195. zk., 2019ko urriaren 14a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (243 KB - 2 orri.)
- EPUB (219 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
4701
AGINDUA, 2019ko urriaren 1ekoa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, zeinaren bidez argitara ematen baita Euskal Autonomia Erkidegoan erlezaintzari emandako laguntzen zenbatekoa, 2019. urteari dagokiona.
Erlezaintzarako laguntzei dagokienez, honek ezartzen du Europar Batasuneko arau-esparrua: 1308/2013 Erregelamendua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2013ko abenduaren 17koa, zeinaren bidez nekazaritza merkatuen antolakunde erkidea sortzen baita, eta 922/72 EEE Erregelamendua, 234/79 EEE Erregelamendua, 1037/2001 EE Erregelamendua eta 1234/2007 EE Erregelamendua indargabetzen baitira. Halaber, Batzordearen 2015eko maiatzaren 11ko 2015/1366 Erregelamendu Eskuordetuak (EB) osatu egiten du 1308/2013 Erregelamendua (EB) erlezaintza-sektorerako laguntzei dagokienez, eta Batzordearen 2015eko abuztuaren 6ko 2015/1368 Betearazpen Erregelamenduak (EB) aplikazio-xedapenak ezartzen dizkio 1308/2013 Erregelamenduari (EB).
Erregelamendu horietan, hiru urteko aldi baterako estatu mailako programak prestatzea aurreikusten da, «erlezaintza-programa» izenekoak. Programa horiek Batzordeak onartuko ditu, eta erlezaintzari laguntzeko zenbait neurri jaso behar dituzte. Laguntza horiek Europar Batasunak kofinantzatuko ditu, erlezaintzari laguntzeko neurrien urteko programan aurreikusitako ekintzek sortutako gastuen % 50eraino. Batzordearen 2016ko uztailaren 5eko 2016/1102 Betearazpen Erabakiaren (EB) bidez, erlezaintza-produktuen ekoizpena eta merkaturatzea hobetzeko programa nazionalak –estatu kideek aurkeztuak– onartu dira, horien artean 2017-2019 hirurtekorako Erlezaintza Plan Nazionala.
Bestalde, erlezaintzarako laguntzak arautzen dituen estatuko araudia honako hau da: 930/2017 Errege Dekretua, urriaren 27koa, Urteko programa nazionalen esparruan erlezaintzari laguntzak emateko erregimena arautzen duena eta Erlezaintza-ustiategien ordenamendu-arauak ezartzen dituen otsailaren 22ko 209/2002 Errege Dekretua aldatzen duena.
Euskal Autonomia Erkidegoan, Europar Batasuneko eta estatuko araudia baino lehen, 30/2005 Dekretua argitaratu zen (otsailaren 15eko 30/2005 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko erlezaintzarako laguntzei buruzkoa), zeina urtarrilaren 15eko 9/2008 Dekretuaren bidez aldatu baitzen. Arau horren 2.2 artikuluaren bigarren paragrafoaren arabera, Erakunde Ordaintzailearen bitartez EAEko Administrazio Orokorrak ordainduko ditu laguntza hauek. Bestalde, laguntza horiek, batetik, Europako Erkidegoak kofinantzatuko ditu, zehazki, programan aurreikusitako ekintzek sortutako gastuen % 50eraino, eta, bestetik, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek.
Nahiz eta laguntzok foru-aldundiek iragartzen eta kudeatzen dituzten, otsailaren 15eko 30/2005 Dekretuaren 6.3 artikuluak hau xedatzen du: «Urtero, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren agindu batez (EHAAn argitaratuko da) emango da argitara deialdi bakoitzari esleitutako urteko zenbatekoa». Agindu honen xedea, hain zuzen ere, aurreikuspen hori betetzea da. Hori dela bide, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Laguntzen zenbatekoa, guztira.
2019. urterako, otsailaren 15eko 30/2005 Dekretuan aurreikusitako Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsaren konturako Euskal Autonomia Erkidegoko erlezaintzarako laguntzek, gehienez ere, 50.929,49 euroko zenbatekoa izango dute.
Bigarrena.– Errekurtsoak.
Agindu honek administrazio-bidea agortzen du, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez diezaiokete Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Hirugarrena.– Ondorioak.
Agindu honek sinatzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak, hargatik eragotzi gabe Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko urriaren 1a.
Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.