Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

181. zk., 2019ko irailaren 24a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
4319

EBAZPENA, 2019ko irailaren 9koa, Garraio Plangintzaren zuzendariarena, zeinaren bidez deialdia egiten baita salgai arriskutsuak errepidez garraiatzeko behar diren segurtasun-ikuskatzaileen lanbide-gaitasuna egiaztatzeko eta berritzeko Euskal Autonomia Erkidegoan egingo diren azterketetarako.

Salgai arriskutsuak nazioarteko errepidez garraiatzeko akordio europearrarekin (ADR) lotuta, otsailaren 14ko 97/2014 Errege Dekretuaren arabera, salgai arriskutsuen errepideko garraioa edo zama-lanak egiten dituzten enpresek arlo horretako arriskuetatik babesteko segurtasun-ikuskatzaile bat edo gehiago izan beharra daukate. Gainera, dekretu horrek segurtasun-ikuskatzaileek bete behar dituzten eskakizunak eta eginkizunak finkatu zituen, Kontseiluaren eta Europar Parlamentuaren 2008ko irailaren 24ko 2008/68/EE Zuzentarauari jarraikiz.

Helburu hori gauzatu ahal izateko, otsailaren 27ko FOM/605/2004 Aginduak, salgai arriskutsuen errepide eta trenbideko garraiorako segurtasun-ikuskatzaileen lanbide-gaitasunari buruzkoak, aurreikusten du ezen autonomia-erkidego bakoitzeko organo eskudunak deitu beharko dituela horretarako azterketak, gutxienez urtean behin.

Gainera, otsailaren 27ko FOM/605/2004 Aginduaren bidez xedatzen denez, segurtasun-ikuskatzaileen gaitasun-agiriak 5 urteko balio-aldia izango du, eta ziurtagiriaren azken balio-urtean kontrol-azterketa bat gaindituz gero, beste hainbeste urtetarako berritu ahal izango da; kontrol-azterketa hori agindu horren 2. artikuluan adierazitako lehenengo froga izango da, eta baldintzak ikuskatzaile berrientzat jarritako berberak izango dira.

Ondorioz, otsailaren 27ko FOM/605/2004 Aginduan ezarritakoaren arabera, eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren egitura organikoa eta funtzionala finkatzen dituen apirilaren 11ko 74/2017 Dekretuaren 21.1.j) artikuluak Garraio Plangintzaren Zuzendaritzari ematen dizkion ahalmenak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Salgai arriskutsuen errepideko garraiorako segurtasun-ikuskatzaile titulua lortzeko edota titulua izanik datorren urtean iraungitzen zaienek titulu hori berritzeko azterketetarako deia egiten da.

DEIALDIAREN ONARRIAK

Lehenengoa.– Azterketen esparrua.

1.– Salgai arriskutsuen errepideko garraiorako segurtasun-ikuskatzaile titulua lortzeko edota titulua izanik datorren urtean iraungitzen zaienek titulu hori berritzeko azterketetarako deia egiten da. Azterketak izangaien lanbide-gaitasuna egiaztatzeko izango dira.

2.– Errepideko garraioaren barruan, izangai berriek, nahi izanez gero, azterketa osoa edo aukeratutako espezialitateak soilik egin ahal izango dituzte. Hona hemen salgai motari jarraikiz bereizitako espezialitate horiek:

– 1. salgai mota: materia edo objektu lehergarriak.

– 2. salgai mota: gasak.

– 7. salgai mota: erradioaktiboak.

– 3, 4.1, 4.2, 4.3, 5.1, 5.2, 6.1, 6.2, 8 eta 9. salgai motak: salgai arriskutsuen nazioarteko garraiorako Europako Akordioaren arabera, salgai mota bakoitzean jasotako materia solido eta likidoak.

– Nazio Batuen Erakundeak 1202 (gasolioa), 1203 (gasolina) eta 1223 (kerosenoa) zenbakiekin identifikaturiko likido sukoiak.

3.– Titulua berritzeko aurkezten direnek lehen egiaztatua zuten mota horretarako bakarrik egin ahalko dute azterketa.

Bigarrena.– Azterketak.

