Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

218. zk., 2019ko azaroaren 15a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
5281

EBAZPENA, 2019ko azaroaren 7koa, Ingurumen Administrazioko zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Donostiako Espartxo zubia ordezteko Hiri Antolamenduko Plan Berezian egindako aldaketari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa.

AURREKARIAK

Donostiako Udalak, 2019ko maiatzaren 17an, ingurumen-organoari eskaera egin zion hasiera emateko, honako plan honen ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedurari: Donostiako Espartxo zubia ordezteko Hiri Antolamenduko Plan Berezian egindako aldaketa (aurrerantzean, plana). Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren; besteak beste, planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, barnean hartuta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan eskatutako edukia. Gainera, ingurumen-dokumentu estrategikoan adierazita dago: nork egin duen eta noiz amaitu duen, sinadurekin batera.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritakoa gauzatzeko, 2019ko abuztuaren 20an kontsulta-izapidea egin zitzaien eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei, eta eskatu zitzaien egoki ikusten zituzten oharrak egin zitzatela, baliagarriak izan baitaitezke ingurumen-txosten estrategikoa egiteko; eta, ingurumen-inpaktu estrategiko arruntaren ebaluazioa egitea beharrezkotzat hartuz gero, iritzia eman zezatela horri dagokion ingurumen-azterlan estrategikoak izan beharko alderdi hauek zehazteko: zabalera, xehetasun maila eta zehaztasuna. Zehazki, kontsulta egin zitzaien Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzari eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendariordetzari, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendietako eta Natura Inguruneko Zuzendaritza Nagusiari, Ura Uraren Euskal Agentziari, Euskal Herriko Itsasertz Mugarteari, Ekologistak Martxan elkarteari eta Eguzki «Eguzkizaleak» aisialdi-elkarteari. Era berean, Donostiako Udalari ere izapidearen hasieraren berri eman zitzaion.

Halaber, espedientea osatzen duten agiriak eskuragarri ipini ziren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdun orok egokitzat jotzen dituen ingurumen-arloko oharrak egin ditzan.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, administrazio publikoei eta interesdunei egindako kontsulten izapidean jasotako erantzunen emaitzak espedientean sartu dira.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen planen, programen eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, ingurumenaren gaineko eraginen analisia plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela, betiere, aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.

Donostiako Espartxo zubia ordezteko Hiri Antolamenduko Plan Berezian egindako aldaketa abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluaren kasuetan sartzen da. Lege horretan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenaren gaineko eragin nabarmenak ekar litzaketelako. Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean araututa dago, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Dokumentazio teknikoa eta planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak aztertuta, eta ikusirik hasierako dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak –eskumena duen organoa baita otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera– ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du. Txostenak Planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten du, eta Plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien gaineko iritzia ematen, baita ingurumen-ondorioetarako soilik sartu behar diren azken zehaztapenen inguruan ere.

Xedapen hauek guztiak aztertu dira: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babestekoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Donostiako Espartxo zubia ordezteko Hiri Antolamenduko Plan Berezia aldatzeko ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, jarraian adierazten den eran:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

2016an eman zitzaion behin betiko onarpena Donostiako Espartxo zubia ordezteko Hiri Antolamenduko Plan Bereziari. Espartxo zubia Donostiako Loiola auzoko «LO.05 Txomin Enea» hirigintza-eremuan dago. Eremuari Espartxo zubia ordezteko behar ziren lursailak erantsi zitzaizkion. Eremuaren azalera 5.244,63 m2-koa da, eta zatirik handiena itsaso eta lehorraren arteko jabari publikoan dago. Hiri Antolamenduko Plan Bereziak esparru bat ezartzen du zubia ordezteko eraikuntza-proiektu bat baimentzeko, eta nahitaezko desjabetzea izendatzen du zubia egiteko behar diren lurrak lortzeko jokamolde.

Aldaketa honek «LO.05 Txomin Enea» hirigintza-eremuko 08-540a eta 08-539a lurzatiei eragiten die. Lurzati horiek itsas-lehorreko jabari publikoaren zortasun-eremuan daude. Aldaketaren bidez hirigintza-estaldura eman nahi zaio Donostiako Udalak hartutako konpromiso bati, hain zuzen ere, Espartxo zubia ordezteko obrak egiteko behar diren ondasunen eta eskubideen adiskidetasunezko eskuratze itunduari, eta, aldi berean, aldaketa hauek bere gain hartzen ditu:

– Zazpi ibilgailu aparkatzeko lurzati bat sortzea.

