Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

223. zk., 2019ko azaroaren 22a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
5424

AGINDUA, 2019ko azaroaren 6koa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, zeinaren bidez, enpresa ardogileen kanpo-sustapenerako 2019ko ekitaldirako laguntza-deialdia egiten baita, Lehiatu Ardoa programako merkataritza-misio alderantzizkoentzako dirulaguntzen bitartez.

Elikagaien merkatua globala den honetan, batik bat, ardogintzan, gero eta garrantzitsuagoa da ardo-produktuen inportatzaileek edo banatzaileek upeltegi ekoizleak ezagutzea, baita industria oinarritzen den mahastia eta lehengaia ekoizten den landa-ingurunea ezagutzea ere. Horrenbestez, jarduera laguntzea komeni da, merkataritza-misio alderantzizkoak baliatuta.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8.1 artikuluan xedatutakoa betetzeko xedez, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak dirulaguntzen plan estrategiko bat dauka, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren 2019ko martxoaren 6ko Aginduaren bidez onartua, eta haren barruan dago agindu honetako deialdiko dirulaguntza, zeina euskadi.eus webgunean kontsulta baitaiteke.

Horrenbestez, aurrekontu nahikoa dagoenez Euskal Autonomia Erkidegoko 2018. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 22ko 5/2017 Legeak baimendutako kredituen arabera (2019ko ekitaldirako aurreko urteko aurrekontuak luzatu ziren), eta Euskadiko aurrekontu-araubidearen arloan indarrean diren lege-xedapenen testu bategina onartzen duen maiatzaren 24ko 1/2011 Legegintzako Dekretuak IX. tituluan aurrekontuen luzapen-araubidearen gainean ezarritakoarekin bat etorriz, EAEko enpresa ardogileen kanpo-sustapenerako 2019ko ekitaldirako laguntzen deialdia egiten da, alderantzizko misioak diruz laguntzeko.

Bestalde, Estatuko laguntza baten deialdia denez, estatu-laguntzen gaineko Europar Batasuneko araudia bete behar da. Kasu honetan, laguntza honi jarraikiz emango da: Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Erregelamendua, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzekoa; laguntza, gehienez, 200.000 eurokoa izango da enpresa bakoitzeko, hiru urtetan.

Horiek horrela, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Xedea.

Agindu honen helburua da 2019 ekitaldiko deialdia egitea Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa ardogileen kanpo-sustapenerako laguntzetarako (Lehiatu Ardoa Programa, merkataritza-misio alderantzizkoentzako dirulaguntzak).

Eskatzaileek 2019ko ekitaldian egindako alderantzizko misioen proposamen bat aurkeztuko dute, ezein deialditan aurkeztu gabeak izan beharko direnak.

Agindu honen xede nagusia da ardogintzaren sektoreko erakundeei laguntzea, zehazki diruz lagun daitezkeen misio horiek bestelako deialdietara aurkeztu ezin izan dituztenei, sektorera bideratutako laguntzak indartuta, sektoreari ezarri zaizkion zerga berriak direla eta.

Bigarrena.– Pertsona onuradunak.

EAEn enpresa-egoitza eta zerga-helbidea duten hauek:

a) Enpresa ardogile txiki eta ertainak.

Enpresa txiki edo ertaintzat hartuko dira, 651/2014 salbuespeneko Erregelamendu Orokorreko I. eranskina aintzat hartuz, 250 baino langile gutxiago dituzten enpresak, negozio-bolumena gehienez 50 milioi eurokoa edo txikiagoa dutenak, edota urteko balantze orokorra 43 milioi eurotik gorakoa ez dutenak. Enpresa txikitzat hartuko dira, berriz, 50 langile baino gutxiago izanik urteko negozio-bolumenean edota urteko balantze orokorrean 10 milioi euroko zenbatekoa gainditzen ez dutenak. Kasu bietan, elkartutako edo uztartutako enpresen langile eta mugen zenbatespena 651/2014 salbuespeneko Erregelamendu Orokorraren I. eranskineko 4., 5. eta 6. artikuluetan ezarritakoaren arabera gauzatuko da.

b) Getariako Txakolina, Bizkaiko Txakolina eta Arabako Txakolina jatorri-deiturak kudeatzeko organoak.

c) Ardogintzaren sektoreko enpresez bakarrik osatutako irabazi-asmorik gabeko elkarteak, helburuen artean ardoak kanpoan sustatzea dutenak.

