137. zk., 2019ko uztailaren 19a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (337 KB - 13 orri.)
- EPUB (320 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
OSASUN SAILA
3525
EBAZPENA, 2019ko uztailaren 8koa, Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendariarena, zeinaren bidez osasun-prestakuntza espezializatua emateko tutoreak akreditatzeko eta berrakreditatzeko prozedurarako deialdia egiten baita. Martxoaren 6ko 34/2012 Dekretuak ezarri zuen prozedura hori.
2008ko otsailaren 8ko 183/2008 Errege Dekretuak osasun-zientzietako espezialitateak finkatzen eta sailkatzen ditu, eta osasun prestakuntza espezializatuko alderdi konkretu batzuk garatzen ditu. Bada, errege-dekretu horrek 12.2 artikuluan ezartzen duenaren arabera, autonomia erkidegoek, tutoreen gaitasunak egokiak direla eta mantendu egingo direla bermatzeko, tutoreak akreditatzeko eta akreditazio horiek aldian-aldian berritzeko ebaluazio-prozedura batzuk arautuko dituzte, hala baitago ezarrita 2003ko azaroaren 21eko 44/2003 Legearen 10.1 eta 3. artikuluetan. Horretarako, kontuan hartuko dira, besteak beste, espezialista moduan esperientzia jarraitua izatea, irakaskuntzan esperientzia izatea, etengabeko prestakuntzako jarduerak, ikerkuntzako eta kalitatearen hobekuntzako jarduerak, eta irakaskuntza-metodologietan prestakuntza espezifikoa izatea. Kontuan izango dira, halaber, kalitateari buruzko ebaluazioen emaitzak, eta lortutako gogobetetzea neurtzeko inkesten emaitzak.
Halaber, lege horren lehen xedapen gehigarriaren lehenengo idatzi-zatian ezartzen denaren arabera, osasun-zientzien espezialitate sortu berrietan eta legea indarrean jartzean garatu gabe edo ezarpen aldian dauden espezialitateetan, tutoreak izendatzeko eskatzen diren betekizunen ordez, nahikoa izango da dagokion espezialitatearen lanbide-eremuan esperientzia dagoela egiaztatzea, betiere, Osasun, Gizarte Zerbitzuak eta Berdintasunaren Ministerioak eta Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak espezialitate bakoitza egiaztatzeko betekizun nagusiak onartzean zehaztutako moduan. Familia- eta komunitate-erizaintzaren espezialitateari dagokionez, maiatzaren 9ko PRE/861/2013 Aginduaren bidez, hots, familia- eta komunitate-erizaintzan eta familia- eta komunitate-medikuntzan espezialistak prestatzeko irakaskuntza-unitate multiprofesionalen akreditazio baldintzak ezartzen dituen Aginduaren bidez, tutoreak izendatzeko eskatzen diren betekizunen ordez, agindu horren I. eranskinaren bigarren puntuan ezarritako irizpideak ezartzen dira, behin-behinean, eta, gehienez ere, 2 urterako, erizaintzako espezialitateei buruzko apirilaren 22ko 450/2005 Errege Dekretuaren bigarren xedapen iragankorrean aurreikusitako gaitasunaren ebaluazio-proba amaitzen denetik aurrera.
Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, martxoaren 6ko 34/2012 Dekretuak Euskal Autonomia Erkidegoaren osasun-prestakuntza espezializatuko sistema antolatzen du, eta kide bakarreko irakaskuntza organoak ezartzen ditu. Bada, dekretu horren 21. eta 25. artikuluetan zehazten da zer akreditatze- edo berrakreditatze-prozedura bete behar den, tutoretza eginkizunak burutzeko. Prozedura hori hasiko da, hain zuzen ere, Osasun Saileko Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendariak eskabideak aurkezteko epea irekitzen duenean.
Aurreko arauetan xedatzen dena betetzeko, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Deialdi honen helburua da Euskal Autonomia Erkidegoan prestakuntza espezializatua emateko tutoreak akreditatzeko eta berrakreditatzeko deialdia onartzea eta argitaratzea, I. eta II. eranskinetan aurreikusitako oinarrien arabera.
Bigarrena.– Ebazpen honek ez du Administrazio-bidea amaitzen, eta beraz, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Osasuneko sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren arabera.
Hirugarrena.– Ebazpen honek ondorioak izango ditu EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko uztailaren 8a.
Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendaria,
MIGUEL SANCHEZ FERNANDEZ.
I. ERANSKINA
OSASUN-PRESTAKUNTZA ESPEZIALIZATUKO TUTOREAK AKREDITATZEKO DEIALDIAREN OINARRIAK
Lehenengo oinarria.– Helburua.
Deialdi honen helburua da Euskal Autonomia Erkidegoan Osasun-prestakuntza espezializatua emateko tutoreak akreditatzea.
Prozedura honetarako, zein eskabideak izapidetzeko eta ebazteko, eskuduntza izango du Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzak.
Bigarren oinarria.– Eskatzaileen betekizunak.
1.– Osasun-prestakuntza espezializatuan tutoreak akreditatzeko deialdi honetan, egoiliarren tutoretza-eginkizunak landu nahi dituztenek parte hartu ahal izango dute, martxoaren 6ko 34/2012 Dekretuak zehazten duen tutore nagusiaren ezaugarriekin, baldin eta betekizun hauek batzen badituzte:
a) Osasun-zientzietako espezialistaren titulua eduki behar dute, tutore izan asmo duten espezialitatean.
b) Zerbitzu aktiboan egon behar dute, dagokion irakaskuntza-zentro edo unitate akreditatuaren edozein egituratan.
c) Gutxienez urtebeteko esperientzia eduki behar dute beren espezialitateari berariaz dagokion sorospen-jardueran, irakaskuntza-zentro edo unitate akreditatuan bertan.
2.– Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute baita ere Familia eta Komunitate Erizaintzako egoiliarren tutore gisa akreditatuak izan nahi dutenek, baldin eta baldintza hauek betetzen badituzte:
a) Zerbitzu aktiboan egon behar dute, dagokion irakaskuntza-zentro edo unitate akreditatuaren edozein egituratan.
b) Esperientzia egiaztatua eta jarraitua izatea Familia eta Komunitate Erizaintzaren lanbide-eremuan, azken bost urteetan.
c) Familia eta Komunitate Erizaintzaren ikerketa eta/edo komunikazio zientifiko espezifikoko proiektu batean parte hartu izana azken bost urteetan.
3.– Deialdi honetan parte hartu beharko dute Euskal Autonomia Erkidegoaren osasun-prestakuntza espezializatuko sistemaren antolamenduari buruzko martxoaren 6ko 34/2012 Dekretua indarrean sartu ondorengo behin behineko izendapena duten eta tutoretza lanean jarraitu nahi duten tutoreek.
Hirugarren oinarria.– Eskabideak aurkezteko bidea eta epea
1.– Epea. Eskabideak aurkezteko epea, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasiko da eta aurtengo abenduaren 31n bukatuko da.
2.– Aurkezteko bidea.
2.1.– Eskabide-eredua.
Ebazpen honen III. eranskinean dagoen ereduaren arabera aurkeztuko da prestakuntza espezializatuko tutore gisa akreditatzeko eskabidea.
2.2.– Aurkezteko lekua.
Eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu behar dira Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan (https://www.euskadi.eus/y22-home/eu/) eskuratu daitekeen formulario normalizatua erabiliz, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14. artikuluaren arabera eta Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren 28. artikuluko lehenengo paragrafoaren arabera.
Eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dituzte eskabidea eta horri erantsi beharreko gainerako agiriak. Orobat, eskabidea aurkeztu izanaren ondoriozko jarduketetan, eta prozedura osoan, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 6.1 artikuluak ezartzen duenari jarraituz.
2.3.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.
Eskabide-dokumentu normalizatuarekin batera, agiri hauek aurkeztu behar dira:
a) Curriculuma.
b) Osasun zientzietan epezialista tituluaren kopia eta emandako zerbitzuen egiaztagiria, dagokion Zertzitzu Antolakuntzako Langilegoaren Zuzendaritzak, Zentru edo zerbitzuko buruzagitzak eta irakaskuntza unitateko ikasketa buruzagitzak emana.
Osakidetzaren barruan daudenek a) eta b) puntuetako agirien ordez Osakidetzako curriculum estandarizatua aurkeztu ahal izango dute. Nolanahi ere balidatuta egon beharko du eta bertatik ondorioztatu beharko da urtebeko esperientzia dutela gutxienez beren espezialitateari berariaz dagokion sorospen-jardueran, zentruan edo kreditatutako irakaskuntza unitatean bertan.
c) Tutoretza-helburuei buruzko proiektua, atal hauek izango dituena:
– Espezialitatearen prestakuntza-ibilbidea.
– Prestakuntzako bakarkako programa mamitzeko kontuan hartzeko alderdiak.
– Prestakuntza-ebaluazioa.
– Urteko eta amaierako ebaluazioa.
d) Azken 5 urteetan familia- eta komunitate-erizaintzaren arloko ikerketa eta/edo komunikazio zientifikoko proiektu espezifiko batean parte hartu izana egiaztatzen duen dokumentazioa (proiektuaren ikertzaile nagusiak egindako egiaztagiria edota komunikazio zientifikoaren kopia), espezialitate honetarako akreditazioa nahi bada.
2.4.– Eskabideak zuzentzea.
Eskabide-inprimakiak ez badira guztiz betetzen, edo haiekin batera ez bada adierazitako dokumentazioa aurkezten, erakunde eskatzaileari hamar egun balioduneko epea emango zaio hutsegitea konpontzeko edo behar diren dokumentuak aurkezteko. Hori egin ezean, eskabidea ukatutzat joko dela adieraziko zaio.
Laugarren oinarria.– Eskabideak balioestea.
Eskatzaileak aurkezten duen dokumentazioa Balioespen Batzorde batek aztertuko du, zeinaren kideak Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendariak izendatuko baititu. Honako kide hauek izango ditu batzorde horrek: akreditazioa lortzeko hautagaiak dituzten zentro edo unitateetako ikasketa-buruak, zentro edo unitate horietako irakaskuntza-batzordean parte hartzen duten tutore akreditatuak, eta Osakidetza Erakunde Publikoaren Zuzendaritza Nagusiaren eta Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzaren ordezkariak. Guztira, gehienez ere, 7 kide izango dira.
Balioespen-batzordeak, behin dokumentazioa aztertuta, martxoaren 6ko 34/2012 Dekretuak zehazten duen tutore nagusiaren funtzioak kontuan hartuz, merezimenduen baremo bat ezarriko du, eta ebazpen-proposamena egingo dio Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzari. Balioesteko prozesuan, eskatzaileek tutore izateko duten berariazko interesa balioetsiko duen elkarrizketa burutu daiteke.
Bosgarren oinarria.– Ebazpena.
Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzak ebazpen arrazoitu eta esanbidezkoa emango du, eskatutako akreditazioa onartzeko edo ukatzeko, eskabidea aurkeztu eta hiru hilabeteko epean. Epe horren zenbaketa eten egingo da, interesdunek eskabideetan dauden hutsak zuzentzeko eta eskabide horiek hobetzeko behar duten denboran.
Ematen den ebazpena eskatzaileari jakinaraziko zaio, eta horren berri emango zaie dagokion irakaskuntza-zentro edo unitateko erakunde titularraren zuzendaritza-organoari eta dagokion irakaskuntza-batzordeari.
Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendariaren ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Osasuneko sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 121. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren arabera.
Seigarren oinarria.– Datu pertsonalen babesari buruzko informazio-klausula.
Datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren apirilaren 27ko 2016/679 Erregelamenduari (Datuak babesteko erregelamendu orokorra) eta Datu Pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta horiek garatzen dituen araudiari jarraituz, jakinarazten da «Irakaskuntza eta garapen profesionala» izeneko tratamendu-jarduerarako erabiliko direla datu pertsonalak. Ezaugarri hauek ditu tratamenduak:
Arduraduna: Osasun Saila; Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritza.
Helburua: Eskaeren kudeaketaren eta osasun-prestakuntza espezializatua emateko tutoreak akreditatzeko eta berrakreditatzeko prozeduraren jarraipena, Osasun Sailak deituta.
Lege-oinarria: Interes publikoaren mesedetan zein tratamenduaren arduradunari esleitutako ahal publikoak gauzatzean egindako zeregina betetzeko beharrezkoa suertatzen den tratamendua da (2003ko azaroaren 21eko 44/2003 Legea, Lanbide Sanitarioen Antolamenduari buruzkoa).
Jasotzaileak: Gaiaren gaineko eskumena duten Administrazioei jakinarazi ahal izango zaizkie datu pertsonalak.
Eskubideak: Zeure datuak ikusteko, zuzentzeko zein ezabatzeko eskubidea duzu; baita haien tratamendua mugatzeko nahiz haren aurka egiteko, informazio gehigarrian adierazten den moduan.
Informazio gehigarria: Web helbide honetan aurkitu ahal izango duzu datu pertsonalen babesari buruzko informazio gehiago: https://www.euskadi.eus/rgpd/001055703
II. ERANSKINA
OSASUN-PRESTAKUNTZA ESPEZIALIZATUKO TUTOREAK BERRAKREDITATZEKO DEIALDIAREN OINARRIAK
Lehenengo oinarria.– Helburua.
Deialdi honen helburua da Euskal Autonomia Erkidegoan Osasun-prestakuntza espezializatua emateko tutoreen akreditazioaren berriztapena.
Prozedura honetarako, zein eskabideak izapidetze eta ebazpenerako, eskuduntza izango du Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritza.
Bigarren oinarria.– Eskatzaileen betekizunak.
Osasun-prestakuntza espezializatuan tutoreak berrakreditatzeko deialdi honetan parte ahal izango dute, Euskal Autonomia Erkidegoaren osasun-prestakuntza espezializatuko sistemaren antolamenduari buruzko martxoaren 6ko 34/2012 Dekretuak zehazten duen arabera, egoiliarren tutoretza nagusiaren eginkizunak lantzeko akreditaturik izanik, akreditazioaren indarraldia amaitu baina eskatutako betekizun guztiak batzen dituztenek.
Hirugarren oinarria.– Eskabideak aurkezteko bidea eta epea.
1.– Epea.
Eskabideak aurkezteko epea, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasiko da eta aurtengo abenduaren 31n bukatuko da. Horretaz gain, akreditazioaren indarraldia amaitu baino sei hilabete lehenagoko epean aurkeztu beharko da.
2.– Aurkezteko bidea.
2.1.– Eskabide-eredua.
Ebazpen honen IV. eranskinean dagoen ereduaren arabera aurkeztuko da prestakuntza espezializatuko tutore gisa berrakreditatzeko eskabidea.
2.2.– Aurkezteko lekua.
Eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu behar dira Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan (https://www.euskadi.eus/y22-home/eu/) eskuratu daitekeen formulario normalizatua erabiliz, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14. artikuluaren arabera, eta Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren 28. artikuluko lehenengo paragrafoaren arabera.
Eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dituzte eskabidea eta horri erantsi beharreko gainerako agiriak. Orobat, eskabidea aurkeztu izanaren ondoriozko jarduketetan, eta prozedura osoan, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 6.1 artikuluak ezartzen duenari jarraituz.
2.3.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.
Eskabide-dokumentu normalizatuarekin batera, agiri hauek aurkeztu behar dira:
a) Lehen akreditazioa lortu zuenetik dagozkion arloetan eskuratu dituen merezimenduen curriculuma edo txostena (horrekin batera egoki irizten dituen agiri eta ziurtagiri guztiak ere aurkeztuko ditu).
b) Egindako tutoretza-jarduerei buruzko txostena. (Interesatuek memoria burutzeko eredua izango dute Osasun saileko web-orrialdean, osasun-prestakuntza espezializatuko atalean)
c) Tutoretza-helburuen proiektua (hobekuntza-plana).
2.4.– Eskabideak zuzentzea.
Eskabide-inprimakiak ez badira guztiz betetzen, edo haiekin batera ez bada adierazitako dokumentazioa aurkezten, erakunde eskatzaileari hamar egun balioduneko epea emango zaio hutsegitea konpontzeko edo behar diren dokumentuak aurkezteko. Hori egin ezean, eskabidea ukatutzat joko dela adieraziko zaio.
Laugarren oinarria.– Eskabideen balorazioa.
Eskatzaileak aurkezten duen dokumentazioa balioespen batzorde batek aztertuko du, zeinaren kideak Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendariak izendatuko baititu. Honako kide hauek izango ditu batzorde horrek: akreditazioa lortzeko hautagaiak dituzten zentro edo unitateetako ikasketa-buruak, zentro edo unitate horietako irakaskuntza-batzordean parte hartzen duten tutore akreditatuak, eta Osakidetza Erakunde Publikoaren Zuzendaritza Nagusiaren eta Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzaren ordezkariak. Guztira, gehienez ere, 7 kide izango dira.
Hasierako akreditazio irizpideak betetzen jarraitzen duten edo irizpide horiek hobetu dituzten ebaluatuko du ebaluazio batzordeak; honako honetan, baina, aldatu egingo da eskakizun maila eta itemen pisua, txostenak curriculumak baino balio handiagoa izan dezan. Kontuan hartuko dira, orobat, Ezagutzaren Gestioko eta Ebaluazioko Zuzendaritzak egoiliarrei urtero egiten dien inkestetako kalitate ebaluazioen emaitzak eta ebaluazioak eta prozedura amaturik, ebazpenerako proposamena egingo du.
Bosgarren oinarria.– Ebazpena.
Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzak ebazpen arrazoitu eta esanbidezkoa emango du, eskatutako akreditazioa onartzeko edo ukatzeko, eskabidea aurkeztu eta hiru hilabeteko epean. Epe horren zenbaketa eten egingo da, interesdunek eskabideetan dauden hutsak zuzentzeko eta eskabide horiek hobetzeko behar duten denboran.
Ematen den ebazpena eskatzaileari jakinaraziko zaio, eta horren berri emango zaie dagokion irakaskuntza-zentro edo unitateko erakunde titularraren zuzendaritza-organoari eta dagokion irakaskuntza-batzordeari.
Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendariaren ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Osasuneko sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 121. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren arabera.
Aurreko akreditazioaren indarraldia amaitu aurretik berrakreditazioa lortu duten tutoreek ordura arteko izendapenari eutsiko diote.
Seigarren oinarria.– Datu pertsonalen babesari buruzko informazio klausula.
Datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren apirilaren 27ko 2016/679 Erregelamenduari (Datuak babesteko erregelamendu orokorra), eta Datu Pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoari, eta horiek garatzen dituen araudiari jarraituz, jakinarazten da «Prestakuntza eta garapen profesionala» izeneko tratamendu-jarduerarako erabiliko direla datu pertsonalak. Ezaugarri hauek ditu tratamenduak:
Arduraduna: Osasun Saila; Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritza.
Helburua: Eskaeren kudeaketaren eta osasun-prestakuntza espezializatua emateko tutoreak akreditatzeko eta berrakreditatzeko prozeduraren jarraipena, Osasun Sailak deituta.
Lege-oinarria: Interes publikoaren mesedetan zein tratamenduaren arduradunari esleitutako ahal publikoak gauzatzean egindako zeregina betetzeko beharrezkoa suertatzen den tratamendua da (2003ko azaroaren 21eko 44/2003 Legea, Lanbide Sanitarioen Antolamenduari buruzkoa).
Jasotzaileak: Gaiaren gaineko eskumena duten Administrazioei jakinarazi ahal izango zaizkie datu pertsonalak.
Eskubideak: Zeure datuak ikusteko, zuzentzeko zein ezabatzeko eskubidea duzu; baita haien tratamendua mugatzeko nahiz haren aurka egiteko, informazio gehigarrian adierazten den moduan.
Informazio gehigarria: Web helbide honetan aurkitu ahal izango duzu datu pertsonalen babesari buruzko informazio gehiago: https://www.euskadi.eus/rgpd/001055704