Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

181. zk., 2019ko irailaren 24a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
4321

AGINDUA, 2019ko irailaren 10ekoa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez aparteko dirulaguntzetarako deialdia egiten baita, iritsi berri diren ikasleak hizkuntzan murgiltzeko programak hobetzeko. (2H. Hezkuntza inklusiboa eta aniztasunerako arreta).

Hezkuntza Sailak, hezkuntza kultura anitzeko testuingurura egokitu behar dela ohartuta, kulturarteko hezkuntza-eredu bat garatu nahi du, euskal hezkuntza-sisteman berdintasuna eta aniztasunarekiko errespetua lortzeko. Ikastetxeetan kultura-aniztasuna onartzea funtsezkoa da benetako kulturarteko gizarteak lortzeko.

Hezkuntza-sisteman sartu berriak diren ikasle etorkinei laguntzeko, ezinbestekoa da hizkuntza ofizialetan komunikatzeko gaitasuna hobetzea, eta kulturartekotasuna sustatzeko programak ezarri behar dira ikastetxeetan.

Aniztasun horri erantzuteko, ikastetxeek zenbait deialdi dituzte, zeinek eragina baitute, batetik, irakasleen prestakuntza etengabean («Prest Gara», «Bikaintasunerantz», «Eleaniztasunerantz»), eta, bestetik, ikasleekiko jarduera zehatzetan (kulturartekotasuna sustatzeko programak, hizkuntza indartzeko programak, hezkuntzan berariaz sendotzeko programak, curriculum-aniztasunaren bidez ikaskuntza eta errendimendua hobetzeko programak).

Honelako programen bidez, besteak beste, honako hau lortu nahi da: ikastetxeak hausnarketako eta hobekuntzako prozesu bat abiatzea kultura aniztasunaren inguruan, eta, testuingurua eraldatzeko prozesuak egiten ari diren ikastetxeen kasuan, baliabideak integratzea eta haien eragingarritasuna optimizatzea. Hizkuntza-indartzea ikasle hasi berriei zuzenduta dago, zehatz esanda, Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialak ez jakitearekin lotutako komunikazio-zailtasun nabarmenak izateagatik hizkuntza indartzeko plangintza bat behar duten ikasleei.

Gaur egun, nabarmen handitu da geletara ohiko matrikula-epeaz kanpo sartzen diren ikasleak, eta gero eta anitzagoak dira haien profil soziolinguistikoak; hortaz, ikuspegi eta metodo berriak garatu behar dira haiei harrera egitea eta hizkuntzan murgiltzea errazteko, eta lehenengo urratsa izan daitezen ikasle horiek etorkizunean hezkuntzan nahiz gizartean arrakasta lortzeko.

Egindako kanpo-ebaluazioek agerian utzi dute eskolako porrota, hein batean, komunikazio-hizkuntzan gaitasun falta izateari zor zaiola. Beraz, komunikazio-maila egokia bermatzea oso lagungarria da ekitatea, gizarte-inklusioa eta hezkuntza-sistemak bilatzen duen hezkuntza-kalitatea ahalbidetzeko.

Ohiz bestera, ikasle atzerritarren eta bekadunen ehuneko esanguratsu bat duten ikastetxeei lagundu nahi zaie, iritsi berri diren ikasleak hizkuntzan murgiltzeko dituzten programak finka ditzaten.

Kontuan harturik zer dioten: Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 79/2017 Dekretuak; Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartu zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren VI. tituluak –Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioaren eremuko dirulaguntzak erregulatzeari buruzkoa–; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak, eta oro har aplikatzekoak diren gainerako xedapenek, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea eta aurrekontu-zuzkidura.

1.– Agindu honen xedea da aparteko dirulaguntzen deialdia egitea eta horretarako oinarriak ezartzea iritsi berri diren ikasleak hizkuntzan murgiltzeko programak garatzeko. Programa horien bidez, komunikatzeko nahikoa gaitasun eman nahi zaie iritsi berri diren ikasleei; hasiera batean ikastetxean harremanak izan ahal ditzaten, eta, ondoren, inklusioa eta eskolako arrakasta lortzeko behar adina gaitasun izan dezaten hizkuntzan komunikatzeko 2019-2020 ikasturtean.

2.– Hizkuntzan murgiltzeko programaren hartzaileak hauek izango dira: gure hezkuntza-sistemara iritsi berri diren ikasleak (azken 2 ikasturteetan), Lehen Hezkuntzako 4., 5. eta 6. mailan nahiz Bigarren Hezkuntzako 1. eta 2. mailan egon eta eskolako hizkuntzak (euskara eta gaztelania) ikasteko premia dutenak.

3.– Agindu honen bidez deitutako dirulaguntzak finantzatzeko ehun eta berrogeita hamar mila euro (150.000) jarri dira, honela banaturik:

Lehen Hezkuntza: ehun mila (100.000) euro.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza: berrogeita hamar mila (50.000) euro.

2. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Erakunde interesdunek bide elektronikoak erabili beharko dituzte prozedura honen izapide guztiak egiteko. Izan ere, hala xedatu dute Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak eta E-Administraziorako –Platea– Plataforma Teknologikoa onartu zuen Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenak.

2.– Egoitza elektroniko honetan eskura daitezke eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak izapidetzeko moduari buruzko zehaztasunak: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2019/programa-especifico-diversidad/y22-izapide/eu/

Eskabidearen osteko izapideak helbide honetan egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekudeaketak.

3. artikulua.– Eskabideak eta inprimakiak aurkeztea.

1.– Eskabidearekin batera (horren eredua II. eranskinekoa da), ikastetxe eskatzaileek esku hartzeko proposamena aurkeztu beharko dute, agindu honen 7.2 artikuluan adierazitako jarraibideen arabera eta honako hauek jasota:

a) Ikastetxeak ikasle atzerritarren, ikasle etorkinen eta ikasle iritsi berrien aniztasunarekin zerikusia duten jarduerak sustatzen egin duen ibilbidearen deskripzioa.

b) Diagnostikoa:

– Premien zehaztapena.

– Aurkeztutako lehentasunak eta argumentuak.

c) Proposamena zer mailatarako den: Lehen Hezkuntza eta/edo Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza. Maila baterako baino gehiagorako bada, argi zehaztuko dira mailok.

d) Helburu orokorrak eta helburu espezifikoak.

e) Jarduerak:

– Irakasleei zuzendutako jarduerak.

– Ikasleei zuzendutako jarduerak.

f) Ebaluazioa:

– Proiektuan markatutako helburuen lorpenaren ebaluazio-irizpideak eta adierazleak.

– Ebaluatzeko tresnak eta uneak.

g) Aurrekontua:

– Eskatutako laguntzaren banakapenari buruzko azalpenak. Banakapen horretan barne hartuko da zein mailari edo mailei bideratzen zaien proposamena.

h) Proiektuaren eragina:

– Eraginpeko irakasle eta taldeen kopurua.

– Proiektua zabaltzeko eta hezkuntza-komunitatearen eta familien parte-hartze aktiboa sustatzeko neurriak.

2.– Bitarteko elektronikoak erabiliz aurkeztu beharko dira eskabideak, https://www.euskadi.eus/ egoitza elektronikoan, eta, horretarako hilabete izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

3.– Eskabide-eredua egoitza elektronikoan egongo da eskuragarri: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2019/programa-especifico-diversidad/y22-izapide/eu/

4.– Erakunde eskatzaileek euskaraz edo gaztelaniaz aurkeztu ahal izango dituzte eskabidea eta gainerako dokumentuak. Halaber, prozedura osoan zehar, eskatzaileak hautatzen duen hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan xedatzen den moduan.

4. artikulua.– Erakunde onuradunak.

Deialdi honen onuradun izan daitezke Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako ikastetxe pribatuak, baldin eta itundutako unitateak badituzte Lehen Hezkuntzan eta/edo Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan.

5. artikulua.– Erakunde eskatzaileen betekizunak.

1.– Erakunde eskatzaileek honako betekizun hauek bete beharko dituzte:

– 2018-2019 ikasturtean, ikasle atzerritarrak % 20 edo gehiago izatea, aurreko artikuluan jasotako maila batean edo gehiagotan. Dagokion mailako ikasle guztiak kontuan harturik kalkulatuko da ehuneko hori.

– 2018-2019 ikasturtean, ikasle bekadunak % 50 edo gehiago izatea, aurreko artikuluan jasotako maila batean edo gehiagotan. Dagokion mailako ikasle guztiak kontuan harturik kalkulatuko da ehuneko hori.

– Indarrean dauden xedapenek zergen eta gizarte segurantzaren arloetan ezartzen dituzten betebeharretan egunean egotea. Onartu den dirulaguntza guztiz ordaindu arte eutsi beharko zaio eskakizun horri.

– Ordainduta izatea dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak. Onartu den dirulaguntza guztiz ordaindu arte eutsi beharko zaio eskakizun horri.

2.– Ezin izango dira onuradun izan honako egoeraren hauetan dauden erakundeak:

– Dirulaguntzei buruzko 2013ko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren 2. eta 3. zenbakietan azaldutako egoeraren batean daudenak.

– Dirulaguntzak edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera ukatzen dien zigor administratiborik edo penalik dutenak, bai eta dirulaguntzak jasotzeko legezko debekurik dutenak ere, batez ere sexuaren bereizkeriaren ondoriozkoak badira, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenari jarraikiz.

3.– Onuradunei dirulaguntzak eman eta, hala dagokionean, ordaintzeko, amaiturik egon behar da itzulketa- edo zehapen-prozedura oro, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetze-fasean badago.

6. artikulua.– Erakunde eskatzailearen zenbait betekizun egiaztatzea.

1.– Hezkuntza Saileko Estatistika Zerbitzuak emango du ikastetxe bakoitzeko ikasle atzerritarren kopurua. Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak kalkulatuko ditu ikasle atzerritarren eta bekadunen ehunekoak, Hezkuntza Saileko Estatistika Zerbitzuan dauden datuak kontuan hartuz. Datu guztiak 2018-2019 ikasturteari dagozkionak izango dira.

Ikastetxeek Administraziora jo ahal izango dute ikasle atzerritarren eta bekadunen datuak kontsultatzera.

Dirulaguntza-eskabidea aurkeztuta, eskatzaileak baimena emango du dirulaguntza ematen duen organoak zuzenean eskuratu ditzan aipatutako datuak.

2.– Dirulaguntza-eskabidea aurkeztean, eskatzaileak baimena ematen dio laguntza ematen duen organoari zuzenean egiaztatzeko zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela laguntzak eskatzen dituzten erakundeek; izan ere, organo kudeatzaileak automatikoki eta behar beste aldiz egiaztatuko du hori, eta ez du eskatzaileen baimenik beharko horretarako, Dirulaguntzen Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 88/2006 Errege Dekretuaren 22. artikuluan ezaritakoari jarraikiz eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua aplikatuz. Hala ere, erakunde eskatzaileak berariaz uko egin diezaioke baimen horri, eta, hala eginez gero, aipatutako betebeharren ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu, Dirulaguntzei buruzko Erregelamendu orokorraren 22. artikuluan azaltzen den eran.

3.– Eskarietan aukera izango da laguntzak eskatzen dituen erakundeak berariaz adieraz dezan baimena ematen diola organo kudeatzaileari gainerako datu edo dokumentu guztiak lortu edo egiaztatzeko, hargatik eragotzi gabe Administrazio Publikoak egiaztapen, kontrol eta ikuskaritzaren alorrean dituen ahalmenak.

4.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan egindako aldaketa aplikatuz, honako betekizun hauek egiaztatuko dira, eskabidean txertatuko den erantzukizunezko adierazpen baten bidez:

– Helburu bererako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo beste baliabide batzuk eskatu, eta, hala badagokio, jaso dituztela adierazi beharko dute, edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik etorriak direla ere.

– Pertsona edo erakunde eskatzaileak ez izatea dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera ukatzen dion zehapen administratibo edo penalik, ez eta dirulaguntzak jasotzeko legezko debekurik ere, sexuagatiko diskriminazioaren ondoriozko lege-debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenari jarraikiz.

– Ordainduta izatea dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak.

– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo/eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntza edo dirulaguntzak direla-eta hasitako edozein itzultze- edo zigor-prozeduratan sartuta egotea edo ez egotea.

– Borondatezko konkurtsoaren deklarazioa ez eskatu izatea, edozein prozeduratan kaudimengabetzat ez jo izatea, konkurtsoan deklaratuta ez egotea, salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek, esku-hartze judizialaren pean ez egotea edo desgaitua ez izatea, Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaitze-aldia amaitu gabe.