Hirugarrena.– Dirulaguntzaren kontzeptua.

Laguntza-deialdi honetara aurkeztu ahal izango dira banatzaileak, inportatzaileak edo iritzi-liderrak EAEko enpresa ardo-ekoizleak bisitatzera gonbidatzean dautzan alderantzizko misioak, baldin eta haien jarduera ekonomikoa beste herrialde batzuetan gauzatzen bada. Alderantzizko misio horiek EAEn egin beharko dira erabat.

Laguntza ostatu- eta bidaia-gastuen araberakoa izango da, betiere laguntza-deialdian finkatutako mugekin.

Laugarrena.– Betekizunak.

Agindu honetan iragarritako laguntzen onuradun izateko, oinarri honetan ezarritako betekizunak bete behar dira. Betekizun horiek Dirulaguntzei buruzko abenduaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikulukoak dira. Hauek dira:

1.– Onuradun izan daitezke dirulaguntza ematea oinarritzen duen egoeran edo deialdi hau arautzen duten oinarrietan xedatutako baldintzak betetzen dituzten pertsonak edo erakundeak.

2.– Ezingo dute lege honetan araututako dirulaguntzen onuradun izan honako zirkunstantzietako batean dauden pertsonek edo erakundeek.

a) Epai irmo bidez, dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzeko zigorra jaso dutenek edo prebarikazio, eroskeria, diru publikoen erabilera bidegabea, influentzia-trafiko, iruzur eta ordainarazpen ilegal edo hirigintza-delituak direla eta zigorra jaso dutenek.

b) Borondatezko konkurtsoa deklaratzeko eskaria egin dutenak, prozeduraren batean kaudimengabekotzat jota daudenak, hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta daudenak, salbu eta horretan itun batek eragingarritasuna hartu badu, epailearen esku-hartzearen mende daudenak edo Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera desgaituta daudenak, konkurtsoa kalifikatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldia amaitu gabe badago.

c) Erruduntzat joa izanik, hori eragin duen kausa dela-eta Administrazioarekin egindako kontraturen bat irmoki suntsitua dutenak.

d) Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo pertsona juridikoen ordezkaritza legala dutenak, Estatuko Administrazio Orokorreko goi-kargudunen jarduna arautzeko martxoaren 30eko 3/2015 Legean edo Herri-administrazioen Zerbitzura dauden Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legean aipatutako kasuren batean sartuta badaude edo Hauteskundeen Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautetsiak badira, bertan ezarritako baldintzetan edo arlo horiek arautzen dituen autonomia-erkidegoko araudietan ezarritakoetan.

e) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak –indarrean dauden xedapenek ezartzen dituztenak– ez izatea arauz zehazten den bezala beteta eta eguneraturik.

f) Araudiaren arabera zerga-paradisu gisa sailkatutako lurralde edo herrialderen baten izatea egoitza fiskala.

g) Ordaindu gabe izatea dirulaguntzak itzultzearen ondoriozko obligazioak, erregelamenduz zehazten denarekin bat etorriz.

h) Epai irmo bidez zehatuta egotea, eta beraz, dirulaguntzak lortzeko aukera galtzea, lege honetan edo beste batzuetan zehaztutakoari jarraikiz.

Dirulaguntzei buruzko abenduaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan ezarritako gainerako baldintzak.

Gainera, enpresa ardogileek jarduerari ekiteko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko dute, edo Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza eta Elikagai Industrien Erregistroan (NEIE) inskribatuta egon.

Azkenik, deialdira aurkeztuko diren alderantzizko misio guztiak 2019 urtean egitekoak izan beharko dira.

Bosgarrena.– Eskabideak aurkezteko epea, eskabide-eredua eta dokumentazioa.

1.– Dirulaguntza-deialdirako eskabideak aurkezteko epea hamabost egunekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Agindu honen II. eranskinean dago jasota laguntza hau eskatzeko inprimakiaren edukia.

2.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 14. artikuluan ezarritakoa betez:

Agindu honetan arautzen diren laguntzak eskatu asmo dutenek, baliabide elektronikoen bitartez aurkeztuko dituzte eskabideak ebazpen honen 3. apartatuan adierazitako helbide elektronikoan.

3.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak nola izapidetu jakiteko zehaztapenak euskadi.eus egoitza elektronikoko helbide honetan eskuratu daitezke:

– http://www.euskadi.eus/ayudas_appa/ (Erref.: 0082207).

