Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

217. zk., 2019ko azaroaren 14a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
5256

EBAZPENA, 2019ko urriaren 31koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez ingurumen-inpaktuaren txostena egiten baita honako proiektu honi buruz: DBA Bilbao Port SLk sustatutako proiektua Zierbenako udalerrian (Bizkaia) bioerregai-instalazio izandakoa egokitzeko eta erregai likidoak biltegiratzeko eta banatzeko instalazio bihurtzeko.

EGITATEZKO AURREKARIAK

2019ko ekainaren 11n, Zierbenako Udalak Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzari eskatu zion ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua hasteko honako proiektu honi buruz: DBA Bilbao Port SLk sustatutako proiektua, Zierbenako udalerrian (Bizkaia) bioerregai-instalazio izandakoa egokitzeko eta erregai likidoak biltegiratzeko eta banatzeko instalazio bihurtzeko. Hori guztia, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean ezarritakoarekin bat etorriz.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikuluak ezarritakoari jarraituz, ingurumen-organoak kontsulta egin zien proiektuak eragiten dien administrazio publikoei zein interesdunei, aipatu proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egin behar zaion zehazte aldera. Legez ezarritako epea bukatuta, zenbait erantzun jaso dira kontsultak egiteko izapide horretan, eta haien emaitza espedientean jasota dago.

Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen planen, programen eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela ingurumenaren gaineko eraginen analisia, betiere, aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.2.a) artikuluan xedatutakoa aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egingo zaie arau horren II. eranskinean biltzen diren proiektuei; kasu honetan, proiektua eranskin horren 6. taldeko c) epigrafera egokitzen da. Horrenbestez, ingurumen-ebaluazioaren arloan indarrean dagoen legeria aplikatuta, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura aplikatu behar zaio Zierbenako (Bizkaia) bioerregai-instalazio izandakoa egokitzeko eta erregai likidoak biltegiratu eta banatzeko instalazio bihurtzeko proiektuari; prozedura horren bidez zehaztuko da proiektuak ingurumenean eragin esanguratsurik duen, eta, beraz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta aplikatu behar zaion ala ez.

Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-espedientean dauden dokumentu teknikoak eta txostenak aztertu ondoren, eta ikusirik proiektuaren ingurumen-txostena zuzena dela eta indarrean dagoen araudian xedatutako alderdietara egokitzen dela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren txostena eman behar du (erakunde hori da eskuduna aipatutako otsailaren 27ko 3/1998ko Legearen arabera, eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera). Txosten horretan, aztertuko da aipatutako proiektuak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen, eta, ondorioz, proiektuari ohiko ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren prozedura egin behar zaion.

Hauek ikusi dira: Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legea eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ingurumen-inpaktuaren txostena egitea Zierbenako udalerrian (Bizkaia) bioerregai-instalazio izandakoa egokitzeko eta erregai likidoak biltegiratzeko eta banatzeko instalazio bihurtzeko proiektuari buruz, jarraian adierazten den eran:

A) Proiektuaren xedea da zer jarduketa burutu behar diren zehaztea ixte teknikoko egoeran dagoen bioerregaiak ekoizteko instalazio bat birmoldatzeko eta erregai likidoak (gasolioa, nagusiki) biltegiratzeko eta banatzeko instalazio bihurtzeko, egun dituen andel-parkea aprobetxatuz, eta hodi-rack-ak eta ponpatze-sistemak kenduz eta, haien ordez, biltegiratu beharreko gaien izaerari egokitzen zaizkion beste batzuk jarriz.

B) Ingurumen-inpaktuari buruzko txostena emateko ebazpen honetan, proiektuaren ingurumen-txostenaren edukia aztertzen da, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean ezarritako irizpideekin bat etorriz, betiere:

1.– Proiektuaren ezaugarriak eta kokapena:

54.000 tona gasolio biltegiratzeko edukiera garbia dauka proiektu honetan deskribatutako biltegiratze-instalazioak. Sustatzaileak, DBA Bilbao Port SLk, adierazi du ez dela inolako eraldaketarik egingo instalazioan, ez eta konposatuak ekoizteko prozesurik egingo ere.

Egokitze-lanetan ez da aldatuko ez biltegiratze-edukiera, ez egungo azalera; bai aldatuko dira, ordea, hodien trazadura, ponpatze-sistemak eta zisterna-kamioien zamalanen eremua; halaber, instalazioen egoera eta segurtasuna hobetuko dira, eta partez aldatuko instalazio mota.

Honetan datza egokitze-proiektua:

– Bioerregaiak ekoizteko instalazioa eta hari erantsitako instalazioak deuseztatuko dira.

– Biltegiratze-andelen parkea egokituko da, erregai likidoak (gasolioa, nagusiki) biltegiratzeko.

