Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

105. zk., 2019ko ekainaren 5a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
2710

EBAZPENA, 2019ko maiatzaren 28koa, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariarena, zeinaren bidez «Jesús María Leizaola» 2019ko sarirako deialdia egiten baita. Sari hori zenbait ikerkuntza-ikuspuntutatik egindako monografia izaera duten ikerlanetarako da, zeinek euskal autonomiarekin zerikusia baitute edo hura aztertzeko eta hartan sakontzeko baliagarriak izan baitaitezke.

1983ko uztailaren 27ko Lege arautzaileak eginkizun ugari aitortzen dizkio Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeari. Besteak beste, azpimarratzekoa da gure autonomia-sistemak lege eta ekonomiaren arloetan dituen berezitasunei buruzko azterlanak sustatu eta zabaltzeko eginkizuna.

Helburu hori lortu nahian, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak «Jesús María Leizaola» ikerketa-saria sortu zuen 1990ean, inolako zalantzarik gabe, gure herriaren eredu eta ordezkari izan genuen gizon ospetsu horren omenez. Baina izan genuen beste asmorik ere saria eratzerakoan: alde batetik, etapa autonomikoaren garapenaren hasierari buruzko azterlanak bultzatu nahi genituen; eta bestetik, lehengo garai historikoen gaineko ikerlanak sustatu nahi genituen, aldi horiek euskal autonomiaren aurrekariak izan baitziren eta eragina izan baitzuten bere konfigurazioan.

Autonomia-estatutua indarrean jarri zenetik zenbait hamarkada iragan ondoren, egin beharreko hausnarketa ezin da erakunde berrien hasierara eta martxan jartzera eta aurreko historia-aldien tratamendura bakarrik mugatu behar. Gaur egun, dagoeneko, bada zertaz hausnarketa egin, eta baita egin beharra ere; esate baterako, erakunde horien finkatzeari eta garatzeari buruz, bai eta etorkizuna eraikitzen lagunduko duten ereduen, parametroen eta proposamenen ekarpenei eta aurrerapenari buruz ere.

Gaur egun, «Jesús María Leizaola» saria Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren barruan gauzatzen den dirulaguntza lerro bat da.

Hori guztia kontuan hartuta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– «Jesús María Leizaola» 2019ko sarirako deialdia egitea. Sari hori zenbait ikerkuntza-ikuspuntutatik egindako monografia izaera duten ikerlanetarako da, zeinek euskal autonomiarekin zerikusia baitute edo hura aztertzeko eta hartan sakontzeko baliagarriak izan baitaitezke. Eranskinean daude bete beharreko oinarriak.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariaren ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluaren eta hurrengoen arabera. Horretarako, hilabete bat izango da, ebazpen hau argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Errekurtso hori ebazpena hartu zuen organoari aurkez dakioke edo Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari. Gora jotzeko errekurtsoa jarri zenetik hiru hilabete igarota erantzuna ematen ez bazaio, errekurtsoa ez dela onartu ulertu beharko da, eta administrazioarekiko auzietako bidera joateko aukera irekita egongo da.

Bigarrena.– Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko maiatzaren 28a.

IVAPeko zuzendaria.
Sinatuta, zuzendaria kanpoan dagoelako (200/2012 Dekretuaren 8.2.f) artikulua, eta 40/2015 Legearen 13. artikulua).

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko idazkari nagusia,

FULGENCIO ALEDO AMORÓS.

ERANSKINA
«JESÚS MARÍA LEIZAOLA» 2019KO SARIRAKO DEIALDIA EGITEN DUEN EBAZPENARENA. SARI HORI ZENBAIT IKERKUNTZA-IKUSPUNTUTATIK EGINDAKO MONOGRAFIA IZAERA DUTEN IKERLANETARAKO DA, ZEINEK EUSKAL AUTONOMIAREKIN ZERIKUSIA BAITUTE EDO HURA AZTERTZEKO ETA HARTAN SAKONTZEKO BALIAGARRIAK IZAN BAITAITEZKE.
OINARRIAK

Lehenengoa.– Sarira aurkez daitezke zenbait ikerkuntza-ikuspuntutatik egindako monografia izaera duten ikerlan argitaratu gabeak, zeinek euskal autonomiarekin zerikusia baitute edo hura aztertzeko eta hartan sakontzeko baliagarriak izan baitaitezke. Euskaraz zein gaztelaniaz idatzita egon litezke ikerlanak.

Hau da, sarirako aurkez daitezkeen monografia izaera duten ikerlan argitaratu gabeek esparru hauei buruzkoak izan daitezke: autonomietako estatuaren konfigurazioa eta Euskal Autonomia Erkidegoa; Euskal Autonomia Erkidegoaren eraketa, errealitatea eta etorkizuna; Euskal Autonomia Erkidegoaren gobernu-erakundeak, maila politiko-administratibo guztietan; historia, kultura, bibliografia, zuzenbide, ekonomia, finantza, aurrekontu, zerga-arlo, gizarte, estatistika eta beste arloen inguruko berariazko berezitasunak; eta euskal administrazioetako diseinu, antolaketa, funtzionamendu eta etorkizuna.

Argitaratu gabeko lanak dira jabetza intelektualari buruzko legerian ezarritako eran hedatu edo argitaratu ez direnak. Horren ondorioz, ez dira argitaragabetzat joko bitarteko telematikoen bidez, hau da, Interneten edo beste sare batzuen bitartez argitaratutako, hedatutako edo jendearen eskura jarritako lanak.

Bigarrena.– Norbanakoak edo horretarako eratutako lantaldeak aurkez daitezke sarira.

Lantaldea aurkezten bada, argi eta garbi adieraziko da nor izango den ikertaldearen arduraduna. Era berean, eskabidean espresuki adierazi beharko da taldeko kide bakoitzak duen partaidetzaren ehunekoa, aurkeztutako ikerlanean.

Ezin izango dute deialdi honetan parte hartu jarraian aipatzen den kasuren batean aurkezten diren pertsona fisikoek edo jarraian aipatzen den kasuren batean aurkezten diren pertsonak kide dauzkaten taldeek.

a) Dirulaguntzak edo laguntza publikoak eskuratzea galarazten duen debekuren bat duten edo administrazio-zehapen penalpean dauden pertsona fisikoek, Emakume eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko 2005eko otsailaren 18ko 4/2005 Legean sartutako debekuak eta zehapenak ere barruan direla; eta, era berean, laneko, merkataritzako edo kargu publikoko izaera dela-eta deialdi honetan parte hartzea bateraezina daukaten pertsonek, beti ere bere izaera horri aplikagarri zaion legedia kontuan hartuta.

b) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta bere erakunde autonomiadunek ematen dituzten izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen eremuan izapidetzen ari den itzultze edo zigortze-jardunbidean sartuta dauden pertsona fisikoek, prozedura amaitzen den arte.

c) Aurreko hiru deialdietako batean Leizaola saria lortu dutenek.

d) Funtsean aurreko urteetan aurkeztutako beste ikerlan batzuekin identitate handia duten ikerlanek.

e) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan ezarritako beste kasuren batean dauden pertsonek.

Hirugarrena.– Sariaren zenbatekoak honako hauek dira:

a) Lehenengo saria: 20.000 euro.

b) Akzesita: 10.000 euro.

Zientzia-ikerlanik hoberenei emango zaizkie sari horiek.

Lantalde batek aurkeztutako ikerlan bati ematen bazaio saria edo akzesita, taldekide guztiak izango dira onuradun, legez dagozkien ondorioetarako. Saria edo akzesitaren zenbatekoa lan-taldeak zehaztu duen ehunekoaren arabera banatuko da taldekideen artean; partaidetza-portzentajea adierazi ezean, zati berdinetan banatuko da.

Laugarrena.– Eskabideak, eta horiekin datozen ikerlanak, izapidetze elektronikoaren bidez aurkeztu beharko dira, bi arau hauekin bat etorriz: Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretua; Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretua.

Norberaren burua identifikatzeko ezinbestekoa da NAN elektronikoa, Izenperen Herritarraren ziurtagiria, Izenperen Langile publikoaren ziurtagiria, Izenperen Itsasontzi-jokoaren sinadura elektronikoko tresna, «Fábrica Nacional de Moneda y Timbre»aren pertsona fisikoaren nortasun ziurtagiri elektronikoa (CERES), Camerfirmaren pertsona fisikoaren ziurtagiria, edo Firma Profesionalen Pertsona fisikoaren ziurtagiria erabiltzea.

Aipatutakoez gain, eskabideak aurkezteko epearen bukaera datan erabilgarri den edozein ziurtagiri elektroniko onartuko da. Ziurtagiriok Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoan (https://www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa) kontsultatu ahalko dira, hurrengo atalean: Identifikazio elektronikorako bitartekoak.

Aurkezteko epea ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta 2019ko uztailaren 8an bukatuko da (egun hori epearen barruan egongo da).

Bai eskabidea bai ikerlana helbide elektroniko honetan aurkeztu beharko dira: www.ivap.euskadi.eus/leizaola_saria_2019/z16-h2home/eu

Norberaren espedientean sartzeko eta haren jarraipena eta izapideak egiteko https://www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa egoitza elektronikoko «Nire Karpeta» atal berezira jo behar da.

Ikerlanen gutxieneko luzapena ehun orrialdekoa izango da. Monografiaren diseinua zein testua edozein formatutan aurkeztu ahal izango da; hala ere, gutxieneko luzapenaren baldintza betetzen den ala ez konprobatzeko, erreferente gisa hartuko da formatu hau: justifikatutako testua, lerroartea 1,5ekoa eta letra mota Times New Roman 12.

Sarira aurkezten direnen nortasuna isilpean gordeko da, eta bakar bakarrik argitaratuko dira sariaren eta akzesitaren irabazleen izenak.

Bosgarrena.– Deialdi honen kudeaketa Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Azterlan eta Argitalpen Zerbitzuari dagokio.

Seigarrena.– Balorazio-irizpideak.

Bai saria, bai akzesita emateko orduan, ikerlanen kalitate zientifiko-teknikoa eta ikerlan horiek egiten dituzten ekarpenen garrantzia izango dira balorazio-irizpideak.

Saria emango zaio kalitate zientifiko-tekniko bikaina erakusten duen, ekarpen garrantzitsuak egiten dituen eta aurkeztu diren lanetatik hoberena den ikerlanari.

Akzesita, kalitate zientifiko-teknikoari eta ekarpenen garrantziari dagokienez, saria lortzeko baino beheragoko hurren-hurrengo maila erakusten duen ikerlanari emango zaio.

Salbuespenez, epaimahaiak erabaki dezake bi lan edo gehiago direla ikerlanik hoberenak edo bigarren hoberenak eta, ondorioz, horiei eman behar zaiela saria edo akzesit «ex aequo»a. Kasu horietan, deialdian aipatzen diren diru-kopuruak lan saridun guztien artean banatuko dira zati berdinetan.

Zazpigarrena.– Hona hemen sariak emango zaizkien hautagaiak erabakiko dituen Epaimahaiko kideak:

Epaimahaiburua:

– Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua edo berak izendatutako ordezkoa.

Kideak:

– Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendaria edo berak izendatutako ordezkoa.

– Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko idazkari nagusia edo berak izendatutako ordezkoa.

– Estatutuaren Garapenerako zuzendaria edo berak izendatutako ordezkoa.

– Sarirako aurkeztu diren ikerlanen gaien inguruan ospe handia duten aditu bi. Horiek Herri Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak izendatuko ditu, Agindu bidez, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariaren proposamenez.

Idazkaria:

– Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Azterlan eta Argitalpen zerbitzuburua edo berak izendatutako ordezkoa, IVAPi atxikitakoa izan behar duena. Hitza eta botoa emateko eskubidea izango du.

Epaimahaia osatzerakoan, ahaleginak egingo dira trebakuntza, gaitasuna eta prestakuntza egokia duten emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua egon dadin. Horretarako, ordezkaritza orekatua izango da sexu bakoitzak gutxienez % 40ko ordezkaritza baldin badu.

Edozein sexuri dagokionez, aurrean adierazitako ehunekoa betetzea ezinezkoa edo oso zaila gertatzen bada, ezintasun edo zailtasun hori zurituko da Epaimahaia osatzen duten aditu biak izendatzen dituen Aginduan.

Sariak emateko, Epaimahaia bildu eta daudenen gehiengoaren aldeko botoa beharko da. Berdinketarik gertatuz gero, epaimahaiburuak izango du ebazteko botoa.

Epaimahaiburua edo idazkaria, edo izendatutako ordezkoa, Epaimahaiaren bilerara agertu ezean, eta quorum nahikoa betetzen bada, bilerara azaldutako kideen gehiengoaz erabakiko da haien artean nork beteko dituen epaimahaiburuaren edo idazkariaren eginkizunak.

Zortzigarrena.– Deialdia eragina izango duen egunetik sei hilabete igaro baino lehenago hartuko du erabakia Epaimahaiak, zeinak, deialdiaren balorazio irizpideei jarraituta, saria edo akzesita hutsik uztea proposa baitezake.

Bederatzigarrena.– Sariaren eta akzesitaren esleipena Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen zuzendariaren ebazpen baten bidez egingo da, Epaimahaiaren proposamena jarraituz, eta gero, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara emango da.

Deialdia indarrean jartzen den egunetik sei hilabete igarota, sarien esleipen-ebazpena interesdunei jakinarazi ez bazaie, interesdunek ezezkotzat hartu beharko dute beren eskaera, hori guztia urriaren 1eko Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluaren arabera.

Hamargarrena.– Sariaren eta akzesitaren onarpena edo ukazioa, esleipendun direnen aldetikoa, https://www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa egoitza elektronikoko «Nire Karpeta» atalean telematikoki aurkeztutako idatzi baten bidez jakinarazi beharko da, bost laneguneko epean. Epe hori esleipen-ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta deialdiaren interneteko helbide elektronikoan argitaratu eta hurrengo egunetik hasiko da. Argitalpena egun berean egingo da.

Hamaikagarrena.– Sarien ordainketa aldi bakar batez egingo da, esleipena egin eta gero. Zergei buruzko arauekin bat etorriz, hirugarren oinarrian aipatzen diren diru-kopuruetatik aplika dakizkiekeen atxikipenak egingo dira.

Halaber, sarien ordainketa bateragarria izango da sariak lortzen dituzten ikerlanek beste edozein erakunde publikotatik edo pribatutatik jasotako edozein motatako dirulaguntzarekin.

Hamabigarrena.– Saria eta akzesita onartzeak berekin dakar Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeari egile-eskubideak dohainik lagatzea, hamar urteko eperako eta edozein hizkuntzatarako. Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak konpromisoa hartzen du urtebeteko epean ikerlana argitaratzeko; epe hori zenbatzeko, kontuan hartuko dira, soil-soilik, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak edo haren argitalpen-zerbitzuen esleipendunak diren enpresek bete behar dituzten tramiteak eta betebeharrak burutzeko denborak.

Saritutako ikerlanak beste lan zabalago batzuen atal badira, Epaimahaiak osorik argitaratzea erabaki dezake; hala eginez gero, egileak obra osoaren ustiapen-eskubideak lagako dizkio Administrazioari. Edozein modutan, saria irabazi duela adierazteko, izenburu honekin azaldu beharko da: «Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen «Jesús María Leizaola» 2019ko Saria» eta «Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen «Jesús María Leizaola» 2019ko Sariaren Akzesita».

Hamahirugarrena.– Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua (Datu Babeserako Erregelamendu Orokorra), pertsona fisikoak babesteari buruzkoa, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez; 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa eta datuak babesteari buruz indarrean dagoen gainerako legeria betez, jakinarazten dugu datu pertsonalak tratamendu-jarduera honen barruan sartuko direla: «Ikerketen sustapena». Tratamendu horren helburua da deialdi hau kudeatzea eta ebaztea.

Tratamenduaren arduraduna da Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Zuzendaritza. Datuetarako iristeko eskubidea, datuak zuzentzeko, ezabatzeko edo emateko eskubideak, tratamendua mugatzeko eskubidea, tratamenduari aurka egiteko eskubidea eta emandako adostasuna errebokatzeko eskubidea, edo aplikagarria zaion araudiak arautzen dituen gainerako eskubideak Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Zuzendaritzaren edo Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Datuak Babesteko ordezkariaren aurrean balia daitezke.

Deialdi honetako parte-hartzaileei buruzko datuak epaimahaikideei jakinaraziko zaizkie. Irabazleen datuak difusio-jardueretan erabil daitezke, eta Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia Sailari eta dagokion Zerga-administrazioari jakinaraziko zaizkie. Datu pertsonalak ez dira lagako, lege-betebeharra existitzen ez bada, eta ez zaizkie transferituko hirugarren herrialdeei.

Hemen kontsulta dezakezu datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatz guztia:

http://www.ivap.euskadi.eus/ikerketen-sustapen-tratamendua/z16-h2home/eu/

Hamalaugarrena.– Ikerlanen bat aurkezteak deialdiaren oinarrietan zehaztutako baldintzak onartu beharra dakarkio interesdunari.


Azterketa dokumentala