– Kausaren batean erruduntzat jotzearren, Administrazioarekin egindako edozein kontraturen amaiera irmoa emanda ez egotea.

– Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateetako administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez daude honako lege hauetan jasotako kasuren batean: martxoaren 30eko 3/2015 Legea, Estatuko Administrazio Orokorreko goi-kargudunen jarduna arautzen duena, eta abenduaren 26ko 53/1984 Legea, Administrazio publikoen zerbitzura dauden langileen bateraezintasunena; edo, ez dira Hauteskunde Erregimen Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapenezko karguak, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen Euskal Autonomia Erkidegoko arauek ezarritako baldintzetan.

– Erregelamenduz zerga-paradisu gisa kalifikatutako herrialde edo lurralde batean ez izatea zerga-egoitza.

– Era berean, erakunde eskatzaileak adieraziko du eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla, eta laguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak betetzen dituela.

7. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.

1.– Honako jarduera hauek lagundu ahal izango dira diruz: atzerritik iritsi berri diren eta Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako itunpeko ikastetxeetan eskolatu diren ikasleak hizkuntzan murgiltzeko programa bat diseinatzea, garatzea eta probatzea.

2.– Diruz lagundu daitezkeen jardueren tipologia:

a) Irakasleen prestakuntza. Hizkuntza indartzeko irakasleei prestakuntza ematea, iritsi berri diren ikasleekin esku-hartze intentsiboko eredu berri bat sortzeko, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko A2 maila lortzen dela bermatzeko.

b) Ikasleekiko jarduerak. Hizkuntzan murgiltzeko gela bat abian jartzea, jarraibide hauen arabera (zehaztasun gehiago izateko, begiratu V. eranskinean):

Eskola inklusiboko planteamendu baten barruan garatzea proiektua, ikastetxeko ikasleen aniztasunari globaltasunez eta batera erantzunda, eta itxaropen handiak sortzea hartzaile diren ikasleengan. Jarduera guztietan erabili beharko da ikuspegi inklusiboa, hau da, ikastetxeko ekintza-plan baten barruan egongo da, ikasle eta irakasle guztiei zuzendutakoa izango da, beste eragile batzuek (familiartekoek, talde sozialek,...) parte hartzeko eta kolaboratzeko aukerarekin, eta eskola-arrakasta eta -errendimendua hobetzeko helburu orokorrari lotuta.

Iritsi berri diren ikasleak hizkuntzan murgiltzeko programa bideratzea, ikasle horiek euskararen eta gaztelaniaren ikaskuntza intentsiboan has daitezen, eta, horrela, oinarrizko komunikazio-gaitasuna ematea (A2), elkarrizketarako gaitasunetik hizkera akademikora igarotzen laguntzeko eta, ondorioz, haientzat errazagoa izan dadin curriculum arrunta ikastea.

Hizkuntza murgiltzeko gelak irekia izan behar du, funtzionamendu malgua izan behar du, eta hizkuntzaren ikaskuntza sustatu behar du eskola inklusibo baten esparruan. Horretarako, ikaskuntzaren beharretara egokitu beharko da curriculuma, ikasle bakoitzaren ezaugarriak eta hizkuntza-premiak kontuan hartuta.

Metodologia aktiboak eta estrategia inklusiboak erabiltzea; adibidez: benetako komunikazio-testuinguruetan ikastea, curriculumera sartzeko tresna gisa ikastea eskolako hizkuntzak («hizkuntza edukien bidez»), hizkuntza-ikaskuntzari berari buruzko gogoeta, «aldamiatzea», eta abar.

Proiektuaren hartzaile diren ikasleei talde naturalaren barruan banakako arreta emateko neurriak antolatzea (banakako tutoretzak, berdinkideen arteko tutoretzak, kontratu pedagogikoak, ikasle enbaxadoreak, babesak, berbalagunak...).

Gelako jardueretan mailaka parte hartzeko plangintza egitea, eta aztertzea zer eremuk eta/edo arlok (gorputz-hezkuntza, plastika...) emango dien, eduki espezifikoen bitartez, 2H praktikan erabiltzeko aukera. Ordutegi-banaketa aztertzea, zehazteko noiz landuko den espezifikoki komunikazio-hizkuntza, noiz komeni den gainerako ikasleekiko interakzioa bultzatzea...

Lanerako plan pertsonalizatua egin eta aplikatzea, honako hauek jasotzeko: ikasleek curriculuma berenganatzeko zer eduki, neurri eta laguntza behar dituzten, eta zer ebaluazio-irizpideren bitartez ebaluatuko diren. Kontuan hartuko dira ikasleak noiz iritsi diren, adina, maila akademikoa eta ikaskuntzan duten aurrerabidea. Dokumentu horiek Hezkuntza Ikuskaritzaren esku egongo dira 2019ko urria amaitu aurretik.

Kontuan eduki beharko da zer erreferente linguistiko (ama hizkuntza) eta kultural dituzten ikasle horiek, eta eskolako jardueran presentzia eman beharko zaie.

Irakasle guztien arteko koordinazioa bermatzea, bai bertikala bai horizontala; batez ere, proiektuaren xede diren ikasleak dauden taldeekin harremanak izango dituzten irakasleen arteko koordinazioa.

Familia-ingurunearen eta ikastetxearen arteko lotura eta baterako lana indartu beharko dira, komunikatzeko eta lankidetzarako bideak gaituta. Harrera-protokoloan, atal berezi bat utzi behar da murgiltze-geletan parte hartzen duten ikasleen familiekin garatu beharreko ekintzei dagokienez, familiek ikastetxearekiko konfiantza eta segurtasuna izatea erraztuko duten estrategiak eta ekintzak erabiltzeko.

Irakasleen barneko prestakuntza antolatzea (tutoreak, ikasketa-buruak, orientazioa...).

Ematen den irakaskuntza indarrean dagoen araudia betez Lehen Hezkuntzan eta/edo Bigarren Hezkuntzan euskara irakasteko behar den titulazioa daukaten irakasleen eskutik etorriko da.

3.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

Artikulu honen 2. atalean aipatzen diren ekintzak gauzatzeko sortutako gastuak lagundu daitezke diruz, hau da, irakasleak prestatzeko jarduerekin edo ikasleekiko jarduerekin lotutako gastuak. Jarduera horiek izan litezke, besteak beste, hizlariak kontratatzea, irakasleak kontratatzea, esperientzia berritzaileak izan dituzten ikastetxeetara bidaiatzea, baliabide bibliografikoak eskuratzea eta metodologia berritzaileak ezartzeko baliabide didaktikoak eskuratzea.

Ordainketa eskuordetuak ez du inola ere estali beharko irakasleak kontratatzeko ordainsari-kostua.

8. artikulua.– Eskabideetako akatsak zuzentzea.

Aurkeztutako eskabidean edo dokumentazioan akatsen bat edo zehaztasunik eza dagoela ohartuz gero, eskatzaileari jakinaraziko zaio, eta 10 eguneko epea izango du akatsak zuzentzeko. Halaber, jakinaraziko zaio hori egiten ez badu, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela; horretarako, ebazpen bat emango da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan jasotakoaren arabera.

9. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoa.

1.– Ikastetxe bakoitzak jaso ahal izango duen dirulaguntzaren zenbatekoa honako formula honen bidez kalkulatuko da:

Lehen Hezkuntza:

Laguntza = Ikasle atzerritarren kopurua*300*(1+ikasle bekadunen %)

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza:

Laguntza = Ikasle atzerritarren kopurua*150*(1+ikasle bekadunen %)

Adibidez: Lehen hezkuntzan, 50 ikasle atzerritar eta ikasleen % 60 bekadun dituen ikastetxe batek 50*300*(1+0,60)=24.000,00 euro jasoko lituzke. Beste ikastetxe batek atzerriko ikasleen kopuru berdina badu eta bekadun ikasleak % 80,19 badira, honako hau izango da laguntza: 50*300*(1+0,8019) = 27.028,50 euro.

2.– Aurreko irizpideak aplikatu ondoren, ateratzen den kopurua txikiagoa bada 1. artikuluan bi mailetako baterako aipatzen den aurrekontu-kreditua baino, eta beste mailan handiagoa bada, soberako zenbatekoa aldatuko da maila horretara.

