Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

118. zk., 2019ko ekainaren 24a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
3079

EBAZPENA, 2019ko ekainaren 4koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Esperantza kalea 4ko orubean Bilboko HAPOren aldaketaren ingurumen-txosten estrategikoa, hain zuzen, Bilboko Zazpi Kaleetako geltokiko kalifikazioa birdoitzeko.

EGITATEAK

2019ko urtarrilaren 14an, Bilboko Udalak eskatu zuen Esperantza kalea 4ko orubean Bilboko HAPOren aldaketaren ingurumen-txosten estrategikoa hasteko, hain zuzen, Bilboko Zazpi Kaleetako geltokiko kalifikazioa birdoitzeko (aurrerantzean, Bilboko HAPOren aldaketa). Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan eskatutako edukia zutela. Gainera, ingurumen-dokumentu estrategikoan, dokumentu hori landu duten pertsonak aipatzen dira, sinatuta dago eta amaiera-data dauka.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan xedatutakoa betetzeko, 2019ko martxoaren 1ean, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak zenbait erakunderi eskatu zien egoki ikusten zituen oharrak egiteko, ohar haiek oinarritzat hartuta ingurumen-organo horrek ingurumen-txosten estrategikoa egin zezan. Zehazki, honako erakunde hauei egin zitzaien kontsulta: Eusko Jaurlaritzaren Kultura Ondarearen Zuzendaritza eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza, eta Bizkaiko Ekologistak Martxan.

Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri egon zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdunek egoki iritzitako ingurumen-arloko oharrak egin zitzaten.

Behin abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren txostena jaso da, espedientean bertan islatutako emaitzarekin.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela ingurumenaren gaineko eraginen analisia, betiere, aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren planak eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo planen nahiz programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako. Bilboko HAPOren aldaketa kasu horien artean dago.

Aztertu dira Bilboko HAPOren aldaketaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak eta dokumentazio teknikoa, eta kontuan hartu da ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdiekin bat datorrela. Horrenbestez, txosten horiek aintzat hartuta, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak –ingurumen-arloko organo eskuduna den aldetik, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen eta Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera– judizio-elementu nahikoa dauka, eta, beraz, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du, zeinak planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten eta plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jasotzen baitu, baita sartu behar diren azken oharrak ere, soilik ingurumen-arlokoak.

Xedapen hauek ikusi dira: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena Babestekoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzkoa, eta aplikatzekoak diren gainerakoak. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Formulatzea Esperantza kalea 4ko orubean Bilboko HAPOren aldaketaren ingurumen-txosten estrategikoa, hain zuzen, Bilboko Zazpi Kaleetako geltokiko kalifikazioa birdoitzeko, jarraian adierazten diren zehaztapenekin:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak. Eremuaren deskribapena.

Helburuak.

Bilboko HAPOren aldaketaren xedea da Bilboko HAPO egokitzea Alde Zaharreko San Nikolaseko geltokiaren ekipamendu-lurzatian egindako obren ostean, zeinak metroaren 3. lerroa dela-eta egin baitziren; bai Bilboko HAPOk eta bai Bilboko Alde Zaharreko Birgaikuntza Plan Bereziak (non xeheki ordenatzen baita lurzatia) sistema orokorren sareko ekipamendu gisa eta sistema orokorren sareko eremu berde gisa kalifikatzen dute lurzati hori.

Hau egin nahi da planteatutako aldaketarekin:

– Atzealdeko lerrokaduraren birdoitze partziala Mallonako Eremu Berdeko Sistema Orokorrerantz, baita eremu berde hori Etxebarria parkean bertan birjartzea ere.

– Ekipamenduko eta eremu berdeko sistema orokorren birdoitze bat gertatzen da San Nikolas geltoki berrian, lurzoruaren egungo okupaziora egokitzeko, geltokiaren beraren eraikuntza- eta funtzio-eskakizunak direla-eta.

Eremua.

Hiri-lurzoru gisa sailkatua dago lurzatia dagoen tokia.

314,84 m2-ko azalerari eragiten dio aldaketak, zeina «eremu berdearen erabilera xehatua» izatetik «bestelako ekipamenduen erabilera xehatua» izatera igaroko baita birkalifikatuta. Eremu berdeko azalera hori eremu berdeen esparruan konpentsatuko da.

Jarduketaren xede den lurzatian, ez dago ingurune-interes bereziko elementurik.

HAPOren aldaketaren esparruan, uholde-arriskua dago 100 eta 500 urteko errepikatze-aldirako, baina proposamenak ez du horretan eraginik.

Aldaketaren esparruan, kalitateko akustikoko helburuak betetzen dira, eta gerora ere horiek beteko direla aurreikusten da.

B) Planaren ezaugarriak aztertuta eta, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat, kontuan hartuta egindako kontsulten emaitza, eta V. eranskinean ezarritako irizpideekin bat, xedatu egin da planak ez duela eragin esanguratsurik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera.

Bigarrena.– Ingurumen-dokumentu estrategikoan eta ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoa oinarri hartuta, ez da aurreikusten Esperantza kalea 4ko orubean Bilboko HAPOren aldaketak –Bilboko Zazpi Kaleetako geltokiko kalifikazioa birdoitzeko– eragin garrantzitsurik izaterik ingurumenean, eta, beraz, ez dela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik egin behar.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Bilboko Udalari jakinaraztea.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezko dituen ondoreak sortzeari utziko dio, baldin eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean Esperantza kalea 4ko orubean Bilboko HAPOren aldaketa –Bilboko Zazpi Kaleetako geltokiko kalifikazioa birdoitzeko– onartzen ez bada. Kasu horretan, berriro hasi beharko da planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko ekainaren 4a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

IVAN PEDREIRA LANCHAS.


Azterketa dokumentala