Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

183. zk., 2019ko irailaren 26a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGUKO ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
4372

AGINDUA, 2019ko irailaren 18koa, Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuarena, zeinaren bidez arautzen eta iragartzen baita «Lagunkoitasuneko Jardunbide Egokien Saria» 2019. urterako.

Zahartze Aktiborako 2015-2020 Estrategiak lege-erreferentziatzat hartzen du Gizarte Zerbitzuen Legea, zeinak Euskadiko Gizarte Zerbitzuen Sistema taxutzen baitu arretarako sare artikulatu moduan, helburutzat hartuta, pertsona, familia eta talde guztien integrazio sozialaren eta autonomiaren alde egitea, sustapen-, prebentzio-, babes- eta laguntza-funtzioak garatuz. Hiru alor nagusitan banatzen da, eta horietako bat da «Lagunkoitasuna eta parte-hartzea ongizate-gizartea eraikitzeko garaian». Alor horren helburua da Euskadin lagunkoitasunaren paradigma orokortzea, eta zahartzen ari direnek prozesu horretan parte hartzen dutela eta prozesuko protagonistak direla bermatzea. Zehazki, ekintza boluntarioak eta lankidetza komunitarioko parte-hartze mugimenduak sustatuko dira zahartzen ari diren pertsonen artean. Horrez gain, adineko pertsonek familia-arloan eman dituzten laguntza eta babesaren transferentzia baloratuko da, eta lagunkoitasun-prozesuak bultzatuko dira Euskadin.

Adineko pertsonen arloko lagunkoitasun-mugimendua Osasunaren Munduko Erakundeak (OME) sustatu zuen 2005ean, Rio de Janeiroko XVIII. Gerontologia Batzarrean, Age-Friendly Cities izenpean. Horretarako, munduko biztanleriaren bi joeratan oinarritu zen: zahartze demografikoa eta urbanizazio-prozesua. Horren atzean dagoen teoria da 2002an definitutako Zahartze Aktiboa, osasun-, parte-hartze eta segurtasun-aukerak optimizatzeko eta pertsonak zahartu ahala bizi-kalitatea hobetzeko prozesu gisa definitu zena.

Beraz, OMEren arabera ingurune lagunkoiak bizitza independentearen, zahartze aktiboaren eta autonomia pertsonalaren alde egiten du osasun-, parte-hartze eta segurtasun-aukeren optimizazioaren bidez, pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko helburuarekin. Adineko pertsonekiko lagunkoiak diren udalerritzat jotzen dira zahartze aktiboa sustatzen duten hiri-ingurune integratzaile eta irisgarriak. Udalerri lagunkoiek beren egitura eta zerbitzuak berrantolatzen dituzte pertsona guztiei kalitate, segurtasun eta erosotasun ezin hobeak eskaintzeko, haien gaitasunak edozein direlarik ere. Horrela, bizitza sozialeko alor guztietako parte-hartzea sustatzen dute.

Testuinguru horretan sortu zen «Euskadi Lagunkoia» proiektua. Enplegu eta Gizarte Politikak Sailaren ekimena da, herritarren eta sektore publikoaren, pribatuaren eta sozialaren parte-hartzea sustatzen duena Euskadin lagunkoitasunaren aldeko mugimendu bat garatzeko, eta, horrekin batera, zahartzen ari diren pertsonentzako bizitza-ingurune erraztaileak sustatzeko.

Kontuan hartuta Euskadin erakunde, organismo eta pertsona ugarik egiten dutela lan lagunkoitasunaren arloan, agindu honen helburua da berrikuntza eta eraginkortasunagatik nabarmentzen diren jardunbide egokien balioa azpimarratzea adineko pertsonentzat ingurune erraztaileak sortuz lagunkoitasunaren arloan; izan ere, horretarako nahikoa aurrekontu dago 2019ko ekitaldira luzatu diren Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontuetan.

Jardunbide bat egokitzat jotzeko, Unesco erakundeak Management of Social Transformation programaren (2003) esparruan jasotako proposamena hartzen da kontuan, zeinetan oinarrizko lau ezaugarri zehazten baitira gizarte-alorreko jardunbide egokiak identifikatzeko: berritzailea (konponbide berri edo sortzaileak garatzen ditu); eraginkorra (hobekuntzaren gaineko eragin positibo eta nabarmena frogatzen du); jasangarria, dituen eskakizun sozial, ekonomiko eta naturalengatik (denboran zehar mantendu daiteke eta efektu iraunkorrak izan ditzake), eta errepikagarria (beste toki batzuetan politikak, ekimenak eta jarduketak garatzeko eredu izan daiteke).

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean jasotako aurreikuspenak betetzeko, sari hau Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren 2019. urterako Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren barnean sartzen da. Plan hori Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2019ko martxoaren 5eko Aginduaren bidez onartu zen, eta 2019ko ekainaren 7ko Aginduaren bidez aldatu –gardentasun-atarian eta lehen aipatutako sailaren web-orrian argitaratua–.

Azaldutako guztia dela eta,

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Onartzea «Lagunkoitasuneko Jardunbide Egokien Saria» 2019. urtean emateko deialdia, aintzat hartuta onartzen diren oinarri erregulatzaileak eta ereduak –agindu honen I., II., III. eta IV. eranskinak–.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honetan aipatutako saria xedapen hauen menpe dago: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea; Euskadiko Ogasun Nagusiaren antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutakoa) VI. titulua eta VII. tituluaren III. kapitulua; eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean jasotako oinarrizko araudia (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartua).

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek administrazio-bideari amaiera ematen dio, eta, beraz, haren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluetan jasotakoarekin bat etorriz. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera, betiere Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioaren uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.a) eta 46. artikuluetan ezarritakoa betez.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak agindu honek.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko irailaren 18a.

Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburua,

BEATRIZ ARTOLAZABAL ALBENIZ.

I. ERANSKINA
LAGUNKOITASUNEKO JARDUNBIDE EGOKIEN SARIAREN 2019KO DEIALDIAREN OINARRIAK

Lehenengoa.– Xedea.

Deialdi honen xedea da 2019ko Lagunkoitasuneko Jardunbide Egokien Saria ematea, zeinaren bitartez publikoki saritzen baitira lagunkoitasunari begira berritzaileak eta eraginkorrak diren jardunbideak garatzen dituzten eta adineko pertsonei begira ingurune erraztaileak sortzen dituzten erakunde publiko eta pribatuak.

Horretarako, lagunkoitasuntzat jotzen da hiri-ingurune integratzaile eta irisgarria osatzen saiatzen den faktorea, zahartze aktiboa sustatzen duena adineko pertsonen osasun-, parte-hartze eta segurtasun-aukeren optimizazioaren bidez. Horrela, pertsona horien parte-hartzea ahalbidetzen da bizitza sozialeko alor guztietan.

Bigarrena.– Sariak.

1.– Saria emango zaio balorazio onena lortzen duen jardunbideari, eta 3.000 euroko bidaia-poltsa bat izango da, erakunde sarituko hiru pertsonek lagunkoitasun-jardunbideak gauzatzen dituen erakunde bat bisitatu ahal izateko. Erakunde sarituak aukeratuko du bisita, eta saria emango duen organoari jakinaraziko diote hark onar dezan, betiere aukeraketaren arrazoiak behar bezala justifikatzen badira.

Bisita hori 2020. urteko lehenengo hiruhilekoa amaitu baino lehen egingo da, eta, hori egin eta gero, egindako bidaiaren balorazio-txosten bat emango dio saritutako erakundeak Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzari.

2.– Halaber, bai saritutako jardunbidea bai oinarri hauetan jasotako lagunkoitasun-jardunbide egokiak betetzen dituzten hautagaitzak «Euskadi Lagunkoia» atariaren Jardunbide Egokien Katalogoan gehituko dira, eta atariarekin lotutako webgunean argitaratuko.

Aipatutako katalogoan sartzeak «Euskadi Lagunkoia Sarera» biltzea dakar, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak abian jarri baitu herritarren eta sektore publiko, pribatu nahiz sozialaren parte-hartzea sustatzeko eta lagunkoitasun-mugimendu bat sortzeko, zahartzen ari diren pertsonentzako bizi-ingurune erraztaileak sustatzeko. Horrez gain, plataforma erabilgarria da jardunbide egokiak eta esperientziak trukatzeko, beste eragileengandik ikasteko eta egindako aurrerapenak erakusteko.

3.– Sari hori ematea bateragarria da beste administrazio publiko batek edo erakunde pribatu batek emandako sariak lortzearekin.

Hirugarrena.– Hautagaitzak.

1.– Deialdi honetarako hautagaitza aurkeztu ahal izango dute EAEko administrazio publikoek, haien sektore publikoak osatzen dituzten erakundeek eta egoitza soziala EAEn duten eta jarduera nagusia bertan garatzen duten pertsona juridiko pribatuek.

2.– Deialdira biltzen diren erakunde guztiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte eskabidea aurkeztean:

a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean edukitzea.

b) Dirulaguntzen itzulketagatik eratorritako betebeharrak ordainduta izatea, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamenduaren 21. artikuluan xedatutako baldintzetan –ekainaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartua–.

c) Ez izatea laguntza publikoak jasotzeko aukera ukatzen duen zehapen administratibo edo penalik, ezta laguntza publikoak jasotzeko gaitasunik gabe uzten duen legezko debekurik ere.

d) Ez izatea administrazio-zehapenik edo zehapen penalik sexu-bereizkeria egitegatik, eta, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera, ez zaiela horrelako debekurik ezarri.

e) Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 eta 13.3 artikuluetan aurreikusitako egoeretako batean.

Aurreko a) letran jasotako baldintza bete izanaren egiaztapena ofizioz egingo du Administrazioak, erakunde eskatzaileak egiaztapen horren aurka egin ezean; kasu horretan, erakunde horrek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean daudela egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko ditu, egiaztapen horiek egiteko erakunde eskudunek eman beharko dituztenak.

Aurreko atalaren b), c), d) eta e) letretan jasotako baldintzen justifikazioa egingo da eskabide-formularioaren jasotako baldintzen arabera emango den erantzukizunpeko adierazpenaren bidez.

Laugarrena.– Jardunbideek bete beharreko baldintzak.

Hautagaitzek lotura izan beharko dute adineko pertsonei begira lagunkoitasun-jardunbide egokitzat jotzen diren jarduketekin, eta halakotzat joko dira honako baldintza hauek betetzen dituztenak deialdi honetan parte hartzeko eskabidea aurkeztean:

1.– Bizi-ingurune erraztaileen alde egin behar dute honako esku-hartze alor hauetako batean edo gehiagotan:

a) Kanpoko espazioak eta eraikinak.

b) Garraioa.

c) Etxebizitza.

d) Parte-hartzea eta gizarte-ehuna.

e) Errespetua eta inklusioa.

f) Herritarren parte-hartzea eta enplegua.

g) Komunikazioa eta informazioa.

h) Gizarte- eta osasun-zerbitzuak.

2.– Unesco erakundean «Management of Social Transformation» programaren (2003) esparruan zehaztutako baldintza hauetako bat bete beharko dute:

a) Berrikuntza: konponbide berri edo sortzaileak garatzea.

b) Eraginkortasuna: berrikuntzaren gaineko inpaktu positibo eta nabarmena frogatzea.

c) Iraunkortasuna: eskakizun sozial, ekonomiko eta naturalengatik luzaroan mantendu daiteke eta efektu iraunkorrak izan ditzake.

d) Errepikagarria: beste toki batzuetan politikak, ekimenak eta jarduketak garatzeko eredu izan behar du.

3.– Ezarpen-fasean ala amaituta egon behar dute.

Bosgarrena.– Hautagaitzak aurkeztea.

1.– Hautagaitzak aurkeztu nahi dituzten erakundeek bitarteko elektronikoen bidez kontsultatu eta egin beharko dituzte prozedura honetako izapide guztiak.

2.– Eskabideak aurkezteko epea bi hilekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

3.– Gizarte Zerbitzuetako zuzendaria izango da deialdi honen organo kudeatzailea.

Seigarrena.– Eskabideen edukia eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Erakunde hautagaiek bete beharreko eskabide-eredua oinarri hauen I. eranskinean dago, eta helbide honetan egongo da eskuragarri: http://www.euskadi.eus/premio_concurso/2019/premio-de-buenas-practicas-de-amigabilidad-2019/web01-a2gizar/es/ (Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan).

Eskabidea aurkezteak esan nahi du espresuki eta formalki onartzen direla deialdi honetako oinarrietan definitzen diren baldintzak.

2.– Eskabideari dokumentu hauek gehituko zaizkio:

a) Erakundearen legezko ordezkaritza egiaztatzen duen dokumentazioa; betiere, eskabidea sinatzen duen pertsona Eusko Jaurlaritzako Ordezkarien Erregistroan inskribatuta ez badago erakunde eskatzailearen ordezkari gisa, eta egiaztapen hori Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailean agertzen ez bada.

b) Erantzukizunpeko adierazpen bat, zeinetan jaso beharko den hirugarren oinarriko bigarren paragrafoko b), c) eta d) letretako baldintzak betetzen direla. Oinarri hauen I. eranskinean jasotako eskabide-ereduaren barruan dago eta http://www.euskadi.eus/premio_concurso/2019/premio-de-buenas-practicas-de-amigabilidad-2019/web01-a2gizar/es/ helbidean (Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoa) aurki daiteke.

c) Azalpen-memoria bat, saria eskuratzeko aurkezten den jardunbidearen ezaugarriak eta xehetasunak azaltzeko. Horrekin batera, aipatutako memorian jasotako informazioa egiaztatzeko beharrezko dokumentuak ere aurkeztuko dira, baita epaimahaiak baloratu beharrekotzat jotzen direnak ere, saria lortze aldera.

Erakunde hautagaiek bete beharreko memoriaren eredua oinarrien II. eranskinean dago, eta eskuragarri egongo da http://www.euskadi.eus/premio_concurso/2019/premio-de-buenas-practicas-de-amigabilidad-2019/web01-a2gizar/es/ helbidean (Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoa).

3.– Erakunde hautagaiek euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete eskabidea eta dokumentazioa, aukeran. Halaber, prozedura guztian zehar, eskatzaileak aukeratu duen hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Arautzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan xedatutako moduan.

4.– Eskabideak oinarri hauetako baldintza guztiak betetzen ez baditu, osatugabea edo akastuna bada, erakunde interesdunari eskatuko zaio hamar eguneko epean hutsa zuzentzeko edo nahitaezkoak diren dokumentuak aurkezteko; eta adieraziko zaio, hala egin ezean, eskabidea bertan behera utziko zaiola, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Era presentzialean aurkezten bada eskabide hori, ezarritako bide elektronikoa baztertuta, elektronikoki aurkeztuta zuzentzeko eskatuko zaio. Horretarako, zuzenketa egin deneko eguna hartuko da eskabidearen aurkezpen eguntzat.

5.– Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan:

Zazpigarrena.– Epaimahaia.

1.– Epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

Batzordeburua:

– Lide Amilibia Bergaretxe andrea, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua.

Bokalak:

– Pilar Sorando andrea, Zahartzaroa-Geriatria eta Gerontologia Euskal Elkarteko lehendakaria.

– Koldo Aulestia Urrutia jauna, AFAGI-Alzheimer Gipuzkoako lehendakaria.

– Beatriz Gazquez Delgado andrea, 3D Social Movement-eko kudeatzailea.

– Jose Manuel Odriozola jauna, Euskadiko Pentsionisten eta Erretiratuen Elkarte Probintzialen Lurralde Federazioaren lehendakaria (EUSKOFEDERPEN).

– M.ª Jesus Goikoetxea Iturregui andrea, Giza Eskubideetan doktorea eta Psikologia eta Teologian lizentziatua (Deustuko Unibertsitatea).

