Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

205. zk., 2019ko urriaren 28a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRI-KONTUEN EUSKAL EPAITEGIA
4958

ERABAKIA, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren Osokoak 2019ko uztailaren 24ko bilkuran hartua, Basauriko Udalaren 2017ko Kontu Orokorraren fiskalizazio-txostena behin betiko onesten duena.

Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren Osokoak 2019ko uztailaren 24an egindako bilkuran honako hau

ERABAKI DU:

Basauriko Udalaren 2017ko Kontu Orokorraren fiskalizazio-txostena behin betiko onestea, erabaki honen eranskin modura ageri dena.

HKEEren 1/1988 Legearen 13.2 artikuluak aurreikusten duena betez, txostenaren ondorioak dagozkion aldizkari ofizialetan argitaratzeko xedatzea.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko uztailaren 24a.

HKEEren lehendakaria,

JOSÉ LUIS BILBAO EGUREN.

HKEEren idazkari nagusia,

JULIO ARTETXE BARKIN.

ERANSKINA
BASAURIKO UDALAREN 2017KO KONTU OROKORRAREN FISKALIZAZIO-TXOSTENA.

Laburtzapenak.

20/2012 ELD: 20/2012 Errege Lege-Dekretua, uztailaren 13koa, aurrekontuaren egonkortasuna eta lehiakortasunaren sustapena bermatzeko neurriei buruzkoa.

ADIF: Trenbideetako azpiegituren administratzailea.

BABA: Baldintza Administratibo Berezien Agiria.

BAO: Bizkaiko Aldizkari Ofiziala.

BBUP: Bilbao-Bizkaia Uren Partzuergoa.

BEZ: Balio Erantsiaren gaineko Zerga.

BFA: Bizkaiko Foru Aldundia.

BOE: Babes Ofizialeko Etxebizitza.

DLO: 38/2003 Legea, 2003ko azaroaren 17koa; Dirulaguntzen Lege Orokorra.

EA: Erakunde Autonomoa.

EAE: Euskal Autonomia Erkidegoa.

EFPL: 6/1989 Legea, 1989ko uztailaren 6koa, Euskal Funtzio Publikoari buruzkoa.

EHJAN: Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Gorena.

EIOZ: Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zerga.

EJ: Eusko Jaurlaritza.

EPE: Enplegu Publikoaren Eskaintza.

GLL: Gizarte Larrialdietarako Laguntzak.

HAPO: Hiri Antolaketako Plan Orokorra.

HHS: Hiri-hondakin solidoak.

HKEE: Herri Kontuen Euskal Epaitegia.

JEZ: Jarduera Ekonomikoen gaineko Zerga.

LOP: Lurraren ondare publikoa.

LZ: Lanpostuen Zerrenda.

OHZ: Ondasun Higiezinen gaineko Zerga.

PFEZ: Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko zerga.

SPKLTB: 3/2011 Legegintzako Errege Dekretua, azaroaren 14koa, Sektore Publikoaren Kontratuei buruzko Legearen testu bategina.

I.– Sarrera.

Herri Kontuen Euskal Epaitegiak otsailaren 5eko 1/1988 Legeak eta Epaitegiaren Osokoak onetsitako Lan-programak agindutakoari jarraikiz, Basauriko Udalaren 2017ko Kontu Orokorraren fiskalizazio lana mamitu du.

HKEEk gauzatutako Basauriko Udalaren Kontu Orokorraren aurreko fiskalizazio-lana 2007ko ekitaldiaren gainekoa izan zen.

Fiskalizazio-lan honek honako alderdi hauek besarkatzen ditu:

– Legezkotasuna: honako aurrekontuaren atal hauetan ezargarria den arautegia bete izana: aurrekontua, zuzenbide publikoko sarrerak, zorpetzea eta finantza eragiketak, langileria, obren kontratazioa, zerbitzuak eta hornidurak eta dirulaguntzen emakida. Azterketa lan hau fiskalizazioaren ekitaldiari dagokio, beharrezko irizten diren beste ekitaldi batzuei buruzko egiaztatzeak egitea eragotzi gabe, fiskalizazio-gai den ekitaldian eragina dutelako.

– Kontabilitatea: Kontu Orokorra ezargarri zaizkion kontularitzako printzipioekin bat datorrela egiaztatzea. Kontu Orokorrak honako atal hauek besarkatzen ditu: Udalaren, erakunde autonomoaren eta sozietate publikoen egoeraren balantzea, galdu-irabazien kontua eta memoria; baita Udalaren eta bere erakunde autonomoen aurrekontuen likidazioa ere.

Sozietate publikoen kontuei dagokienez, gure lana kanpoko enpresek gauzatutako auditoretzako txostenak aztertzea izan da eta horretarako, beharrezko iritzitako proba osagarriak edo auditoretzako beste zenbait prozedura bideratu ditugu.

– Lanaren zabalak ez du gastuaren efikazia eta efizientziari buruzko azterlan berariazkorik besarkatu; ezta, kudeaketa prozedurei buruzkorik ere. Nolanahi den ere, fiskalizazioan zehar sortu diren alderdi partzialak txosten honen III. idazpuruan aztertu ditugu.

– Udalaren egoera ekonomikoaren finantza-analisia.

Basauriko Udalak 40.877 biztanle zituen 2017ko urtarrilaren 1eko biztanleen udal erroldaren arabera, eta antolamenduan Udalaz gain ondoko erakunde autonomoak eta udal sozietate publikoak barne hartzen ditu:

– Kirolaren Udal Erakundea erakunde autonomoa: Basauriko Udalaren kirol zerbitzu guztien kudeaketa eta administrazioa.

– Kultur Etxea erakunde autonomoa: kulturaren gaineko lana liburutegien antolamenduaren bitartez, hitzaldiak, ikastaroak, erakusketak, errezitaldiak, kontzertuak, zine-emanaldiak, antzerkia eta antzeko beste ekintza batzuk.

– Basauriko Udal Euskaltegia erakunde autonomoa: helduen alfabetatze eta euskalduntzea ez ezik, baita euskararen irakaskuntza eta sustapenarekin loturiko beste jarduera batzuk ere Basauriko udalerrian.

– Norberaren autonomiarako komunitate- eta egoitza-laguntzarako udal zentroa erakunde autonomoa (Etxe Maitia adinekoen udal egoitza): Nagusien beharrizan fisiko eta psikikoei arreta ematea.

– Behargintza Basauri-Etxebarri SL (% 87,2): sustapen ekonomikoa eta tokiko garapena enplegu gaietan norabide bikoitzean: besteren konturako lan-munduan txertatzea, batetik eta enpresa-ekimenak sortu eta finkatzea, bestetik.

– Bidebi Basauri SL (% 100): Basauriko Udalak aurreikusitako hirigintzako eragiketak kudeatu eta egikaritzea.

II.– Iritzia.

II.1.– Legeak betetzeari buruzko iritzia.

Langileak.

1.– Basauriko Udalak uste du 2009ko maiatzaren 28an onartutako giza baliabideen arrazionalizazio eta antolakuntza-programaren arabera, borondatezko erretiroagatik 2017an 6 langileri guztira 299.418 euroren zenbatekoan ordaindutako sariak Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergatik salbuetsitako laneko irabaziak direla. Plan horrek ez du egiaztatzen Langileen Estatutuaren Legearen testu bateginaren 51. artikuluaren arabera, jokamolde horiek kaleratze kolektibo eta arrazoi objektiboengatiko kaleratze edo kargugabetzeekin berdintzen utziko lukeen arrazoirik egon denik 2017an, zeinaren kalte-ordainak badauden PFEZetik salbuetsita, abenduaren 5eko 13/2013 FAren 9. artikuluaren arabera.

2.– Behargintza Basauri-Etxebarri SLren Batzar Nagusiak 2017ko ekainaren 8an Sozietatearen koordinatzaile lanposturako onartutako ordainsariak % 25eko igoera izan du 2016ko ekitaldikoekiko eta honenbestez, 2017ko urterako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko ekainaren 27ko 3/2017 Legearen 18.2 artikuluan finkatutakoa gainditzen du, gehiegizko kopurua indarreko araudian finkatutako salbuespenetatik batean ere justifikatzen ez dela.

