Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

183. zk., 2019ko irailaren 26a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
4374

AGINDUA, 2019ko irailaren 17koa, Hezkuntzako sailburuarena, enpresako egonaldi-beketarako deialdia egiten duena, lantokiko prestakuntzako modulua irailetik martxora bitartean egiten duten lanbide-heziketako ikasleentzat, 2019-2020ko ikasturtean.

Gure gizartea ingurune soziolaboral eta ekonomiko konplexu eta aldakor batean murgilduta dago. Globalizazioa, enpresa-kudeaketako ereduen aldaketak, aldaketa demografikoak eta teknologia berriak, besteak beste, prestakuntzan eta enpleguan eragin nabarmena duten faktoreak dira, eta hori diziplina anitzeko hausnarketa sakon batetik abiatuta ebaluatu behar da. Gizarte- eta produkzio-aldaketa horiek direla eta, lanbide-heziketa gero eta gehiago egokitzen da lan-merkatuaren berregituraketara, etengabeko elkarreraginean.

Eusko Jaurlaritzaren jarduera-esparru estrategikoan, lanbide-heziketa funtsezko oinarri bat da pertsonekiko konpromisoaren barruan, hau da, hazkunde iraunkorrarekiko eta giza garapenarekiko konpromisoaren barruan. Lanbide-heziketak hezkuntzaren ingurune naturala du abiapuntu; baina eragin handia du euskal ekonomiaren beste arlo batzuetan ere, eragina baitu bai langileen enplegagarritasunean bai enpresen lehiakortasunean.

Belaunaldi berriek konpetentzia, jarrera eta esperientzia asko eskuratu beharko dituzte bai prestakuntza-zentroan bai lantokian, eta gizarte-erronkaren bidez estimulatzen da konpetentzia horien garapena, pentsamendu kritikoa eta eraikitzailea sustatuta. Enpresako praktika funtsezko faktorea da barneratze horretarako, eta, testuinguru horretan, lantokiko prestakuntzaren modulua da lanbide-konpetentziak eta giza konpetentzia batu, garatu eta balidatzen dituen gune bat.

Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 28ko 4/2018 Legearen helburua da: Euskal Autonomia Erkidegoko lanbide-heziketako politikak garatzeko esparrua arautzea, garrantzi berezia baitute sistema ekonomikoan, Euskadik helburu duen eredu ekonomiko berrian egoera egoki batean jartzeko gai izan dadin; horretarako, sustatu beharreko ekonomiak hazkunde adimendun, iraunkor eta integratzaile bat hartu behar du oinarritzat eta, aldi berean, gizarte-kohesio handiagoa ahalbidetuko duen kalitateko enplegu egonkor bat sortu behar da.

Enpresaren eta ikastetxeetako prestakuntzaren artean azken urteotan garatu diren txandakatze-esperientzien balorazio positiboa dela eta, ekainaren 28ko 4/2018 Legetik ideia hau sortu da, besteak beste: gure produkzio-sistemarekiko loturak sustatzen jarraitzea eta, horretarako, enpresa-sarearen eta lanbide-heziketako zentroen arteko lankidetza indartu, balioa elkarrekin sortzeko xedez.

Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren 6. artikuluan dago ezarrita zein diren enpresen, gizarte-eragileen eta beste erakunde batzuen arteko lankidetza-ildoak, eta adierazita dago prestakuntza lagungarria izango dela ikasleek enpresetan praktika profesionalak egin ditzaten.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 42.2 artikuluak heziketa-ziklo guztietarako nahitaez ezartzen du lantokietako prestakuntza praktikoaren fase bat; eta Hezkuntza Sistemako Lanbide Heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen 32/2008 Dekretua aldatzen duten uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuak eta otsailaren 2ko 14/2016 Dekretuak lantokiko prestakuntzaren modulua jaso eta garatzen dute. Modulu hori titulu bakoitzerako zehazten da titulua sortzeko errege-dekretuan eta modulu bakoitzari esleitutako ECTS kreditu-kopurua eta iraupen-orduak finkatzen dituen curriculuma ezartzen duen dekretuan.