Izangai berrien edo titulua berritu behar dutenen azterketak osatuko dituzten frogak, eta azterketen egitura eta kalifikatzeko modua, otsailaren 27ko FOM/605/2004 Aginduan ezarritakora egokituko dira.

Hirugarrena.– Eskabideak.

1.– Azterketak egiteko eskabidea Eusko Jaurlaritzako Garraio Plangintzaren Zuzendaritzak horretarako jarri duen web-orriaren bidez aurkeztu beharko da:

http://www.euskadi.eus/web01-a3aztseg/eu/m18aWar/m18JSP/m18Indice.jsp

2.– Eskabidea aurkezteko, hamabost egun balioduneko epea utziko da, deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

3.– Eskabide-orria web-orriaren bidez betetakoan, azterketa egiteko eskubidea ematen duen tasaren kitapena sortuko dute eskatzaileek. Espezialitate bakoitzeko 21,36 euroko tasa ordaindu beharko da (kontuan izandako arauak: abenduaren 30eko 13/1996 Legearen 27.2.4.2.1 artikulua, Estatuaren eta toki-tasen legezko araubidea eta ondarezko prestazio publikoen berrantolamendua aldatzen duen uztailaren 13ko 25/1998 Legearen azken xedapenetako lehenengoaren 5. apartatua eta 2018ko Estatuaren Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen uztailaren 3ko 6/2018 Legea).

Tasak, zuzenean, interneteko web-orri horren bidez (on line) edo zenbait banketxetako kutxazain automatikoetan (off line) ordaindu ahal izango dira.

Banketxe bidez ordaindu nahi izanez gero, kitapen horiek barra-kode bat izango dutenez, finantza-erakunde laguntzaileetan (Kutxabank, Laboral Kutxa, BBVA, Banco Santander, Sabadell Guipuzcoano, Bankoa, «La Caixa» eta Bankian) barra-kodea irakurtzekoa duten kutxazain automatikoetara jo beharko da, edozein ordutan, baina eskabideak aurkezteko epearen barruan ordaindu beharko da derrigor, ez baita onartuko, okerrak zuzentzeko utziko den epean egiten.

Eskabideak aurkezteko epean ordaintzen ez bada, izangaia ez da onartuko.

4.– Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan, onartutako eta baztertutakoen behin-behineko zerrendak interneten argitaratuko ditu Garraio Plangintzaren Zuzendaritzak. Zerrendak ebazpen bidez onartuko dira.

Baztertutako izangaiek eta onartutakoen zerrendan ageri ez direnek edo, zerrenda horretan ageri arren, daturen bat gaizki dutenek 10 egun baliodun izango dituzte okerrak zuzentzeko; epe hori ebazpena jendaurrean jarri eta biharamunean hasiko da.

Akatsak zuzentzeko epea igarotakoan, Garraio Plangintzaren Zuzendaritzak onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrendak onetsiko ditu, eta interneten argitaratuko ditu.

Laugarrena.– Epaimahaia, eta azterketen lekua eta eguna.

1.– Epaimahaia:

– Lehendakaria: Aritz Virumbrales Vinagret.

– Batzordekideak:

Arantza Unamuno Lekuona.

Koldo Maiz Mendez.

Marisa Madinabeitia Rivarés.

– Idazkaria: Jose Manuel Anabitarte Fernández.

2.– Azterketak egiteko egunak eta lekuak webgunean jarriko dira.

Bosgarrena.– Izangaien helbidea eta bete beharreko baldintzak.

Azterketa-egunean identitatea egiaztatzeko agiri ofiziala (NANa, gidabaimena edo pasaportea) aldean dutela azaldu beharko dute izangaiek. Hala ez bada, ez dituzte azterketan onartuko. Gainera, komeni da ordainagiriak ere eramatea.

Prozesu osoaren jarraipena interneteko webgunearen bidez egin ahal izango da, eta gainditu dutenen behin betiko zerrendak interneten argitaratuko dira:

http://www.euskadi.eus/web01-a3aztseg/eu/m18aWar/m18JSP/m18Indice.jsp

Azterketa egiteko, izangaiek arkatza eta ezabagoma eraman beharko dituzte.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko irailaren 9a.

Garraio Plangintzaren zuzendaria,

JANIRE BIJUESCA BEDIALAUNETA.


Azterketa dokumentala