Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

217. zk., 2019ko azaroaren 14a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
5254

EBAZPENA, 2019ko urriaren 22koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, Urnietako HIE 27-Ermotegi eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzen duena.

AURREKARIAK

2019ko ekainaren 24an, Urnietako Udalak ingurumen-organoari eskaera egin zion Urnietako HIE 27-Ermotegi eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren (aurrerantzean, Planaren) ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura izapidetzen hasteko, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera. Eskaerarekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukia zuena.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikulua betetzeko, 2019ko ekainaren 11n, eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egiteko izapideari ekin zion Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak, eta egoki iritzitako oharrak egiteko eskatu zien, ingurumen-organo horrek ingurumen-txosten estrategikoa egin zezan ohar horiek oinarritzat hartuta. Zehazki, kontsulta egin zitzaien Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzari eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari, Kantauriko Konfederazio Hidrografikoari, Ihobe Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoari, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritza Nagusiari eta Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari, Ekologistak Martxan elkarteari, eta Eguzkizaleak aisialdi-elkarteari.

Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri egon zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdunek egoki ikusten zituzten ingurumen-arloko oharrak egiteko aukera izan zezaten.

Amaitu da abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea, zenbait txosten jaso dira, eta espedientean jasota dago horien emaitza.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen planen, programen eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, beste helburu batzuen artean, plangintza-prozesuaren lehen faseetan ingurumenaren gaineko ondorioen analisia txertatzea, aukerarik egokienak hautatzeko, jardueren metatze- eta sinergia-efektuak aintzat hartuta.

Urnietako HIE 27-Ermotegi eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan aipatutako kasuetan sartzen da; bertan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako. Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean arautzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Dokumentazio teknikoa eta Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak aztertuta, eta ikusirik hasierako dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak –eskumena duen organoa baita otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera–. Txostenak Planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten du, eta Plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien gaineko iritzia ematen, baita ingurumen-ondorioetarako soilik sartu behar diren azken zehaztapenen inguruan ere.

Hauek guztiak aztertu dira: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Herriko Ingurugiroa Babestekoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzkoa, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Urnietako HIE 27-Ermotegi eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruzko ingurumen-ebaluazio estrategikoa formulatzea, Irungo Udalak sustatuta, jarraian jasotzen diren baldintzetan:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Planaren xedea da Urnietako Hiri Antolamendu Plan Orokorrak Urnietako HIE 27-Ermotegi eremurako planteatzen dituen zehaztapenak garatzea eta, zehazki, eremuaren eta ondorengo gauzapen integralean hirigintza-antolamendu zehaztuaren zehaztapenak ezartzea.

Plan Bereziaren arabera, bi bizitegi-eraikin eraikiko dira; bata, L formakoa, eta bestea, lineala. Biek U bat eratuko dute, izaera publikoko plaza bat sortuz. Gainera, diseinuaren aldetik, Vegasa eremu mugakidearekin bateratuta egongo da, Ermotegin plazak sortuko duen eremu publiko handiaren eta horri Vegasa eremura artean jarraipena emango dion espazio bigunaren bitartez. Halaber, eremu horretan aparkalekuak sortzeko aukera dagoen aztertuko da.

Hirigintza-antolamendua errepide zenbaitetan ardazten da. Bata, Urnieta-Hernani errepidea, Idiazabal kalean; biribilgune handi bat egingo da, Ermotegi eta Babilonia HIEtarako sarbidearekin. Hortik, eta ipar-ekialde orientazioarekin, bide bat sortuko da, % 6tik beherako maldarekin. Bertan, bermatuko da, halaber, L formako aurreko eraikina, eta bide hori Trankatx eremurantz jaitsiko da eta plazarako oinezkoen sarbideak bertan egongo dira. Etxeberri kalearekin bat egingo du, Vegasaren beheko aldea bat eginez. Bertako bidea norabide bakarrekoa izango da aurrerantzean. Irisgarritasun-arloari dagokionez, eskailerak, espaloiak, sarbideak eta oinezkoen bideak, eta bidegorri bat eraikiko dira.

Eremuaren ipar-ekialdean, Ermotegi baserria finkatzeko edo ordezteko bizitegi-erabilerako eraikin-unitate bat proposatu da.

Guztira, etxebizitza-eraikigarritasuna 13.186 m2-koa (s) izango da, gehienez 155 etxebizitza eraikita. Era berean, merkataritza-lokaletarako 500 m2 (s) egongo dira bizitegi-lurzatietan, beheko solairuan eta erdi-sotoan. Erdi-sotoan eta sotoan garajeak egingo dira (2 plaza etxebizitzako).

Antolamenduaren arabera, 8.815 m2 bideratuko dira espazio libreetara; alegia, eremuaren azaleraren % 50,83. Batik bat, Idiazabal kalearen eta eraikinaren arteko berdeguneak, Ermotegi baserriaren eta errepidearen artekoak eta Etxebarri kalearen eta Trankatx eremuaren arteko espazioa hartzen ditu barne. Etxebizitza bakoitzeko zuhaitz bana landatzea edo babestea da asmoa.

Plan Bereziak errekastoa desbideratzea proposatzen du; egun, eremua zeharkatzen du lurpetik, hodiratuta. Zehazki, bide-ardatzetatik eraiki nahi da ubidea, hodiratuta eta lurpean, egin asmo dagoen saneamendu-sare bereizle berriarekiko paraleloan.

Planteatutako sestrak dagoen lursailera egokituko dira; halere, lur-mugimendu handiak egin beharko dira antolatutako eraikinen, perimetroko ibilgailu-bideen eta sortuko diren espazio publikoen artean erlazio on bat lortzeko.

B) Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, zehazteko Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

a) Planak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparrua. Planak eremuaren eta ondorengo gauzapen integratuaren hirigintza-antolamendu xehearen zehaztapenak ezartzen ditu. Hori onartu eta gero, Hirigintzako Ekintzen Programa baten bitartez egingo dira egin behar diren birpartzelazio-, urbanizazio- eta eraikuntza-proiektuak. Aurkeztutako dokumentazioa ikusita, planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako baten batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Zer neurritan eragiten duen Planak beste plan edo programa batzuetan, baita hierarkizatuta daudenetan ere: plan honek ez du aipatzeko moduko ingurumen-ondoriorik izango beste plan edo programa batzuetan.

c) Plana egokia den ala ez, ingurumen-oharpenak integratzeko; bereziki, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin bat eginik. Planak, besteak beste, aukera ematen du honetarako: lurzoru artifizialduak berrerabiltzeko; lurzatia deskutsatzeko, lurzoruaren kalitate-adierazpenak halaxe aginduz gero; lurpetik doan errekastoa aire zabalera atera ahal izateko; eta eraikina eta eraikuntza jasangarriagoak izatera bideratutako neurriak hartzeko. Plana garapen jasangarria sustatzen duten ingurumen-arloko kontsiderazioak integratzeko egokia dela irizten da.

d) Planarekin lotutako ingurumen-arazo adierazgarriak. Ez da hauteman plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, betiere, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, urei eta uholde-arriskuen prebentzioari, hondakinen kudeaketari, natura-ondareari, paisaiari eta kutsadura akustikoari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira ukitutako eremuarekin lotutako esku-hartze eta jarduerak.

e) Plana egokitzat jotzen da ingurumen-arloko legeria –Europakoa nahiz Espainiakoa– txertatzeko.

2.– Eraginen eta erasan daitekeen eremuaren ezaugarriak.

Planaren xedeko eremua Urnietako herrigunearen iparraldean dago, jada urbanizatutako bi eremuren artean. Guztira, 17.343 m2 ditu eta hiri-lurzoru finkatugabea da HAPOaren arabera.

Eremuko morfologia aldatu da Vegasa eremu mugakidean egindako obrengatik, eta egun hiru eraikin daude: Ermotegi baserria, zeinen eraikigarritasuna finkatu edo ordeztu egingo baita (eranskinena ez); Talleres Urmaren industria-pabiloi abandonatua, antolamenduz kanpokotzat jo da eta eraitsi egingo da; eta Trankatx baserriari loturiko aziendaren pabiloia, antolamenduz kanpokotzat jo da eta eraitsi egingo da.

Gainerakoan, eremua larrez, baratze txikiz eta fruta-arbolez osatuta dago.

Eremuak ez du elementu natural garrantzitsurik. Ez da hauteman eremu babesturik, ezta natura-intereseko lekurik ere; ezta flora espezie mehatxaturik, geologia-intereseko lekurik, hezegunerik, Kantauri Mendebaldeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoan babestutako eremuen erregistroko elementurik eta kultura-ondareko elementu sailkatu edo inbentariaturik ere.

Erreka batek zeharkatzen du eremuan, lurpetik eta hodiratuta, eta Trankatx errekara isurtzen da. Halaber, aipatu behar da eremuaren zati bat Europar Batasunaren intereseko habitata dela (6510-Altitude baxuetako sega-belardi elkorrak).

Bestalde, lurzatietako bat jasota dago kutsatuta egon daitezkeen lurzoruen EAEko inbentarioan. 20072-00013 inbentario-kodea duen lurzatia da; motordun ibilgailuen mantentze- eta konponketa-lanak eta metalezko produktuen fabrikazioa egin dira.

Eremuaren ezaugarriak eta plana garatzeko ekintzak kontuan hartuta, eragin nagusiak hauek dira: eraispen-, urbanizazio- eta eraikuntza-obrak, lurzorua artifizialdu eta Europar Batasunaren intereseko habitata (6510-Altitude baxuetako sega-belardi elkorrak) galduko delako; lur-mugimenduak, indusketa-lurrak eta obra-hondakinak sortuta; eta jabari publiko hidraulikoa ukitzea. Obra-fasean, aipagarriak dira, halaber, makinen joan-etorriak, ustekabeko isurketak, partikula-emisio atmosferikoak, zarata-mailaren igoerak, etab.

Funtzionamendu-fasean, etxebizitza berrietatik eratorriko diren inpaktu nagusiak baliabide gehiago kontsumitzea, hondakinen sorrera handitzea eta emisioak areagotzea izango dira.

3.– Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko arauen arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta planean bertan adierazitakoaren arabera. Edonola ere, honako neurri hauek hartuko dira:

Lurrazaleko uren ingurumen-egoera hobetzeko neurriak, eta horien funtzio ekologikoak lehengoratzeko neurriak.

Hiri-lurzoruko eta lurzoru urbanizagarriko eremu berrietan inpaktuak gutxitzeko, Urnietako HAPOaren Ingurumen Jasangarritasuneko Txostenean ezarritako berariazko neurriekin bat, lurpetik doan erreka aire zabalera atera beharko da, eta bere funtzio ekologikoak lehengoratuko dira. Horretarako, plan berezia behin betiko onartu aurretik, HIE-34 Trankaxko Erreka SGren garapenarekin batera, lurpean doan errekaren ibilgu osoa (erreka-ahora arte) aire zabalera ateratzeko modua proposatu beharko da. Horren alde agertu dira Kantauriko Konfederazio Hidrografikoa eta Uraren Euskal Agentzia, eragindako administrazio publikoei kontsulta egin zaienean.

Halaber, jabari publiko hidraulikoan edo zaintza-eremuan egin nahi den obra edo lan guztiak aldez aurretik baimendu beharko ditu arroko erakundeak.

Lurzoruaren kalitatea aurreikusitako erabilerekin bateragarria dela bermatzeko neurriak.

Planaren eremuan lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan sartzen den kokaleku bat hauteman da (kodea: 20072-00013). Horrenbestez, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legeak 23. artikuluan xedatzen duena betez, arau horretan adierazitako egoeraren bat gertatzen bada, ingurumen-organoak ebazpen bidez adierazi beharko du lurzoruaren kalitatea, aipatutako ekainaren 25eko 4/2015 Legeak araututako prozedurari jarraikiz.

Hori horrela, ebazpen horretan ezartzen diren erabilera-mugak bete beharko dira, eta ebazpena Urbanizatzeko Jarduketa Programa edo, hala badagokio, kokalekua barne hartzen duen kudeaketa-eremuko birpartzelazio- eta urbanizazio-proiektuak onartu aurretik eman beharko da, ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 31.4 artikuluan xedatutakoa aplikatuta.

Kultura-ondarea babesteko neurriak.

Trankaxko errotaren ingurua balizatuko da; tokiko interesa duen arkitektura-elementua da. Errotaren azpiegitura hidraulikoa babestu nahi da (presa edo kanala), eta inguruan egingo diren obrek ez dezatela suntsitu edo erabilezin bihurtu.

Bestalde, Euskal Kultura Ondareari buruzko Legean (maiatzaren 9ko 6/2019) ezarritako gainerako xedapenen kalterik gabe, jarduketak egiterakoan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kulturako Zuzendaritza nagusiari, eta hark erabakiko du zer neurri hartu.

Beste prebentzio- eta zuzenketa-neurri batzuk.

Ingurumen-dokumentuan aurreikusitako neurri babesleez eta zuzentzaileez, neurri orokorrez eta gainerakoez gain (honako hauekin lotuta: lurzoruaren eta uren babesa, lurren eta soberakinen kudeaketa, hondakinen sorrera eta kudeaketa, induskatutako lurzoruen eta kutsatuta egon daitezkeen lurzoruen kontrola, airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesa eta berdeguneen landareztatzea), neurri hauek hartuko dira:

– Obrako langileek erabili behar duten jardunbide egokien gidaliburuak gai hauekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lan-eremua, lanaldiak, makineria, aldi baterako desbideratzeak, isurketak saihestea, ahalik eta hauts eta soinu gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa izan dezaketen jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea eta abar.

– Obrek eta garbiketa-kanpainak dirauten bitartean sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta arau espezifikoetan xedatutakoa beteko da.

Horretaz gain, obrako hondakinen birziklatzeari dagokionez, eraikuntzan eta eraikingintzan baliabideak beren bizi-ziklo osoan zehar modu efizienteago batean erabiliko direla sustatzeko (bereziki obrak amaitutakoan hondakinak aprobetxatzea), jarraian aipatzen direnak sustatu beharko dira, honako hurrenkera honetan: eraikuntza- eta eraispen-hondakinen prebentzioa, berrerabiltzea, birziklatzea eta beste balorizazio-modu batzuk, eta, hala badagokio, ezabatze-eragiketen trataera egokia. Horretarako, bermatu egin beharko da obra-proiektuaren eraikuntza- eta eraispen-hondakinak gai honi buruzko arauen arabera sortu eta kudeatzen direla.

– Lorategietako jardueretan, bertako biodibertsitatea sustatzeko jarduerak bultzatuko dira, jasangarritasun-irizpideak lehenetsiz jarduera horietan. Hala, batura-baliabideen erabilera zentzuzko eta efizientea bultzatuko da, espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua murrizteaz bat. Horretarako, Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua argitalpenean jasotako gomendioak eta neurriak erabiliko dira. Eskuliburua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak sortu zuen.

– Landareztatze- eta lorategi-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana. Espezie horiek lur-mugimenduen bidez hedatzea ekiditeko behar diren neurriak hartuko dira; betelanetan, landareztatze-lanetan eta urbanizazioko lorategi-lanetan erabiliko diren mailegu-lurren eta landare-lurren jatorria eta osaera kontrolatu beharko da.

– Eraikingintza eta eraikuntza jasangarriagoak izateko behar diren ezaugarriei dagokienez, Etxebizitzen eraikuntza jasangarriaren gida agirian jasotako neurriak eta ingurumen-jardunbide egokiak erabiliko dira eraikinen energia-aurrezpena eta efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute:

– Materialak. Lehengai ez-berriztagarrien kopurua murriztea.

– Energia. Iturri berriztaezinen bidez sortutako energia kopurua edo kontsumoa murriztea.

– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

– Atmosfera. Gas, hauts, bero eta argi gutxiago igortzea.

– Barne-kalitatea. Barne-airearen kalitatea, konforta eta osasungarritasuna hobetzea.

Bigarrena.– Zehaztea, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoari jarraikiz, ez dela aurreikusten Urnietako HIE 27-Ermotegi eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziak kontrako eragin nabarmenik izatea ingurumenaren gainean, eta, ondorioz, ez dela beharrezkoa ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egitea.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Urnietako Udalari.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, honako ingurumen-txosten estrategikoak indarraldia galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, Urnietako HIE 27-Ermotegi eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia onartuko ez balitz. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko urriaren 22a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

IVAN PEDREIRA LANCHAS.


Azterketa dokumentala