Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

142. zk., 2019ko uztailaren 29a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
3641

AGINDUA, 2019ko uztailaren 12koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, zeinaren bidez babes-maila ertaineko kultur ondasun deklaratzen baitira, monumentu-multzoaren kategoriarekin, Donostiako (Gipuzkoa) Ulia parkean dauden Sorobordako eta Buskandoko ur-biltegiak.

Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioko 148.1.16 eta Estatutuko 10.19 artikuluen babesean, eskumen osoa bereganatu zuen kultura-ondareari dagokionez. Aipaturiko eskumen horretaz baliatuz, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legea onartu zen, kultura-interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena.

Donostiako (Gipuzkoa) Ulia parkean dauden Sorobordako eta Buskandoko ur-biltegiek kultur aldetik duten interesa ikusita eta haien kultur balioan oinarrituta, eta indarrean dagoen legerian xedatutakoari jarraituz, Kulturako sailburuordeak erabaki zuen Sorobordako eta Buskandoko ur-biltegiak Euskal Kultura Ondarearen Inbentario Nagusian sartzeko espedienteari hasiera ematea, 2019ko otsailaren 19ko Ebazpenaren bidez (2019ko otsailaren 26ko EHAAn argitaratu zen, 40. zenbakian).

Espediente horren administrazio-izapidean, jendaurrean jarri zen espedientea, eta interesdunei entzunaldia emateko epea ireki zen, betiere lehen aipaturiko 7/1990 Legearen 17. eta 11.3 artikuluetan eta harekin bat datozen gainerako xedapenetan ezarritakoarekin bat etorriz.

Informazio publikorako eta interesdunei entzunaldia emateko izapidea ireki ostean, honako hauek alegazioak aurkeztu zituzten: Asociación de Vecinos de Ulía / Uliako Auzo Elkartea (2019ko martxoaren 12an eta 2019ko ekainaren 17an); Ignacio Javier Larrañaga Urain eta Ana Etxebarria Olaso (2019ko martxoaren 15ean); Altza XXI Herri Ekimena (2019ko martxoaren 21ean); Félix Soto Azkarate (2019ko martxoaren 25ean); Iñigo Aguirre Ibarbia (2019ko martxoaren 26an); eta Intxaurrondo Zaharreko Bizilagunen Elkartea (2019ko martxoaren 27an).

Horrekin lotuta, aurkeztutako alegazioen helburu nagusia zen monumentu-multzoaren babes-maila handitu eta ondasun kalifikatu deklaratzea (gaur egun, babes berezia), eta babesak, ur-biltegiez gain, Ulia parkeko beste elementu batzuk ere hartzea: mintegiak, zuhaitzak, mintegietako langileburuaren etxea, baratze-alorrak, hazi-kaxak, ateak eta perimetro-hesia).

Prozedura izapidetzeko aldian, Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legea onartu zen, eta indargabetu egin zen Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legea, atal hauek izan ezik: III. tituluko VI. kapitulua, dokumentu-ondareari buruzkoa, eta IV. tituluko I. kapitulua, artxibo-zerbitzuei buruzkoa. 6/2019 Lege hori 2019ko maiatzaren 20ko EHAAn (93. zk.) argitaratu zen, eta argitaratu eta hurrengo egunean jarri zen indarrean.

6/2019 Lege berriak, 8. artikuluan, euskal kultura-ondarea osatzen duten ondasunen beste sailkapen bat ezartzen du, eta, horren arabera, hauek bereizten ditu: babes bereziko kultura-ondasunak, babes ertaineko kultura-ondasunak eta oinarrizko babeseko kultura-ondasunak.

Halaber, Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legearen babesean kultura-ondasun deklaratu diren eta EAEko lurralde-esparruan dauden ondasun higigarri eta higiezin guztiei dagokienez, hau ezartzen du 6/2019 Legearen lehenengo xedapen gehigarriak: babes bereziko kultura-ondasun izatera pasatuko dira Kultura Ondasun Kalifikatuen Erregistroan sartuta daudenak, eta babes ertaineko kultura-ondasunak izango dira Euskal Kultura Ondarearen EAEko Inbentario Nagusian sartu direnak. Bi kasuetan, horiei aplikatu beharreko babes-araubide berdina izango dute.

Era berean, 6/2019 Legearen lehenengo xedapen iragankorrak hau gehitzen du: kultura-ondasun deklaratzeko espedienteen izapidetzea eta ondorioak lege horrek ezarritakoaren mende geldituko dira, lege hori indarrean jarri aurretik hasitako espedienteak badira.

Aurrekoa kontuan hartuta, eta aurkeztutako alegazioak aztertu ondoren, erantzuna eman zaie, Kultura Ondarearen Zuzendaritzak egindako txosten teknikoetan oinarrituta (txostenok espedientean daude).

Txosten horien ondorioak ikusita, aurkeztutako alegazioak ezetsi egin dira, arrazoituta.

Horri dagokionez, esan behar da Eusko Jaurlaritzaren ahala dela, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren bidez, kultura-ondasunak deklaratzea –Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritako zehaztapenen arabera– eta ondasun horiei eman beharreko babes-maila zehaztea. Diskrezionalitate teknikoaren marjina horrek ezaugarritzen ditu, hain zuzen ere, administrazio publikoek egikaritzen dituzten administrazio-ahalak, kultura-ondarea babesteko neurriak hartzen direnean. Kultura-ondasun edo -baliotzat zer hartu behar den eta zer babes-maila eman behar zaion zehazteko egin behar den balorazio-judizio horrek profil edo nota bereziak ematen dizkio administrazio-jarduera horri. Izan ere, babes-maila horren arabera zehaztuko da zer esparrutan egikarituko diren ondarea babesteko xedearekin ordenamenduak ematen dituen ahalak. Azken finean, diskrezionalitate teknikoko ahalak egikaritzearen aurrean gaude, kasu zehatz honi aplikatu beharreko arau-esparruko muga eta eskakizunei doitutako balioespen teknikoko marjinarekin.

Ildo horretan, espediente honetan jasota dagoen monumentu-multzoaren kultura-balioak aztertzen baditugu –balio horiek dagoeneko aztertu ziren espedientea hasi aurreko txostenean–, esan behar da arkitektura industrialeko multzo hori hiriko kultura-ondare gisa nabarmentzen dela, bai eta lurralde-mailan ere. Halere, ez dauzka babes bereziko kultura-ondasun gisa kalifikatzeko behar diren ezaugarri hauek: berezitasuna, garrantzia eta aparteko balioa. Gure autonomia-erkidegoan babes ertaineko mailarekin baloratu eta deklaratu diren beste elementu batzuen antzeko tipologia eta interesa ditu. Hori dela-eta, egokitzat jotzen da monumentu-multzo horri babes ertaineko araubidea ezartzeko proposamena.

Beste alde batetik, alegatzaileek deklarazioa birformulatzeko eskatu dute, biltegiez gain Ategorrieta-Uliako mintegi historikoen parkea ere deklarazioan sartzeko, hauek barnean direla: itxitura historikoa, mintegiak, lorategiak, landare-espezieak, ehun urtetik gorako zuhaitzak dituen eremu botanikoa, anfibioak eta hegaztiak. Horri dagokionez, hau esan behar da:

Mintegiak eta biltegiak desberdinak dira euren artean. Lotzen dituen alderdi bakarra da toki berean kokatuta daudela; izan ere, udal-zerbitzuak (jabetzakoak) hartu dituen eremua da. Espediente honetan aztertzen ari garen monumentu-ondarearen ikuspuntutik, argi dago Sorobordako eta Buskandoko biltegien multzoaren entitateak zerikusi gutxi duela mintegi-jarduera adierazten duten elementuekin: baratze-alorrak edo hazi-kaxak, jatorri eta kronologia ezberdinetako 4 berotegi, eta garrantzi gutxiko zenbait eraikin. Gainera, gure ustez, hemen kokatzen den biodibertsitatea ez du espediente honek babestu behar; horrek ez dauka zentzurik. Halere, natura-ingurunea babesteko eskumena duten beste instantzia batzuetatik burutu daiteke ekimen hori.

Deklarazioan beste elementu batzuk sartzeari dagokionez, hainbat egoera ezberdin daude. Batzuetan, duten eraikuntza-kalitate eskasa dela-eta aipamen espezifikorik merezi ez duten eraikinak dira –hobeto esanda, kontrakoa merezi dutenak–; beste kasu batzuetan, eraikinak kontserbatzearen kontrako egoera gerta daiteke, edo berez ez dira orain dauden tokikoak, hala nola bokazio higigarria daukaten elementuak (Oiartzungo berotegia; Gipuzkoa plazatik eta Kontxako hondartzatik datozen finka ixteko elementuak, udal hiri-altzariak direlako).

Gaur egungo landare eta zuhaitzen egoerari dagokionez, beti ez dute zertan lagundu higiezinen kontserbazioa edo irudia hobetzen.

Azkenik, bi biltegien artean kokatuta dagoen estilo neoeuskalduneko etxeari dagokionez –langileburuaren etxea, idazki batzuen arabera–, hasiera batean multzoarekin batera koka badaiteke ere, ez da zehazki multzo horren parte, eta ez ditu multzoaren balio berdinak.

Aurrekoa esanda, agindu honetan berariaz aipatzen dira Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen zenbait artikulu, zeinek babes ertaineko kultura-ondasun higiezinak babesteko erregimena arautzen baitute. Gainera, berariaz aipatzen da ondasun babestuen gaineko edozein esku-hartzek nahitaez behar duela dagokion foru-aldundiaren aurretiazko baimena, aipatutako 6/2019 Legearen 33. artikuluan jasotakoaren arabera.

Hori guztia dela eta, aipaturiko 6/2019 Legearen 18.2 artikuluan oinarrituz, aintzat hartuta Euskal Kultura Ondarearen Zerbitzu Teknikoek egindako txostena, eta Kulturako sailburuordearen proposamenez, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Kultura-ondasunaren babes-maila.

Babes-maila ertaineko kultur ondasun deklaratzea, monumentu-multzoaren kategoriarekin, Donostiako (Gipuzkoa) Ulia parkean dauden Sorobordako eta Buskandoko ur-biltegiak. Ondorioz, Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legean jasotako babes-araubidea aplikatu behar zaio, eta, zehazki, lege horren artikulu hauetan jasotakoa: 27.etik 35.era, 41.etik 43.era eta 46.etik 51.era.

2. artikulua.– Kultura-ondasun babestuaren deskribapen formala.

Kultura-ondasun horren deskribapen formala egitea, agindu honen I. eranskinean agertzen den mugaketaren arabera eta II. eranskineko deskribapenarekin bat etorrita, Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa betetzeko.

3. artikulua.– Kultura-ondasun babestua hirigintza-plangintzan sartzea.

Eskaera egitea Donostiako Udalari (Gipuzkoa), monumentu-multzo hori babes dezan udal hirigintza-plangintzan sartuz.

4. artikulua.– Argitaratzea.

Agindu hau argitaratzea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA. – Agindua jakinaraztea.

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak agindu honen berri emango die interesdunei, Donostiako Udalari (Gipuzkoa), Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentuari eta Mugikortasun eta Lurralde Antolaketa Departamentuari, bai eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari ere.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Jabetza-erregistroa.

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak agindu honen berri emango dio jabetza-erregistroari, Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 20. artikuluan ezarritakoaren arabera.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Kultura-ondasun babestuan esku-hartzeak baimentzea.

Oro har, Gipuzkoako Foru Aldundiaren ardura izango da agindu honek babesten dituen kultura-ondasunetan egin beharreko esku-hartzeak baimentzea, Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 33. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Hirigintzako lizentziak eman baino lehen, nahitaez lortu beharko dira monumentu-multzoko ondasunei eragiten dieten obrak edo jarduerak egiteko aurreko apartatuan aipatu diren baimenak. Donostiako Udalak (Gipuzkoa) zuzenean baimenduko ditu esku-hartzeak, baldin eta esku-hartze horiek aurreikusita badaude Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak ontzat emandako lurralde- eta hiri-antolamenduko planetan edo kultura-ondasunaren deklarazioa duen eremua babesteko plan berezietan, Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 46. artikuluan xedatutakoa betetzeko.

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak udal-hirigintzako araudia aldatzeko eskatuko dio Donostiako Udalari (Gipuzkoa), monumentu-multzo horretarako ezartzen diren babes-araubideko ondasun-zerrenda berrietara egokitu dadin, Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 47.3 artikuluan ezarritakoa betetzeko.

XEDAPEN IRAGANKORRA.– Hirigintza-plangintza egokitzea.

Udal-plangintza agindu honetan ezarritako aldaketei egokitu arte eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak oniritzia eman arte, kultura-ondasun babestuen gainean egin beharreko esku-hartzeak egiteko, beharrezkoa izango da Gipuzkoako Foru Aldundiaren organo eskudunen baimena eskuratzea, eta baimen hori udal-lizentzia baino lehen lortu beharko da.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoa.

Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du, eta, beronen aurka, interesdunek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete zuzenean Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, azken argitalpenaren hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Indarrean jartzea.

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean bertan jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko uztailaren 12a.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.

I. ERANSKINA
MUGAKETA

Mugaketak barnean hartzen du, batetik, monumentu-multzoan kultura-interesa duten higiezinak, zeharo lotuta daudenak hiriaren ur-hornikuntzarekin (II. eranskinean deskribatzen dira). Eta, bestetik, higiezinok kokatuta dauden ingurunea. Multzoa babesteko ezarritako muga bat dator hura kokatuta dagoen lursailaren mugarekin; lursail edo espazio berde horrek lagundu egingo du egitura hidrauliko monumental hau kontserbatzen eta haren garrantzia nabarmentzen.

Mugaketa hau justifikatuta dago, premiazkoa baita Donostiako (Gipuzkoa) Uliako Mintegietako parkean dauden Sorobordako eta Buskandoko ur-biltegien multzo monumentalaren ingurumen balioa eta balio bisuala babesteko. Ingurunearen mugaketa beharrezkoa da katalogatutako ondasunak behar bezala babesteko eta balioesteko, eta berekin dakar higiezinen inguruko lursailak eta sarbidea babestea. Ingurune horretan planteatzen diren jarduketa guztiek multzo monumentala errespetatu eta hobetu behar dute, eta haren garrantzia nabarmendu.

(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
DESKRIPZIOA

Kultura-interesa duten honako higiezin hauek osatzen dute multzo monumentala: Sorobordako ur-biltegia, Buskandoko ur-biltegia, zaintzailearen etxebizitza eta azpiegitura horren funtzionamenduari lotutako elementu txikiak.

Sorobordako ur-biltegia Uliako mintegietako lursailaren iparraldean dago. Ur-biltegia lur azpian dago, oinplano angeluzuzena du, eta barrutik bi biltegi handitan edo atal simetrikotan banatuta dago. Bi atal horiek 1,60 metro zabaleko tarte-horma batek bereizten ditu. Horma hori gangak abiatzen diren tokiraino iristen da, eta, hala, airea igarotzen da gela batetik bestera. Guztira, 4.200 m3 biltegiratzeko edukiera du.

Barruan, zenbait nabe dauzka, ertz-gangek estaliak (ertz-ganga eliptikoak). Ganga horiek harreharri-harlanduzko lau angeluko zutabe batzuetan bermatuta daude; zutabeok bikain kontserbatzen dira. Atal bakoitzak, guztira, luzetarako hiru nabe dauzka, eta nabe bakoitzak bost zutabeko bi ilara. Zutabeok hormigoi hidraulikozko 1,30 m-ko zapata baten gainean bermatuta daude, eta, haien artean, 4,20 m zabaleko pasabide bat dago. Kanpoaldeko perimetroan, gangak 14 pilastratan bermatzen dira, perimetroko hormei itsatsita daudenak. Ganga altuenak 6,50 m-koak dira, eta haien nerbioak 5 m-ko altueratik hasten dira. Hormigoi hidraulikoz eginak daude gangak, eta gerora luzitutako barrualdea dute.

Esparruaren inguruko hormak harlangaitz hidraulikoz eginak daude, gerora luzitu zirenak, gangen antzera-antzera; tratamendu bera izan zuen bi atalen arteko hormak ere. Forma trapezoidala dute horma horiek, barnealdeko pareta plomuan egina dago, eta kanpokoak plano inklinatu moduko laprandura du; horregatik, oinarrian 1,50 metro lodi da, eta goiko aldean 0,80 m baino ez.

Zolarria zementu hidraulikozkoa da, eta batez beste 30 cm-ko potentzia du. Egun, 5-10 cm-ko lohi geruza fin batez estalia dago.

Egitura osoa lur begetalez estalia dago (geruza hori metro erdi da lodi), kanpoaldetik isolatzeko. 4 tximinia dira kanpoaldetik identifikatzeko moduko elementu bakanetako bat, eta biltegietako ura aireztatzea zuten helburu. Porlanezko oinarri baten gainean daude, eta latorri fineko xaflaz eginak daude.

Sorobordako ur-biltegia 1871. eta 1872. urteen artean eraiki zen, Nemesio Barrio udal-arkitektoaren proiektuari jarraikiz.

Buskandoko ur-biltegia Sorobordakoa baino hegoalderaxeago dago, eta, bien arteko lotunea hodi bat da, ur-soberakinak biltzen zituena.

Biltegi hau oinplano angeluzuzeneko bi ataletan banatuta dago; harlangaitz hidraulikoz egindako bi metro zabaleko tarte-horma batek bereizten ditu bi atalak. 8.900 m3 inguru biltegiratzeko edukiera du. Hasieran, biltegiaren inguruko hormak eraiki ziren. Horma horiek harlangaitz arruntez eginak daude, eta 2 cm lodi den zementu hidraulikozko geruza batek estaltzen ditu, isolamendua bermatzeko. Horma horien profilak forma trapezoidala dauka; barrualdean, zuzenak dira, eta, kanpoaldean, berriz, plano makurtua dute. 2,25-2,50 m-ko oinarria dute, eta goiko aldea 1,12 m-koa da. Altuera 4,50 m-koa da.

Biltegia behin betiko estaltzeko, gaur egun dagoen bezala, puntu erdiko hainbat arku egin zituzten, 2,56-3,01 m-ko erradioa dutenak, ebakidura angeluzuzen samarreko ostiko edo zutabe trinkoetan bermatuta; horiek, halaber, estalkiko ganga eliptikoetarako zimendu-plano gisa erabili zituzten, hasieran planteatutako ertz-gangen ordez. Zutabe horiek 1,40 x 1,10 metroko oinarria eta metro beteko potentzia zuen hormigoizko zimendu trinkoz eginak zeuden. Bai arkuak bai ostikoak hareharrizko harlanduz eginak dira. Gangak bost metro garai dira.

Kanpoaldean, askoz ere irudi landuagoa du. Eraikinaren kanpoaldeko perimetroa kareztatutako pareta bat da, eta zenbait bao nabarmentzen dira han, hamar inguru, inguruan belarridun plaka lau xumeak dituztenak. Bao horiek barrualdea aireztatuta dagoela bermatzen dute. Barrualdera sartzeko, bi gorputzeko eskailera bikoitz bat dago, zementu-plakaz egina eta burdin forjatuzko saredun hesi baten bidez babestua. Eskailera horiek biltegiko estalduraraino heltzen dira, eta, han, etxola txiki bat dago, barrualdera sartzeko aukera ematen duena.

Buskandoko ur-biltegia 1894. eta 1895. urteen artean eraiki zen, Jose dee Goicoa udal-arkitektoaren proiektuari jarraikiz. Jatorrian, biltegi hauek aire-zabalean egin ziren, baina, geroago, estaltzeko agindua eman zitzaion Marcelo Sarasola udal-ingeniariari, eta 1899. eta 1900. urteen artean estali ziren.

Zaintzailearen etxebizitza delakoak osatzen du biltegien multzoa. Sorobordakoaren ondoan dago eta, egun, lehengo eginkizunari eusten dio. Bi garaitan eraiki zen, hamabi urte eskaseko tartea zela bien artean. Jatorrizko eraikina 1872. eta 1873. urteen artean egin zen, biltegia bukatu ostean. Solairu bakarra dauka, 60 m2 azalerakoa, eta egurrezko bilbaduradun estaldura du, bi isurialdekoa. Eraiki eta sei urtera, handitu egin zen etxea, beste solairu bat eginda, eta hegal bat gehituta, atzealdean zementuzko zutabeetan bermatuta dagoena. Tankera berriak eutsi zien jatorrizko erakinaren eraikuntza-estetikari eta diseinu orokorrari. Zaintzailaren etxebizitzaren azpiko soto-solairu batean, Sorobordako biltegiko giltza-erregistroaren putzua dago, sarbide independentea duena. Zoritxarrez, jatorrizko makineria guztia, kontserbatutako planimetrian azaltzen dena, erabat desagertu da, eta burdinazko hodi batzuk baino ez dira geratzen.

Gainerako egiturak, elementuak edo eraikinak, multzoaren mugaketaren barruko lursailean badaude ere, ez dira espresuki jaso deskripzio honetan, ez baitaude zuzenean lotuta ur-biltegien funtzionamenduarekin, eta, hortaz, ez dira espediente honetan jasotakoari jarraituz babestuko.


Azterketa dokumentala