Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

218. zk., 2019ko azaroaren 15a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
5280

EBAZPENA, 2019ko urriaren 29koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, Lasarte-Oria eta Donostia udalerriak bateragarri egiteko planaren ingurumen-adierazpen estrategikoa formulatzekoa, zehazki Lasarte-Oriako plangintzako arau-subsidiarioetako «A.33 Teresategi» eremuari eta Donostiako «AÑ.10 Recalde (II)» eremuari eta Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko bide-sistema orokorrari dagokiena

AURREKARIAK

Lasarte-Oriako Udalak, 2016ko azaroaren 28an, Lasarte-Oria eta Donostia udalerriak bateragarri egiteko planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntari hasiera emateko eskaera egin zuen –Plana (hala deituko zaio aurrerantzean), zehazki, Lasarte-Oriako plangintzako arau-subsidiarioetako «A.33 Teresategi» eremuari eta Donostiako «AÑ.10 Recalde (II)» eremuari eta Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko bide-sistema orokorrari dagokie–, hiru lege-xedapen hauetan xedatutakoari jarraikiz: otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra (Euskadiko Ingurumenaren babesarena), abenduaren 9ko 21/2013 Legea (Ingurumen-ebaluazioarena) eta urriaren 16ko 211/2012 Dekretua (Planen eta programen ingurumen-ebaluazioaren prozedura arautzearena).

2016ko abenduaren 16an, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak txostena egiteko eskatu zien zenbait erakunderi, ingurumen-azterlan estrategikoaren irismena, xehetasun-maila eta zehaztapen-maila zehazteko. Zehazki, honako hauei egin zitzaien kontsulta:

– Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritza.

– Eusko Jaurlaritzako Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren Zuzendaritza.

– Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritza.

– Eusko Jaurlaritzako Gipuzkoako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendariordetza.

– Uraren Euskal Agentziako Plangintza eta Obretako Zuzendaritza.

– IHOBE. Eusko Jaurlaritzako Ingurumenaren Kudeaketarako Sozietate Publikoa.

– Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingumen Zuzendaritza Nagusia.

– Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritza Nagusia.

– Behemendi Landa-garapeneko elkartea.

– Gipuzkoako Ekologistak Martxan.

– Aranzadi Zientzia Elkartea.

– Itsas Enara Ornitologi Elkartea.

– Arkeolan Fundazioa.

Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren 2017ko otsailaren 7ko Ebazpenaren bidez, Lasarte-Oriako Udalak, 2016ko irailaren 28an, Lasarte-Oria eta Donostia udalerriak bateragarri egiteko planaren ingurumen-azterketa estrategikoaren irismen-dokumentua osatu zen –plana, zehazki, Lasarte-Oriako plangintzako arau-subsidiarioetako «A.33 Teresategi» eremuari eta Donostiako «AÑ.10 Recalde (II)» eremuari eta Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko bide-sistema orokorrari dagokie–, hiru lege-xedapen hauetan xedatutakoari jarraikiz: otsailaren 27ko 3/1998 Lege orokorra (Euskadiko Ingurumenaren babesarena), abenduaren 9ko 21/2013 Legea (Ingurumen-ebaluazioarena) eta urriaren 16ko 211/2012 Dekretua (planen eta programen ingurumen-ebaluazioaren prozedura arautzearena).

Lasarte-Oriako Udalak, 2018ko maiatzaren 8ko Erabakiaren bidez, behin-behinean onartu zuen Lasarte-Oria eta Donostia udalerriak bateragarri egiteko plana, zehazki Lasarte-Oriako plangintzako arau-subsidiarioetako «A.33 Teresategi» eremuari eta Donostiako «AÑ.10 Recalde (II)» eremuari eta Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko bide-sistema orokorrari buruzkoa. Ingurumen-azterketa estrategikoarekin batera, jendaurrean jarri zen plana 45 egunez, egoki iritzitako alegazioak aurkez zitezen. Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen 2018ko maiatzaren 24an. Berriz ere maiatzaren 24an behin-behinean onartu zen plana, eta jendaurrean jarri. Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen 2018ko ekainaren 8an.

Gainera, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 22. artikuluari jarraikiz, Lasarte-Oriako Udalak administrazio publiko ukitu hauei egin zien kontsulta:

– Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritza.

– Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritza.

– Gipuzkoako Osasun Publikoaren Zuzendariordetza.

– Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritza.

– IHOBE, Eusko Jaurlaritzako Ingurumenaren Kudeaketarako Sozietate Publikoa.

– Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumenaren Zuzendaritza Nagusia.

– Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritza Nagusia.

Halaber, pertsona interesdunei hauei ere egin zien kontsulta:

– Itsas enara Elkartea.

– Ekologistak Martxan.

– Arkeolan Fundazioa.

– Aranzadi.

– Behemendi.

Jendaurreko informazioaren izapidean eta administrazio publiko ukituen zein pertsona interesdunen entzunaldiaren izapidean, guztira, hamahiru alegazio jaso ziren.

Ebazpen honetan jaso da aipatu izapideen emaitza.

Lasarte-Oriako Udalak, 2019ko urriaren 10ean, Lasarte-Oria eta Donostia udalerriak bateragarri egiteko planaren ingurumen-adierazpen estrategikoaren eskaera egin zuen –plana, zehazki, Lasarte-Oriako plangintzako arau-subsidiarioetako «A.33 Teresategi» eremuari eta Donostiako «AÑ.10 Recalde (II)» eremuari eta Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko bide-sistema orokorrari dagokie–, bi lege-xedapen hauetan xedatutakoari jarraikiz: abenduaren 9ko 21/2013 Legearen (Ingurumen-ebaluazioarena) 24. artikulua eta urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren (planen eta programen ingurumen-ebaluazioaren prozedura arautzearena) 13. artikulua.

Eskabidearekin batera, dokumentu hauek aurkeztu ziren:

– Ingurumen-azterketa estrategikoa; kartografia; azterketa akustikoa; paisaia-integrazioko proiektua; ingurumen-alderdiak txertatzearen ziurtapena, jendaurreko informazioaren eta administrazio publikoei zein pertsona interesdunei kontsultatzearen izapideen ondorioz. Jasotako txostenen kopia. EKOLUR aholkularitzak egina. 2019ko ekaina.

– Egitura-antolamendua: Memoria. Hirigintza Arau Partikularrak. Dokumentu ekonomikoa. Planoak. Laburpen exekutiboa. Zirkulazio-azterketa. Ur-baliabideen txostena. Programazioa. Antolamendu-planoak. 2019ko ekaina.

– Antolamendu xehatua: Memoria. Antolamendu-jarraibideak. Hirigintzako arauak. Dokumentu ekonomikoa. Planoak. 2019ko ekaina.

Txosten teknikoaren xedea da ingurumen-adierazpen estrategikoa proposatzea, ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 25. artikuluan eta planen eta programen ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura arautzen duen urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 13. artikuluan ezarritakoaren arabera.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, legearen helburua honako hau da: ingurumenean ondorio nabarmenak izan ditzaketen planak arautzeko oinarriak finkatzea eta ingurumenaren babes-maila handia bermatzea, garapen jasangarria sustatzeko.

Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela ingurumenaren gaineko eraginen analisia, betiere, aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.1.d) artikuluan xedatutakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egingo zaie ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egin zaien planei, ingurumen-organoak horixe erabakitzen badu sustatzaileak eskatuta.

Halaber, EAEko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Legearen I. eranskineko A apartatuan xedatutakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategikoa egingo zaie antolamendu orokorra bateragarri egiteko planei, ingurumenean eragin nabarmenak izan baditzakete.

Halaber, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 17. artikuluan eta hurrengoetan eta Planen eta programen ingurumen-eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzeko urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 8. artikuluan eta hurrengoetan adierazitakoaren arabera, bai Lasarte-Oriako Udalak, organo substantibo gisa, bai Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak, ingurumen organo gisa, beharrezko den guztia xedatu dute Planaren –plana, zehazki, Lasarte-Oriako plangintzako arau-subsidiarioetako «A.33 Teresategi» eremuari eta Donostiako «AÑ.10 Recalde (II)» eremuari eta Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko bide-sistema orokorrari dagokie– ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura egin ahal izateko, ingurumen-ikerketa estrategiko baten bidez, zeinaren irismena aurrez ezarri baita, kontsulta publikoen eta ukitutako administrazio publikoen eta interesdunen parte-hartze prozeduraren bitartez.

Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-ebaluazio estrategikoa egokia dela eta indarrean dagoen araudiari egokitzen zaiola, ingurumen-adierazpen estrategiko hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak –organo eskuduna otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera, zeinaren bidez ezartzen baita Ingurumen eta Lurralde Politika Saileko egitura organiko eta funtzionala–. Adierazpen horretan, ingurumen-arloko alderdiak Planaren proposamenean sartzearen alde egiten da –plana, zehazki, Lasarte-Oriako plangintzako arau-subsidiarioetako «A.33 Teresategi» eremuari eta Donostiako «AÑ.10 Recalde (II)» eremuari eta Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko bide-sistema orokorrari dagokie–, eta Plana aplikatzeak dakartzan ingurumen-efektu nabarmenen aipamena jasotzen, azkenik onartuko den Planean sartu behar diren azken zehaztapenak sartuta, ingurumen-efektuetarako bakarrik.

Orain arte ezarritakoari jarraikiz, espedienteko txostenak aztertu dira eta honako hauek guztiak ikusi dira: Euskal Herriko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Planen eta programen ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura arautzen duen urriaren 16ko 211/2012 Dekretua; Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legea, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horiek horrela, bada, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Lasarte-Oriako Udalak sustatzen duen Lasarte-Oriako plangintzako arau-subsidiarioetako «A.33 Teresategi» eremua eta Donostiako «AÑ.10 Recalde (II)» eremua eta Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko bide-sistema bateragarri egiteko planaren (aurrerantzean, Planaren) gaineko ingurumen-adierazpen estrategikoa formulatzea, jarraian zehazten den eran:

A) Bateragarri egiteko hiri-planaren xedea da Teresategi eremuko eraikigarritasunak eta eremurako sarbideak berriz zehaztea eta Errekalde poligonoko zirkulazioa berrantolatzea.

Horretarako, lurzati tertziario handi bat antolatu behar da Lasarte-Oria udal-mugartean, baita aprobetxamendu tertziario gehigarri bat ere, nahitaezko udal-emakidaren ehunekora iritsi arte, eremuak sarbide nagusi berri eta hobea izan dezan, eta bertako enpresetarako sarbideak arrazionalizatzeko.

Eremua garatzeko behar den sarbidea Donostia udalerrian dagoenez, ezinbestekoa da bateragarri egiteko plana.

Hauek dira proposatutako jarduketak:

1.– Egungo arau subsidiarioetan eta indarrean dagoen plan partzialean proposatutako eraikigarritasunak eta okupazioa berrantolatzea, hirugarren sektoreko edo industriako lurzati bat proposatuta. Horretan, merkataritza-gune bat eta hirugarren sektoreko bi lurzati garaieran egongo dira, kategoria txikiago bateko erabilerak kokatzea ahalbidetzeko eta Lasarte-Oriako Udalari nahitaezko ehunekoa lagatzeko.

2.– Eremurako errepide-sarbideak zehaztea eta hobetzea, indarrean dagoen plan partzialean proposatutakoei eutsita, eta beste sarbide bat eraikitzea, eremurako sarbide egokiak eraikitzeko betekizuna betetzeko.

3.– Errekalde industrigunearen aurrealdea berrantolatzea (sarrerak, irteerak eta egun bertan kokatutako enpresen aurrealdeko aparkalekuak; guztiak ere proposamen integral batean), seinaleztapena berritzea eta espaloi berri bat eraikitzea sistema orokorrean, oinezkoak autobus-geltokitik tanatoriora joan ahal izateko.

4.– Indarrean dagoen hirigintza-araudian jasotako hirigintza-estandarrak betetzea.

B) Planari loturiko eremua oso antropizatuta dago. Iparraldean, Errekaldeko jarduketa ekonomikoekin egiten du muga; hegoaldean, AP-8a; mendebaldean, errepide hori bera eta Irubide eraikina; eta ekialdean, udalerri-muga: landazabala eta hostozabalen masak.

Ipar-ekialdean ibilgu eten bat dago –zati batean lurpetik doa, zati batean harri-lubeten artean–, Añorga errekara isurtzen da. Erreka horrek lurpetik zeharkatzen du Errekalde poligonoa.

«A.33 Teresategi» exekuzio-unitatearen azalera 34.165 m2-koa da, eremua eta sarbideak barne –egokitu egin behar dira–. Gainerakoan, eremua urbanizatuta dago eta ez da antolamendu-aldaketarik behar, ez bada bideak lurreko eta zutikako seinaleen bidez berrantolatzea.

Eremua kartografian dago jasota: OE-I.0 Bateragarritze-eremuaren egoera eta mugak, A3: 1:2.000 eskalan. D. dokumentua - Planoak. I. liburukia. Bateragarritze-eremuaren egoera eta mugak. 2019ko ekaina.

Lurzoruek ez dute balio agrologiko handirik eta landaredia gehienbat espezie aloktonoz osatuta dago –sasiakaziak gehienbat, sahatsak eta espezie exotikoak, tartean, intsignis pinuak eta astigar zuriak–. Fauna-presentzia adierazgarririk ere ez dago, ezta arkeologia- eta arkitektura-ondareko elementurik ere, balizko eragin nabarmenei erreparatuta. Era berean, ez dago ingurumen-arrisku nabarmenik, esaterako, uholde-guneak, akuiferoak kutsatzeko arrisku handiko eremuak edo higadura-hidriko laminarreko guneak, ez bada eremu txiki bat ekialdean; bertan, begien bistakoa da higadura. Egoera akustikoari dagokionez, emisio akustikoen balioek gutxigatik gainditzen dituzte merkataritza-erabileren araudian ezarritako kalitate akustikoko helburuak, eraikinik gabeko inguruan eta leihodun fatxadetan, baina bakarrik eremuaren hego-ekialdean.

Horrenbestez, kontuan hartuta erabilera industrial/tertziariorako lurzorua lehendik dagoela (indarreko antolamenduaren arabera), bateragarritze-planak «A.33 Teresategi» eremuan izan ditzakeen inpaktuak hauek dira:

– Lur-mugimenduak.

– Ubideak desbideratzea.

– Urbanizazio-lanak (espaloiak, bideak, bestelako azpiegiturak eta zerbitzuak).

– Eraikinak eraikitzea.

– Landaketak.

– Merkataritza- eta/edo industria-jarduera.

Ondorioz, hauek dira balizko inpaktu adierazgarrienak:

– Lurzoruaren okupazioa.

– Lur gaineko urak kaltetzea.

– Landaredia kaltetzea.

– Fauna zuzenean kaltetzea.

– Fauna-habitataren kalitatea okerragotzea.

– Paisaia kaltetzea.

– Zarata.

– Hondakinak eta indusketa-soberakinak sortzea.

– Mugikortasun-eskariaren gorakada eta, ondorioz, kalitate atmosferikoaren beherakada.

– Baliabideen kontsumoa handitzea.

Edonola, atalase onargarriak gainditzen duen jarduketarik batere ez dago.

C) Planaren tramitazioa egin bitartean ez da ingurumen-ebaluazio estrategikoaren hedapenik eskatzen duen jarduketa berririk sartu.

D) Indarreko araudiaren arabera hartuko dira neurri babesleak, zuzentzaileak, konpentsatzaileak eta segimenduzkoak, baita hurrengo apartatu hauetan xedatutakoaren arabera eta, aurrekoa galarazten ez dutenetan, ingurumen-azterketa estrategikoan xedatutakoaren arabera ere.

Planak barne hartu beharreko neurri zuzentzaile eta konpentsatzaileak dira (behar bezala garatu eta gauzatu ahal izateko lotura- eta xehetasun-maila zehaztuta) honako hauek:

1.– Ingurumen- eta paisaia-integrazioko proiektua eta neurri konpentsatzailea: hirigintza-proiektuak barnean hartu beharko ditu ingurumen- eta paisaia-integrazioko neurriak, planak eragindako eremuei begira –lur-erauzketak eta ezpondak, esaterako, ibilgu berriarenak eta espazio libre mugakideak–. Ondorioz, landaredia aloktono inbaditzailea kontrolpean eduki ahalko da eta baso mistoko landaredia indartu –eremuaren hegoaldean eta ekialdean–. Horiek aurrekontu eta xehetasun-maila nahikoarekin zehaztu beharko dira, landaketak egin, eta landareak errotzeko behar diren mantentze-lanak egin ahal izateko.

2.– Ibilguak babestea: hirigintza-proiektuan bermatuta egon beharko da Añorga errekaren ibilgu zuzenduaren eta lurzati eraikigarri mugakideen artean bost metroko zortasun-eremua egotea, libre eta ahalik eta egoera naturalenean utzita. Ezker ertzean bide bat egingo da tratamendu leunak eta zoladura iragazkorra erabilita. Halaber, urbanizazio berriak oztopatuko duen arroko drainatzea gehiegi eraldatzea ekiditeko, eremuko iragazkortasun-gaitasun naturalari eutsi ahal izateko moduko drainatze-sistemak erabiliko dira, Plan Hidrologikoaren 44.1 artikuluari jarraikiz.

3.– Gainera, jardunbide egokien eskuliburuan jasotako neurriak hartu beharko dira obretan, lurren eta soberakinen kudeaketan, hondakinen sorkuntzan eta kudeaketan, induskatutako lurzoruen kontrolean, eta airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesean. Zehazki, hauek:

– Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Gai hauekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu gutxienez: lanaldiak, makineria, aldi baterako desbideratzeak, isurketak saihestea, ahalik eta hauts eta soinu gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa izan dezaketen jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea, etab.

– Hondakinak sortzea eta kudeatzea: obrak egin eta garbiketa-kanpainak dirauen bitartean sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta berariazko arauetan xedatutakoa beteko da.

– Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzeko ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntza- eta eraispen-hondakinak.

– Hondakin arriskutsuak jasotzen dituzten ontziek uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte (833/1988 Errege Dekretua, Hondakin toxikoei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko Erregelamendua onartzekoa).

– Olio erabiliak kudeatuko dira Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan eta EAEn erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1998 Dekretuan xedatutakoaren arabera.

– Urbanizazio-proiektuan sortutako indusketa-soberakinak baimendutako soberakindegira eramango dira, eta indarreko legerian ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.

– Induskatutako lurzoruen kontrola: Lasarte-Oriako Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak hautemateagatiko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.

EAEko kultura-ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legean xedatutakoaren kalterik gabe, obra-faseko lanetan izaera arkeologikoko aztarnaren bat izan litekeena aurkitzen bada, lanak behin-behinean eten, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura Saila jakinaren gainean jarriko da.

– Airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesa: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuari eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.

Eraikinik gabeko kanpoalderako kalitate akustikoko helburuak beteko direla bermatu beharko da, eta, hala dagokienean, fatxada leihodunetarako helburuak, araudi aplikagarriaren arabera. Horretarako, neurri tekniko eta ekonomiko proportzionatuak hartu beharko dira, behar badira.

Halaber, eguneko lan-ordutegian jardungo da, eta garbi mantendu beharko dira kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.

– Urak babestea: Urbanizazio- eta eraikuntza-proiektuek lurrazaleko uretara solidoak ahalik eta gutxien iristeko neurriak aurreikusi beharko dituzte, adibidez, jalkitze-tangak, sedimentuentzako tranpak edo iragazkiak.

– Ez da, inola ere, espezie aloktonorik erabiliko (adibidez, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana), eta lurrak mugitzen direnean espezie horiek ez hedatzeko neurriak hartuko dira. Horrez gain, betelanetan, landareztatzean eta urbanizazioko lorategiak jartzean erabiliko den landare-lurraren nahiz maileguko materialen jatorria eta osaketa kontrolatuko dira. Horretarako, «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» deritzon argitalpenean emandako gomendioak eta neurriak erabiliko dira. Eskuliburu hura Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak argitaratu zuen.

– Etxegintza eta eraikingintza jasangarrienerako behar diren ezaugarriei dagokienez, «Eraikingintza Jasangarrirako Gida. Merkataritza Eraikinak. 2015. Ihobe» agirian jasotako neurriak eta ingurumen-jardunbide egokiak erabiliko dira, eraikinen aurrezki eta efizientzia energetikoa eta energia berriztagarrien sustapena bultzatzeko xedez. Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute:

– Materialak. Lehengai berriztaezinen kopurua murriztea.

– Energia. Berriztagarriak ez diren iturrien bidez sortzen den energiaren kontsumoa eta/edo sorkuntza murriztea.

– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

– Atmosfera. Gas, hauts, bero eta argi gutxiago igortzea

– Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

Bigarrena.– Ebazpen honen edukia Lasarte-Oriako eta Donostiako udalei jakinaraztea.

Hirugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Laugarrena.– Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 27. artikuluaren arabera, ingurumen-adierazpen estrategikoak indarra galduko du eta ondoreak sortzeari utziko dio, baldin eta lau urteko epean, ingurumen-adierazpen estrategikoa Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik hasita, Lasarte-Oriako plangintzako arau-subsidiarioetako «A.33 Teresategi» eremua eta Donostiako «AÑ.10 Recalde (II)» eremua eta Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko bide-sistema bateragarri egiteko plana gauzatu ez bada. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren izapidea, non eta ez den ingurumen-adierazpen estrategikoaren epea luzatzea adosten.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko urriaren 29a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

IVAN PEDREIRA LANCHAS.


Azterketa dokumentala