Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

210. zk., 2019ko azaroaren 5a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
5079

EBAZPENA, 2019ko urriaren 9koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez egiten baita Donostiako Ondarretako zabalguneko AO.08 «La Sirena» eraikineko aterperako hiri-antolamenduko plan bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa.

AURREKARIAK

Donostiako Udalak (Gipuzkoa), 2019ko ekainaren 6an, eskabide bat aurkeztu zion ingurumen-organoari, hasiera eman ziezaion honako plan honen ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedurari: Donostiako hiri-antolamenduko plan berezia, Ondarretako zabalguneko AO.08 «La Sirena» eraikineko aterperako (aurrerantzean, plana). Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren; besteak beste, planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, barnean hartuta ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan eskatutako edukia. Gainera, ingurumen-dokumentu estrategikoan adierazita dago: nork egin duen eta noiz amaitu duen, sinadurekin batera.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritakoa gauzatzeko, 2019ko ekainaren 18an kontsulta-izapidea egin zitzaien eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei, eta eskatu zitzaien egoki ikusten zituzten oharrak egin zitzatela, baliagarriak izan baitaitezke ingurumen-txosten estrategikoa egiteko; eta, ingurumen-inpaktu estrategiko arruntaren ebaluazioa egitea beharrezkotzat hartuz gero, iritzia eman zezatela horri dagokion ingurumen-azterlan estrategikoak izan beharko alderdi hauek zehazteko: zabalera, xehetasun maila eta zehaztasuna. Zehazki, hauei egin zitzaien kontsulta: Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritza eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendariordetza; Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritza Nagusia; IHOBE, Ekologistak Martxan elkartea, eta Eguzki, «Eguzkizaleak» elkartea. Era berean, Donostiako Udalari ere izapidearen hasieraren berri eman zitzaion.

Halaber, espedientea osatzen duten agiriak eskuragarri ipini ziren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdun orok egokitzat jotzen dituen ingurumen-arloko oharrak egin ditzan.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, Administrazio publikoei eta interesdunei egindako kontsulten izapidean jasotako erantzunen emaitzak espedientean sartu dira.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da: oinarriak ezartzea, ingurumenean ondorio adierazgarriak eragin ditzaketen planen, programen eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautzeko; eta, horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatu, garapen jasangarria sustatzeko xedez.

Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, ingurumenaren gaineko eraginen analisia plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela, betiere, aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.

Donostiako Ondarretako zabalguneko AO.08 «La Sirena» eraikineko aterperako hiri-antolamenduko plan berezia (aurrerantzean, plana) abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluko kasuetan sartzen da; bertan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua izan behar duten plan eta programak, honako hauek zehazte aldera: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar dela ingurumenerako eragin nabarmenak ekartzeko aukera egoteagatik. Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean araututa dago, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Dokumentazio teknikoa eta planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak aztertuta, eta ikusirik hasierako dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du –eskumena duen organoa baita otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera–. Txostenak planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten du, eta plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien gaineko iritzia eman, baita ingurumen-ondorioetarako soilik sartu behar diren azken zehaztapenen gainean ere.

Xedapen hauek guztiak aztertu dira: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babestekoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Donostiako Ondarretako zabalguneko AO.08 «La Sirena» eraikineko aterperako hiri-antolamenduko plan bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa egitea, eduki hauek barnean hartuta:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Udaleko osoko bilkurak, 2010eko ekainaren 25ean, Donostiako Hiri Antolamenduko Plan Orokorra onartu zuen, eta bertan zehaztuta zer hirigintza-araubide orokor izan behar zuen esparru horrek. Esparru hori AU.AO.08 Ondarretako zabalguneko hirigintza-esparru txiki bati dagokio, hiri-lurzorua da, eta kalifikazio orokorreko zona hauen barruan dago: A.20 zabalguneko bizitegi-zona eta E.10 bide-komunikazioetako sistema orokorra.

AO.08 Ondarretako zabalguneko La Sirena eraikineko aterperako hiri-antolamenduko plan berezi honen helburua da: ekipamendu-lurzatia xehetasunez antolatzea, gaur egungo beharrizanak asetzeko xedez; aterpearen jarduera zabaltzea, eta beste erabilera soziokultural bat ezartzea. Halaber, hobekuntza batzuk egin dira: ibilgailuen irispidea (Igeldo pasealekuak eta Iruña kaleak bat egiten duten bidegurutzeko irlatxoa aldatu da) eta oinezkoen mugikortasuna (eraikinetik aparte dagoen mailadia, igogailua). Horretarako, jarduketa hauek proposatu dira:

– Igeldoko pasealekuaren eta Reno plazaren arteko egungo eskaileren trazadura aldatzea, irisgarritasunaren arauei eta herritarren segurtasun-pertzepzioaren irizpideei jarraikiz.

– Irisgarritasun unibertsala erraztea inguru hurbiletik eraikinera eta solairu guztietara iristeko.

– Irispideak hobetzea ibilgailuak lurzatira eta ekipamendu-eraikinera iristeko, zein bere zerbitzura (mantentzea, produktu-hornidura, etab.), bide-segurtasuneko baldintza egokietan.

– Irisgarritasun unibertsala sustatzea plan bereziko mugen barruko hiri-espazio libreetan.

– Eraikina errespetuz eta babes-mailaren arabera birgaitu eta zabaltzea sustatzea.

– Eraikinaren sarbide nagusia aldatzea Igeldoko pasealekutik Reno plazara, gaur egungo «-3» solairuaren mailara.

– Gaur egungo «-3» solairua eta hortik gorako solairu guztiak aterpe gisa erabiltzea.

– «-4» solairua ekipamendu sozial gisa erabiltzea eta, horretarako, aterpetik aparteko sarbide nagusi bat jartzea.

– Erabilera kontuan hartu barik, eraikina modu bateratuan kudeatzea.

– Behar eta ahal den eta gutxien zabaltzea eta egungo g.00 lurzatiaren barruan sartzea, hau da, «ekipamendu komunitarioan».

Planaren xedeko esparruak 3.131 m2-ko azalera dauka, eta hiri-lurzoru bateko eraikuntza- eta hirigintza-proiektu osagarri baterako esparrua izango da.

B) Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, zehazteko ea planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki hauek kontuan hartuta:

a) Planak zer neurritan ezartzen duen esparru bat proiektuetarako eta beste jarduera batzuetarako: eraikuntza-proiektua eta urbanizazio-obra osagarriak proposatzen ditu planak, geroago garatzeko. Aurkeztutako dokumentuak ikusi da, eta planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Planak zer neurritan eragiten duen beste plan edo programa batzuetan: plana bateragarria da, hau da, hierarkikoki goragoko mailakoak diren lurralde-plan, plan sektorial eta hirigintza-planekin bateratu daiteke.

c) Planaren egokitasuna ingurumeneko irizpenak integratzeko, batik bat garapen jasangarria sustatzeko xedearekin: planaren xedea da, besteak beste, natura-baliabideen erabilera babestea eta optimizatzea; esate baterako, lurzoruaren okupazioa efizientea izatea, posible den heinean; izan ere, hiri-paisaian kokatzen da, domeinu antropogenikoan.

d) Planarekin edo programarekin zerikusia duten ingurumen-arazo aipagarriak: zein diren, obrak egin bitartean, biztanleengan nolabaiteko afekzioa izan dezakeen ingurumen-eraginen bat sortzen duten jarduketak; eta nabarmenduta landaretzarik kentzen den, lurrik mugitzen den, hondakinik sortzen den, kalitate akustikoa murrizten den eta, lurzoru kutsaturik badago, arriskua zein den. Zaratari dagokionez, planaren eremuak behar bezala betetzen ditu kalitate akustikoaren helburuak Euskal Autonomia Erkidegoko kutsadura akustikoari buruzko urriaren 16ko 2013/2012 Dekretuan ezarritakoaren arabera.

Nolanahi ere, ondoriozta daiteke planak ez duela eragingo ingurumen-arazo adierazgarririk, baldin eta, ukitutako eremuan egiten diren esku-hartzeetan eta jardueretan, betetzen bada indarrean dagoen araudia segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, paisaiari, kutsadura akustikoari eta kultura-ondarearen babesari dagokienez, besteak beste.

e) Era berean, plana egokitzat jotzen da ingurumen arloko erkidego- edo nazio-mailako legedia ezartzeko.

2.– Sor daitezkeen ingurumen-efektuak eta seguruenik eraginpean izango den eremuaren ezaugarriak:

Planaren xedeko esparrua hiri-lurzoru finkatu batean dago. Hauek dira planaren eragina nozituko duen ingurunearen ezaugarriak eta baldintzatzaile adierazgarrienak:

– Esparru urbanizatua da (hiriko bizitegi-lurzorua) eta bertako landaretza Reno plazako lorategiko arboladia baino ez da.

– Erreferentziako esparruan, ez da topatu ez naturagune babesturik, ez Batasunaren intereseko habitatik, ez ibai-ibilgurik, ez hezegunerik. Esparru horretan, ez da identifikatu ez interes geologiko tokirik, ez kultura-ondare kalifikatu edo inbentariatuen elementurik; baina, La Sirena eraikina villen inbentariatuan dago, Donostian Eraikitako Hiri Ondarea Babesteko Plan Berezian, beraz, Donostiako Udalak babestu beharra dauka.

– Ingurumen-arriskuei dagokienez, ez da topatu uholde- edo higadura-arrisku aipagarririk; baina, kontuan hartu behar da, esparruaren kokapenari begira, lurzoru hori kutsatuta egon daitekeela industria-erabileraren ondorioz, eta La Sirena aterpearen egungo eraikina (20069-00234 kodea) kokapen horretan dagoela.

– Donostiako udalerriko zonakatze akustikoaren arabera, esparru hori bizitegi-eremu akustikoan dago. Egungo egoeran, zarata-mapekin bat, kanpoko zaraten maila aztertzeko esparruan, badira kalitate akustikoko helburuetako gainditze puntualak Igeldoko pasealekuaren eta Iruña kalearen ondoko eremuetan.

Jarduketek eragin eta biztanleek hartutako ingurumen-arazoak eraikuntza-obrek eragindakoak izan daitezke, esate baterako: atmosferara egindako isurketak areagotzea (zarata eta isurketa lausoak), eta, obrak dirauen artean, hondakinak sortzea.

3.– Neurri babesle eta zuzentzaileak aplikatzerakoan, bete beharko dira egungo araudia, ingurumen-txosten estrategikoa egiteko ebazpen honetan ezartzen diren arauak, bai eta, aurrekoak betetzea ezertan eragotzi gabe, ingurumen-agiri estrategikoa eta plana bera ere. Aplikatu behar diren neurrien artean, nabarmentzekoak dira proiektua exekutatzearen ondoriozkoak; neurri horiek, gainera, lotuta egon beharko dute obretako jardunbide egokien eskuliburuarekin, lurren eta soberakinen kudeaketarekin, hondakinen sorkuntza eta kudeaketarekin, eta airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestearekin (ikus eranskina, non zerrendatzen baitira zenbait neurri babesle eta zuzentzaile, planetik eratorritako proiektuko obrak exekutatzeko bete behar direnak).

Eraikingintza eta eraikuntza jasangarriago baterako behar diren ezaugarriei dagokienez, «EAEko etxebizitzen eraikuntza jasangarriaren gida» argitalpenean adierazitako neurriak eta ingurumen-jardunbide egokiak erabiliko dira eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek alderdi hauetan behintzat eragin beharko dute:

– Materialak. Lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.

– Energia. Iturri berriztaezinez sortzen den energiaren kontsumoa edo sorkuntza murriztea.

– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

– Atmosfera. Gas, hauts, bero eta argi gutxiago igortzea.

– Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, konforta eta osasuna hobetzea.

Bigarrena.– Xedatzea, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritako terminoekin bat, ez dela aurreikusi Donostiako Ondarretako zabalguneko AO.08 «La Sirena» eraikineko aterperako hiri-antolamenduko plan bereziak ingurumen-eragin adierazgarririk eragingo duenik. Hortaz, ez zaio ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Donostiako Udalari jakinaraztea.

Laugarrena.– Agintzea ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, baldin eta Donostiako Ondarretako zabalguneko AO.08 «La Sirena» eraikineko aterperako hiri-antolamenduko plan berezia onartu ez bada Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean. Kasu horretan, berriro hasi beharko da planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko urriaren 9a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

IVAN PEDREIRA LANCHAS.

ERANSKINA

– Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Alderdi hauei loturiko alderdiak behintzat hartuko ditu barnean: lanaldiak, makineria, behin-behineko desbideratzeak, isurketen prebentzioa, ahalik eta hauts eta zarata gutxiena sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa duten jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea, eta abar.

– Hondakinak sortzea eta kudeatzea: obrak egin eta garbiketa-kanpainak dirauen bitartean sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta berariazko arauetan xedatutakoa beteko da.

Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzeko ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntza- eta eraispen-hondakinak.

Hondakin arriskutsuak dauzkaten ontziek segurtasun-arauak beteko dituzte uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluari jarraikiz (833/1988 Errege Dekretua, Hondakin toxikoei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko Erregelamendua onartzekoa).

– Olio erabiliak kudeatzeko, hauetan xedatutakoa beteko da: industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretua, eta EAEn erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1998 Dekretua.

– Induskatutako lurzoruen kontrola: lur-mugimenduak egiteko, halakorik behar izanez gero, indusketa selektiboko plana onartu beharko da, eta organo honek onartu behar du. Onarpen horretan adierazitako baldintzak eta betekizunak bete beharko dituzte induskatutako materialek.

– Airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesa: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuari eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.

Halaber, eguneko lan-ordutegian jardungo da, eta kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.


Azterketa dokumentala