199. zk., 2019ko urriaren 18a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (308 KB - 9 orri.)
- EPUB (224 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
AGINTARIAK ETA LANGILERIA
Oposaketak eta lehiaketak
OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
4827
1788/2019 EBAZPENA, irailaren 12koa, Bilbao-Basurtoko Erakunde Sanitario Integratuko zuzendari gerentearena. Honen bidez, deialdia egiten da Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Bilbao-Basurtoko Erakunde Sanitario Integratuko Onkologia Erradioterapiko zebitzuburu sanitario lanpostu bat lehiaketa bidez betetzeko.
Bilbao-Basurtoko ESIko Onkologia Erradioterapiko zebitzuburu sanitario lanpostua hutsik dago. Gerentzia Zuzendaritza honek erabaki du lanpostua lehiaketa bidez betetzeko deialdi publikoa argitaratzea, arau hauetan ezartzen denari jarraiturik: Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 28. artikuluko Hirugarren Arau Komuna; zerbitzuburu eta atalburu medikoen lanpostuak betetzeari buruzko Osakidetzako zuzendari nagusiaren 1/2016 Jarraibideak; Osakidetzako lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretua; eta azaroaren 11ko 255/1997 Dekretua. Hauek dira oinarriak:
OINARRIAK
1.– Parte hartzeko baldintzak.
Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute baldintza hauek betetzen dituztela egiaztatzen dutenek:
a) Lotura finkoko langilea izatea (estatutupekoa, funtzionarioa edo lan-kontratuduna) Osakidetzako edozein zerbitzu-erakundetan, edo estatutupeko langile finkoa izatea Osasun Sistema Nazionaleko Erakunde Sanitarioetan; eta jarduneko zerbitzuan egotea edo eskainitako lanpostuaren lanbide-talde berari dagokion kategoria bateko lanpostua erreserbatzea dakarren beste administrazio-egoera batean egotea.
b) Deitutako lanpostuari dagozkion titulazioa eta espezialitatea edukitzea.
c) Gutxienez, 4 urteko lan-esperientzia izatea fakultatibo espezialista mediko gisa Onkologia Erradioterapia.
2.– Deialdia argitaratzea.
Ebazpen hau osorik argitaratu beharko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA), Estatuko Buletin Ofizialean (BOE), eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko web-orrian.
3.– Eskaerak egiteko epea eta aurkezteko modua.
Interesatuek Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Bilbao-Basurtoko ESIko Pertsonaleko Zuzendaritzara bidali behar dituzte eskabideak (Montevideo etorbidea 18, Bilbao), hamabost egun balioduneko epean, Ebazpen hau dagozkion aldizkari ofizialetan argitaratzen den azken egunaren biharamunetik aurrera. Aurkeztu ahal izango dira, halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako eran.
Interesdunek beren datu pertsonal guztiekin bidali behar dute eskabidea, curriculum vitae dokumentatuarekin batera, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Bilbao-Basurtoko ESIko Pertsonaleko Zuzendaritzara (Montevideo etorbidea 18, Bilbao). Dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:
a) NANaren, pasaportearen edo gidabaimenaren fotokopia konpultsatua.
b) Funtzionario edo estatutupeko langile izendapenaren fotokopia konpultsatua edo, hala badagokio, lan-kontratu finkodun langilea dela egiaztatzen duen agiriarena.
c) Eskatutako titulazioaren fotokopia konpultsatua.
d) Deialdia EHAAn argitaratu arte emandako zerbitzuen jatorrizko ziurtagiri eguneratua, dagokion kategoria adierazita.
e) Bete nahi den Zerbitzua Kudeatzeko Memoria Proiektua.
f) Merezimendu baloragarri guztien fotokopia konpultsatua.
CVaren aplikazio informatiko korporatiboan behar bezala baliozkotuta dauden alderdiak ez dira ziurtatu behar izango aurreko paragrafoan ageri den moduan; hala ere, eskatzaileak horren berri eman behar du eskaeran.
4.– Onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda.
Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan, Bilbao-Basurtoko ESIko zuzendari gerenteak ebazpena emango du, onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onartzeko; eta, baztertuen kasuan, baztertzeko arrazoia adieraziko du. Horrez gain, horren bidez aginduko du Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko web-orrian eta Bilbao-Basurtoko ESIko intranetean argitaratzeko, eta hamar egun balioduneko epea emango du, argitaratzen den azken egunaren biharamunetik hasita, erreklamazioak bide administratibotik aurkezteko. Baztertu izanaren arrazoia zuzendu daitekeen akatsa bada, aipatutako behin-behineko zerrenda horren argitalpenarekin interesdunei eskatuko zaie, hamar egun baliodunen epean, ikusitako akatsak zuzentzeko edo derrigorrezko dokumentuak bidaltzeko, eta, jakinaraziko zaie horrela egin ezean prozesutik kanpo geldituko direla behin betikoz.
5.– Onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda.
Erreklamazioak egiteko edota akatsak zuzentzeko epea amaituta, Bilbao-Basurtoko ESIko zuzendari gerenteak ebazpen bidez argitaratuko du onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko web-orrian eta Bilbao-Basurtoko ESIko intranetean.
Ebazpen horren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jarri ahalko diote Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpen hori webgunean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
6.– Balorazio Batzordea.
Bilbao-Basurtoko ESIko zuzendari gerentearen ebazpen bidez, Balorazio-batzordea eratuko da eta zuzendari medikoa izango da batzordeburu. Hauek izango dira batzordekide: zuzendariorde medikoa, Pertsonaleko zuzendaria (idazkari-funtzioak ere beteko ditu, ahots eta botoarekin), eta beste hiru kide (horietako bat, IVAP-ek izendatua). Azken hiru horiek, batetik, hautagaiei eskatutako titulazioa eta espezialitatea izan beharko dituzte; bestetik, estatutupeko langile finkoak, karrerako funtzionarioak edo lan-kontratudun finkoak izan beharko dira; eta, hirugarrenik, deitutako lanpostuaren hierarkia-maila bera edo handiagoa duen lanpostu funtzional bat izan beharko dute.
Ebazpen hau Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko web-orrian argitaratuko da; eta, haren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jarri ahalko diote Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Balorazio Batzordeko kide guztiek zeinek bere izenean parte hartuko dute. Funtzionamenduan, independenteak izango dira eta diskrezionalitate teknikoaren babesean jardungo dute, betiere zuzenbidearekiko menpekotasunari kalterik egin gabe.
Balorazio Batzordearen osaerak emakumeen eta gizonen presentzia orekatuaren printzipioari erantzungo dio, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren otsailaren 18ko 4/2005 Legeak ezarritakoaren arabera, zirkunstantziek hala ahalbidetuz gero. Ordezkapen orekatutzat joko da sexu bakoitza ehuneko berrogeian ordezkatuta dagoenean, gutxienez.
Batzordeko kideek abstenitu egin beharko dute baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren gaineko urriaren 1eko 40/2015 Legeak 23. artikuluan jasotako kasuren batean badaude; eta deialdia egin duen agintaritzari horren berri eman beharko diote. Kasu horiexek direla kausa, interesdunek errekusazioa abiarazi dezakete edozein unetan, aipatu legearen 24. artikuluan ezarritakoari jarraiki. Era berean, Balorazio Batzordeak bere jarduna egokitu beharko du aipatutako 40/2015. Legearen 15. artikuluan eta hurrengoetan zehaztutako arauen arabera.
Batzordekide guztiek ahots eta botoa izango dute; eta erabakiak boto-gehiengoz hartu, eta aktan jasoko dira.
Batzordeak erabateko autonomia funtzionala izango du, prozeduraren legaltasuna zainduko du, eta objektibotasuna bermatzeaz arduratuko da. Halaber, deialdiaren oinarriak aplikatzerakoan sortzen diren zalantza guztiak argituko ditu, eta horietan aurreikusi ez diren kasuetan zein irizpide erabili behar den erabakiko du. Gainera, hautagaiak ebaluatu aurretik, aktan jaso beharko dira ebaluazioko irizpide espezifikoak, oinarriei eta bertan jasotako meritu-baremoari jarraituta.
7.– Izangaiei deitzea.
Proiektuaren defentsa publikoa egiteko, 10 egun aurretik, gutxienez, deituko zaie hautagaiei. Deialdian adierazi beharko da bakoitzak zein tokitan, egun eta ordutan egin beharko duen; eta, horren iragarki bat argitaratuko da Osakidetzaren web-orrian.
Balorazio Batzordeak proiektuen defentsa publikoaren aurretik egiaztatu beharko du izangaiek bete beharreko baldintzak betetzen dituztela, eta ez dagoela Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. eta 24. artikuluetan jasotako Abstentzio- eta Errekusazio-arrazoirik.
Ondoren, hautagai bakoitzari deituko zaio, proiektuaren azalpena eta defentsa egin ditzan. Horren ostean, elkarrizketa bat egingo zaio eta, horren bidez, balorazio batzordeko kideek proiektuan jasotako alderdien inguruko galderak egingo dizkiote, gehiago argitzeko edo gaian sakontzeko. Proiektuaren azalpena eta defentsa, eta baita elkarrizketa ere, publikoak izango dira.
Hautagaien azalpen publikoa amaitu ondoren, Balorazio Batzordeak hautagai bakoitza puntuatuko du, deialdiaren oinarrietan aurreikusitakoaren arabera.
8.– Merituen balorazioa.
Balorazio Batzordeak hautagai bakoitzaren merituen balorazioa eta puntuazioa egingo du, deialdiaren oinarrietan aurreikusitakoaren arabera.
Ezingo dira baloratu, inolaz ere, Ebazpen hau EHAAn argitaratzen den egunean eskuratu gabe dauden merezimenduak, ez eta eskaerak aurkezteko epea amaitu aurretik behar bezala alegatu eta ziurtatu ez direnak ere.
Ondoko eranskinean, hautaketa-prozesu honi aplikatu beharreko meritu-baremoa jasotzen da. Gehienezko puntuazioa 66 puntu dira, eta honela banatzen dira:
– Proiektua eta defentsa (gehienez, 30 puntu).
– Merituen balorazioa (gehienez, 30 puntu).
– Euskararen ezagutza (gehienez, 6 puntu).
Prozedura bi fasetan garatuko da:
A) Proiektuaren banakako aurkezpena eta jendaurreko elkarrizketa. Izangai bakoitzari deialdiaren oinarrien araberako puntuazioa emango zaio.
B) Merituen balorazioa, deialdiaren oinarrien arabera, banakako balorazio eta puntuazioarekin.
Lanpostuaz jabetu ahal izateko, beharrezkoa izango da prozesu osoan 33 puntu lortzea, gutxienez, eta proiektuaren balorazioan eta haren defentsan 15 puntu, gutxienez.
9.– Prozeduraren ebazpena.
1) Hautagaiek aurkeztutako proiektuen eta haien curriculum-merituak ebaluatzeko fasea amaituta, Balorazio Batzordeak izendapen-proposamena egingo dio Bilbao-Basurtoko ESIko Gerentzia Zuzendaritzari, puntuazio handiena lortu duen hautagaiaren alde eginez, eta baremoaren epigrafe bakoitzean hautagaiek lortutako puntuazioak modu xehatuan adieraziz. Ez baldin badago deialdian zehaztutako eskakizunak betetzen dituen hautagairik, edo eskatutako gutxieneko puntuazioa lortzen ez badute, Balorazio Batzordeak deialdia hutsik uztea proposatuko du. Proposamen hori Osakidetzako web-orrian argitaratuko da.
2) Zuzendari Gerenteak, egindako proposamena ikusita, ebazpena emango du proposatutako hautagaia deitutako lanpostua betetzeko izendatzeko, edo hutsik utziko du. Azkeneko kasu horretan, arrazoia adierazi beharko du. Arrazoia hauetako bat izan beharko da: a) ez da hautagairik aurkeztu, b) ez dago aurkeztutako hautagaien artean deialdiaren oinarrietan eskatutako baldintzak betetzen dituenik, c) ez dago eskatutako gutxieneko puntuazioa lortu duen hautagairik. Aurreko a) atalaren kasuan, Gerentzia Zuzendaritzak deialdia hutsik utzi dezake, onartutako eta baztertutako pertsonen behin betiko zerrenda onartu ondoren, izapide gehiagorik egin gabe.
3) Izendapenaren Ebazpena interesdunei jakinaraziko zaie, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Osakidetzako web orrian argitaratuko da. Ebazpenaren aurka, gorako errekurtsoa jarri ahalko zaio Ente Publikoko Zuzendaritza Nagusiari.
10.– Esleipenaren ondorioak.
Zerbitzuburuaren lanpostuak lau urteko aldi baterako izendapena izango du, eta epe hori luza daiteke (EHAA, 138.zk. uztailaren 21ekoa) Euskadiko Ordenamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 28. artikuluan, Hirugarren Arauan, ezarritakoaren arabera.
Lanpostua betetzen duen langileak berau utziko du izendapenaren epea betetzen denean; luzapen egoeraren bat gertatuko balitz, izan ezik. Lehen aipaturiko, 8/1997 Legeak jasotzen duenaren arabera ezarritako kide anitzeko organoaren ebaluazio prozeduraren arabera egingo da luzapena.
Halaber, izendatutakoa lekuz aldatu ahal izango da epea amaitu baino lehen, aurrez kontraesaneko espedientea eginda, eta 8/1997 Legearen 28. artikuluak, 6. atalean (Hirugarren Araua) leku aldatzeak egiteko aurreikusitakoa kontuan hartuta.
Kargu uzte arruntak edo lanpostutik mugiarazteak beste lanpostu baterako lekualdatzea eragingo du. Egoera honetan interesatuak jatorrizko kategorian zeuzkan baldintza mantenduko dira.
11.– Ebazpen honen aurkako errekurtsoak.
Urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan jasotakoaren arabera, ebazpen honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal da, Osakidetzako zuzendari nagusiari zuzendua. Izapide hori egiteko hilabeteko epea egongo da, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian edo Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu den egunaren biharamunetik aurrera.
Bilbao, 2019ko irailaren 12a.
Bilbao-Basurtoko ESIko zuzendari gerentea.
Eskuordetzaz (ekainaren 20ko 1556/2017 Ebazpena).
Bilbao-Basurtoko ESIko Pertsonaleko zuzendaria,
AMAYA DE ALLENDE ACHALANDABASO.
ERANSKINA
MEREZIMENDUEN BAREMOA (GEHIENEZ, 66 PUNTU)
Merezimenduen balorazioak fase hauek izango ditu.
I.– Proiektua eta haren defentsa (gehienez, 30 puntu):
Fase honen oinarria da epaimahai kalifikatzailearen aurrean zerbitzuaren antolaketa eta funtzionamenduari buruzko memoria proiektua azaltzea, eta izangaiarekin elkarrizketa egitea.
Fase honen puntuazioa bi atal hauetan xehatzen da:
a) Aurkeztutako zerbitzuaren kudeaketako memoria-proiektuaren edukiaren balorazioa (gehienez, 15 puntu).
Kudeaketako memoria-proiektuak, gutxienez, atal hauek garatu beharko ditu:
a.1.– Antolakuntzaren atala eta kudeaketakoa.
Zerbitzuaren organigrama, bertan adierazita bai burutzako lanpostuaren bai horri atxikitako beste lanpostuen eginkizunak.
Zerbitzuak erakunde bereko beste zerbitzuekin duen harremana.
