199. zk., 2019ko urriaren 18a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (219 KB - 1 orri.)
- EPUB (220 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
OGASUN ETA EKONOMIA SAILA
4832
162/2019 DEKRETUA, urriaren 15ekoa, zeinaren bidez baimena ematen baitzaio Euskal Finantza Erakundeari Kaiku Corporación Alimentaria SL sozietatearen kapitalean parte hartzeko.
Azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bateginaren 110.1 artikuluaren arabera enpresa-ondarea osatzen duten ondasunak eta eskubideak eskuratzeko, aurretiaz, Gobernu Kontseiluaren baimena beharko da, dekretu bidez emana, eta horretarako proposamena, berriz, ondareari buruzko eskumenak dituen Saileko buruak eta, zuzenean nahiz bitarteko erakunde baten bidez, sozietatea loturik duen edo loturik izango duen Saileko buruak egin beharko dute, biek batera. Dekretu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, baina, edonola ere, ematen den egunetik aurrera izango da indarrean.
Kapitala ordezkatzen duten baloreak eskuratzeko baimena ematen duen dekretuak, doako eskuraketa ez baldin bada behinik behin, nahitaezkoa izango du sozietatearen xedea adieraztea, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoak eskuratze horretan izango duen partaidetzaren ehunekoa ere, zuzenean nahiz zeharka.
2019ko irailaren 6ko bileran, Euskal Finantza Erakundearen Administrazio Kontseiluak erabaki zuen Eusko Jaurlaritzari baimena eskatzea Kaiku Corporación Alimentaria SL sozietatearen kapitalean parte hartzeko. Sozietate horren helburu soziala da denetariko elikadura-produktuen salerosketa, garraioa, banaketa, merkaturatzea eta merchandisinga. Horrez gain, nekazaritzako elikagaien kalitatea bultzatzea, sustatzea eta garatzea, halako baliabideez ezen merkatuan balore handiagoa izan dezaten, besteengandik ondo bereiz daitezen eta estimu onean izan ditzaten balio behar duten, azkenean, lehiatzeko orduan halako alde bat izateko.
Euskal Finantza Erakundearen asmoa da % 7,31eko kapitalaren partaidetza eskuratzea. Horretarako Ekarpen Private Equity SA sozietateari 6.000.000 partizipazio erosiko dizkio 6.600.000 euroan. Nolanahi ere, eragiketa hori egiteko, goragoko paragrafoetan esan denez, Jaurlaritzaren Kontseiluaren baimena behar da.
Ondorioz, Ogasun eta Ekonomiako sailburuaren proposamenez, eta Gobernu Kontseiluak 2019ko urriaren 15ean egindako bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Finantza Erakundeari baimena ematea Kaiku Corporación Alimentaria SL sozietatearen 6.000.000 partizipazio eros diezazkion Ekarpen Private Equity SA sozietateari, 6.600.000 eurotan. Eragiketa honen ondoren Euskal Finantza Erakundeak % 7,31eko partaidetza izango du Kaiku Corporación Alimentaria SL sozietatean.
AZKEN XEDAPENA
Dekretu honek onartzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteizen, 2019ko urriaren 15ean.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Ogasun eta Ekonomiako sailburua,
PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.