Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

139. zk., 2019ko uztailaren 23a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
3569

EBAZPENA, 2019ko ekainaren 12koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Donostiako «MZ.06-Agerre» eremuko a.40.3 lurzatiaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa.

EGITATEAK

2018ko abenduaren 26an, Donostiako Udalak «MZ.06-Agerre» eremuko a.40.3 lurzatiaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruzko ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura hasteko eskaera bete zuen. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan eskatutako edukia zutela. Gainera, ingurumen-dokumentu estrategikoan, dokumentu hori landu duten pertsonak aipatzen dira, sinatuta dago eta amaiera-data dauka.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan xedatutakoa betetzeko, 2019ko martxoaren 29an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak zenbait erakunderi eskatu zien egoki ikusten zituen oharrak egiteko, ohar haiek oinarritzat hartuta ingurumen-organo horrek ingurumen-txosten estrategikoa egin zezan. Zehazki, Eusko Jaurlaritzako erakunde hauei egin zitzaien kontsulta: Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritza, Kultura Ondarearen Zuzendaritza eta Gipuzkoako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendariordetza; Gipuzkoako Foru Aldundiko Kulturako Zuzendaritza Nagusia eta Mendietako eta Natura Inguruneko Zuzendaritza Nagusia; Ekologistak Martxan Gipuzkoa, Eguzkizaleak jolas-elkartea eta Parkeen Lagunak Haritzalde Naturzaleen Elkartea.

Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri egon zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdunek egoki iritzitako ingurumen-arloko oharrak egin zitzaten.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzaren, Gipuzkoako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendariordetzaren eta Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren –guztiak Eusko Jaurlaritzakoak– txostena jaso da (espedientean dago horren emaitza).

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen planen, programen eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela ingurumenaren gaineko eraginen analisia, betiere, aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren planak eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo planen nahiz programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako. «MZ.06-Agerre» eremuko a.40.3 lurzatiaren (Donostia) Hiri Antolamenduko Plan Berezia kasu horietako bat da.

Aztertuta geratu dira planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak eta dokumentazio teknikoa, eta kontuan hartu da ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdiekin bat datorrela. Horrenbestez, txosten horiek aintzat hartuta, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak –ingurumen-arloko organo eskuduna den aldetik, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen eta Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera– judizio-elementu nahikoa dauka, eta, beraz, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du, zeinak planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egin eta plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jasotzen baitu, baita sartu behar diren azken oharrak ere, soilik ingurumen-arlokoak.

Xedapen hauek guztiak aztertu dira: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babestekoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzkoa, eta aplikatzekoak diren gainerakoak. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– «MZ.06-Agerre» eremuko a.40.3 lurzatiaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari dagokion ingurumen-txosten estrategikoa egitea, jarraian zehazten den moduan:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

2010eko ekainaren 25ean behin betiko onartu zen Donostiako Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak hiri-lurzoru finkatugabean ezartzen du A.40/MZ.06 eremua –garapen txikiko bizitegi-lursaila–; hain zuzen ere, Begiristain Doktorea pasealekuaren ekialdeko ertzean (ospitalera igotzeko bidean), ospitalegunearen eta Agerre bidearen artean, belardiek eta zuhaizti mistoak estaltzen duten ibarbide batean.

Planaren helburua da zona horretako a.40.3 lurzatiaren antolamendu xehatua gauzatzea. Proposatu den konponbideak irizpide hauei erantzuten die:

– Lurzatiaren mugak eta azalera egokitu dira; 8.791,00 m2 zituen, eta, orain, 8.852,18 m2 ditu.

– Sestra gaineko eraikigarritasuna 1.327,83 m2/t-an finkatu da, eta bizitegi-erabilerarako eraikuntza atxikietara bideratuko da; patioa eta berdeguneak izango dituzte, eta ES+BS+I. solairua profilekoak izango dira. Sestra azpiko eraikigarritasuna sestra gaineko eraikigarritasunaren % 100ean finkatu da, gehienez ere, 4 solairutan.

– Gehienez 11 etxebizitza berri egitea finkatu da, eta etxebizitza bakoitza, batez beste, 120 m2/t-koa izan behar da.

– Galtzadetara eta espaloietara bideratutako lurzatiaren tarte bat titulartasun publikokoa izango da; gainerakoa, titulartasun pribatukoa, 3 azpizatitan banatuko da: bi zati bizilekuetarako izango dira, eta bat, ekipamendu pribatu komunerako.

Guztira, 11 bizileku egingo dira, mailakatuta, Begiristain Doktorea pasealekua eta Agerre bidea lotzen dituen bide baten gainean jarrita, ibarbidearen kurbadurari jarraituta eta orografiako aldaketetara egokituta. Ekipamendu komunitariora bideratutako zatian kirol- eta aisialdi-ekipamenduak egingo dira, eta topografiara egokituko dira, baita ere, maila desberdinetan jarriko diren plataformen bidez. Lurzatiaren inguruan, espaloi bat egingo da, Begiristain Doktorea pasealekua eta Agerre bidea lotzeko.

Urbanizazio orokorra eta lurzati eraikigarriak jarriko diren sestrak eta plataformak osatzeko, gutxi gorabehera, 40.000 m3 lur mugitu beharko dira; horietatik, 15.000 m3 indusketa-lanei dagozkie, eta 25.000 m3, betelanei. Aldapen arloko eta suteen aurkako segurtasunaren arloko araudiko eskakizunen ondorioz, a.40.3.1 zatian, antolamenduko sestra orokorra areagotu behar da, eta horrek betelanak eta euste-hormak agertzea eragingo du. Horma horiek ezkutatu egingo dira, eta paisaian txertatu.

B) Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.

1) Planaren ezaugarriak.

Planak ez du aldatzen Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren egitura-antolamendua, eta helburutzat du a.40.3.1 eremuaren antolamendu xehatua garatzea. Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako baten batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko. Etxebizitzak eraikitzeko proiektu baten bidez gauzatuko da Plana, eta ez dute eraginik izango beste plan eta programetan.

2) Ondorioen eta eragina jasan lezakeen eremuaren ezaugarriak:

«MZ.06-Agerre» eremuko a.40.3 lurzatia Donostiako ospitale-konplexuaren ekialdean dago kokatuta, hiri-lurzoruaren hegoaldeko mugan, eta dentsitate txikiko etxebizitza-lurzoruak ditu. Eremua lurzoru urbanizaezinaren mugakide da, eta, HAPOn, babes bereziko lurzoru gisa dago sailkatuta. Lurzatia ekialdetik mendebaldera gurutzatzen duen ibarbide natural batean kokatzen denez, malda oso handia dauka, 30 metroko desnibel osoa libratuta. Lurzatiak libre dauden lursailak ditu, belardietarako nahiz zuhaitzak eta zuhaixkak jartzeko.

Ingurunean ez dago ez naturagune babesturik ez hezegunerik. Interes geologikoko tokirik ere ez dago eremu horretan, ezta kultura-ondareko elementu kalifikatu edo inbentariaturik ere. Ez dago, ezta ere, gainazaleko ur-ibilgurik. Gaur egun, hostozabalen masa bat dago, eta, eremuaren zati bat, dirudienez, batasunaren intereseko habitatarekin bat dator: «Altitude txikiko sega-belardi pobreak» (6510). Faunari dagokionez, hostozabalen masak okilak izan ditzake.

Ingurumen-arriskuei erreparatuta, ez da ikusi lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten edo izan dituzten lurzatirik. Eremua uholde-arriskuko gune batetik kanpo dago, eta akuiferoen kutsadurarekiko zaurgarritasun txikia du.

Zaratari dagokionez, aurkeztu den azterlan akustikoak ondorioztatzen du bizitegi-erabilerako guneetarako ezarritako kalitate akustikoko helburuak beteko direla.

Proiektatu diren jarduketen eta eraginpean dagoen eremuaren ezaugarriak ikusirik, Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak babes berezitzat hartutako lurzoru urbanizaezin batekin kontaktuan dagoen gune batean, aurreikusten da inpaktu adierazgarrienak hostozabalen masa mistoarekin eta batasunaren intereseko 6510 habitatarekin lotutakoak izango direla. Era berean, kaltea eragingo du paisaian, urbanizazioa eta eraikuntza ibarbidearen orografiara egokitzeko betelanak egin eta euste-hormak eraiki behar dira eta.

Bestalde, obrak gauzatzearen ondoriozko efektuak aurreikusten dira (hondakinak sortzea, emisio atmosferikoak eta akustikoak, etab.). Batez ere Donostia Ospitaleko erabiltzaileei eta inguruko etxebizitzetan bizi direnei egingo die kalte.

Planean ezarritako antolamendu xehatuak ez du eragingo garapen berritara bideratutako azalera handitzea, ezta izan ditzakeen efektuen larritasuna areagotzea ere. Beraz, ez da aurreikusten Planak ondorio esanguratsuak izan ditzakeenik ingurumenean, baldin eta jarduketak ingurumen-dokumentuan eta hurrengo apartatuan ezartzen diren neurri babesleei eta zuzentzaileei jarraikiz eta, besteak beste, honako arlo hauetan indarrean dagoen araudiari jarraikiz gauzatzen badira: segurtasuna eta osasuna, ingurumena, natura-ondarea, kultura-ondarea, paisaia, kutsadura akustikoa eta ura.

3) Nolanahi ere, neurri babesle eta zuzentzaileak indarrean dagoen araudiaren arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurka ez doan guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta eremua antolatzen duten planetan jasotakoaren arabera. Planak, gainera, honako neurri babesle, zuzentzaile eta konpentsatzaile hauek barne hartuko ditu:

Natura-ondarea babesteko eta kontserbatzeko neurriak.

Gipuzkoako lurralde historikoko flora-espezie batzuk babesteko urtarrilaren 16ko 4/1990 Foru Dekretuak xedatutakoa betetzeaz gain, neurri hauek ere aplikatuko dira:

Zuhaitzez eta zuhaixkez hornitutako eremua kentzeari dagokionez, Donostiako Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko hirigintza-arau orokorren 84.4 artikuluko («Sortzez eta izatez funtsean naturalak diren habitatak eta errealitateak») A.b) apartatuan («neurri babesleak, zuzentzaileak eta/edo konpentsatzaileak») ezarritakoaren arabera konpentsatu beharko da. Konpentsatuko den gunea nahiz horretarako pautak (erabili behar diren espezieak, landaketa-esparrua, mantentze-lanak, etab.) eta aurrekontua Plan Berezian sartuko dira; eraikuntza-proiektua gauzatzeko ezinbesteko baldintza izango da.

Obrak hasi aurretik, aditu batek lursaila aztertuko du, basafaunaren babeslekurik edo habiarik ez dagoela egiaztatzeko. Horrelako zerbait aurkituz gero, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendietako eta Natura Inguruneko Zuzendaritzari jakinaraziko zaio, beharrezko jotzen diren neurri babesleak eta zuzentzaileak har daitezen.

Landarediari eta paisaiari kalterik ez egiteko neurri zuzentzaileak.

Eraikuntza-proiektuak eraikuntzak landa-ingurunean txertatzeko proiektu bat izango du, eta barne hartu beharko du bai espazio libreak eta ezpondak landareztatzea bai lurzatietako euste-hormak ezkutatzea. Proiektu horretan hainbat kontu zehaztuko dira: zuhaitzez hornitutako zer eremu errespetatu den, obren fasean babesteko neurriak, gune bakoitzean erabili behar diren espezieak, landaketa-esparruak eta landareztatzearekin lotutako mantentze-lanak (aitzurtzea, ongarriztatzea, ureztatzea eta hutsarteak betetzea). Proiektuak dagokion aurrekontua izango du.

Eremuko ezaugarrietara eta klimara egokitutako zuhaitz eta zuhaixka autoktonoak erabiliko dira (haritzak, lizarrak, etab.), bereziki, eremuaren mugetan eta lurzatien ertzetan. Halaber, biodibertsitate autoktonoa sustatuko da; helburua izango da lorategi-espazioetan ahalik eta hoberen txertatzea, eta ez da erabiliko inguruneko landarediarekin kontrastea egiten duen tamaina handiko espezie exotikorik.

Ez da, inola ere ez, espezie aloktonorik erabiliko (adibidez, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana), eta lurrak mugitzen direnean espezie horiek ez hedatzeko neurriak hartuko dira. Horrez gain, betelanetan, landareztatzean eta urbanizazioko lorategiak jartzean erabiliko den landare-lurraren nahiz maileguko materialen jatorria eta osaketa kontrolatuko dira.

Eraikingintza eta eraikuntza jasangarriaren aldeko neurriak.

EAEko etxebizitzen eraikuntza jasangarriaren gida agirian jasotako neurriak eta ingurumen-jardunbide egokiak erabiliko dira eraikinen energia-aurrezpena eta efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute:

– Materialak. Lehengai berriztaezinen kopurua murriztea.

– Energia. Iturri berriztaezinen bidez sortzen den energiaren sorkuntza edo kontsumoa murriztea.

– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

– Atmosfera. Gas, hauts, bero eta argi gutxiago igortzea.

– Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasungarritasuna hobetzea.

Proiektua gauzatzean aplikatu behar diren beste neurri batzuk:

– Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Gutxienez, gai hauekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu: lanaldiak, makineria, aldi baterako desbideratzeak, isurketak saihestea, ahalik eta hauts eta soinu gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa izan dezaketen jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea, etab.

– Hondakinak sortzea eta kudeatzea: obrak egin eta garbiketa-kanpainak dirauen bitartean sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta berariazko arauetan xedatutakoa beteko da.

– Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzeko ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntza- eta eraispen-hondakinak.

– Hondakin arriskutsuentzako ontzietarako, uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako arauak bete beharko dituzte (dekretu horrek onartzen du Hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko oinarrizko araudia); itxita egongo dira baimendutako kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.

– Olio erabiliak, berriz, Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan eta EAEn erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1998 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

– Airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesa: zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuari eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.

– Halaber, eguneko lan-ordutegian jardungo da, eta kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.

– Urak babestea: eraikuntza-proiektuak lurrazaleko uretara solidoak ahalik eta gutxien iristeko neurriak aurreikusi beharko ditu; adibidez, jalkitze-tangak, sedimentuentzako tranpak edo iragazkiak.

Bigarrena.– Zehaztea, bildutako zehaztapenei jarraikiz eta ebazpen honetan ezarritako baldintzak betez, ez dela aurreikusten «MZ.06-Agerre» eremuko a.40.3 lurzatiaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziak eragin kaltegarri nabarmenik izatea ingurumenaren gainean, eta, ondorioz, ez dela beharrezkoa ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egitea.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Donostiako Udalari jakinaraziko zaio.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarraldia galdu eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, «MZ.06-Agerre» eremuko a.40.3 lurzatiaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia onartuko ez balitz. Kasu horretan, berriro ere hasi beharko da planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko ekainaren 12a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

IVAN PEDREIRA LANCHAS.


Azterketa dokumentala