Epaitegi honen iritziz, 1. eta 2. paragrafoetan aipatutako ez-betetzeak alde batera, Basauriko Udalaren Kontu Orokorra osatzen duten entitateek zuzentasunez bete dute 2017ko ekitaldian ekonomia-finantzaren jarduera arautzen duen lege arautegia.

II.2.– Urteko kontuei buruzko iritzia.

Epaitegi honen iritzira, Basauriko Udalaren Kontu Orokorra osatzen duten erakundeen kontuek alderdi esanguratsu guztietan erakusten dute 2017ko aurrekontu-ekitaldiaren jarduera ekonomikoa eta abenduaren 31ko ondarearen eta finantza egoeraren isla zuzena; baita, data horretan amaitutako urteko ekitaldiari dagozkion bere eragiketen eta eskudiruzko fluxuen emaitzena ere, ezargarria den finantza informazioaren arau-esparruaren arabera eta, zehazki, bertan jasotako kontularitzako printzipio eta irizpideen arabera.

Ondoko gertakariak.

Udalak 2018ko otsailaren 22an San Fausto, Bidebieta eta Pozokoetxe eremuaren Hiri Eraberrikuntzako Plan Berezia onartu zuen eta Plan honek ez du eremuaren kudeaketa egitea aurreikusten Basauriko Udalak, ADIFek eta Bilbao Ría 2000, SAk 20017ko abenduaren 21ean izenpetutako Lankidetza Hitzarmenak jasotzen dituen parametroen arabera; honenbestez, Udalak adierazi zuen alde guztien adostasunez Plana bertan behera utzi eta aldeen artean kitatzeko zeuden eskubide eta obligazio oro betetzeko asmoa zuela eta hala, 2018ko abenduaren 10ean aipatutako hitzarmenaren ebazpen-erabakia izenpetu zen, zeinetan adierazten den Bilbao Ria 2000, SA eta ordura arte Udalak ordaindutako zenbatekoaren arteko aldeak, 1,3 milioi eurorenak, kalte-ordain izaera izango duela. Udalak 2018 eta 2020 artean ordainduko du kopuru hau, 420.460 euro urte bakoitzean gehi dagozkion interesak, erabakia hartu den datan 149.433 eurorena izan delarik.

III.– Barne kontroleko sistemei eta kudeaketa prozedurei buruzko irizpenak.

Atal honek besarkatzen ditu bai ekonomia- eta finantza-jarduera arautzen duten printzipioak betetzea nabarmen eragiten ez duten hutsak, bai prozedurazko alderdiak ere, kudeaketa hobetzeko azaleratu ditugunak.

III.1.– Udala eta erakunde autonomoak.

III.1.1.– Aurrekontua eta Kontabilitatea.

– 2017ko ekitaldiko Aurrekontu-proiektua 2 hilabeteko atzerapenez igorri zitzaion Udalbatzari, aurrekontuko araudiak finkatzen duen epearen aldean (urriaren 15a).

– Udalak urtero udal sozietate publikoen kontuen kanpoko auditoria kontratatzen du, baina soilik alderdi finantzarioei dagokienez, eta ez dira gainerako kontrol-moldeak gauzatzen, kontu-hartzailearen kontrola barne hartuta (legezkotasuna, efikazia eta efizientziaren kontrol ekonomikoa eta antolamendukoa) Bizkaiko tokiko aurrekontu-araudian xedatutakoaren arabera gauzatu behar direnak.

III.1.2.– Sarrera fiskalak.

– Zerga zorrak zatikatzeko bi espedientetan, 84.137 eurorenak, zeinetan nahitaezkoa den bermeak aurkeztea, onespena ez die alkateak eman, Udalaren Kudeaketa, Diru-bilketa eta Ikuskaritzako Ordenantza Fiskal Nagusiak agintzen duen moduan. Gainera, ez da salbuespena justifikatu aipatutako ordenantzan finkatutako gehienezko epea gainditzen duten ordainketa-planak onartzeko, ez eta bermeak eratzetik salbuesteko ere.

III.1.3.– Langileria.

– Udalaren LZk, onartu eta 2016ko apirilaren 29ko BAOn argitara emandakoak, 40 lanpostu barne hartzen ditu, guztizkoaren gainean % 15 egiten dutenak, aurrekontuan zuzkidurarik izan gabe ekitaldian horiek betetzea aurreikusi ez delako. Gainera, lanpostu hauetako bitan ez da adierazten ez zuzkidura-moldea, ez lanpostu horiei atxikitako destino-maila ere. LZk une oro erakundearen beharren egiazko adierazpidea behar du izan.

– Basauriko Udal Euskaltegia erakunde autonomoaren lanpostu-zerrenda 1999an onartu zen eta Kultur Etxea erakunde autonomoarena, berriz, 2006an. Bi lanpostu-zerrenden antzinatasuna aintzat hartuta, gomendagarria litzateke gaurkotzea; are gehiago, gogoan hartuz gero ez direla 2017ko ekitaldiko aurrekontu-plantillan barne hartutako lan-kontratu mugagabeko 3 lanpostu jaso.

– 2017ko abenduaren 31n erakunde autonomoek hutsik dituzte LZn jasotako lan kontratu finkoko langileentzat gordetako 37 lanpostu. Aipatutako postu horietatik 26 lanpostu hutsa bete arte aldi baterako kontratua duen langileriak betetzen ditu. Beharrezkoa da erakunde autonomoek dagozkion lan-eskaintzak deitzea indarreko legeriak horretarako bide eman bezain laster.

– Lehenagoko urteetan Udalean esleitutako 6 zerbitzu-eginkizunen iraupenak indarreko legediak finkatutako gehieneko epea gainditzen du.

– 2017ko abenduaren 31n indarrean jarraitzen dute Udalean programako bitarteko funtzionarioen 2 izendapen eta erakunde autonomoetan, 3 lan-kontratu obra edo zerbitzu jakinerako, guztiak ere 4 urtetik gorako antzinatasunekoak. Gainera, Etxe Maitia Egoitza erakunde autonomoan 2014az geroztik urtero iraupen mugatuko bitartekotasuneko 2 lan-kontratu luzatu dira. Kontratu hauen iraupenak adierazten du garatutako egitekoek iraunkortasun izaera dutela eta honenbestez, zuzendu egin behar dela horien egoera.

– Kultur Etxea erakunde autonomoak ez du lan-poltsarik administrari laguntzaileak eta liburutegikoak aldi baterako kontratatzeko; arreta-laguntzaileen eta mantentze-lanekoen lan-poltsa, berriz, 2009koa da, zerbitzuaren beharrak asetzeko nahikoa ez dela. Horregatik guztiagatik, 2017an lehenago erakundean kontrataturiko pertsonetara jo du edo Lanbidera eta guztira 24 kontratu egin ditu, batez beste, 56 eguneko iraupenekoak. Erakundeak berariazko probak deitu behar lituzke espezialitate horietan lan-poltsa berriak osatzeko.

– Udalak eta erakunde autonomoek ez dituzte ondorio fiskaletarako aitortzen euren langileei ordaintzen dizkieten ez gizarte prestazioen dirutan emandako ordainsariak, ez egun-sari eta joan-etorrien gastuak ere, salbuetsiak dauden arren, aitortu egin behar liratekeenak.

– 2008az geroztik Udalean produktibitate-osagarria ordaintzen ari zaio behin-behineko langilearen postua betetzen duenari, Alkatetza-dekretu bitartez onartutakoa; ordea, langile hauei produktibitate-osagarria ordaintzea ez da aurreikusi hori arautzen duen Udalbatzaren Erabakian. Komenigarria litzateke LZ berrikustea, kasu guztietan ordainsari hori lanpostuari txertatzeko.

– Udalak 2017an 42.753 euroren produktibitate-osagarria ordaindu zien langile guztiei irizpide orokorrak baliatuta. Ordainsari kontzeptu hau funtzionario bakoitzak bere lanpostuari atxikitako egitekoak betetzean erakutsitako aparteko etekin, interes edo ekimena saritzeko erabili beharko litzateke.

III.1.4.– Kontratazioa.

Kontratazio-espedienteak.

Udalaren eta erakunde autonomoen kontratazio administratiboa aztertu dugu eta honako alderdi hauek bereizi ditugu:

– San Miguel eta Basauri metro-geltokiaren artean bidaiarien doaneko garraio-zerbitzuaren kontratua izapidetzean (8. espedientea) ez da prestazioaren proiekturik egin, zerbitzuaren kostu ekonomikoa jasoz, eta ez da erabiltzaileen desplazamendu-beharrei aurre egiteko jada zegoen zerbitzuaren gutxiegitasuna justifikatu, ez eta BFAren aldez aurreko adostasuna eskuratu, ez behin-behinean onartu bi zerbitzuak ustiatzeko koordinazio-planik ere, herriko zerbitzuak herriarteko beste zerbitzu batzuekin batera ematen diren kasuetan egiten den moduan (4/2004 Legea, martxoaren 18koa, Errepide bidezko bidaiarien garraioari buruzkoa eta hura garatzen duen Erregelamendua).

– Udalak 735.967 euroren zenbatekoan esleitutako 2 kontraturen BABek modu orokorrean definitutako balorazio-irizpideak jasotzen dituzte (proiektuaren diseinua, jardueren programak eta garatu beharreko programak) (3 eta 4 espedienteak).

– Aztertu diren Udalaren 8 espedienteren BABAk –6,9 milioi euroren zenbatekoan esleitutakoak (1etik 4ra bitarteko, 6, 7 14 eta 15 espedienteak)– eta erakunde autonomoek guztira 566.787 euroan esleitutako 2 espedienteren (1 eta 4 espedienteak) BABAk eskaintza ezohiko edo neurriz kanpoko kalifikazioa mugatzen dute soilik ekonomikoki eskaintzarik onuragarrienarentzat.

– Argindarra hornitzea xede duen espedienteak, Udalak aleko prezioetan esleitu eta 2017an 841.347 euroren gastua eragin duenak (14. espedientea), formulari lotu gabeko irizpide modura jasotzen da produktu eta zerbitzu osagarriak eskaintzea, % 2ko gehieneko puntuazioarekin. Esleipendunak irizpide honengatik gehieneko puntuazioa eskuratu zuen, eskaintzan 14 zerbitzu barne hartu baitzituen; horietako batzuek, baina, Udalari kostu ekonomikoa eragiten diote eta halakorik ez zen pleguetan aurreikusi. Gainera, kontratuak iraun duen bitartean esleipendunak ez du zerbitzu horietarik bakar bat ere eman.

– Udalak 4,4 milioi euroan esleitutako kontratu baten pleguek ausarkeria-atalasea lizitazio-aurrekontuaren % 10ean finkatzen du eta ez onartutako eskaintzak osotasunean hartuta. Egitate honek eta prezio irizpidearen puntuen esleipen gehiengoa batez bestekoaren aldean % 9ko merkatzea gainditzen duen eskaintzari emateak ez du prezioan eskaintza lehiakorrik aurkeztera bultzatzen (5. espedientea).

– Etxe Maitia Egoitza erakunde autonomoaren kontratuaren helburua elikagaiak hornitzea da eta urtebeterako esleitu da 82.922 euroren zenbatekoan (3. espedientea); kontratu honetan Europako zuzentarauak finkatutakoa gainditzen duen kaudimen tekniko eta ekonomikoa eskatzen da, espedientean justifikatu gabe zergatik finkatu den kaudimen-zenbateko hori.

– Udalak administrazioko kontratu berezi modura kalifikatu du hiri-garbiketa eta hiri-hondakin solidoen bilketa- eta garraio-kontratua, 2010eko ekitaldian esleitu zena, 8 urteko iraupenekoa, beste bitara luzagarria, 32,4 milioi euroren zenbatekoan (17. espedientea); ordea, arrisku-osagairik ez izateak zerbitzu-kontratutzat hartzera behartzen du, indarraldia gehienez 6 urtetara mugatuz.

– Udalak guztira 1,5 milioi euroan esleitutako 2 espedientetan (14 eta 15 espedienteak) txosten teknikoak ez du behar hainbat arrazoitzen formulei lotu gabeko irizpideei emandako puntuazioak, aurkeztutako eskaintzak deskribatzera mugatuz.

– Kirolaren Udal Erakundea erakunde autonomoak prozedura ireki bidez esleitu zuen, BAOn publikotasuna emanez, kirol-jarduerak garatu eta gauzatzeko zerbitzu-kontratua, 501.787 euroren zenbatekoan; alabaina, EBAOn ere argitaratu behar zatekeen, indarrean baitzegoen alderdi hori arautzen zuen Europako zuzentarauaren transposizio zuzena (1. espedientea).

– Udalak lehiaketa publiko bidez esleitu zuen lursail bat besterendu eta bertan ondoren babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzeko administrazioko kontratu berezia (16. espedientea); lehiaketa honetara lizitatzaile bakar bat aurkeztu zen eta honek, gerora kontratua hirugarren bati laga zion; hona hemen azaleratu diren akatsak:

– Kontratua esleitzeko 4 hilabetetik gorako atzeraldia Baldintza administratibo berezien agirian finkatutako gehienezko epearen aldean.

– Pleguetan aurreikusitako kaudimen ekonomiko-finantzarioa eta tekniko-profesionala egiaztatzeko baliabideak eratze-eskritura eta JEZen alta eman izana eskatzera mugatzen dira.

– Kontratuaren lagapena onartu zen unean ez zen betetzen kontratuaren % 20 egikaritua egon behar izateko baldintza.

Beste batzuk.

– Udalak eta erakunde autonomoek ez dituzte udal kudeatzaileen eta zerbitzu-kontratuen esleipendun diren enpresen arteko harremana argitzeko eskatutako jarraibideak ebatzi.

– Kultur Etxea erakunde autonomoan duela zenbait urtez geroztik 2 zerbitzuren prestazioa erosketa txiki modura izapidetzen da, 2017an guztira 75.653 euroren egikaritza izan duena. Urtean egin duen zenbatekoa eta gastu hauek denboran izan duten jarraitutasuna aintzat hartuta, gomendagarria litzateke, gutxienez, prozedura negoziatua baliatuta kontratatzea.

III.1.5.– Dirulaguntzak.

– Udalak urteko aurrekontuarekin batera onartzen duen dirulaguntzen plan estrategikoak ez du 3 urteko aldirako aurreikuspenik egiten, ezta eskuratu nahi diren helburu eta ondorioak zehazten ere.

– Aztertu diren 2 dirulaguntza izendunen emakida-ebazpenetan, 392.276 eurorenak, ez dira arautu obligazio eta konpromiso ekonomikoak, gauzatu beharreko egintzak, egikaritzaren jarraipen eta kontrol-baliabideak, ez eta beste dirulaguntza batzuekiko bateragarritasun edo bateraezintasuna ez eta onuradunek dirulaguntzaren xedea bete dela egiaztatzeko dituzten epeak eta moldeak ere. Gainera, 288.000 euroan esleitutako kontratuan ez da agintzen 3 eskaintza eskatu izana egiaztatuko duen dokumentazioa aurkezteko, kontratu txikientzat aurreikusitako kopuruak gainditzen dituzten haietan.

III.1.6.– Berankortasuna eta bestelako alderdiak.

– Diruzainak mamitutako hiruhileko txostenetan, Basauriko Udalaren merkataritzako eragiketetan ordainketa epeak betetzeari buruzkoan, azaleratu da badaudela 346.381 euroren fakturak (2017ko ekitaldian egindako ordainketa guztien gainean % 1,9) legez finkatutako epea gainditzen dutenak:

– Udalaren gardentasun-atariak gaurkotu gabe dauka emandako dirulaguntza eta laguntza publikoei buruzko informazioa, ez eta konfiantzako langileen ordainsariei buruzkoa ere.

III.2.– Sozietate publikoak.

III.2.1.– Langileria.

– Bidebi Basauri SLn dagoen goi zuzendaritzako kontratua ez zaio Lan-merkatua eraberritzeko premiazko neurriei buruzko uztailaren 6ko 3/2012 Legeari egokitu, enpresaburuak atzera egiteagatik ordaintzen diren kalte-ordainei dagokienez, non kontratua iraungitzen zaion pertsonak karrerako funtzionario izaera baitu.

III.2.2.– Beste batzuk.

– Behargintza Basauri-Etxebarri SL sozietateak data berean eta epe bererako 4 kontratu txiki izapidetu ditu, prestakuntza ekintzak ematea xede dutenak. Kontratu hauen guztien aurrekontu metatua 41.965 euro denez gero, prozedura negoziatu bidez izapidetu behar ziratekeen.

IV.– Finantza-azterketa.

Ondotik, Udalak 2015-2017 aldian zehar likidatutako magnitude nagusien bilakaera erakutsiko dugu.

(Ikus .PDF)

Sarrera arruntak: 2017ko ekitaldian kitatutako diru-sarrera arruntek % 9,2 egin dute gora 2016koen aldean eta % 5,7, 2015ekoen aldean. Hona hemen kontzeptuen araberako bariazio nagusiak:

– Zergak: eskubide aitortuek gora egin dute OHZren eta EIOZren diru-bilketak gora egin izanaren ondorioz, hurrenez hurren 633.390 eta 178.967 euroan, izan ere katastro-balio berriak aplikatu dira eta jarduera ekonomikoa berroneratu da.

– Tasak eta bestelako sarrerak: eskubide aitortuak % 10,9 gehitu dira, nagusiki 2016an enpresa bati ikuskaritzak jarritako 363.097 euroren zehapena baliogabetu zelako EHJANren epai baten ondorioz, eta hirigintzako lizentzien kontzeptuan 198.400 euroan gehitu zelako diru-bilketa.

– Transferentzia eta dirulaguntza arruntak: 2017an % 9 egin dute gora eta 2016an % 4,3 egin du behera 2015eko aldean. Bariazio hauek Udalkutxatik jasotako transferentziei dagozkie.

Funtzionamendu-gastuak: apenas izan dute aldaketarik aztergai izan den aldian. 2017an % 0,8 murriztu dira aurreko ekitaldiaren aldean. Hona hemen bariazio adierazgarrienak:

– Langile gastuak: % 1,6 igo dira, batik bat, langileen ordainsariak % 1 igo direlako.

– Ondasun arrunt eta zerbitzuen kontratazioa: osotasunean bariazio txikia izan du eta % 0,2 murriztu da 2016ko ekitaldiaren aldean.

– Dirulaguntzak eta transferentzia arruntak: % 5,5 egin dute behera 2016ko ekitaldiaren aldean, nagusiki erakunde autonomoei egiten zaizkien transferentziak 684.108 euro murriztu direlako. Beste aldera, Gizarte Larrialdietarako Laguntzak 268.540 euroan gehitu dira.

Aurrezki gordina eta garbia: 2017an 4 milioi euroz gainetik gehitu dira, sarrera arruntek gora egin izanaren ondorioz, gastu arruntek ez baitute aldaketa esanguratsurik izan.

Kapital-eragiketen emaitza: 2017ko ekitaldian, 2015 eta 2016koetan ez bezala, kapital-eragiketen emaitza positiboa izan da 420.875 euroan, Lurraren Ondare Publikoa 1,7 milioi euroan besterentzetik eskuratutako diru-sarreren ondorioz. Gainera, 2015ean egindakoaren aldean, 2016an eta 2017an inbertsioak behera egin duela azpimarratu behar da.

Diruzaintza-geldikina eta Zorpetzea Kapitaleko eragiketen emaitzak hobera egin izanak eragin du Diruzaintza Geldikina eta Gastu Orokorretarako Diruzaintza Geldikina, biak ala biak, berroneratzea; honela, bada, aztergai izan den aldian % 172,7 gehitu dira, 2015eko 1,3 milioi euroetatik 2017an 3,4 milioi euro egitera aldatuaz. Aldi berean, zorpetzeak behera egin du eta sarrera arrunten % 10etik behera gelditu da.

Ondorioa: gastu Orokorretarako Diruzaintza Geldikina positiboa izan da hiru ekitaldietan, nahiz 2016an ia deuseza izan zen. Alabaina, 2017an gora egin du, batik bat gastu arruntei eutsi izanari, sarrera arrunten igoerari eta Lurraren Ondare Publikoari esker. Aztertutako aldian udalaren zorpetzea 2,1 milioi euro murriztu da.

Aurrekontuaren egonkortasuna: udalaren Kontu-hartzailetzak txostena jaulki zuen egiaztatuz Administrazio Publikoaren sektorea osatzen duten erakundeek (Udalak, erakunde autonomoek eta udal sozietate publikoek) 2017ko ekitaldiko aurrekontuaren likidazioan aurrekontuaren egonkortasun, zor publiko, merkataritzako zor eta gastuaren araua bete dutela. Txostenean zera jaso da:

– Finantzatzeko gaitasuna positiboa izan da.

– Zor biziaren bolumena diru-sarrera ez finantzarioen gainean % 9,11koa da, % 60ko mugaz beheitikoa.

– Gastuaren araua bete da, % 4,3 egin baitu behera 2017ko ekitaldiaren gastu zenbagarriak aurrekoaren aldean.

V.– Urteko kontuak.

V.1.– Udala.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

V.2.– Erakunde autonomoak.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

V.3.– Sozietate publikoak.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Alegazioak.

Udalak egin nahi dituen alegazioak txostenaren ondorio batzuei baizik ez dagozkie. Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren jarraibideekin bat etorriz, aurkeztutako alegazio bakoitzean men egiten zaio txostenaren epigrafeari:

Iritziari buruzko II. atalari aurkeztutako alegazioak.

1. alegazioa, legezkotasuna betetzeari buruzko iritziaren 1. paragrafoari dagokiona.

Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 5eko 13/2013 Foru Arauaren 9. artikuluaren 5. apartatuan zehaztu da langilea kaleratzeagatiko edo lanpostua uztearazteagatiko kalte-ordainak salbuetsirik egongo direla; era berean, zenbaki horretan xedatutako ondorioetarako, ezarri da iraizpen kolektiboak eta arrazoi objektiboengatiko iraizpenak edo lanpostu-uzteak parekatuko zaizkiela Langileen Estatutuaren 51. artikuluan ezarritako arrazoietan oinarritutako administrazio publikoen giza baliabideen plan estrategikoei.

Administrazio publikoen giza baliabideen plan estrategikoez denaz bezainbatean, urriaren 30eko 5/2015 Legegintzazko Errege Dekretu bidez onartutako Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bateginaren 69. artikulua aplikatu beharra dago; ezarpen horretan jaso da administrazio publikoek giza baliabideak antolatzeko planak onartu ahalko dituztela.

Zentzu horretan, testu bategin horren azken xedapenetatik laugarrenean eta Funtzio Publikoa Erreformatzeko abuztuaren 2ko 30/1984 Legearen 18. artikuluan eta 21. xedapen gehigarrian antzeko jardunbidea berretsi da.

Ondorio horietarako, uztailaren 6ko 6/1989 Legeak, Euskal Funtzio Publikoarenak, bere 22. artikuluan honakoa ezarri du:

«Euskal Administrazio Publikoek giza baliabideak arrazionalizatzeko programak onar ditzakete, euren buruak antolatzeko duten gaitasunaren arabera eta langileen ordezkariekin negoziatu ostean. Programok euren berezitasunei egokituko zaizkie, eta funtzionarioei zein lan kontratuko langileei buruzkoak izango dira, eta euren eraginpeko alorrean giza baliabideak ahalik ondoen erabiltzeko garatu behar diren jarduketak hartuko dituzte batera...

2.– Giza baliabideak arrazionalizatzeko programetan, enplegu-planetarako aplikagarriak diren arau orokorretan ezarritako neurri guztiak edo batzuen batzuk sar daitezke. Horrez gain, borondatezko lan-utzialdian daudenentzat, aldez aurretik jubilatu daitezenentzat, jarduneko zerbitzu aldia uzten dutenentzat edo behin betiko baja hartzen dutenentzat pizgarriak ere sar daitezke...».

Era berean, aipatutako 6/1989 Legea Euskal Administrazio Publikoen Funtzionarioen Lanpostuak Betetzeko Araudiak garatzen du; araudi hori urriaren 13ko 190/2004 Dekretu bidez onartu zen eta 41. artikuluan honakoa ezarri da:

«1.– Euskal administrazio publikoek giza baliabideak arrazionalizatzeko programak onar ditzakete, beren buruak antolatzeko duten gaitasunaren arabera eta langileen ordezkariekin negoziatu ostean. Programok euren berezitasunei egokituko zaizkie, eta funtzionarioei zein lan-kontratuko langileei buruzkoak izango dira...

2.– Zerbitzu publikoa eskaintzeko asmoz ezinbestekoak eta aproposak diren langileez osaturiko antolakuntza-administratibo egokia lortzeko, arrazionalizatzeko programek euren eraginpeko alorrean giza baliabideak ahalik eta ondoen erabiltzeko garatu behar diren jarduketak hartuko dituzte batera. Baliteke jarduketok eragina edo ondorioak izatea, besteak beste, honako gaietan: langileen plantillen tamaina eta beharrizanen plangintza...».

Zentzu berean, arautegi horren 42. artikuluan gehitu da giza baliabideak arrazionalizatzeko programek euren baitan jaso ditzaketela jarraian aipatutako neurri hauetako batzuk edo horiek guztiak:

– Antolakuntza-egiturak nahiz lanpostuak aldatzeko aurreikuspenak.

– Borondatezko lan-utzialdia, aurreraturiko erretiroa, jarduneko zerbitzua uztea edo jarduneko zerbitzuan behin betiko baja hartzea sustatzeko pizgarriak...».

Aurreko guztiarekin bat etorriz, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 5eko 13/2003 Foru Arauaren 9.5 artikuluan aipatutako administrazio publikoen giza baliabideen plan estrategikoak honela zehatz daitezke: pertsonala administrazioek izan ditzaketen premia zehatzen arabera arrazionalizatzeko eta egokitzeko programa gisa, auto-antolakuntzarako duten gaitasunari jarraituz eta pertsonalaren ordezkaritzarekin aldez aurretik negoziatuz, betiere baliabide egoki eta ezinbestekoen bidez zerbitzu publikoak emateko antolakuntza administratibo egokia lor dadin.

Plan horiek xede hori erdiesteko garatu beharreko jarduketak jaso behar dituzte. Zehatzago, enplegu planetarako aplikazio arautegi orokorrean ezarritako neurriez gain, plan horiek borondatezko eszedentziarako pizgarriak jaso ditzakete.

Hori dela eta, zerbitzuen efizientziaren hobekuntzari eta giza baliabideen erabileraren arrazionalizazioari erantzuna emango dien plantilla dimentsioa izateko, Basauriko Udalak, 2002ko uztailaren 30ean egindako osoko bilkuran, honakoa onartu zuen: Giza Baliabideen Plan Estrategikoa (BAO, 29. zenbakia, 2003ko otsailaren 12koa), eta agiri horretan kalte-ordain bidezko erretiro aurreratuak arautzen ziren, bai eta udaltzaingoaren bigarren jarduera ere. Planaren helburua zen plantillaren gaztetzen dela bermatzea eta zerbitzu publikoak hobetzea (plan estrategikoaren 3. artikulua), auto-antolakuntzarako gaitasunaren arabera; izan ere, horrek zenbait neurri txertatzea ahalbidetzen zuen, hala nola borondatezko eszedentziarako eta erretiro aurreraturako pizgarriak.

Ondorioz, gure ustetan, Basauriko Udalaren Giza Baliabideen Plan Estrategikoan arautzen diren erretiro pizgarridunengatiko kalte-ordainak PFEZFAren 9.5 artikuluan araututako salbuespenari lotzen zaizkio, enpleguaren erregulazio espedienteetan onartutakoak bezala.

Aurreko guztiaz gain, gehitu beharra dago Basauriko Udalak Giza Baliabideen Plan Estrategikoa onartu zuenetik Bizkaiko Foru Ogasunean aurkeztu dituela 190 eta 10T ereduak; horietan erretiro aurreratuengatiko kalte-ordainen kopurua eta kalte-ordain salbuetsiak jasotzen ziren eta Bizkaiko Foru Ogasunak ez zion Basauriko Udalari inolako ohartarazpenik egin horren inguruan. Nolanahi ere, Foru Ogasunak zerga arautegia aplikatzeko beharrezko informazio fiskal guztia izan du lehenengo unetik, kalte-ordain horien pertsonal hartzaileari zerga arautegia aplikatzeko, betiere egokitzat jotzen zituen irizpideen arabera.

2. alegazioa, legezkotasuna betetzeari buruzko iritziaren 2. paragrafoari dagokiona.

Behargintza Basauri-Etxebarri SL enpresaren Batzar Nagusiaren akordioaren xedea izan zen Basauriko Udalaren menpeko erakunde autonomo eta enpresa publikoetako koordinatzaile/zuzendari lanpostuaren ordainsarian zegoen diskriminazio bidegabeari amaiera ematea. Postu horiek eskumen, funtzio eta erantzukizun berberak zituzten, baina Basauri-Etxebarriko Behargintzaren koordinatzaileak ordainketa desberdintasun historikoa zuen lanpostu parekideekin alderatuta; ordainketaren aldetiko diskriminazio horrek ez zeukan azalpenik eta ordainketa erantzukizun eta berdintasunaren aldeko udal politikaren kontrakoa zen, eta ez zuen betetzen konstituzionalaren debekua, lan arautegian izan beharreko ez-diskriminaziori zegokionez.

Gure iritziz, aurreko ordainketa aldaketak arauzko ahalbidea du Estatuaren 2017ko Aurrekontu Orokorrei buruzko 3/2017 Legearen 18.7 artikuluan; ezarpen horrek honakoa adierazten du hitzez hitz: Aurreko ataletan ezarritakoa ulertu behar da, betiere kalterik egin gabe lanpostuen edukiagatik, programa bakoitzerako esleitutako efektibo kopuruaren aldaketatik edo finkatutako helburuen lorpen mailagatik salbuespen gisa ezinbestekoak diren ordainketa egokitzapenei.

Barne kontrolerako eta kudeaketa prozeduretarako sistemen kontsiderazioei buruzko III. atalari aurkeztutako alegazioak.

3. alegazioa, pertsonalari buruzko III.1.3. puntuari dagokiona.

Basauriko Udalaren eta erakunde autonomoen lanpostu zerrendetan hutsik dauden lanpostuak eta bitarteko edo aldi baterako pertsonalak betetako lanpostuak azaltzen dira; zerrenden egoera, beraz, neurri batean 2011ko ekitalditik 2018kora bitartean onartutako estatu aurrekontuen legeetan ezarritako mugen ondorioa da (gai honetan oinarrizko legeria baita). Lege horietan mugak ezarri zaizkie karrerako funtzionarioen sarrerari, behin-behineko pertsonalaren kontratazioari eta bitarteko funtzionarioen izendapenari, azken hori aparteko kasuetan baizik ez baita baimentzen eta betiere premiazko premia atzeraezinak betetzeko. Hortaz, aurrekontuan sartu ez izanak erantzuten dio lege horiek pertsonalaren arloko gastua murrizteko edo ez handitzeko ezarritako betebeharrari, ez plaza horiek ez-beharrezkoak eta amortizagarriak izateari. Izan ere, aurrekontuei buruzko legeek, 2011tik gaur egunera artekoek, erreposizio tasak malgutuz eta handituz joan dira. Horrek ahalbidetu du plazak estaltzea, printzipioz ezin estal zitezkeen arren; gainera, amortizatuak izan balira, berriro ere sortu beharko ziren eta ezingo zitzaien erantzun egoki eta arinik eman pertsonalaren premiei.

Zenbait ordainsari, dieta eta gasturen kontsiderazio fiskalari dagokionez, adierazi beharra dago azken bien kasuan langileei sorrarazitako gastuengatiko ordezkoak direla (aparteko orduak, lantokitik kanpoko joan-etorriak); horiek ezin har daitezke ordainsaritzat eta, gainera, gizarte hobekuntzen kasuan, gure ustetan, Bizkaiko Foru Aldundiaren Auzitegi Ekonomiko Administratiboaren 2010-05-19ko ebazpenari men egin baizik ez diogu egin.