– Honako hauek egitea: oinezkoentzako pasabidea, Espartxo baserrira iristeko eskailerak, lotura-igogailua bat eta baserri horretara iristeko arrapala bat. Obra horiek guztiak zubi berria egiteko obren barruan kokatu behar dira. Horrek aldaketa bat eragiten dio auzian diren bi lurzatien azaleraren lurzoru-erregimenari, zeina Hiri Antolamenduko Plan Berezian jasota baitago (aldatu egin da lehenago jabari publikora pasatzen zen azalera eta orain pribatu bihurtzen dena).

Aldaketak eragindako lursailak «Lurzoru urbanizaezin» gisa sailkatu dituzte, «D.40 Ibai-ibilguak eta ibai-ibilguen babeserako ertzak» kalifikazioarekin. Ezkerreko ertzean dauden lursailak, ordea, «Lurzoru urbanizagarri» gisa sailkatu dituzte, «A.30 Eraikuntza irekiko bizitegia» kalifikazioarekin. Aldaketan jasotako hiru-lurzorua e.10 «Bide-komunikazioaren sarea» eta f.10 «Hiri-espazio libreak» gisa kalifikatu da, zehatz-mehatz.

B) Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, zehazteko ea planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki hauek kontuan hartuta:

a) Planak zer neurritan ezartzen duen esparru bat proiektuetarako eta beste jarduera batzuetarako: planak proposatzen du, geroago garatzeko, zubi berriaren eraikuntzaren barruan, aldaketa honetan proposatutako aldaketak jasotzea. Aurkeztutako agiriak ikusita, Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Planak zer neurritan eragiten duen beste plan edo programa batzuetan: plana bateragarria da, hau da, hierarkikoki goragoko mailakoak diren lurralde-plan, plan sektorial eta hirigintza-planekin bateratu daiteke.

c) Planaren egokitasuna ingurumeneko irizpenak integratzeko, batik bat garapen jasangarria sustatzeko xedearekin: planaren xedea da, besteak beste, natura-baliabideen erabilera babestea eta optimizatzea; esate baterako, lurzoruaren okupazioa efizientea izatea, posible den heinean; izan ere, hiri-paisaian kokatzen da, domeinu antropogenikoan.

d) Planarekin edo programarekin lotutako ingurumen-arazo garrantzitsu batzuk: Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren xedeko esparrua eremu antropizatu batean dago, hiri-kokagunez eta bide-azpiegiturez inguratuta. Eremuak ez dauka ingurumena babesteko araubideren baten mende dagoen espaziorik (Natura 2000 Sarea, esaterako) edo natura-balioa duen elementu garrantzitsurik, ezta ondare historikoaren katalogoan sartutako kultura-balio esanguratsuko elementurik ere. Hala ere, itsas-lehorreko jabari publikoaren zortasun-eremuan dago.

Zer aldaketa proposatzen diren ikusirik, ingurumen-inpaktuak ez dira batere esanguratsuak izango.

e) Era berean, Plana egokitzat jotzen da ingurumen arloko erkidego- edo nazio-mailako legedia ezartzeko.

2.– Sor daitezkeen ingurumen-efektuak eta seguruenik eraginpean izango den eremuaren ezaugarriak:

Eremuak ez du elementu natural garrantzitsurik. Hauek dira planaren eragina nozituko duen ingurunearen ezaugarriak eta baldintzatzaile esanguratsuenak:

– Eremua erdi urbanizatuta dago eta asfaltoa da nagusi bertan. Florari dagokionez, soilik aipagarriak dira Espartxo baserriaren ondoan dauden ale apaingarri banaka batzuk.

– Erreferentziako esparruan, ez da topatu ez naturagune babesturik, ez Batasunaren intereseko habitatik. Interes geologikoko tokirik ere ez dago eremu horretan, ezta kultura-ondareko elementu kalifikatu edo inbentariaturik ere.

– Planaren eremua itsas-lehorreko jabari publikoaren zortasun-eremuan dago, Urumea ibaiaren tartean.

