146. zk., 2019ko abuztuaren 2a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (283 KB - 4 orri.)
- EPUB (224 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
3729
EBAZPENA, 2019ko ekainaren 18koa, Ingurumenaren Administrazioko zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita 31.3 «Sarrikobaso» exekuzio-unitatearen eta Sarrikobaso kaleko 19. zenbakiaren Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketa puntualaren ingurumen-txosten estrategikoa. Aldaketaren xedea da Getxon banaketa-eremu berri bat sortzea (56. zk.: Kate).
AURREKARIAK
2018ko abenduaren 27an, Getxoko Udalak 31.3 «Sarrikobaso» exekuzio-unitatearen eta Sarrikobaso kaleko 19. zenbakiaren Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketa puntualaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua hasteko eskaera egin zuen, Getxon banaketa-eremu berri bat sortzeko (56. zk.: Kate). Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan eskatutako edukia zutela. Gainera, ingurumen-dokumentu estrategikoan, dokumentu hori landu duten pertsonak aipatzen dira, sinatuta dago eta amaiera-data dauka.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluak xedatutakoa betetzeko, 2018ko ekainaren 24an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak zenbait erakunderi eskatu zien egoki ikusten zituzten oharrak egiteko, ohar horiek oinarritzat hartuta, ingurumen-organo horrek ingurumen-txosten estrategikoa egin zezan. Zehazki, honako erakunde hauei egin zitzaien kontsulta: Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritza eta Adikzioen eta Osasun Publikoaren Zuzendaritza; Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritza, Bizkaiko Garraioaren Partzuergoa; Bizkaiko Ekologistak Martxan; Eguzkizaleak elkartea; Getxoko Biologoen eta ekologisten elkartea eta Ingurune osasungarrien elkartea.
Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri egon zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdunek egoki ikusten zituzten ingurumen-arloko oharrak egin zitzaten.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Zuzendaritzaren txostenak jaso dira, eta espedientean bertan txertatu da haien emaitza.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen planen, programen eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.
Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela ingurumenaren gaineko eraginen analisia, betiere, aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren planak eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo planen nahiz programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako. Kasu horietako bat da 31.3 «Sarrikobaso» exekuzio-unitatearen eta Sarrikobaso kaleko 19. zenbakiaren Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketa puntuala, Getxon banaketa-eremu berri bat sortzeko (56. zk.: Kate).
Aztertuta geratu dira planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak eta dokumentazio teknikoa, eta kontuan hartu da ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdiekin bat datorrela. Horrenbestez, txosten horiek aintzat hartuta, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak –ingurumen-arloko organo eskuduna den aldetik, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen eta Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera– judizio-elementu nahikoa dauka, eta, beraz, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du, zeinak planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten eta plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jasotzen baitu, baita sartu behar diren azken oharrak ere, soilik ingurumen-arlokoak.
Hauek guztiak aztertu dira: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babestekoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzkoa, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Ingurumen-txostena egitea, honen gainean: 31.3 «Sarrikobaso» exekuzio-unitatearen eta Sarrikobaso kaleko 19. zenbakiaren Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketa puntuala, Getxon banaketa-eremu berri bat sortzeko (56. zk.: Kate). Txostena termino hauetan egingo da:
A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.
Indarrean dagoen Getxoko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren arabera (HAPO), «31.3 Sarrikobaso» exekuzio-unitatea hiri-lurzoru finkatugabea da; Getxoko Sarrikobaso kaleko 7., 9., 11. eta 17. zenbakietako higiezinei elkartutako lursailez osatuta dago eta 19. zenbakiko lursailen zati txiki batez. Plan orokorrak hiri-berroneratze eta -birgaikuntzako eragiketa bat aurreikusten du, eremu horretako eraikinak kontserbazio-egoera txarrean daudenez.
Aldaketaren (aurrerantzean, plana) xedea da antolamendu xehatua aldatzea, 56. zk. – Katea banaketa-eremu berria sortzeko, Sarrikobaso kaleko 19. zenbakiko lursailak 31.3 unitatean sartuta. Eremuaren azalera 2.115 m2-koa izatetik 2.420,30 m2-koa izatera igaroko da, bi lurzatitan banatuta, A eta B.
Indarrean dagoen HAPOak etxebizitza kolektibo librearen eta aldi baterako aparkaleku pribatuaren erabilerak aurreikusten ditu. Aldaketarekin, aparkalekua kenduko da, eta etxebizitza kolektibo librearen, babes ofizialeko etxebizitzaren eta araubide orokor eta sustapen publikoko udal-etxebizitza tasatuaren erabilerak izango ditu. Sestra gaineko eraikigarritasuna aldatu egingo da, 5.785,00 m2-tik 5.566,69 m2-ra. Eraikinaren profila ez da izango BS+4, BS+5 baizik. Etxebizitza kopurua honela aldatuko da: 10 etxebizitza libre egotetik 36 bat etxebizitza libre, 14 babes ofizialeko etxebizitza eta 14 etxebizitza tasatu egotera; alegia, 54 etxebizitza gehiago egongo dira.
A lurzatian (azalera: 1.737,03 m2), etxebizitza kolektibo libreko bloke bat eraikiko da. B lurzatian (azalera: 683,27 m2), udal-etxebizitza kolektibo tasatuak eta babes ofizialeko eta araubide orokorreko etxebizitza kolektibokoak izango ditu blokeak, erdi eta erdi.
B) Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duenetz zehazteko.
1.– Planaren ezaugarriak.
Planak ez du barne hartzen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egin behar zaion proiekturik. Ingurumen-alderdiak txertatzeko egokia da, Getxoko alde zaharreko eremu degradatu bat berroneratzea duenez xede. Getxoko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrari dagokionez Planak sartzen dituen aldaketek ez dakarte berekin garapen berrietara bideratutako azalera handitzea, ez eta haren ondorio posibleak handitzea ere, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, natura-ondareari, kultura-ondareari, paisaiari, kutsadura akustikoari eta urei dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira planaren esku-hartze eta jarduerak.
2.– Ondorioen eta eragina jasan lezakeen eremuaren ezaugarriak.
Planaren eremua Getxoko hirigunean dago: iparraldean, Metroaren linearekin egiten du muga, trenbidea Algortako lurpeko geltokitik lurgainera ateratzen den lekuan; hegoaldean, Sarrikobaso kalearekin.
Eremuan ez dago ingurumen-balio eta -arrisku aipagarri bat ere. Lurpeko eta lur gaineko urek ere ez dute eraginik nozituko.
Inpaktu nagusiak obra-fasean gertatuko dira, eraispen- eta eraikuntza-faseetan sortuko diren hondakinengatik (geldoak, hiri-hondakinen parekoak –obra-langileek sortuak– eta hondakin arriskutsuak). Egoki kudeatzen ez badira, ingurunea kaltetu dezakete.
Behin garapen berria gauzatuta, inpaktu nagusia bi iturrik –lurzatietatik hurbil dagoen Bilboko Metroaren lineak eta Sarrikobaso kaleko zirkulazioak– sortutako zaratak eta bibrazioak izango dira. Inpaktu akustikoaren azterlanaren arabera (AAC Centro de Acústica Aplicada, 2018ko abendua), etxebizitza erabilerako garapen berrietan oso nabarmen gainditzen dira kalitate akustikoaren helburuak (EAEko kutsadura akustikoari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan zehazten direnak) ordu-tarte guztietan, batik bat, Bilboko Metroaren lineara begira dauden fatxadetan. Azterlan akustikoan proposatzen diren neurri zuzentzaileak, esaterako, trenaren lurpeko zatia luzatzea, metroaren linearen eta eraikinen artean 4 metroko pantaila akustikoak ipintzea eta Sarrikobaso kalean abiadura 30 km/h-ra mugatzea, ez dira teknikoki eta ekonomikoki proportzionalak, edo eraginkortasunik ez dute. Ondorioz, aipatu azterlanak neurri gehigarriak proposatzen ditu, eraikinen barnealdean kalitate akustikoaren helburuak betetzeko.
Bestalde, bibrazioen azterlanaren arabera (AAC Centro de Acústica Aplicada, 2018ko abendua), bi eraikinetako etxebizitzen barnealdean espero diren bibrazio-mailek ere barnealdean egon daitekeen gehieneko bibrazio-maila gainditzen dutela (aipatu 213/2012 Dekretuan ezartzen dena). Horrenbestez, bibrazioen aurkako elementuak ipini beharko dira eraikinetan, maila horiek jaisteko.
3.– Nolanahi ere, neurri babesle eta zuzentzaileak indarrean dagoen araudiaren arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurka ez doan guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta eremua antolatzen duten planetan jasotakoaren arabera.
Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen duenari jarraikiz, ezin izango dira gauzatu garapen berriak kanpoko ingurunean kalitate akustikoaren helburuak betetzen ez badira, hargatik eragotzi gabe dekretu horren 43. eta 45. artikuluetan xedatutakoa.
Bigarrena.– Zehaztea, ingurumen-txosten estrategikoko neurriak aplikatu eta kutsadura akustikoari buruz ingurumen-txosten estrategiko honetan xedatutakoa betez gero, ez dela aurreikusten 31.3 «Sarrikobaso» exekuzio-unitatearen eta Sarrikobaso kaleko 19. zenbakiaren Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketa puntualak, Getxon banaketa-eremu berri bat sortzekoak (56. zk.: Kate), ingurumenean kontrako eragin aipagarririk izango duenik. Horrenbestez, ez da ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik egin behar.
Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Getxoko Udalari.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarra galduko du eta berezko duen eragina izateari utziko dio, baldin eta, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko epean, onartzen ez bada 31.3 «Sarrikobaso» exekuzio-unitatearen eta Sarrikobaso kaleko 19. zenbakiaren Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketa puntuala, Getxon banaketa-eremu berri bat sortzekoa (56. zk.: Kate). Kasu horretan, berriro ere hasi beharko da planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko ekainaren 18a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
IVAN PEDREIRA LANCHAS.