Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

204. zk., 2019ko urriaren 25a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
4947

AGINDUA, 2019ko urriaren 2koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, 2019. urtean, zeinaren bidez arautu eta iragartzen baitira nagusiki gaztelania darabilten hedabideetan (eguneroko prentsan eta uhin bidezko irratietan) eta internet bidez albisteak euskaraz ere ematen dituzten berri-agentzietan euskararen erabilera areagotzeko dirulaguntzak.

Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuak Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu zituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatu zituen. Dekretu horren 14. artikuluak Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari, besteak beste, honako hauen inguruko egitekoak izendatu zizkion: hizkuntza-politika eta euskararen sustapena.

Bestalde, apirilaren 11ko 82/2017 Dekretuak, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duenak, honako zeregin hau ezarri zion Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzari bere 13.2.h) artikuluan (EHAA, apirilaren 21ekoa, 76. zk.): azaroaren 24ko 10/1982 Legea (Euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizkoa) eta gainerako xedapen osagarriak egoki garatzen eta aplikatzen direla zaintzea, hargatik eragotzi gabe Administrazioko beste organo batzuek horretarako espezifikoki dituzten egitekoak.

Halaber, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak bere egiten ditu Euskararen Aholku Batzordearen «Euskara 21. Itun Berritu Baterantz» izenburudun liburuan jasotako XXI. mendearen hasierako hizkuntza-politikaren lehentasunezko ildoak. Ondoren, Batzordeak euskararen erabilera areagotzea xede duen Euskara Sustatzeko Ekintza Plana (ESEP) onartu zuen. Plan hori, halaber, Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Batzordeak 2012ko uztailaren 24an onartu zuen eta Eusko Legebiltzarrak 2013ko irailaren 11n berretsi zuen. Ekintza-plan horrek «Itun Berritu Baterantz» dokumentuan bildutako lehentasunezko ildoak neurri zehatzez mamitu eta praktikara eramateko moduan egokitu ditu.

Euskara Sustatzeko Ekintza Planak jasotzen dituen lan-ildoen artean, honako hau aipa daiteke: erdal hedabideetan publiko zein pribatuetan, euskarazko edukien presentzia areagotzea, eta horretarako, ikus-entzunezko eta paperezko hedabideetan zein komunikabide digitaletan euskararen presentzia gehitzeko neurriak abian jarriko direla dio.

Izan ere, 2018ko urtarrilaren 31n, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 2018-2020 epealdiko Plan Estrategikoa onartu zuen. Izaera programatikoa duen Plan Estrategiko hau Sailaren politika antolatzeko tresna da, dirulaguntzen bidez, gizartearen intereserako den jarduera bat sustatzea jomuga duten jardun-arloetan. 2019ko urteko plana maiatzaren 6an onartu da eta hedabideentzako dirulaguntza deialdiak egitea aurreikusita dago.

Jarriak dauzkan zereginak betetze aldera, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak urtero-urtero deitu eta ebatzi izan ditu arloz arloko laguntza-deialdiak. Horien artean, aipatzekoa da euskarazko hedabideak sendotu, eraginkortu, garatu eta normalizatzeko dirulaguntza deialdia (Hedabideak deialdia).

Dirulaguntza deialdi horri kalterik egin gabe, oraingo aginduaren bidez, nagusiki gaztelania darabilten hedabideetan euskararen presentzia indartu nahi da, orain arte izan duena indartuz: eguneroko prentsan bai paperezko edizioan bai edizio digitalean, uhin bidezko irratietan eta internet bidez albisteak euskaraz ere ematen dituzten berri-agentzietan.

Hori guztia kontuan izanik, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da arautzea eta iragartzea nagusiki gaztelania darabilten hedabideetan (eguneroko prentsan), paperean zein inprimatutako egunkarien edizio digitaletan, uhin bidezko irratietan eta internet bidez albisteak euskaraz ere ematen dituzten berri-agentzietan, euskararen erabilera areagotzeko dirulaguntzak.

2. artikulua.– Epe-barrutia.

Deialdi honek laguntzagai diren egitasmoen 2019ko jarduna hartuko du kontuan, hau da, urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartekoa.

3. artikulua.– Onuradun izateko betekizunak.

1.– Hauek dira laguntza-modalitate honen hartzaileak: Europar Batasuneko, Europako Esparru Ekonomikoari buruzko Akordioa sinatu duen edozein estatutako naziotasuna edo helbide soziala duten pertsona fisiko edo juridiko pribatu guztiak, baldin eta jarduera ekonomikoren bat garatzen badute, gaitasun juridiko osoa eta jarduteko gaitasun osoa badute eta legalki eratuta badaude indarrean dagoen araudiaren arabera, eta agindu honen 4. artikuluan aipaturiko egitasmoak burutzen badituzte.

Hala ere, kanpoan geldituko dira bere kapital gehiena publikoa duten entitate pribatuak eta fundazio-ondarea edota gobernu- edo zuzendaritza-organoetan partaidetza gehiengo publikoa duten nagusiki publikoa duten entitateak.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak edo erakunde autonomiadunek ezaugarri bereko beste laguntza edo dirulaguntzaren batzuk eman izana dela-eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozeduraren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da onuradunei dirulaguntzak eman eta, kasua balitz, ordaindu ahal izateko. Halaber, itzulketa-prozedura horietatik eratorritako dirulaguntzak itzultzeko betebeharra bete ez dutenei ezin izango zaie dirulaguntzarik eman, ezta ordaindu ere.

3.– Laguntza-deialdi honetara ezin izango dira aurkeztu zigor eta administrazioaren arloan dirulaguntza publikoak jasotzeko debekurik dutenak, ezta laguntzak jasotzeko ezgaitzen dituzten legezko debekuetan sartuta daudenak ere. Era berean, ezin izango dira aurkeztu sexu arrazoiengatik diskriminaziorik egitearren zigortuak direnak, Emakume eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legeak xedatutakoaren arabera.

4.– Dirulaguntza hau ebazteko eta dagozkion ordainketak egin ahal izateko, dirulaguntzarik esleituz gero, eskatzaileak Ogasun eta Ekonomia Saileko Hirugarrenen Erregistroan alta emanda eduki beharko du.

4. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen egitasmoak.

1.– Honako hauek dira diruz lagundu daitezkeen egitasmoak:

A multzoa: eguneroko prentsa, egunkariak.

A1: nagusiki gaztelania darabilten paperean inprimatutako egunkariak.

A2: nagusiki gaztelania darabilten paperean inprimatutako egunkarien edizio digitalak.

B multzoa: Internet bidez albisteak euskaraz ere ematen dituzten berri-agentziak.

C multzoa: osorik euskaraz emititzen ez duten uhin bidezko irratiak.

2.– Nolanahi ere, ez dute laguntza mota honetan sarbiderik izango eta, ondorioz, kanpoan utziko dira Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak, Nafarroako Gobernuak eta Euskararen Erakunde Publikoa / Office Public de la Langue Basquek hizkuntza-normalkuntzarako sinatutako hitzarmen markoaren barruan 2019ko dirulaguntzen deialdian onuradun diren egitasmoak.

5. artikulua.– Diru-baliabideak.

1.– Begiz jotako xedeari aurre egiteko, 1.000.000 euro erabiliko dira:

A multzoan: 900.000 euro.

