Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

127. zk., 2019ko uztailaren 5a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
3304

AGINDUA, 2019ko ekainaren 28koa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, zeinaren bidez arautzen baita gidari eta guzti alokatzeko ibilgailuetarako nahitaezko identifikazio-bereizgarrien erabilera Euskal Autonomia Erkidegoan.

Azaroaren 20ko 1057/2015 Errege Dekretua indarrean sartu arte, ez zegoen baimenduta gidari eta guzti alokatzeko ibilgailuek publizitaterik eramatea, ezta haien jarduera identifikatzeko kanpo-ikurrik ere; izan ere, dekretu horren bidez aldatu zen Lehorreko Garraioen Antolamendurako Legearen Erregelamendua, zeina irailaren 28ko 1211/1990 Errege Dekretuz onetsi baitzen.

Hala eta guztiz ere, aldaketa horretatik aurrera, Lehorreko Garraioen Antolamendurako Erregelamenduaren 182.4 artikuluak gaikuntza ematen die alokairu-baimenen arloko eskumenak bere gain hartu dituzten autonomia-erkidegoei, era horretako baimenen babespean dauden ibilgailuei bereizgarriren baten bidez kanpotik identifika daitezen eskatzeko.

Egia da identifikazio-ikur bereizgarririk ez edukitzeak zaildu egiten dizkiela agintaritza eskudunei ibilgailu gidaridunen kontratazioaren xede den zerbitzua modu egokian ematen dela ikuskatu, kontrolatu eta gainbegiratzeko lanak.

Hori dela eta, era horretako garraioaren eta taxiaren arteko injerentziak saihesteko eta zerbitzuaren erabiltzaileen eskubideen babesa eta sektorearen gardentasuna sustatzeko, egokitzat jo da identifikazio-bereizgarriak ezartzea Euskal Autonomia Erkidegoko baimena duten ibilgailuetarako.

Horregatik guztiagatik, Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26.4 artikuluan, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren egitura eta zereginak finkatzen dituen apirilaren 11ko 74/2017 Dekretuaren 3.1 artikuluarekin lotuta, aurreikusitako ahalmenez baliatuta, honako hau:

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

TIG motarako baimena Euskal Autonomia Erkidegoan eskuratu duten gidari eta guzti alokatzeko ibilgailuetarako identifikazio-bereizgarrien erabilera arautzea da agindu honen xedea.

Ibilgailu horiek uneoro identifikatuta egon beharko dute, agindu honen eranskinean deskribatzen diren bereizgarrien bitartez.

2. artikulua.– Bereizgarrien deskribapena.

1.– Identifikazio-bereizgarriak bi autoitsaskor izango dira, agindu honen eranskinean jasotzen diren modelokoak.

2.– Eranskinaren 1. apartatuan aipatzen den bereizgarriko zenbakiak eta urteak ibilgailua babesten duen baimena zein hilabete eta urtetan ikusi eta onetsi behar den adierazten dute. Horregatik, bereizgarria emateko ardura duen organoak marka bat egingo du ikus-onespen hori zehazki zer hilabetetan egin behar den adierazteko.

3. artikulua.– Bereizgarriak jartzeko lekua.

Aurreko artikuluan araututako bereizgarriak aurreko beiraren goiko aldean, eskuinean, eta atzeko beiraren beheko aldean, ezkerrean, jarri beharko dira hurrenez hurren, kanpoko aldetik ikusteko moduan, baina, bi kasuetan, gidariaren ikuspena eragotzi gabe.

4. artikulua.– Bereizgarriak ematea eta horien baliozkotasuna.

1.– Eusko Jaurlaritzak egingo ditu bereizgarriak, eta ibilgailuak gidari eta guzti alokatzeko (TIG) baimenak emateko eskumena duen foru-organoak doan eskuratuko dizkio baimen horien titularrari, bai baimena ematen denean, bai bi urtez behin ikusi eta onesten denean, baita ibilgailuak ordezten direnean edo baimenak eskualdatzen direnean ere. Azken bi kasuetan, ordeztutako bereizgarriak itzuli egin beharko dira.

2.– Bereizgarria galduz edo hondatuz gero, birjarri egin behar da; horretarako, baimenaren titularrak beste ale bat eskatu beharko dio organo eskudunari.

3.– Baliozko bereizgarri bakarrak organo eskudunak emandakoak izango dira.

5. artikulua.– Zehapen-araubidea.

Agindu honetan aurreikusitakoa bete ezean Lehorreko Garraioen Antolamendurako uztailaren 30eko 16/1987 Legean eta gai hori arautzen duen gainerako legedian xedatutako zehapenak ezarriko dira.

XEDAPEN IRAGANKOR BAKARRA

Agindu hau indarrean jarri eta bi hilabeteko gehieneko epean, ibilgailuak gidari eta guzti alokatzeko baimenen titularrek foru-organo eskudunetara jo beharko dute, baimenduta dauzkaten ibilgailuak adina bereizgarri eman diezazkieten.

AZKEN XEDAPENA.– Indarrean jartzea.

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko ekainaren 28a.

Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala