Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

217. zk., 2019ko azaroaren 14a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
5255

EBAZPENA, 2019ko urriaren 30ekoa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez egiten baita Urdulizko «A-18 Igeltzera» industria-sektoreko Plan Partzialaren Aldaketa Puntualaren ingurumen-txosten estrategikoa.

AURREKARIAK

2019ko maiatzaren 31n, Urdulizko Udalak ingurumen-organoari eskaera egin zion «A-18 Igeltzera» industria-sektoreko Plan Partzialaren Aldaketa Puntualari buruzko ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura hasteko (aurrerantzean, Plana), Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera.

Eskaerarekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan xedatutako edukia zuena. Gainera, dokumentu horretan, zeinek egin duen azaltzen da, sinatuta dago, eta amaiera-data dauka.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak zenbait erakunderi eskatu zien egoki iruditzen zitzaizkien oharrak egiteko, oinarritzat har bailitezke ingurumen-txosten estrategikoa formulatzeko, eta, beharrezko ikusiko balitz, ingurumen-inpaktuari buruzko ebaluazio estrategiko arrunta egiteko. Halaber, eskatu zien iritzia emateko, ingurumen-azterlan estrategikoak nolako irismena, xehetasun-maila eta zehaztasuna izan beharko lukeen zehazteko.

Zehazki, hauei egin zitzaien kontsulta: Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritza eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendariordetza; Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura eta Kiroletako Zuzendaritza Nagusiko Kultura Ondarearen Zerbitzua, Ihobe Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoa, eta Bizkaiko Ekologistak Martxan. Era berean, Urdulizko Udalari jakinarazi zitzaion izapidea hasiko zela.

Halaber, espedientea osatzen duten dokumentuak eskuragarri ipini ziren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdun orok egokitzat jotzen dituen ingurumen-arloko oharrak egin ditzan.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura eta Kirolen Zuzendaritza Nagusiaren eta Ihobe Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoaren txostenak jaso dira, eta espedientean bertan txertatu da haien emaitza.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen planen, programen eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, ingurumenaren gaineko eraginen analisia plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela, betiere, aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.

«A-18 Igeltzera» industria-sektoreko Plan Partzialaren Aldaketa Puntuala (aurrerantzean, Plana) abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan aipatzen diren kasuetan sartzen da; artikulu horretan, aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar duten planak eta programak, hain zuzen, zehazteko edo planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo ingurumenean eragin esanguratsua izan dezaketen planen edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra. Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean araututa dago, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Dokumentazio teknikoa eta planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak aztertuta, eta ikusirik hasierako dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak –eskumena duen organoa baita otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera– ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du. Txostenak Planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten du, eta Plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien gaineko iritzia ematen, baita ingurumen-ondorioetarako soilik sartu behar diren azken zehaztapenen inguruan ere.

Xedapen hauek guztiak aztertu dira: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babestekoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– «A-18 Igeltzera» industria-sektoreko Plan Partzialaren Aldaketa Puntualerako ingurumen-txosten estrategikoa egitea, jarraian dauden baldintza hauei jarraikiz:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Plan Partzialaren Ordenantzen V. kapituluan jasota dago «A-18 Igeltzera» industria-sektorerako aurreikusitako erabilera-erregulazioa; plan partzial hori 1987ko maiatzean onartu zen behin betiko, eta, ordenantza horietan, onargarri jotzen zen «merkataritza-erabilera» une hartan indarrean zeuden arau subsidiarioetako D kategoriaren barnean.

Plan honen helburua da aipatutako plan partzialaren erabilera-erregulazioa aldatzea Urdulizko indarreko arau subsidiarioetako B eta C kategorietan «merkataritza-erabilera» sartuta (arau horiek martxoaren 31ko 180/2000 Foru Arauaren bidez onartu ziren behin betiko). Halaber, baldintza berezi gehigarriak ezartzen dira kategoria horietan merkataritza-erabilera egiteko.

«A-18 Igeltzera» industria-sektorean planteatzen den aldaketak ez du sustatzen ez eraikin berririk, ez okupazio berririk, eta jada urbanizatua eta aldatua dagoen azalera baten –kontsolidatua dagoena gainera– erabilerak doitzea du ardatz. Eraikinak merkataritza-erabilerara egokitzeko soilik egingo dira obrak.

Industria-pabilioiek hartzen dute Planaren helburu den eremua, eta ingurunean ez dago elementu natural esanguratsurik. Planaren eraginpeko ingurunearen ezaugarri eta baldintzatzaile esanguratsuena da Lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioari buruzko irailaren 30eko 165/2008 Dekretuan barne hartutako hainbat kokaleku daudela, industria-jardueraren ondoriozkoak denak ere.

B) Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, zehazteko ea Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen.

1) Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

a) Planak zer neurritan ezartzen duen proiektu eta beste jarduera batzuetarako esparrua: Aurkeztutako dokumentuak ikusita, Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Planak zer neurritan eragiten duen beste plan edo programa batzuetan: plana bateragarria da hierarkikoki goragoko mailakoak diren lurralde-plan, plan sektorial eta hirigintza-planekin.

c) Plana zenbateraino den egokia ingurumen-arloko alderdiak integratzeko, zehazki garapen jasangarria sustatzea helburu dutenak: Planaren helburuetako bat da lurzorua zentzuz erabiltzea, zoru antropizatuak berrerabilita. Gainera, Planaren bitartez garatuko den eraikuntza- eta urbanizazio-proiektuak energia-efizientziako irizpideei jarraituko die, eta eraikin berrietan energia-kontsumoa murrizteko neurriak hartuko ditu barnean; azpimarragarria, besteak beste, argiztatze-sistema diseinatzea.

Hori dela eta, Plana egokia da garapen jasangarria sustatzen duten ingurumen-arloko alderdiak integratzeko.

d) Planarekin edo programarekin lotutako ingurumen-arazo garrantzitsu batzuk: proiektuen obra-fasearekin lotutako jarduketak izango dira ingurumenean inpakturen bat eragin dezaketenak, eta hauek dira esanguratsuenak: lur-mugimenduak, batik bat lur kutsatu gisa inbentariatutako lursailetatik datozenak. Gainera, jarduketa horiek aldi baterako eragina izango dute uren airearen kalitatean: zarata gehiago egingo da, partikula esekiak isuriko dira, eta eraikuntza- eta eraiste-hondakinak sortuko dira; horiek behar bezala kudeatu beharko dira.

e) Era berean, Plana egokitzat jotzen da ingurumen arloko Europar Batasuneko edo Espainiako legedia txertatzeko.

2) Sor daitezkeen ingurumen-efektuak eta seguruenik eraginpean izango den eremuaren ezaugarriak:

Planaren xede den eremua industria-izaerako hiri-lurzorua da nagusiki; Urdulizko hiri-inguruko eremuan dago, eta ez dauka, ingurumena babesteko araubideren baten mende dagoen espaziorik (Natura 2000 Sarea, esaterako), eta ez dauka natura-elementu esanguratsurik, ez eta ondare historikoaren katalogoan bildutako kultura-elementu nabarmenik ere.

Eraikinak egokitzeko obra-fasearekin lotutako jarduketak izango dira ingurumenean inpakturen bat eragin dezaketenak, hala nola, lur-mugimenduak jarduera kutsagarriak pairatu dituzten lurzatietan. Halaber, fase horretan, isuri atmosferiko gehiago (zarata, partikula-igorpenak, bibrazioak) izango da, eta hondakin gehiago sortuko da.

3) Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, ingurumen-txosten estrategikoa formulatzeko ebazpen honetan adierazitakoarekin bat etorriz, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, ingurumen-agiri estrategikoan eta Planean bertan jasotakoarekin bat etorriz. Honako neurri nagusi hauek hartu behar dira:

– Proiektua gauzatzean, ahalegina egin behar da obrako langileek jardunbide egokien gida bat erabil dezaten.

