraikigarritasunari eutsita, eta P9 eta P10 lurzatien mugak aldatu gabe.

– P9 lurzatiko eraikinaren lerrokadurak aldatzea, blokea eta kaleko gainerako eraikinak lerrokatzeko, eta, aldi berean, iskin formako egitura bat sortzeko, etxebizitzan banaketa arrazionalagoa izan dadin.

Eremuak.

9. lurzatiaren azalera 1.413 m2 da, eta 10. lurzatiarena, berriz, 310 m2. Bi lurzatiak hiri-lurzoru finkatugabean kokatuta daude, Lazkao udalerriko hiri-bilbearen barne. Inguruan, proiektuan adierazi altueraren antzeko eraikinak ditu.

Eremuak ez du elementu natural garrantzitsurik. Hauek dira plan bereziaren eragina nozituko duen ingurunearen ezaugarriak eta baldintzatzaile esanguratsuenak:

– Eremu urbanizatua da, landarediarik batere gabea.

– Erreferentziako esparruan, ez da topatu ez naturagune babesturik, ez Batasunaren intereseko habitatik, ez ibai-ibilgurik, ez hezegunerik. Interes geologikoko lekurik ere ez dago, ezta kultura-ondareko elementu kalifikatu edo inbentariaturik ere. Kutsatuta egon daitezkeen lurzoruen inbentarioan sartutako lurzatirik ere ez da detektatu.

– Ingurumen-arriskuei dagokienez, ez da hauteman uholde- eta higadura-arrisku aipagarririk.

– Zarata-iturri nagusiak A-1 eta GI-2120 errepideak eta Hiribarren eta Iturgaitzaga kaleak dira. Aldaketaren esparruan, kalitateko akustikoko helburuak betetzen dira, eta gerora ere horiek beteko direla aurreikusten da.

B) Plan bereziaren ezaugarriak aztertuta eta, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat, kontuan hartuta egindako kontsulten emaitza, eta V. eranskinean ezarritako irizpideekin bat, xedatu egin da planak ez duela eragin esanguratsurik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera.

Bigarrena.– Aurreikusitakoaren arabera, adierazi behar da, ingurumen-agiri estrategikoan eta ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoarekin bat, Lazkaoko HIE 6 P9-P10 bizitegi-lurzatien hiri-antolamenduko plan bereziak ez duela ondorio esanguratsurik izango ingurumenean, eta, beraz, ez dela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik egin behar.

Hirugarrena.– Lazkaoko Udalari jakinaraztea ebazpen honen edukia.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, honako ingurumen-txosten estrategikoak indarraldia galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, Lazkaoko HIE 6 P9-P10 bizitegi-lurzatien hiri-antolamenduko plan berezia onartuko ez balitz. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko azaroaren 21a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

IVAN PEDREIRA LANCHAS.


Azterketa dokumentala