A1: 550.000 euro.

A2: 350.000 euro.

B multzoan: 50.000 euro.

C multzoan: 50.000 euro.

2.– Dena den, ebazpen-proposamena lantzerakoan, balorazio-batzordeak, multzo bakoitzean dauden diru-baliabideak kontuan izanik, multzo jakin batean diru-soberakina izan eta besteren batean diru falta badago, diru-soberakinen birbanaketa egitea proposatuko du.

Birbanaketa hori egiterakoan A2 azpi-multzoak izango du lehentasuna eta, multzo horren premiak bete ondoren, gainontzeko multzoenak beteko dira. Bigarren birbanaketa egiterakoan, multzoen beharrak izango dira gogoan. Horretarako, multzo bakoitzean eskatutakoaren eta esleitutakoaren arteko aldeak hartuko dira aintzakotzat, horiek estaltzeko beharrezkoak diren formulak erabiliz. Horrela jasoko da balorazio-batzordeak Hizkuntza Politikarako sailburuordeari egingo dion proposamenean, azken honek dagokion erabakia har dezan.

Diru hori Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan jarritako aurrekontu-ataletik hartuko da.

6. artikulua.– Eskatzaileek egiaztatu beharreko zenbait baldintza eta horiek egiaztatzeko modua.

1.– Eskatzaileak egiaztatu beharreko zenbait baldintza:

1.1.– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak beteta izatea.

1.2.– Eskatzailea den entitate pribatuaren kapitala ez izatea gehiena publikoa eta gainera fundazio-ondarea edota gobernu- edo zuzendaritza-partaidetza ez izatea nagusiki publikoa.

1.3.– Ez izatea dirulaguntzak edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dion administrazio-zehapen edo zehapen penalik, ez eta laguntzak jasotzeko gaitasuna kentzen dion lege-debekurik ere.

1.4.– Ez izatea inolako zigorrik sexu arrazoiengatik diskriminaziorik egitearren, otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, Emakume eta Gizonen berdintasunari buruzkoak, xedatutakoaren arabera.

1.5.– Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eta Euskararen Erakunde Publikoa / Office Public de la Langue Basquek hizkuntza-normalkuntzarako sinatutako hitzarmen markoaren baitan 2019ko dirulaguntzen deialdian onuraduna ez izatea.

1.6.– Burutu nahi den egitasmoa egin ahal izateko jabetza intelektualari loturiko elementuen ustiapen-eskubideen jabea izatea.

2.– Baldintzak egiaztatzeko modua:

2.1.– Dirulaguntzaren eskatzaileak egunean izan behar ditu indarrean dauden xedapenek ezarritako zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak, erregelamenduz zehaztutako moduan. Hori egiaztatzea dirulaguntzaren organo kudeatzaileari dagokio. Azken honek behar adina aldiz egiaztatu ahal izango du, eskatzailearen aldez aurreko baimenik gabe, horrela araututa baitago honako xedapen honetan: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.3 artikuluan. Hala ere, eskatzaileak baimen hori berariaz ukatu dezake, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22.4 artikuluan ezarri bezala. Kasu horretan edo eskatzailearen helbide fiskala Espainiako Estatutik kanpo egonez gero, interesdunak dagozkion egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu. Era berean, eskatzailearen helbide fiskala Nafarroan baldin badago, kontuan izanik elkarreragingarritasun zerbitzuek ez dutela horrelako zerbitzurik ematen, interesdunak zerga-betebeharrak beteta dauzkala adierazten duen ziurtagiri eguneratua aurkeztu beharko du. Kasu horietan guztietan ziurtagiriak, gehienez ere, 6 hilabete lehenago egindakoak izango dira.

2.2.– Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.6 eta 51.1 bis artikuluei jarraituz, eskabidearekin batera egindako ardurapeko adierazpen baten bitartez, honako betebehar hauek egiaztatuko dira:

– Helburu bererako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo beste baliabide batzuk eskatu, eta, hala badagokio, jaso dituela adierazi beharko du eskatzaileak, edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik etorriak direla ere.

– Eskatzailea den entitate pribatuaren kapitala ez dela gehiena publikoa eta, horrez gainera, fundazio-ondarea edota gobernu- edo zuzendaritza-partaidetza ez dela nagusiki publikoa.

– Eskatzaileak ez duela dirulaguntzak edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dion administrazio-zehapen edo zehapen penalik, ez eta laguntzak jasotzeko gaitasuna kentzen dion lege-debekurik ere. Era berean, ez duela inolako zigorrik sexu arrazoiengatik diskriminaziorik egitearren, Emakume eta Gizonen berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legeak xedatutakoaren arabera.

– Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eta Euskararen Erakunde Publikoa / Office Public de la Langue Basquek hizkuntza-normalkuntzarako sinatutako hitzarmen markoaren baitan 2019ko dirulaguntzen deialdian onuraduna ez dela.

– Burutu nahi den egitasmoa egin ahal izateko jabetza intelektualari loturiko elementuen ustiapen-eskubideen jabea dela.

– Egiazkoak direla eskabide-orriko datuak eta haiei erantsitako agiriak eta indarrean den araudian dirulaguntza jasotzeko ezarritako betekizun guztiak betetzen dituela.

2.3.– Ogasun eta Ekonomia Sailaren Hirugarrenen Erregistroan egon ezean, edo bertan dauden bankuaren datuak aldatu nahi izanez gero, nahiz bide presentziala, nahiz elektronikoa erabili, honako gune honetan aurkitu daiteke informazioa: http://www.euskadi.eus/r33-2288/eu/contenidos/autorizacion/alta_terceros/eu_7999/hirugarrenaren_alta.html/

2.4.– Artikulu honetan aurreikusi gabekoari dagokionez, dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan ezarritakoa aplikatu beharko da.

7. artikulua.– Dirulaguntza honetan parte hartu ahal izateko diruz lagundu daitezkeen egitasmoen baldintzak.

1.– Dirulaguntza deialdi honetara aurkezten den egitasmoak 2019ko urtarrilaren 1ean kalean izan behar du ezinbestean, ohiko maiztasunarekin edo jardunarekin.

2.– Era berean, honako baldintza berezi hauek bete beharko dira:

2.1.– A multzoari (egunkariak, A1 eta A2) dagozkion baldintza bereziak:

a) Paperezko egunkaria legezko gordailuaren edota ISSN delakoaren jabea izatea. Besterik ezean, zenbakion eskabidea tramitatua izatea.

b) Gutxieneko kalitate-estandarrak betetzea (irudiari, diseinuari eta euskararen erabilerari dagokienez).

c) Paperezko egunkariak banaketa-sistema gardena eta agerikoa izatea (ez da soilik harpidedunei edo bazkideei banatutako egunkaria izango).

d) Paperezko egunkaria euskararen eremu geografikoan editatua izatea.

e) Paperezko egunkariaren edizio digitala izatea. Horiek horrela, paperean inprimatutako egunkariaren edizio digitalean, doan eta era librean, barneratutako albisteak soilik diruz lagunduko dira.

f) Paperezko egunkaria doakoa ez izatea.

g) Paperezko egunkariaren maiztasuna, urtean zehar, 310 aletik gorakoa izatea.

h) Euskararen presentziari dagokionez, honako hauek beteko dituzte:

A1 multzoan:

– Gutxienez 10 orrialde argitaratuko dira astean euskaraz.

– Euskarazko albisteak egunkariaren hainbat sailetakoak izango dira: kultura, politika, kirola, ekonomia, nazioarteko politika, gizartea...

– Euskarazko albisteak originalak izango dira. Hots, deialdi honetan laguntzagai den beste hedabide edo euskarri baten aldaerarik ez da onartuko. Hau da, deialdi honetan laguntzagai diren albisteak ez dira birritan diruz lagunduko.

A2 multzoan:

– Harpidetzarik gabeko edizio digitaletan kokatutako euskarazko albiste «irekiak» izatea, hau da, harpidetzarik gabekoak, hain zuzen ere. Diruz lagunduko dira soilik era irekian eta librean eskaintzen diren doako albisteak.

– Gutxienez 6 albiste berri argitaratuko ditu egunero euskaraz. Albiste horiek interfazean bistan egongo dira aldi berean eguneko 24 orduetan, eta aldagarriak izango dira egunean zehar. Era berean, hemerotekan ere ikusgai egongo dira. Euskarazko albisteak egunkariaren hainbat sailetakoak izango dira: kultura, politika, kirola, ekonomia, nazioarteko politika, gizartea...

– Euskarazko albiste bakoitzak 1.500 karaktere (zuriuneekin) izango ditu gutxienez. Karaktere kopurua txikiagoa bada, albiste kopurua handiagoa izango da, ondoren adierazitako proportzioan:

>500 eta < 1000 karaktere: 6 x 2,5 = 15 albiste.

>1000 karaktere: 6 x 1,5 = 9 albiste.

– Euskarazko albisteak originalak izango dira. Hots, deialdi honetan laguntzagai den beste hedabide baten aldaerarik ez da onartuko. Hau da, deialdi honetan laguntzagai diren albisteak ez dira birritan diruz lagunduko.

– Astero hautatutako gai baten inguruan euskara hutsezko erreportaje bat egingo du gutxienez.

– Sare sozialak (twitter, facebook...) presente egongo dira ezinbestean euskarazko albisteetan.

i) Webguneek bisita eta bisitariak neurtzeko neurgailua eduki behar dute. Neurgailuak honako baldintza hauek bete beharko ditu:

– Argi bereizita agertu beharko dira gutxienez honako datu hauek: bisitak («saioak») eta bisitariak («erabiltzaileak»), hilabeteka eta urteka.

Eskatzaileak datu horiek jasotzen dituen urteko zein hilabeteko txostena aurkeztuko dio Euskara Sustatzeko Zuzendaritzari.

2.2.– B multzoari (Internet bidez albisteak euskaraz ere ematen dituzten berri-agentziak) dagozkion baldintza bereziak:

a) Gutxieneko kalitate-estandarrak bete behar dira (irudiari, diseinuari eta hizkuntzaren erabilerari dagokienez).

b) Egunero, gutxienez, 12 albiste berri zabaldu beharko dira euskaraz, jarduera hori urte osoan gauzatuz.

c) Webguneek bisita eta bisitariak neurtzeko neurgailua eduki behar dute. Neurgailuak honako baldintza hauek bete beharko ditu:

– Argi bereizita agertu beharko dira gutxienez honako datu hauek: bisitak («saioak») eta bisitariak («erabiltzaileak»), hilabeteka eta urteka.

Eskatzaileak datu horiek jasotzen dituen urteko zein hilabeteko txostena aurkeztuko dio Euskara Sustatzeko Zuzendaritzari.

2.3.– C multzoari (euskara hutsean emititzen ez duten uhin bidezko irratiak) dagozkion baldintza bereziak:

a) Emisio orduetatik % 85 euskarazkoa izatea.

b) Emisioa zuzenekoa izatea.

c) Urte osoan zehar emititu behar dituzte irrati-programak.

– Emisio-orduak: astean, gutxienez, 25 ordu euskaraz emititzea. Aipaturiko emisio-orduen zenbaketa egiterako orduan ez da norberak aurretiaz emititutako programen birjartzeari dagokion ordu-kopurua kontuan hartuko, ezta musika hutsezko programei dagokiena ere. Era berean, ez dira inoren programa edo informazio-tartearen aldi bereko zein diferitutako emanaldiei dagozkien orduak kontuan hartuko.

2.4.– Nolanahi ere, hurrengo hauek ez dira albiste bezala kontuan hartuko: 500 karakteretik beherakoak, eskelak, zorion-agurrak, publizitatea, zuzendariari bidalitako gutunak eta «agenda-ekitaldiak» izeneko atalean sar daitezkeenak. Bideoei dagokienez, agindu honen eragin-esparruan, bideo-klipak eta antzerakoak kanpoan geratuko dira.

3.– Egitasmo orok gastu- eta sarrera-aurrekontu orekatua izan behar du, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzari egindako diru-eskabidea aintzat hartuta. Ondorioz, aurrekontu orekaturik ez duen egitasmoa deialditik kanpo utziko da.

4.– Egitasmo orok gastu-aurrekontuaren % 40ko gutxieneko finantzaketa-maila propioa izan behar du, ezinbestean.

8. artikulua.– Dirulaguntzen kudeaketa.

Deialdi honen kudeaketa Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Euskara Sustatzeko Zuzendaritzari dagokio.

9. artikulua.– Dirulaguntzaren nondik norakoa, zertarakoa eta zenbatekoa.

1.– Ondorengoak joko dira agindu honetan jasotako araudiaren babesean diruz laguntzeko moduko gastuak: eskatzaileak aurkeztutako jardueraren gaineko aurrekontu banakatu eta xehatuan agertzen diren gastuak, baldin eta ezbairik gabe jarduera garatzearekin lotura zuzena badute. Beraz, laguntza-deialdiak honako gastu hauek baino ez ditu gogoan hartuko: euskarazko albisteen prestakuntza-, gauzatze- eta zabaltze-lanei zuzen-zuzenean egotzitako gastuak eta hori guztia kudeatzeko bestelako gastuak. Nolanahi ere, euskara ez den beste hizkuntza bati dagozkion lanek ekarritako gastuak kanpo utziko dira.

2.– Dirulaguntza honen bitartez aurreko atalean zehaztutako gastuak soilik lagunduko dira. Nolanahi ere, kanpoan utziko dira honako hauek:

a) Patrimonializa daitekeen ibilgetu materialean egindako inbertsioak.

b) Balio Erantsiaren gaineko Zergari (BEZ) dagokion gastua ez da kontuan hartuko. Hala ere, BEZa berreskuratu ezin duten erakunde onuradunen kasuan, gastutzat hartuko da, eta erakundeok dagokien foru-aldundiko ogasun-sailaren ziurtagiri bidez egiaztatu beharko dute hori.

c) Artikulu honen arabera ez laguntzeko moduko gastutzat jotzen diren horiek (neurriz kanpokoak direlako edo zuzenean zerikusia ez dutelako) agertzen badira eskatzaileak aurkezten duen aurrekontuan, Balorazio-batzordeak ezabatu edo araztu egingo ditu, dirulaguntza kalkulatzeko beharrezkoa den oinarrizko gastu-aurrekontua zehaztu ahal izateko.