Azkenik, pertsonalari produktibitateagatik emandako aldi baterako osagarria bideratu da, Alkatetzaren 1929/2015 Dekretuaren arabera, honako arrazoi hauek tarteko: gobernu talde osoa koordinazeko zereginak betetzeagatik; plan estrategikoak prestatzean, jarraitzean eta haien kontrola exekutatzean emandako laguntza eta sorospenagatik; eta udal jarduerako arlo guztietan emandako aholkularitza bereziagatik. Zeregin horiek guztiak ez zaizkie euren lanpostuei egokitzen eta, gainerako kasuetan bezala, udalbatzaren urteko akordioan jasota daude eta horrek produktibitate osagarriak onartzen ditu ekitaldi bakoitzaren hasieran, betiere lanpostu bati ez egokitutako aparteko zereginak betetzeko irizpideei buruzko B atalaren barruan (udalbatzaren 2002ko apirilaren 30eko erabakia).

4. alegazioa, kontratazioari buruzko III.1.4. puntuari dagokiona.

I.– San Migeletik Basauriko metroko geltokirainoko bidaiari garraioaren zerbitzuaren kontratuari dagokionez, honakoa zehaztu beharra dago:

I.1.– Zerbitzu horren prestazioaren oinarria da San Migeleko biztanleen eskura doako zerbitzu bat jartzeko erabaki politikoa, betiere metrotik hurbilen dagoen sarreraraino hurbil daitezen; horretaz Basauriko auzokide guztiak baliatzen dira. Eskumeneko interes publikoa du, San Migeleko auzokideei zerbitzuak ematean berdintasun printzipioa beteko dela bermatzeko (auzo horretan metrotik hurbilen dagoen sarreratik 1.500 metro baino gehiago dituzte); gauzak horrela, doako garraio zerbitzua, anezka moldekoa, eskaini behar zitzaien, beste udal mugarte batzuetan egiten den legez. Beraz, ezin har daiteke kontraprestazio bidez ohiko bidaiari garraio batekin identifika daitekeen zerbitzutzat, baizik eta hurbiltze zerbitzutzat.

I.2.– Kontratazio prozeduraz denaz bezainbatean, anezkaren ibilbideak eta Bizkaibuseko lineena bat datozenez eta hiriarteko garraio zerbitzu horren adjudikaziodunaren eskubide esklusiboei eragin ahal izan zaien neurrian, anezkaren zerbitzua prozedura negoziatu bidez kontratatzeko hautua egin da, Sektore Publikoaren Kontratuei buruzko Legearen 170.1.d) artikuluak ezarritakoaren arabera (azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzazko Errege Dekretuak onartutako testu bategina), betiere eskubide esklusibo horiek babesteko; halaber, adierazi beharra dago udal kontratua ABEEn lehiatutako eta Bizkaibuseko Nerbioi-Arratia-Durangaldea lineen adjudikaziodunak izandako beste bi sozietateekin bidera zitekeela, biek modu solidarioan eskubide esklusiboa baitzuten.

I.3.– Aldi baterako jomuga duen zerbitzu prestazioko kontratua da; izan ere, hori suntsiaraztea aurreikusten da, Garraio Partzuergoak eta Foru Aldundiak metro zerbitzuko txartela erabiltzeko sistema ezartzen dutenean, San Migel auzotik Basauriko metroko geltokirainoko joan-etorria egiteko.

I.4.– Hasierako kontratuan gastuaren aurreikuspena egin zen, eta horren ondoren aurreikuspen hori eguneratuz joan da, erregaien prezioen aldaketak, autobusen mantentze lanak eta pertsonalaren kostuak kontuan hartuz; hori dela eta, pentsatzen da adjudikazioaren zenbatekoaren arrazionaltasuna bermatu dela.

I.5.– Hiri izaerako zerbitzuaren ezaugarriak aintzat hartuz (auzoko bateko bizilagunak metroko geltokiraino hurreratzeko baino ez), udal eskumen esklusiboko zerbitzua da; izan ere, zehaztutako ezaugarriak kontuan hartuz, ez dago bikoiztasunik Bizkaibuseko zerbitzuarekin, eta ez da beharrezkoa, ez eta manuzkoa ere ustiapenaren koordinazio plana, betiere Euskal Autonomia Erkidegoko Errepidetiko Bidaiari Garraioari buruzko 4/2004 Legearen 42. artikuluak ezarritakoaren arabera, areago aintzat hartuz enpresa adjudikaziodunek (zuzeneko interesdunak) ez dutela inolako ohartarazpenik egin.

II.– Oro har zehaztutako balioespen irizpideen bidez esleituak izan zirela aipatutako 2 kontraturen gaineko ohartarazpenari dagokionez:

II.1.– Gure ustetan, aipatutako irizpideek indarreko kontratu arautegian ezarritako baldintzak betetzen dituzte eta plegu teknikoetan kontratuaren xedea diren lanak egiteko baldintzak ezartzen dira, eskaintza egokia aurkezteko behar beste ezaugarri izanik eta praktikan udal interesa asebetetzeko nahikoak izanik.

III.– Ezohiko edo neurriz kanpoko kalifikazioa abantailatsuenera mugatutako 8 espedienteei buruzko ohartarazpenari dagokionez:

III.1.– Balizko sailkapen hori arautzen duen paragrafoa honakoa da (antzekoa guztietan):

«Neurriz kanpoko edo ezohiko eskaintzen ondorioz ezin bete daitezkeen proposamenak ikustea ahalbidetzen duten mugak honakoak dira: eskaintza ekonomikorik (horretarako balioespenerako zenbatekoa kontuan hartuz) onena (behin balioespen irizpide guztiak baloratu ondoren) onartutako eskaintza guztien batez bestekoa baina hamabost unitate portzentual txikiagoa denean».

III.2.– Udalak paragrafo honen inguruan egindako interpretazioa honakoa da:

a) Eskaintzarik onena (eskaintza ekonomikorik abantailatsuena) neurriz kanpokotzat edo ezohikotzat jotzen bada, behar bezala justifikatzen ez bada edo baztertzen bada, beste kalkulu bat egin behar da gainerakoekin, neurriz kanpoko bajarik dagoen ala ez zehazteko. Eta eskaintza onenaren kalifikazioa sailkapenaren lehen tokia okupatzera igarotzen da. Gure ustetan, azalpen praktikoa bat dator Aragoiko Kontsulta Batzordeak horri buruz ezarritakoarekin (03/2017).

b) Hala ere, Kontuen Epaitegiaren txostenean zehaztutako kasuetariko bakar baten ere (1-4, 6, 7, 14 eta 15. espedienteak) ez da aplikatu behar izan paragrafo horren edukia.

c) Udal honek idazkera hori aldarazteko borondatea azaltzen du, interpretazio arazoak saihesteko eta argitasun handiagoa eskaintzeko, betiere neurriz kanpoko bajaren kasuen sailkapena egitea ahalbidetzen duen interpretazioa zuzena delako usteari kalterik egin gabe.

IV.– Energia elektrikoaren hornidura kontratuaren espedienteari dagokionez:

IV.1.– Aipatutako kontratuaren xede nagusia energia elektrikoaren hornidura dela kontuan hartuz, kontratua zuzen egin da.

IV.2.– Enpresa adjudikaziodunak doan eskaini zituen honako produktu edo zerbitzu osagarri hauek:

– Instalazio fotovoltaikoaren bideragarritasunari buruzko azterlana.

– Instalazio fotovoltaikoa autokontsumora eraldatzeko azterlana.

– Aholkularitza ibilgailu elektrikoak birkargatzeko instalazioetan.

Eta 2019ko maiatzaren 30erako produktu edo zerbitzu horiek guztiz eta zuzen burutu dira Basauriko Udalari dagokionez.

IV.3.– Energia elektrikoa hornitzeko kontratua indarrean izan da 2017-01-01etik 2018-12-31ra bitartean doan epean (luzapena barne).

IV.4.– Bere garaian gordailututako bermea itzuli da.

IV.5.– Kostuarekin eskainitako produktuei dagokienez, udal instantziek ez dute egokitzat jo horiek eskuratzea zenbait arrazoi tarteko; beraz, udal kutxan ez dago galerarik.

V.– % 10 ausardiaren muga ezarritako pleguen kontratu esleituari dagokionez:

V.1.– Gure ustetan, ausardiazko eskaintzarik dagoen ala ez zehazteko finkatutako irizpideak indarreko kontratu arautegian ezarritako baldintzak betetzen ditu eta, zehatzago, SPKLTBren 152.2 artikuluak ezarritakoa eta Administrazio Publikoen Kontratuei buruzko Legearen Arautegi Orokorrari dagozkion artikuluek ezarritakoa. Zehatzago, kontratuaren kostuen egiturari dagokionez, eskulanean trinkoa izanik, bideraezintzat jotzen dira kostu horiek errespetatzen ez dituzten eskaintza guztiak; gainera, udalak balizko lan gatazka batean sartzeko arriskua izan lezake.

VI.– «Etxe Maitia» erakunde autonomoan elikagaiak hornitzeko kontratuari dagokionez, honakoa adierazi beharra dago:

VI.1.– Kontratuaren balio aurreikusia baino zenbateko handiagoa eskatzeko justifikazioak, bai kaudimen teknikoari (hornigaien zerrenda) bai kaudimen ekonomikoari (RC asegurua) dagokienez, erantzuna ematen die kontratuaren izaerari eta xedeari, bai eta kontratua zuzenduta dagoen erabiltzaile profilari ere. Gogorarazi beharra dago elikadura produktuak hornitzeko kontratuak ikuskapenak eta hiruhileroko analisi mikrobiologikoak egiteko prestazioak (BTPen 7. klausula) jasotzen dituela, bai eta pertsonalaren prestakuntzari, produktu berrien sarrerari eta sukaldeko makineriaren berriztapenari buruzko hobekuntzak ere (BTPen 13. klausula eta ABBPren 20.a); izan ere, horrek exijitzen du kontratuan aurreikusitako balioa baino handiagoa izango den hornigai bolumena izatea eta prestazio guztiak egiteko hornitzaile bakarra egotea (hala ere, kontratu mota hauetarako lizitatzaile potentzialek horiek arazorik gabe bete ohi dituzte).

Kontuan hartu beharra dago kontratuaren bezeroen profila adin handiko pertsona nagusiak direla eta horien osasun egoera oso ahula dela; beraz, arlo horretan elikagaien segurtasuna erabateko lehentasuna duen gaia da, pertsona horien bizitza babesteko; izan ere, edozein elikadura intoxikazio motak, arina izan arren, adineko pertsona horien bizitza jar dezake kolokan. Horrexegatik exijitzen da kaudimen ekonomiko gisa erantzukizun zibileko asegurua, baina kontratuaren balio aurreikusian baino askoz kopuru handiagoarekin.

VII.– Hiri garbiketako kontratua administratibo berezi gisa sailkatzeari dagokionez:

VII.1.– Sailkapen horrek behar bezala oinarritutako lege interpretazioetan du euskarri. Rosa M.ª Pérez López eta Miguel García Rescalvoren txotenaren kasua da, 2009ko abenduko Administrazio Kontratazio Praktikoaren 92 zenbakian argitaratutakoa; bertan sailkapen hori justifikatzen duten arrazoiak aurki daitezke. Haren luzera dela eta, ez dugu txosten hori hemen errepikatutako; hala ere, honako esteka honetan eskura daiteke:

https://www.contratacionpublicacp.com/forum/attachment/download?id=5042224%3AUploadedFile%3A78724

VII.2.– Gehigarri gisa, Udalak egindako interpretazioa aldekoena da altxor publikoarentzat nahiz kolektibitatearentzat; izan ere, kontratua Sektore Publikoaren Kontratuei buruzko Legearen 2007ko indarraldiaren pean esleitu zen eta lege horren 279. artikuluak zerbitzu kontratuen indarraldia mugatzen zuen gehienez ere 6 urtera, betiere ibilgailuak amortizatzeko epea horren barnean sartzeko aukera barik, epe horren aurreikuspena 8-10 urtekoa baita. Arrazoi horregatik, ziur aski, arazo horren jakitun eta irizpide horrek kutxa publikoetan izan dezakeen inpaktu negatiboaren jakitun, 2017ko Sektore Publikoaren Kontratuei buruzko indarreko Legeak, bere 29.4 artikuluan, honakoa ezartzen du zerbitzu kontratuei buruz:

«4.– Ondoz ondoko prestazioko hornidura- eta zerbitzu-kontratuek bost urte iraungo dute gehienez, denbora horren barnean direla artikulu honen bigarren apartatua aplikatuz eta ente kontratatzaileari aplikatu beharreko aurrekontu-arauetan ezarritako baldintza eta mugak errespetatuz kontratazio-organoak erabakitzen dituen luzapenak.

Salbuespen gisa, zerbitzu-kontratuetan, aurreko paragrafoan ezarritakoaz gorako iraupen-epe bat ezarri ahalko da, kontratuarekin zuzenean lotutako inbertsioak berreskuratzeko aldiak hala eskatzen duenean eta inbertsio horiek kontratistaren gainerako ekoizpen-jardueran ezin direnean erabili edo haien erabilera ekonomiaren aurkakoa denean, eta betiere inbertsio horien amortizazioa zerbitzu-prestazioan kostu nabarmena denean; inguruabar horiek, nolanahi ere, kontratazio espedientean justifikatu beharko dira, espedienteari dagozkion inbertsioak eta haiek berreskuratzeko aldia adierazita. Zerbitzu-prestazioan kostu nabarmena izatea zer den erregelamendu bidez garatuko da.»

Ondorioz, HKEEk zehaztutako irizpideari jarraitu izan balitzaio, prestazioa, ziur aski, garestiagoa izango zen udal kutxarentzat; arrazoizko interpretazio bat hautatuz (iritziaren arabera), horixe zen udal interesetarako abantailatsuena, orduan indarrean zegoen legeria kontuan hartuz.

VIII.– Udalak 1,6 milioi euroan esleitutako 2 kontratuei dagokienez (14 eta 15. espedienteak), honako alderdi hauek nabarmendu behar dira:

VIII.1.– Energia elektrikoa hornitzeko kontratuaren prozedurari buruzko 14. espedienteari dagokionez, prezioaren irizpidea puntuazioaren % 70arekin baloratu zen eta gainerako % 30ak eskaintzaren ezaugarri teknikoei egiten zien men.

Eskaintza teknikoen balioespena Typsa enpresa espezializatuak egiten zuen eta udal ingeniariak berresten zuen. Balioespen txostenak honakoak jasotzen zituen: eskaintzen azalpen eta deskribapen atala, puntuazioen laburpen taula eta baloratutako alderdi bakoitzarengatiko puntuen sailkapen grafikoa.

Kontratazio mahaiak egokitzat jo zuen balorazio hori (eskaintzak baloratzeko organo eskuduna). Zehaztu beharra dago prezioari buruzko irizpidean nahiz eskaintzaren ezaugarri teknikoei buruzko irizpidean puntuaziorik onena Iberdrola enpresari egokitu zitzaiola.

VIII.2.– Gasa hornitzeko kontratuaren prozedurari buruzko 15. espedienteari dagokionez, prezioaren irizpidea puntuazioaren % 70arekin baloratu zen eta gainerako % 30ak eskaintzaren ezaugarri teknikoei egiten zien men.

Eskaintza teknikoen balioespena udal ingeniariak egin zuen; bertan egindako eskaintzen deskribapenarekin bat etorriz, puntuen banaketa proportzionala egin zuen.

Kontratazio mahaiak egokitzat jo zuen balorazio hori (eskaintzak baloratzeko organo eskuduna).

Zehaztu beharra dago prezioari buruzko irizpidean puntuaziorik onena Iberdrola enpresari egokitu zitzaiola eta eskaintzaren ezaugarri teknikoei buruzko irizpidean Multienergía Verde SL enpresari.

IX.– Lursail bat besterenganatzeko eta ondoren etxebizitza babestuak eraikitzeko kontratu administratibo bereziari dagokionez, honako ñabardura hauek egin behar dira:

IX.1.– Kontratua adjudikatzeko atzerapenari buruz, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 48. artikuluak ezarritakoari jarraituz, Udalaren iritziz, gai formala baizik ez da, ezer baliogabetzen ez duena.

