Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

144. zk., 2019ko uztailaren 31, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
3667

AGINDUA, 2019ko uztailaren 18koa, Hezkuntzako sailburuarena, Abanto-Zierbenako udalerrian (Bizkaia) ikastetxe pribatu bat ireki eta jardunean jartzeko baimena ukatzeko dena.

M.ª del Mar Hernáez Olea andereak, «Fundación Osotu Lanbarri Fundazioa» elkartearen ordezkari gisa, abiarazitako espedientea aztertu da, zeinaren bidez baimena eskatzen den Abanto-Zierbenako udalerrian (Bizkaia) Lehen eta Bigarren Hezkuntzako Ikastetxe pribatu bat ireki eta martxan jartzeko.

GERTAKARIAK

Lehenengoa.– 2019ko maiatzaren 21ean M.ª del Mar Hernáez Olea andereak, «Fundación Osotu Lanbarri Fundazioa» elkartearen ordezkari gisa, baimena eskatu zuen Abanto-Zierbenako udalerrian (Bizkaia), Portuko Ama Birjina 34 kalean, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako Ikastetxe pribatu bat ireki eta martxan jartzeko. Esan bezala, baimena eskatu zen Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasketak irakatsi ahal izateko.

Bigarrena.– Bizkaiko Lurraldeko Delegazioaren Instalazio eta Mantentze-lanen arloko arduradunak txostena eman zuen. Horretan hurrengoak falta direla adierazten du: bigarren etapako dokumentazio teknikoa eta ikastetxe berriaren eraikina erabiltzeko bermea ematen duen titulu juridikoa.

Hirugarrena.– 2019ko maiatzaren 23an entitate-sustatzaileari aipatutako gabeziak jakinarazi zitzaizkion eta hamar eguneko epea eman zitzaion horiek zuzentzeko.

Laugarrena.– 2019ko maiatzaren 28an entitate-sustatzaileak, plano berriak eta eraikinaren lagapen-kontratua aurkeztu zituen. Bestalde, baimen-eskaera aldatzen du, bakarrik Lehen Hezkuntzako ikasketak irakatsi ahal izateko.

Bosgarrena.– «Imaginatu Hezkuntza Garapena, S.L.» eta «Fundación Osotu Lanbarri Fundazioa» entitateen arteko lagapen-kontratu pribatuak 2019ko ekainaren 30era arteko indarraldia zuen. Beraz, aurkeztutako dokumentazioaren arabera, ikastetxe berriak ez du 2019-2020 ikasturterako instalaziorik.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Espediente honetan honako arau hauek dira aplikagarriak:

Uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoa, Hezkuntzarako Eskubidea arautzen duena (uztailaren 4ko BOE).

Apirilaren 3ko 332/1992 Errege Dekretua, araubide orokorreko unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzak eskaintzeko baimenak ikastetxe pribatuei emateari buruzkoa (apirilaren 9ko BOE). Errege Dekretu hori otsailaren 12ko 131/2010 Errege Dekretuak aldatzen du (martxoaren 12ko BOE).

Otsailaren 12ko 132/2010 Errege Dekretua, Haur Hezkuntzako bigarren zikloko, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeek bete behar dituzten gutxieneko baldintzak ezartzen dituena (martxoaren 12ko BOE).

Bigarrena.– 8/1985 Lege Organikoaren 23. artikuluak ezartzen du ikastetxe pribatuen irekiera eta jardunbidea administrazio-baimenaren printzipioaren mende egongo direla, eta administrazio-baimen hori emateko, indarreko araudian ezarritako gutxieneko baldintzak bete beharko direla. Bestalde, 14. artikuluan ezartzen du baldintza horiek erreferentzia egiten dietela, besteak beste, irakaskuntza instalazioei. «Fundación Osotu Lanbarri Fundazioak» proposatutako ikastetxeak ez ditu baldintza horiek betetzen, ez baita aurkeztu 2019-2020 ikasturtean eraikina erabiltzeko bermea ematen dion titulu juridikorik.

Horregatik guztiagatik, honako hau

EBAZTEN DUT:

«Fundación Osotu Lanbarri Fundazioa»-k Zierbenako (Bizkaia) Portuko Ama Birjina 34 kalean «Osotu Lanbarri» Lehen Hezkuntzako Ikastetxea ireki eta martxan jartzeko egindako eskaerari uko egitea, indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzak betetzen ez dituelako.

AZKEN XEDAPENA

Agindu honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hileko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko uztailaren 18a.

Hezkuntzako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.


Azterketa dokumentala