Aurreko atalean aipaturiko kontraste-lanaren ondorioz eskatzaileak adierazitako gastu-aurrekontuari aldaketaren bat egin behar izanez gero, beste horrenbesteko aldaketa egingo zaie adierazitako sarrera-aurrekontuari eta eskatutako dirulaguntzari, betiere gastu-aurrekontua aldatu den proportzio berean. Horiek izango dira, hain zuzen ere, onartutako gastu-aurrekontua eta onartutako laguntza-eskabidea. Horrelakoetan, beraz, dirulaguntza kalkulatzeko orduan, onartutako gastu-aurrekontua, onartutako laguntza-eskabidea eta eskabide-orrian zehaztutako finantzaketa-maila propioa hartuko dira erreferentzia-oinarritzat.

3.– Agindu honen 7.4 artikuluan aipaturiko finantzaketa propioa honako diru-sarrera hauez osatuta egongo da:

a) Eskatzailearen diru-ekarpenak.

b) Zerbitzuen salmentatik eskuratutakoak.

c) Produktuen salmentatik eskuratutakoak.

d) Publizitatetik eskuratutakoak.

e) Entitate pribatuetatik jasotakoak.

Diru-sarrera horien berri zehatza emango da eskabidearekin batera bete beharreko formularioan.

4.– Defizitarioak diren egitasmoei bakarrik eman ahal izango zaie dirulaguntza. Hots, aurreikusitako gastuak, eskatzaileak ezinbestean jarri beharreko finantzaketa propioarekin zein bestelako dirulaguntza publikoekin berdindu ezin dituzten egitasmoei. Ondorioz, egoera horretan aurkitzen ez den egitasmoa kanpo utziko da. Gastu-aurrekontuari dagokionez, dirulaguntza emateko, gehienez 400.000 euroko aurrekontua hartuko da oinarri bezala.

5.– Egitasmo bakoitzari esleitutako dirulaguntza, gehienez ere, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzari eskatutakoa bestekoa izango da eta, gutxienez, 2.000 eurokoa. Gutxieneko kopuru horretatik beherakorik ez da esleituko. Ondorioz, egoera horretan aurkitzen den egitasmoa ez da diruz lagunduko.

6.– Dirulaguntza bateragarria da edozein erakunde publikok zein pribatuk xede berberaz eman ditzaketenekin, betiere, gainfinantzaketarik ez bada. Agindu honen epe-barrutia amaitu eta 22. artikuluan finkatutako justifikazioari ekin eta gero gainfinantzaketarik gertatu dela ikusten bada, dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, betiere 20. artikuluan zehaztutako bideari jarraituz. Murrizketa hori gainfinantzaketa adinakoa izango da.

10. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea eta modua.

1.– Eskabideak honako epe honetan aurkeztu ahal izango dira: agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hilabeteko epean.

2.– Pertsona fisikoek eskabideak aurrez aurre edo bide elektronikoa erabiliz aurkeztu ahal izango dituzte. Nolanahi ere, dirulaguntzaren eskabidea eta dokumentazioa aurkezterakoan bide bat erabiltzeak –presentziala nahiz elektronikoa– ez du prozeduraren hurrengo pausoetan bide bera erabiltzera behartzen, eta edozein unetan alda daiteke batetik bestera.

Eskabideak aurrez aurre aurkeztu ahal izango dira Zuzenean Zerbitzuko bulegoetan, EAEko erregistro laguntzaileetan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan jasotakoak) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean.

3.– Pertsona juridikoek eskabideak bide elektronikoa erabiliz aurkeztu beharko dituzte. Era berean, bide horri jarraituko diote prozeduraren gainerako pausoetan ere.

4.– Eskabideak, ardurapeko adierazpenak, zuriketak eta ereduen gaineko zehaztapenak nola izapidetu, izapidetze presentzialaren zein elektronikoaren bidez, euskadi.eus-eko gune elektroniko honetan dago eskuragarri: https://euskadi.eus/diru_laguntza/-/2019/gaztelaniazko hedabideak/eu/

5.– Eskaeraren ondorengo izapideak gune elektroniko honen bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta/

6.– Eskatzaileek nahi duten hizkuntzan, euskaraz edo gaztelaniaz, aurkez ditzakete eskabideak eta haiei lotutako dokumentazioa. Halaber, dirulaguntza eskaeraren ondoriozko jardunetan eta prozedura osoan, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoari jarraituz.

11. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Laguntza-deialdi honetan parte hartu nahi duten pertsona fisikoek edo juridikoek, eskabidearekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu behar dituzte:

1.– Eskatzaileari dagokion dokumentazioa.

1.1.– Pertsona juridiko pribatuak:

Kasu guztietan entitatea legalki eratuta dagoela ziurtatu behar da. Era berean, legezko ordezkariaren nortasuna eta azken honek ordezkapena egiteko legezko ahalmena duela adierazteaz gain, eskatzailearen jarduera arautzen duten arau hauek ere egiaztatuko dira:

– Entitatearen legezko eraketa: sorrerako eskritura edo agiria, estatutuak edo sorrerako egintzaren berri ematen duen agiria.

– Eskatzailearen IFZ.

Eskatzailea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko Erregistroetan dagoen fundazioa, elkartea edo kooperatiba bada, ez ditu aurkeztu beharko entitatearen legezko eraketa egiaztatzeko eskatutako dokumentuak. Kasu horretan, nahikoa izango du hori adieraztea, eta Euskara Sustatzeko Zuzendaritzak ofizioz konprobatuko du entitatea delako erregistro horretan dagoela.

1.2.– Pertsona fisikoak:

– Autonomoen Erregimenean edo dagokion lan-mutualitatean alta emanda dagoela egiaztatzea.

Eskatzaileak 1.1 edo 1.2 apartatuetan aipatzen diren agiriak aldez aurretik Administrazioan aurkeztu baditu eta indarrean badaude, ez ditu berriz aurkeztu beharko. Kasu horretan, Administrazioak ofizioz konprobatuko du. Horretarako nahikoa izango da eskabidean adieraztea zein Sailetan edo Zuzendaritzatan aurkeztu ziren.

2.– Eskatzaile bakoitzak egitasmo bakarra aurkezteko aukera izango du multzo bakoitzean. Nolanahi ere, nagusiki gaztelania darabilten paperean inprimatutako egunkarien edizio digitalen kasuan, eskatzaileek biltzeko aukera izango dute egitasmo bakar bat aurkezteko.

3.– Diruz lagundu daitekeen egitasmoari dagokion dokumentazioa:

3.1.– A multzoa: nagusiki gaztelania darabilten paperean inprimatutako egunkariak eta edizio digitalak:

– Eskabidea.

– Formularioak: egitasmoaren deskribapen teknikoa eta adierazitako gastu-aurrekontua. 9. artikuluan finkatutakoaren haritik, honako hau ikusiko da: laguntza-deialdira aurkeztutako egitasmoaren gauzatzeari, ez besteri, zuzenean egozgarri zaizkion gastuak baino ez daudela jasota adierazitako gastu-aurrekontuan.

Aurreko atalean aipaturiko kontraste-lanaren ondorioz eskatzaileak adierazitako gastu-aurrekontuari aldaketaren bat egin behar izanez gero, beste horrenbesteko aldaketa egingo zaie adierazitako sarrera-aurrekontuari eta eskatutako dirulaguntzari, betiere gastu-aurrekontua aldatu den proportzio berean. Horiek izango dira, hain zuzen ere, onartutako gastu-aurrekontua eta onartutako laguntza-eskabidea. Horrelakoetan, beraz, dirulaguntza kalkulatzeko orduan, onartutako gastu-aurrekontua, onartutako laguntza-eskabidea eta eskabide-orrian zehaztutako finantzaketa-maila propioa hartuko dira erreferentzia-oinarritzat.

– Urtarrilaren 1etik Agindua argitaratzen den egunera arte euskaraz argitaratutako albisteen zein erreportajeen zerrenda, paperean zein digitalean.

– Egokitzat jotzen den beste edozein informazio osagarri.

3.2.– B multzoa: Internet bidez albisteak euskaraz ere ematen dituzten berri-agentziak:

– Eskabidea.

– Formularioak: egitasmoaren deskribapen teknikoa eta adierazitako gastu-aurrekontua. 9. artikuluan finkatutakoaren haritik, honako hau ikusiko da: laguntza-deialdira aurkeztutako egitasmoaren gauzatzeari, ez besteri, zuzenean egozgarri zaizkion gastuak baino ez daudela jasota adierazitako gastu-aurrekontuan.

Aurreko atalean aipaturiko kontraste-lanaren ondorioz eskatzaileak adierazitako gastu-aurrekontuari aldaketaren bat egin behar izanez gero, beste horrenbesteko aldaketa egingo zaie adierazitako sarrera-aurrekontuari eta eskatutako dirulaguntzari, betiere gastu-aurrekontua aldatu den proportzio berean. Horiek izango dira, hain zuzen ere, onartutako gastu-aurrekontua eta onartutako laguntza-eskabidea. Horrelakoetan, beraz, dirulaguntza kalkulatzeko orduan, onartutako gastu-aurrekontua, onartutako laguntza-eskabidea eta eskabide-orrian zehaztutako finantzaketa-maila propioa hartuko dira erreferentzia-oinarritzat.

– Urtarrilaren 1etik eskabidea egiten den egunera arte argitaratutako albisteen zerrenda.

– Egokitzat jotzen den beste edozein informazio osagarri.

3.3.– C multzoa: euskara hutsean emititzen ez duten uhin bidezko irratiak:

–. Eskabidea.

– Formularioak: egitasmoaren deskribapen teknikoa eta adierazitako gastu-aurrekontua. 9. artikuluan finkatutakoaren haritik, honako hau ikusiko da: laguntza-deialdira aurkeztutako egitasmoaren gauzatzeari, ez besteri, zuzenean egozgarri zaizkion gastuak baino ez daudela jasota adierazitako gastu-aurrekontuan.

Aurreko atalean aipaturiko kontraste-lanaren ondorioz eskatzaileak adierazitako gastu-aurrekontuari aldaketaren bat egin behar izanez gero, beste horrenbesteko aldaketa egingo zaie adierazitako sarrera-aurrekontuari eta eskatutako dirulaguntzari, betiere gastu-aurrekontua aldatu den proportzio berean. Horiek izango dira, hain zuzen ere, onartutako gastu-aurrekontua eta onartutako laguntza-eskabidea. Horrelakoetan, beraz, dirulaguntza kalkulatzeko orduan, onartutako gastu-aurrekontua, onartutako laguntza-eskabidea eta eskabide-orrian zehaztutako finantzaketa-maila propioa hartuko dira erreferentzia-oinarritzat.

– Irrati-zerbitzua emateko lizentzia.

12. artikulua.– Aurkeztutako eskabidean eginiko akatsen zuzenketa.

Ikusten bada eskabidea onartzeko eskatzen den dokumentazioan zerbait falta dela edo forma-akatsak daudela, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela, 10 egun balioduneko epea emango zaio interesdunari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko. Era berean, ohartarazi egingo zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, aurrez jakinaraziko zaion ebazpen baten bidez, edo dagokion izapidea egiteko eskubidea galduko duela.

Pertsona juridikoren batek aurrez aurre aurkezten badu eskaera, aurkezpen elektronikoaren bitartez zuzen dezala eskatuko zaio. Ondorio horietarako, zuzenketa hori egin den eguna joko da eskaeraren aurkezpen datatzat.

13. artikulua.– Esleipen-prozedura.

1.– Agindu honen babesean emango diren dirulaguntzak lehiaketa-prozeduraren bidez esleituko dira, betiere ezarritako mugak errespetatuz eta finkatutako irizpideak erabiliz. Eskabideei buruzko ebazpen-proposamena landu eta diruzko zenbatekoak finkatu ahal izateko, zeregin horretarako berariaz eratutako Balorazio-batzordeak honako urrats hauek emango ditu, hurrenez hurren:

1.1.– Adierazitako aurrekontuari eta eskatutako dirulaguntzari dagokienez:

a) Eskabide-orrian adierazitako gastu-aurrekontua eta eskatutako dirulaguntzaren zenbatekoa hartuko dira abiapuntutzat.

b) 9. artikuluan finkatutakoaren haritik, honako hau ikusiko da: laguntza-deialdira aurkeztutako egitasmoaren gauzatzeari, ez besteri, zuzenean egozgarri zaizkion gastuak baino ez daudela jasota adierazitako gastu-aurrekontuan.

c) Aurreko atalean aipaturiko kontraste-lanaren ondorioz eskatzaileak adierazitako gastu-aurrekontuari aldaketaren bat egin behar izanez gero, beste horrenbesteko aldaketa egingo zaie adierazitako sarrera-aurrekontuari eta eskatutako dirulaguntzari, betiere gastu-aurrekontua aldatu den proportzio berean. Horrelakoetan, dirulaguntza kalkulatzeko orduan, onartutako gastu-aurrekontua, onartutako laguntza-eskabidea eta eskabide-orrian zehaztutako finantzaketa-maila propioa hartuko dira erreferentzia-oinarritzat. Kostu estimatua kalkulatzeko kontuan hartuko dira Eusko Jaurlaritzako erakundeetako prezio publikoak (adibidez, honako tarifa hauek hartuko dira kontuan: itzulpenetarako IVAPek dituenak, eta lan informatikoetarako Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkarteak dituenak).

d) Kontraste-lan horren ondorioz onartutako gastu-aurrekontua eskatzaileak adierazitakoa baino handiagoa bada, adierazitako gastu-aurrekontua hartuko da, eskatutako dirulaguntzarekin eta eskabide-orrian zehaztutako finantzaketa-maila propioarekin batera, dirulaguntza kalkulatzeko erreferentzia-oinarritzat.

1.2.– Puntuei dagokienez:

a) Egitasmo bakoitzari dagozkion puntuak 14. artikuluan zehaztutako balorazio-irizpideen eta horietako bakoitzaren zehaztapenaren arabera finkatuko dira.

b) Puntu horiek onartutako gastu-aurrekontuaren estalpen-indizea zehaztuko dute. Estalpen-indize hori Balorazio-batzordeak zehaztuko du, betiere puntu-tarteak finkatu eta gero. Balorazio-batzordeak multzo bakoitzerako puntuazio tarteak eta horiei dagozkien estalpen-indizeak ezarriko ditu.

2.– Egitasmo bakoitzari esleitu beharreko laguntza-kopurua zehazteko orduan, 9.5 artikuluan finkatutako mugak gordeko dira.

3.– Aurreko puntuetan esandako moduan kalkulatutako dirulaguntzen baturak diru-baliabideen muga gainditzen badu, kasuan kasu esleitu beharreko diru-kopurua banaketa-sistema proportzionalaren arabera finkatuko da.

4.– Ebazpen-proposamena lantzerakoan, Balorazio-batzordeak, multzo bakoitzean dauden diru-baliabideak kontuan izanik, multzo batean diru soberakina izan eta bestean diru-falta balego, diru-soberakinak batetik bestera pasatzea proposatuko du eta horrela jasoko da Hizkuntza Politikarako sailburuordeari egingo dion proposamenean, azken honek dagokion erabakia eman dezan.

14. artikulua.– Balorazio-irizpideak.

1.– Laguntza-eskabideei buruzko ebazpen-proposamena landu eta diruzko zenbatekoak finkatzeko orduan, zeregin horretarako berariaz eratutako Balorazio-batzordeak honako irizpide eta balio hauek izango ditu kontuan:

1.1.– A multzoa (900.000,00 euro).

A1.– Nagusiki gaztelania darabilten paperean inprimatutako egunkariak:

a) Finantzaketa-maila propioa: gehienez ere 15 puntu.

b) Albisteen trataera: euskararen presentziaren kantitatea (betiere, 7.2.1.h) puntuan dioen gutxienekotik gora), euskarazko albisteen ikusgarritasun-maila, erabilgarritasuna eta askotarikotasuna eta, azkenik, genero-ikuspegiaren integrazioa: gehienez ere 40 puntu.

c) Euskaraz sorturiko orri kopurua: 30 puntu.

d) Zabalkundea: kontuan hartuko da hedabideak bere eragin-eremuan duen irismen-maila:15 puntu.

A2.– Nagusiki gaztelania darabilten paperean inprimatutako egunkarien edizio digitalak:

a) Finantzaketa-maila propioa: gehienez ere 15 puntu.

b) Albisteen trataera: euskararen presentziaren kantitatea (betiere, 7.2.1.h) puntuan dioen gutxienekotik gora), euskarazko albisteen ikusgarritasun-maila, erabilgarritasuna eta askotarikotasuna (bai euskarriari dagokionez -bideo, twitter eta edozein sare sozialetako erabilera esan nahi da- bai aztergaiari dagokionez -gazteria, kirola, aisialdia, politika...-) eta, azkenik, genero-ikuspegiaren integrazioa: gehienez ere 55 puntu.

c) Bisitatutako orrialde kopurua: gehienez ere 30 puntu.

1.2.– B multzoa: Internet bidez albisteak euskaraz ere ematen dituzten berri-agentziak. (50.000 euro-):

a) Finantzaketa-maila propioa: gehienez ere 15 puntu.

b) Sortutako eta zabaldutako albisteen kopurua eta kalitatea: albisteen barietatea eta horien lanketa-maila (landutako albisteak izatea, kronika pertsonalizatuak, elkarrizketak, lekukotasun-erreportajeak eta abar), erabilgarritasuna, informazioaren eguneraketa, gaien aniztasuna eta, azkenik, genero-ikuspegiaren integrazioa: gehienez ere 55 puntu.

c) Bezero-kopurua eta bisitatutako orrialde kopurua: gehienez ere 30 puntu.

1.3.– C multzoa. Euskara hutsean emititzen ez duten uhin bidezko irratiak. (50.000)

a) Finantzaketa-maila propioa: gehienez ere 15 puntu.

b) Emisio-orduak (7. artikuluan finkatutako gutxieneko 25 ordutik gorako orduak): gehienez ere 15 puntu.

c) Programa-motak eta edukiak: gehienez ere 10 puntu.

d) Audientzia, eragin-eremua kontuan hartuz: gehienez ere 60 puntu.

2.– Aurreko puntuan aipaturiko irizpide berezietako bakoitzari dagokion puntuazioaren zehaztapena multzo bakoitzerako berariaz prestatutako ponderazio-taula batean jasoko da. Balorazio-batzordeak horrela proposatuta, multzo bakoitzak bere puntuazio tarteak eta estalpen indizeak izango ditu. Taula hori Balorazio-batzordeak Hizkuntza Politikarako sailburuordeari egin beharreko ebazpen-proposamenari erantsiko zaio.

15. artikulua.– Balorazio-batzordea.

1.– Aurkeztutako eskabideak aztertzeko eta ebaluatzeko, berariazko Balorazio-batzorde bat osatuko da.

2.– Balorazio-batzordea honako pertsona hauek osatuko dute:

a) Estibaliz Alkorta Barragán, Euskara Sustatzeko zuzendaria, batzordearen buru izango dena.

b) Jokin Azkue Arrastoa, HABEren zuzendari nagusia, batzordearen buruordea izango dena. Ordezkoa, Josune Zabala Alberdi, Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendaria.

c) Miren Edurne Ramon Olano, Euskara Sustatzeko Zuzendaritzako Sustapen Zerbitzuaren arduraduna. Ordezkoa, Araceli Díaz de Lezana, Euskara Sustatzeko Zuzendaritzako Estandarizazio Zerbitzuaren arduraduna.

Balorazio-batzordeak idazkaria izango du. Pablo Mendizabal Arnáez, Euskara Sustatzeko Zuzendaritzako teknikaria. Ordezkoa, Jose Miguel Odriozola Mujika, Euskara Sustatzeko Zuzendaritzako teknikaria. Idazkari-lanak egingo ditu eta hitza izango du, baina ez botorik.

3.– Balorazio-batzordea eratu aurretik, interesdunek errefusatzeko duten eskubidea erabiltzeko aukera izango dute, legez ezarritako egoera eta baldintzetan.

4.– Aurkeztutako egitasmoak baloratzeko, Balorazio-batzordeak iritzia eskatu ahal izango die adituei.

5.– Balorazio-batzordeak, deialdi honetan finkatutako irizpideak eta mugak kontuan izanik, ebazpen-proposamena landuko du eta Hizkuntza Politikarako sailburuordeari aurkeztuko dio, honek, zuzen eta bidezko joz gero, behin betiko ebazpena eman dezan. Aipaturiko proposamenak, honako atal hauek izango ditu gutxienez:

a) Atzera egindako eskaeren zerrenda eta dirulaguntzarik jaso ez duten eskabideena, ez jasotzeko izandako arrazoiak azalduz.

b) Diruz lagundutako egitasmoen zerrenda; onartutako gastu-aurrekontua, baldin eta adierazitako gastu-aurrekontua aldatu bada; lortutako puntuak osotara, eta dirulaguntzaren zenbatekoa.

16. artikulua.– Ebazpena.

1.– Balorazio-batzordearen proposamena ikusita, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak agindu honek arautzen dituen dirulaguntzak esleitzeko ebazpena emango du. Ebazpen hori sei hilabeteko epean jakinaraziko die interesdunei, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

2.– Ebazpenak baztertuta geratu diren egitasmoen, diruz lagundutakoen eta diruz lagunduko ez diren egitasmoen berri emango du. Aurrekoari kalterik egin gabe, dirulaguntzak esleitzeko ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, herritar orok jakin dezan eta ebazpenak jakinarazpen ondorioak izan ditzan. Hala ere, argitalpena ez da oztopoa izango beste mota bateko jakinarazpena egiteko. Interesdunari bide batetik baino gehiagotatik egiten bazaio jakinarazpena, lehenik egin zaionarena hartuko da jakinarazpen-datatzat, 39/2015 Legearen 41.7 artikuluak ezarritakoari jarraituz.

3.– Epea amaitu eta interesdunak inolako jakinarazpenik jaso ez badu, eskabidea gaitzetsitzat joko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan ezarritako ondorioetarako.

4.– Laguntza-eskatzaileren bat hartutako ebazpenarekin ados ez bada eta gora jo nahi badu, ebazpena berariaz jakinarazi eta hurrengo egunetik hilabeteko epean Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari gorako errekurtsoa aurkezteko aukera izango du.

17. artikulua.– Dirulaguntzaren onarpena.

1.– Dirulaguntzaren onuradunak esleitutako dirulaguntza onartu egin behar du. Ondorioz, dirulaguntza esleitu zaiola adieraziz Euskara Sustatzeko Zuzendaritzak bidalitako jakinarazpena jaso eta 10 egun balioduneko epean, dirulaguntza onartu egiten duela adieraziko du.

2.– Dirulaguntzaren onuradunak epe horretan onartzen ez badu, laguntzari uko egiten diola ulertuko da.

18. artikulua.– Onuradunaren betebeharrak.

1.– Agindu honetan arautzen diren dirulaguntzen onuradunek, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginean finkaturiko betebeharrez gain, honako betebehar hauek ere izango dituzte:

a) Dirulaguntza eskabide-orrian zehaztutako helburu zehatzerako erabili beharko dute.

b) Eskabide-orrian aurreikusitako egitasmoa bere osotasunean gauzatu beharko dute.

c) Kontrol Ekonomikorako Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak laguntzen xedearen fiskalizazio-funtzioak betetze aldera eskatutako informazio guztia eman beharko dute.

d) Hizkuntzaren kalitatea bermatzea guztiz garrantzizkotzat jotzen denez gero, Euskaltzaindiak emandako arau eta gomendioak aintzakotzat hartu eta beteko dituzte. Hori betetzeko eta euskararen zuzentasuna eta egokitasuna bermatzeko, hizkuntza-ezagutza ziurtatuta daukan pertsona bat izendatuko dute.

e) Indarrean dauden lege-eskakizunak bete beharko dituzte jabego intelektualari, egile-eskubideei, lege-gordailuari, banaketari eta abarri dagokienez.

f) Laguntzagai diren egitasmoek giza eskubideak eta pertsonen arteko bizikidetasun-balioak errespetatu beharko dituzte. Ondorioz, egitasmo horiek ezin izango dute jaso herritarrei iraingarri gerta dakiekeen ikur edo elementurik, ezta beren duintasunari kalte egiten dion edo indarkeriaren justifikazioa iradokitzen duen ikur edo elementurik ere.

g) Adierazpen- eta informazio-askatasunari begirunea erakustea. Horretarako, nork bere deontologia arauak beteko ditu eta, aldi berean, politika-aniztasuna eta politika-, gizarte- eta kultura-taldeei zor zaien aukera-berdintasuna bermatuko duen informazio egiazkoa eta objektiboa sustatuko du.

h) Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean xedatutakoari jarraituz, hizkera sexistarik ez erabiltzea eta, gizonen eta emakumeen rolei dagokienez, erabilera estereotipaturik ez egitea.

i) Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak emandako babesaren berri adieraztea, betiere 24. artikuluan esandakoaren arabera.

j) Dirulaguntzak emateko eta horien ordainketak bideratzeko, beharrezkoa izango da esleipendunek zerga-betebeharren eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak beteta dauzkatela ziurtatzea.

k) Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak edo erakunde autonomiadunek ezaugarri bereko beste laguntza edo dirulaguntzaren batzuk eman izana dela-eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozeduraren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da, onuradunei dirulaguntzak eman eta, kasua balitz, ordaindu ahal izateko. Halaber, itzulketa-prozedura horietatik eratorritako dirulaguntzak itzultzeko betebeharra bete ez dutenei ezin izango zaie dirulaguntzarik eman, ezta ordaindu ere.

2.– Aipatutako betebehar horiek ez betetzeak jasotako dirulaguntza galtzea izango du ondorio bezala.

19. artikulua.– Dirulaguntzaren ordainketa.

Agindu honetan oinarrituz emandako dirulaguntzen ordainketak, gehienez ere, 2 zatitan egingo dira:

a) Lehenengo ordainketan dirulaguntza osoaren % 65 ordainduko da, onarpena jasotzen den egunean hasi eta 2 hilabeteko epean.

b) Bigarren ordainketan, hala badagokio, gainerako % 35a ordainduko da, dirulaguntza justifikatzeko agiri guztiak jaso eta ontzat eman ondoren.

Bigarren ordainketa hori Euskal Autonomia Erkidegoko 2020ko Aurrekontu Orokorren pentzutan egingo da.

20. artikulua.– Ebazpenaren aldaketa.

Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren inguruabarretako bat aldatzen bada, dirulaguntzaren helburua betetzat jotzen dela, dirulaguntza eman duen ebazpena ere aldatu ahal izango da. Hori dela eta, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak bidezko likidazio-ebazpena emango du, eta, ebazpen horretan, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa berregokituko da. Horiek horrela, dagokion onuradunari horren berri emango zaio, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontuen pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimena arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren arabera, interesdunek gehienez 15 egun eta gutxienez 10 egun izango ditu egoki irizten dieten dokumentuak eta egiaztapenak alegatzeko.

21. artikulua.– Ez-betetzeak eta itzultzeko ebazpena.

1.– Betebeharrak bete gabetzat joko dira honako kasu hauetan:

a) Jasotako dirulaguntza, osorik zein zatika, agindu honetan zehaztutakoez beste jardueretarako erabiltzen bada.

b) Agindu honen 18. artikuluan zehaztutako betebeharrak betetzen ez badira.

c) Hala badagokio, likidazio-ebazpenak zehaztutako kopurua itzultzen ez bada horretarako emandako epean.

d) Beste xedapen batean nahitaezkotzat jotzen diren gainerako egitekoak betetzen ez badira.

2.– Agindu honen pentzutan emandako dirulaguntzaren onuradunak eman eta eskuratutako zenbatekoa eta legez aplikagarriak izan daitezkeen interesak itzuli egin beharko dizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari honako kasu hauetan: aurreko pasarteetan jasotakoak gertatuz gero edo, oro har, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan jasotako betebeharrak edo Dirulaguntzen Lege Orokorraren 37. artikuluan jasotakoak betetzen ez badira. Aurreko hori Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen eta horien kudeaketan parte hartzen duten Izaiki Laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan esandakoaren arabera egingo da.

3.– Eskabide-orrian aurreikusitako egitasmoa bere osotasunean gauzatzen ez baldin bada, dirulaguntza itzultzeko prozedurak azaroaren 17ko 698/1991 Dekretuaren 5.1 artikuluak ezarritakoari jarraituko dio, eta interesdunak 15 egun balioduneko epea izango du alegazioak egiteko.

22. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa.

1.– Esleitutako dirulaguntzaren zenbatekoa edozein delarik ere, dirulaguntzaren onuradun orok diruz lagundutako egitasmoaren gauzatzea justifikatu behar du, ezinbestean, Euskara Sustatzeko Zuzendaritzaren aurrean. Justifikazioari ekiteko, dirulaguntza esleitzeko orduan erabilitako gastu-aurrekontu onartua erabiliko da.

2.– Justifikazioa aurkezteko azken eguna 2020ko martxoaren 31 izango da.

3.– Justifikazioa bide elektronikoak erabiliz egingo da, euskadi.eus-eko gune elektroniko honetan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta/.

23. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Dirulaguntzaren justifikazioa, Dirulaguntzen Lege Orokorraren 30. artikuluak arautzen baitu, honako hauek osatuko dute:

a) Diruz lagundutako egitasmoari eta lortutako emaitzei buruzko txostena.

b) Diruz lagundutako egitasmoari dagokion aurrekontu likidatua.

c) Beste dirulaguntzarik izan ez bada, horixe adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena.

d) Diruz lagundutako egitasmoari dagozkion gastuen zerrenda sailkatua.

e) Diruz lagundutako egitasmoari dagozkion diru-sarreren zerrenda sailkatua.

f) Agindu honen 18. eta 24. artikuluek ezarritako betebeharrak betetzeari buruzko aitorpena.

g) Aurrerago aipaturiko zerrendako gastuen frogagarri diren faktura edo agirien kopiak eta, behar denean, ordainketaren egiaztagiriak. Horien ordez, onuraduna den pertsona fisiko edo juridiko pribatuaren Kontabilitateko Egunkaria aurkezteko aukera izango da. Aukera hau uztaileko 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren II. tituluko II. kapituluan jasotzen da.

2.– Agindu honen 19. artikuluan aipatzen den dirulaguntzaren bigarren ordainketa egiteko, hala badagokio, dirulaguntzaren onuradunak, indarrean dauden xedapenei jarraituz, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak beteta izan behar ditu. Horien egiaztapena 6.1 artikuluan finkatutakoari jarraituz egingo da.

3.– Artikulu honen 1. apartatuan jasotakoaz gain, onuradunek urtean zehar euskaraz argitaratutako albisteen zerrenda zein erreportajeena aurkeztuko dute, argitaratze-dataren arabera antolatua.

4.– Dirulaguntzaren erabilera zuzena egin dela ziurtatzeko, Euskara Sustatzeko Zuzendaritzak egokitzat jotzen duen beste edozein informazio osagarri eskatzeko aukera izango du.

5.– Justifikaziorako aurkeztutako dokumentazio guztia aztertzeko eta ontzat emateko jarraipen-batzordea eratuko da. Azterketa horren ondorioz bideratu beharreko ordainketak edota likidazio-ebazpenaren inguruko proposamenak Hizkuntza Politikarako sailburuordeari egingo dizkio. Honako hauek osatuko dute jarraipen-batzordea:

a) Euskara Sustatzeko zuzendaria, batzordearen buru izango dena: Estibaliz Alkorta Barragán

b) Sustapen Zerbitzuaren arduraduna: Edurne Ramon Olano.

Jarraipen batzordeak idazkaria izango du. Pablo Mendizabal Arnáez, Euskara Sustatzeko Zuzendaritzako teknikaria. Ordezkoa, Jose Miguel Odriozola Mujika, Euskara Sustatzeko Zuzendaritzako teknikaria. Idazkari-lanak egingo ditu eta hitza izango du, baina ez botorik.

6.– Anomalia edo irregulartasunen bat ikusiz gero, agindu honen 20. eta 21. artikuluetan finkatutakoari ekingo zaio automatikoki.

24. artikulua.– Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren aipamena.

Agindu honen 18. artikuluan finkatutako betebeharraren arabera, laguntza-mota honetara jotzen duen hedabide orok Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak emandako babesaren berri adierazi beharko du. Hori dela eta,

a) Diruz lagundutako hedabide orok honako elementu hauez osatutako publizitate-oharra jaso beharko dute ezinbestean: Eusko Jaurlaritzaren logotipo normalizatua eta «Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua» esaldia.

b) Eusko Jaurlaritzaren logotipo normalizatua, esleitutako dirulaguntza onartzen den egunetik aurrera txertatuko da eta 12 hilabetez agerian egongo da.

c) Eusko Jaurlaritzaren logotipo normalizatua agerkariaren azalean jarriko da eta, hori guztiz ezinezkoa bada, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzarekin adostuko du onuradunak garrantzi eta ikusgarritasun bera duen tokirik egokiena.

d) Oro har, publizitate ohar horrek, gutxienez ere 45 cm2-ko azalera izango du: 9 x 5 cm edo antzerakoa.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

– Izaera pertsonaleko datuak babesteari buruzko informazio-klausula.

– Tratamenduaren arduraduna eta harremanetarako datuak:

Euskara Sustatzeko Zuzendaritza.

Donostia kalea 1 - 01010 Vitoria-Gasteiz.

Telefonoa: 945 01 88 00

Eusko Jaurlaritzako Datuen Babeserako ordezkaria:

Telefonoa: 945 01 85 11

Helbide elektronikoa: dpd-dbo@euskadi.eus

– Tratamenduaren xedea: Nagusiko gaztelania darabiltzen hedabideetan eta internet bidez albisteak euskaraz ere ematen dituzten berri agentzietan, euskararen erabilera areagotzeko dirulaguntzak.

– Datuak zenbat urtez gorde: EONALTBaren 44. artikuluan ezarritako preskripzio-epean gordeko dira, edo, prozedura judizialik izanez gero, hura amaitu artean.

– Legitimazioa: 38/2003 Legea, azaroaren 17koa, Orokorra, Dirulaguntzei buruzkoa, eta, uztaileko 21eko 887/2006 Errege-dekretuak onartua Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolamenduei buruzko Legearen testu bategina (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onartua).

– Hartzaileak: Eusko Jaurlaritzaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoari, Herri Kontuen Euskal Epaitegiari eta, hala suertatuz gero, justizia-organoei ere jakinaraziko zaizkie datu pertsonalak.

– Eskubideak: interesa duen pertsona orok eskubidea du bere datuetara sartzeko, datu horiek zuzentzeko eta ezabatzeko eskatzeko edo tratamendua mugatu edo horren aurka egiteko.

– Informazio gehigarria: datu-babesari buruzko informazio gehiago aurkitu daiteke honako helbide hauetan:

– A1 multzoa: https://www.euskadi.eus/dbao/1011613

– A2 multzoa: https://www.euskadi.eus/dbao/1013107

– B multzoa: https://www.euskadi.eus/dbao/1093101

– C multzoa: https://www.euskadi.eus/dbao/1093501

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera emango dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunak aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita. Bestela, zuzen-zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute Euskadiko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazio Auzietarako Salan, bi hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honetan aurreikusi gabekoari dagokionez, honako arau hauetan ezarritakoa aplikatu beharko da: dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legea; aurreko lege horren araudia onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua; Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onartua; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honetako euskarazko eta gaztelaniazko testuen artean interpretazio-auzirik sortuko balitz, jatorrizkoa euskaraz idatzitakoa dela kontuan izanik, hura hartuko da aintzat.

AZKEN XEDAPENETAKO LAUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko urriaren 2a.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.


Azterketa dokumentala