IX.2.– Pleguetan ezarritako kaudimen ekonomiko-finantzarioa eta tekniko-profesionala egiaztatzeko baliabideei dagokienez, kontratuaren xedea kontuan hartuz (pleguaren lehenengo klausula eta izenburua bera), enpresaburu batek udal lurzorua eskuratu behar zuen, baina, aldi berean, hirigintza plangintzaren arabera haren gainean eraikitzeko betebeharra bere gain hartuz; gauzak horrela, lizitatzaileek euren enpresa eratzeko eskrituran eta sozietatearen xede eta jarduera bezala izan behar zuten etxebizitza sustatzea edota eraikitzea (Eraikuntza Antolatzeko 38/1999 Legearen 9 eta 11. artikuluak). Hori dela eta, kontratu honen izaera berezia kontuan hartuz, aski zen bi baldintzak eskatzea (eraketa eskritura eta JEZeko alta), kontratuaren xedearekin proportzionalak baitira, areago pleguak eskrituraren unean gutxienez % 25eko ordainketa eskatzen zuela kontuan hartuz (prezioaren gainerako zatia abalatu behar zen). Gauzak horrela, lizitatzaileei kaudimen ekonomiko garrantzitsua eskatzen zitzaien, orubearen erosketari aurre egiteko behar besteko likidezia edo kreditua izan behar zutelako (gutxi gorabehera 1,3 milioi euro). Kontratuaren xedearen betetzeari datxezkion gainerako kaudimen eskakizunak ez zirela beharrezkoak pentsatu zen; gainera, lehiari eragin ahal izan zioten interes publiko nabarmena zeukan besterenganaketa batean.

IX.3.– Kontratuaren lagapenari dagokion ohartarazpenari buruz:

Kontratua pleguan finkatutako balioespen irizpide objektiboen arabera esleitu zen, betiere ezaugarri tekniko edo pertsonalak adjudikazioaren arrazoi erabakigarriak izan gabe; gainera, lagapenak ez zuen eragingo kontratistaren eta kontratuaren ezaugarrien funtsezko aldaketarik.

a) Lagapenetik ez zen merkatuaren lehiarako murrizketarik eratorriko, ez eta hirugarrentzako gaitz-kalterik ere.

b) Kontratazio organoak lagapena aldez aurretik eta berariaz baimentzeari dagokionez, hori alkatetzaren baimena emateko egintza administratibo baten bidez izango zen.

c) Kontratuaren % 20ko exekuzioari dagokionez, logikoa denez, baldintza hori kontratazio honen oraingo esleipen faseari egokitu behar zaio.

X.– Azkenik, udalak eta erakunde autonomoek udal gestoreen eta zerbitzu kontratuen enpresa esleipendunetako pertsonalaren arteko erlazioa argitzeko jarraibiderik ez dutela eman zehazten duen puntuari dagokionez:

XI.1.– Udal honen iritziz, zerbitzu kontratuen administrazio baldintza berezien pleguetan udal gestoreen eta enpresa adjudikaziodunetako pertsonalaren arteko erlazioa arautzen da, kontratu balioarekin (alderdien arteko legea; SPKLren 188 eta 189. artikulua) honako klausula hau sartuz:

a) Ezartzen da enpresa kontratistari baizik ez ziola egokituko pertsonala aukeratzea eta pertsonal horrek kontratuaren burutzapenari lotutako lantaldea osatuko duela.

b) Enpresa kontratistak bere gain hartuko du enpresaburu guztiei datxekien zuzendaritza ahalmena benetan eta etengabe betetzeko betebeharra, betiere kontratuaren exekuzioaz arduratzen den lantaldeko kideei dagokienez. Kontratistaren pertsonalaren eta Udalaren arteko lan loturarik ez dagoela argitu nahi da.

c) Enpresa kontratista beharturik egongo da kontratua bere bulegoetan edo instalazioetan exekutatzera, salbu eta, salbuespen gisa, baimena ematen bazaio zerbitzuak sektore publikoan parte hartzen duten erakunde, organismo eta entitateen bulegoetan eskaintzeko. Xedea aurreko atalean zehaztutako berbera da.

d) Enpresa kontratistak gutxienez bere langile zerrendako koordinatzaile tekniko edo arduradun bat izendatu beharko du eta haren betebeharrak honakoak izango dira, besteak beste: enpresa kontratistaren solaskidea izatea erakunde kontratugilearen aurrean, kontratuaren burutzapenaz arduratzen den pertsonalaren artean lana banatzea, kontratatutako zerbitzuaren prestazioari buruz beharrezkoak diren lan agindu eta jarraibideak ematea langile horiei, lantaldeak dagozkion eginkizunak zuzen betetzen dituela ikuskatzea, pertsonal hori lanpostura bertaratzen dela kontrolatzea, etab.

5. alegazioa, dirulaguntzei buruzko III.1.5 puntuari dagokiona.

Aztertutako bi dirulaguntza nominatiboak emateko ebazpenari dagokionez, honakoa nabarmendu nahi da:

1.– Betebehar eta konpromiso ekonomikoen, jarraipen eta kontrol mekanismoen, justifikazio epearen eta abarren betebehar eta konpromisoen erregulazio faltari dagokionez, dirulaguntzak emateko dekretuan bertan ez dira berariaz jasotzen aipatutako alderdi horiek; nolanahi ere, elkarteek dirulaguntza horiek justifikatzeko orduan eta beharrezko kontrol mekanismoak ezartzeko orduan, dirulaguntzen emakida arautzen duen udal ordenantzan jasotako irizpide guztiak aplikatu dira, bai eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legeak eta hura garatzen duen Errege Dekretuak ezarritakoak ere.

2.– Arautegi horretaz gain, dirulaguntza norgehiagokako deialdiaren arabera jasotzen duten beste elkarte batzuei aplikatutako irizpide eta betebeharrak ere aplikatu zaizkie. Kasu honetan urtero onartzen diren oinarri arautzaileetan jasotzen dira (2017ko deialdia, otsailaren 27ko 0709/2017 dekretua, martxoaren 14ko BAOn argitaratua, 51. zenbakia).

6. alegazioa, sozietate publikoei buruzko III.2. puntuari dagokiona.

1.– Bidebi Basauri SL enpresan dagoen goi zuzendaritzako kontratuari eta 3/2012 Legera egokitzeko faltari dagokienez, aipatu beharra dago argi dagoela manu hori bere egunean izenpetutako kontratuari aplikatu behar zaiola, baina, gure ustetan, hori ope legis azaltzen da, legeriaren indarraren ondorioz. Hala ere, ezarpen orokor hori jasotzen duen kontratuari eranskin bat gehitzeko aukera baloratuko da.

2.– Eta Behargintza Basauri-Etxebarri SL enpresak izapidetutako lau kontratu txikiei dagokienez, honakoa zehaztu beharra dago:

2.1.– Kontratu bakoitzaren xedea desberdina, nahiz eta guztiak prestakuntza ekintzak emateko zerbitzu kontratuak izan, guztiak desberdinak eta bestelakoak dira. Prestakuntza ekintza bakoitzak bere edukia, xedea eta baldintza propioak ditu eta ez dago prestazio desberdinak dituen unitate funtzionalik, banan-banan baliatzeko modukorik edo substantibitate propioa duenik. Ezin dugu hitz egin prestazio bakarreko loteei buruz, gaiaren identitateari buruz. Kontratu bakoitzak kontratazio espediente bakoitza osatzen duen dokumentazioan zehaztu eta definitutako xedea du, eta agerian dago xede desberdinak dituzten kontratu desberdinak ditugula.

2.2.– Zatikatzeko debekua kontuan hartzen da kontratazio espediente bakoitzaren barruan egitea aurreikusitako eduki bereko ikastaroetatik bakoitza banan-banan ez kontratatzeko orduan, betiere osotasunean hartuz prestakuntza ekintza bakoitza exekutatzeko epean zehar eman nahi diren ikastaro guztiak.

HKEEaren oharrak:

1.– Aipatutako erabakiak karrerako eta bitarteko funtzionarioei soilik aitortzen die osagarria eskuratzeko kolektibo izaera.


Azterketa dokumentala