– http://www.euskadi.eus/laguntzak_naep/ (Erref.: 0082207).

Eskabidearen ondoko izapideak, bide elektronikoa erabiliz, hemen egin daitezke:

http://www.euskadi.eus/micarpeta eta http://www.euskadi.eus/nirekarpeta

4.– Eskabidea ordezkari baten bitartez egiten bada, artikulu hauetan xedatutakoaren arabera egiaztatu beharko da ordezkaritza: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 5. eta 6. artikuluak.

5.– Prozeduraren eskuliburua onartzen da, eta eskuragarri egongo da http/www.euskadi.eus web-orrian, baita argitara eman ere agindu honen I. eranskinean.

6.– Eskatzaileek, laguntza-eskabidearekin batera, agindu honen III. eranskinean adierazitako dokumentazioa ere aurkeztu beharko dute. Memoria xehatua egiteko, ebazpen-zati honen 3. apartatuan adierazitako web-helbideko «fitxa-txostena» bete beharko da.

7.– Enpresa txiki eta ertainek (ETE) izaera hori egiaztatu beharko dute, agiri hauek aurkeztuta:

A) Pertsona fisikoentzat: Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren kopia, ekonomia-jardueren eranskinarekin batera, eskaera aurkeztu den dataren aurreko ekitaldiarena.

B) Sozietateen gaineko zerga aurkeztu behar duten eskatzaileen kasuan, Sozietateen gaineko zergaren kopia bat, eskabidea aurkeztu den ekitaldiaren aurrekoari dagokiona.

8.– Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak automatikoki egiaztatuko ditu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko ordainketak egunean izatearen ziurtagiriak. Hala eta guztiz ere, eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori laguntza-eskabidean, eta, hala egiten badu, dagokion ziurtagiria edo eskatutako agiria aurkeztu beharko du.

9.– Eskatutako dokumentazioa administrazio honetan edo beste batean entregatzen denean eta eskatzaileak berariaz deklaratzen badu dokumentu horietan ez dela aldaketarik egin, horiek aurkeztutzat joko dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 3. paragrafoaren 28. artikuluan ezarritakoarekin bat. Eskatzaileak adierazi beharko du zein Administraziotan eta zein unetan aurkeztu diren. Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake laguntza-eskabidean inplizituki dagoen baimen hori, eta, hala egiten badu, dokumentazioa aurkeztu beharko du.

10.– Nahi den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dira laguntza-eskabidea eta eskatutako agiriak. Ildo horretatik, eskatzaile bakoitzak hautatutako hizkuntza erabiliko da eskaera aurkeztu ondorengo jardueretan ere, prozedurak irauten duen bitartean, Euskararen erabilera normalizatzeko 1982ko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearekin bat.

Seigarrena.– Betebeharrak.

Agindu honetan araututako laguntzen onuradunek, ebazpen-zati honetan jasotako betebeharrak bete behar dituzte. Izan ere, horietan jasota daude Dirulaguntzei buruzko abenduaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetako betebeharrak. Hauek dira:

14.1 artikuluari dagokionez:

a) Dirulaguntza eman izanaren oinarrian dagoen jarduera egitea, jarrera hori hartzea, proiektua egikaritzea edo helburua betetzea.

b) Dirulaguntza ematen duen erakundeari edo, hala badagokio, erakunde laguntzaileari frogatzea betekizunak eta baldintzak betetzen direla, dirulaguntzaren xede den jarduera egin dela eta haren helburua bete dela.

c) Dirulaguntza ematen duen erakundeak edo, hala badagokio, erakunde laguntzaileak egingo dituzten egiaztapen-ekintzak betetzea, eta eskumena duten kontrol-organoek –estatukoek zein Europar Batasunekoek– finantza-arloa egiaztatzeko eta kontrolatzeko egin dezaketen beste edozein ekintza ere bai. Horretarako, ekintza horiek gauzatzean eskatzen zaien informazio guztia eman beharko dute.

d) Diruz lagundutako jarduerak finantzatzen dituzten bestelako dirulaguntza, laguntza, sarrera edo baliabideak lortu izanaren berri ematea dirulaguntza ematen duen organoari edo erakunde laguntzaileari. Jakin bezain laster jakinarazi behar zaio, eta betiere jasotako funtsen erabilpena justifikatu baino lehen. Agindu honen xede den laguntza 2013ko abenduaren 18ko Batzordearen 1407/2013 (EB) de minimis Erregelamenduan araututa dagoenez, eskatzaileek aurreko bi zerga-ekitaldietan eta indarrekoan jasotako de minimis laguntzen gaineko adierazpena aurkeztu beharko dute, laguntzok erregelamendu honen edo bestelako de minimis erregelamenduen mende badaude.

e) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela egiaztatzea, arauz zehaztutako eran, dirulaguntza emateko ebazpen-proposamena egin baino lehen.

f) Kontabilitate-liburuak, erregistro bideratuak eta gainerako agiriak behar bezala ikuskatuak izatea onuradunari kasu bakoitzean aplikatzekoa zaion merkataritza-legeriak eta sektorekoak eskatutako baldintzetan, eta dirulaguntzen oinarri arautzaileek eskatutako kontabilitateko egoera-orri eta erregistro espezifiko oro, egiaztatze- eta kontrol-jardun egokia bermatzeko.

g) Jasotako dirulaguntza zertan erabili den egiaztatzeko dokumentuak gordetzea, dokumentu elektronikoak barne, egiaztapenak edo kontrolak egiteko erabil baitaitezke.

h) Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 18. artikuluaren 4. apartatuan jasotako zabalkunde-neurriak hartzea.

i) Jasotako funtsak itzultzea, Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan jasotzen diren kasuetan.

46. artikuluari dagokionez, lankidetzarako betebeharra ezartzen da. Horren arabera:

1) Onuradunek, erakunde laguntzaileek eta dirulaguntzaren xedearekin edo justifikazioarekin lotuta dauden hirugarrenek lankidetza eta beharrezko agiriak eman beharko dizkiete honako hauei, kontrol-jarduerak egiten dituztenean eta dirulaguntza ematen duen administrazioaren esparruaren barruan: Estatuko Administrazioaren Kontu Hartzailetza Nagusia, autonomia-erkidegoena edo toki-korporazioena. Horiez gain, Europar Batasunaren araudiaren arabera finantza-kontrolerako egitekoak esleituta dituzten erakundeei ere eman beharko diete informazio hori; xede horretarako, ahalmen hauek izango dituzte:

a) Egiaztatu beharreko dokumentazioa haien esku jarri behar dute, are programa eta fitxategi informatikoak ere.

b) Negozio-lokaletan sartzen utzi behar diete, bai eta dirulaguntzaren xede izan den jarduera egiten den establezimendu eta toki guztietan eta dirulaguntzaren kargura finantzatutako eragiketak egiazkoak eta erregularrak direnez egiaztatzeko arakatu beharreko tokietan ere.

c) Dirulaguntza oker jaso, gozatu edo erabili delako zantzuak agertzen dituzten eragiketen inguruko fakturak edo antzeko edo ordezko dokumentuak gorde behar dituzte, edo haien kopiak eman.

d) Dirulaguntza kobratu den finantza erakundeko banku kontuko edo funtsak baliatzeko erabili den kontuko informazio guztia eman behar diete.

2) Eginbehar hori betetzeari uko egitea erresistentziatzat, aitzakiatzat, oztopatzetzat edo ukapentzat hartuko da, Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluaren arabera, eta hala badagokio, zehapenak ezarri ahalko dira.

Horrez gain, abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuak araututako Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunaren Eskuliburua eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 18.4 artikulua aplikatuz, onuradunak behar bezalako publikotasuna eman behar dio diruz lagundutako jardueraren finantzaketaren izaera publikoari. Onuradunek jasotako dirulaguntzen eta laguntzen berri eman beharko dute, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legean xedatutako moduan eta baldintzetan.

Laguntzon onuradunak, beraz, aurreko lerrokadan aipatu diren manuak eta artikuluak betez, dirulaguntzaren bidez jasotako funtsekin egin dituen jarduketa guztietan adierazi beharko du funtson izaera publikoa eta jatorria, erraz ikusteko moduan.

Azkenik, Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntzarik bat ere jaso ez bada azken 5 urteetan, Hirugarrenen Alta dokumentua aurkeztu beharko da, eman den laguntza ordaintzeko; hau da, dirulaguntza ordaindu aurretik egin behar da.

Zazpigarrena.– Aurrekontu-zuzkidura.

Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren konturako aurrekontu-kredituak, deialdi honetarako, hirurehun mila (300.000) eurokoak dira.

Zortzigarrena.– Onuradun bakoitzari gehienez emango zaion laguntzaren zenbatekoa.