– Lurrak eta soberakinak kudeatzea: proiektuan sortutako indusketa-soberakinak baimendutako soberakin-biltegira eramango dira, eta indarreko legerian ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.

– Hondakinak sortzea eta kudeatzea: obrak egin eta garbiketa-kanpainak dirauen bitartean sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta arau espezifikoetan xedatutakoa beteko da.

Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzeko ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntza- eta eraispen-hondakinak.

Hondakin arriskutsuak dituzten ontziek uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun arauak bete behar dituzte (dekretu horren bidez, Hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko Erregelamendua onartzen da), eta itxita egon behar dira baimendutako kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.

Olio erabiliak, berriz, Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan eta EAEn erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1998 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

– Induskatutako lurzoruak kontrolatzea: lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko 4/2015 Legean xedatzen denez, lurzoruaren kalitate-adierazpen bat izapidetu beharko da, baldin eta lege horren 23. artikuluan jasotako egoeraren bat gertatzen bada. Egoera horri aurre egiteko egin behar diren lur-mugimenduak egiteko, ezinbestekoa izango da gaika induskatzeko plan bat onartu beharko du aldez aurretik autonomia-erkidegoko ingurumen-organoak, lurzoruaren kalitatearen adierazpenaren prozeduran. Onarpen horretan adierazitako baldintzak eta betekizunak bete beharko dituzte induskatutako materialek. Hori dela eta, esan behar da ingurumen-organo honetan jarduketak gauzatzen ari direla 48089-00003 kodea duen lurzatian: esplorazio-ikerketa bat egin da, eta indusketa-plan bat aurkeztu, lurzati horren Lurzoruaren Kalitatearen Adierazpena lortzeko.

– Airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesa: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuari eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.

– Halaber, eguneko lan-ordutegian jardungo da, eta kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.

– Eraikingintza eta eraikuntza jasangarria:

IV. Ingurumen Esparru Programa 2020 egitasmoaren lehentasunetako bat zen (2017rako lehentasuna) eraikingintzan eta eraikuntzan baliabideak euren bizi-ziklo osoan modu efizienteagoan erabiltzea eta ziklo-amaieran hondakinak aprobetxatzea. Horrenbestez, kontuan izan beharko dira EAEko etxebizitza-arloko eraikingintza eta birgaikuntza jasangarriko gidan jasotako gomendioak (Eusko Jaurlaritza-2015), eraikinetan energia-aurrezpena eta energiaren efizientzia areagotzeko eta energia berriztagarriak bultzatzeko.

Ezarri beharreko neurriek jardun-eremu hauetan izan behar dituzte ondorioak, aplikagarritasunaren arabera, kasu zehatz bakoitzerako:

Berriztagarriak ez diren iturrien bidez sortutako energia-kopurua eta/edo -kontsumoa murriztea.

Berriztagarriak ez diren lehengaien kontsumoa murriztea.

Materialak garraiatzeko prozesuak murriztea.

Hondakin solido gutxiago sortzea.

Lurzoruaren okupazioa murriztea.

Edateko ur gutxiago kontsumitzea.

Ur gris gutxiago sortzea.

Gas, hauts, bero eta argi gutxiago igortzea.

Naturguneen funtzioak hobetzea eta bioaniztasuna gehitzea.

Pertsonen garraio-prozesu gutxiago egitea eta mugikortasuna hobetzea.

Barneko airearen kalitatea hobetzea.

Konforta eta osasuna hobetzea.

Bigarrena.– Xedatzea, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritako terminoekin bat, ez dela aurreikusten ingurumen-eragin esanguratsurik izango duenik «A-18 Igeltzera» industria-sektoreko Plan Partzialaren Aldaketa Puntualak. Hortaz, ez zaio ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar.

Hirugarrena.– Urdulizko Udalari jakinaraztea ebazpen honen edukia.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarra galduko du, eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, baldin eta, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko epean, «A-18 Igeltzera» industria-sektoreko Plan Partzialaren Aldaketa Puntuala onartzen ez bada. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko urriaren 30a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

IVAN PEDREIRA LANCHAS.


Azterketa dokumentala