Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

210. zk., 2019ko azaroaren 5a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

SEGURTASUN SAILA
5081

EBAZPENA, 2019ko urriaren 25ekoa, Trafikoko zuzendariarena, zeinaren bidez aldatzen baita 2019ko urtarrilaren 24ko Ebazpena, 2019. urtean Euskal Autonomia Erkidegoko trafikoa arautzen duten neurri bereziak ezartzeko dena.

Urriaren 30eko 6/2015 Legegintzako Errege Dekretuak onartzen duen Trafikoari, Motordun ibilgailuen zirkulazioari eta Bide segurtasunari buruzko Legearen testu bateginaren 18. artikuluan azaltzen denez, trafiko arloko agintaritzari eratxiki zaio trafikoa erregulatzeko neurri bereziak hartzeko ahalmena, zirkulazio segurua eta arina bermatzeko beharrezkoa denean. Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan, Trafikoko zuzendariari dagokio arestion aipatu diren neurriak hartzea.

Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendariaren 2019ko urtarrilaren 24ko Ebazpenak holan xedatzen du bere lehen puntuko lehen murrizketaren lehen paragrafoan: ez da inolako kirol-ekitaldirik baimenduko, hiriarteko bide publikoetan, ebazpen honen I. eranskinean zehaztutako egunetan eta orduetan. Bestalde, bigarren paragrafoak murrizketa horiek zein kasutan salbuets daitezkeen adierazten du.

Ebazpen honen bidez, aipatutako bigarren paragrafoan adierazitako salbuespen-kasuak argitu eta eguneratu nahi dira. Alde batetik, komeni da jada aurreikusitako kasuak argitzea, interpretazioari buruzko nahasterik ez izateko. Beste alde batetik, aldez aurretik aurreikusi ezin diren egoera batzuk sor daitezkeenez, hala nola hauteskunde-deialdi jakin batzuk, kasu hori jasoko duen beste salbuespen bat sartzea komeni da.

Hori guztia dela eta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Hau aldatzea: 2019. urtean Euskal Autonomia Erkidegoko trafikoa arautzen duten neurri bereziak ezartzen duen Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendariaren 2019ko urtarrilaren 24ko Ebazpenaren lehen puntuko lehen murrizketaren bigarren paragrafoa. Honela geratuko da idatzita:

Salbuespen gisa, baimendu ahal izango dira honako kirol-proba, bizikleta-martxa eta bestelako ekitaldi hauek:

– Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunak (TNB) edo nazioz gaindiko antzeko erakundeek antolatzen dituzten nazioarte mailakoak;

– bi baldintza hauek betetzen dituztenak: irteerako edo itzulerako operazioen ondorioz ibilgailu-intentsitate handia duten bideei ez eragitea, eta probara bertaratzeko nahiko agente egotea.

– hauteskunde-prozesuekin bat datozenak, baldin eta bozkatzeko eskubidea bermatzen bada hauteslekuetarako sarbidea erraztuz, eta probarren estaldurarako nahiko agente badaude.

AZKEN XEDAPENA.– Indarrean jartzea.

Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta azken honetan argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko urriaren 25a.

Trafikoko zuzendaria,

SONIA DÍAZ DE CORCUERA RUIZ DE OÑA.


Azterketa dokumentala