Halaber, urriaren 24ko 1493/2011 Errege Dekretuan dago araututa zein diren prestakuntza-programetan parte hartzen duten pertsonak Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorrean sartzeko baldintzak, Gizarte Segurantzaren sistema eguneratzeari, egokitzeari eta modernizatzeari buruzko abuztuaren 1eko 27/2011 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian aurreikusitakoa garatzeko, bai eta azaroaren 31ko 1543/2011 Errege Dekretuan xedatutakoaren babesean lanekoak ez diren praktikak egiten dituzten pertsonak sartzeko baldintzak ere.

Horregatik guztiagatik, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrarekin, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuarekin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VII. tituluko III. kapituluan dirulaguntzei buruz adierazitako eta indarrean dagoen legeekin etorriz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Deialdiaren xedea.

1.– Agindu honen xedea da: enpresako egonaldi-beketarako deialdia egitea, lantokiko prestakuntzako modulua irailetik martxora bitartean (2019-2020ko ikasturtea) egiten duten eta 2020ko martxoan ebaluatzen diren lanbide-heziketako ikasleentzat.

2.– Diruz lagunduko den enpresa-egonaldiak hilabetetik hiru hilera bitarteko iraupena izango du, eta lantokiko prestakuntzako modulua egin ondoren egingo da.

3.– Egonaldi hori egiteko, enpresak eta ikastetxeak izenpetutako lankidetza-hitzarmenean ezarritako baldintzak bete beharko dira; hitzarmen horren eredua agindu honen II. eranskinean dago.

4.– Beka hauek ez dira dirulaguntza itzulgarriak. Agindu honetan araubide juridikoari buruz xedatzen ez diren alderdietan, lege honek ezarritakoa aplikatuko da: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onartua –bereziki, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoak emandako laguntzen eta dirulaguntzen araubideari eta arau-hausteen eta zigorren erregimenari buruzko xedapenak– betiere Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrarekin eta azken horren Erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretuarekin bat.

2. artikulua.– Beken kopurua eta zenbatekoa.

1.– 650 beka emango dira, eta onuradun bakoitzak, gehienez ere, 1.800 euro garbi jasoko ditu.

2.– Beka bakoitzak urriaren 24ko 1493/2011 Errege Dekretuan ezarritako kotizazio-araubidea bete beharko du (1493/2011 Errege Dekretua, urriaren 24koa, prestakuntza-programetan parte hartzen duten pertsonak Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorrean sartzeko baldintzak eta betebeharrak arautzen dituena), Gizarte Segurantzako sistema eguneratzeari, egokitzeari eta modernizatzeari buruzko abuztuaren 1eko 27/2011 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian aurreikusitakoa garatzeko. Beraz, beka-onuradun bakoitzeko kostua 227,60 eurokoa izango da.

3. artikulua.– Aurrekontu-zuzkidura.

1.– Deialdi honi esleitutako kredituaren gehieneko zenbateko globala milioi bat hirurehun eta hamazazpi mila bederatziehun eta berrogei (1.317.940) eurokoa izango da, behar besteko aurrekontu-zuzkidura baitago Euskal Autonomia Erkidegoko 2018ko ekitaldirako aurrekontu orokorrak onartzen dituen abenduaren 22ko 5/2017 Legean baimendutako kredituen arabera (2019ko ekitaldirako luzatuak), kontuan hartuta Aurrekontu-araubidearen arloan indarrean dauden lege-xedapenen testu bategina onartzen duen maiatzaren 24ko 1/2011 Dekretuaren IX. tituluan aurrekontu-luzapenaren erregimenari buruz ezarritakoa.

2.– Beka guztiak Lanbide Heziketako prestakuntza-mailaren arabera banatuko dira, honako proportzio honetan oinarrituta:

– Beka guztien % 20, 130 beka, Oinarrizko Lanbide Heziketako ikasleentzat.

– Beka guztien % 50, 325 beka, erdi-mailako heziketa-zikloetako ikasleentzat.

– Beka guztien % 30, 195 beka, goi-mailako heziketa-zikloetako ikasleentzat.

3.– Prestakuntza-maila bati edo gehiagori esleitutako beken kopurua ez bada betetzen, beken gerakina proportzionalki banatuko da, aurreko paragrafoan adierazitako ehunekoei jarraikiz.

4. artikulua.– Betekizunak:

1.– 2019-2020ko ikasturtean bigarren mailan matrikulatuta egotea eta lantokiko prestakuntzako modulua irailetik abendura bitartean egin behar izatea.

2.– Enpresa interesatuta egotea egonaldia bertan egiteaz. Enpresaren interes hori gauzatuko da II. eranskineko lankidetza-hitzarmena sinatuta.

3.– 2019ko abenduaren 31n 30 urte baino gehiago ez izatea.

4.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.5 eta 6. artikuluak eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.7 artikulua aplikatzeko, eskabidearekin batera erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu behar da, honako betebehar hauek egiaztatzeko:

a) Ez duela dirulaguntzak edo laguntza publikoak jasotzeko debekurik zigor- eta administrazio-arloan, ez eta laguntzak jasotzeko legezko debekurik ere, sexu-bereizkeriaren ondoriozkoak espresuki barnean hartuta, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean xedatutakoarekin bat etorriz.

b) Eskabideko eta harekin batera doan dokumentazioko datuak egiazkoak direla, eta betetzen direla laguntza horiek jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzak.

c) Ez dagoela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan zehaztutako egoeretako batean ere.

d) Adierazi beharko du ea helburu bererako beste dirulaguntzarik, laguntzarik edo bestelako baliabiderik eskatu duen beste Administrazio edo erakunde publiko zein pribaturen batean; eta, hala badagokio, jaso dituela adierazi beharko du.

e) Enpresekin izenpetutako hitzarmenak Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzaren eskura jarri dira programak onartzeko erabilitako aplikazio elektronikoan.

5. artikulua.– Eskabideak.

1.– Eskabidea egiteko, inprimaki bat bete beharko da, zeina Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren egoitza elektronikoan eskuragarri baitago: https:// www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2019/lp_luzatzeko/y22-izapide/eu/ Ikusi I. eranskina.

2.– Eskabide hori aurkezten bada, berez onartzen dira deialdiaren oinarriak.

3.– Eskabideari dokumentazio hau erantsi behar zaio:

– Ikasleek hau erantsi behar dute: «Hirugarrenaren alta» izeneko dokumentua.https://www.euskadi.eus/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/web01-s2oga/eu/ estekan edo eta agindu honen III. eranskinean dago. Onuraduna adin nagusikoa bada, berak bete beharko du agiri hori, eta berak izan behar du banku-kontuaren titularra. Aldiz, bekaren onuraduna adingabea bada, hirugarrenaren alta amak, aitak edo legezko tutoreak egingo dute, eta horiek izango dira banku-kontuaren titularrak.

– Ikastetxeek hau erantsi behar dute: enpresarekin sinatutako lankidetza-hitzarmena (deialdi honen II. eranskina).

4.– Erantzukizunpeko adierazpena sinatu behar da, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.6 artikulua eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.7 artikulua aplikatzeko. Erantzukizunpeko adierazpenaren bidez, betebehar hauek egiaztatzen dira:

4.1.– Ez izatea laguntza edo dirulaguntza publikoak lortzeko aukera ukatzen dion zigor administratibo edo penalik, ez eta dirulaguntzak jasotzeko legezko debekurik ere, sexuaren bereizkeriaren ondoriozkoak espresuki barnean hartuta, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoarekin bat etorriz.

