181. zk., 2019ko irailaren 24a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (253 KB - 3 orri.)
- EPUB (219 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
4320
EBAZPENA, 2019ko irailaren 11koa, Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuneko sailburuordearena, zeinaren bidez argitara ematen baita Emaitek Plus laguntza-programarako 2019ko ekitaldiko deialdia.
Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburuaren 2015eko irailaren 16ko Aginduak (2015eko urriaren 7ko EHAA, 191. zk.) Emaitek Plus laguntzen programa arautzen du –agindu hori Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren 2017ko uztailaren 28ko Aginduaren (2017ko irailaren 4ko EHAA, 168. zk.) eta 2019ko uztailaren 18ko Aginduaren (2019ko abuztuaren 1eko EHAA, 145. zk.) bidez aldatu zen–.
Aipatutako aginduaren 11. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, 2019ko ekitaldirako, laguntzetarako urteko deialdi publikoa egiten da, eta, hartarako, beharrezko arauak ematen dira.
Horiek horrela, aipatutako aginduaren 11. artikuluan ezarritako eskumenaz baliatuz, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Ebazpen honen xedea da 2019ko ekitaldiko deialdia egitea Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren 2015eko irailaren 16ko Aginduan aurreikusitako laguntzetarako –agindu hori Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren 2017ko uztailaren 28ko Aginduaren eta 2019ko uztailaren 18ko Aginduaren bidez aldatu zen–. Agindu haren bidez, Emaitek Plus laguntza-programa arautzen da, zeinaren bidez laguntzen baitira Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko Ikerketa Kooperatiboko Ikerketa Zentroen eta Foku Anitzeko Teknologia Zentroen jarduera ez-ekonomikoa. Hartarako finantzaketa esleituko zaie, betiere daukaten jarduera globalaren emaitzak aztertu eta ebaluatu ostean.
2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
1.– Aurrekontu nahikoa dago Euskal Autonomia Erkidegoko 2018. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 22ko 5/2017 Legeak baimendutako kredituen arabera (2019ko ekitaldirako luzatuak), eta, bat etorriz Euskadiko aurrekontu-araubidearen arloan indarrean diren lege-xedapenen testu bategina onartzen duen maiatzaren 24ko 1/2011 Legegintzako Dekretuak IX. tituluan aurrekontuen luzapen-araubidearen gainean ezarritakoarekin, honako laguntza honek nahikoa aurrekontu-estaldura dauka; horrela, bada, 61.260.0000,00 eurokoak izango dira 1. artikuluaren xederako erabiliko diren baliabide ekonomikoak.
2.– Agindu arautzailearen 2. artikuluan xedatuarekin bat etorriz, bi zenbateko bereizitan banatuko da deialdiko guztizko aurrekontu-zuzkidura:
– Foku anitzeko teknologia zentroentzako: 45.945.000,00 euro; kopuru hori, bestalde, honela zatitzen da:
Emaitzetara bideratutako zentroaren modeloarekiko egokitzapen-gradua, 44.567.000,00 euro.
Zentroen jarduera-planak 2020rako finkatutako adierazleen aginte-koadroaren helburuak lortzeko: 1.378.000,00 euro.
Ikerketa kooperatiboko zentroentzako: 15.315.000,00 euro; kopuru hori, bestalde, honela zatitzen da:
Emaitzetara bideratutako zentroaren modeloarekiko egokitzapen-gradua: 14.856.000,00 euro.
Zentroen jarduera-planak 2020rako finkatutako adierazleen aginte-koadroaren helburuak lortzeko: 459.000,00 euro.
Eskatutako laguntzen guztizko zenbatekoa kontuan izanik eta haiek ebatzi baino lehen, zenbateko horiek aldatu ahal izango dira, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren beste laguntza-programa batzuk gauzatzearen ondorioz agortu gabe geratzen diren aurrekontu-baliabideen arabera, betiere. Aldaketarik izanez gero, Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuneko sailburuordeak ebazpena emango du aurreko guztiaren berri emateko.
3. artikulua.– Aginte-koadroaren adierazleak, pisuak eta helburuak.
2019ko deialdi honi dagokionez, ekainaren 23ko 109/2019 Dekretuaren III. eranskinean jasotakoak izango dira aginte-koadroko pisuak eta adierazleak; dekretu horren bidez, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Sare arautzen eta eguneratzen da, agente onuradunaren tipologia bakoitzerako, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren 2017ko martxoaren 24ko Aginduaren bidez aldatuak. 2019ko ekitaldiko betetze-helburuak honako honetan ezartzen dira: agente onuradunaren tipologia bakoitzerako 2020rako markatutako xedea betetzearen % 90.
4. artikulua.– Eskabideak eta epeak.
1.– Bide elektronikoak erabiliz egin beharko da eskabidea, Emaitek Plus programa arautzen duen aginduan xedatuaren arabera.
2.– Emaitek Plus laguntza-programa arautzen duen aginduaren 12.3 artikuluan zehazten da zer dokumentu aurkeztu behar duten erakunde onuradunek. K eta I atalen kasuan, 2019ko ekitaldiren denbora-tartea hartuko du. 2018ko ekitaldiarekiko ebaluatuko da emaitzetara zuzendutako zentro teknologikoari egokitzea.
3.– Eskabidea eskuratu eta bete, ondoren adierazten den egoitza elektronikoan bakarrik egin ahal izango da:
http://www.industria.ejgv.euskadi.eus/r44-teletram/es/ (gaztelaniaz).
http://www.industria.ejgv.euskadi.eus/r44-teletram/eu/ (euskara).
4.– Eskabideak aurkezteko epea ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasiko da, 09:00etan; amaitu, berriz, berau argitaratu eta hilabetera bete eta biharamunean amaituko da, 12:00etan.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko irailaren 11.
Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuneko sailburuordea,
ESTÍBALIZ HERNÁEZ LAVIÑA.