Idazkaria:

– Saioa Landa Ayo, Gizarte Zerbitzuetako teknikaria; ez du botorik izango.

2.– Epaimahaiaren jarduerek eta epaimahaikideen abstentziorako eta ezespenerako araubideak Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea izango dute arau.

Zortzigarrena.– Balorazio-irizpideak:

1.– Esleipen-proposamena prestatzeko helburuarekin, honako irizpide hauen arabera balioetsiko ditu epaimahaiak hautagaitzak:

a) Jardunbidearen irizpide orokorrak, baremo honen arabera (gehienez 33 puntu):

● Ekintzaren garrantzia: 0 eta 3 puntu arteko eskala.

● Ezarpen-gradua: 0 eta 3 puntu arteko eskala.

● Adineko pertsonen parte-hartze aktiboa haren garapenean: 0 eta 3 puntu arteko eskala.

● Jardunbidearen deskripzio egokia: 0 eta 3 puntu arteko eskalarekin balioetsiko dira honako atal hauek:

○ Xedeak.

○ Metodologia.

○ Emaitzak.

○ Ebaluazioa.

○ Berrikuntza.

○ Inpaktua.

Iraunkortasuna.

○ Errepikagarritasuna.

b) Jardunbide egokiak balioesteko irizpideak: honako irizpide hauen betetze-maila balioetsiko da, baremo honen arabera (gehienez 21 puntu):

● Berrikuntza:

Ez dauka elementu berritzailerik: 0 puntu.

Konponbide berria da; jardunbideak erantzuna ematen dio dagoeneko planteatu den arazo bati: 1 puntu.

Ikuspegi berritzailea du; jardunbideak erantzuna ematen dio arazo ezagun bati, ikuspegi edo metodologia berritzaile batekin: 2 puntu.

Ideia berritzailea da; jardunbideak erantzuna ematen dio aurretik planteatu ez den arazo bati: 3 puntu.

● Eraginkortasuna:

Frogatutako eraginik gabe: 0 puntu.

Inpaktu baxua; jardunbidea martxan zen artean baino ez da neurtu inpaktua: 1 puntu.

Erdi-mailako inpaktua; inpaktua jardunbidea amaitu eta denbora gutxira soilik neurtu da (hurrengo 3 eta 6 hilabeteen artean): 2 puntu.

Epe luzeko inpaktu jasangarria; inpaktua jardunbidea amaitu eta denbora gutxira neurtu da (bukatu eta 6 hilabete geroago): 3 puntu.

●Iraunkortasuna:

Ez da planteatzen jardunbidearekin jarraitzea: 0 puntu.

Jasangarritasunari begira potentzialtzat jotzen da; jardunbidea duela gutxi hasi zen edo abian dago, eta potentzialki jasangarria da: 1 puntu.

Jasangarritasun organikoa du; herritar hartzaileak gai izan dira jarraitutasuna era autogestionatuan emateko. 2 puntu.

Ezarrita dago; jardunbidea finkatuta dago, eta zenbait urtetan funtzionatu du: 3 puntu.

● Erreplikagarritasuna:

Jardunbidea ez da sistematizatu beste toki batzuetan errepikatzeko: 0 puntu.

Jardunbidearen prozesua sistematizatu da errepikatu ahal izateko, baina, hala ere, ez da transferitu: 1 puntu.

Jardunbidea EAEren barruan transferitu da: 2 puntu.

Jardunbidea EAEtik kanpo transferitu da: 3 puntu.

2.– Saria jaso ahal izateko gutxienez 20 puntu eskuratu beharko dira.

Bederatzigarrena.– Sariaren epaitza.

1.– Epaimahaiak, hautagaitzak aztertu eta balioetsi ondoren, saria emateko proposamen bat egingo du, eta, horrekin batera, hartutako erabakia justifikatuko duten arrazoien berri emango du. Ondoren, deialdi hau ebazteko eskumena duen organoari helaraziko dio, hots, Eusko Jaurlaritzaren Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuari.

2.– Epaimahaiak deialdia huts deklaratzeko proposamena egingo du honako kasu hauetan:

a) Hautagaitzek ez dituztenean betetzen aginduan jardunbide egokiei begira zehaztutako baldintzak, laugarren oinarrian ezarritakoaren arabera.

b) Proiektu batek ere ez duenean erdietsi saria jasotzeko gutxieneko puntuazioa, zortzigarren oinarriaren bigarren apartatuan zehaztutakoa.

3.– Epaimahaiaren proposamena ikusi ondoren, Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak agindu bat emango du, saria emateko edo deialdia huts deklaratzeko, hilabeteko epean gehienez ere, hautagaitzen aurkezpena amaitu zenetik. Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta http://www.euskadi.eus/premio_concurso/2019/premio-de-buenas-practicas-de-amigabilidad-2019/web01-a2gizar/es/ helbidean argitaratuko da (Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoa).

Halaber, ebazpena elektronikoki jakinaraziko zaie deialdian parte hartu duten pertsona guztiei, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bitartez.

Aurrekoa eragotzi gabe, organo kudeatzaileak bere esku izango du interesdunei jakinarazpenen abisuak bidaltzea SMS edo posta elektronikoko mezuen bidez, eskabidean adierazitako telefonoetara edo posta elektronikoko kontuetara. Abisu horiek inoiz ere ez dira jakinarazpentzat hartuko.

4.– Saria emateko edo deialdia huts deklaratzeko Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuaren agindu horrek bukaera ematen dio administrazio-bideari, eta, aurka egiteko, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke agindua eman duen organoari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera. Nahi izanez gero, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke, bi hileko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Hamargarrena.– Saria onartzea.

1.– Saritutako erakundeak idatziz eta beren-beregi adierazi beharko du saria onartzen duela, esleipen-ebazpena argitaratu eta hiru egun balioduneko epean. Horretarako, deialdi-agindu honen IV. eranskinean jasotako eredua erabili beharko du, zeina Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalean baitago.

2.– Saria onartu ezean, ulertuko da uko egin zaiola, eta Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak agindua emango du, sariari uko egin zaiola deklaratuz eta saria emanez balorazio oneneko hurrengo hautagaitzari, oinarri honen lehen paragrafoan xedatutakoarekin bat etorriz.

Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta http://www.euskadi.eus/premio_concurso/2019/premio-de-buenas-practicas-de-amigabilidad-2019/web01-a2gizar/es/ helbidean argitaratuko da (Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoa). Horrez gain, elektronikoki jakinaraziko zaie erakunde sarituari eta deialdian parte hartu duten gainerako hautagaiei, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez.

3.– Bi hautagaitza onenek ez badute saria onartzen, Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak huts deklaratuko du deialdia, agindu bidez. Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta http://www.euskadi.eus/premio_concurso/2019/premio-de-buenas-practicas-de-amigabilidad-2019/web01-a2gizar/es/ helbidean argitaratuko da (Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoa). Horrez gain, elektronikoki jakinaraziko zaie deialdian parte hartu duten hautagaiei, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez.

Hamaikagarrena. – Saria ematea.

1.– Ekitaldi publiko batean egingo da sari-banaketa, banaketaren eguna erakunde sarituari behar besteko aurrerapenez jakinarazi eta gero. Ekitaldi horretara bertaratu beharko da erakunde horren legezko ordezkari bat, eta hark labur azalduko ditu aurkeztutako jardunbidearen xehetasunak eta hari emango zaio 3.000 euroko txekea erakunde sarituko kide diren hiru pertsonek bisita bat egin dezaten, bigarren oinarrian jasota dagoen bezala.

Legezko ordezkariak ezin badu parte hartu ekitaldi horretan (justifikatutako arrazoiengatik), aldez aurretik beste pertsona bat izendatu beharko du bere ordez saria jasotzeko, eta Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzari pertsona horren datuak bidaliko dizkio.

2.– Saritutako erakundearen legezko ordezkaria edo haren ordez izendatua ez bada agertzen sari-banaketara, saria hutsik deklaratuko da automatikoki, eta, formalki, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuaren agindu baten bidez emango da egoera horren berri.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala