144. zk., 2019ko uztailaren 31, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (479 KB - 25 orri.)
- EPUB (242 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
3665
AGINDUA, 2019ko uztailaren 17koa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, zeinaren bidez onartzen baitira, 2019rako, Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritzaren, basogintzaren eta arrantza- eta akuikultura-produktuen sektoreetan ikertu, garatu eta berritzeko laguntzen deialdiaren oinarriak.
Enpresei I+G+Brako ematen zaizkien laguntzak dira I+G+B garatzeko tresna garrantzitsuenetakoak, ez soilik epe laburrera erantzuteko, baizik, nagusiki, enpresa-arloko ekimenak bultzatzeko eta zentro teknologikoekin elkarlanean jardun dezaten bultzatzeko, ikerketa-lanak azpi-sektoreen bitartez gara daitezen sustatuz.
Horrela dago jasota baita ere I+G+B jarduerak sustatuz nekazaritzako elikagaien sektorearen lehiakortasuna handitzeko Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak egindako, lagundutako eta bultzatutako planetan.
Ikertuz, teknologia garatuz eta berrituz jakintza sortzea da Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak nekazaritza-, elikadura- eta arrantza-sektoreen lehiakortasuna bultzatzeko duen estrategiaren oinarrizko zutabeetako bat.
Europako Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamenduan (EB) –horren bidez, laguntza-kategoria jakin batzuk barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dira, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatzearen ondorioz–, III. kapituluaren IV. sekzioan, ikerketa eta garapenerako proiektuen laguntzak arautzen dira, zeinek barne hartzen baitituzte oinarrizko ikerketako, ikerketa industrialeko eta garapen esperimentaleko eta bideragarritasun-azterlaneko proiektuak (25. artikulua) eta prozesuak eta antolaketa berritzeko laguntzak (29. artikulua).
Agindu honen xedea da laguntzak iragartzea «oinarrizko ikerketako, ikerketa industrialeko eta garapen esperimentaleko» eta «bideragarritasun-azterlaneko» proiektuen gastuak eta inbertsioetarako, eta «antolaketaren arloko berrikuntzako» jarduera eta proiektuetarako.
Landa-garapenerako politikaren arabera, bateragarriak dira Europar Batasunak eta Euskal Autonomia Erkidegoak elkarrekin finantzatzen dituzten neurriak eta Estatuak ematen dituen laguntzak. Hala ere, Estatuak ematen dituen laguntzek muga jakin batzuen barnean egon behar dute, eta kontrol-neurri jakin batzuk bete behar dituzte, koherentzia izan dadin bi politiken artean, eta Tratatuan lehiakortasunaren alorrean xedatzen diren arauak hertsiki bete daitezen.
Europako Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamenduak (EB) ezartzen du zer baldintza eta betekizun bete behar dituzten laguntzek estatu kideek diruz lagun ditzaten (estatu-laguntza izan daitezen) Europar Batasunaren baimenik eduki beharrik izan gabe.
Hau da, laguntza horiek arautzean eta ematean, erregelamendu horretan ezarritakoa errespetatu eta betetzen badute estatu-kideek, laguntza horiek merkatu erkidearekin bateragarriak direla ulertzen da, eta, beraz, ez dute Europar Batasunaren baimenik behar.
Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluekin bat nekazaritza- eta basogintza-sektoreetarako eta landa-inguruneetarako laguntzen zenbait kategoria barne-merkatuarekin bateragarri deklaratzeko Batzordearen ekainaren 25eko 702/2014 Erregelamenduak (EB) xedatzen du, 1. artikuluaren 2. paragrafoan, nekazaritzaren eta basogintzaren sektoreak ikertzeko eta garatzeko laguntzak Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamenduaren baldintzetan eta horren arabera eman ahal izango direla.
Hain zuzen ere, erregelamendu horren IV. sekzioko 25. eta 29. artikuluetan xedatuaren barruan sartzen dira agindu honetako laguntzak.
Era berean, agindu honen bidez iragarritako laguntzak jasota daude Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren 2019ko Dirulaguntzen Plan Estrategikoan. Plan estrategiko hori Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren 2019ko martxoaren 9ko Aginduaren bidez onartu zen (Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren dirulaguntzen plan estrategikoa onartzekoa), eta Eusko Jaurlaritzaren «euskadi.eus» webgunean argitaratuta dago, sailari buruzko eremuan, «Planak eta proiektuak» atalean.
Aurrekontu-zuzkidura nahikoa dago Euskal Autonomia Erkidegoko 2018ko ekitaldiko aurrekontu orokorrak (2019ko ekitaldirako luzatuak) onartzen dituen abenduaren 22ko 5/2017 Legeak baimendutako kredituen arabera, eta, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu-araubideari dagokionez indarrean dauden lege-xedapenen testu bategina onartzen duen maiatzaren 24ko 1/2011 Legegintzako Dekretuaren IX. Tituluan aurrekontua luzatzeko araubideari buruz ezarrita dagoenarekin bat etorriz, laguntza-deialdi honek aurrekontu-estaldura nahikoa du.
Eta Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearekin bat etorriz (lege horren 26.4 artikuluaren arabera, Jaurlaritzako kide gisa dagozkien eskumenei kalterik egin gabe, sailburuek beren sailari dagozkion gaietan administrazio-xedapen orokorrak eta ebazpenak emateko eskudantzia izango dute), honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Deialdia.
Onartzea, 2019rako, Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritzaren, basogintzaren eta arrantza- eta akuikultura-produktuen sektoreetan ikertu, garatu eta berritzeko laguntzen deialdiaren oinarriak. Agindu honen eranskinean jasotzen dira oinarriok.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoak.
Agindu honen aurka, berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete interesdunek Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Kasu bietan, agindua argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da epea.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Ondorioak.
Agindu honek ondorioak izango ditu Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko uztailaren 17a.
Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.
ERANSKINA
1. oinarria.– Xedea eta helburua.
1.– Agindu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritzaren, basogintzaren eta arrantza- eta akuikultura-produktuen sektoreetan ikerketa, garapena eta berrikuntza sustatu eta bultzatzeko laguntzen araubidea iragartzea.
2.– Arau honetan erregulatzen diren ikerketa, garapen eta berrikuntzarako laguntzen helburua da efizientzia areagotzea, lehiakortasuna hobetzea, hazkunde jasangarriaren alde egitea eta lankidetza sustatzea Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritzaren, basogintzaren eta arrantza- eta akuikultura-produktuen sektoreetan.
3.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzek jakinarazi beharretik salbuetsita dauden laguntzen tratamendu bera izango dute, Europako Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 EB Erregelamenduaren indarrez, zeinak merkatu erkidearekin bateragarri diren zenbait kategoria bereizten baititu, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta (kategorien araberako salbuespenen erregelamendu orokorra) (EBAO L187, 2014-06-26). Horrenbestez, laguntza horiek behar bezala jakinarazi behar zaizkio Europako Batzordeari, agindu hau argitaratzen denetik hasi eta hurrengo 20 egunetan.
4.– Inbertsioak eta gastuak urterokoak edo hainbat urtetarako izango dira, aurkezten diren proiektuak burutzeko denboraren arabera.
2. oinarria.– Definizioak.
Agindu honen ondorioetarako, honela ulertuko dira jarraian datozen definizioak:
1.– Enpresa-talde berritzaileak: egitura edo talde antolatuak, alderdi independentez osatuak (esate baterako, enpresa berritzaile sortu berriak eta enpresa txiki, ertain eta handiak, bai eta ikerketa eta ezagutzen zabalkunderako erakundeak, irabazi asmorik gabeko erakundeak eta horiekin guztiekin lotutako beste eragile ekonomiko batzuk ere). Egitura edo talde hauen helburua da jarduera berritzaileak sustatzea, instalazioen erabilera partekatua eta ezagutza teoriko eta praktikoen trukea bultzatuz, bai eta ezagutzen transferentziarako, sareak sortzeko, informazioaren zabalkunderako eta enpresen eta taldeko beste erakunde batzuen arteko lankidetzarako laguntza emanez.
2.– Teknologia-zentroak: pertsona juridikoak (publikoak zein pribatuak), zeinek estatutuetan xedetzat baitute teknologiaren hobekuntzaren eta kudeaketaren bitartez enpresen lehiakortasuna hobetzen laguntzea.
3.– Nekazaritzako produktuak merkaturatzea: salmentarako produktuak edukitzea edo erakustea, salmentarako eskaintza, merkaturako entregatzea edo merkatuan jartzeko edozein modu, lehen sektoreko ekoizleek bitartekariei edo eraldatzaileei egindako lehenengo salmenta edo lehen salmenta horretarako produktu bat prestatzeko jarduerak izan ezik; lehen sektoreko ekoizleek azken kontsumitzaileei egindako salmenta merkaturatzea dela ulertuko da baldin eta horretarako gordetako instalazio independenteetan egiten bada.
4.– Langileen kostuak: ikertzaileen, teknikarien eta gainontzeko laguntzaileen kostuak, betiere dagokion proiektuan edo jardueran aritzen diren neurrian.
5.– Garapen esperimentala: aurretik ere baziren jakintzak eta teknikak (zientifikoak, teknologikoak, enpresa-arlokoak eta abar) eskuratu, konbinatu, konfiguratu eta erabiltzea, produktu, prozesu edo zerbitzu berriak edo hobetuak prestatzeko. Hor sartu ahal izango dira, esate baterako, produktu, prozesu eta zerbitzu berriei buruzko definizio kontzeptuala, plangintza eta dokumentazio-lana egiteko jarduerak ere. Era berean, garapen esperimentalean sartu ahal izango da prototipoak sortzea, demostrazioa, proiektu pilotuak prestatzea, produktu, prozesu edo zerbitzu berri edo hobetuen baliozkotzea eta entseguak egitea, funtzionamendu errealeko baldintzak islatzen dituzten inguruneetan, baldin eta helburu nagusia bada behar beste finkatuta ez dauden produktu, prozesu edo zerbitzuei hobekuntza teknikoak ematea. Orobat, merkataritza-erabilera duten prototipo eta proiektu pilotuak garatzea ere barne har dezake, azken merkataritza-produktuaren beharraren eraginez sortzen badira, eta haien fabrikazioa erakusketa- eta balioztatze-helburuetarako bakarrik garestiegia denean. Garapen esperimentalak ez ditu barnean hartzen produktuei, ekoizpen-lerroei, fabrikazio-prozesuei, lehendik baziren zerbitzuei eta martxan dauden beste operazio batzuei egiten zaizkien ohiko edo aldian aldiko eraldaketak, nahiz eta eraldaketa horiek hobekuntzak ekarri.
6.– Enpresa: Jarduera ekonomiko bat garatzen duen erakundea, edozein dela ere haren forma juridikoa. Bereziki, enpresatzat hartzen dira banakako edo familiako eskulangintzan edo beste jarduera batzuetan aritzen direnak, pertsonen sozietateak eta erregulartasunez jarduera ekonomiko batean aritzen diren elkarteak.
7.– Krisian dagoen enpresa: halakotzat hartzen da Europako Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluaren 18. paragrafoan jasotzen diren egoeraren batean gutxienez dagoen enpresa.
8.– Bideragarritasun teknikoko azterlanak: proiektu baten potentzialaren ebaluazioa eta ikerketa, erabakiak objektiboki eta arrazionalki hartzeko prozesuan laguntzeko helburuarekin.
9.– Oinarrizko ikerketa: lan esperimental edo teorikoak dira, behatzen diren fenomeno eta gertakizunen oinarri-oinarrizko funtsei buruzko jakintza berriak eskuratzeko helburuz eginak, aplikazio edo erabilera komertzial zuzenekorik izateko aurreikuspenik gabe.
10.– Ikerketa industriala: produktu, prozesu edo zerbitzu berriak sortzeko edo lehendik bazeudenak nabarmen hobetzeko lagungarri izan daitezkeen jakintza eta gaitasun berriak eskuratzeko helburuz eginiko ikerketa planifikatua edo azterlan kritikoak. Bertan sartzen da sistema konplexuen osagaiak sortzea, eta, halaber, honako hauek sar daitezke: prototipoak eraikitzea laborategi erako ingurune batean edo dauden sistemekin simulatutako interfazedun ingurune batean, baita lerro pilotuak, ikerketa industrialerako eta, bereziki, teknologia generikoa baliozkotzeko beharrezkoa denean.
11.– Berrikuntza: produktu berri bat edo asko hobeturiko bat –ondasun zein zerbitzu–, prozesu bat, merkaturatze-metodo berri bat edo antolaketa-metodo bat ezartzea da, enpresako barne-jardunbideetan, lantokiaren antolaketan edo kanpo-harremanetan.
12.– Antolaketaren arloko berrikuntza: antolaketa-metodo berri bat aplikatzea salerosketari, lantokiaren antolamenduari edo enpresak kanpokoekin dauzkan harremanei. Hauek ez dira berrikuntzatzat joko: salerosketako aldaketak; lantokiaren antolamenduko aldaketak; enpresak aurretik erabilitako antolaketa-metodoetan oinarritutako kanpo-harremanak; kudeaketa-estrategiako aldaketak; bateratze eta eskuratzeak; prozesu bat bertan behera uztea; kapitala ordeztu edo handitzea hutsa; faktoreen prezioa aldatu dela-eta sortutako eraldaketak; nork berera egokitzea (customisation); sasoiaren araberako edo bestelako aldizkako aldaketak; produktu berrien edo asko hobeturikoen salerosketa.
13.– Ikerketarako eta ezagutzen zabalkunderako erakundeak: izan daitezke, esate baterako, unibertsitateak edo ikerketa-zentroak, teknologia transferitzeko erakundeak, berrikuntzarako bitartekariak edo ikerketara bideratutako lankidetza-erakunde erreal edo birtualak, duten finantzatzeko modua edo nortasun juridikoa edozein dela ere (zuzenbide publiko edo pribatukoak), baldin eta haien helburu nagusia hau bada: oinarrizko ikerketan, ikerketa industrialean edo garapen esperimentalean jardutea, edo jarduera horien emaitzak jakitera ematea, dela irakaskuntzaren bidez, argitara emanez edo ezagutzen transferentzia eginez. Halako erakunde batek jarduera ekonomikoak ere egiten dituenean, jarduera horien finantziazioa, kostuak eta sarrerak aparte kontabilizatu beharko dira; erakunde horietan eraginik izan dezaketen enpresek, esate baterako, akziodun edota kide gisa, ez dute lehentasunezko sarbiderik izango erakundeak lortutako emaitzetara.
14.– Nekazaritzako produktua: Tratatuaren I. eranskinean zerrendatutako produktuak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 11ko 1379/2013 (EB) Erregelamenduaren I. eranskinean zerrendatutako arrantza- eta akuikultura-produktuak izan ezik.
15.– Nekazaritza-ekoizpen primarioa: nekazaritzatik eta abeltzaintzatik eratorritako produktuen ekoizpena, Tratatuaren I. eranskinean zerrendatuak, produktu horien izaera aldatzen duen beste eragiketarik egin gabe.
16.– Arrantzako produktuak: Arrantzako jardueretatik lortutako organismo akuatikoak edo horietatik eratorritako produktuak, 2013ko abenduaren 11ko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1379/2013 (EB) Erregelamenduaren I; b) eranskinean zerrendatzen diren eran.
17.– Akuikulturako produktuak, organismo akuatikoak, bizitza-zikloaren fase guztietan, akuikulturako jardueretatik lortuak edo horietatik eratorritako produktuak, eranskinean zerrendatzen diren eran.
18.– Itzulketa: jasotako laguntza itzultzea, pertsona edo erakunde onuradunak bere betebeharrak bete ez izanaren ondorioz.
19.– Nekazaritza-sektorea: nekazaritza-ekoizpen primarioan zein eraldaketan eta merkaturatzean jarduten duten enpresa guztiak.
20.– Arrantza-sektorea eta akuikultura-sektorea: ekonomiaren sektore bat da, arrantza- eta akuikultura-produktuak ekoiztu, eraldatu eta merkaturatzeko jarduera guztiak barne hartzen dituena.
21.– Nekazaritzako produktuak eraldatzea: nekazaritzako produktu baten gainean egindako eragiketaren emaitza, emaitza nekazaritza-produktu bat denean, animalia- edo landare-produktu bat lehenbiziko salmentarako prestatzeko egin behar diren nekazaritza-jarduerak izan ezik.
3. oinarria.– Laguntza-lerroak.
Laguntza hauek emango dira agindu honetako 1. oinarriko xedea lortzeko:
1.– Oinarrizko ikerketako, ikerketa industrialeko eta garapen esperimentaleko proiektuetarako laguntzak.
Laguntza-lerro honek Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamenduaren (EB) 25. artikuluan xedatutakoa beteko du, sektore hauei dagokienez: nekazaritza –nekazaritza-ekoizpen primarioa barnean dela–, basogintza eta arrantza- eta akuikultura-produktuak.
2.– I+G+B proiektuekin lotutako bideragarritasun teknikoko azterlanetarako laguntzak.
Laguntza-lerro honek Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamenduaren (EB) 25. artikuluan xedatutakoa beteko du, sektore hauei dagokienez: nekazaritza –nekazaritza-ekoizpen primarioa barnean dela–, basogintza eta arrantza- eta akuikultura-produktuak.
3.– Antolaketaren arloko berrikuntzarako laguntzak.
Laguntza-lerro honek Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamenduaren (EB) 29. artikuluan xedatutakoa beteko du, sektore hauei dagokienez: basogintza eta nekazaritza, nekazaritza-ekoizpen primarioa kanpoan dela.
4. oinarria.– Onuradunak.
1.– Hauek izan ahal izango dira oinarrizko ikerketako, ikerketa industrialeko eta garapen esperimentaleko proiektuetarako eta I+G+B proiektuekin lotutako bideragarritasun teknikoko azterlanetarako laguntzen onuradun:
A) Enpresak, edozein forma juridiko dutela ere. Hona sailkapena:
1) Enpresa txiki eta ertainak; mikroenpresen eta enpresa txiki eta ertainen definizioari buruzko Europako Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. eranskinaren arabera.
2) Enpresa handiak; alegia, enpresa txiki eta ertainen definiziotik kanpo geratzen direnak.
B) Elkarteak eta fundazioak.
C) Nortasun juridikorik gabeko pertsona fisiko edo juridiko pribatuen taldeak eta ondasun-erkidegoak. Bertan parte hartzen duten enpresa guztiak joko dira onuraduntzat, eta guztiek bete beharko dituzte agindu honetan ezarritako betekizun eta baldintzak. Elkarteen eskabideek berariaz adierazi behar dituzte elkarteko kide bakoitzak proiektua gauzatzeko hartzen dituen konpromisoak eta bakoitzari aplikatu beharreko zenbatekoa, horiek ere onuradun gisa hartuko baitira. Dena den, taldearen ordezkari edo ahaldun bakar bat izendatu beharko dute, zeinak nahikoa botere izango baitu, onuradun gisa, taldeari dagozkion egitekoak betetzeko, eta kide bat izendatu beharko dute funtsen hartzaile izateko, zeinak banatuko baitizkie funtsok taldeko gainerako kideei. Elkarteak ezin dira desegin Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuko 44. artikuluak, 32.m) artikuluarekin batera, finkatzen duen preskripzio-epea igarotzen den arte.
D) Teknologia-zentroak.
E) Ikerketarako eta ezagutzen zabalkunderako erakundeak.
2.– Hauek izan ahal izango dira antolaketaren arloko berrikuntzako laguntzen onuradun:
A) Enpresak, edozein forma juridiko dutela ere. Hona sailkapena:
1) Enpresa txiki eta ertainak; mikroenpresen eta enpresa txiki eta ertainen definizioari buruzko Europako Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. eranskinaren arabera.
2) Enpresa handiak; alegia, enpresa txiki eta ertainen definiziotik kanpo geratzen direnak. Enpresa handiak enpresa txiki edo ertain batekin lankidetzan jardun beharko du, laguntza eskatzen den jarduera horretantxe, eta enpresa txiki edo ertainak diruz lagundutako kostuen % 30 gutxienez hartu beharko du bere gain finantzarioki.
B) Elkarteak eta fundazioak.
C) Nortasun juridikorik gabeko pertsona fisiko edo juridiko pribatuen taldeak eta ondasun-erkidegoak. Bertan parte hartzen duten enpresa guztiak joko dira onuraduntzat, eta guztiek bete beharko dituzte agindu honetan ezarritako betekizun eta baldintzak. Elkarteen eskabideek berariaz adierazi behar dituzte elkarteko kide bakoitzak proiektua gauzatzeko hartzen dituen konpromisoak eta bakoitzari aplikatu beharreko zenbatekoa, horiek ere onuradun gisa hartuko baitira. Dena den, taldearen ordezkari edo ahaldun bakar bat izendatu beharko dute, zeinak nahikoa botere izango baitu, onuradun gisa, taldeari dagozkion egitekoak betetzeko, eta kide bat izendatu beharko dute funtsen hartzaile izateko, zeinak banatuko baitizkie funtsok taldeko gainerako kideei. Elkarteak ezin dira desegin Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuko 44. artikuluak, 32.m) artikuluarekin batera, finkatzen duen preskripzio-epea igarotzen den arte.
5. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen kostuak.
1.– Oinarrizko ikerketako, ikerketa industrialeko eta garapen esperimentaleko proiektuetarako laguntzetarako diruz lagundu daitezkeen kostuak hauek izango dira:
A) Langileen gastuak, ikertzaileen, teknikarien eta gainerako laguntzaileen gastuak, betiere dagokion proiektuan aritzen diren neurrian.
B) Tresna eta materialen kostuak, behar den neurrian eta ikerketa-proiekturako erabiltzen den aldian. Tresnak ez badira soil-soilik ikerketa-proiekturako erabiltzen beren erabilera-epe guztian, ikerketa-proiektuaren epean sartzen diren amortizazio-gastuak soilik hartuko dira diruz laguntzeko modukotzat, oro har onartutako kontabilitate-printzipioen arabera kalkulatuta.
C) Eraikin eta lursailen kostuak, ikerketa-proiekturako erabiltzen diren neurrian eta hark dirauen bitartean. Eraikinen kasuan, ikerketa-proiektuak dirauen bitarteko amortizazio-kostuak soilik hartuko dira diruz laguntzeko modukotzat, oro har onartutako kontabilitate-printzipioen arabera kalkulatuta. Lursailen kasuan, bene-benetan eragin diren eskualdatze komertzialaren kostuak edo kapital-kostuak izango dira diruz laguntzeko modukoak.
D) Kontratu-ikerketei, jakintza teknikoei eta kanpo-iturrien lizentzia bidez erositako edo lorturiko patenteei dagozkien kostuak, betiere eragiketa erabateko lehiako baldintzetan egin bada, baita aholkularitza-kostuak eta ikerketa-jarduerari soilik bideratutako zerbitzu baliokideen kostuak ere.
E) Gastu orokorrak eta ustiapeneko beste gastu batzuk, hor sartuta materialen, horniduren eta zuzenean jardueratik eratorriko halako produktuen kostuak.
2.– I+G+B proiektuekin lotutako bideragarritasun teknikoko azterlanetarako laguntzetarako diruz lagundu daitezkeen kostuak azterlan-kostuak izango dira.
3.– Antolaketaren arloko berrikuntzarako laguntzetarako diruz lagundu daitezkeen kostuak hauek izango dira:
A) Langile-gastuak.
B) Tresna eta materialen kostuak, eraikuntza- eta lursail-kostuak, behar den neurrian eta proiekturako erabiltzen den aldian.
C) Kontratu-ikerketei, jakintza teknikoei eta kanpo-iturrien lizentzia bidez erositako edo lorturiko patenteei dagozkien kostuak, betiere eragiketa erabateko lehiako baldintzetan egin bada.
D) Gastu orokorrak eta ustiapeneko beste gastu batzuk, hor sartuta materialen, horniduren eta zuzenean jardueratik eratorriko halako produktuen kostuak.
4.– Diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legean –horren bidez, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko otsailaren 26ko 2014/23/EB eta 2014/24/EB zuzentarauen transposizioa egiten da Espainiako ordenamendu juridikora– kontratu txikirako ezarritako zenbatekoak gainditzen dituenean, gutxienez hiru eskaintza –zenbait hornitzailerenak– eskatu beharko ditu onuradunak, obrarako konpromisoa kontratatu aurretik, zerbitzua eman aurretik edo ondasuna entregatu aurretik, non eta, haien ezaugarri bereziak direla-eta, merkatuan ez den aski erakunde haiek egin, eman edo entregatzeko, edo non eta dirulaguntzaren aurretik ez den egin gastua.
Aurkeztutako eskaintzen artean egindako hautua (justifikazioan, edo, hala badagokio, dirulaguntzaren eskabidean aurkeztu beharko dira eskaintzak) efizientzia- eta ekonomia-irizpideekin bat etorriz egin beharko da, eta, betiere, berariaz justifikatu beharko da memoria batean, baldin eta proposamen ekonomiko onenaren alde egiten ez bada.
6. oinarria.– Finantzaketa.
1.– Agindu honetan ezarritako laguntzak finantzatzeko, 2019ko eta 2020ko ekitaldietarako, 1.900.000 euro bideratuko dira. Kopuru hori Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura finantzatuko da, eta horietatik 1.300.000 euro 2019rako ordainketa-kredituari dagozkio, eta 600.000 euro, berriz, 2020rako konpromiso-kredituari. Honela banatuko da:
A) Oinarrizko ikerketako, ikerketa industrialeko eta garapen esperimentaleko proiektuetarako 1.672.000 euro erabiliko dira. 1.144.000 euro 2019. urterako ordainketa-kredituari dagozkio, eta 528.000 euro, 2020. urterako konpromiso-kredituari.
B) I+G+B proiektuekin lotutako bideragarritasun teknikoko azterlanetarako, 38.000 euro erabiliko dira, eta kopuru hori 2019. urterako ordainketa-kredituari dagokio.
C) Antolaketaren arloko berrikuntzarako, 190.000 euro erabiliko dira. 130.000 euro 2019. urterako ordainketa-kredituari dagozkio, eta, 60.000 euro, 2020. urterako konpromiso-kredituari.
2.– Emango diren laguntzen zenbateko guztia ezingo da izan baliabide horiek baino handiagoa, ez eta baliabideok eguneratzean ateratzen den zenbatekoa baino handiagoa ere, indarrean dagoen legedia betez aurrekontu-aldaketak onartzen diren kasuetan. Gehikuntza hori gertatuz gero, deialdiaren ebazpena eman baino lehen egin behar da, eta horren berri emango da Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordearen ebazpen baten bitartez.
7. oinarria.– Betekizun orokorrak.
Agindu honetan iragarritako laguntzen onuradun izateko, oinarri honetan ezarritako betekizunak bete behar dira. Izan ere, oinarri honek jasotzen ditu honako hauetan dauden betekizunak: Dirulaguntzei buruzko abenduaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan. Hauek dira horiek guztiak:
1.– Diruz laguntzekoak diren jarduerak Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan egitea.
2.– Diruz laguntzekoak diren gastuak ez daitezela izan eskabidea aurkeztu baino lehenago egindakoak. Baldin eta enpresak proiektua ekitaldi honetan hasi badu baina agindu honetan ezarritako epea baino lehen, Europako Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamenduaren (EB) 6. artikuluaren 2. paragrafoan xedatua betetzen duen eskabide bat aurkeztua izan beharko du, behar bezala betea.
3.– Egunean izatea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Baldintza hori bete beharko da hala onuradun izateko nola izaera horri eusteko dirulaguntzaren likidazioa egin arte. Beraz, alde horretatik, egiaztapenak egingo dira bai dirulaguntza ematen denean bai ordainketak egiten direnean.
4.– Dirulaguntzaren onuradun den pertsona fisikoa edo juridiko pribatua ez egotea krisian den enpresatzat hartuta, estatuek krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko ematen dituzten laguntzei buruzko zuzentarauen arabera (2014/C 249/01).
5.– Inbertsioak ingurumenaren arloko eta arlo higieniko-sanitarioko arauak bete ditzala Euskal Autonomia Erkidegoan aplikatzekoa den berariazko araudiarekin bat (21/2013 Legea, abenduaren 9koa, ingurumen-ebaluazioari buruzkoa, eta 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Herriko ingurugiroa babestekoa).
6.– Eskatzaileek jakinarazi behar dute diruz laguntzen den gastu bera ordaintzeko beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide ekonomikorik eskatu dioten administrazio publiko edo erakunde publiko edo pribaturen bati, bai eta eskuratu duten ala ez.
7.– Eskabidean jakinaraztea ea sartuta dauden ala ez Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasiera eman zaion edozein itzulketa- edo zehapen-prozeduratan, eta zeintzuk diren zehaztea.
8.– Egunean egotea itzulketa- edo zehapen-prozeduretako kantitate zehatzen ordainketari dagokionez, EAEko Administrazioak eta haren menpeko erakundeek emandako laguntzen edo dirulaguntzen esparruan. Betebehar horien ordainketak egunean dituztela ulertuko da zorrak geroratuta edo zatituta badaude, edo zor horiek etetea erabaki bada itzulketa-ebazpena dela-eta. Baldintza hori bete beharko da hala onuradun izateko nola izaera horri eusteko dirulaguntzaren likidazioa egin arte. Beraz, alde horretatik, egiaztapenak egingo dira bai dirulaguntza ematen denean bai ordainketak egiten direnean.
9.– Dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratiborik edo penalik ez izatea, ezta horretarako legezko inolako debekurik ere, sexu-diskriminazioagatiko debekuak barnean hartuta, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean zehaztutakoari jarraikiz.
10.– Konkurtso-deklarazioa eskatu ez izana, edozein prozeduratan kaudimengabetzat jo ez izana, konkurtsoan deklaratuta ez egotea, salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek, esku-hartze judizialaren pean ez egotea edo desgaitua ez izatea Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaitze-aldia amaitu gabe.
11.– Dirulaguntzak lortzeko aukera galduta ez izatea ebazpen irmo baten bidez ezarritako zehapena dela-eta, edo honako delitu hauetakoren bat egin izanagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, eragimen-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.
12.– Kausaren batean errudun deklaratua izateagatik, Administrazioarekin egindako edozein kontraturen amaiera irmoa ebatzita ez izatea.
13.– Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez egotea Kargu publikodunen jokabide-kodea eta haien interes-gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean ezarritako kasuren batean, edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko karguren bat ez izatea, lege horretan ezarritako baldintzetan. Horrez gain, ez egotea hauetan aurreikusitako kasuren batean: Estatuko Administrazio Orokorreko goi-kargudunen jarduna arautzen duen martxoaren 30eko 3/2015 Legea eta Administrazio publikoen zerbitzura dauden langileen bateraezintasunen abenduaren 26ko 53/1984 Legea.
14.– Erregelamenduz zerga-paradisu gisa kalifikatutako herrialde edo lurralde batean ez izatea zerga-egoitza.
15.– Elkarteen kasuan, horiek elkartzeko eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoko 4. artikuluko 5. eta 6. apartatuetan aurreikusitako debekuen kausetan nahastuta ez egotea. Ez-zilegitasun penalaren zentzuzko zantzuak egoteagatik, administrazio-prozedura ez etetea, 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, betiere ebazpen judizial sendorik esleitzen ez bada, haren arabera, kasuan kasuko inskripzioa egin ahal izango baita dagokion erregistroan.
16.– Berreskuratze agindu baten menpe ez egotea, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela.
8. oinarria.– Eskabideak aurkezteko epea.
1.– Eskabideak aurkezteko epea bi hilekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Eskabidearekin batera, oinarri honen 9. paragrafoan eskatzen diren agiriak aurkeztu beharko dira.
2.– Onartuko dira oinarri honen 1. paragrafoan ezarritako epea baino lehenago aurkeztutako eskabideak, baldin eta Europako Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 6. artikuluaren 2. paragrafoan xedatutakoa betetzen badute, betiere. Oinarri honen 4. paragrafoan eskatutako agiriekin osatu beharko dira eskabide horiek, 1. paragrafoan ezarritako epean.
3.– Irailaren 23ko 179/2014 Dekretuaren 8. artikuluan eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14 artikuluan xedatutakoa betez:
a) Pertsona fisikoek modu presentzialean zein elektronikoan aurkez ditzakete eskabideak.
● Bide presentziala: eskabideak Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren bulegoetan aurkeztuko dira (Donostia kalea 1 – 01010 Vitoria-Gasteiz) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluak xedatzen dituen tokietariko edozeinetan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuarekin bat.
● Bide elektronikoa: euskadi.eus egoitza elektronikoan aurkeztuko dira eskabideak: gaztelaniaz: http://www.euskadi.eus/ayudas_appa/; euskaraz: http://www.euskadi.eus/laguntzak_naep/
Eskabidea izapidetzeko eta dokumentazioa aurkezteko moduak (elektronikoa zein presentziala izan) ez du behartuko aurrerantzean ere prozedurako gainerako izapideak modu berean egitera, edonoiz alda daiteke eta.
b) Urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14. artikuluko 1. zenbakiko a), b), c) eta d) apartatuetan aipatu subjektuek bitarteko elektronikoak erabilita aurkeztuko dituzte eskakizunak, euskadi.eus egoitza elektronikoan: gaztelaniaz, http://www.euskadi.eus/ayudas_appa/; eta euskaraz, http://www.euskadi.eus/laguntzak_naep/
4.– Eskabideak bide elektronikoz nahiz presentzialez aurkezteko, eredu normalizatua erabiliko da; helbide hauetan eskuratu daiteke: gaztelaniaz, http://www.euskadi.eus/ayudas_appa/; eta euskaraz, http://www.euskadi.eus/laguntzak_naep/
5.– Eskabidea bitarteko elektronikoekin egin osteko izapideak euskadi.eus egoitza elektronikoan egingo dira: gaztelaniaz, http://www.euskadi.eus/micarpeta; euskaraz, http://www.euskadi.eus/nirekarpeta
6.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak modu presentzialean zein elektronikoan nola izapidetu jakiteko xehetasunak euskadi.eus egoitza elektroniko honetan eskura daitezke: gaztelaniaz, http://www.euskadi.eus/ayudas_appa/; eta euskaraz, http://www.euskadi.eus/laguntzak_naep/
7.– Eskabidea ordezkari bitartez egiten bada, artikulu hauetan xedatutakoaren arabera egiaztatu beharko da ordezkaritza: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 5. eta 6. artikuluak.
8.– Laguntza-eskabidearen ereduaren oinarrizko edukia oinarri hauen eranskin gisa argitaratu da.
9.– Dokumentazio hau aurkeztu beharko da:
a) Pertsona juridikoek, eratzeko eskrituraren kopia bat eta estatutuen kopia bat (dagokion erregistroan sartu dela adierazten duen zigilua jarrita).
b) Hauek biltzen dituen memoria:
– Egin beharreko ekintzen eta atazen azalpen zehatza.
– Aurrekontu xehatua.
– Proiektua gauzatzeko epea.
– Laguntza emanez gero, enpresaren errendimendu orokorrean zenbateko hobekuntza ekarriko duen.
– Agindu honen 9. oinarrian aurreikusitako azpikontratazio osoa edo partziala gertatzen bada, hauek zehaztu beharko dira: azpikontratatuko den jardueraren ehunekoa; zein pertsona fisiko edo juridikorekin azpikontratatuko den, eta azpikontratatuko diren jarduerak zein diren.
– Laguntza eskatzen duen proiektuaren bidez enpresak abiaraziko duen I+G+Bren aurretik ere enpresak jada martxan zeukan I+G+B lanerako gehikuntza garbiaren balorazioa, eta enpresaren sektorearen hobekuntza orokorrerako ematen duen laguntzaren balorazioa, I+G+Bri dagokionez.
c) Erantzukizunpeko adierazpena, eskatzaileak agindu honetako betekizun guztiak betetzen dituela, aurkezten dituen agiri guztiak egiazkoak direla eta 7. oinarrian (4. paragrafotik 16.era bitartean) ezarritako betekizunak betetzen dituela adierazteko. Gainera, 4. eta 5. paragrafoetako eta 8.etik 16.era bitarteko paragrafoetako betekizunei dagokienez, adieraziko du hori egiaztatzen duen dokumentazioa baduela eta Administrazioaren esku jarriko duela horrela eskatzen zaionean.
d) Izaera juridikorik ez duten pertsona fisiko edo juridiko pribatuen taldeei eta ondasun-erkidegoei dagokienez, kide guztiek sinatutako agiri bat, non izendatzen baita, batetik, ordezkari edo ahaldun bakarra, taldeari onuradun den aldetik dagozkion betebeharrak betetzeko ahalorde nahiko dituena, eta, bestetik, funtsen hartzaile izango den kide bat, elkarteko gainerako kideen artean funtsok banatuko dituena.
e) Laguntza kuantifikatzeko, erakunde eskatzaileak aurkeztu nahi duen agiri osagarri oro.
10.– Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak automatikoki egiaztatuko ditu NANa, IFK, eta zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko ordainketak egunean dituelako ziurtagiriak. Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake laguntza-eskabidean inplizituki dagoen baimen hori, eta, hala egiten badu, ziurtagiria edo eskatzen zaion agiria aurkeztu beharko du, betiere urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluaren 2. paragrafoan xedatutakoaren arabera.
11.– Urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluaren 3. paragrafoan ezarritakoarekin arabera, oinarri honen 9. paragrafoan eskatutako dokumentazioa administrazio honetan edo beste batean entregatzen denean eta eskatzaileak berariaz deklaratzen badu dokumentu horietan ez dela aldaketarik egin, horiek aurkeztutzat joko dira.
Eskatzaileak zer Administraziotan eta noiz aurkeztu dituen adierazi beharko du. Ostean, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak jasoko ditu, modu elektronikoan, korporazio-sareen bitartez.
Eskatzaileak ez badu nahi Administrazioak oinarri honen 9. paragrafoko dokumentazioa eskuratzerik, espresuki adierazi beharko du horren aurka dagoela, eta dokumentuak aurkeztu beharko ditu.
12.– Laguntza jasotzeko eskabidea nahi den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango da, eskatutako dokumentazioarekin batera. Ildo horretatik, eskatzaile bakoitzak hautatutako hizkuntza erabiliko da eskabidea aurkeztu ondoko jardueretan, prozedurak irauten duen bitartean, Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearekin bat etorriz.
13.– Eskabideak oinarri honetan eskatutako dokumentazioa ez badauka, osorik ez badago edo akastuna bada, interesdunari jakinaraziko zaio hamar egun balioduneko epea duela hutsa zuzentzeko edo beharrezko agiriak eransteko. Halaber, adieraziko zaio horrela egin ezean atzera egin duela ulertuko dela, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak ebazpena eman ondoren eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen (urriaren 1eko 39/2015 Legea) 21. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.
Urriaren 1eko 39/2015 Legearen 4. apartatuko 68. artikuluan xedatutakoa betez, interesduna legez behartuta badago eskabidea modu telematikoan aurkeztera eta modu presentzialean aurkezten badu, betebehar hori bete gabe utzita, eskatuko zaio hori zuzentzeko eta eskabidea legez ezarritako bide elektronikotik aurkezteko. Errekerimendu hori betetzen ez badu, aurkezpen presentziak ez du izango ez baliorik ez eraginik. Aurkezpen elektronikoaren data izango da eskabidearen aurkezpen-data.
Ondorio horietarako, eskabidearen aurkezpen elektronikoa –zuzentzearen ondorioz eginikoa– oinarri honetan ezarritako epetik kanpo egiten bada, eskabide hori ez aurkeztutzat joko da.
14.– Enpresa txiki eta ertainek (ETE) izaera hori egiaztatu beharko dute, agiri hauek aurkeztuta:
A) Pertsona fisikoentzat: Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren kopia, ekonomia-jardueren eranskinarekin batera, eskaera aurkeztu den dataren aurreko ekitaldiarena.
B) Pertsona juridikoentzat: Eskaera aurkeztu den dataren aurreko ekitaldiari dagokion sozietateen gaineko zergaren kopia.
Agiriekin batera, dokumentazioak erakusten duen egoera aldatu ez dela dioen adierazpena.
15.– Edonola ere, Berrikuntza eta Elikagai Industriako Zuzendaritzak, aurkeztutako eskaeran adierazitakoa egoki ulertu, ebaluatu eta eskaera izapidetzeko beharrezko iritzitako bestelako argibide edo agiri osagarriak eskatu ahal izango dizkio eskatzaileari.
Agindu honen 4. oinarriaren 1. paragrafoaren C letran eta 2. paragrafoaren C letran zehaztutako onuradunen kasuan, proiektuan parte hartzen duten enpresa edo erakunde bakoitzari buruzkoak izango dira oinarri honen 3. apartatuan adierazitako agiri horiek.
9. oinarria.– Azpikontratazioa.
1.– Diruz lagundutako jardueraren gauzatze osoa edo partziala hirugarrenei azpikontratatu ahal izango die onuradunak, baldin eta hirugarren horiek ez badira onuradun. Proiektua gauzatzeko kontratua diruz lagunduko den jardueraren % 100ekoa izan daiteke.
2.– Baldin eta hirugarrenei azpikontratatutako jardueraren zenbatekoak dirulaguntzaren zenbatekoa % 20 gainditzen badu, dirulaguntza 60.000 eurotik gorakoa izanik, idatzizko kontratua egin beharko da, zeina Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak baimendu beharko baitu kontratua formalizatu aurretik eta eskabidea aurkeztu ondoren.
Kontratua formalizatzeko baimenaren eskaera laguntza-eskaerarekin batera aurkeztuko da, eta baimentzeko edo ukatzeko ebazpena gehienez ere bi hileko epean eman eta jakinaraziko da, aurkezten den egunetik aurrera zenbatzen hasita. Epe hori igaro eta ebazpen espresurik ematen ez bada, eskaera baietsitzat jo ahal izango da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legaren 24. artikuluan ezarritakoari jarraituz. Prozeduraren ebazpenaren aurka, interesdunak gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeari. Horretarako, hilabeteko epea izango du ebazpenaren jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera, edo hiru hilabeteko epea administrazio-isiltasunak ondorioak izan eta hurrengo egunetik aurrera.
3.– Kontratua ezin izango da zatikatu kontratuaren zenbatekoa murriztu eta 2. zenbakiko betekizunak bete beharrik ez izateko helburuz.
4.– Kontratistek onuradunarekiko bakarrik dituzte betebeharrak, eta onuradunak dauka diruz lagundutako jarduera ondo gauzatzeko erantzukizun osoa, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren aurrean.
5.– Aurreko paragrafoan jasotakoa betetzeko, onuradunen erantzukizuna da diruz lagunduko den jarduera itundua gauzatzean agindu honetan ezarritako mugak errespetatzen direla zaintzea, diruz lagundutako gastuen izaera eta zenbatekoari dagokionez, eta kontratistek, aldiz, agindu honen 15. oinarriaren 7. zenbakian adierazitako lankidetza-betebeharra bete behar dute, eta muga horiek benetan errespetatzen dituzten ala ez behar bezala egiaztatzeko aukera eman.
6.– Alabaina, onuradunak ezin izango du diruz lagundutako jardueraren gauzatze osoa edo partziala honako hauekin itundu:
A) 7. oinarrian ezarritako betekizunak betetzen ez dituzten pertsona fisiko edo juridikoak.
B) Kontratuaren xede den jarduera egiteko beste dirulaguntza batzuk jaso dituzten pertsona fisiko edo juridikoak.
C) Bitartekari edo aholkulariekin, horiei ordaindu beharrekoak eragiketaren kostu totalaren ehuneko jakin gisa definitzen badira; non eta ordainketa hori ez dagoen justifikatuta egindako lanak edo emandako zerbitzuak merkatuan daukan balioaren erreferentziaren arabera.
D) Onuradunarekin loturaren bat duten pertsona fisiko edo juridikoak, hauek gertatzen direnean izan ezik:
1.– Kontratazioa merkatuko baldintza normalen arabera egin izana.
2.– Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzaren aldez aurretiko baimena lortu izana. Azpikontratatu ahal izateko eskaera Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariaren aurrean aurkeztuko da, azpikontratazioa egin aurretik. Eskaerarekin batera, lotutako pertsonarekin azpikontratazioa egitea aholkatzen duten arrazoiak justifikatzeko memoria erantsiko da. Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak, eskaera egin zenetik gehienez ere hilabeteko epean, ebazpena emango du, eskatutako baimena emateko edo ukatzeko.
Pertsona fisiko edo juridikoekin edo nortasunik gabeko elkarteekin lotura dagoela joko da uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak onetsitako Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren (azaroaren 17ko 38/2003 Legea) Erregelamenduaren 68.2 artikuluan jasotako zirkunstantziaren bat betetzen bada.
E) Deialdi eta programa honetan laguntza eskatu duten, baina betekizunak betetzen ez dituztelako edo beharrezko balorazioa lortu ez dutelako laguntzarik gabe geratu diren pertsona fisiko edo juridikoak.
10. oinarria.– Balorazio-irizpide orokorrak.
Proiektuak baloratzeko, balorazio-irizpide hauek izango dira kontuan, eta dagozkien puntuazioak:
1.– Proiektuak dakarren berrikuntza-maila: 20 puntu, gehienez.
○ Maila altua: alderdi gako bati eragiten dio, eta errotiko eraldaketa eragiten du (20 puntu).
○ Maila ertaina: alderdi gako bati eragiten dio, eta eraldaketa ez da esanguratsua (10 puntu).
○ Maila baxua: hobekuntza txikia, lehenagoko konponbide bat egokituta (5 puntu).
2.– Elkarlanean ari diren bi enpresak edo gehiagok elkarrekin egitekoak diren jarduerak; kasu horretan, enpresek ez dute beren izaera juridikoa galdu behar, eta bakoitzak laguntza-eskatzaile eta jasotzaile izan behar du: 10 puntu.
3.– Aurkeztutako memoria teknikoaren kalitate egiaztatua; memoria horretan argi eta garbi azalduko dira helburuak, espero diren emaitzak, egutegia, egin beharreko zereginak, erantzukizunen banaketa, aurrekontua hainbanatzeko metodoak eta abar: 10 puntu, gehienez.
– Produktibitateari eta jasangarritasun ekonomiko, sozial eta ingurumenekoari eragindako inpaktua (puntu 1).
– Helburuak zehaztea (3 puntu).
– Diseinua eta metodologia (3 puntu).
– Aurrekontua egokitzea (puntu 1).
– Emaitzak ezartzea (puntu 1).
– Adierazleak ezartzea (puntu 1).
4.– Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak sektorean prestatutako jarduketa-planekin lerrokatutako jarduerak: 10 puntu.
5.– Proiektua gauzatu ahal izateko, enpresak kapital publiko edo pribatuko organismoren bat kontratatu izana; eta organismo horren jarduera nagusia nekazaritza, elikadura edo arrantzako sektoreetako ikerketa izatea, eta «ikerketarako eta ezagutzaren transferentziarako erakundea» izatea. 10 puntu.
6.– Ekintzaile gazteek (40 urtetik beherakoek) egindako proiektuak, baldin eta nekazaritza, elikadura edo arrantzako sektoreetan enpresa berriak sortzeko badira edo lehendik diren proiektuei belaunaldi-segida emateko badira: 10 puntu.
7.– Ekoizpenaren sektorearen eta nekazaritzako elikagaien kateko goragoko mailetako enpresen artean integrazio-prozesuak bultzatzea, proiektua elkarrekin aurkeztuz: 10 puntu.
8.– Eraldaketa-prozesuetan eta -teknologietan ingurumen-hobekuntzak (bilgarriak birziklatzea, hondakinak kanporatu eta tratatzea, etab.) ingurumen-arloko hobekuntzak sustatzen dituzten proiektuak izatea: 10 puntu gehienez.
○ Maila altua: isuri atmosferikoekin, hondakinak sortzearekin, ur-kontsumoarekin eta zaratarekin lotutako ingurumen-alderdietan inpaktu positibo handia izatea (10 puntu).
○ Maila ertaina: isuri atmosferikoekin, hondakinak sortzearekin, ur-kontsumoarekin eta zaratarekin lotutako ingurumen-alderdietan inpaktu positibo txikia izatea (5 puntu).
○ Maila baxua: isuri atmosferikoekin, hondakinak sortzearekin, ur-kontsumoarekin eta zaratarekin lotutako ingurumen-alderdietan inpakturik ez izatea (0 puntu).
11. oinarria.– Laguntzaren zenbatekoa.
1.– Hauek izango dira laguntzen zenbatekoak, laguntza-moten arabera:
A) Oinarrizko ikerketako, ikerketa industrialeko eta garapen esperimentaleko proiektuetarako laguntzak:
1) Oinarrizko ikerketarako: diruz laguntzeko moduko kostuen % 100eraino.
2) Ikerketa industrialerako: diruz laguntzeko moduko kostuen % 50; kopuru hori % 60raino igo ahal izango da enpresa txikien eta ertainen kasuan.
3) Garapen esperimentalerako: diruz laguntzeko moduko kostuen % 25; kopuru hori % 35eraino igo ahal izango da enpresa txikien eta ertainen kasuan.
B) I+G+B proiektuekin zerikusia duten bideragarritasun teknikoko azterlanei, diruz laguntzeko moduko kostuen % 50eko laguntza emango zaie, gehienez:
1) Enpresa ertainen kasuan, aipatutako ehunekoa % 10 handituko da.
2) Enpresa txikien kasuan, aipatutako ehunekoa % 20 handituko da.
C) Antolaketaren alorreko berrikuntza-proiektuetarako laguntzak:
1) Diruz laguntzeko kostuen % 15 gehienez, enpresa handientzat.
2) % 50 gehienez enpresa txiki eta ertainen kasuan.
2.– Laguntza jaso ahal izateko, 40 puntu lortu beharko dira gutxienez.
3.– Agindu honen 10. oinarrian aurreikusitako irizpideak aplikatuta, proiektu bakoitzerako lortutako puntuazioaren arabera, eta aurreko paragrafoan ezarritako zenbatekoen ehunekoak kontuan izanda, honela gauzatuko da proiektu bakoitzari esleitu beharreko laguntza zehatza:
a) Puntu gehien lortu duten proiektuei laguntzaren % 100 emango zaie aurreko paragrafoan ezarritako diruz laguntzeko moduko kostuen gehieneko ehunekoaren gain.
b) 1-5 puntu (biak barne) gutxiago lortu duten proiektuei laguntzaren % 95 emango zaie.
c) 6-10 puntu (biak barne) gutxiago lortu duten proiektuei laguntzaren % 90 emango zaie.
d) 11-15 puntu (biak barne) gutxiago lortu duten proiektuei laguntzaren % 85 emango zaie.
e) 16-20 puntu (biak barne) gutxiago lortu duten proiektuei laguntzaren % 80 emango zaie.
f) 21-25 puntu (biak barne) gutxiago lortu duten proiektuei laguntzaren % 75 emango zaie.
g) 26-30 puntu (biak barne) gutxiago lortu duten proiektuei laguntzaren % 70 emango zaie.
h) 31-35 puntu (biak barne) gutxiago lortu duten proiektuei laguntzaren % 65 emango zaie.
i) 36-40 puntu (biak barne) gutxiago lortu duten proiektuei laguntzaren % 60 emango zaie.
j) 41-45 puntu (biak barne) gutxiago lortu duten proiektuei laguntzaren % 55 emango zaie.
k) 46-50 puntu (biak barne) gutxiago lortu duten proiektuei laguntzaren % 50 emango zaie.
l) 51-55 puntu (biak barne) gutxiago lortu duten proiektuei laguntzaren % 45 emango zaie.
m) 56-60 puntu (biak barne) gutxiago lortu duten proiektuei laguntzaren % 40 emango zaie.
n) 61 puntu gutxiagotik aurrera, ez da laguntzarik emango.
12. oinarria.– Laguntzen kudeaketa.
1.– Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak izango du agindu honetan araututako laguntzak kudeatzeko eskumena.
2.– Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzako zerbitzu teknikoek eskabide bakoitzean egiaztatuko dute betekizunak betetzen direla, eta berariaz jasota utziko dute hori.
3.– Proiektuak ebaluatu eta baloratzeko, eta balorazio-irizpide objektiboak aplikatzeko eta haiek haztatzeko, balorazio-batzorde bat sortuko da. Balorazio Batzordea Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako Sailburuordetzako hiru pertsonak osatuko dute. Horietako bat Ikerketa Programen arduraduna izango da, zeina batzordeko lehendakaria izango baita. Beste biak sailburuordetzari atxikitako zuzendaritzetako teknikarien artean aukeratuko dira, eta sailburuordearen ebazpen baten bidez izendatuko dira. Ebazpen horretan, idazkaria zein izango den adieraziko da, eta, betiere, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzako teknikari bat izango da.
Batzordeak, bere eginkizunak betetzeko, arloko adituei eskatu ahal izango die bere bileretan parte hartzeko eta aholkularitza emateko, beharrezko irizten duenean.
Balorazio Batzordearen osaera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, zerbitzu-zuzendariak emandako ebazpen baten bidez.
4.– Balorazio-batzordearen egitekoak hauek izango dira:
a) Aurkeztutako eskabide guztiak aztertzea, eta aplikatzekoa den araudia betetzen ez dutenak baztertzea. Era berean, araudia betetzen ez duen eskabide bakoitza baztertzeko arrazoiak zerrendatuko ditu.
b) Aplikatu beharreko araudia betetzen duten eskabideak ebaluatzea. Ebaluazioaren barruan, proiektuak balioetsiko ditu, eta balioetsiko du zenbateraino betetzen dituen bakoitzak agindu honek finkatzen dituen irizpide objektiboak.
c) Balioesteko eta kuantifikatzeko finkatzen dituen irizpide objektiboetan oinarrituz, onuradun bakoitzari zenbateko laguntza eman proposatzea.
5.– Balorazio-batzordeak ebazpen-proposamena aurkeztuko dio Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariari. Proposamenak gutxienez agindu honen 14. oinarrian aipatzen den edukia jasoko du.
6.– Balorazio-batzordeak bere barne funtzionamendu-arau propioak izango ditu. Arau horiek aurreikusten ez dituzten gaietan, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikuluan eta hurrengoetan xedatua aplikatuko da.
13. oinarria.– Dirulaguntzak esleitzeko eta kuantifikatzeko prozedura.
1.– Agindu honetan araututako laguntzak lehiaketa bidez esleituko dira.
2.– Laguntza-lerro bakoitzean, aurkezten den jarduera-proiektu bakoitzari eman beharreko hasierako laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, aurkeztutako proiektuak konparatuko dira, eta agindu honetan finkatzen diren irizpide objektiboak eta balorazio-irizpideak aplikatuko zaizkie. Aurreko araua aplikatuta, eta laguntza-lerro bakoitzerako, aurkeztutako proiektuen zerrenda bat egingo da, proiektuak puntu gehien duenetik puntu gutxien duenera ordenatuta. Ondotik, laguntzak esleituko dira, aipatu ordenari jarraikiz eta agindu honen 11. oinarrian ezarritako ehunekoak aplikatuta, funts guztiak agortu arte.
3.– Puntuazio berdina lortzen dutenen artean, lehentasuna emango zaio berrikuntza-mailari buruzko 1. balorazio-irizpidean puntuazio altuena lortu duen proiektuari. Berdinketak jarraitzen badu, hurrenkera hau hartuko da kontuan:
A) Puntuazio altuena 5. irizpidean: azpikontratazioa ikerketarako eta ezagutzaren transferentziarako erakundearekin.
B) Puntuazio altuena 7. irizpidean: integrazio-prozesuak bultzatzea.
4.– Funtsak mugatuak direla kontuan izanik, lerro bakoitzeko azken laguntzari dagokionez, proposatutako kopurua diru-kopuru erabilgarria baino handiagoa bada, esleituko den laguntza diru-kopuru erabilgarri hori izango da, baldin eta kopuru hori diruz lagun daitekeen gastuaren % 70ekoa edo handiagoa bada. Diru-kopuru erabilgarri hori diruz lagun daitekeen gastuaren % 70 baino gutxiago bada, ez da laguntza esleituko, eta kopuru horrek 2. oinarrian jasotako beste lerro batera zuzendutako funtsak handituko ditu, honako hurrenkera honetan: lehenik, 3. oinarriko 1. paragrafoko lerroa; bigarrenik, 3. oinarriko 2. paragrafoko lerroa; azkenik, 3. oinarriko 3. paragrafoko lerroa, guztiz agortu arte.
14. oinarria.– Ebazpena, ebazteko eta jakinarazteko epeak, jakinarazteko era eta errekurtsoak.
1.– Aurkeztutako eskabideak eta agiriak aztertu ondoren, Balorazio Batzordeak egiten duen proposamena ikusirik, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak emango du deialdiaren ebazpena, eskatutako laguntzak eman ala ez eman ebazteko; ebazpen bakarra emango du.
2.– Ebazpenak informazio hau jaso beharko du, gutxienez:
A) Baietsitako eskabideei dagokienez:
1) Onuradunen izena edo izen soziala, eta IFK edo NAN.
2) Diruz lagundutako proiektuaren izena.
3) Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuen kontura finantzatzen den zenbatekoa.
4) Diruz lagun daitekeen inbertsioa, aplikatutako irizpide objektiboak eta laguntzaren ehunekoa.
5) Proiektua gauzatzeko epea eta proiektuak gauzatzeko epearen bukaera-data.
B) Ezetsitako eskabideei dagokienez:
1) Eskabidea aurkezten duen pertsonaren edo sozietatearen izena, IFK edo NANa.
2) Laguntza ukatzeko arrazoiak.
3.– Zehapen-prozeduraren batean edo dirulaguntzen itzultze-prozeduraren batean egonez gero, hura amaituta izan beharko da dirulaguntza eman ahal izateko. Prozeduraren ondorioz laguntza publikoak jasotzeko desgaikuntza edo itzultzeko betebeharra ezarriko balitz, baldintzapean emandako laguntza indargabetu egingo da, itzulketa ez bada borondatezko aldian egiten, onuradun izateko debekua dakarten egoeretako batean egoteagatik.
4.– Agindu hau indarrean sartu eta gehienez sei hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da ebazpena.
Lehia-konkurrentziako prozeduraren ebazpena, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluaren 1. zenbakiko b) letran xedatutakoaren arabera, EHAAn argitaratuko da, eta argitalpena jakinarazpentzat hartuko da. Dena dela, interesdun guztiei ebazpen osoa helaraziko zaie, eta, gainera, ebazpenean interesdun bakoitzari berariaz eragiten dioten alderdiak identifikatuko dira.
Edonola ere, lehenik egiten den jakinarazpenaren data hartuko da jakinarazpen-datatzat.
5.– Prozeduraren ebazpenaren aurka, gorako errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako Sailburuordetzako titularrari, hilabeteko epean, ebazpenaren jakinarazpena jasotzen dutenetik aurrera, edo, edozein unetan administrazio-isiltasunaren ondorioak gertatu eta hurrengo egunetik aurrera, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin bat.
15. oinarria.– Onuradunen betebeharrak.
Agindu honek arautzen dituen dirulaguntzen onuradunek oinarri honetan ezarritako baldintzak bete behar dituzte. Baldintza horiek baldintza hauek guztiak jasotzen dituzte: Dirulaguntzei buruzko 2003ko abenduaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetako baldintzak, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluko baldintzak eta laguntza ezberdinen baldintza espezifikoak; hauek dira horiek guztiak:
1.– Laguntza emateko ebazpenak eta, hala badagokio, laguntza luzatzeko ebazpenak xedatzen duen epean egitea diruz laguntzen den jarduera; deialdiaren urtean hasi behar da inbertsioa edo gastua.
2.– Dirulaguntza zertarako eman den, xede horrexetarako erabiltzea.
3.– Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, baldin eta dirulaguntza eman izanaren jakinarazpena hartu eta hamabost egunean onuradunek ez badiote berariaz uko egiten, onartu egiten dutela ulertuko da.
4.– Emandako laguntzaren zenbatekoarekin ondasun inbentariagarriak eskuratu, eraiki, birgaitu eta hobetzen badira, dirulaguntza eman den helbururako bideratu beharko dira ondasunak, gutxienez horiek gauzatu eta hurrengo 5 urteetan –erregistro publiko batean inskribatu beharreko ondasunen kasuan– edo hurrengo 2 urteetan gainerako ondasunen kasuan.
5.– Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari jakinaraztea jarduera edo proiektua partez edo osorik gauzatu dela eta haren esku jartzea hala egin dela egiaztatzeko beharrezkoak diren agiri guztiak.
6.– Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailari, Ogasun eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari jasotako laguntzak nola erabili diren eta haien helburuak bete diren fiskalizatzeko eskatzen duten informazio guztia ematea.
7.– Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari idatziz jakinaraztea diruz laguntzen den ekintza bera finantzatzeko beste dirulaguntza edo laguntza batzuk eskatu dizkiotela administrazioren bati edo beste erakunde publiko edo pribaturen bati, eta, hala badagokio, laguntzok eskuratu dituztela, hori gertatu eta hamabost eguneko epean, hargatik eragotzi gabe deialdi honen 7. oinarriaren 6. paragrafoan xedatzen dena.
8.– Dirulaguntza emateko kontuan hartzen den egoera subjektibo edo objektiboren bat aldatzen bada, aldaketaren berri ematea Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari, idatziz.
9.– Gastuei eta diruz lagundutako jarduerei buruz ematen den informazio edo publizitate guztian, argiki jasotzea Eusko Jaurlaritzaren funtsekin finantzatu direla jarduerok, Eusko Jaurlaritzaren erakunde-nortasunaren eskuliburua arautzen duen abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuan xedatuarekin bat.
10.– Merkataritza-legeriak eskatutako terminoetan ikuskatutako kontabilitate-liburuak, erregistro izapidetuak eta gainerako dokumentu guztiak izatea, eta deialdi bakoitzean finantzatutako inbertsioarekin lotutako inbertsio eta gastu guztietarako kontabilitate-kode egoki bat edo kontabilitate-sistema bereizi bat mantentzea, araudiak finkatzen dituen kontrolak egin ahal izateko.
11.– Jasotako funtsak zertarako erabili diren frogatzen duten agiriak gordetzea, baita elektronikoak ere, baldin eta egiaztatu eta kontrolatu ahal badira.
16. oinarria.– Gauzatzeko gehieneko epeak.
1.– Oinarrizko ikerketako, ikerketa industrialeko eta garapen esperimentaleko eta antolaketaren arloko berrikuntzako proiektuen laguntzei dagozkien inbertsioak edo gastuak urtean edo hainbat urtetan gauzatu ahal izango dira. 2019ko aurrekontu-ekitaldian hasi behar dira diruz laguntzekoak diren ekintzak.
2.– I+G+B proiektuekin lotutako bideragarritasun teknikoko azterlanetarako inbertsioak edo gastuak urtebetean gauzatuko dira. 2019ko aurrekontu-ekitaldian hasi behar dira diruz laguntzekoak diren ekintzak.
3.– Urtebete irauten duten proiektuak gauzatzeko epea 2019ko abenduaren 31n amaituko da. Nolanahi ere, luzatu egin ahal izango da, 19. oinarriaren 4. zenbakian xedatuarekin bat etorriz, eta luzatutako proiektuak gauzatzeko gehieneko epea 2020ko abenduaren 31n amaituko da, beranduenez.
4.– Hainbat urtetarako proiektuak gauzatzeko epea 2020ko abenduaren 31n amaituko da. Nolanahi ere, luzatu egin ahal izango da, 19. artikuluko 4. zenbakian xedatuarekin bat etorriz, eta luzatutako proiektuak gauzatzeko gehieneko epea 2021eko abenduaren 31n amaituko da, beranduenez.
17. oinarria.– Gastua justifikatzea.
1.– Dirulaguntzei buruzko abenduaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 30. artikulua betez, dirulaguntza jaso duen inbertsio- edo gastu-proiektuaren gauzatzea eta onuradun izateko eskatutako betekizun eta baldintzak betetzen direla justifikatzeko, agiri hauek aurkeztu beharko zaizkio landa-garapenaren arloko zuzendaritza eskudunari:
a) Egindako jardueren justifikazio-memoria bat, non jasoko baita proiektua gauzatzeari eta haren betetze-mailari buruzko informazioa, eta laguntza emateko betekizun eta baldintzen betetze-mailari buruzkoa.
b) Jatorrizko fakturak eta froga gisa balio bera duten gainerako agiriak, merkataritzako trafiko juridikoan balio dutenak edo administrazio-eraginkortasuna dutenak, faktura jaulkitzeko beharrik ez dagoen kasuetan, Fakturazio-betebeharrak arautzeko Erregelamendua onartzen duen Errege Dekretuaren 3. artikuluarekin bat etorriz betiere (azaroaren 30eko 1619/2012 Errege Dekretua), eta dagokien ordainketa-frogagiria.
c) Erantzukizunpeko adierazpen bat, zehazten duena fakturak eta ordainketak justifikatzeko gainerako egiaztagiriak ez direla aurkeztu diruz lagundu daitezkeen beste programa batzuk justifikatzeko edo, hartarako aurkeztu badira, zehazten duena zer programa justifikatzeko aurkeztu diren eta faktura edo egiaztagiri bakoitzaren zer ehuneko lagundu den diruz.
d) Dirulaguntzak itzultzegatik dagozkion betebeharrak ordaindu dituela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena.
2.– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bete direla ofizioz egiaztatuko du Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak, automatikoki. Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake laguntza-eskabidean inplizituki dagoen baimen hori, eta, hala egiten badu, ziurtagiria edo eskatzen den agiria aurkeztu beharko du, betiere urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.
3.– Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak agiri gehiago eskatu ahal izango ditu, egoki baderitzo. Eskaera hori arrazoitua izan beharko da.
4.– Aurreko paragrafoetan aipatutako agiriak aurkeztu ondoren, proiektuaren azken ebaluazioa egingo dute Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzako langileek, eta proiektuak berarekin soilik inbertsioa edo soilik gastua badakar, edo inbertsioa eta gastua elkarrekin, proiektua gauzatu dela adierazten duen azken ziurtagiria egingo dute.
5.– Inbertsioak edo gastuak egiteko ezarritako epea, edo, hala badagokio, azken luzapena amaitu eta hurrengo urteko urtarrilaren azken eguna izango da, gehienez ere, laguntzen kudeaketa eta ordainketa egokia izango dela bermatzeko, gastua egin dela egiaztatzen duten agiriak aurkezteko gehieneko epea.
18. oinarria.– Ordainketa eta bermeak.
1.– Ordainketak honela egingo dira:
A) Aldez aurretik inbertsioa edo gastua justifikatu behar dira, aurreko oinarriko dokumentuak aurkeztuz. Proiektuak inbertsioa ere baldin badakar berarekin, ordainketak egiteko, justifikazioa beharko da aurretik, egindako inbertsioen ziurtapena prestatu ondoren (Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzako langileek prestatua). Ziurtapena egiteko bi hilabete daude gehienez, inbertsioa osorik edo partez gauzatu dela komunikatzen denetik eta 17. oinarriaren 1. paragrafoko a) apartatuan aipatzen den memoria aurkezten denetik.
B) Urte bakoitzean, ordainketak kontura egin daitezke, proiektuak gauzatzeko erritmoaren arabera. Horretarako, interesdunek eskatu egin behar dute aurretik. Gehienez ere, konturako ordainketa bat egingo da urte bakoitzeko. Konturako ordainketa egiteko eskabidearekin batera, 17. oinarriaren 1. zenbakian aipatzen diren agiriak aurkeztuko dira.
2.– Zehapen-prozeduraren batean edo dirulaguntzen itzultze-prozeduraren batean egonez gero, laguntza jasotzeko, lehenik hura amaitu beharko da. Prozeduraren ondorioz laguntza publikoak jasotzeko desgaikuntza edo itzultzeko betebeharra ezarriko balitz, itzulketa ez bada borondatezko aldian egiten, baldintzapean emandako laguntza indargabetu egingo da, onuradun izateko debekua dakarten egoeretako batean egoteagatik. Hala dagokionean, dirulaguntza hauek onuradunei ordaintzeko, dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketak egunean izan beharko dira.
3.– Inbertsioak ez badira egiten gehieneko epeen barruan, ezta epeen luzapenean ere, edo inbertsioa egin izana egiaztatzeko agiriak ez badira aurkezten epe barruan, onuradunek dirulaguntza hartzeko eskubidea galduko dute, eta, hala badagokio, agindu honen 21. oinarriko itzulketa-prozedura jarriko da abian.
4.– Izaera juridikorik ez duten pertsona fisiko edo juridiko pribatuen taldeei eta ondasun-erkidegoei dagokienez, funtsen hartzaile izateko izendatu den kideari egingo zaio ordainketa, eta hark banatuko ditu taldeko gainerako kideen artean.
19. oinarria.– Dirulaguntzak emateko baldintzak aldatzea eta inbertsioa edo gastuak gauzatzeko epeak luzatzea.
1.– Beste erakunde publiko nahiz pribatu batetik beste laguntza edo dirulaguntzaren bat jasoz gero, idatziz justifikatu eta jakinarazi beharko zaio Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari, eta, horren ondorioz, gerta liteke dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea; kasu horretan, dena dela, agindu honetan ezarritako gutxieneko betekizunak eta laguntza ematea eragin zuen helburua gorde beharko dira. Horretarako, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak dagokion aldaketa-ebazpena emango du, hala egokituz gero emandako dirulaguntzaren zenbatekoak oinarri berriaren arabera doitzeko. Hala bada, 1991ko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan jasotako itzulketa-prozedurari ekingo zaio.
2.– Aurkeztu eta dirulaguntza eman zaion proiektuan egiten dituen aldaketak idatziz jakinarazi eta behar bezala justifikatu beharko ditu onuradunak, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzaren aurrean.
Aurkeztutako proiektuaren gainean –zeinari dirulaguntza eman baitzitzaion– eginiko funtsezko aldaketen ondorioz, hala badagokio, laguntza emateko ebazpena aldatuko da; bestela, funtsezko aldaketa horiek ez badute aldatzen laguntzaren ebazpena, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak ebazpena emango du, eskatutako aldaketa horiek onartzeko.
Honako hauek hartuko dira funtsezko aldaketatzat:
1) Aldaketa esanguratsuak egitea edo proiektuan hasieran ezarritako helbururen bat ezabatzea.
2) Proiektua gauzatzeko egutegia aldatzea.
3) Proiektua gauzatzeko ezarritako faseren bat deuseztatzea.
4) Gastu-kontzeptuak aldatzea, hasieran onartutako gastuez gain beste batzuk ere sartuz.
5) Proiektuan parte hartzen duten agenteetatik baten bat ordeztu edo kentzea.
Aldaketak direla-eta ez da inoiz emandako dirulaguntza handituko.
Aldaketak ez badira funtsezkoak, ez dute biderik emango laguntza emateko ebazpena aldatzeko.
3.– Baldin eta egindako inbertsioaren edo gastuaren behin betiko benetako kostua txikiagoa bada onartutako eta dirulaguntza emateko erreferentziatzat hartutako aurrekontua baino, eta laguntza helburu bererako erabiltzen bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa txikitu egingo da, dagokion proportzioan, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariaren likidazio-ebazpen baten bidez, eta, gero, oinarri berriari aplikatuko zaio dirulaguntzaren ehunekoa.
4.– Onuradunak aldez aurretik eta idatziz eskatzen eta justifikatzen badu –emandako laguntzaren xede den proiektu-gauzatzea bukatu behar den eguna baino 30 egun lehenago, beranduenez, aurkeztu beharko luke eskaera–, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak, ebazpen baten bidez, emandako laguntzaren xede den inbertsioa gauzatzeko epea luzatu ahal izango du, non zehaztuko baita gehienez ere zenbat luza daitekeen, hasieran onartutako dirulaguntzari eutsita. Alde horretatik, proiektuak gauzatzeko gehieneko epea inola ere ez da izango agindu honen 16. oinarriak xedatzen duena baino luzeagoa.
20. oinarria.– Atzera egitea eta uko egitea.
1.– Eskatzaileak atzera egin ahal izango du, betiere laguntzak emateko prozeduraren ebazpena jakinarazi aurretik. Horretarako, atzera egiteko eskaera bat helarazi beharko dio Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariari, idatziz, eta hark, ebazpen baten bidez, bete-betean onartuko du eskaera, eta amaitutzat emango du hari dagokion prozedura.
2.– Onuradunak laguntzari uko egin ahal izango dio, laguntza onartu ondoren –agindu honen 15. oinarriko 3. apartatuan ezarritako betebeharrarekin bat etorriz, emandako laguntza onartzeko betebeharra dute onuradunek–, baina, betiere, inbertsioa amaitu aurretik, eta baldin eta Administrazioak inolako ordainketarik egin ez badu. Uko egitea idatziz aurkeztuko da, idazkia Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariari zuzenduta. Zuzendari horrek, ebazpen baten bidez, bete-betean onartuko du ukoa, eta harentzat prozedura bukatu dela deklaratuko du.
Ukoa onartuta, onuradunak automatikoki galduko du ebazpen bidez onartutako eskubidea, baita emandako laguntza kobratzeko eskubidea ere.
21. oinarria.– Ez-betetzeak.
1.– Ez-betetzeen kausak izango dira, gutxienez, hauek guztiak:
a) Agindu honetan ezarritako betebeharretako edozein ez betetzea.
b) Dirulaguntza emateko ebazpenean ezartzen diren baldintzak, halakorik izanez gero, ez betetzea.
c) Laguntza emateko xedea ez betetzea.
d) Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko 2003ko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan aurreikusitako itzulketa-kausaren bat denean.
2.– Onuraduna aurreko atalean zerrendatutako ez-betetzeen kausetako baten egoeran egongo balitz, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak, 15 eguneko epean, interesdunari entzunaldia emango dion ez-betetze espedientea egin ondoren, egokitzat jotzen dituen alegazioak egin ditzan, ebazpen baten bidez, dirulaguntza jasotzeko eskubidea kenduko dio onuradunari, partez edo osorik, eta, hala badagokio, kobratu dituen laguntzak eta dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko berandutze-interesak itzuli beharko dizkio onuradunak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, partez edo osorik, proiektuaren gauzatze-mailaren proportzioan, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53. artikuluan eta 2003ko dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan xedatuarekin bat. Gainera, dagozkion gainerako neurriak hartuko dira. Ez-betetzea inbertsioei eusteko epeari badagokio, emandako dirulaguntzaren itzulketa «pro rata temporis» egingo da.
Aipatutako diru kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.
3.– Arau-hauste administratibotzat har daitezkeen gertakarien ondorioz hasten bada itzulketa-prozedura, organo eskudunari jakinaraziko zaizkio gertakariok, dagokion zehapen-prozedura has dezan.
22. oinarria.– Bateragarritasunak.
1.– Agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak dira beste edozein erakunde publiko zein pribatuk xede bererako emandako beste edozeinekin, betiere dirulaguntza guztien baturak gainditzen ez baditu agindu honek egoera bakoitzerako ezarritako gehieneko ehunekoak. Muga hori gaindituko balitz, gaindikinari dagokion zenbatekoa kenduko zaio laguntzari, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariaren ebazpen bidez, erakunde onuradunari entzun ondoren.
2.– Aurreko paragrafoak xedatzen duena gorabehera, baldin eta laguntzen mugak desberdinak badira, onuradunarentzat onuragarriena den muga hartuko da kontuan gaindikina kalkulatzeko.
23. oinarria.– Datuen babesa.
Agindu hau aplikatuta biltzen diren izaera pertsonaleko datuak Datu pertsonalak babesteko eta eskubide digitalak bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta gainerako lege aplikagarrietan xedatutakoaren arabera tratatuko dira.
ESKABIDEA EGITEKO FORMULARIOAREN EDUKIA
Laguntzaren eskabidea egiteko formularioa webgune honetan dago eskuragarri: http://www.euskadi.eus
Oinarrizko eduki hau du:
Eremu generikoak:
● Identifikazio-agiriaren mota.
● Zenbakia.
● Izena (pertsona fisikoentzat bakarrik).
● Lehen abizena (pertsona fisikoentzat bakarrik).
● Bigarren abizena (pertsona fisikoentzat bakarrik).
● Sexua (pertsona fisikoentzat bakarrik).
● Entitatearen izena (pertsona juridikoentzat bakarrik).
● Telefono finkoa.
● Telefono mugikorra.
● Helbide elektronikoa.
● Lurralde historikoa.
● Jakinarazpen eta komunikazioetarako kanala.
● Abisuak jasotzeko helbide elektronikoa.
● Abisuak jasotzeko telefono mugikorreko zenbakia.
● Jakinarazpen, komunikazio eta abisuetarako hizkuntza.
Eremu osagarriak: Erantzukizunpeko adierazpena:
● Enpresa ez dago krisialdian, estatuek krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko ematen dituzten laguntzei buruzko zuzentarauen arabera (2014/C 249/01).
● Proiektuak Euskadin ingurumen-gaietan aplikatu beharreko berariazko araudia betetzea (21/2013 Legea, 2013ko abenduaren 9koa, ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 3/1998 Lege Orokorra, 1998ko otsailaren 27koa, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babestekoa) –dagokionean, inbertsio-proiektuek ingurumenean duten eragina ebaluatuko da, aurrez–, baita higiene-araudia eta inbertsio bakoitzari aplikatu beharreko Erkidegoko arauak ere.
● Jakinaraztea ea diruz lagun daitekeen proiektu bera ordaintzeko beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide ekonomikorik eskatu dion administrazio publiko edo erakunde publiko edo pribaturen bati, baita eskuratu duen ala ez.
● Jakinaraztea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasiera eman zaion edozein itzulketa- edo zigor-prozeduratan sartuta dagoen ala ez.
● EAEko Administrazioak eta haren menpeko erakundeek emandako laguntzen edo dirulaguntzen esparruan, itzulketa- edo zigor-prozeduretako kantitate zehatzak ordaintzeko betebeharrari dagokionez egunean dagoen ala ez. Betebehar horien ordainketak egunean dituztela ulertuko da zorrak atzeratuta eta zatituta badaude, eta, gainera, gaineratutako zor, interes eta gastu guztiak estaliko dituen bermea eratu bada.
● Dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen epai irmorik ez izatea (zigor- edo administrazio-arloan), ezta horretarako legezko inolako debekurik ere, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako 2005eko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean xedatutakoarekin bat etorriz.
● Konkurtso-deklarazioa eskatuta ez edukitzea, edozein prozeduratan kaudimengabetzat deklaratuta ez egotea, konkurtsoan deklaratuta ez egotea, salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek, esku-hartze judizialaren pean ez egotea edo desgaituta ez egotea Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaikuntza-aldia amaitu gabe.
● Dirulaguntzak lortzeko aukera galtzeko zehapena jaso ez duela ebazpen irmo baten bidez.
● Kausaren batean errudun deklaratua izateagatik, Administrazioarekin egindako edozein kontraturen amaiera irmoa ebatzita ez izatea.
● Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez egotea Kargu publikodunen jokabide-kodea eta haien interes-gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean ezarritako kasuren batean, edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko karguren bat ez izatea, lege horretan edo arlo hau arautzen duen araudi autonomikoan ezarritako baldintzetan.
● Laguntza edo dirulaguntza publikoak lortzeko aukera galduta ez izatea ebazpen irmo baten bidez ezarritako zehapena dela-eta, edo honako delitu hauetakoren bat egin izanagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, eragimen-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.
● Zerga-egoitza ez izatea erregelamenduz zerga-paradisu gisa kalifikatutako herrialde edo lurralde batean.
● Elkarteen kasuan, horiek elkartzeko eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluaren 5. eta 6. apartatuetan aurreikusitako debekuen kausetan nahastuta ez egotea. Eta inskribatzeko administrazio-prozedura eten ez izana, ez-zilegitasun penalaren arrazoizko zantzuak aurkitzeagatik, 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan ezarritakoa aplikatzeko, harik eta ebazpen judizial irmoa egon arte; kasu horretan, dagokion inskripzioa egin ahalko da, dagokion erregistroan.
● Berreskuratze-agindu baten menpe ez egotea, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela.
Halaber, baimen inplizitua eman beharko du Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak automatikoki ziurta ditzan NANa, IFK eta zerga-betebeharrak bete izana eta Gizarte Segurantzako ordainketak egin izana; baimen hori berariaz ukatzeko aukera izango du, eta, kasu horretan, eskatzaileak aurkeztu beharko ditu dagokion ziurtagiria edo eskatutako agiria.