104. zk., 2019ko ekainaren 4a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (278 KB - 5 orri.)
- EPUB (222 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
2686
EBAZPENA, 2019ko maiatzaren 15ekoa, Ingurumen Administrazioko zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Ermuko Santa Ana auzunearen Hiri Berrikuntzako Plan Bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa.
GERTAKARIAK
2018ko abenduaren 28an, Ermuko Santa Ana auzunearen Hiri Berrikuntzako Plan Bereziari buruzko ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuari hasiera emateko eskatu zuen Ermuko Udalak. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu zituen, hala nola planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan eskatutako edukia zutela. Gainera, dokumentu hori egin duten pertsonak identifikatu dira ingurumen-dokumentu estrategikoan, sinatuta dago, eta amaiera-data dauka.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan xedatutakoa betetzeko, 2019ko otsailaren 27an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak egoki iritzitako oharrak egiteko eskatu zien zenbait erakunderi, ohar horiek oinarritzat hartuta, ingurumen-organo horrek ingurumen-txosten estrategikoa egin zezan. Zehazki, honako erakunde hauei egin zitzaien kontsulta: Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritza, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza eta IHOBE; Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritza, eta Ekologistak Martxan eta Eguzki.
Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri egon da Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdunek egoki iritzitako ingurumen-arloko oharrak egin zitzaten.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren, IHOBEren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Zuzendaritza Nagusiaren txostenak jaso dira, eta espedientean bertan txertatu da haien emaitza.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.
Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela ingurumenaren gaineko eraginen analisia, betiere, aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren planak eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo planen nahiz programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako. Ermuko Santa Ana auzunearen Hiri Berrikuntzako Plan Berezia kasu horietako bat da.
Aztertu dira planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak eta dokumentazio teknikoa, eta kontuan hartu da ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdiekin bat datorrela. Horrenbestez, txosten horiek aintzat hartuta, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak –ingurumen-arloko organo eskuduna den aldetik, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen eta Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera– judizio-elementu nahikoa dauka, eta, beraz, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du, zeinak planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten eta plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jasotzen baitu, baita sartu behar diren azken oharrak ere, soilik ingurumen-arlokoak.
Hauek guztiak aztertu dira: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Herriko Ingurugiroa Babestekoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzkoa, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Ermuko Santa Ana auzunearen Hiri Berrikuntzako Plan Bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea. Honako eduki hau jaso du:
A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.
Hiri Berrikuntzako Plan Bereziaren (aurrerantzean, Plana) xedea da definitzea, batetik, Santa Ana auzunerako sarbidearen hobekuntza, bai bizitegi-eraikinetarako (barne-irisgarritasuna konponduta), bai hiri-ingurunerako (bi igogailu publiko ezarrita jarduketa-eremuan), eta, bestetik, bide publikoaren hobekuntza eta erreforma. Jarduketa hauek aurreikusten ditu Planak:
– Auzuneko etxebizitzetan igogailuak ezartzeko gordetzea lurzorua. 4 modelo proposatzen dira, eta adierazten da zein proposamen egikaritu ahal izango litzatekeen eraikin bakoitzean, eraikinaren tipologiaren arabera.
– Bi jasogailu publiko proposatzen dira kaleen arteko irisgarritasuna hobetzeko: lehenengoa, San Isidro kaleko 3. atariaren parean, eta bigarrena, San Roke kalera ematen duen irteerarik gabeko bide batean, 1. atariko eraikinaren behealdean.
– Kaleak eta espaloiak berrantolatzea, sortuko diren etorkizuneko bolumenek ez diezaien trabarik egin oinezkoei eta ibilgailuei.
B) Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.
1.– Planaren ezaugarriak. Honako alderdi hauek hartu dira kontuan:
a) Planak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparrua. Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako baten batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.
b) Zenbaterainoko eragina duen Planak beste plan edo programa batzuetan. Plana bat dator eremuari eragiten dioten lurralde-antolamenduko planekin. Ez da aurkitu plangintza nagusiarekiko bateraezintasunik.
c) Plana egokia den ala ez ingurumen-oharpenak txertatzeko, bereziki garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin: hiri-ingurunea hobetzea ahalbidetzen du Planak.
d) Planarekin lotutako ingurumen-arazo esanguratsuak. Planean jasotako jarduketek ez dakarte berarekin garapen berrietara bideratutako azalera handitzea, ez eta haren ondorio posibleak handitzea ere, betiere indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira planaren esku-hartze eta jarduerak, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, natura-ondareari, kultura-ondareari, paisaiari, kutsadura akustikoari eta urei dagokienez.
e) Plana egokitzat jotzen da ingurumenaren arloko Europako nahiz Espainiako legeria txertatzeko.
2.– Ondorioen eta kalteak paira ditzakeen eremuaren ezaugarriei dagokienez, ez da aurreikusten Planak ondorio adierazgarriak izango dituenik ingurumenaren gainean, betiere gauzatzen diren jardunak eta jarduerak indarreko araudia eta ingurumen-dokumentuan eta ondorengo apartatuan ezarriko diren neurri babesle eta zuzentzaileak kontuan hartuta egiten badira.
3.– Nolanahi ere, neurri babesle eta zuzentzaileak indarrean dagoen araudiaren arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurka ez doan guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta eremua antolatzen duten planetan jasotakoaren arabera. Besteak beste, neurri hauek hartu beharko dira:
Planaren esparrua Ermuko alde zaharreko Esparru Arkeologikoko Monumentu Multzoarekin (Euskal Kultura Ondarearen Inbentario Nagusian inskribatua, Kulturako sailburuaren 1994ko irailaren 9ko Aginduaren bidez) gurutzatzen da gune txiki batean, hegoekialdeko sektorean. Beraz, zorupeari eragiten dion jarduketaren bat burutu behar izanez gero, proiektu arkeologiko bat aurkeztu beharko du pertsona edo erakunde sustatzaileak Bizkaiko Foru Aldundiko ondare arkeologikoaren arloan eskumena duen organoan, eta organo horrek onartu egikaritu beharko ditu aurretik, Euskal Kultur Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 45.5 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
Jarduketaren bat edo lur-mugimenduak burutuz gero kutsatuak egon daitezkeen lurzoruen inbentarioan barne hartutako lur-zatian, lurzoruaren kalitate adierazpen bat izapidetu beharko da, Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko 4/2015 Legearen 23. artikuluarekin bat.
Bestalde, eraikuntza-proiektuak gauzatzean aplikatu beharreko neurriek lotura izango dute obretako jardunbide egokien eskuliburuarekin, lurren eta soberakinen kudeaketarekin, hondakinen sorkuntza eta kudeaketarekin, induskatutako lurzoruen kontrolarekin eta uraren eta airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestearekin (eranskinean jasota daude Planetik eratorritako proiektuko obrak gauzatzeko neurri babesle eta zuzentzaileetako batzuk).
Bigarrena.– Zehaztea Ermuko Santa Ana auzunearen Hiri Berrikuntzako Plan Bereziak ez duela izango ondore kaltegarri esanguratsurik ingurumenean, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoari jarraikiz, eta horrenbestez, ez zaiola ingurumen-ebaluazio arruntik egingo.
Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Ermuko Udalari.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, honako ingurumen-ebaluazio estrategikoak indarraldia galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, Ermuko Santa Ana auzunearen Hiri Berrikuntzako Plan Berezia onartuko ez balitz. Kasu horretan, berriro hasi beharko da planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko maiatzaren 15a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
IVAN PEDREIRA LANCHAS.
ERANSKINA
– Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Gutxienez, gai hauekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu: lanaldiak, makineria, aldi baterako desbideratzeak, isurketak saihestea, ahalik eta hauts eta soinu gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa izan dezaketen jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea, etab.
– Hondakinak sortzea eta kudeatzea: obrak egitean eta garbiketa-kanpainak dirauen bitartean sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta berariazko arauetan xedatutakoa beteko da.
Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzeko ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntza- eta eraispen-hondakinak.
– Hondakin arriskutsuak jasotzen dituzten ontziek uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte (833/1988 Errege Dekretua, Hondakin toxikoei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko Erregelamendua onartzekoa).
– Olio erabiliak kudeatuko dira Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan eta EAEn erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1998 Dekretuan xedatutakoaren arabera.
– Airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesa: zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuari eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.
– Halaber, eguneko lan-ordutegian jardungo da eta kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.