– Eremua bat dator kolakaren interes bereziko eremu batekin. Espezie hori Mehatxatutako Espezieen EAEko Katalogoan dago, «bakana» kategoriarekin. Gainera, Urumea ibaian, sei arrain-espezie hauek daude: izokina, amuarraina, ezkailua, aingira, platuxa eta korrokoia.

– Eremuan ez dago lurzatirik, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan dagoenik.

– Ingurumen-arriskuei dagokienez, eremua Uholde-arrisku garrantzitsuko eremuan sartuta dago (ES017-GIP-URU-01 kodea), zeinak proposatzen baitu, besteak beste, Espartxo zubia ordeztea.

3.– Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, ingurumen-txosten estrategikoa formulatzeko ebazpen honetan adierazitakoarekin bat etorriz, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, ingurumen-agiri estrategikoan eta Planean bertan jasotakoarekin bat etorriz.

Bestalde, aplikatu beharreko neurrien artean, proiektua gauzatzearen ondoriozkoak nabarmentzen dira, zeinek loturik egon beharko baitute obretako jardunbide egokien eskuliburuarekin, lurren eta soberakinen kudeaketarekin, hondakinen sorkuntza eta kudeaketarekin, eta airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestearekin (ikus eranskina, Planaren ondoriozko proiektuko obrak gauzatzeko neurri babesle eta zuzentzaileetako batzuk jasota daude hor).

Eraikingintza eta eraikuntza jasangarriago baterako behar diren ezaugarriei dagokienez, EAEko etxebizitzen eraikuntza jasangarriaren gida argitalpenean adierazitako neurriak eta ingurumen-jardunbide egokiak erabiliko dira eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek alderdi hauetan behintzat eragin beharko dute:

– Materialak. Lehengai berriztaezinen kopurua murriztea.

– Energia. Berriztagarriak ez diren iturrien bidez sortzen den energiaren kontsumoa eta/edo sorkuntza murriztea.

– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

– Atmosfera. Gas, hauts, bero eta argi gutxiago igortzea.

– Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

– Hiritartu beharreko eremu berrietan kontsumo baxuko argiztatze-sistemak erabiltzeko aukera aztertu beharko da, argiaren kutsadura saihesteko eta energia aurrezteko.

– Hondakinen gaikako bilketarako gune egokiak sortzea.

Bigarrena.– Xedatzea, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritako terminoekin bat, ez dela aurreikusten Donostiako Espartxo zubia ordezteko Hiri Antolamenduko Plan Bereziak ingurumen-eragin esanguratsurik eragingo duenik. Hortaz, ez zaio ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Donostiako Udalari jakinaraztea.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, honako ingurumen-txosten estrategikoak indarraldia galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean onartzen ez bada Donostiako Espartxo zubia ordezteko Hiri Antolamenduko Plan Berezian egindako aldaketa. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko azaroaren 7a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

IVAN PEDREIRA LANCHAS.

ERANSKINA

– Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Alderdi hauei loturiko alderdiak behintzat hartuko ditu barnean: lanaldiak, makineria, behin-behineko desbideratzeak, isurketen prebentzioa, ahalik eta hauts eta zarata gutxiena sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa duten jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea, eta abar.

– Hondakinak sortzea eta kudeatzea: obrak egitean eta garbiketa-kanpainak dirauen bitartean sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta berariazko arauetan xedatutakoa beteko da.

Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzeko ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntza- eta eraispen-hondakinak.

Hondakin arriskutsuak dauzkaten ontziek segurtasun-arauak beteko dituzte uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluari jarraikiz (833/1988 Errege Dekretua, Hondakin toxikoei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko Erregelamendua onartzekoa).

– Olio erabiliak kudeatzeko, hauetan xedatutakoa beteko da: Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretua, eta EAEn erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1998 Dekretua.

– Induskatutako lurzoruen kontrola: Donostiako Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak hautemateagatiko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.

– Airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesa: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuari eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.

– Halaber, eguneko lan-ordutegian jardungo da, eta kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.

– Urak babestea: Obretan, lurrazaleko uretara solidoak ahalik eta gutxien iristeko neurriak hartuko dira; adibidez, jalkitze-tangak, sedimentu-tranpak edo iragazkiak.


Azterketa dokumentala