– Hodien rackaren ordez, erregaietarako egokia den beste rack bat jarriko da.

– Ponpatze-parke bat sortuko da, ekoizpena aldatzeko kanpoaldetik andeletera, eta haietatik zamalekura.

– Zamalekua egokituko da, erregaiak hornitzeko.

– Gehigarri eta koloragarri ofizialetarako biltegi bat eraikiko da.

– Suteen aurkako sistema berri bat eta hartarako ura biltzeko depositu bat eraikiko dira.

– Hidrokarburoen bereizgailu bat eraikiko da, kanpora kutsadurarik atera ez dadin.

Proiektuaren eremua Bilboko Portuan dagoen lursailaren barrualdera mugatzen da. Lursaila 22.375,34 m2-koa da, eta forma angeluzuzena dauka, izkinetako bat trenbide-adar batek alakatua duela. Instalazioetara sartzeko, portuko barneko bidea erabili behar da, zeinak lursailarekin muga egiten baitu mendebaldean.

2.– Proiektuak izan dezakeen inpaktuaren ezaugarriak:

Ez dago natura-ondarearen elementu esanguratsurik, eremua erabat artifizializatua baita. Halaber, ez dago kultura-ondareko elementurik; izan ere, proiektuaren eremua itsasoari hartutako lursailetan egindako betegarri bat da.

Lursaila lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan dago sartuta, industriarako lursail gisa (48913-00030 kodea). Alde horretatik, nabarmendu behar da ezen, Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren ebazpen bidez, sustatzailea salbuetsita dagoela lurzoruaren kalitatearen deklarazioa egiteko prozedura hastetik, proiektua gauzatzeko beharrezkoa den lur-mugimendua aktibo dagoen kokaleku batean egingo baita, eta, beraz, baimena ematen zaio material horiek induskatzeko, aurkeztutako Induskatze Planean bildutako baldintzatzaileei jarraikiz.

Horrenbestez, proiektuak eragindako inpaktu nagusia biltegiratutako produktu kimikoek izan ditzaketen ihesekin edo isuriekin dago lotuta. Eragin horiek minimizatzeko, pabiloiaren lurzorua iragazgaiztuta egongo da, eta atxikipen-askak jarriko dira biltegiratutako produktuen artean.

Gainerako inpaktuak, hala nola zarataren igoerarekin –kamioien trafiko handiagoa dela eta– eta obra-fasearekin lotutakoak, ez dira garrantzitsutzat hartzen, betiere ingurumen-dokumentuan proposatzen diren neurri zuzentzaileak eta ingurumen-txostenean zehazten direnak hartzen badira.

Bigarrena.– Betiere, neurri babesle, zuzentzaile eta konpentsatzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, DBA Bilbao Port SLk Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa kontuan hartuta.

Hirugarrena.– Sustatzaileak aurkeztutako ingurumen-dokumentuak prebentzio-neurriak eta neurri zuzentzaile eta osagarriak biltzen ditu, proiektuak sor ditzakeen inpaktuei aurre egiteko. Inpaktu horiek mugatzea, murriztea edo minimizatzea izango da neurri horien xedea eta, horien artean, honako hauek azpimarratu behar dira: pabiloiko lurzorua iragazgaiztea eta balbula itxiko atxikipen-askak instalatzea; horrela, sor daitezkeen ur kutsatuak ez dira euri-uren sarera bideratuko.

Obra-faserako zenbait prebentzio-neurri aurreikusi dira, batik bat sortutako hondakinak modu egokian kudeatzeko, makinek isurketarik ez izatea bermatzeko eta atmosferara igorritako partikulak eta egindako zaratak kontrolatzeko.

Neurri horiek guztiak obra kontratatzeko baldintza-pleguetan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, obretako jardunbide egokiak ezarri beharko dira.

Laugarrena.– Kontuan izanik sustatzaileak planteatutako neurri babesle eta zuzentzaileek nahiz baimen sektorialetan ezarri diren neurriek ingurumenarekiko kalteak murrizten dituztela, ez da aurreikusten ingurumenean eragin negatibo nabarmenik sortzea. Hori dela eta, ez da beharrezkotzat jotzen ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea Zierbenako udalerrian (Bizkaia) bioerregai-instalazio izandakoa erregai likidoak biltegiratu eta banatzeko instalazio bihurtzeko DBA Bilbao Port SLk sustatutako proiektuari.

Bosgarrena.– Ebazpen honen edukiaredn berri ematea DBA Bilbao Port SLri eta Zierbenako Udalari (Bizkaia).

Seigarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, aipatutako proiektua baimentzen ez bada Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, ingurumen-inpaktuaren txosten honek indarraldia galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio. Halako kasuetan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko urriaren 31.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

IVAN PEDREIRA LANCHAS.


Azterketa dokumentala