1.– Itzuli behar ez den laguntza-ehunekoa diruz lagundutako gastuen % 40 izango da.

2.– Getariako Txakolina, Bizkaiko Txakolina eta Arabako Txakolina jatorri-deiturak kudeatzeko organoen kasuan, eta ardogintza-sektoreko enpresek partaidetutako irabazi-asmorik gabeko elkarteenean ere bai, diruz lagundutako gastuen % 60 izango da laguntza-ehunekoa.

3.– Onuradun bakoitzari gehienez emango zaion laguntzaren zenbatekoa hamabost mila (15.000) euro izango da.

Edonola ere, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeko 2013ko abenduaren 18ko Batzordearen 1407/2013 (EB) Erregelamenduan ezarritako gehieneko laguntza-zenbatekoak errespetatu beharko dira; 200.000 euro hiru zerga-ekitalditan.

Bederatzigarrena.– Justifikazioa.

Gastuak justifikatzeko, 2020ko otsailaren 28rako beranduenez, dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:

– Fakturen eta ordainketen Excel fitxategia, Sailaren webeko ereduari jarraikiz.

– Merkataritza-misio alderantzizko bakoitzeko, pdf fitxategi bat, aginduaren III. eranskinean zehaztutako edukiarekin.

Agindu honen bosgarren ebazpen-zatiaren 3. puntuan adierazitako helbidean jasota dauden jarraibideen arabera aurkeztuko da gastuen justifikazioa.

Hamargarrena.– Dokumentazioa zuzentzea.

Laguntzak kudeatzen dituen organoak ikusiko balu eskatzaileak aurkeztu dokumentazioak ez dituela betetzen Aginduan xedatzen diren betekizunak, horren berri emango dio eskatzaileari eta hamar egun balioduneko epea emango dio behar diren zuzenketak egiteko edo dagokion dokumentazioa aurkezteko. Halaber, adieraziko dio hala egin ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, horretarako ebazpena emanda, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluaren arabera.

Hamaikagarrena.– Laguntzak kudeatzea.

1.– Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritza izango da deialdi honek arautzen dituen laguntzak kudeatzeko organo eskuduna.

2.– Inbertsio-eskaerak ebaluatu eta baloratzeko, Balorazio Batzorde bat eratuko da. Hiru bokalek osatuko dute, eta Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko kideak izango dira hirurak. Horietako bat, zehazki, Enpresa Programaren arduraduna izango da. Beste biak, berriz, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzako teknikarien artetik aukeratuko dira, eta zuzendariaren ebazpen baten bidez izendatuko dira. Ebazpen horrek, era berean, adieraziko du nor izango den idazkaria eta nor batzordeburua. Batzordearen osaera Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariaren ebazpen baten bidez argitaratuko da. EHAAn argitaratuko da, Batzordea eratu aurretik.

Batzordeak, bere eginkizunak betetzeko, arloko aditu diren pertsonei eskatu ahal izango die hala bileretan parte hartzeko nola aholkularitza emateko, beharrezko irizten dionean.

3.– Balorazio batzordeak proiektuen bideragarritasuna aztertu eta espedienteak balioetsi aurretik, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzako teknikari batek eskaera bakoitza aztertuko du: proiektu bakoitzaren azterketa tekniko eta ekonomikoa egingo du, eta, haren arabera, proiektuak agindu honetako eskakizunak betetzen dituen aztertzeko txosten bat egingo du, batzordeari aurkeztuko diona.

4.– Balorazio-batzordearen egitekoak hauek izango dira:

a) Aurkezten diren eskabide guztiak aztertzea eta aplikatu beharreko araudia betetzen dutenak eta araudia betetzen ez dutenak bereiztea. Era berean, araudia betetzen ez duen eskabide bakoitza baztertzeko arrazoiak zerrendatuko ditu.

b) Aplikatu beharreko araudia betetzen duten proiektuen eskabideak ebaluatzea, hau da, proiektuak eta agindu honetan ezarritako irizpide objektiboen betetze-maila balioestea, laguntza motaren arabera.

c) Laguntzak baloratzeko eta kuantifikatzeko finkatzen diren irizpide objektiboetan oinarrituz, onuradun bakoitzari zenbateko laguntza emango zaion proposatzea.

5.– Balorazio-batzordeak ebazpen-proposamen bakarra egingo dio Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzako titularrari. Proposamenak, gutxienez, agindu honetako hamalaugarren xedapen-zatian adierazitako edukia izan beharko du.

6.– Balorazio-batzordeak bere barne funtzionamendu-arau propioak ezarri ahalko ditu. Horiek arautzen ez dituzten gaietan, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikuluan eta hurrengoetan xedatua aplikatuko da.

Hamabigarrena.– Laguntzak esleitzeko eta kuantifikatzeko prozedura.

Agindu honetan araututako dirulaguntza adjudikatzeko, betebeharrak eta betekizunak bete diren aztertuko da; betetzen dituztenei laguntza emango zaie, eskatzen duten zenbatekoak erabilgarri dagoena gainditzen ez badu.

Emango diren laguntzen guztizko zenbatekoa laguntzotarako izendatu den gehieneko kopurua baino handiagoa bada, gehieneko kopuru hori hainbanatu egingo da agindu honen arabera laguntzarako eskubidea dutenen artean, eta, ondorioz, dagozkien kopuru-murrizketak egingo dira, laguntza-zenbatekoan, harik eta 300.000 euroen langatik behera geratu arte.

Hamahirugarrena.– Ebazpena.

1.– Aurkeztutako eskaerak eta dokumentuak aztertutakoan, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak deialdia ebatziko du, ebazpen bakar baten bidez. Ebazpen horretan, eskatutako laguntzak eman edo ukatu egingo ditu.

2.– Ebazpenak informazio hau jaso beharko du, gutxienez:

a) Aintzat hartutako eskabideei dagokienez:

1) Onuradunen izena edo izen soziala, eta IFK edo NAN.

2) Diruz lagundutako gastua.

3) Dirulaguntza-ehunekoa eta laguntzaren guztizko zenbatekoa.

b) Onartu ez diren eskabideei dagokienez:

1) Eskatzaileen izena edo izen soziala, eta IFK edo NANa.

2) Laguntza ukatzeko arrazoiak.

3.– Eskatzaileei dirulaguntzok eman eta ordaintzeko, amaituta izan behar dute EAEko administrazio orokorrak eta bere organismo autonomiek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan abian jarri ahal izan den itzulketa- edo zehapen-prozedura oro.

4.– Agindu hau indarrean sartu eta gehienez sei hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da ebazpena.

Prozedura ebatzita, EHAAn argitaratuko da pertsona onuradunen zerrenda, bakoitzari adjudikatutako laguntza adierazita. Dena dela, onuradun bakoitzari ebazpen osoa helaraziko zaio, eta, gainera, banakako eranskin baten bidez, ebazpenean bakoitzari berariaz eragiten dioten alderdiak identifikatuko dira, laguntza emateko edo ukatzeko kontzeptuak azalduta, banakatuta eta behar bezala arrazoituta.

5.– Agindu hau indarrean sartu eta sei hilabete igarota, ebazpen espresurik ez badago, eskabidea ukatu egin zaiela ulertu beharko dute interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan xedatuaren arabera.

6.– Prozeduraren ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio interesdunak Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpenaren jakinarazpena jasotzen duenetik aurrera, edo, hiru hilabeteko epean administrazio-isiltasunaren ondorioak gertatu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoaren arabera.

Hamalaugarrena.– Ordainketa.

1.– Ordainketak egiteko, eskaera egin beharko da, emandako laguntzaren xede den inbertsioa gauzatu izana justifikatuta.

2.– Ez da ordainduko laguntzaren aurrerakinik.

3.– Onuradunei zuzenean ordainduko zaie laguntza.

4.– Agindu honetan jasotako laguntzei dagokienez, ordainketa bakarra egingo da, interesdunak aurrez eskatuta.

5.– Dokumentazio hori osatu eta gehienez ere bi hilera, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak egin beharreko izapideak egingo ditu Ogasun eta Ekonomia Sailak ordainketa egin dezan.

6.– Laguntzaren xede misioa ez bada gauzatzen ezarritako gehieneko epeetan, edo eman den laguntzaren xedeko inbertsioa gauzatu izanaren egiaztagiria ez bada aurkezten epe horietan beraietan, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko da, eta, hala dagokionean, agindu honen hurrengo oinarrian xedatu itzulera-prozedura jarriko da abian.

Hamabosgarrena.– Ez-betetzeak.

