Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

147. zk., 2019ko abuztuaren 6a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
3755

118/2019 DEKRETUA, uztailaren 23koa, zeinaren bidez arautzen baitira bizitza osoan zehar egiten den ikaskuntzari buruzko jarduerak gauzatzeko dirulaguntzak.

Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuak Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu zituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatu. Dekretu horren 11. artikuluak ezartzen du Hezkuntza Sailari dagokiola, besteak beste, goi-mailako hezkuntza, baita bizitzan zehar kualifikazioak eskuratu edo areagotzea dakarten ikaskuntza-jarduerak ere.

Ondorioz, apirilaren 11ko 79/2017 Dekretuak, Hezkuntza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituenak, Lanbide Heziketako Sailburuordetzari esleitzen dio, besteak beste, jakintzaren gizartean konpetentzia berriak eskuratzeko beharrezkoak diren bizitza osoan zehar egiten den ikaskuntzarako ekintzak eremu ez-formaletan diseinatu, definitu eta aplikatzea. Era berean, Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzari esleitzen dio, besteak beste, esparru ez-formalean bizitza osoan zehar ikasketa erabilgarriak egiteko jardueren garapenerako beharrezkoak diren ekintzak planifikatzea.

Bestalde, Bizialdi Osoko Ikaskuntzari buruzko urriaren 10eko 1/2013 Legearen 4. artikuluak ezartzen du bizitza osoan zehar egiten den ikaskuntzaren euskal sistemak honako xedeak dituela:

a) Euskal herritar guztiei bermatzea aukera izango dutela, berdintasunez, bizitza osoan zehar ikasteko, eta garapen pertsonala lortzeko eta gizarteratzeko beharrezkoak diren oinarrizko gaitasunak eskuratzeko.

b) Euskal herritarren ezagutzak eguneratu eta gaitasun profesionalak hobetu daitezen bultzatzea, horixe baita herritarrek enplegua lortzeko eta ongizate sozial eta ekonomiko handiagoa izateko bermerik hoberena.

c) Herritarrengan bizitza osoan zehar egiten den ikaskuntzaren kultura sendo bat sustatzea, etengabeko ikaskuntzaren garrantzia hedatuz eta pertsonak beren beharrizan eta interes pertsonalei egokitutako prestakuntza-ibilbideak konfigura ditzaten motibatuz.

d) Beren ezagutzak landu eta handitzea nahi duten adineko pertsonentzako ikaskuntza-eskaintza global bat bultzatzea.

Halaber, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 5.1 artikuluak ezartzen du pertsona guztiek izan behar dutela bizitza osoan zehar ikasteko aukera, hezkuntza-sistemaren barnean zein hezkuntza-sistematik kanpo, beren pertsona- eta lanbide-garapenerako gaitasunak, ezagutzak, trebeziak, trebetasunak, eta konpetentziak lortzeko, eguneratzeko, osatzeko eta handitzeko. Lege horrek berak, 5.6 artikuluan, ezartzen du herri-administrazioei dagokiela etengabeko ikaskuntzarako eskaintzei eta horiek lortzeko aukerei buruzko informazioa eta orientabidea eskuratzeko aukera ematea.

Bestalde, Europar Batasuneko Kontseiluaren 2016ko abenduaren 19ko Gomendioak, gaitasunak hobetzeko ibilbideei buruzkoak –Helduentzako aukera berriak (2016/C 484/01)– gaitasun-, ezagutza- edo konpetentzia-maila baxua duten helduei behar-beharrezkoak diren konpetentziak lortzeko aukera emango dieten gaitasunak hobetzeko ibilbideak burutzeko aukera eskaintzen die.

Testuinguru horretan, dekretu honetan jasotzen diren dirulaguntzen xedea da Bizialdi Osoko Ikaskuntzari buruzko urriaren 10eko 1/2013 Legearen 4. artikuluan aurreikusitako xedeak betetzen laguntzea, kualifikazio-maila baxuko helduentzako ikaskuntza-aukerak sustatuz.

Dekretu honek dirulaguntzak jasotzen ditu bizialdi osoko ikaskuntza-jarduketa batzuetarako, ezagutzaren arloa edozein izanda ere. Halako jarduerak diruz laguntzea beharrezkotzat jo da, are gehiago aldaketa estrukturalen testuinguru batean eta ezagutzan oinarritutako ekonomia bat lortu nahi badugu; horretarako, gero eta garrantzitsuagoa da gizarteren ezagutzen, ahalmenen eta gaitasunen maila egokia eta askotarikoa izatea. Izan ere, pertsonek haien gaitasunak eta ahalmenak hobetzea, onuragarria da eskualdearen ekonomiarentzat, baita gizartearen kohesioarentzat ere, eta herritarrei lana bilatzen lagundu eta gizartean modu aktiboan parte hartzen laguntzen die.

Azaroaren 27ko 248/2012 Dekretuak erregulazio bat ezarri zuen bizialdi osoko ikaskuntza-ekintzak aurrera eramateko jardueretarako dirulaguntzak emateko. Dekretu hori bost urtez garatu eta aplikatu ondoren, legegintza-aldaketak egon dira, esaterako, Toki Administrazioaren Arrazionalizazioari eta Iraunkortasunari buruzko abenduaren 27ko 27/2013 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea, eta Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legea; horien indarrez, beharrezkoa da diruz lagun daitezkeen jardueren ezaugarriak eta betekizunak berriro definitzea izandako arau-aldaketei erantzuteko, eta, aldi berean, jarduera horiek berriro bideratzea, Bizialdi Osoko Ikaskuntzari buruzko urriaren 10eko 1/2013 Legearen xedeak eta hezkuntzari eta prestakuntzari buruz Europar Batasunak emandako gomendioak betetzen laguntzeko.

Helburuak horiek izanda, Hezkuntzako sailburuaren proposamenez, dagozkion kontsulta-organoen iritzia entzunda, Gobernu Kontseiluak 2019ko uztailaren 23an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Dekretu honen xedea da bizitza osoan zehar egiten den ikaskuntzari buruzko jarduerak garatzen dituzten jarduketak gauzatzeko laguntzak arautzea.

2. artikulua.– Aplikazio-eremua.

Dekretu honetan jasotako laguntzak aplikatuko zaizkie arau hau indarrean jarri eta gero Euskal Autonomia Erkidegoko esparru geografikoan gauzatzen diren jarduketei.

3. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Honako hauek izan daitezke dekretu honetan ezarritako laguntzen erakunde onuradunak, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoan legez eratu badira:

a) Udalak.

b) Toki eta Eskualdeko Garapen agentziak, betiere nortasun juridiko independentea badute.

c) Udal-sozietateak, beraien gizarte-helburuen artean prestakuntza dutenak.

d) Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta dauden unibertsitateak, 4.2.c) artikuluan jasotako esperimentatze proiektuetarako bakarrik.

e) Eusko Jaurlaritzaren Elkarte eta Fundazioen Erregistroan erroldaturiko irabazi-asmorik gabeko elkarteak, bizialdi osoko ikaskuntza-jarduerak garatzen dituztenak (herritarren parte-hartzea bultzatzen dituzten jarduketak, bereziki), eta haien helburuen artean prestakuntza dutenak.

f) Lanbide Heziketako edota Helduentzako Heziketako Ikastetxe pribatu baimendunak.

g) Merkataritzako edo gizarte-ekonomiako sozietateak, beraien helburuen artean prestakuntza dutenak.

2.– Halere, udalei dagokienez, onuradun izateko, bikoiztasunik ezari eta finantza-iraunkortasunari buruzko aldeko txostenak eskuratu beharko dituzte, udal-eskumenen klausula unibertsalaren ondoriozko jardueren, zerbitzuen edo prestazioen egikaritzea arautzen duen ekainaren 25eko 93/2019 Dekretuaren arabera.

Txosten horietan adierazten denaren arabera emango da laguntza.

Udal-elkarteak osatzen dituzten udal guztiek lortu beharko dituzte aipatutako txostenak, goian ezarritako eran.

3.– Udal-sozietateei dagokienez, laguntza hauen onuradun izan daitezke tokiko enpresa-erakunde publikoak eta tokiko merkataritza-sozietateak, baldin eta haien kapital soziala osorik toki-erakundeari badagokio eta egiaztatuta geratzen bada, horretarako egindako justifikazio-txosten bidez, erakunde horiek iraunkorragoak eta eraginkorragoak direla toki-erakundeek eta toki-erakunde autonomoek berek egindako kudeaketa baino. Horretarako, aintzat hartuko dira errentagarritasun ekonomikoaren irizpideak eta inbertsioa berreskuratzekoak.

Horretaz gainera, jasotako aholkularitzari buruzko justifikazio-txostena erantsi behar zaio espedienteari. Txostenean, zerbitzuaren kostuari buruzko txostenak eta jasotako laguntza teknikoa bilduko dira, eta horien publizitatea egin beharko da. Ondoren, udalbatzari helaraziko zaio txosten hori, onartu dezan. Horretarako, kontu-hartzailearen txostena eskatuko da.

4. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduerak.

1.– Dekretu honetan jasotako dirulaguntzak erabiliko dira ezagutzaren edozein esparrutako ikaskuntza-jarduerak garatzen dituzten jardueretarako; jarduera horiek bizitzan zeharreko ikaskuntzaren testuinguruan kokatu behar dira, eta parte-hartzaileen ezagupenak, konpetentziak eta gaitasunak areagotzeko helburua izan behar dute, bai eta herritarren parte-hartzea sustatzeko helburua ere.

2.– Dirulaguntzak izan ditzaketen bizialdi osoko ikaskuntza-jarduerak hiru motatakoak izan daitezke, baina, beti ere, aurreko atalean azaldutako helburua izan behar dute:

a) Prestakuntzako jarduera espezifikoak, aurretiaz identifikatutako eta kuantifikatutako pertsona-multzo baten prestakuntza-arloko beharrizanei erantzuteko diseinatuak eta planifikatuak. Atal horretatik kanpo geratuko dira profesionaltasun-ziurtagiriekin lotutako prestakuntza, enplegurako prestakuntzaren esparruan, eta, ondorioz, Lanbideren deialdien bidez dirulaguntzak lortu ditzaketen jarduerak.

b) 5. artikuluak ezarritako funtzioak garatzen dituzten ikaskuntzako bitartekaritza-zerbitzuak. Dekretu honek arautzen dituen laguntzen kontura, zonalde bakoitzerako bitartekotza-zerbitzu bakarra finantzatu ahalko da, udalera zein eskualdera mugatua izan zonaldea.

c) Gai hauei buruzko esperimentazio-proiektuak: bereziki kualifikazio txikiko pertsonei zuzendutako eduki irekiko ikaskuntza-gaiak lantzea, prestakuntza-ikaskuntzako metodologia berriak, ezagutzaren belaunaldi arteko transferentzia, prestakuntza hurbiltzeko eta ikastea sustatzeko trabak baztertzea edota bizitza osoan egiten den ikaskuntzarekin lotutako beste edozein.

Ez dira esperimentazio-proiektutzat hartuko bi urte baino gehiagoz martxan daudenak. Halaber, ez dira esperimentazio-proiektutzat hartuko esperientzia zehatzik garatzen ez dituzten proposamenak, eta proposamen horietatik emaitza edo produktu zehatzik lortzen ez badira, ezta ere ikerketak egiteko proposamenak.

Esperimentazio-proiektu hauen bidez lortutako produktuak, bereziki eduki irekiko ikaskuntza-gaiak eta prestakuntza-ikaskuntzako metodologiak, Hezkuntza Sailaren eta hezkuntza-komunitatearen eskuetan utziko dira, eta bermatuko da jatorrizko lanaren egileak nortzuk izan diren ezagutaraztea.

3.– Dekretu honetan aurreikusitako dirulaguntzak jasotzen dituzten bizialdi osoko ikaskuntza-jarduerak doakoak izango dira bertan parte hartzen dutenentzat.

5. artikulua.– Ikaskuntzako bitartekaritza zerbitzua.

Ikaskuntza-bitartekaritza zerbitzuaren xedea da bizialdi osoko prestakuntza eta ikaskuntza euskal herritar guztiengana hurbiltzea, arreta berezia jarrita gizarte-egoera ahulean eta prestakuntza-zirkuituetatik urrun dauden pertsonengan. Horretarako, erakunde eskatzaileek honako apartatu hauetan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte:

1.– Zerbitzua 3. artikuluan adierazitakoen arteko erakunde batek eskatu, kudeatu eta gauzatuko du; erakunde horrek, zerbitzua eman nahi duen zonaldean errotuta dagoela egiaztatu behar du eta zonalde hori udalerrira edota eskualdera mugatuko da.

2.– Zerbitzua ematea eskatzen duen erakundeak bi urtetik gorako esperientzia egiaztatzen duten langileak izatea bizitzan zeharreko ikaskuntzari buruzko informazio- eta aholkularitza-alorrean eta bitartekaritza-zerbitzua kudeatu eta gauzatzearen alorrean.

3.– Zerbitzua ematea eskatzen duen erakundeak jarduketa-plan bat aurkeztu eta aurrera eraman beharko du. Plan horrek honako funtzio hauek garatzea aurreikusi beharko du, gutxienez:

a) Bere jarduketa-eremuan ezagutzaren edozein esparrurekin lotutako ikaskuntzari buruzkoak diren prestakuntzako jarduera edo ekimenei buruzko informazio zehatza eta eguneratua izatea, bizitza osoan egiten den ikaskuntzaren testuinguruan; urrutiko prestakuntza-eskaintzak ere aintzat hartuko dira. Erakunde eskatzaileak informazio hori ikusgai jarriko du Hezkuntza Sailak bizitza osoan zehar egiten den ikaskuntzarako duen atarian: www.hiru.eus

b) Bere eremurako, Bizitza osoan zeharreko ikaskuntza-plan bat sustatzea eta, hala badagokio, haren jarraipena egitea, eremu horretan bizialdi osoko ikaskuntzari lotutako jarduerak egiten dituzten erakunde eta eragile guztiekin elkarlanean.

c) Lan egingo den zonalderako jarduketa-plan bat planifikatu eta garatzea, prestakuntza herritarrengana hurbiltzeko, bereziki talde zigortu eta prestakuntzatik aldenduen dauden taldeengana, eta generoaren baldintzapenik gabeko informazioa eta aholkularitza eskaintzea bere eremu geografikoko pertsona eta erakundeei.

d) Erakundeekin, hezitzaileekin eta eremuko beste eragileekin lan proaktiboa egitea bizialdi osoko ikaskuntza-jarduerak sustatzeko, bereziki eremuan bete gabe geratu den eskaera dagoela antzematen bada.

e) Etengabeko ikaskuntzako jarduera zehatzak sustatzea, diseinatzea eta garatzea, tokiko edo eskualdeko esparruan alor horretan antzemandako beharrizanen arabera, eta jarduketa bakoitzaren onuradun izango diren pertsonen taldea zehaztuz.

6. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoa.

1.– Dekretu honetan jasotako jarduerak gauzatzeko dirulaguntzak ez itzultzekoak izango dira; dirulaguntza horiek erakunde publiko zein pribatuek emandako gainerako ekarpenei gehitu eta zenbatekoak, guztira, ez du onartutako aurrekontuaren % 100 gaindituko.

2.– Laguntzak emateko deialdian zehazten diren langileen gastuak eta funtzionamenduaren gastu arruntak baino ez ditu jasoko aurrekontu horrek.

Era berean, deialdi horretan ezarriko da jarduera-mota bakoitzari, gehienez ere, zein kopuru finantzatu ahal izango zaion.

7. artikulua.– Onuradunek diruz lagundutako jarduerak azpikontratatzea.

1.– Diruz lagundutako jarduerari dagokion zenbatekoaren % 50eraino azpikontratatu ahal izango du erakunde onuradunak.

2.– Dena den, diruz lagundutako jarduera gauzatzea hirugarren batekin hitzartzen bada, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluan eta Dirulaguntzen Erregelamendu Orokorraren 68. artikuluan (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua) xedatutakoarekin bat etorriko da hitzarmena.

8. artikulua.– Dirulaguntza emateko baldintzak.

Dirulaguntzak jaso ahal izateko, eskakizun hauek bete beharko dituzte erakunde eskatzaileek:

a) Eskatzaileak ez duela dirulaguntzak edo laguntza publikoak jasotzeko debekurik zigor- eta administrazio-arloan, ez eta laguntzak jasotzeko legezko debekurik ere, sexu-bereizkeriaren ondoriozkoak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean xedatutakoarekin bat etorriz.

b) Dirulaguntza-itzultzeagatiko betebeharren ordainketa egunean izatea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2.g) artikuluaren arabera.

c) Laguntza hauen onuradun izateko, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsitako testu bategina) 50.5 eta 50.6 artikuluetan, eta, orokorrean, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan ezarritako eskakizunak bete beharko ditu.

d) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

Organo kudeatzaileak automatikoki eta behar beste aldiz egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela; horretarako, ez du zentro eskatzaileen baimenik behar izango, betiere Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren arabera.

Entitate onuradunak berariaz egin diezaioke uko baimen horri. Kasu horretan, dagokion ziurtagiria aurkeztu beharko du, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22. artikuluan ezarritako baldintzen arabera. Errege Dekretu horren bidez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren erregelamendua onartu zen.

9. artikulua.– Beste dirulaguntza batzuekiko aldiberekotasuna.

1.– Dekretu honetan araututako dirulaguntzak bateragarriak dira xede edo helburu berarekin beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuek ematen dituzten bestelako laguntzekin. Edozein modutan, dirulaguntzen zenbatekoak ezingo du gainditu onartutako aurrekontuaren kostu osoa.

2.– Dekretu honetako laguntzak eta beste administrazio batzuek edo beste entitate publiko edo pribatu batzuek helburu berberarekin eta zio berberagatik emandako laguntzak batera jasoz gero, eta horien guztien batura laguntzen helburu den jardueraren kostu totala baino handiagoa bada, soberakinaren bateraezintasuna ezarriko da eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren bidez emango duen laguntza txikitu egingo da.

10. artikulua.– Eskaerak aurkeztea: nola aurkeztu, zein epetan eta publizitatea.

1.– Erakunde interesdunek bitarteko elektronikoz egin ahal izango dituzte eskabidea, kontsultak eta prozedura honetako izapide guztiak.

Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaz eta Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenaz arautzen da izapidetze elektronikoa. Ebazpen horren bitartez, E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa –Platea– onartzen da.

Eskabidearekin, justifikazioarekin eta deialdiarekin zerikusia duten gainerako izapideak egiteko jarraibideak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan egongo dira eskuragarri.

2.– Publizitatearen printzipioa betetzeko, Hezkuntza Sailak dagokion deialdia egingo du dekretu honetan xedatutako dirulaguntzen berri emateko. Deialdian honako hauek jasoko dira: aurrekontuan dirulaguntzetara bideratutako aurrekontu- eta jarduera-mota bakoitzari dagokiona; jarduera-mota bati esleitu ahal zaion gehieneko zenbatekoa zein den; eta 14. artikuluan finkatutako ebaluazio-irizpide xehatuak. Era berean, aipatutako deialdiak emandako dirulaguntzaren ehunekoak jasoko ditu, dekretu honen 18. artikuluan ezarritako ordainketetako bakoitzean gauzatuko direnak.

11. artikulua.– Nahitaez aurkeztu beharreko agiriak.

1.– Eskabidearekin batera, honako agiri hauek aurkeztu behar dira:

a) Proiektuan aurreikusitako jarduera-multzoa deskribatzen duen txostena, honako hauek adieraziz: proiektuaren izena; proiektua egiteko eskatzen den diru-kopurua; gauzatu beharreko jardueren edukiak; helburuak; helburuen lorpena neurtzeko adierazleak; kokalekua; denbora-eremua; jarduketa zein pertsona-multzori zuzentzen zaion; jarduketan parte hartzen duten eragile eta interesdunen elkarteak; proposatutako metodologia; jardueraren kostua atalez atal (langileak eta funtzionamendua); aurreikusitako ekintzak eta proiektua definitzeko balio duten gainerako inguruabarrak.

Proiektua idatzi beharko da hizkuntza ez sexista erabiliz, indarrean dagoen araudia betetzean.

b) Ikaskuntza-bitartekaritza emateko zerbitzurako finantzaketa eskatzen duten erakundeek bitartekaritza-zerbitzua emango duten pertsonek bizialdi osoko prestakuntzarako informazioa eta aholkularitza ematen eta bitartekaritza-zerbitzua kudeatzen eta exekutatzen gutxienez bi urteko lan-esperientzia dutela erakusten duten egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte. Egiaztapena egiteko, langileak lanean aritutako erakundeetako titularrek emandako ziurtagiriak aurkeztu behar dira.

Halaber, esandako entitateek, zerbitzua eman nahi duen zonaldean errotuta daudela egiaztatu beharko dute. Horretarako, aurreko urtean garatutako jarduera-memoria aurkez dezakete edo udalekin, udalaz gaindiko erakundeekin, prestakuntza arautuko zentroekin eta prestakuntzaren edo informazio eta orientazioaren alorreko elkarteekin eskaera aurkezten den aurreko urtean edo eskaera aurkezten den urte naturalean sinatutako prestakuntzaren, ikaskuntzaren eta orientazioaren alorreko akordioak edo lankidetza-hitzarmenak aurkeztuz.

c) Dekretu honen 3.2 artikuluaren arabera, udalek aurkeztu beharko dituzte bikoiztasunik dagoen edo ez dagoen txostenak eta finantza-jasangarritasunari buruzkoak, udal-eskumenen klausula unibertsalaren ondoriozko jardueren, zerbitzuen edo prestazioen egikaritzea arautzen duen ekainaren 25eko 93/2019 Dekretuak ezarritakoak.

Tokiko enpresa-erakunde publikoek eta tokiko merkataritza-sozietateek justifikazio-txostenak aurkeztu beharko dituzte, zehazki dekretu honen 3.3 artikuluan aipatzen direnak.

d) Ordezkaritza nahikoa egiaztatzeari buruzko espezifikazioak eta erakundea eratzearen eta erregistroan inskribatzekoak, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan zehaztuko dira.

e) Era berean, honako hauek eskabide-inprimakiari erantsita dagoen erantzukizunezko aitorpen bidez egiaztatuko dira:

– Erakunde eskatzaileak ez duela dirulaguntza publikoak eskuratzeko aukera ukatzen duen zigor administratibo edo penalik, ez eta dirulaguntzak jasotzeko legezko debekurik ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen bidez zigortutako sexuagatiko bereizketak barne.

– Betetzen dituela laguntza hauen onuradun izateko eskakizunak, indarreko araudian jasotzen direnak (dekretu honen 8. artikulua).

– Egiazkoak direla eskabidean eta horrekin batera aurkeztutako agirietan adierazitako edukiak.

– Ebazpenean kontuan hartutako inguruabarren edozein aldaketa jakinarazteko konpromisoa hartzen duela.

2.– Eskabidea aurkezteko unean egiaztatu beharko dute erakunde onuradunek eskakizunak betetzen dituztela.

12. artikulua.– Eskabidean egindako akatsak zuzentzea.

Dirulaguntzak lortzeko eskabideak oso-osorik betetzen ez badira, edo eskabidearekin batera beharrezko dokumentazioa aurkezten ez bada, eskatzaileari eskatuko zaio hamar eguneko epean akatsa zuzentzeko, edo nahitaezko agiriak aurkezteko, eta, gainera, esango zaio aurrekoa egin ezean, eskabideari uko egiten diola ulertuko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluaren araberako ebazpena eman ondoren.

Akatsak zuzentzeko jakinarazpena bitarteko elektronikoz egingo da. Jakinarazpenak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren «Nire Kudeaketak» atalean kontsultatu beharko dira.

Interesdunak jakinarazpenaren jasotze-agiria elektronikoki sinatzen duenean, jakinarazpena egintzat emango da. Jakinarazpena bidali eta hamar egun naturaleko epean interesduna ez bada edukira sartu, jakinarazpena ezetsitzat joko da, eta izapidea gauzatutzat. Prozedurak jarraitu egingo du, salbu eta ofizioz edo hartzaileak eskatuta egiaztatzen bada teknikoki edo materialki ezinezkoa izan dela edukira sartzea.

Hori hala izanik ere, organo kudeatzaileak interesdunei jakinarazpen-abisuak bidaliko dizkie, eskabideetan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara SMSak edo mezu elektronikoak bidaliz. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpen-baliorik izango.

13. artikulua.– Dirulaguntza edo laguntza esleitzeko prozedura.

Dirulaguntzak lehiaketa bidez emango dira. Ondorio horietarako, dirulaguntza emateko, mota bereko jarduerei dagozkien eskabideen ebaluazioa egingo da, 14. artikuluan ezarritako irizpideei jarraituta. Baloraziorik onena lortu duten eskabideei esleituko zaie laguntza, deialdian jarduera bakoitzerako kontsignatutako kreditua agortu arte; indarrean dagoen legeriarekin bat datozen aldaketak egiten badira aurrekontuetan, ordea, horiek aintzat hartuak izango dira.

Dagokion deialdian, jarduera-mota baterako ezarritako aurrekontu-kredituan soberakinak badaude, horiek, lehendabizi 4.2 artikuluko a) atalean ezarritako jarduera-motarako zehaztutako aurrekontua osatzeko erabiliko dira, gehienez 14.5 artikuluan esandako puntuazioa edo altuagoa lortu duten eskaeren kopuru osoa estali arte. Oraindik soberakinak izanez gero, horiek, bigarrenik, 4.2 artikuluko b) atalean ezarritako jarduera-motarako zehaztutako aurrekontua osatzeko erabiliko dira.

14. artikulua.– Eskaerak ebaluatzeko irizpideak.

Dekretu honek aurreikusitako laguntzak jasotzeko eskabideak ebaluatzeko irizpideak, garatu nahi den jardueraren arabera ezarriko dira.

1.– Prestakuntzako jarduera espezifikoak ebaluatzeko irizpideak:

a) Honako hauen zehaztasun-maila: prestakuntza-jarduera zuzentzen zaien pertsona-taldeen ezaugarriena; talde horren kuantifikazioarena eta ase nahi diren prestakuntza-beharrizanena; bete nahi diren helburuena –onuradunek gaitasunak eskuratzeari, haien kualifikazioa hobetzeari eta haien prestakuntza-ibilbidean aurreratzen jarraitzeari dagokionez– eta xedeen lorpena ebaluatzea ahalbidetzen duten adierazleena.

b) Erakunde eskatzailearen gaitasun teknikoa helduen prestakuntzaren alorrean, bereziki kualifikazio txikiko helduen prestakuntzan eta bere gaitasuna prestakuntza-jarduerak, euskaraz nahiz gaztelaniaz, garatu ahal izateko. Gaitasun teknikoa oinarrituko da garatu nahi den jarduera aurrera eramateko erabilitako baliabide materialen kalitatean eta esperientzian zein prestakuntzan, bai eta jarduera garatzeko erabiliko diren giza baliabideetan ere.

c) Garatuko den prestakuntza-jardueraren zehaztapena: edukiak, metodologia, ikaskuntzaren emaitzak eta ebaluazio-irizpideak, irauten duen ordu-kopurua eta aurreikusitako programazioa. Proposatutako adierazleen koherentzia eta balioa aurreko a) atalean esandako helburu eta prestakuntza beharrekin alderatuta.

Lau irizpide horietako bakoitzari, gehienez ere, 25 puntu eman ahal izango zaio.

2.– Ikaskuntzako bitartekaritza-zerbitzuak ebaluatzeko irizpideak:

a) Erakunde eskatzaileak duen gaitasun teknikoa ikaskuntzako bitartekaritza-zerbitzuak edo prestakuntzarako orientabide zerbitzuak emateko eta zerbitzua euskaraz zein gaztelaniaz garatzeko gaitasuna. Gehienez ere, 25 puntu. Ikaskuntzako bitartekaritza-zerbitzuaren eskura jarritako pertsonek bizialdi osoko prestakuntzarako informazioaren eta aholkularitzaren alorrean egiazta dezaketen eskarmentuan oinarrituko da gaitasun teknikoa.

b) Bere zonalderako jarduketa-plan bat planifikatu eta garatzea, bizialdi osoko ikaskuntza sustatzeko, lortu nahi diren helburuak argi ezarriz eta haien lorpenaren ebaluazioa egitea ahalbidetzen duten adierazleekin. Gehienez ere, 20 puntu.

c) Aurrera eraman nahi den bitartekaritza-zerbitzuaren edukiaren zehaztapen maila: zenbat pertsonari eman nahi dioten arreta; pertsona horien tipologia; arreta eman zaien pertsonen prestakuntzaren bilakaeraren jarraipena eta sustapen. Gehienez ere, 30 puntu.

3.– Esperimentazio-proiektuak ebaluatzeko irizpideak:

a) Proiektuaren zehaztasun-maila, honako hauek modu zehatzean adieraziz: aurrera eraman nahi den esperimentatze-plana; lortu nahi diren helburuak; ebaluatzeko adierazleak; egutegia; metodologia; zein kolektiborengan izango duen eragina, kolektibo horrek edo horiek zenbat eta zelakoak diren; eragingo zaien pertsonek, ustez, zer onura jasoko dituzten; proposatutako helburuak lortu diren ala ez ebaluatzea; eta erakunde eskatzaileak proiektua ulertzeko garrantzitsutzat jotzen duen beste edozein informazio. Gehienez ere, 45 puntu.

b) Erakunde eskatzaileak proiektua aurrera eramateko dituen baliabide teknikoak eta giza baliabideak, proiektuaren egileek eta hura aurrera eramango dutenek zein kualifikazio eta esperientzia duten adieraziz. Gehienez ere, 30 puntu.

4.– Artikulu honen aurreko ataletan adierazitako baremazio xehatua laguntza horiei dagokien deialdian ezarriko da.

5.– Ez dira diruz lagunduko 30 puntu baino gutxiago lortu dituzten eskabideak.

15. artikulua.– Ebaluazio-batzordea.

1.– Aurkezten diren eskabideak aztertu eta ebaluatzeko ebaluazio-batzorde bat osatuko da, honako kide hauek izango dituena:

– Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendaria.

– Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzako teknikari bat, zuzendaritza horretako zuzendariak izendatua.

– Hezkuntza Saileko lurralde-ordezkaritza bakoitzeko pertsona bat, Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendariak izendatua.

2.– Ebaluazio-batzorkideak izendatzeko, euskaraz zein gaztelaniaz, hizkuntza-gaitasun nahikoa izatea kontuan hartuko da eta emakumeen eta gizonen partaidetza orekatua izaten ahaleginduko da.

3.– 14. artikuluak zehazten dituen ebaluazio irizpideak eta dagokion deialdiak ezarritako irizpide xehatu horien balorazioa oinarri hartuta, Ebaluazio batzordeak eskaeren zerrenda egingo du, puntu gehien lortu duenetik hasi eta puntu gutxien lortu dituenarekin amaituta.

16. artikulua.– Kudeaketa eta ebazpena.

1.– Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritza izango da dekretu honetan araututako laguntzak kudeatzeko organo eskuduna.

2.– Dekretu honetan araututako laguntzak Lanbide Heziketako sailburuordearen ebazpen bidez eman eta ukatuko dira, Ebaluazio batzordeak proposamena egin ondoren.

3.– Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratuko da ebazpena, eta jakinarazi eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Hori hala izanik ere, organo kudeatzaileak interesdunei jakinarazpen-abisuak bidaliko dizkie, eskabideetan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara SMSak edo mezu elektronikoak bidaliz. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpen-baliorik izango.

4.– Eskabideak ebatzi eta jakinarazteko epea, gehienez ere, sei hilekoa izango da, aurkezteko epea amaitu zen egunaren biharamunetik zenbatuta; epe horretan berariazko ebazpenik eman ez bada, dirulaguntza jasotzeko eskabidea ezetsi egin zaiola ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako ondoreetarako; nolanahi ere, hori gorabehera, Administrazioak berariazko ebazpena eman beharko du.

5.– Erakunde onuradunei dirulaguntza horiek emateko –eta, bidezko denean, ordaintzeko– ezinbestekoa izango da amaiera ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, haren erakunde autonomoek eta zuzenbide pribatuko erakunde publikoek emanda dituzten izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen arloan hasi eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiei.

17. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Instituzio eta erakunde onuradunek, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluak adierazitako betebeharrez gain, honako betebehar hauek ere izango dituzte:

1.– Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, erakunde onuradunek, esleitzeko erabakia jakinarazi eta hurrengo hamar egun naturaleko epean berariaz eta idatziz dirulaguntzari uko egiten ez badiote, onartutzat joko da.

2.– Dirulaguntzaren xede diren programa, jarduera, inbertsio edo jarduketen finantzaketaren izaera publikoari dagokion publikotasuna ematea, arauz ezarritako moduan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 18.4 artikuluan ezarritakoaren arabera.

3.– Diruz lagundutako jarduera guztietan, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren eta proiektua diruz lagundu duten gainerako erakunde publikoen babesa espresuki adierazi beharko dute.

4.– Dirulaguntzak behar diren xedeetarako erabiliko direla bermatzea. Erakunde onuradunek, horretarako, harreman-bermeak jarri beharko dituzte, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoari jarraituta. Dekretu horrek, Euskadiko Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta itzulketei buruzko araubide orokorra arautzen du, eta bertan, dirulaguntzen kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta betebeharrak ezartzen dira.

5.– Dirulaguntza jasotako jardueren xedea edo izaera asko aldatzen duen edozein gorabeheraren berri ematea; era berean, Hezkuntza Sailari laguntzea jarduera horien egiaztapen-, jarraipen- eta kontrol-prozeduretan.

Hezkuntza Sailak beharrezko diren ikuskapen eta kontrolak egingo ditu, dekretu honen helburuak betetzen direla bermatzeko.

6.– Eskatutako argibide guztiak ematea Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, laguntzen helburua fiskalizatzeko lanetan dihardutela.

7.– Beste edozein administraziok, erakunde publikok edota pribatuk dirulaguntzak edota laguntzak emango balizkiete eskaera hau aurkeztu eta gero, hala jakinarazi beharko dute, idatziz.

8.– Sexuaren araberako datuak eduki beharko dituzte, hizkera ez dute modu sexistan erabiliko, zuzendaritza organoetan gizonen eta emakumeen kopurua orekatua egotea sustatuko dute eta, oro har, Gizonen eta Emakumeen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 3. artikuluak ezarritako printzipio orokorrak errespetatuko dituzte.

9.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.

18. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea eta justifikatzea.

1.– Dekretu honen 4. artikuluan jasotako jarduerak egiteko emandako dirulaguntzak bi zatitan ordainduko dira:

a) Lehenengo ordainketa dirulaguntza ematen den unean egingo da, eta gehienez ere guztira emandako laguntzaren % 70ekoa izango da.

b) Bigarren ordainketa, guztira emandako laguntzaren zenbatekoa osatu artekoa, ebazpenean jasotako ekintza guztiak amaitu ondoren egingo da, ekintzok amaitu eta bi hilabeteko epean honako agiri hauek bitarteko elektronikoz aurkeztu ondoren.

1) Azken memoria bat, proiektuaren exekuzioaren deskribapena, non lagundutako pertsona-kopuruaren eta -tipologiaren gaineko datu estatistikoak adierazi, eta eskabidean proposatutako helburuen betetze-mailaren ebaluazioa jasoko baita.

2) Txosten ekonomikoa eta egindako gastuaren laburpena, zeinari fakturak edo emandako dirulaguntza edo zuzkidura ekonomikoari egotzi dakiokeen beste edozein egiaztagiri erantsiko baitzaizkio, betiere data, kontzeptua, guztizko zenbatekoa eta zenbateko egozgarria adierazita.

3) 60.000 euro baino gutxiagoko dirulaguntzei dagokienez, emandako dirulaguntzaren justifikazioa uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 75. artikuluan ezarritako baldintzen arabera egingo da. Errege-dekretu horren bidez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartu zen.

Dirulaguntzak ebatziko dituen organoak aztertuko ditu egokia iruditzen zaizkion egiaztagiriak, laginketa aleatorio sinplea erabiliz, arrazoizko ziurtasuna lortzeko emandako dirulaguntza egoki aplikatu dela. Horretarako, entitate onuradunak aukeratutako gastu guztien egiaztagiriak bidaltzea eskatu ahal izango du.

4) 60.000 euro edo hori baino gehiagoko dirulaguntzei dagokienez, emandako dirulaguntzaren justifikazioa uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 72. artikuluan ezarritako baldintzen arabera egingo da. Errege Dekretu horren bidez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartu zen.

2.– Bigarren ordainketaren % 50 kontura ordain daiteke, erakunde onuradunak horretarako eskaera egiten badu. Horrelakoetan, garatutako jardueraren tarteko txostena egin beharko du erakunde onuradunak, genero-ikuspegitik landua. Txosten horretan, proiektuaren ordura arteko garapenari buruzko informazioa eman beharko da, bai eta gastuen egiaztagiriak aurkeztu ere.

Konturako ordainketa ezin izango da eskatu harik eta diruz lagundutako jardueraren bi herenak gutxienez garatu arte.

3.– Laguntzen urteroko deialdian ezarriko da ordainketa bakoitzean ordaindu beharreko dirulaguntzaren ehuneko zehatza zein izango den.

19. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Dekretu honen xedea betetzera bideratutako diru-baliabideak Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan xede horretarako berariaz ezarritako aurrekontu-kredituetatik hartuko dira. Aurrekontu-ekitaldian guztira emango diren laguntzen zenbatekoak ez du diru-izendapen hori gaindituko. Dirulaguntzak dagozkien ordainketa-kredituei egotziko zaizkie, zatikako ordainketei aurre egiteko, ekitaldian aurrekontua ixteko aplikatu behar den arautegia beteta betiere.

2.– Dagokion deialdian, ekitaldi ekonomiko bakoitzerako ezarriko da dagoen aurrekontua guztira zenbatekoa den eta jarduketa bakoitzari gehienez ere eman ahal zaion kopurua zein den.

20. artikulua.– Dirulaguntza aldatzea.

Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendariak emandako dirulaguntza aldatu egingo du baldin eta dirulaguntza hori emateko kontuan hartutako inguruabarrak aldatzen badira, edota helburu bera lortze aldera beste edozein dirulaguntza edo laguntza eman dela jakiten bada eta dirulaguntza hori, sailak emandakoari gehituz gero, onartutako kostu guztia baino handiagoa bada. Nolanahi ere, dirulaguntzaren onuraduna izateko arauak ezarritako gutxieneko eskakizunak bete beharko dira eta dirulaguntza hori emateko irizpideak eta mugak aplikatuko dira.

21. artikulua.– Ez-betetzeak.

Dirulaguntzaren onuradun den erakundea Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 artikuluan ezarritako egoeraren batean badago, edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37 artikuluan ezarritako egoeraren batean badago, edo dekretu honetan eta aplika daitezkeen arauetan eta dirulaguntza ematearen aldeko ebazpenean ezarritako arauak bete gabe uzten baditu, Lanbide Heziketako sailburuordeak, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoa betez, ebazpen bat emango du, eta, ebazpen horren bidez, honako hau deklaratuko du: erakunde onuradunak ordaintzeko falta ziren kopuruak jasotzeko eskubidea galdu duela, eta, hala behar izanez gero, ordura arte jasotako diru-kopuruak eta dirulaguntza ordaintzen den unetik aurrera dagozkion arauzko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharra daukala, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak ezarritakoarekin bat etorriz eta bidezko beste zenbait ekintza bazter utzi gabe. Diru-kopuru horiek sarrera publikotzat hartuko dira, dagozkien legezko ondorioetarako, eta erantzukizunen erregimena Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 64. artikuluan ezarritakoa izango da.

22. artikulua.– Itzulketa-prozedura.

Aurreko artikuluan aurreikusitako ez-betetzeen kasuetan, honako hau izango da jasotako laguntzak itzultzeko prozedura:

a) Lanbide Heziketako sailburuordeak interesdunari jakinaraziko dio jasotako diru-kopurua itzultzeko prozedura hasiko dela eta horretarako zioak azalduko dizkio, eta 15 eguneko epea emango dio egoki deritzen alegazioak aurkeztu ditzan.

Prozedura hasiz gero, eten egingo dira oraindik egiteke dauden ordainketak.

b) Alegazioak jaso ondoren, edo horretarako emandako epea alegaziorik aurkeztu gabe igaro ondoren, Lanbide Heziketako sailburuordeak ebazpen bidez burutuko du prozedura.

Itzulketa-prozedura ebazteko epea, gehienez ere, hamabi hilekoa izango da.

Ebazpenean jasotzen bada arauren bat bete gabe utzi dela, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdutzat emango da, eta, hala badagokio, ebazpena jakinarazten den egunetik hasita bi hilabeteko epean dagozkion diru-kopuruak Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharra deklaratuko da. Epe hori borondatezko epealditzat joko da.

c) Borondatezko epealdian kopuruak ordaindu ezean, gertatutakoaren berri emango zaie betearazpenari dagokionez eskudunak diren organoei, hala badagokio, premiamendu-bidetik jardun dezaten, aplikagarri den legezko arautegiari jarraituta.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetu egiten da azaroaren 27ko 248/2012 Dekretua, bizitza osoan zehar egiten den ikaskuntzari lotutako jarduerak egiteko laguntzak arautzen dituena.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Bukatu gabeko espedienteak aipatutako azaroaren 27ko 248/2012 Dekretuaren arabera izapidetuko dira (bizitza osoan zehar egiten den ikaskuntzari lotutako jarduerak egiteko laguntzak arautzen dituena).

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoak.

Dekretu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dute Euskal Herriko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salan, eta horretarako bi hileko epea izango dute Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera, Administrazioarekiko Auzietako Jurisdikzioa arautu duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.b) eta 46.1 artikuluetan ezarritakoarekin bat etorriz.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Indarrean jartzea.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2019ko uztailaren 23an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Hezkuntzako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.


Azterketa dokumentala