3.– Irizpide horiek aplikatu ondoren ateratako guztizko kopurua, hau da, onartutako programa guztiei esleitu beharko litzaiekeena, handiagoa baldin bada 1. artikuluan adierazitako aurrekontu-kreditua baino, ikastetxe bakoitzerako kalkulatu diren zenbatekoak proportzionalki murriztuko dira, laguntzen guztizkoa aipatu mugara egokitu arte.

4.– Guztira diruz lagundu daitekeen zenbatekoak ezin du inola ere gainditu ikastetxeak eskatutako zenbatekoa. Aurrekontua txikiagoa bada, aurrekontu horren balioak jarriko du dirulaguntzaren muga.

10. artikulua.– Dirulaguntzen bateragarritasuna.

Agindu honen babesean emandako dirulaguntzak bateragarriak izango dira eskatzaileak helburu bererako lortzen duen beste edozeinekin, administrazio publikoek edo erakunde publiko zein pribatuek emanda ere, baldin eta laguntza metatu guztien zenbatekoak gainditzen ez badu laguntza jasoko duen jardueraren kostua. Gaindituz gero, gaindikina bateraezina dela deklaratuko da, eta neurri berean txikiagotuko da agindu honen bidez emandako laguntzaren zenbatekoa.

11. artikulua.– Ebaluazio-batzordea.

1.– Aurkeztutako eskabideak aztertzeko eta ebaluatzeko, hautaketa-batzorde bat eratuko da; hona hemen kideak:

a) Batzordeburua: Hezkuntza Berriztatzeko Zerbitzuaren arduraduna.

b) Bokalak:

Hezkuntza Berriztatzeko Lurralde-burutzen arduradunak edo haiek izendatutako ordezkariak.

Berritzegune Nagusiko Aniztasuna eta Elkarbizitza arloko bi aholkulari, Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak izendatuak.

Hezkuntza Berriztatzeko Zerbitzuko teknikari bat, idazkari-lanak egingo dituena, Hezkuntza Berriztatzeko Zerbitzuko zuzendariak izendatua.

2.– Eskabideak hautatzea.

Proiektuak aukeratzeko orduan, I. eranskineko eskabide-baloraziorako baremoa hartuko da kontuan. Ukatu egingo dira GAI balorazioa lortzen ez duten proiektuak (gutxieneko puntuazioa: 100 puntutik 60).

Proiektuak egokiro baloratzeko, ebaluazio-batzordeak eskualdeko Berritzeguneari eskatu ahalko dizkio ikastetxeek aurkeztutako proiektuei buruzko txostenak.

12. artikulua.– Prozedurak kudeatu eta ebaztea.

1.– Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari dagokio agindu honetan xedatzen den prozedura kudeatzeko lanak egitea.

Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariari helaraziko dio ebazpen-proposamena; han adieraziko du zein dirulaguntza ematea (erakunde onuradunak eta emango diren zenbatekoak adierazita) eta zein ukatzea proposatzen duen (eskatzaileen zerrenda eta ukatzeko arrazoiak adierazita).

2.– Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak ebazpena emango du, non zehaztuko baitira emandako dirulaguntzak (erakunde onuradunak eta emandako zenbatekoak adierazita) eta ukatutako dirulaguntzak (eskatzaileen zerrenda eta ukatzeko arrazoiak adierazita). Hauek izango dira dirulaguntzak ukatzeko arrazoiak:

A: Ikastetxeak ez betetzea atzerritar ikasleen arloan eskatu zaion ehunekoa.

B: Ikastetxeak ez betetzea ikasle bekadunen arloan eskatu zaion ehunekoa.

C: Proiektuak ez lortzea gai izateko eskatzen den gutxieneko puntuazioa.

3.– Sei hilabeteko epean ebatzi eta jakinaraziko dira laguntzak, deialdia argitaratzen denetik aurrera. Ebazpen hau argitara emango da Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren iragarki-taulan (https://www.euskadi.eus/y22-ediktu/eu), eta argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak. Publikotasunaren ondorioetarako, EHAAn ere argitaratuko da.

4.– Aipatutako epea bukatu ondoren, aurreko apartatuan ezarritako eran ebazpenik jakinarazi ezean, interesdunek interpretatu ahal izango dute beren eskabidea atzera bota dela, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako, hargatik eragotzi gabe lege horrek Administrazioari berariaz ebazteko ezartzen dion betebeharra.

5.– Deialdiko dirulaguntzak esleitzeko prozedurari amaiera ematen dion ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango diote interesdunek Hezkuntzako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik aurrera.

13. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

1.– Agindu honetako dirulaguntzen erakunde onuradunek honako betebehar hauek dituzte, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan jasotako betebeharrez gain (finantzaketa publikoa dela jakinarazteko publizitate egokia emateko neurriak ere hartu beharko dituzte, Dirulaguntzei buruzko Legearen 18. artikuluaren 3. eta 4. ataletan jasotakoarekin bat etorriz):

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Hortaz, hamabost eguneko epean –ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita– erakunde onuradunek berariaz eta idatziz dirulaguntzari uko egiten ez badiote, onartutzat joko dira.

b) Dirulaguntza eman den xederako erabiltzea.

c) Hezkuntzako Ikuskatzailetzari ikastetxean garatzen diren programei buruz eskatu beste informazio ematea.

d) Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, beren eginkizunetan dihardutela, eskatzen duten informazioa ematea deialdi honen kargura jasotako dirulaguntzei buruz.

e) Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari jakinaraztea edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatutatik xede bererako lortutako dirulaguntzak edo laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak, bai eta dirulaguntza hau eman zenean zeuden baldintzak zerbaitetan aldatu izana ere.

f) 2020ko urtarrilaren 25a baino lehenago aurkeztea, https://www.euskadi.net/nirekudeaketak helbidean, gehienez ere bost orrialde izango dituen memoria bat, programa 2020ko urtarrilaren 18an nola dagoen adieraziko duena, 3.1 artikuluaren e), f), g) eta h) apartatuak bereziki aipatuta.

2.– Erakunde interesduna erregistratuta ez badago edo erregistratutako datuak aldatu nahi baditu, bide elektronikoz egin ahal izango du erakunde interesdunak izapide hori, helbide honetan: http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/

14. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea eta justifikatzea.

1.– Zatika ordainduko zaizkie dirulaguntzak ikastetxe onuradunei, hiru ordainketatan:

a) Lehenengoa, 2019ko ekitaldiari dagokiona, ikastetxe onuradun bakoitzari dagokion dirulaguntzaren % 60, deialdia ebatzi ostean, agindu honen 13.1.a) artikuluan aipatzen den epea amaituta gero, baldin eta tartean berariaz uko egiten ez bazaio.

b) Bigarrena, 2020ko ekitaldiari dagokiona, ikastetxe onuradun bakoitzari dagokion dirulaguntzaren % 20, 2020ko urtarrilean, 13.1.f) artikuluan aurreikusitako memoria aurkeztu eta gero.

c) Ondorengo paragrafoan aipatzen den dokumentazioa dagokion epean jaso ondoren, dirulaguntzaren likidazioa egingo da. Ateratzen den guztizko emaitzari –inoiz ez da izango ebazpenean onartutakoa edota egindako guztizko gastua baino handiagoa– kendu egingo zaio lehen bi ordainketen zenbatekoa, eta, behar izanez gero, aldea ordaindu edo erreklamatuko da.

2.– 2020ko irailaren 14a baino lehen, diruz lagundutako ikastetxeek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte https://www.euskadi.eus/nirekudeaketak helbidean:

a) Gauzatutako berariazko laguntza-programaren deskripzio-memoria, inprimaki normalizatuaren arabera egindakoa: Justifikazio-memoria (III. eranskina), non zehazten baitira, besteak beste, zuzendu den maila edo mailak, lortutako emaitzak, programaren balorazio orokorra eta programaren kostu ekonomiko banakatua (hala badagokio, IV. eranskineko irakasle-kostuak jasoko dituena).

b) Hizkuntzan murgiltzeko programan izandako langile-gastuen ziurtagiria, inprimaki normalizatuaren arabera egindakoa: irakasle-kostuen ziurtagiria (IV. eranskina), non ageriko baitira eraginpeko irakasleen kostu banakatuak. Irakaskuntza-jarduera hori gauzatuz gero baino ez da aurkeztu behar inprimaki hori.

c) Langile horien Gizarte Segurantzarekiko ordainketak egiaztatzeko agiriak –TCak edo pareko beste agiriren bat–, zer egoera laboraletan dauden egiaztatzearren. Irakaskuntza-jarduera hori gauzatuz gero baino ez dira aurkeztu behar agiri horiek.

d) Izandako beste gastu batzuen frogagiriak, baldin eta gastu horiek murgiltze-programaren parte badira. Gastu horiek eginez gero baino ez dira aurkeztu behar agiri horiek.

e) Eskola Kontseiluaren onespenaren ziurtagiria, egindako programa onesteko dena.

Egoitza elektroniko honetan eskura daitezke artikulu honetan aipatzen diren eredu normalizatuak: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2019/programa-especifico-diversidad/y22-izapide/eu/

3.– Jasotzeko den diru-zenbatekoa ezingo da inola ere ikastetxeak egiazki egindako gastua baino handiagoa izan. Artikulu honen 2. apartatuko deskripzio-memorian justifikatutako zenbatekoa txikiagoa bada hasieran onartu eta ordaindutako zenbatekoa baino, justifikatutako zenbatekoak ezarriko du dirulaguntzaren muga. Horrek ebazpena aldatzea ekarriko du, ebazpenaren zenbatekoa justifikatutako zenbatekora egokitu arte aldatu ere, eta, hala badagokio, hurrengo artikuluan jasotzen den itzultze-prozedura eragingo du.

15. artikulua.– Ez-betetzearen araubidea.

1.– Dirulaguntzen onuradunak Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuen kargurako laguntza publikoak erabiltzeagatik ezartzen den zehapen-araubidearen pean egongo dira, eta, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, honako kasu hauetan itzuli beharko dute eman eta jasotako zenbatekoa, osorik edo partez, baita aplika daitezkeen legezko interesak ere (berandutze-interesa barne dela):

– Eskatzen diren baldintzak faltsutuz edo laguntza lortzea eragotziko zuketen baldintzak ezkutatuz lortu badute dirulaguntza.

– Dirulaguntza emateko oinarrizkoak diren xedea, jarduera edo proiektua ez betetzea (osorik edo zati batean) edo eskatzen den portaera ez izatea.

– Finantza-kontrola eta -egiaztapena egiteko jarduerei aurka egitea, eragozpenak edo aitzakiak jartzea, edo uko egitea.

– Dirulaguntza erabiltzen ez bada hura eskatu eta eman zenean adierazita zegoen xede espezifikorako.

– Dirulaguntza eragin zuen jarduera burutzen ez bada.

– Dirulaguntza zertarako eman zen, helburu zehatz horrexetarako erabili dela justifikatzen ez bada.

– Oro har, betetzen ez badira azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuko VI. tituluan ezarritako obligazioak, agindu honetan ezarritakoak edo dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritakoak.

2.– Dirua itzultzeko, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan horretarako ezarritako prozedura beteko da. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen da eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dira. Nolanahi ere, hori ez da eragozpena izango bideratu beharreko beste ekintza guztiak bideratzeko. Bestalde, aipatutako zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira, legezko ondorio guztietarako.

16. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren baldintzak aldatzen direnean, dirulaguntza eman duen ebazpena ere aldatu ahal izango da, baldin eta dirulaguntzaren helburua betetzat jotzen bada. Horretarako, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak likidazio-ebazpen bat emango du, eta, han, emandako dirulaguntzen zenbatekoak berregokituko dira.

17. artikulua.– Datu pertsonalak.

Agindu honetako prozeduretan aurkeztutako eskabideetan eta dokumentuetan jasotako datu pertsonalen tratamendua Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak egingo du, datuen tratamenduaren «arduradun» gisa. Datu pertsonal horien tratamenduaren xede izango da deialdi hau kudeatu eta ebazpena ematea. Horren interes publikoan eta bertan parte hartzeko eskaeran oinarritzen da xede hori.

Interesdunek beren datuei buruzko irispide-eskubidea, zuzentzekoa, ezereztekoa eta transferitzekoa erabil ditzakete, bai eta datuen tratamendua mugatzekoa edo hari aurka egiteko eskubidea ere; horretarako, idazki bat bidali behar dute helbide honetara: Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritza, Donostia kalea 1, 01010, Vitoria-Gasteiz.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.

Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hileko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko irailaren 10a.

Hezkuntzako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala