Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

104. zk., 2019ko ekainaren 4a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
2681

385/2019 EBAZPENA, maiatzaren 3koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiarena, Osakidetzako Giza Baliabideen Hautaketa eta Horniketaren zuzendariordearen lanpostua betetzeko deialdia hutsik geratzen dela adierazten duena.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren zuzendari nagusiaren 150/2019 Ebazpenaren bidez, deialdia egin zen Osakidetzako Giza Baliabideen Hautaketa eta Horniketaren zuzendariordearen lanpostua izendapen askez betetzeko, Osakidetzaren Zuzendaritza Nagusiko Giza Baliabideen Zuzendaritzan.

Eskaerak aurkezteko epea bukatuta, bi hautagai aurkeztu dira behar bezala eta epe barruan.

2019ko apirilaren 12an, Balorazio Batzordeak erabaki zuen Zuzendaritza Nagusiari proposatzea izendapen askeko sistemaren bidez Osakidetzako Giza Baliabideen Hautaketa eta Horniketaren zuzendariordearen lanpostua betetzeko deialdia hutsik uztea, hautagai batek ez dituelako betetzen lanposturako betekizunak (Osakidetzako lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuaren I. eranskinean jasotakoak), ez baita A1/A2 lanbide-taldekoa.

Eta, bigarren hautagaiari dagokionez, jarraitutako prozesuan egiaztatu denez, esperientzia profesionalak ez du lotura egokirik deialdiko lanpostuarekin, eta hautagaiaren egokitasuna ez da nahikoa lanpostuak eskatzen dituen ezagutza juridikoen ikuspuntutik, ezta funtzioen izaerarekin ere.

Hori dela eta, Zuzendaritzak erabaki du deialdia hutsik uztea, Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 28. artikuluko hirugarren arau komunean, Osakidetzaren lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuan eta azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuan ezartzen denarekin bat, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Osakidetzako Giza Baliabideen Hautaketa eta Horniketaren zuzendariordearen lanpostua hornitzeko deialdia hutsik geratu dela adieraztea, Osakidetzaren Zuzendaritza Nagusiko Giza Baliabideen Zuzendaritzan.

Bigarrena.– Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahalko zaio Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluari; horretarako, hilabeteko epea egongo da, ebazpena EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko maiatzaren 3a.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusia,

JUAN LUIS DIEGO CASALS.


Azterketa dokumentala