Zerbitzuko buruzagitzaren kudeaketa-plana, antolamendu-helburuak definituta, hobekuntzako arloak detektatu eta aztertuta, eta horiek lortzeko behar diren neurri egokiak identifikatuta. Eta, horrekin batera, esleitutako giza baliabideak, eta baliabide materialak eta ekonomikoak eraginkortasunez erabiltzeko konpromiso edo plana.
a.2.– Asistentzia-atala:
Zerbitzu asistentzialen zorroaren deskribapena.
Adierazle eta helburu asistentzialak ezartzea, horien jarraipena eta ebaluazioa etengabe egiteko sistemarekin batera.
a.3.– Irakaskuntzaren eta Ikerkuntzaren atala:
Zerbitzuan irakaskuntzaren planifikazioa ezartzea.
b) Jendaurreko aurkezpena Balorazio Batzordearen aurrean, eta elkarrizketa, horren ostean (gehienez, 15 puntu).
Proiektuaren jendaurreko azalpena baloratzerakoan, proiektua defendatzeko izandako argitasun eta laburtasuna hartuko dira kontuan, baita haren arlo garrantzitsuenak azaltzeko gaitasuna ere.
II.– Merezimenduen balorazioa (gehienez, 30 puntu).
Puntuazioa honela banatuko da:
II.1.– Laneko esperientzia (gehienez, 13 puntu).
Dagokion espezialitatean fakultatibo gisa zerbitzua eman duen hilabete bakoitzeko: 0,050 puntu.
Dagokion espezialitatean atalburu gisa zerbitzua eman duen hilabete bakoitzeko: 0,075 puntu.
Dagokion espezialitatean zerbitzuburu gisa zerbitzua eman duen hilabete bakoitzeko: 0,100 puntu.
Kontuan hartuko dira, laneko esperientzia gisa, Osakidetzako, Gizarte Segurantzako eta autonomia erkidegoetako osasun-zerbitzuetan edo edozein administrazio publikotakoetan emandako zerbitzuak, bai eta Europar Batasuneko gainontzeko estatuetako sare publikoko osasun-zerbitzuetan emandakoak ere.
Zenbaketa osoa lan egindako egun naturaletan oinarrituta egingo da, eta baztertu egingo dira hilabetetik beherako soberakinak. Honetarako, hilabetetzat 30 egun naturaleko multzoa hartuko dugu.
II.2.– Prestakuntza, Irakaskuntza eta Ezagutzaren hedapena (17 puntu, gehienez).
Ikastaroen ziurtagirietan kreditu-kopurua bakarrik agertzen denean, 0,100 puntukoa izango da puntuazioa kreditu bakoitzeko.
II.2.1.– Prestakuntza kudeaketa arloan (3 puntu, gehienez).
Osasun-kudeaketari lotutako ikastaro bakoitzeko, iraupenaren arabera:
– 20 eta 30 ordu artean: 0,200 puntu.
– 31 eta 50 ordu artean: 0,300 puntu.
– 51 eta 100 ordu artean: 0,400 puntu.
– 101 eta 200 ordu artean: 0,500 puntu.
– 200 ordutik gora: 1,250 puntu.
Erakunde ofizialek, unibertsitateek, erakunde sanitarioek, eta, hala badagokio, elkargo profesionalek eta elkarte zientifikoek emandako eta egiaztatutako ikastaroak balioztatuko dira, baita Osakidetzak edo edozein administrazio publikok hitzartutako etengabeko prestakuntzako akordioen arabera eman eta egiaztatutako ikastaroak ere, betiere titulazio ofizial bat lortzeko ikasketa-plan baten barrukoak ez badira.
II.2.2.– Espezialitateko etengabeko prestakuntza (3 puntu, gehienez).
Dagokion lanpostuaren espezialitateari lotutako ikastaro bakoitzeko, iraupenaren arabera:
– 20 eta 30 ordu artean: 0,200 puntu.
– 31 eta 50 ordu artean: 0,300 puntu.
– 51 eta 100 ordu artean: 0,400 puntu.
– 101 eta 200 ordu artean: 0,500 puntu.
– 200 ordutik gora: 1,250 puntu.
Erakunde ofizialek, unibertsitateek, erakunde sanitarioek, eta, hala badagokio, elkargo profesionalek eta elkarte zientifikoek emandako eta egiaztatutako ikastaroak balioztatuko dira, baita Osakidetzak edo edozein administrazio publikok hitzartutako etengabeko prestakuntzako akordioen arabera eman eta egiaztatutako ikastaroak ere, betiere titulazio ofizial bat lortzeko ikasketa-plan baten barrukoak ez badira.
II.2.3.– Graduondoko prestakuntza (5 puntu, gehienez):
– Doktorea: 3,000 puntu.
– Cum laude doktorea: 4,000 puntu.
– Graduondoko masterra: 2,000 puntu.
– Unibertsitate-aditua edo espezialista: 1,000 puntu.
– Ikertzeko nahikotasuna edo Diploma ikasketa aurreratuetan: 1,000 puntu.
– Doktoretza-ikastaroak: doktoretza-ikastaroetako bikain edo ohorezko matrikula bakoitzeko (10 ikastaro, gehienez): 0,100 puntu.
Ez dira baloratuko doktore titulua, cum laude doktore titulua, ikertzeko nahikotasuna edo ikasketa aurreratuetako diploma lortzeko balio izan duten programetako doktoretza-ikastaroak.
II.2.4.– Jarduera zientifikoa (3 puntu, gehienez).
Dagokion espezialitateari lotutako lan zientifikoak argitaratzeagatik, txostenak edo komunikazioak aurkezteagatik eta hitzaldiak edo mahai-inguruak egiteagatik:
– Eskualdeko txosten bakoitzeko: 0,250 puntu.
– Estatuko txosten bakoitzeko: 1,000 puntu.
– Nazioarteko txosten bakoitzeko: 1,500 puntu.
– Eskualdeko ahozko komunikazio/poster bakoitzeko: 0,150 puntu.
– Estatuko ahozko komunikazio/poster bakoitzeko: 0,600 puntu.
– Nazioarteko ahozko komunikazio/poster bakoitzeko: 1,000 puntu.
– Eskualdeko mahai-inguru bakoitzeko: 0,200 puntu.
– Estatuko mahai-inguru bakoitzeko: 0,750 puntu.
– Nazioarteko mahai-inguru bakoitzeko: 1,250 puntu.
– Argitalpen bakoitzeko (lehenengo egilea): 1,000 puntu.
– Argitalpen bakoitzeko (beste egile batzuk): 0,500 puntu.
– Liburu bakoitzeko (lehenengo egilea): 2,000 puntu.
– Liburu bakoitzeko (beste egile batzuk): 1,000 puntu.
– Kapitulu bakoitzeko (lehenengo egilea): 1,000 puntu.
– Kapitulu bakoitzeko (beste egile batzuk): 0,500 puntu.
– Tesina bakoitzeko: 1,500 puntu.
II.2.5.– Irakaskuntzako jarduera (3 puntu, gehienez):
– Medikuntza Fakultateko katedraduna, dagokion espezialitatean (urte bakoitzeko): 1,000 puntu.
– Medikuntza Fakultateko irakasle titularra, dagokion espezialitatean (urte bakoitzeko): 0,500 puntu.
– Medikuntza Fakultateko irakasle elkartua, dagokion espezialitatean (urte bakoitzeko): 0,250.
– Egoiliarren irakaskuntzarako tutore akreditatua, dagokion espezialitatean (urte bakoitzeko): 0,500 puntu.
– Irakaskuntza, etengabeko prestakuntzako programa ofizialetan (orduko): 0,050 puntu.
III.– Euskararen ezagutza (6 puntu, gehienez).
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan Euskararen erabilera normalizatzeko martxoaren 18ko 67/2003 Dekretuak eta berau garatzen duten arauek xedatutakoaren arabera egingo da balorazioa.