Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

173. zk., 2019ko irailaren 12a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
4174

70/2019 EBAZPENA, irailaren 3koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara ematea Mañuetako Udalarekin sinatutako lankidetza-hitzarmena, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4.b) artikuluan ezarritakoa betetzeko. (Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioari zuzendutako idazkiak udal erregistroetan aurkezteko lankidetza).

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak hitzarmena sinatu duenez gero, zabalkunde egokia izan dezan, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Mañuetako Udalarekin sinatutako lankidetza-hitzarmenaren testua, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4.b) artikuluan ezarritakoa betetzeko. (Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioari zuzendutako idazkiak udal erregistroetan aurkezteko lankidetza). Honen eranskinean dago jasota testu hori.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko irailaren 3a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN IRAILAREN 3KO 70/2019 EBAZPENARENA
HITZARMENA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAREN ADMINISTRAZIOAREN ETA MAÑUETAKO UDALAREN ARTEKOA, HERRI ADMINISTRAZIOEN ARAUBIDE JURIDIKOAREN ETA ADMINISTRAZIO PROZEDURA ERKIDEAREN AZAROAREN 26KO 30/1992 LEGEAREN 38.4.B) ARTIKULUAN EZARRITAKOA BETETZEKO

Euskal autonomia erkidegoaren administrazioari zuzendutako idazkiak udal erregistroetan aurkezteko lankidetza.

Batetik, Josu Iñaki Erkoreka Gervasio, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua, Euskal Autonomia Erkidegoaren ordezkari gisa, eta bestetik,

Francisco Javier García Perez de Loza, Mañuetako Udaleko alkate-lehendakaria, udal horren ordezkari gisa.

Bi ordezkariok, ondorengo manu hauek emandako eskumenak erabiliz dihardute: batetik, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen apirilaren 11ko 71/2017 Dekretua eta Gobernu Kontseiluak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 38.4.b) artikuluan aurreikusitako hitzarmenak gauzatzeko, 1996ko urriaren 29an hartutako Erabakia; eta bestetik, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legea eta Toki Araubidearen arloan indarrean dauden xedapenen testu bategina onartu zuen apirilaren 18ko 781/1986 Legegintzazko Errege Dekretua.

Bi aldeek, elkar onartzen dute eta elkarri aitortzen diote honako hitzarmen hau gauzatzeko legezko gaitasuna. Horretarako hau

ADIERAZTEN DUTE:

30/1992 Legearen 38.4.b) artikuluaren arabera, Administrazio Publikoei zuzendutako eskaera, idazki eta jakinarazpenak aurkez daitezke edozein administrazio-organotako erregistroan; dela Estatuko Administrazio Orokorrekoa, dela autonomia-erkidegoetako administrazioetakoa, dela probintzietako diputazioen, kabildoen eta uharteetako kontseiluen edozein administraziotakoa, dela Toki-araubidearen oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 121. artikuluak aurreikusten dituen udalerrietako udaletakoa, dela gainerako toki-administrazioetako erakundeetakoa, betiere, azken kasu honetan, dagokion hitzarmena sinatu bada.

Aipatutako manu hori betetzea eta herritarren eta administrazio publikoen arteko harremanak erraztea da gaur sinatzen den hitzarmen honen helburua; izan ere, administrazio sinatzaileek lehendik zuten asmoa gauzatu egiten da hitzarmen honen bidez, hau da, herritarrek EAEko Administrazioaren edozein organo edo erakunderi zuzendu nahi dizkioten agiriak Mañuetako Udalaren erregistroetan, eraginkortasun osoz, aurkeztu ahal izatea.

Gauzak horrela, arestian aipatutako administrazioek hitzarmen hau sinatzen dute; hauek dira hitzarmenaren

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Hitzarmen honen helburua da, EAEko Administrazioari eta haren menpeko edo hari atxikitako berezko nortasun juridikodun zuzenbide publikoko erakundeei herritarrek zuzentzen dizkieten eskaera, idazki eta jakinarazpenak Mañuetako Udalaren erregistroetan aurkeztu ahal izatea.

Bigarrena.– EAEko Administrazioari eta haren menpeko edo hari atxikitako lotutako berezko nortasun juridikodun zuzenbide publikoko erakundeei herritarrek zuzentzen dizkieten eskaera, idazki eta jakinarazpenak Mañuetako Udalaren erregistroetan aurkezten direneko data hartuko da kontuan interesatuek epeak betetzeari dagokionean; ildo horretatik, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 30. artikuluan ezarritakoari jarraituko zaio.

Hirugarrena.– Mañuetako Udalak honako konpromiso hauek hartzen ditu:

a) EAEko Administrazioko organoei edo administrazio horren menpeko edo hari atxikiriko zuzenbide publikoko erakundeei herritarrek zuzentzen dizkieten eskaera, idazki eta jakinarazpenak bere erregistroetan onartzea.

b) EAEko Administrazioari zuzendutako eskaera, idazki eta jakinarazpenei bere erregistroetan sarrera ematea, eta honako hauek idatzita gordetzea: sarrera-zenbakia, izenburua, idazkia jaso zeneko eguna eta ordua, interesdunaren datuak, eta, hala dagokionean, idazkia bidali duen organoaren izena, edo bidaltzen zaion pertsona edo organoaren izena; behar denetan, idazki edo jakinarazpenaren laburpena ere jasoko da; hori guztia 30/1992 Legearen 38.3 artikuluaren eta bigarren xedapen gehigarriaren arabera.

c) Agiriok erregistroan jaso eta, beranduen, handik bi egunera, dagozkien organo edo erakundeei zuzenean bidaltzea, betiere, irteera-data idatzita egongo delarik. Agiriok ahalik eta azkarren jaso daitezen, ahal delarik behintzat, egoki iritzitako teknika eta bitarteko elektroniko, informatiko eta telematikoak erabiliko dira; betiere, 30/1992 Legearen 45. artikuluan eta horrekin bat datozen gainerako manu eta xedapenetan aurreikusten diren berme eta betebeharrak kontuan izanik.

Laugarrena.– EAEko Administrazioak honako konpromiso hauek hartzen ditu:

a) Mañuetako Udalari, EAEko Administrazioa osatzen duten eta haren menpe edo hari atxikita dauden organo eta erakundeei buruzko informazioa ematea, bai eta informazio hori, etengabe, eguneratzea ere.

b) Mañuetako Udalari baliabide egokiak ematea, berorrek, EAEko Administrazioari eta haren menpeko edo hari atxikitako zuzenbide publikoko erakundeei buruzko informazioa eman diezaien herritarrei.

c) Erregistroak antolatzeko eta informatizatzeko laguntza teknikoa eta behar den lankidetza eskaintzea.

Bosgarrena.– Hitzarmen hau sinatzen duten administrazioek euren erregistroak informatizatzeko neurririk hartzen badute, elkarri jakinarazteko konpromisoa hartzen dute, betiere, neurriok interkomunikazio sistemen bateragarritasunari eragiten badiote; horrelakoetan, administrazio sinatzaileek aipatutako bateragarritasuna eta euren erregistroen arteko koordinazioa bermatzeko hitzarmena sinatuko dute.

Seigarrena.– Hitzarmen honen indarraldia Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean erregistro elektronikoari buruz jasotako xedapenak indarrean jartzean amaituko da, eta muga 4 urtekoa da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean zenbatzen hasita.

Hitzarmena arrazoi hauek direla kausa ere iraungiko da: administrazio sinatzaileek adostasunez hala erabakitzen badute; edota administrazioetako batek, beste administrazioak hitzarmenean ezarritako betebeharrak nabarmenki urratu dituelako, bere aldetik hala erabakitzen badu.

Hitzarmen honen formalizazioa nahiz iraungipena, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean eta Mañuetako Udaleko iragarki taulan argitaratuko dira.

Zazpigarrena.– Hitzarmen honen interpretazioa eta aplikazioa direla-eta sor daitezkeen zalantza eta eztabaiden inguruko erabakiak hartzea, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari dagokio; erabakiok betearazleak izango dira eta haien aurka, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahalko da.

Ados daudela adierazteko, hala jasota gera dadin eta dagozkion ondorioak izan ditzan, idazpuruan esandako pertsona interesdunek jatorrizko bi ale sinatzen dute.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.

Mañuetako Udaleko alkate-lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER GARCÍA PEREZ DE LOZA.


Azterketa dokumentala