Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

217. zk., 2019ko azaroaren 14a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
5257

AGINDUA, 2019ko azaroaren 5ekoa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez Ikertzaileak Prestatzeko Doktoretza-aurreko Programa aplikatzen den zentroez bestelakoetan egonaldiak egiteko laguntzetarako deialdia egiten baita.

Hezkuntzako sailburuaren 2019ko ekainaren 18ko Aginduaren bitartez (2019ko ekainaren 27ko EHAA, 121. zk.), Doktore ez diren Ikertzaileak Prestatzeko Doktoretza-aurreko Programaren laguntzak arautu eta laguntzak berritzeko eta laguntza berriak emateko 2019-2020 ikasturteko deialdia egin zen. Agindu horrek aukera ematen du egonaldiak egiteko programaren aplikaziokoak ez diren zentroetan; horrela, aginduak erantzuna ematen die egonaldiok duten interesari, hau da: ikertzaileak hobeto prestatu eta nazioarteko doktoregoa lortzeari.

Kontuan hartu da Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretua, zeinaren bidez aldatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu, eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatu zituen Dekretua (2017ko apirilaren 21eko EHAA).

Kontuan hartu da, halaber, 1991ko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua (1992ko otsailaren 7ko EHAA), zeinaren bidez arautzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako dirulaguntzak bermatu eta itzularazteko araubide orokorra, eta dirulaguntzon kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintza, araubide eta betebeharrak ezarri baitziren. Horretaz gain, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan ezarritakoa ere aplikatuko da.

Horretaz gainera, aintzat hartu da Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta Dirulaguntzen Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan ezarritako oinarrizko araudia, bai eta laguntza eta dirulaguntzei aplikatzekoak diren gainerako xedapenak ere.

Eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzen duen Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan ezarritakoa oinarri hartuta, hau

Hori dela eta, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Laguntzetarako deialdia egitea beka aplikatzen den zentroez bestelakoetan doktoretza-aurreko egonaldiak egin ditzaten prestakuntzan ari diren ikertzaileek. Egonaldi horien helburua izango da ikertzaileak zientzia- eta teknika-ikerketan hobeto prestatzea eta, horretarako, ikerketa-lanak egitea, ikerketa-proiektuei aplikatzeko teknika berriak ikastea, bibliografia- eta ikerketa-funtsetan kontsultatzea eta beste edozein ikerketa-jarduera egitea esku artean duen tesi-proiektuaren testuinguruan, ikertzailearen zientzia- eta teknika-prestakuntza hobetzeko, tesiaren garapena bultzatzeko eta nazioarteko doktoregoa lortzea errazteko.

2.– Egonaldiak egin ahal izango dira unibertsitateetan, ikerketa-zentroetan edo garapen teknologikoko zentroetan eta I+G+b-ko jarduera duten enpresetan, atzerrikoetan zein estatukoetan, betiere doktoratu aurreko programa aplikatzeko zentroaz bestelako hiri batean egiten badira eta aldi baterako egoitza aldatzeak justifikatu egiten badu agindu honetan zehazten diren laguntza ekonomikoak ematea.

3.– Deialdi honetatik kanpo gelditzen dira biltzarrak, bilera zientifikoak eta, Zientzia Politikarako Zuzendaritzaren iritziz, 1. apartatuan ezarritako helburura egokitzen ez diren bestelako egonaldiak. Ez da onartuko, halaber, ohiko aplikazio-zentroa atzerrian duten ikertzaileek Espainiako zentroetan egonaldiak egitea.

2. artikulua.– Laguntzak finantzatzea.

175.000 euro erabiliko dira agindu honen bidez araututako laguntzak finantzatzeko.

3. artikulua.– Dirulaguntzen onuradunak.

1.– Honako hauek izango dute laguntzak eskatzea: Eusko Jaurlaritzaren Doktore ez diren Ikertzaileak prestatzeko Doktoretza-aurreko 2019-2020 Programaren onuradun direnek.

2.– Laguntza hauetaz baliatu ahal izateko, ezinbestekoa da prestakuntzan ari diren ikertzaileak jardunean egotea eta beka-programa lehenengoz, bigarrenez eta hirugarrenez berrituta izatea.

3.– Aurretik deialdi honen onuradun izandako ikertzaileek, berriz, ezingo dute laguntza hau eskuratu.

4.– Ezingo dira agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradun izan inguruabar hauetako batean dauden pertsonak:

a) Laguntza edo dirulaguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren epai irmo batez kondenatuta egotea, delitu hauetakoren bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, eragimen-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.

b) Borondatezko konkurtsoaren deklarazioa eskatu izana, edozein prozeduratan kaudimengabetzat jo izana, konkurtsoan deklaratuta egotea, salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek, esku-hartze judizialaren pean egotea edo desgaitua izatea, Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaitze-aldia amaitu gabe.

c) Administrazioarekin egindako edozein kontratu ebazpen irmoz suntsiarazteko arrazoiak sorrarazi eta haien errudun deklaratu izan direnek.

d) Honako lege hauetan jasotako kasuren batean egotea: martxoaren 30eko 3/2015 Legea, Estatuko Administrazio Orokorreko goi-kargudunen jarduna arautzen duena, eta abenduaren 26ko 53/1984 Legea, Administrazio publikoen zerbitzura dauden langileen bateraezintasunena; edo, ez dira Hauteskunde Erregimen Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapenezko karguak, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen Euskal Autonomia Erkidegoko arauek ezarritako baldintzetan.

e) Arauz zehazten den bezala beteta eta eguneratuta ez izatea indarreko xedapenek ezartzen dituzten zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

f) Erregelamenduz zerga-paradisu gisa kalifikatutako herrialde edo lurralde batean izatea zerga-egoitza.

g) Egunean ez izatea dirulaguntzak itzultzeko ordainketa-betebeharrak, erregelamenduz zehazten denarekin bat etorriz.

h) Epai irmo bidez zehatuta egotea, eta, horren ondorioz, lege honetan edo beste batzuetan zehaztutakoari jarraituz dirulaguntzak lortzeko aukera galdu izana.

4. artikulua.– Laguntzen baldintzak.

1.– Laguntza hauen gai diren egonaldiei 2020. urtean eman beharko zaie hasiera.

2.– Laguntzaren bidez, hiru hilabeteko egonaldi bakarra egin ahal izango da, eta egonaldi horiek bat etorri beharko dute destino-zentroen aldi akademikoekin eta/edo ohiko jardunarekin, justifikatutako salbuespenak izan ezik.

3.– Ikertzaileko, egonaldi-proiektu bakarrerako izango da laguntza.

4.– Proiektua destinoko zentro bakar batean egingo da.

5. artikulua.– Eskaerak formalizatzea eta aurkezteko epeak.

1.– Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoan http://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2020/egonlabur/web01-tramite/eu telematikoki eskuragarri egongo den inprimakiaren bitartez baizik ezingo da egin eskabidea. Eskabideari atxikitako agiriak harekin batera bidali beharko dira, aplikazio elektronikoaren bitartez. Horretarako, hautagaiak alta eman beharko du erabiltzaile gisa, eta aplikazio horretan zehaztutako jarraibideei kasu egin beharko die.

Bi modu daude aplikaziora sartzeko: ziurtagiri elektronikoarekin (NAN elektronikoa, ONA txartela, FNMTren pertsona fisikoen ziurtagiria), edo erabiltzailearekin eta pasahitzarekin. Aplikaziora sartzen diren pertsonek baimena ematen diote Ikerketa Zuzendaritzari (deialdia kudeatzen duen organoa baita) nortasun-datuak administrazio eskudunean egiazta ditzan bitarteko elektronikoen bidez edo eskuragarri dituen bestelako baliabideen bidez.

2.– Behin eskabide telematikoa erabat bete denean eta, aplikazioaren bitartez, artikulu honen 8. atalean adierazitako agiriak erantsi direnean, eskatzaileak eskabidea erregistratzeko prozesua gauza dezake, Egoitza Elektronikoak onartzen dituen sinadura elektronikoaren sistemetako edozeinen bidez.

Eskabidea identifikatzeko zenbaki bat izango du inprimaki ofizialak. Inprimaki ofiziala eskuz edo elektronikoki aldatuz gero, eskabidea automatikoki baztertuko da.

3.– Paperez izapidetuz gero, aplikazioak sortutako eskabide-inprimakia inprimatu eta sinatu behar du eskatzaileak. Paperezko eskabideak artikulu honen 5. eta 6. apartatuetan adierazitako epean eta lekuan aurkeztuko dira. (Ikus I. eranskina).

4) Betiere, eskabidearekin batera, Erantzukizunpeko Adierazpena aurkeztu behar da, hala xedatzen baita azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikuluko 6. apartatuan (1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena; EAEko 2011ko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 5/2010 Legeak sartutakoa da apartatu hori). (Ikus II. eranskina).

5.– Eskabideak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea hilabete izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

6.– Eskabidea paperean izapidetuz gero, helbide honetara bidaliko da

Eusko Jaurlaritza

Hezkuntza Saila

Ikerketa Zuzendaritza

Erreferentzia: Doktoretza-aurreko egonaldiak

Donostia kalea, 1

01010 Vitoria-Gasteiz

Era berean, eskabide-orriak aurkezteko eta informazioa eskatzeko, Zuzenean herritarrentzako zerbitzuko bulegoetara jo ahal izango da: Bizkaian (Kale Nagusia 85, 48011 Bilbao), Gipuzkoan (Andia 13, 20003 Donostia), eta Araban (Ramiro Maeztu 10 beh., 01008 Vitoria-Gasteiz). Telefono bidezko arreta eskuratzeko, 012 zenbakira deitu daiteke.

Prestatzen diharduten ikertzaileen aplikazio-zentroa Euskal Herriko Unibertsitatea izanez gero, erregistro-bulego hauetan formalizatu ahal izango da eskaera:

– Arabako 01 erregistro-bulegoa (Arabako Campuseko Errektoreordetza, Izardui komandantea 2, 01005 Vitoria-Gasteiz).

– Gipuzkoako 02 erregistro-bulegoa (Ignacio M.ª Barriola gelategia, Elhuyar plaza 1, 20018 Donostia)

– Bizkaiko 03 erregistro-bulegoa (Errektoretza, Sarriena z.g., 48940 Leioa).

– Bizkaiko 84 erregistro-bulegoa (Larrako Etxea, Agirre Lehendakariaren etorbidea 83, 48015 Bilbao).

Betiere, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezartzen dena aplikatuko da. Eskabideak, halaber, apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuak –Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamendua arautzen duenak– aipatzen dituen lekuetan aurkeztu ahal izango dira, deialdian eskabideak aurkezteko adierazten den epean.

Posta-bulegoetan aurkeztuz gero, gutunazal irekian eraman beharko dira, eskabide-orriko goiburuan azal dadin zein egunetan eta zein ordutan onartu diren bulego horietan.

7.– Eskatutako agiriak.

Eskabide-orriarekin batera, ondoren zerrendatzen dokumentazioa aurkeztu beharko da aplikazioaren bitartez:

a) Egonaldiaren helburua deskribatzeko txostena (bi orri, gehienez ere). EAEko hizkuntza ofizialetako batean aurkeztu beharko dira memoriak. Era berean, memoriak normalizatu gabeko formatuetan aurkeztuz gero edo artikulu honetan zehaztutakoak baino orrialde gehiago izanez gero, eskabidean zuzendu beharreko hutsunetzat joko dira.

b) Zentro hartzailearen gutun ofiziala, non egiaztatzen baita bisitaldia onartzen dela eskatutako egunetan.

c) Egitekoa den egonaldiarekiko adostasuna adierazten duen agiria, tesiaren zuzendariak edo eskatzailea atxikita dagoen saileko zuzendariak izenpetua. Aplikazioan, eskuragarri dago agiri horren txantiloi bat.

Diruz lagundutako aldia –3 hilabete– baino egonaldi luzeagoetan, egonaldiaren aldi osorako adostasuna adierazten duen agiria eskatuko da.

d) Eskabidean azaltzen den erantzukizunpeko adierazpenean jasotakoak egiaztatzen dituen dokumentazioa, halakorik behar izanez gero.

6. artikulua.– Eskabideetako akatsak zuzentzea.

Dirulaguntzaren eskabidea guztiz betetzen ez bada, edo nahitaezko agiriak aurkezten ez badira, Ikerketa Zuzendaritzak eskabideen sinatzaileei eskatuko die 10 eguneko epean hutsak bete ditzatela edo nahitaezko agiriak aurkez ditzatela. Halaber, ohartaraziko die, hala egin ezean, haien eskabidean atzera egin dutela ulertuko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 eta 21.1 artikuluetan xedatutakoarekin bat etorriz.

Zuzenketa eskatzeko jakinarazpena 12. artikuluko 2. apartatuan ezarritako prozeduraren arabera egin beharko da.

7. artikulua.– Laguntza kudeatzeko organoa.

Ikerketa Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzea.

8. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoa eta asegurua.

1.– Mantenu-gastuetarako laguntzaren zenbatekoa 25 eurokoa izango da eguneko.

2.– Bidaiak norberaren ibilgailuan egin daitezke, eta bidaia-gastuetarako laguntzaren zenbatekoa finkatzeko, honako taula honi jarraituko zaio:

(Ikus .PDF)

Kilometroak kalkulatzeko, erreferentziatzat hartuko da http://es.distance.to estekaren bidez egindako kontsultaren emaitza Agindu honen ondorioetarako, eskatzaileak aplikazio-zentroa duen probintziako hiriburua hartuko da jatorriko hiritzat.

Oro har, garraiobide kolektibo publikoetan egingo dira joan-etorriak; hala ere, kasu bakoitzeko inguruabarren arabera, norbere ibilgailua erabiltzeko baimena eman dezake organo eskudunak.

Norbere ibilgailua erabiltzeko baimena emango da soilik frogatzen denean helmugara ezin dela garraiobide publikoen bidez heldu. Baimen-eskaera Ikerketa Zuzendaritzaren aplikazioaren bitartez bideratuko da, egonaldia hasi aurretik.

Bidaian norbere ibilgailua erabiliz gero, kilometroko 0,29 euro ordainduko dira justifikatutako kilometroak.

Bidai-gastuetarako laguntzaren zenbatekoak ez ditu barnean hartzen norbere ibilgailuan aplikazio-zentrokoa ez den jatorri-hiri batetik aplikazio-zentrokora egindako joan-etorrien gastuak.

Joan-etorriak egiteko bisa izapidetu behar izanez gero, 200 euroko diru-osagarri bat emango da.

Bidai-gastuetarako ematen den laguntzaren zenbatekoak ez ditu barnean hartuko egonaldian egiten diren tokiko garraioaren gastuak.

3.– Ikerketa Zuzendaritzak, laguntzak esleitu eta gero, justifikatuta dagoen kasuetan aldaketak onartu ahal izango ditu egonaldien ezaugarrietan; dena den, horrek ez du eragingo onartutako gastua handitzea.

4.– Asegurua: Ikerketa Zuzendaritzak baimenduta atzerrian egiten diren egonaldietarako, laguntzen onuradunek, dagokion Gizarte Segurantzaren estaldura izateaz gainera, erantzukizun zibileko, istripuetarako eta bidaia-laguntzako aseguru bat izango dute. Interesdunaren ezkontidea eta 25 urtetik beherako seme-alabak atzerrira badoaz onuradunarekin, bidaia-laguntzako asegurua haientzat ere zabaldu ahal izango da, interesdunak hala eskatzen badu. Aseguru hori, era berean, antolamendu juridikoak onartzen dituen edozein frogagiriren bitartez egiaztatutako izatezko bikoteentzat ere baliagarria izango da.

9. artikulua.– Laguntzen bateraezintasuna.

Dirulaguntza hauek bateraezinak dira helburu bera duen beste edozein dirulaguntzarekin, salbu Doktore ez diren Ikertzaileak Prestatzeko Doktoretza-aurreko Programako laguntza bera.

10. artikulua.– Esleitzeko irizpideak.

1.– Hautaketa Batzorde batek ebaluatuko ditu eskabideak. Honako hauek izango dira batzordekideak: Ikerketako zuzendaria, Amaia Esquisabel (lehendakaria izango da); Unibertsitate Politika eta Koordinazioko zuzendaria, Miren Artaraz, eta Ikerketa Zuzendaritzako teknikari Santiago Txintxurreta (idazkaria izango da). Batzordeak Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeari igorriko dio eskatutako laguntzak emateko edo ukatzeko proposamena.

Proposamenak hauek jasoko ditu: pertsona onuradunen zerrenda eta dagozkien zuzkidura ekonomikoak, dagoen kredituaren mugara arte xehatuak, eta erreserben zerrenda.

2.– Eskabideak honako irizpide eta puntuazio hauen arabera balioetsiko dira:

a) Laguntza lehen aldiz berritzen duten eskatzaileak: 1 puntu;

b) Laguntza bigarren aldiz berritzen duten eskatzaileak: 2 puntu;

c) Laguntza hirugarren aldiz berritzen duten eskatzaileak: 3 puntu.

11. artikulua.– Laguntzak esleitzeko prozedura.

Agindu honetan jasotzen diren dirulaguntzak lehiaketa-prozeduraren bidez ebatziko dira. Horretarako, aurkeztu eta onartutako eskabideak erkatuko dira, horien artean lehentasunak jartzeko, 10. artikuluan finkatutako irizpideei jarraituz. Puntu gehien lortzen dituzten eskaerei esleituko zaizkie dirulaguntzak, harik eta agindu honetako 2. artikuluan izendatutako aurrekontu-kreditua agortu arte.

Puntuazio-berdinketak ebazteko, oinarritzat hartuko da eskabideak betetzeko aplikazioak txikitik handira ematen duen ausazko zenbaki bat. Aplikazio telematikoan sortzen den eskabidean agertuko da zenbaki hori.

12. artikulua.– Ebazpena.

1.– Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpen baten bidez esleituko dira agindu honetako laguntzak, eta haien zenbatekoak zehaztuko, sei hilabeteko epean, deialdia EHAAn argitaratu eta sei hileko epean.

Ebazpen horrek jasoko ditu pertsona onuradunen zerrenda eta dagozkien zenbateko ekonomiko xehatuak. Halaber, ordezkoen zerrenda emango da, eta han bilduko dira erabilgarri dagoen aurrekontuaren ondorioz beka-proposamenean sartu ez direnak. Horrez gain, ukatutako eskabideen zerrenda ere emango da, ukatzeko arrazoiak adierazita, baita baztertutako eskabideen zerrenda ere, baztertzeko arrazoiak zehaztuta.

2.– www.euskadi.eus egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuz jakinaraziko da aipatutako ebazpena.

3.– Alde batera utzi gabe aurreko 2. apartatuan ezarritakoa, Ikerketa Zuzendaritzak argitalpenen berri bidali ahal izango die interesdunei, SMS edo posta elektroniko bidez. Abisu horiek ez dute, inolaz ere, egindako jakinarazpen balioa izango.

4.– Emate-ebazpena argitaratu eta hurrengo 10 egunetan gertatzen diren uko-egiteen kasuan, erreserben zerrendan ageri diren eskatzaileei emango zaizkie laguntzak Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpen bidez.

Emandako azken laguntzaren ondorengo lekuan dauden pertsonei emango zaizkie laguntza horiek.

Ondorio horietarako, laguntzak emateko proposamena jakinaraziko die laguntzak emango dituen organoak interesdunei, 10 eguneko epe luzaezinean onar dezaten. Behin proposamena onartutakoan, beka emateko ebazpena emango du, eta interesdunei jakinaraziko.

5.– Aurreko 1. apartatuan ezarritako epean berariazko ebazpenik ematen eta jakinarazten ez bada, interesdunek beren eskabideak ezetsitzat jo ahal izango dituzte.

6.– Ebazpen horren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita.

7.– Laguntzak eman eta, hala badagokio, ordaintzeko, amaituta behar dute Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren organismo autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen barruan hasi eta oraindik izapidetzen ari diren dirulaguntzak itzultzeko edo zehatzeko prozedura orok.

8.– Aurrekontu-ekitaldiaren amaieran, onuradunen zerrenda eta emandako laguntzak argitaratuko dira Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

13. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradunek honako betebehar hauek izango dituzte: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluan xedatutakoak eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 14. eta 46. artikuluetan adierazitakoak; zehatzago esanda, hauek:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Laguntzaren onuradunak 10 eguneko epea izango du laguntzari berariaz uko egiteko, dirulaguntza emango zaiola jakinarazteko ebazpena www.euskadi.eus egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratzen denetik aurrera. Horrelakorik egin ezean, laguntza onartutzat hartuko da.

b) Egonaldiak emate-ebazpenean adierazitako egunean hasi behar du. Salbuespenez, eta egonaldia hasi aurretik, hasierako data aldatzeko eskatu ahal izango da behar bezala arrazoitutako idazki baten bidez, baina, betiere, derrigor bete beharrekoa izango da agindu honetako 4. artikuluan adierazitakoa Ikerketa Zuzendaritzak erabakiko du aldaketa hori egin daitekeen ala ez, eta baimena eman ahal izango du behar bezala justifikatutakotzat jotzen dituen aldaketak egiteko. Betiere, baimena emanez gero eskatutako aldaketa egiteko, horrek ez du aldatuko ez egonaldiaren iraupena ez emandako diru-zenbatekoa.

c) Zentroan egon beharko du diruz laguntzen den denboraldi osoan. Laguntza jasotzen duen ikertzaileak bere jarduera etenik gabe egin beharko du; zentroko lan-egutegiak bete beharko ditu, gainera. Ikerketa-arrazoiak direla-eta aldi baterako zentrotik atera behar badu, Ikerketa Zuzendaritzari jakinarazi beharko dio, eta hark eman beharko dio horretarako baimena. Atzeratutako aldiak, baimendutakoak badira, ez dira errekuperatu behar.

d) Diruz lagundutako egoeraren xedea edo izaera funtsean aldatzen duen edozein gorabeheraren berri ematea, bai eta Hezkuntza Sailari laguntzea ere, jarduera horien egiaztapen-, inspekzio-, jarraipen- eta kontrol-prozeduretan.

e) Dirulaguntza zein xedetarako eman den, hartarako erabiltzea.

f) Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, beren eginkizunetan dihardutela, eskatzen duten informazioa ematea deialdi honen kargura jasotako dirulaguntzei buruz.

g) Helburu bererako lortu den beste edozein laguntza deklaratzea.

h) Egonaldia amaitu ondorengo hamabost eguneko epean, 15. artikuluan zehazten diren agiriak bidali beharko ditu Ikerketa Zuzendaritzara.

14. artikulua.– Laguntzari uko egitea.

1.– 1.– Uko egiteko, Ikerketa zuzendariari jakinarazi beharko zaio, idazki baten bidez, eta onuradunak, tesi-proiektuaren zuzendariak eta ezarpen-zentro kontratatzaileko legezko ordezkariak sinatu beharko dute idazkia. Han, adieraziko da zein diren uko egiteko arrazoiak eta uko-egite horrek zein egunetatik aurrera izango dituen ondorioak. Uko egite hori, aplikazio telematikoaren bidez jakinarazi beharko da, ondorioak izan baino 10 egun natural lehenago. Horren berri, halaber, posta elektronikoz ere eman beharko da huisibas@euskadi.eus helbidera bidalita, uko-egitearen ondorioak hasten diren eguna baino lehenago.

2.– Uko-egiteak Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpen baten bidez onartuko dira.

Uko egitearen ondorio ekonomikoak uko egite hori gauzatzen den egun berean hasiko dira. Hala ere, bidegabeko ordainketak egin badira, diru-zenbateko horiek itzuli beharko dira.

15. artikulua.– Dirulaguntzak ordaintzea eta justifikatzea.

1.– Laguntza hauek ordainketa bakar batean emango dira, ebazpena eman eta gero betiere, eta onuradunak onartzeko epea betetakoan. Horretarako, onuradunak hirugarrenen altaren agiria eguneratua izan beharko du.

http://www.ogasun.ejgv.euskadi.eus/r51-341/es/contenidos/autorizacion/alta_terceros/es_7999/alta_terceros.html

2.– Egonaldia amaitu ondorengo hamabost eguneko epean, onuradunek honako agiri hauek bidali beharko dituzte Ikerketa Zuzendaritzara:

a) Burutu den egonaldiari buruzko ziurtagiria: lankide izandako ikertzaile arduradunak izenpetutako jatorrizko idazki bat izango da. Egonaldiaren hasiera- eta amaiera-egunak aipatu beharko dira han.

b) Egindako lanaren memoria zientifiko-teknikoa, dirulaguntzaren baldintzak bete direla justifikatzen duena, eta egindako jarduerak eta jasotako emaitzak zehazten dituena.

c) Txosten ekonomikoa, bidaiaren kostuari eta bisaren izapidetzeak dakarren kostuari buruzkoa, honako agiri hauek erantsita:

– Garraio publikoan egindako bidaien jatorrizko txartelak eta fakturak.

– Bisa izapidetzean egindako tasa-gastuen eta garraio publikoan egindako joan-etorrien jatorrizko txartelak eta fakturak.

3.– Egonaldia esleitutakoa baino txikiagoa bada, mantenurako emandakoaren zati proportzionala itzuli egin beharko du onuradunak, hau da, egin gabeko aldiari dagokion zatia, betiere indarrean den legeriarekin bat etorriz.

4.– Bidaia-gastuetarako emandako laguntza bidaiaren benetako kostua baino handiagoa bada, onuradunak itzuli egin beharko du benetako kostuaz gainekoa.

5.– Agiri horiek guztiak aurkezteko, aplikazio telematikoa erabiliko da.

6.– Behin egonaldia bukatuta, emandako laguntzaren likidazioa zuzen egite aldera, onuradunak adierazi beharko du egunean dituela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bai eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketak ere.

16. artikulua.– Ez-betetzea.

Egonaldia ezin bada egin edo justifikatu, emandako laguntza osoa itzuli beharko du onuradunak, bai eta dagozkion atzerapen interesak ere. Izan ere, hori xedatzen da Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorraren pentzutan ordaindu beharreko dirulaguntzen berme eta itzulerei buruzko erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan (1992ko otsailaren 7ko EHAA).

Aplikatzekoak dira, orobat, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluan ezarritakoa (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako testu bategina) eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritakoa.

17. artikulua.– Emandako laguntza aldatzeko, laguntza jasotzeko eskubidea galdu dela adierazteko eta, beharrezkoa bada, laguntza itzultzeko prozedura.

Dirulaguntza emateko kontuan izandako edozein baldintza aldatzen bada, horrekin batera beste administrazio batzuen edo erakunde publiko edo pribatuen dirulaguntzak eskuratzen badira, edo, bestela, helburu bera aurrera eramateko bestelako diru-sarrera edo baliabideak lortzen badira, laguntza ematea ekarri duen erabakia aldatu ahal izango da, betiere dirulaguntzaren arauak onuradun izateko ezartzen dituen gutxieneko baldintzak betetzen baldin badira.

Honako prozedura honi jarraituko zaio agindu honetan xedatutakoak betetzen ez direnean eta 15. artikuluaren 3. eta 4. apartatuetan adierazten diren kasuetan:

a) Prozedura abiatu eta ebazteko ardura Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearena izango da.

b) Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak prozedura hasi dela eta zergatik hasi den adieraziko dio interesdunari, eta 15 egun naturaleko epea emango dio egokitzat jotako alegazioak aurkez ditzan. Prozedura hasiz gero, eten egingo dira oraindik egiteke dauden ordainketak.

c) Alegazioak jaso ondoren, edo epea igaro bada alegaziorik jaso gabe, amaiera emango zaio prozedurari, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpen baten bidez.

Prozedura ebazteko eta jakinarazteko epea, gehienez ere, hamabi hilabetekoa izango da, prozedura hasteko erabakia hartzen den egunetik aurrera.

Ebazpenak ulertzen badu arauak ez direla bete, laguntza jasotzeko eskubidea galdu dela aitortuko du, eta, hala badagokio, adieraziko du kopuruak EAEko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar zaizkiola, bai eta laguntza ordaindu zenetik dagozkion berandutze-interesak ere; horretarako epea, gehienez ere, bi hilabetekoa izango da, ebazpena jakinarazten denetik aurrera. Epe hori borondatezko alditzat joko da.

d) Borondatezko epean laguntza itzultzen ez bada, horren berri emango zaio Ogasun eta Ekonomia Saileko Ogasun Sailburuordetzari, aplikatu beharreko legezko arauek xedatutakoari jarraikiz jardun dezan.

18.– artikulua.– Datu pertsonalak.

Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoarekin bat etorriz, eta Titulartasun Publikoko Datu Pertsonalen Fitxategiei eta Datuen Babeserako Euskal Agentziaren Sorrerari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz, deialdi honen tramitazioan jasotako datu pertsonalak Ikerketa Zuzendaritzaren 3 zenbakidun fitxategian jasoko dira, «Bekadunentzako dirulaguntzak» izenekoan (deialdian parte hartzen duten pertsonek berariaz ematen dute datu horiek tratatzeko eta argitaratzeko baimena). Fitxategi hori jasota dago arau honen xedapen-esparruan: 2010eko urriaren 4ko Agindua, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren datu pertsonalen fitxategi jakin batzuk arautzen dituena (azaroaren 5eko EHAA, 213. zk.).

Ikerketa Zuzendaritza da fitxategi horien organo arduraduna. Datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko eta aurka egiteko eskubideak Ikerketa Zuzendaritzan gauzatu ahal izango dira. Horretarako, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Saileko Ikerketa Zuzendaritzara jo behar da (Donostia kalea 1, Vitoria-Gasteiz).

XEDAPEN GEHIGARRIA

Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egiten diren gastu-espedienteen aurretiko izapidetzea araupetzen duen Ekonomia eta Ogasun Sailaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduko 5.3 artikuluaren ondorioetarako, agindu honetako dirulaguntzei buruzko ebazpena emateko garaian, kreditu egokiak eta nahikoak egon behar dira Euskal Autonomia Erkidegoaren 2020. urteko aurrekontu orokorretan.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango diote Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindu hau aldizkari ofizial berean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko azaroaren 5a.

Hezkuntzako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala