144. zk., 2019ko uztailaren 31, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (235 KB - 5 orri.)
- EPUB (256 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
LEHENDAKARITZA
3662
EBAZPENA, 2019ko maiatzaren 15ekoa, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariarena, 2019. urtean enpresei eta entitate pribatuei dirulaguntzak emateko eta ukatzeko dena. Dirulaguntza horiek aholkularitza-enpresa homologatuak kontratatzeko dira, emakume eta gizonen berdintasunari buruzko diagnosia eta berdintasun-plana egin ditzaten.
Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariaren 2018ko abenduaren 3ko Ebazpenaren bidez, 2019. urtean enpresei eta entitate pribatuei dirulaguntzak emateko deialdia egin zen (2018ko abenduaren 13ko EHAA, 239. zk.). Dirulaguntza horiek aholkularitza-enpresa homologatuak kontratatzeko emango dira, emakume eta gizonen berdintasunari buruzko diagnosia eta berdintasun-plana egin ditzaten.
Ebazpen horren 12.1 artikuluan ezartzen denez, eskabideak Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariaren ebazpen batez ebatziko dira, horretarako izendatutako Hautaketa Batzordeak proposatuta. Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, jendeak horren berri izan dezan.
Artikulu horren 3. paragrafoan ezarritakoaren arabera, laguntzak emateko ebazpen honetan zehazten dira dirulaguntza eman eta ukatu zaien enpresak eta entitateak eta esleitu zaizkien diru-zenbatekoak eta, onuradunen batek uko eginez gero, ordezko izango diren entitateak.
Adierazitakoagatik, Hautaketa Batzordeak proposatutakoa kontuan hartuta, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Ebazpen honen I. eranskinean dauden enpresa eta entitate pribatuei dirulaguntzak ematea, bakoitzari izendatu zaion diru-zenbatekoaz. Guztira, laurogei mila (80.000) euro eman dira.
Bigarrena.– Ebazpen honen II. eranskinean aipatzen diren enpresa eta entitate pribatuak ordezko izendatzea. Gehienez jaso dezaketen zenbatekoa ere zehazten da.
Hirugarrena.– Ebazpen honen III. eranskinean aipatzen diren enpresa eta entitate pribatuei dirulaguntzak ukatzea, ukapenaren arrazoia esanez.
Laugarrena.– Entitate eta enpresei gogorarazten zaie ezen, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariaren 2018ko abenduaren 3ko Ebazpenaren 6.2 artikulua aplikatuz, laguntza hauen entitate eta enpresa onuradunek Lankidetza Erakunde aitorpena eskatu beharko dutela, «Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Lankidetza Erakundea» aitorpena arautzen duen otsailaren 11ko 11/2014 Dekretuan ezarritakoaren arabera.
Bosgarrena.– Laguntza hauen entitate eta enpresa onuradunek 15 egun izango dituzte jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera dirulaguntzei uko egiteko, halaxe ezartzen baita Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariaren 2018ko abenduaren 3ko Ebazpenaren 13 a) artikuluan.
Seigarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu dadila agintzea.
Zazpigarrena.– Ebazpen honek administrazio-bidea amaitzen du. Beraz, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete dagokion administrazioarekiko auzietako epaitegian, bi hileko epean, ebazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera. Hala agintzen da uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 8.3 artikuluan eta 46. artikuluko 1. eta 4. paragrafoetan (29/1998 Legea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzekoa).
Vitoria-Gasteiz, 2019ko maiatzaren 15a.
Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendaria,
MIREN IZASKUN LANDAIDA LARIZGOITIA.