1.– Ez-betetzeen kausak izango dira, gutxienez, hauek guztiak:

a) Agindu honetan ezarritako betebeharretako edozein ez betetzea.

b) Dirulaguntza emateko ebazpenean ezartzen diren baldintzak, halakorik izanez gero, ez betetzea.

c) Laguntza emateko xedea ez betetzea edo mantentzea.

d) Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko 2003ko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan xedatu itzulketa-kausaren bat denean.

2.– Onuraduna aurreko atalean zerrendatutako ez-betetzeen kausetako baten egoeran egongo balitz, Elikagaien Kalitate eta Industriaren Zuzendaritzak, 15 egun naturaleko epean, interesdunari entzunaldia emango dion ez-betetze espedientea egin ondoren, egokitzat jotzen dituen alegazioak egin ditzan, ebazpen baten bidez, dirulaguntza jasotzeko eskubidea kenduko dio onuradunari, partez edo osorik, eta, hala dagokionean, kobratu dituen laguntzak eta dagozkion legezko interesak itzuli beharko dizkio onuradunak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, partez edo osorik, proiektuaren gauzatze-mailaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37 artikuluan xedatuarekin bat. Gainera, dagozkion gainerako neurriak hartuko dira. Ez-betetzea inbertsioei eusteko epeari badagokio, emandako dirulaguntzaren itzulketa «pro rata temporis» egingo da.

Aurrekoa hala izanik ere, ez-betetzea dela eta laguntza emateko ebazpenean emandako laguntzaren xede den inbertsioaren zenbatekoaren % 60 gutxienez ez bada gauzatzen, dirulaguntzarako eskubidea galduko da eta, hala badagokio, dirua itzuli beharko da, emandako dirulaguntzaren guztizkoaren gain.

Aipatutako diru kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.

3.– Arau-hauste administratibotzat har daitezkeen gertakarien ondorioz hasten bada itzultze-prozedura, organo eskudunari jakinarazi behar zaizkio gertakariok, dagokion zehapen-prozedura has dezan. Administrazioko arau-hausteak izango dira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 56., 57. eta 58. artikuluetan jasotako jokabideak.

Hamaseigarrena.– Bateraezintasuna.

Deialdi honen bidez diruz lagundutako merkataritza-misio alderantzizkoek ezingo dute jaso Lehiatu Sustapena programaren dirulaguntzarik (horren araudia EAEtik kanpoko merkatuetan nekazaritzako, elikagaigintzako, arrantzako eta basogintzako produktuak sustatzeko laguntzei buruzko 179/2014 Dekretuan dago jasota), ezta OCM Promoción programaren dirulaguntzarik (Espainiako mahastizaintzako eta ardogintzako sektoreari 2019-2023 aldian laguntzeko programaren neurriak aplikatzeari buruzko azaroaren 2ko 1363/2018 Errege Dekretuan eta EAEko mahastizaintzako eta ardogintzako sektoreari laguntzeko Batasuneko laguntza-neurriak garatu eta aplikatzeari buruzko abenduaren 9ko 227/2014 Dekretuan arautzen dira) eta helburu bererako bestelako laguntza-programen dirulaguntzarik ere.

Hamazazpigarrena.– Datuen babesa.

Agindu hau aplikatzean jasotako datu pertsonalak lankidetzarako laguntzei buruzko Bekak, Laguntzak eta Dirulaguntzak izeneko tratamendu-jardueran sartuko dira. Horren helburua da agindu honen bidez deitutako laguntza-espedienteak izapidetu eta ebaztea.

– Arduraduna: Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saila. Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritza.

– Xedea: dirulaguntza eta laguntza publikoak kudeatzea.

– Legitimazioa: herritarren interesen mesederako misioa egiteko edo tratamenduaren erantzule den erakundeak egotzita daukan ahalmen publikoa gauzatzeko tratamendu ezinbestekoa. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra.

– Hartzaileak: datuak ez zaizkie hirugarrenei lagako, ez bada lege-betekizunen batengatik.

– Eskubideak: eskatzaileek eskubidea dute datuak eskuratu, zuzendu eta ezabatzeko, baita bestelako eskubideak ere, informazio osagarrian azaltzen den bezala.

– Informazio gehigarria: gure web-orrian ikus dezakezu datuen babesari buruzko informazio gehigarria eta zehatza:

https://www.euskadi.eus/rgpd/1029105

Hemezortzigarrena.– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka, berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete interesdunek Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Kasu bietan, agindua argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da epea.

Hemeretzigarrena.– Ondoreak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko azaroaren 6a.

Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala