Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

137. zk., 2019ko uztailaren 19a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

SEGURTASUN SAILA
3528

EBAZPENA, 2019ko uztailaren 8koa, Trafikoko zuzendariarena, Euskal Autonomia Erkidegoko bide-sarean zinemometroak zein irudiak grabatzeko eta erreproduzitzeko beste zenbait dispositibo osagarri instalatzea eta erabiltzea baimentzen duena, trafikoaren kontrol, erregulazio, zaintza eta diziplina helburu.

A-15 autobideko San Lorentzo tunelean, Donostiarako noranzkoan doan hodiaren estaldura indartzeko eta hodia egokitzeko obrak egingo direnez, obrek irauten duten bitartean, hodia itxita egongo da eta ezin izango da hortik zirkulatu; Iruñarako noranzkoan doan hodiak, ordea, bi norabideetako zirkulazioa izango du.

Obra horiek 2018. urtean Iruñarako noranzkoan doan hodian egin zirenean, bide-segurtasuneko neurri osagarri gisa, zinemometroak zein irudiak grabatzeko eta erreproduzitzeko beste zenbait dispositibo osagarri instalatzea eta erabiltzea erabaki zen, trafikoaren kontrolerako, erregulaziorako, zaintzarako eta diziplinarako.

Gainera, zinemometroa, abiadura kontrolatzeko sistema denez, istripu tasa murrizten laguntzen duten faktoreetako bat da.

Azaldutako guztia kontuan hartuta, nahitaezkotzat jotzen da kilometro-puntu hauetan radar bat instalatzea:

A-15 145,575 k.p. (Iruñarako norabidea), zirkulazio motelerako erreiaren alboan.

A-15 144,745 k.p. (Donostiarako norabidean); zirkulazio lasterrerako erreiaren alboan.

Aldi baterako neurria izango da, ez iraunkorra, eta obra horiek irauten duten bitartean mantenduko da.

Hori guztia dela eta, alde batetik Euskal Herriko Poliziak toki publikoetan bideokamerak erabiltzeko baimena eman eta haien erabileraren erregimena (abuztuaren 4ko 4/1997 Lege Organikoan araututa) garatzen duen uztailaren 21eko 168/1998 Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriak ezarritakoaren arabera; eta bestetik, Segurtasun Sailaren egitura organiko eta funtzionalari buruzko apirilaren 11ko 87/2017 Dekretuaren 17.3 artikuluak Trafiko Zuzendaritzari ematen dizkion eskumenak erabiliz, hauxe

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Trafikoaren kontrola, erregulazioa, zaintza eta diziplina helburu, zinemometroak eta irudiak grabatzeko eta erreproduzitzeko beste dispositibo osagarri batzuk instalatzea eta erabiltzea baimentzea, bide eta kilometro-puntu hauetan ezarriko diren 2 kabinatan:

(Ikus .PDF)

Bigarrena.– Abiadura kontrolatuko den kilometro-puntuetan herritarrei horretarako egokiak diren seinale informatiboen bidez ohartaraziko zaie zinemometroak daudela.

Hirugarrena.– Grabazioetan jasotako ekintzetatik bide-segurtasunaren arloko arau-hauste administratiboren bat egin dela ondorioztatzen bada, grabazioak arau-hauste horiei dagozkien zehapen-prozedurak tramitatzeko eta ebazteko eskumena duten organoetara helaraziko dira. Grabazioetan jasotako ekintzetatik ez-zilegi penalen bat egin dela ondorioztatzen bada, grabazio horiek eskumena duen agintaritza judizialera bidaliko dira.

Laugarrena.– Grabazioetan jasotako ekintzetatik bide-segurtasunaren arloko arau-hauste administratiboren bat egin dela ondorioztatzen bada, grabazioak Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoko Datu Pertsonalen Tratamendurako Jardueren Erregistroaren parte izango dira, eta datuetara sartzeko eta datuak zuzentzeko eta deuseztatzeko eskubideak, datuen eramangarritasunaren gaineko eskubidea eta datuen tratamendua mugatzeko eta horri aurka egiteko eskubideak Trafiko Zuzendaritzaren aurrean erabili ahal izango dira.

Bosgarrena.– Ebazpen hau Bideozaintza eta Askatasunen Batzordeari jakinarazi behar zaio, Euskal Herriko Poliziak toki publikoetan bideokamerak erabiltzeko baimena eman eta haien erabileraren erregimena garatzen duen uztailaren 21eko 168/1998 Dekretuaren Hirugarren Xedapen Gehigarriak bere laugarren ataleko bigarren paragrafoan ezarritakoa betetzeko.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko uztailaren 8a.

Trafikoko zuzendaria,

SONIA DÍAZ DE CORCUERA RUIZ DE OÑA.


Azterketa dokumentala