Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

144. zk., 2019ko uztailaren 31, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
3663

EBAZPENA, 2019ko uztailaren 23koa, Funtzio Publikoko sailburuordearena, zeinaren bidez jendaurrean jartzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio kidegoak eta eskalak arautzeko lege-aurreproiektua.

Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio kidegoak eta eskalak arautzeko lege-aurreproiektua prestatu du, Xedapen Orokorrak Egiteko Prozeduraren abenduaren 22ko 8/2003 Legeak zehaztu bezala izapidetu behar den legea.

Horregatik, legezko erregulazio hori betetzeko, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak eman zituen, batetik, 2017ko uztailaren 10eko Agindua, zeinaren bidez hasiera eman baitzitzaion Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio kidegoak eta eskalak arautzeko lege-aurreproiektua prestatu eta izapidetzeari, eta, bestetik, 2019ko uztailaren 17ko Agindua, aurretik lege-aurreproiektu hori onartzekoa, testu artikulatua idatzi eta gero.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 83. artikuluan ezarritakoari jarraituz, herritarren eskubide eta bidezko interesei eragiten dieten xedapen orokorrek entzunaldiaren izapidea igaro beharko dute. Era berean, xedapenen izaerak hala eskatzen badu, jendaurrean jarri beharko dira.

Erregulazioak Euskal Autonomia Erkidegoko herritar guztiei eragingo die, izan ere, lanbide-profil guztiak kidego, eskala eta espezialitateen egitura batean islatzen ditu, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko Funtzio Publikora sarrera eta bertan maila igotzeko jokalekua argituz.

Hori dela-eta, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 83. artikuluarekin bat etorriz, aipatutako aurreproiektua jendaurrean jartzen da, eta, horretarako, hogei egun balioduneko epea nahikoa dela jotzen da; epe hori iragarki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera hasiko da.

Azaldutakoagatik, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura eta egitekoak ezarri zituen apirilaren 11ko 71/2017 Dekretuaren 4.c) eta 16. artikuluetan xedatutakoarekin bat, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Jendaurrean jartzea Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioko Kidegoak eta eskalak arautzen dituen lege-aurreproiektua, hogei egun balioduneko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

Bigarrena.– Aurreko atalean xedatutakoaren ondorioetarako eta alegazioak aurkeztu ahal izateko, proiektuaren edukia eskuragarri egongo da Eusko Jaurlaritzako egoitza elektronikoko iragarki-taulan, www.euskadi.eus-en, legegunean eta gobernu irekiko partaidetza atarian: www.irekia.euskadi.eus-en.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko uztailaren 23a.

Funtzio Publikoko sailburuordea,

ANDRÉS ZEARRETA OTAZUA.


Azterketa dokumentala