Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

146. zk., 2019ko abuztuaren 2a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
3730

EBAZPENA, 2019ko uztailaren 11koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpena egiten duena proiektu honen gainean: Zarautzen (Gipuzkoa) 10-2-OR Salberdin eremuko iparraldearen urbanizazioa, EU 10-2 Salberdin Itun Batzarrak sustatuta.

AURREKARIAK

2017ko azaroaren 17an, Ingurumen Administrazioaren zuzendariak ebazpen bat eman zuen, eta haren bitartez zehaztu zuen Zarautzen (Gipuzkoa) 10-2-OR Salberdin eremuko urbanizazio-proiektuaren ingurumen-inpaktuaren azterlanaren irismena, eraginpean dauden administrazio publikoei kontsultak egin ondoren, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 34.3 artikuluan xedatzen duenari men eginez.

2018ko urtarrilaren 3an Zarauzko Udalak jendaurreko informazioaren izapidea egin zuen EU 10-2 Salberdin Itun Batzarrak sustatutako 10-2-OR Salberdin eremuaren urbanizazio-proiektuaren hasierako onespen-espedienteari lotuta, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. artikuluan xedatzen duenari men eginez. Aldi berean, Zarauzko Udalak txosten-eskaerak egin zizkien administrazio publikoei eta norbanako interesdunei, urriaren 9ko 23/2012 Legearen 37. artikuluan xedatzen duenari men eginez.

2018ko maiatzaren 16an, Zarauzko Udalak jendaurreko informazioaren izapiderako ipini zuen berriro Zarauzko 10-2-OR Salberdin Eremuaren urbanizazio-proiektua, 2018ko maiatzeko data duen ingurumen-inpaktuko azterlanarekin batera, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. artikuluan xedatzen duenari men eginez, egoki iritzitako alegazio guztiak aurkez zitezen; izapide horri zegokion iragarkia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen 2018ko maiatzaren 16an. Jendaurreko informazioaren izapidea burututa, 2018ko uztailaren 4an, Zarauzko Udalak egiaztatu zuen ez zela alegazio berririk jaso. Halaber, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 37. artikuluan xedatzen duena aplikatzeko, 2018ko maiatzaren 11n, Zarauzko Udalak eraginpeko administrazio publikoei eta norbanako interesdunei kontsulta-izapidea egin zien, espedientean ageri den emaitzarekin. Hori dela eta, sustatzaileak kontuan hartu ditu izapide horretan jasotako txostenak, eta aldaketak egin ditu proiektuan eta ingurumen-inpaktuaren azterlanean.

2019ko ekainaren 4an, Zarauzko Udalak eskatu zion Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioko Zuzendaritzari 10-2-OR Salberdin eremuko iparraldearen urbanizazio-proiektuari dagokion ingurumen-inpaktuko deklarazioa egin zezala. 2017ko jatorrizko proiektuak barne hartzen zuena baino txikiagoa da proiektuaren eremua, eta horregatik ingurumen-inpaktuaren deklarazioa egiteko aintzat hartu dira arestian deskribatu diren izapideen emaitzak Salberdin iparraldeko zonaldeari dagozkien heinean.

Eskabidean, dokumentazio hau aurkeztu da:

– Proiektuaren dokumentu teknikoa, 2019ko ekainean egina.

– Ingurumen-inpaktuaren azterlana, 2019ko ekainean egina.

– Informazio publikoaren izapidearen emaitzak deskribatzen dituzten zenbait dokumentu.

– Eraginpeko administrazioei eta norbanako interesdunei egindako kontsulta-izapidearen emaitza deskribatzen duten zenbait dokumentu.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio garrantzitsuak izan ditzaketen planen, programen eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Halaber, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluan xedatzen duenaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek, beste helburu batzuen artean, bermatu behar dute ingurumenaren gaineko eraginaren ondorioen azterketa plangintzaren hasierako faseetan sartzea, eta, aukera egokienak hautatze aldera, ingurumenari buruzko ondorioei buruzko analisia, kontuan izanik zenbait jardueren ondoriozko eragin metatzaileak eta sinergiakoak.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluan xedatzen duena egikaritzeko, sustatzaileak hala eskatzen badu, 7. artikulu horretako 2. apartatuan jasotako proiektuek ingurumen-inpaktuko ebaluazio-prozedura arrunta bete beharko dute. Halaber, 3/1998 Legeak, otsailaren 27koak, Euskadiko Ingurumena Babestekoak, bana-banako ingurumen-inpaktuko ebaluazio-prozedura arautzen du, ingurumen-inpaktuko ebaluazio-prozedura arruntaren baliokidea dena.

Hein horretan, azpimarra liteke Zarauzko 10-2-OR Salberdin eremuko iparraldearen urbanizazio-proiektua barne hartuta dagoela Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrak daraman I.B) eranskinaren 21. epigrafean.

21/2013 Legeak, abenduaren 9koak, 35. artikuluan eta hurrengoetan xedatzen duena egikaritzeko, Zarauzko Udalak, organo substantibo gisa, hirigintza-proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedura arrunta egiteko beharrezkoa den guztia xedatu du. Horretarako, ingurumen-inpaktuko azterketa bat gehitu du espedientean, kontsulta publikoak egin ditu eta eragindako administrazio publikoek zein norbanako interesdunek prozeduran parte hartu dute.

Proiektuaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertuta, eta ikusirik ingurumen-inpaktuaren azterketa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, irismen-dokumentuan jasotako baldintzak barne, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau eman du; bertan, proiektuaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egin du, eta plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jaso du, baita sartu beharreko azken oharrak ere, soilik ingurumen arlokoak. Zuzendaritza hori organo eskuduna da Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrak xedatzen duenaren arabera, baita Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuak xedatzen duenaren arabera ere.

Hauek ikusi dira: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Herriko Ingurugiroa Babestekoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak aztertu ondoren, honako hau

EBATZI DUT:

Lehenengoa.– Ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpen hau egitea EU 10-2 Salberdin Itun Batzarrak sustatutako 10-2-OR Salberdin eremuko iparraldearen urbanizazioa-proiektuaz; aldekoa da adierazpena.

Salberdin eremuko iparraldearen urbanizazioa-proiektuak (aurrerantzean, urbanizazio-proiektua) 38.624 m2-ko azalera hartzen du. Zarauzko hirigunearekin bat eginda dago erabat esparrua. Eremuak iparraldetik trenbidearekin egiten du muga; hegoaldetik Bizkaia kalearekin; ekialdetik Zelai Ondo bizitegi-etxadiekin, eta mendebaldetik Klaratarren Komentuarekin.

Salberdin eremuko jarduketa urbanistikoaren helburua da garai batean erabilera mistoa, industriala eta hirugarren sektorekoa zuen eta andeatuta dagoen eremua berreskuratzea bizitegi-eremu urbanoa izan dadin, etxebizitza-bloke kolektibo, barne-plaza, zonalde libre eta oinezkoentzakoekin.

10-2-OR eremuko iparraldearen urbanizazio-proiektuak ondorengo jarduketa hauek aurreikusten ditu:

a) Egungo landaredia (zabortegiko nitrofiloa, soropila, ornamentazio-zuhaitzak eta lorategikoak) soiltzea.

b) Lur-mugimenduak, hondea-lanak, aldi baterako pilaketak eta betelanak. Eremuaren morfologia aldatu egingo da urbanizazio-kotaren arrasa 2 m goratzeko, 6,10 m-tan gera dadin, esparruaren uholde-arriskua gutxitzeko. Lur-balantzean soberakinak sortuko dira, eta kutsakorrak izan zitezkeen jarduerak eduki dituzten lekuetatik etorriko dira lurzoru gehienak. Kudeatu beharreko bolumenak ondorengo hauek dira:

– Urbanizazio-lanetarako, errekaren ibilgu berrirako eta soto-solairuetarako zenbatetsitako hondea-lanen bolumena: 94.492 eta 98.766 m3 artean.

– Urbanizazioan betelanetarako zenbatetsitako bolumena: 35.107 m3 (23.987 eta 26.987 m3 artean obrako hondea-lanetan aukeratutako materiala izango da; eta 8.120 eta 11.120 m3 artean harrobiko materiala).

c) Igerain errekaren ibilguaren aldaketa eremuan, gaur egungo ibaibidea 10 m iparralderago eramatea, eta betetzea. Ibaibide berria aire zabalean joango da 326 metroko zatian eta 2 metroko altuerako harri-lubeta batez bideratuko da, sahats-aldaxkarekin; ibaibidea bertakotzen lagunduko du horrek. Aurreikusten da, halaber, errekaren gainean hiru pasabide eta hormigoi armatuzko bi marko eraikitzea. Errekaren ezpondetan eta albo bakoitzean eratzen den zerrenda berdean, eskualdean berezkoak diren hainbat sastraka mota landatuko da eta makal beltz (Populus nigra) ilara bat.

d) Bide-sare berria eta Plan Orokorrean datorrenarekin hark duen lotunea. Zuhaitzez jantzitako kale berri bat eraikiko da eremua iparraldetik hegoaldera zeharkatuko duen oinezkoen ardatz modura, etxadiaren erdian. Bi biribilgune berri eraikiko dira: bat Bizkaia eta Urdaneta kaleak elkartzen diren gunean, eta bestea Bizkaia kalearen trazatuaren erdian Geltoki Inguru Aldea eta Aitza kalearekiko lotunea egiteko. 263 aparkaleku sortzen dira lurrazalean, bide-zerrendetan integratuta. Bidegorri-sare bat aurreikusten da, bi norabideetako ibilbideak dituela. Etxadi-barneko plazen, oinezkoen pasealekuaren eta bideak zolatu, lorategiz hornitu eta zuhaitzak landatzea.

e) Azpiegitura-sarea eraikitzea euri-urak biltzeko, saneamendurako, ur-, gas-, elektrizitate-, telekomunikazio-, argiteria publikoko eta ureztaketa-sistemako hornidura eta banaketarako.

f) Eraikin industrialak eta bestelako eraikinak erauzteko jarduketak.

Bigarrena.– Baldintza hauek jartzea proiektua gauzatzeko; baldintza lotesleak dira, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 47.2 artikuluan xedatzen duenaren arabera.

A) Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko aurkeztutako dokumentazioaren arabera gauzatuko da proiektua, eta, nolanahi ere, ebazpen honetan zehaztutakoaren mende egongo da. Neurri babesle, zuzentzaile eta konpentsatzaileak indarrean dagoen araudiaren arabera gauzatuko dira, hurrengo apartatuetan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, Zarauzko Udalak Ingurumen Sailburuordetza honetan proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa kontuan hartuta.

B) Proiektua aldatzen edo zabaltzen bada, 21/2013 Legeak, abenduaren 9koak, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoak, 7. artikuluan xedatuari men egingo zaio.

Aldaketa puntualak egin behar badira proiektuan, eta aurreko paragrafoan aipatutakoak baino garrantzi txikiagoa badute eta obrak egiteko falta diren gainerako izapideetan sortu badira, ingurumenaren ikuspuntutik ere justifikatu beharko dira. Neurri babesle eta zuzentzaileetan, ingurumena zaintzeko programan, aurrekontuan eta baldintza-pleguetan jasoko dira proiektuari egiten zaizkion aldaketak.

C) Ingurumen-ebaluazioko prozeduraren alderdi garrantzitsuak.

Urbanizazio-proiektu baten ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren ondorioetarako, kontuan hartu behar dira aurreikusitako urbanizazioa gauzatzeko jarduketa guztiak. Horren ondorioz, urbanizazio-proiektuak ingurunean izan dezakeen inpaktua balioesteko garaian, ez da soilik proiektuaren jarduera-esparrua izan behar kontuan, baizik eta harekin lotuta dauden eta saihestezinak diren jarduketa guztiak, hala nola lur-mugimenduak, eraisteak eta abar.

Bestalde, urbanizazio-proiektu honen ingurumen-inpaktuaren azterketan, honako egoera hauek nabarmendu daitezke:

C.1.– Proiektuaren eremuak badu presio antropogenikoa jasan duen gune bat eta baditu zenbait partzela, 165/2008 Dekretuak, irailaren 30ekoak, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioari buruzkoak, barne hartzen dituenak. Proiektua egikaritzeak eraispen- eta eraikuntza-lanetako hondakin-bolumen handia sorrarazten du, eta munta handiko lur-mugimenduak, bai hondea-lanetan bai betelanetan. Urbanizazio-proiektuarekin batera ekin zaio 10-2-OR eremuko iparraldeko lurzoruaren kalitateari buruzko ikerketa zehatza egiteari (Otzarretako lurzatian izan ezik) eta hautazko hondeaketak egiteari, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeari buruzko ekainaren 25eko 4/2015 Legeak arautzen duen Lurzoruaren Kalitatearen Deklarazioaren prozeduraren barruan.

C.2.– Zarauzko akuifero kuaternarioaren gainean dago eremua; interes hidrogeologikoa du horrek, eta uda-garaian hondartzei zerbitzua emateko ura hartzen da bertatik. Kutsadura lurzorutik lurpeko uretara zabaltzeko arriskua dago hondea-lanen, lur mugimenduen eta eraikinetako zimenduak eta soto-solairuak eraikitzeko lanen ondorioz.

Lurzoruaren kalitate-deklarazioko espedientea lantzeko egin diren azterlanetan, kausitu da konposatu organokloratuengatik kutsatuta daudela lurpeko urak, eta giza osasunerako arriskuen analisi kuantitatiboak adierazi du arrisku-adierazle onartezinak daudela obrako langileentzat, etorkizuneko egoiliarrentzat eta populazioarentzat oro har. Beraz, indarrean dagoen araudiari men eginez, beharrezkoa da neurri zuzentzaileak ezartzea arrisku-adierazleak maila onargarrietaraino eta etorkizuneko bizitoki-erabilpenarekin bateragarrietaraino ekartzeko.

Zarauzko akuifero kuaternarioaren kutsadurari dagokionez, azterlan hidrogeologiko zehatz bat egin da. Halaber, 2018ko abenduan, Suez RR IWS Ibérica SLU enpresak 10-2-OR Salberdin eremuari buruzko Kloratuen eraginpean dauden lurpeko urak lehengoratzeko proiektua eta hautabideen azterlana idatzi zuen. Onbideratzeko erabil daitezkeen teknika mota desberdinak aztertu ondoren, hautatu da ISCO-In Situ Oxidazio Kimikoko Teknikak aplikatzea, sodio-permanganatozko (NaMnO4) injekzioak emanez afekzio-beso osoan zehar kokatutako putzuen bidez. Bai azterlan hidrogeologikoak bai onbideratzeko metodoak aldeko balioespena jaso dute Uraren Euskal Agentziaren Planifikazio eta Obra Hidraulikoetako Zuzendaritzaren partetik, hark 2019ko martxoaren 15ean egindako txostenean.

Halaber, Uraren Euskal Agentziaren zuzendariak 2019ko maiatzaren 17an emandako Ebazpenaren bitartez, Zarauzko akuifero detritiko kuaternarioan lurpeko urek hidrokarburo organiko halogenatuekin duten kutsadura onbideratzeko lanak baimendu dira. Proiektua egikaritzeko hondeaketa-lana abian jarriko da Ebazpen horretan ezartzen diren onbideratzeko helburu-balioak erdietsi direnean, harekin zerikusia duten urak hodi biltzailera isuri ahal izateko.

C.3.– Uholde-arriskuari dagokionez, Igerain errekaren arroak duen emariaren zati bat, eremua baino gorago, itsasoratze bide batekin desbideratu zen Vista Alegre aldetik doan tunel-bidez, eta horrela biziki murriztu zen Salberdin aldeko uholde-arriskua. Urbanizazio-proiektuarekin batera, ur-azterketa bat egin da eta hartan oinarriz ebatzi da arrasa baino 2 m goragotik urbanizatzea, 6+,10eko kotan, 500 urteko errepikatze-denborako uholdeari dagokiona baino goragotik.

C.4.– Eremua zeharkatzen du Igerain errekak, hormigoizko horma artean bideratuta eta zenbait zatitan lurpean. Errekasto hori Ińurritza errekaren adarra da; izen hori bera daraman estuarioan itsasoratzen da Ińurritza, eta Biotopo Babestua eta Natura 2000 Sareko Kontserbazio Bereziko Eremua da. Natura-gune babestu hori proiektuaren eremutik 700 bat metrora dago errekan behera, eta horregatik prebentzio neurriak hartu behar dira obra-aldian uretan behera kutsadura barreiatzea eragozteko.

C.5.– 213/2012 Dekretuak, urriaren 16koak, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzkoak, 45. artikuluan xedatzen duenari men eginez, Zarauzko Udalak 2018ko azaroan onetsitako BABE-Babes Akustiko Bereziko Eremuen izendapena duen zonaldean dago proiektuaren eremua. Dagokion Eremuko Plana du BABE horrek, aipatu Dekretuaren 47. artikuluak dioenaren arabera.

C.6.– Gainerakoan, proiektuaren eremuan ez dago natura-, geologia- edo paisaia-interesa duen elementurik, ez eta babes-araubide bereziren baten peko gunerik edo espezierik ere. Ez da kausitu babestutako kultura-ondareko elementurik, eremuarekin mugakide bada ere Zarauzko Ustezko Arkeologia Eremua, 1997ko irailaren 17ko Ebazpenaz izendatua, eta haren barnean badago ere 39. elementua, Santa Klara Komentua, harresi-barruko babes-eremuarekin.

D) Neurri babesle eta zuzentzaileak.

Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, hurrengo apartatuetan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, Zarauzko Udalak Ingurumenaren Administrazioaren Zuzendaritza honetan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa kontuan hartuta.

Bestalde, neurri horiek behar den dimentsioan aplikatzeak eta kontrolerako langile nahikoa izateak bermatu beharko dituzte ingurumen-inpaktuaren azterketan finkatutako kalitate-helburuak eta ingurumen-inpaktuaren adierazpen honetan finkatzen direnak. Honako atal hauetan adierazten diren neurriak gehitu beharko dira.

Neurri hauek guztiak obra kontratatzeko baldintza-pleguetan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, obretako jardunbide egokiak ezarri beharko dira.

D.1.– Natura-ondarea babesteko neurriak.

D.1.1.– Obrak, bai eta lurzorua okupatzea erakartzen duten lan osagarriak ere, proiektuaren lursailaren barruan egin beharko dira. Ahalik eta gehien murriztuko da obrako makinak eta ibilgailuak aipatu mugetatik kanpo zirkulatzea.

D.1.2.– Azkenean bertan kontserbatzea erabaki den zuhaitz-aleren bat baldin balego, behar bezala babestuko dira zuhaitz horiek, obrek iraun artean haien sustrai-sistemek kolperik eta kalterik jasan ez dezaten. Jarduera horiek berariaz zehaztu beharko ditu ebazpen honen bigarren apartatuko D.11 puntuan ezarritako ingurumen-aholkularitzak.

D.1.3.– Adierazi den eremutik kanpo ustekabeko eraginik gertatzen balitz, zuzentzeko eta lehengoratzeko neurri egokiak aplikatuko dira, ebazpen honen D.11 bigarren apartatuan ezarritako ingurumen-aholkularitzak txostena egin ondoren.

D.1.4.– Ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpidea izango da kontuan kontratistaren instalazio-eremuak proiektatzeko, eta halaber aintzat hartuko dira obrako materialak eta landare-lurrak behin-behinean biltegiratzeko eremua eta obran sortutako tipologia desberdineko hondakinak kudeatzeko eremua. Igerain errekatik ahalik urrutien jarri beharko dira, errekan behera Ińurritzako KBE ES2120009-raino kutsadura zabaltzeko arriskua ekiditeko.

Kontratistak berak egokitu beharko ditu bere instalazio-eremuak, bertan gauzatuko diren jardueren ondoriozko ingurumen-inpaktuak arras txikiagotzeko.

Era berean, obrak hasi aurretik, xehetasuneko kartografia bidez zehatz-mehatz mugatuko dira gune horiek guztiak, eta kontratistaren instalazio-eremuen ezaugarriak zehaztuko dira. Obraren Zuzendaritzak onartuko ditu aurreko horiek, ebazpen honen bigarren apartatuko D.11 puntuan aipatutako ingurumen-aholkularitzak txostena egin ondoren. Ebazpen honen bigarren apartatuko D.12 puntuko lan-programan zehaztu beharko dira instalazio horien ezaugarri eta kokapen zehatzak.

D.1.5.– Cortaderia selloana, Fallopia japonica edo antzeko landare inbaditzaileak ez zabaltzeko ekintzak burutuko dira. Ildo horretan, bereziki kontrolatuko da landare-estalkia lehengoratzeko lurren jatorria, eta, ahal dela, ez da erabiliko horrelako espezieek kutsatu ahal izan duten lurrik.

D.1.6.– Obra-faseak iraun bitartean, estuarioko ekosisteman gerta daitezkeen kalteak saihesteko edo ahal den guztia murrizteko beharrezkoak diren neurriak hartuko dira. Errekaren ubidean gaur egungo arrasa gordeko da itsasaldien eragina ez aldatzeko, eta obrak egikaritzen diren artean lurzorua eta estuariora doazen lurpeko urak kutsatzea ekiditeko, ebazpen honetan ezarritako prebentzio-neurri guztiak bete beharko dira.

D.2.– Ibai-ekosistema lehengoratzeko neurriak.

Ur-gaietan eskumena duen organoak ezarriko duenari kalterik egin gabe, jabari hidrauliko publikoan eta horren zortasun- eta polizia-guneetan eragina duten obretarako, babes- eta zuzenketa-neurri hauek hartu beharko dira:

D.2.1.– Errekaren ibilgu berria eraikitzean, ibaibide irregularra osatuko da, iragazketaren ondorioz ur-geruza galtzea eragozteko; eta haren diseinuak ahalbidetuko du uda-garaian ura kontzentratzea, eta uretako fauna eta florarentzat hainbat mikrohabitat sortzea. Halaber, hondo kizkurra eta irregularra sorraraziko da ibaibidean, ibaietako faunaren espezie bereizgarriak pasatzen uzteko. Edonola ere, erreka beraren zati horri dagokion granulometria hartzen saiatuz lehengoratuko da ibilgu berriaren ibaibidea.

D.2.2.– Ibilgu berriaren alboetako ezpondak ahalik eta eraketa naturalenarekin diseinatuko dira luzera osoan. Horren ondorioz, ahal den guztian ezponda horietan ez da jarriko harri-lubetazko edo hormigoizko babes artifizial zurrunik, eta, behar izanez gero, bioingeniaritzako konponbideak ezarriko dira.

D.2.3.– Ibilguaren ertzen diseinuak aukera eman behar du landare-zerrenda jarraitu bat egoki jartzeko, bai belarrezkoa eta bai zuhaixka eta zuhaitzezkoa, errekastoaren funtzio ekologikoari eusteko beharrezkoa da eta.

D.2.4.– Errekastoen igarobideko zortasun-guneek, bai lotuneko ibilgu-zati berrian bai ibaian behera proiektuko lursailaren azpian dagoen zatian, ahalik eta egoerarik naturalenean geratu beharko dute, betelanik, itxiturarik eta beren funtzioa oztopatuko duen bestelako okupaziorik gabe.

D.3.– Ura eta lurzorua babesteko neurriak.

Ezarri daitezkeen prozeduren esparruan uren arloko organo eskudunak egoera honetan ezarriko dituen baldintzez gain, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ere hartu beharko dira obra-fasean:

D.3.1.– Obraren makina-parkearentzat bereizitako azalera eta horren mantentze-eremua drainatze naturaleko saretik isolatuko da. Zola iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistema bat izango ditu, olioek eta erregaiek lurzorua eta ura ez kutsatzeko. Erregaien zamalanak, olio-aldaketak eta tailerreko jarduerak ezin izango dira horretarako adierazitako eremuetatik kanpo egin.

Ebazpen honen bigarren apartatuko D.12 puntuan aipatzen den dokumentazioan jasoko dira elementu horien ezaugarriak, kokaleku zehatza eta neurriak.

D.3.2.– Berariaz debekatuta egongo da makinak konpontzea edo makinei olioa aldatzea, zeregin horretarako berariaz ezarritako eremuetatik kanpora. Obrak egiten ari diren inguruan ez badago azpiegitura egokirik zeregin horietarako, berariazko gune bat egokitu beharko da lan horiek egiteko. Esparru hori mugatuta egongo da, eta zorua iragazgaiztu egin beharko da; era berean, efluenteak jasotzeko sistema bat izango du, zorua eta urak kutsatzea ekiditeko.

D.3.3.– Obra-fasean, ahalik eta material xehe gutxien isuriko da drainatze-sarera. Horretarako, urak bideratzeko gailuak eta sedimentuak atzitzeko sistemak proiektatu eta gauzatuko dira, eta horietan bilduko dira obren ondorioz kutsatutako urak.

Gailu horien neurria zehazteko kalkulu hidraulikoak egingo dira, solidoei ongi eusten dietela bermatzeko, eta, dagokionean, gune jakin batean isurtzen dela bermatzeko, betiere uraren parametro fisiko-kimikoak indarrean dagoen araudiaren araberakoak direla ziurtatuz.

Sistema horien ezaugarriak, kokaleku zehatza eta neurriak ebazpen honen bigarren apartatuko D.12 puntuan aipatzen den lan-programan jasoko dira, eta berau aldatu egingo da obrak aurrera egin ahala aipatu gailu horien kokapenaren aldaketak programatzen direnean.

Hormigoi-upelak berariaz horretarako egokitutako eremuetan garbituko dira. Hormigoi-garbiketako emultsioak ezingo dira, inola ere, ibilgura isuri. Hormigoi-hondakinak ebazpen honen bigarren apartatuaren D.7 puntuan ezartzen diren baldintzen arabera kudeatu beharko dira.

D.3.4.– Dekantazio-putzuen mantentze-lanak eta aldizkako garbiketa egin beharko da; metatutako lohiak aldizka hustuko dira, tratamendu-sistemaren funtzionamenduaren errendimendu optimoa bermatzeko.

D.3.5.– Ez da lur-mugimendurik, hondea-lanik edo zulaketarik egingo lurpeko urak kutsatuta daudela kausitu den guneetan, deskontaminazio-lanak burutu eta obren jarduketen ondorioz lurpeko uretara kutsadura-transferentziarik ez dela gertatuko bermatzen den arte.

D.4.– Lurzoruaren kalitatea aurreikusitako erabilerekin bateragarria dela bermatzeko neurriak.

D.4.1.– Lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioari buruzko irailaren 30eko 165/2008 Dekretuak barne hartzen dituen zenbait lekutan garatzen da proiektua.

Horren harira, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeari buruzko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 23. artikuluan xedatzen duena betez, arau horretan adierazitako egoeraren bat gertatzen bada, ingurumen-organoak ebazpen bidez lurzoruaren kalitatea adierazi beharko du, aipatutako ekainaren 25eko 4/2015 Legean araututako prozedurari jarraikiz.

Lurzorua kutsa dezaketen jarduera edo instalazio bat izan zuten eta gaur egun aktibitaterik gabe dauden lurrak mugitzeko jarduketak aurreko artikuluan adierazitakoan barne daude, eta, horrenbestez, lurzoruaren kalitateari buruzko adierazpenaren mendean geratzen dira. Era berean, EAEko ingurumen-organoak aurrez onartu beharko du hondeaketa selektiborako plan bat lurzoruaren kalitateari buruzko adierazpenaren prozeduraren esparruan, aipatutako ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 23. artikuluan jasotakoa betez.

Ildo horretan, sustatzaileak emandako informazioaren arabera, lurzorua kutsa dezaketen jarduera edo instalazio bat izan zuten lurzoruen inbentarioan izendatuta dauden proiektuaren esparruko lurzoru guztiak zehazki ikertzen ari dira, dagokien lurzoruaren kalitateari buruzko adierazpena eskuratzeko, eta izapidetzearen une desberdinetan daude.

Aurrekoarekin lotuta, urbanizazio-obrak, eta haien artean indusketa-lanak, hondea-lan selektiboen plangintzari men eginez eta lurzoruaren kalitateari buruzko prozedura horretan ezarritako baldintzetan egingo dira, aipatutako lurzorua aurreikusitako erabilerekin bateragarria dela bermatzeko. Halaber, lurzoruaren kalitateari buruzko ebazpen horretan ezartzen diren erabilera-mugak beteko dira. Hein horretan, gogorarazten da aipatu ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 31.4 artikuluan xedatzen duena, han esaten baita lurzoruaren kalitatearen deklarazioa Hirigintzako Ekintzen Programari hasierako onespena eman aurretik egin beharko dela; edo, halakorik ezean, lekua barne hartzen duen kudeaketa-esparruko birpartzelazio eta urbanizazio-proiektuei hasierako onespena eman aurretik.

Sobera geratutako lurzoruaren kalitatea eremu horietarako aurreikusitako erabilerekin bateragarria dela bermatu beharko da une oro.

D.4.2.– Arestian esandakoari kalterik egin gabe, obrek dirauten bitartean lurra kutsatzen duten jarduerak edo instalazioak izan dituen beste lekurik aurkitzen bada, edo lurzorua kutsatzen duten gaien zantzu garbirik izanez gero, kasu horietarako ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritakoa beteko da.

D.5.– Kutsadura atmosferikoa prebenitzeko eta hautsa aireratzea murrizteko neurriak.

D.5.1.– Lanek dirauten artean, zorrotz kontrolatuko dira ibilgailuak iragan ondoko garbiketa-lanak, bai egin beharreko jardunaren eraginpeko ingurunean, bai jardun-eremuetara sartzeko guneetan. Sistema bat eduki beharko da aldi baterako hutsik dauden pistak eta inguruak ureztatzeko.

D.5.2.– Obra-guneko irteeran, ibilgailuak garbitzeko gailuak jarriko dituzte, solidoak biltzeko sistema bati konektatuta, aurkeztutako dokumentazioan adierazi bezala. Gailuok egoera onean mantenduko dira obra-faseak dirauen artean.

Ebazpen honen bigarren apartatuko D.12 puntuan zehaztutako dokumentazioan adierazi beharko dira aipatutako elementuen ezaugarriak, kokapen zehatza eta neurriak.

D.5.3.– Hezetasun-baldintza egokietan garraiatuko da hondeaketa-materiala, hain zuzen, zama estaltzeko gailuak dituzten ibilgailuetan, lohi eta partikularik ez barreiatzeko.

D.5.4.– Materialak eta ekarkinak aldi baterako metatzeko zonaldeak bizitoki diren eraikinetatik urruti kokatuko dira.

D.6.– Zarataren eta bibrazioen ondorioak gutxitzeko neurriak.

D.6.1.– Obra-faseak dirauen artean, ingurumen-inpaktuaren azterketan zehaztutako neurri babesleak ezarri beharko dira, honako gai hauei dagokienez: obretako makinen mantentze orokorrari, zarata eta bibrazioak jatorrian murrizteari, zarata egiten den ordu-kopurua murrizteari, obretan erabilitako tresnak egiten duten zarata kontrolatzeari, eta abar.

D.6.2.– Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonifikazio akustiko, kalitate-helburu eta igorpen akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-igorpenei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-igorpenak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.

D.6.3.– Beste aldetik, proiektua garatzerakoan, eraginpeko eremuan, obrek sorrarazitako zaratarengatik ez dira gaindituko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritako kalitate akustikoaren helburuak, baina hori guztia dekretu horren 35.bis artikuluan aurreikusitakoari kalterik eragin gabe.

D.7.– Hondakinak kudeatzeko neurriak.

D.7.1.– Hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean araututako moduan eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutako moduan kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketakoak, obra-lantegiak prestatzeko jarduketetatik eratorritakoak, bilgarriak, eta errefuseko nahiz garbiketa-kanpainetako materialak.

Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinen sorreran prebentzioa sustatu behar da, edo, hala badagokio, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta baliarazteko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne. Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: haiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik bideraezina dela behar bezala frogatzen bada.

Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; beraz, hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak ekiditeko.

D.7.2.– Eraikitze- eta eraispen-jardueren ondorioz sortutako hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan aurreikusitakoa betez kudeatuko dira.

Aipatutako ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuaren 4. artikuluan dioenaren arabera, proiektuaren sustatzaileak gehitu beharko dio eraikitze-proiektuari hondakinen eta eraikitze- eta eraispen-materialen kudeaketa-azterketa bat, zeinak dekretu horren I. eranskinean ezarritako gutxieneko edukia izan beharko baitu.

Halaber, otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan aurreikusitako eskakizunak betetzeaz gainera, kontratistak plan bat prestatuko du, eta, han, azalduko du nola beteko dituen obrako eraikuntza- eta eraispen-lanetan sortzen diren hondakinekiko eta materialekiko betebeharrak. Ebazpen honen bigarren apartatuko D.12 puntuan aipatzen den lan-programan txertatuko da plan hori.

D.7.3.– Zabortegira bidali beharreko hondakinak Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea arautzen duen abenduaren 27ko 1481/2001 Errege Dekretuan eta Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea eta betegarriak egikaritzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan xedatutakoaren arabera ere kudeatuko dira.

Jarduerako soberakinak betelanak egiteko erabiltzen badira, aipatutako otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritako baldintzak bete beharko dira.

Betelanak jalkitzeko, kutsatzaile-edukia A ebaluazioko balio adierazleetan (EBA-A) ezarritako baloreen azpitik duten materialak bakarrik baimenduko dira.Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen III. eranskinean jasotzen ditu adierazle horiek.

D.7.4.– Obren hondea-lanetako soberakinei dagokienez (kutsatu gabeko lurzoruak eta obretan hondeatutako material naturalak), betelanetara edo jatorri-obretatik kanpoko beste obra batzuetara zuzentzen badira, Hondeatutako material naturalak betelanetan eta jatorri-obretatik kanpoko beste obra batzuetan erabiltzeko balorizazio-arau orokorrei buruzko urriaren 10eko APM/1007/2017 Agindua aplikatuko da, Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 28. artikuluan jasotako aurreikuspenak aplikatuz.

Obrak amaitzean, proiektuaren sustatzaileak Ingurumen Sailburuordetzari lurren mugimenduen balantze zehatza eta hondeaketa-soberakinen jarraipena igorri beharko dizkio, alegia, erauzi ez ziren leku edo obretan eraikuntzarako zuzendutako kopuruak eta ezaugarriak ondo adierazi beharko dira.

D.7.5.– Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak independenteak izango dira, baldin eta, tipologia dela-eta, isurketaren baten ondorioz nahastuz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Halaber, Hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Legea betearazteko Erregelamendua onartzen duen uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte, eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

Aipatutako ontziak edo bilgarriak argi eta modu irakurgarri eta ezabaezinean etiketatu beharko dira, baita indarreko araudiaren arabera ere.

D.7.6.– Sortutako olio erabilia, Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan xedatuari jarraituz kudeatu beharko da.

Olio erabiliak, baimendutako kudeatzaile bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihesei eta isuriei eusteko sistemen barruan.

D.7.7.– Araudi hori betetzea errazagoa izan dadin, lanen ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistemok, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, erregaiak eta produktuak biltegiratzearen, makinen mantentze-lanak egitearen edo hondakinak erretzearen ondorioz ez dira inolaz ere kontrolik gabeko efluenteak sortuko.

Aurrekoaren haritik, eremu jakin bat egokituko da aldi batean hondakin arriskutsuak pilatzeko; hala nola, olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar; gainera, hondakin geldoak biltzeko berariazko edukiontziak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita.

D.7.8.– Obretan sortutako hondakinen ingurumen-jarraipenari buruzko txosten osoa egin beharko da, eta indarreko legerian jasotako identifikazio-dokumentuak eta tratamendu-kontratuak txosten horretan sartu beharko dira.

D.8.– Natura-ondarea babesteko neurriak.

Urbanizazio-proiektu hau egikaritzeko egin behar izaten den edozein jarduketa gauzatzeko orduan, aintzat hartu beharko dira Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzak 2018ko abuztuaren 14an egindako txostenak jasotzen dituzten irizpideak; bertan aipatzen da Zarauzko hirigune urbanizatuko beste zonalde batzuetan sakonera handi samarreko sedimentu-testuinguruetan aurkitu ohi izan direla aurri arkeologikoak, espezializaziorik gabeko langileek nekez identifikatu ditzaketenak. Txosten horri dagokionez, honako prebentzio-neurri hauek erantsiko dira ondare arkeologikoa babeste aldera:

D.8.1.– Eraginpean dauden lursailen tasun arkeologikoaren mapa osatzeko, arkeologoek eta paleogeografiako espezialistek aztertuko dute sedimentuaren konposaketa, zundaketa mekanikoen bitartez lekuko jarraitua ateraz edo eraikuntza-proiektuen testuinguruan egiten diren bestelako zundaketak aprobetxatuz.

D.8.2.– Lekukoetan kausituko balira hondakin biogenikoak (landare- edo fauna-makrohondakinak), edo jatorri antropikoko artefaktu litikoak edo beste izaera batekoak, zundaketa arkeologikoak egingo dira Gipuzkoako Foru Aldundiaren arauzko baimenarekin.

D.8.3.– Zundaketa horietan hondakin arkeologikoak edota paleontologikoak agertuko balira, Gipuzkoako Foru Aldundiari jakinaraziko zaio, urbanizazio-proiektuan jasotako neurri zuzentzaileetan aurreikusita dagoen eran, organo horrek erabaki dezan zer jarduketa egin behar diren kasu horietan Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legean eta Euskal Autonomia Erkidegoko esparruan aurkitutako interes arkeologikoa edo paleontologikoa duten ondasunak garraiatu, entregatu eta gordailuan uzteko baldintzei buruzko urriaren 9ko 341/1999 Dekretuan dioenari men eginez.

D.9.– Obrak integratzeko eta lehengoratzeko neurriak.

D.9.1.– Obraren eraginpeko eremu guztietan egingo dira obraren paisaia-integraziorako lanak, baita kontratistaren instalazio-eremuetan edo bestelako eremuetan ere, baldin eta, ingurumen-inpaktuaren azterketan agertu ez arren, proiektuaren ondorioz kaltetu badira. Ingurumen-lehengoratzean barne hartuko dira lurraren berroneratze geomorfologikoa eta edafikoa, bai eta lorategi-elementuen birjarpena ere.

D.9.2.– Lurrak mugitzerakoan, landare-lur gozoa kendu eta bereizita pilatuko da, obrek eragindako inguruen lehengoratze- eta landareztatze-lanak erraztearren.

D.9.3.– Landare inbaditzaileak ez zabaltzeko ekintzak burutuko dira. Ildo horretan, bereziki kontrolatuko da landare-estalkia lehengoratzeko lurren jatorria, eta, ahal dela, ez da erabiliko horrelako espezieek kutsatu ahal izan duten lurrik.

D.9.4.– Lehengoratzea egin eta ondorengo bi urteetan mantentze-lanak egingo dira: jorraketak, ongarritzeak eta ureztatzeak egin eta hutsarteak beteko dira.

D.10.– Obraren garbiketa eta akabera.

Obrak burutu ondoren, garbiketa-kanpaina zorrotz bat egingo da, eta proiektuaren eraginpeko eremua obrako hondakinik batere gabe utzi beharko da. Egin daitezkeen errausketatik, kofratuak kentzetik, edo, oro har, edozein garbiketa-jardueratatik eratorritako hondakinak eremutik kendu egingo dira, eta ebazpen honen bigarren apartatuko D.7 puntuan xedatuari jarraikiz kudeatuko dira.

D.11.– Ingurumen arloko aholkularitza.

Obrak amaitu arte eta obra horren bermeak dirauen arte, ingurumen gaietan, kultura-ondarearen zaintzan eta babes- eta zuzenketa-neurrietan, aholkularitza gaitua eduki beharko du Obra Zuzendaritzak, ingurumen-inpaktuaren azterlanaren zehaztapenen arabera. Baldintza-pleguak gai horiei buruz esleitzen dizkion funtzioen alorrean Obra Zuzendaritzak hartu beharreko erabakiek, aipatu aholkularitzak egindako txostena izan beharko dute aldez aurretik.

D.12.– Lan-programa diseinatzea.

Obrak hasi aurretik, jarraian datozen idatzi-zatietan azaltzen diren gaiei buruzko jarduera-proposamen zehaztuak egin beharko du kontratistak. Lanak egiteko programari erantsiko zaizkio proposamen horiek, eta Obren zuzendariak berariaz onartu beharko ditu; aurrez, txosten bat egin beharko du aurreko idatzi-zatian aipatutako ingurumen-aholkularitzak. Dokumentu hauek barne hartuko ditu aipatutako programak:

– Makineriaren parkearen, eta obrako materialen eta lurren eta hondakinen aldi baterako biltegiratzerako eremuen kokapenari eta ezaugarriei buruzko xehetasunak, obra egikaritzeko fase desberdinetarako.

– Urak bideratzeko eta sedimentuei eusteko aurreikusitako sare eta sistemen kokapenari, ezaugarriei eta neurriei buruzko xehetasunak.

– Kamioien gurpilak garbitzeko gailuen kokapena eta ezaugarriak.

– Obretako eraikuntza- eta eraispen-lanetan sor daitezkeen hondakinak nola kudeatuko diren azaltzen duen plana, Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen duen otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuaren 5.1 artikuluan xedatuari eta Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuaren 7. artikuluan xedatuari men eginez.

E) Ingurumena Zaintzeko Programa.

Sustatzaileak proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoaren arabera gauzatuko da ingurumena zaintzeko programa, eta ondoren zehaztuko diren beste kontrol hauek ere erantsi behar zaizkio.

Programa horrek obra kontratatzeko baldintza-pleguetan barne hartuta egon behar du, eta bete ahal izatea bermatuko duen aurrekontuaz hornituko da.

E.1.– Gorabeheren erregistroa.

Obrak egin ahala sortutako gorabeheren erregistroa egin beharko da, bai eta babes- eta zuzenketa-neurriak noraino bete diren jasotzeko erregistroa ere. Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzaren eskura egongo da erregistroa, hark ikuskatzeko, eta, nolanahi ere, lanak amaitutakoan, hari bidaliko zaio. Proiektua gauzatzean aldaketarik egiten bada, aldaketa horiek xehetasunez adierazi beharko dira. Ingurumenean duten eraginaren ikuspegitik justifikatu beharko dira aipatutako aldaketak.

E.2.– Lanek okupatzen dituzten mugak kontrolatzea.

Egindako okupazioa proiektuko aurreikuspenekin bat datorrela egiaztatuko da; obrek ez dute hartuko aurrez ikusitako azalera baino eremu handiagoa.

E.3.– Uren kalitatearen kontrola.

E.3.1.– Oro har, ingurumen urtarrera isurketak egin ditzakeen obra-lantegirik izanez gero, bigarren apartatuko D.11 puntuan aurreikusitako ingurumen-aholkularitzak egiaztapena egingo du, isuri aurretik urak bideratu, drainatu eta eusteko gailuak ondo dabiltzala ziurtatze aldera, ibilgura, euriteetan batez ere, material xeheak isuri diren jazoerarik izan ote den aztertuz.

Sistema horien funtzionamendua eraginkorra ez dela ikusiko balitz, beharrezkoak diren neurriak hartuko dira, kaltea sortzen duten obra-lantegietan lanak aldi baterako gelditzea barne, material esekiz betetako urak lur gaineko ur-ibilguetara irits ez daitezen.

E.3.2.– Zaintza Programak Zarauzko akuiferoko ur-bilketetan (hondartzako dutxen gunean) aldizkako kontrolak eta analisiak ere barne hartuko ditu, obrek irauten duten aldian kutsatu egiten direla ekiditeko, eta urbanizazio-obrak amaitu ondoren ere 6 hilabetez luzatuko dira horiek.

E.4.– Lehengoratzearen arrakastaren kontrola.

Berme-aldian, aldizkako jarraipena egingo zaio proiektuak eragindako azaleren lehengoratzeak izan duen arrakasta-mailari.

E.5.– Ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina.

Ingurumena zaintzeko programaren dokumentu bateratua egin beharko du sustatzaileak, eta bertan bilduko dira ingurumen-inpaktuaren azterlanean proposatutako betebeharrak eta ebazpen honetan jasotakoak.

Kontrolatuko diren parametroak eta parametro bakoitzerako erreferentziako balioak zehaztuko dira programa horretan, bai eta beste hauek ere: laginketarako eta analisirako metodologia; kontrol-puntuak non dauden kokatuta xehetasunezko kartografian; kontrol horien maiztasuna, eta guztia gauzatzeko aurrekontuaren xehetasunak.

E.6.– Ingurumena zaintzeko programaren emaitzak bidaltzea.

Ingurumena zaintzeko programaren barruko txosten eta analisien emaitzak behar bezala erregistratu, eta Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzari bidaliko zaizkio. Ingurumena Zaintzeko programaren emaitzak urtean behin bidaliko dira, ingurumenean aditua den erakunde batek egindako txostenarekin batera. Aipatutako txostenean emaitzen analisia jasoko da, eta aipamen berezia egingo zaie epe horretan izandako gertakari nagusiei, baita haien kausa eta konponbide posibleei ere.

Kasuan-kasuan aplikatu beharreko araudia betetzeaz gain, proiektuaren sustatzaileak datuak euskarri egoki batean bilduko ditu, bi urtez gutxienez, eta administrazio publikoetako ikuskaritza-zerbitzuen eskura edukiko ditu.

F) Baldin eta araudi berria indarrean jartzeak edo barneratzen diren sistemen egiturari eta funtzionamenduari buruzko ezagutza berri esanguratsuetara egokitu beharrak hala egitea gomendatzen badute, neurri babesle zein zuzentzaileak eta Ingurumena Zaintzeko Programa aldatu ahal izango dira, bai neurtu behar diren parametroen kasuan, bai neurketaren aldizkakotasuna eta aipatutako parametroek hartu behar duten tarteari dagozkion mugen kasuan. Ingurumen-organoak, era berean, erabaki dezake babes- eta zuzenketa-neurriak eta ingurumena zaintzeko programa aldatzea, jardueraren sustatzaileak hala eskatuta, edo ofizioz. Hori guztia, ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzetan oinarrituta, edo egiaztatzen bada babes-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurriak ez direla nahikoa ingurumen-inpaktuei aurre egiteko.

G) Ebazpen honen aurreko apartatuetan ezarritakoa alde batera utzi gabe, jarraian aipatzen diren agiriak helarazi beharko zaizkio ingurumen-organo honi, espedientean sar ditzan.

Agiri horiek Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzara bidali beharko ditu organo substantiboak oniritzia eman ondoren, proiektuaren sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioarekin batera.

G.1.– Obrak hasi baino lehen, ingurumena zaintzeko programaren testu bateratua.

G.2.– Obrak amaitu eta bi hileko epea igaro baino lehen, obrak amaitzen direnean hasita, hondeaketa-soberakinen eta hondakinen ingurumen-jarraipenari dagozkion txostenak, ebazpen honen bigarren apartatuko D.7 puntuan adierazitakoaren arabera.

G.3.– Obrak amaitu eta bi hileko epea igaro baino lehen, obrak bukatzen direnean hasita, obrak garatu bitartean sortutako gorabeheren erregistroa, babes- eta zuzenketa-neurriak noraino bete diren jasoko duena, ebazpen honen bigarren apartatuko E.1 puntuan aurreikusitakoaren arabera.

Hirugarrena.– Lau urteko epea ezartzen da proiektua egikaritzen hasteko; ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik hasiko da epea. Epe hori igaro eta artean ez bada hasi proiektua egikaritzen, ingurumen-inpaktuaren adierazpen honi amaitu egingo zaio iraunaldia eta dagozkion ondorioak sortzeari utzi egingo dio. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko izapidea, aipatu epea luzatzea adosten ez bada behintzat. Hori guztia, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen 47.8 artikuluan eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 43. artikuluan ezarritakoari men eginez.

Laugarrena.– Aurreko paragrafoan xedatutakoaren ondorioetarako, proiektuaren sustatzaileak ingurumen-organoari jakinarazi beharko dio, aldez aurretik, noiz hasiko den proiektua gauzatzen.

Bosgarrena.– Ebazpen honen edukia Zarauzko Udalari jakinaraztea.

Seigarrena.– Ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko uztailaren 11.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

IVAN PEDREIRA LANCHAS.


Azterketa dokumentala