4.2.– Adieraztea eskabideko eta harekin batera doan dokumentazioko datuak egiazkoak direla, eta laguntza hauen onuradun izateko indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzak betetzen direla.

4.3.– Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan zehaztutako egoeretako batean ere.

4.4.– Jakinaraztea helburu bererako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo bestelako baliabideak eskatu, eta, hala badagokio, jaso direla beste edozein Administrazio edo erakunde publiko zein pribatutatik.

5.– Ikasle interesdunek inprimatuta eta sinatuta aurkeztu beharko dute eskabidea.

– 2019-2020ko ikasturtean matrikulatuta dagoen ikastetxean. Adingabeak badira, amak, aitak edo legezko tutoreak sinatu beharko du eskabidea.

– Zuzenean zerbitzuan eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako moduetariko edozeinetan, manu horretan ezarritako baldintzen arabera eta zein ikastetxetarako den adierazita. Dokumentazioa postetxean aurkeztea aukeratuz gero, gutun-azal irekian aurkeztuko da postetxeko langileek, ziurtatu baino lehen, data eta zigilua jar diezaioten eskaera-orriari. Hala egin ezean, ikastetxean sartzen den egunean aurkeztutakotzat joko da.

6.– Inskribatzeko unean, egiaztatuko da interesdunak baliozko erabiltzailea eta pasahitza dituela Ikasgunean, beharrezkoa izango baita eskaeraren jarraipena egiteko. Hala ez bada, hemen erregistratu beharko da: https://ikasgunea.hezkuntza.net/eu

6. artikulua.– Eskabideak aurkezteko eta akatsak zuzentzeko epea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Ikasgunean argitaratuko da eskabide akastuna edo osatu gabea duten eskatzaileen zerrenda. Zerrenda horiek argitaratzeaz batera hasiko da eskabideetan atzemandako akatsak zuzentzeko hamar egun balioduneko epea, eta ohartaraziko da, hala egin ezean, eskabidean atzera egin dutela ulertuko dela, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 artikuluaren arabera ebazpena eman ondoren.

7. artikulua.– Bekak emateko prozedura eta bekak baloratzeko eta esleitzeko irizpideak.

1.– Deialdiaren xede diren bekak emateko, norgehiagoka-prozedura erabiliko da, hau da, aurkeztutako eskabideak konparatuko dira, eta hurrenkera bat ezarriko da beken artean, artikulu honen 2. apartatuan ezarritako balorazio-irizpideen arabera.

2.– Balorazio-irizpideak honako hauek izango dira:

a) Lanbide Heziketako zikloko lehen ikasturteko batez besteko nota, honako balorazio honekin:

– (=9) eta (=10): 2,75 puntu.

– (=7) eta (<9): 2,15 puntu.

– (=6) eta (<7): 1,10 puntu.

– (=5) y (<6): 0,5 puntu.

– (<5): 0 puntu.

b) Ikasleak 2019ko abenduaren 31n duen adina, honako puntuazio honekin:

– 26-30: 1,85 puntu.

– 21-25: 1,15 puntu.

– 18-20: 0,5 puntu.

3.– Eskabideen arteko berdinketa izanez gero, aplikazio informatikoak egindako ausazko prozedura bat erabiliko da. Eskabidea grabatzeko unean, aplikazio informatikoak eskabide bakoitzari zenbaki oso bat esleituko dio, 1 eta 9.999.999.999 bitartekoa, eta zenbaki hori erabiliko da berdinketak desegiteko, berdinketak desegiteko gainerako irizpide guztiak agortu ondoren. Zenbaki txikienari emango zaio lehentasuna.

4.– Aurreko irizpideak aplikatuta baloraziorik handiena lortu dutenen artean egingo da esleipena, agindu honen 3. artikuluan ezarritako kreditu erabilgarria agortu arte.

5.– Betekizunak betetzen dituzten gainerako beka-eskatzaileak onuradun ez badira erabilgarri dagoen kreditua agortu delako, erreserba-zerrenda batean sartuko dira, eta, hasiera batean beka esleitu zaien pertsonen artean bajarik badago, zerrenda hori erabiliko da. Zerrenda hori puntuazio handienetik txikienera ordenatuko da.

8. artikulua.– Deialdiaren kudeaketa.

1.– Hezkuntza Saileko Lanbide Heziketako Sailburuordetzaren Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzak kudeatuko du deialdi hau.

2.– Xede horretarako sortutako ebaluazio-batzorde batek baloratuko ditu dirulaguntza-eskabideak, eta honako hauek osatuko dute batzorde hori:

– Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzako bi teknikari; horietako bat batzordeburua edo presidentea izango da, eta bestea idazkaria.

Batzordeburua: M.ª Eugenia Santos Urdiain, Lanbide Heziketako Zerbitzuaren arduraduna.

Idazkaria: M.ª Carmen Fuerte Marin, Lanbide Heziketako Zerbitzuko teknikaria.

– Hezkuntzako lurralde-ordezkaritza bakoitzeko teknikari bat.

Araba: Aitor Panera Alonso.

Bizkaia: Luisana Guinea de la Cruz.

Gipuzkoa: Maria Teresa Lizarza.

3.– Balorazio-batzordeak, aurkeztutako eskabideak baloratu ondoren, bekak emateko ebazpena proposatuko dio Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzari, bai eta erreserben zerrenda ere. Zerrenda horretan, bekarik lortzen ez duten pertsonak sartuko dira, puntuazio handienetik txikienera ordenatuta.

9. artikulua.– Prozedura ebaztea.

1.– Plangintza eta Antolaketako zuzendariak ebatziko du deialdia, ebaluazio-batzordearen proposamen arrazoitua jaso ostean.

2.– Esleipen-ebazpena Ikasgunean argitaratuko da, eta jakinarazpen gisa balioko du. Halaber, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da denek jakin dezaten.

3.– Halaber, erreserba-zerrenda ere Ikasgunean argitaratuko da. Bekaren esleipenduna ez bada enpresan sartzen, erreserba-zerrenda erabiliko da eta bertako lehen pertsonari emango zaio beka.

4.– Beka hauek emateko gehieneko epea hiru hilekoa izango da eskabideak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo egunetik aurrera. Epe hori igaro eta ebazpen espresurik argitaratu ez bada, eskabideak ezetsitakotzat jo ahal izango dira.

5.– Prozeduraren ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Lanbide Heziketako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena Ikasgunean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

10. artikulua.– Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorra.

1.– Eusko Jaurlaritzak Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorrean alta emango die beka hauen onuradunei, Prestakuntza-programetan parte hartzen duten pertsonak Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorrean sartzeko baldintzak arautzen dituen urriaren 24ko 1493/2011 Errege Dekretuaren arabera.

2.– Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzak kudeatuko ditu beka hauen onuradun diren ikasleen altak eta bajak.

3.– Aldi baterako ezintasunen bat edo lan-istripuren gertatzen denean, ikastetxeek berehala jakinarazi beharko diote Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzari.

11. artikulua.– Enpresan sartzea eta bekak ordaintzea.

1.– Behar diren laguntzak zuzenean ordainduko zaizkio onuradunari, banku-transferentzia baten bidez, bi ordainketa-agindutan.

2.– Lantokiko prestakuntza amaitu ondoren, eta ikasleak enpresan benetan hasi direla egiaztatu ondoren, beka osoaren % 80 ordainduko da (1.440 euro).

3.– Gainerako % 20a (360 euro) enpresak eta praktiketako tutoreak sinatutako balorazio- eta asistentzia-txostenaren ondoren ordainduko da. (Deialdi honen IV. eranskina).

4.– Bekaren onuraduna ez bada enpresan sartzen, erreserba-zerrendako lehen pertsonari esleituko zaio beka, zerrendan ezarritako hurrenkeraren arabera.

5.– Balorazio- eta asistentzia-txostenak egin ostean, egiaztatuta geratzen bada enpresako benetako egonaldia hiru hilekoa baino laburragoa izan dela, bekaren zenbatekoa birkalkulatuko da denbora horrekiko proportzioan, eta bion arteko aldea itzuliko da. Egonaldia hilabetetik beherakoa izan bada, ordaindutako zenbateko osoa itzuli beharko da.

12. artikulua.– Dirulaguntza aldatu, berrikusi eta itzultzea.

1.– Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, ebazpena aldatu ahal izango da dirulaguntza arautzen duen araudian ezarritako baldintzetan, dirulaguntzaren araudian onuradun izateko ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira.

2.– Jasotako zenbatekoak itzultzeko eta berandutze-interesak eskatzeko, honako hauetan xedatutakoa beteko da: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikulua (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako testu bategina); abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren II. titulua, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikulua.

3.– Aipatutako araudian jasotako gorabeheraren bat eta, bereziki, gorabehera hauetako bat izanez gero, jasotako dirulaguntza eta sortutako legezko interesak itzuli beharko dira:

a) Agindu honetan eta berau garatzen duten ebazpenetan xedatutakoa edozein modutan ez betetzea.

b) Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuen kontura emandako dirulaguntzen onuradunei dagokien edozein betebehar ez betetzea.

Betebehar hori eta, hala badagokio, eskatzen diren zehapenak independenteak izango dira.

4.– Itzultzeko prozedura abenduaren 17ko 689/1991 Dekretuan araututakoa izango da (1992ko otsailaren 17ko EHAA).

13. artikulua.– Beka hauen onuradunen betebeharrak.

Beken onuradunek betebehar hauek izango dituzte:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, onuradunek, hamabost egun naturaleko epean –deialdiari buruzko ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera–, espresuki eta idatziz dirulaguntzari uko egiten ez badiote, onartutzat joko da.

b) Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, beren eginkizunetan dihardutela, eskatzen duten informazioa ematea deialdi honen kargura jasotako dirulaguntzei buruz.

c) Medikuaren baja-partea (ABE/LI) intzidentea gertatu eta hurrengo 24 orduko epean aurkeztea ikastetxean.

d) Legezko gainerako betebehar guztiak, bereziki azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan ezarritakoak.

14. artikulua.– Bateraezintasuna.

1.– Agindu honetan ezarritakoaren arabera emandako laguntzak bateratu ahal izango dira beste edozein Administraziok edo nazioko zein nazioarteko erakunde publiko edo pribatuk helburu bererako emandako beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekin, eta diruz lagundutako zenbateko osoak, bakarka hartuta edo beste batzuekin batera, ezin izango du gaindituko diruz lagundutako jardueraren kostua.

2.– Dirulaguntza hauek ezin izango dira bateratu lan-jarduera ordainduekin.

15. artikulua.– Datu pertsonalak babestea.

Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorrean eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan xedatutakoa betetzeko, 2019-2020ko ikasturtean irailetik martxora bitartean lantokiko prestakuntzako modulua egiten duten lanbide-heziketako ikasleek enpresako egonaldi-bekak lortzeko deialdia kudeatzen duten organoek eskabideko datu pertsonalak erabiliko dituzte deialdiko emakidak gauzatzeko.

Gainera, deialdi honetan sortzen diren informazioa eta zerrendak Ikasgunean kontsultatu ahal izango dira, eta ezin izango dira zentroetako iragarki-tauletan argitaratu.

Interesdunek datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko eta transferitzeko eskubideak baliatu ahal izango dituzte, bai eta datuak tratatuak izateko mugak ezartzeko eta tratamenduaren aurka egiteko eskubidea ere. Horretarako, idazki bat igorri behar dute Hezkuntza Saileko Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzara (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, haren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, edo, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean. Bi epeak deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuko dira.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko irailaren 17a.

Hezkuntzako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala