Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

142. zk., 2019ko uztailaren 29a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
3633

EBAZPENA, 2019ko ekainaren 24koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita «AL 11.1 Zuluaga» azpieremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa, Donostiako udalerrian.

AURREKARIAK

Donostiako Udalak, 2018ko azaroaren 26an, eskabide bat aurkeztu zuen hasiera emateko ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedurari, honako plan honi dagokionez: «AL 11.1 Zuluaga» azpieremuaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia (aurrerantzean, Plana). Eskaerarekin batera, zenbait agiri aurkeztu ziren, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukia zuena.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, kontsulta-izapidea egin zitzaien eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei, egoki iritzitako oharrak egin zitzaten, oinarritzat har bailitezke ingurumen-txosten estrategikoa formulatzeko eta, beharrezko iritziz gero, ingurumen-inpaktu estrategiko arruntaren ebaluazioa egiteko. Ohar horiek aintzat hartuko dira zehazteko nolako hedadura, xehetasun maila eta zehaztasuna izan behar duen ingurumen-azterlan estrategikoak. Zehazki, hauei egin zitzaien kontsulta: Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritza eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendariordetza; Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritza Nagusia; Gipuzkoako Ekologistak Martxan elkartea, eta «Eguzkizaleak» elkartea. Era berean, Donostiako Udalari ere izapidearen hasieraren berri eman zitzaion.

Halaber, espedientean jasotzen den dokumentazioa eskuragarri egon zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, egoki ikusten zituzten ingurumen-arloko oharrak egin zitzaten interesdunek.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren eta Osasun Sailaren txostenak jaso dira; espedientean dago horren emaitza.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen planen, programen eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela ingurumenaren gaineko eraginen analisia, betiere, aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.

«AL 11.1 Zuluaga» azpieremuaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan jasotako kasuetan sartzen da; bertan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako. Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean arautzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Dokumentazio teknikoa eta «AL 11.1 Zuluaga» azpieremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak aztertuta, eta ikusirik ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak –eskumena duen organoa baita otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera–. Txostenak Planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten du, eta Plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien gaineko iritzia ematen, baita ingurumen-ondorioetarako soilik sartu behar diren azken zehaztapenen inguruan ere.

Xedapen hauek aztertu dira: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Herriko Ingurugiroa Babestekoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena, eta 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– «AL 11.1 Zuluaga» azpieremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea (aurrerantzean, Plana), jarraian adierazitako moduan:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Planaren helburua da «AL 11.1 Zuluaga» azpieremuaren antolamendu xehatua ezartzea eta eraikinaren eta eraikigarritasunaren formaren baldintzak finkatzea; proposatzen da halaber, azpieremuaren mugak aldatzea, horrela 143,54 m2-ra murriztuz, Donostiako Udalaren jabetzakoak diren mendebaldeko lursailak baztertuta, eta «Garapen Txikiko Bizitegia» tipologiatik «Eraikin Irekiko Bizitegia» tipologiara aldatzea. Horrela, 3 etxebizitza gehiago lirateke, eta hasierako 11 horiei gehituta, 14 etxebizitza izango lirateke gehienez.

Elkarbizitzako bide perimetral baten bidez sartuko da eraikin berrira, oinezkoen eta autoen komunikazioa ahalbidetuko duena.

B) Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, zehazteko ea Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

a) Planak zer neurritan ezartzen duen proiektu eta beste jarduera batzuetarako esparrua: azpieremua xeheki antolatzen du Planak, eta eraikinaren eta eraikigarritasunaren formaren baldintzak finkatzen ditu. Hori onartu eta gero, dagozkion Hirigintzako Ekintzen Programa, Birpartzelazio Proiektua eta Urbanizazio eta Eraikuntza Proiektua garatu beharko dira.

Aurkeztutako dokumentuak ikusi dira, eta Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Zer neurritan eragiten duen Planak beste plan edo programa batzuetan: planaren ezaugarriak aintzat hartuta, plan honek ez du izango aipatzeko moduko ingurumen-ondoriorik beste plan edo programa batzuetan.

c) Planaren egokitasuna ingurumen-kontsiderazioak txertatzeko, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin bereziki: plan hau garatzearen ondorioz, lurzoru antropizatuak berrerabiltzea lehenetsi beharko da, lurzoru naturalak artifizial bilakatu ordez. Gainera, Planak barne hartzen ditu Donostiako Hiri Antolamenduko Plan Nagusiaren testu bateginaren Ingurumen-jasangarritasun Txostenean azaldutako neurri babesleak, zuzentzaileak eta konpentsatzaileak Alde horretatik, egokia da garapen jasangarria sustatzen duten ingurumen-irizpideak txertatzeko, bereziki, hauei dagokienez: eraikingintza eta eraikuntza efizienteena baliabideen erabileran; hondakinen kudeaketa, eta oinezkoen irisgarritasun-baldintzen sustapena eta hobekuntza.

d) Planarekin edo programarekin loturiko ingurumen-arazo esanguratsuak: ingurumenean nolabaiteko inpaktua izan dezaketen jardunek hirigintza- eta eraikuntza-lanetako obra-faseekin dute zerikusia funtsean: etxolak eraistea eta aireko linea kentzea, lur-mugimenduak, makinen joan-etorriak, lurzorua okupatzea, ustekabeko isuriak, uren kalitatearen gaineko eragin posiblea, hondakinak sortzea, soinu-mailak handitzea, partikulek eragindako kutsadura atmosferikoa, eta abar.

Ondoren, ustiaketa-fasean, etxebizitza berriek mugikortasuna, zarata eta hondakinak handitzea ekarriko dute.

Aurreikusitako jarduketak eta jarduketa-eremua ikusita, baiezta daiteke ez dela gertatuko Plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, betiere, besteak beste, segurtasun eta osasunari eta ingurumenari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira ukitutako eremuarekin lotutako esku-hartze eta jarduerak.

e) Era berean, Plana egokitzat jotzen da ingurumen arloko EAE edo Espainia mailako legedia ezartzeko.

2.– Sor daitezkeen ingurumen-ondorioak eta seguruenik eraginpean izango den eremuaren ezaugarriak:

«AL 11.1 Zuluaga» azpieremua da Planaren antolamendu-eremua, eta Donostiako «AL.11 Alto de Buenavista» (Altza) eremuan dago. Lurzatia 4.553,09 m2-ko azalerako hiri-lurzoru finkatugabea da, eta «A.40 Garapen Txikiko Bizitegia» tipologiako eremu zabal batean barne hartuta dago.

Hiri-ingurunea denez, ez dago ingurumen-babeseko araudirik –esaterako, Natura 2000 Sarea– duen espaziorik, ezta balio natural edo kultural garrantzitsuengatik nabarmendu daitekeen elementurik ere. Halaber, ez da atzeman horri lotutako ingurumen-arrisku esanguratsurik. Eremuaren iparraldean dago kutsatua egon daitekeen inbentariatutako lurzorua; Planaren eremuak 9 m2-tan bat egiten du lurzoru horrekin, baina bertan ez da aurreikusten inolako jarduketarik.

Planari lotutako eragin nagusiak lotuta egongo dira obren fasearekin: hirigintza- eta eraikuntza-lanak (etxolak eraistea eta aireko linea kentzea, lurzorua okupatzea, dagoen landaredia kentzea, lurren mugimendua, kutsatuta egon daitezkeen lurzoruari eragitea, hondakinak sortzea, ustekabeko isuriak...), eta lasaitasun publikoaren gaineko haren eraginak (herritarren osasunaren gaineko eraginak kutsagarriak eta zaratak igortzeagatik). Ondoren, hirigintza-garapena osatuta, aintzat hartu beharko da mugikortasun, zarata eta hondakin gehiago sortuko dela. Kutsadura akustikoari dagokionez, eragin akustikoaren azterlanaren arabera, ez da aurreikusten etorkizuneko hirigintza-garapenek gaindituko dituztenik Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritako kalitate akustikoko helburuak kanporako.

3.– Neurri babesleak eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, ingurumen-txosten estrategikoak formulatzen duen ebazpenean adierazitakoarekin bat, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, ingurumen-agiri estrategikoan eta Planean bertan jasotakoarekin bat etorriz.

Aplikatu beharreko neurrien artean, proiektua gauzatzearen ondoriozkoak nabarmentzen dira, zeinek loturik egon beharko baitute hauekin: obretako jardunbide egokien eskuliburua; lurren eta soberakinen kudeaketa, bereziki lurzoru kutsatu gisa inbentariatutako lurzatietako lurrak; hondakinen sorkuntza eta kudeaketa; induskatutako lurzoruen kontrola, eta airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestea (ikus eranskina, Planaren ondoriozko proiektuko obrak gauzatzeko neurri babesle eta zuzentzaileetako batzuk jasota daude hor).

Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 37. artikuluak ezartzen duenari jarraikiz, etorkizuneko hirigintza-garapena izanik, kanpoko ingurunean kalitate akustikoaren helburuak bete beharko dira, hargatik eragotzi gabe dekretu horren 43. eta 45. artikuluetan xedatutakoa.

Eraikin eta eraikuntza jasangarriagoak izan daitezen beharrezko diren ezaugarriei dagokienez, EAEko Etxebizitzen Eraikigarritasun Iraunkorrari buruzko Gidaliburuan jasotako neurriak eta ingurumen-jardunbide egokiak erabiliko dira, eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute:

– Materialak. Lehengai berriztaezinen kopurua murriztea.

– Energia. Iturri berriztaezinen bidez sortzen den energiaren sorkuntza edo kontsumoa murriztea.

– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

– Atmosfera. Gas, hauts, bero eta argi gutxiago isurtzea.

– Barne-kalitatea. Barneko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasungarritasuna hobetzea.

Bigarrena.– Zehaztea, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoari jarraikiz, ez dela aurreikusten «AL 11.1 Zuluaga» azpieremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziak eragin nabarmenik izaterik ingurumenaren gainean, eta, ondorioz, ez dela beharrezkoa ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egitea.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Donostiako Udalari jakinaraziko zaio.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Bosgarrena.– Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, honako ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean «AL 11.1 Zuluaga» azpieremuaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia onartuko ez balitz. Kasu horretan, berriro hasi beharko da planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko ekainaren 24a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

IVAN PEDREIRA LANCHAS.

ERANSKINA

Planetik eratorritako proiektuetako obrak gauzatzeko neurri babesleak eta zuzentzaileak.

– Lurren eta soberakinen kudeaketa: obrak hasi aurretiko jarduketa gisa, landare-lurren geruza selektiboki kenduko da aldatuko diren guneetan.

Baimendutako soberakindegira eramango dira proiektuan sortutako indusketa-soberakinak, eta indarreko legeetan ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.

– Hondakinen sorrera eta kudeaketa: obrak egin bitartean sortutako hondakin guztiak eta indusketaren, eraispenen eta garbiketa-kanpainaren soberakinak kudeatzeko, Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta berariazko araudietan xedatutakoa beteko da.

Hondakin arriskutsuentzako ontzietarako, uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako arauak bete beharko dituzte (hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko oinarrizko araudia onartzen du dekretu horrek); itxita egongo dira baimendutako kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.

Olio erabiliak, berriz, Industrian Erabilitako Olioaren Kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan eta EAEn Erabilitako Olioaren Kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1988 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

– Induskatutako lurzoruen kontrola: Donostiako Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak hautemateagatiko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.

Nahiz eta, informazio horren arabera, Planak ez dion eragingo Planaren eremuaren azalerari, zeinak bat egiten baitu jarduera potentzialki lurzorua kutsa dezaketen jarduerak jasan duten lurzoruekin, aipatutako ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 23. artikuluan eta hurrengoetan zehaztutakoa aplikatu beharko da.

– Airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestea: eguneko lan-ordutegian jardungo da, eta kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.


Azterketa dokumentala