Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

101. zk., 2019ko maiatzaren 30a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
2599

EBAZPENA, 2019ko maiatzaren 10ekoa, Ingurumen Administrazioko zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Eskoriatzako (Gipuzkoa) Dorleta 11.1 EUaren Plan Bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa.

AURREKARIAK

Eskoriatzako Udalak, 2019ko urtarrilaren 24an, eskabide bat aurkeztu zuen hasiera emateko ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedurari, honako plan honi dagokionez: Eskoriatzako Dorleta 11.1 EUaren Plan Berezia (aurrerantzean, Plana). Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan eskatutako edukia zutela. Gainera, ingurumen-dokumentu estrategikoan dokumentu hori egin duten pertsonak definitu dira, sinatuta dago eta amaiera-data dauka.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, kontsulta-izapidea egin zitzaien eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei, egoki iritzitako oharrak egin zitzaten, oinarritzat har bailitezke ingurumen-txosten estrategikoa formulatzeko eta, beharrezko iritziz gero, ingurumen-inpaktu estrategiko arruntaren ebaluazioa egiteko. Ohar horiek aintzat hartuko dira zehazteko nolako zabalera, xehetasun maila eta zehaztasuna izan behar duen ingurumen-azterlan estrategikoak. Zehazki, honako hauei egin zien kontsulta: Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzari, Kultura Ondarearen Zuzendaritzari, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendariordetzari (biak ala biak Eusko Jaurlaritzakoak); Kultura Zuzendaritza Nagusiari eta Ingurumen eta Obra Hidraulikoen Zuzendaritza Nagusiari (biak Gipuzkoako Foru Aldundikoak); Uraren Euskal Agentziari, eta Ekologistak Martxan elkarteari. Era berean, Eskoriatzako Udalari jakinarazi zitzaion izapidea hasita zegoela.

Halaber, espedientean jasotzen den dokumentazioa eskuragarri egon zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, egoki iritzitako ingurumen-arloko oharrak egin zitzaten interesdunek.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, honako hauen txostenak jaso dira: Kultura Ondarearen Zuzendaritza, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendariordetza, Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritza (guztiak ere Eusko Jaurlaritzakoak) eta Uraren Euskal Agentzia (espedientean daude horien emaitzak).

ZUZENBIDE-OINARRIAK:

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeko 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, ingurumenaren gaineko ondorioen analisia plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela, betiere aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.

Eskoriatzako Dorleta 11.1 EUaren Plan Berezia (aurrerantzean, Plana) abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluaren kasuetan sartzen da; bertan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako. Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean arautzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Dokumentazio teknikoa eta planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak aztertuta, eta ikusirik hasierako dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak –eskumena duen organoa baita otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera– ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du. Txostenak Planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten du eta Plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien gaineko iritzia ematen, baita ingurumen-ondorioetarako soilik sartu behar diren azken zehaztapenen inguruan ere.

Xedapen hauek guztiak aztertu dira: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Herriko Ingurugiroa Babestekoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Eskoriatzako Dorleta 11.1 EUaren Plan Berezirako ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, ondoren adierazten den eran:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Plan berezi horren xedea da Eskoriatzako Dorleta 11.1 exekuzio-unitatearen hirigintza-erregimen xehatua ezartzea. Eskoriatzako Plangintzako Arau Subsidiarioen indarreko testu bateginak Dorleta 11.1 HIE eremua mugatzen du. Eremua «A.20/11 Eraikuntza intentsiboko bizitegi-eremuak» izeneko eremu orokor gisa sailkatuta dago oro har. Plan berezi honek berrantolaketa hau proposatzen du:

– Berrantolatzea bizitegi-lurzati bakar bat, «a.20 Eraikuntza intentsiboko bizitegi-lurzatia» izenekoa, etxebizitza-bloke isolatu bat duena. Bloke hori lurzatiaren hego-muturrean dago. Azalera: 569,25 m2.

– Antolatutako lurralde-eremuaren hego-muturrean, «g» lurzatia eratzen da, komunitate-ekipamendu pribatua. Azalera: 1.536,18 m2.

– Eremuan hego-ekialdeko muturretik ibilgailuz sartzeko bidea. Azalera: 602 90 m2.

– Ibai ertzeko oinezkoentzako pasealekua. Azalera: 516,25 m2.

– Ekipamenduaren inguruan berdeguneen eremu bat, f.20 Espazio Librea. Azalera: 1.340,89 m2.

Plan Bereziaren eremuak 4.565,47 m2-ko azalera du.

B) Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, zehazteko ea planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

a) Planak zer neurritan ezartzen duen esparru bat proiektuetarako eta beste jarduera batzuetarako: urbanizazio- eta eraikitze-proiektua proposatzen du planak, geroago garatzeko. Aurkeztutako agiriak ikusita, planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako baten batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Planak zer neurritan eragiten duen beste plan edo programa batzuetan: plana bateragarria da hierarkikoki goragoko mailakoak diren lurralde-plan, plan sektorial eta hirigintza-planekin.

c) Planaren egokitasuna ingurumeneko irizpenak integratzeko, batik bat garapen jasangarria sustatzeko xedearekin: planaren xedea da, besteak beste, natura-baliabideen erabilera babestea eta optimizatzea; esate baterako, lurzoruaren okupazioa efizientea izatea, posible den heinean; izan ere, hiri-paisaian kokatzen da, domeinu antropogenikoan.

d) Planarekin edo programarekin loturiko ingurumen-arazo esanguratsuak: ingurumenean nolabaiteko inpaktua izan dezaketen jardunek obra-faseekin dute zerikusia batez ere: lur-mugimenduak, makineria-zirkulazioa, zoru-okupazioa, ustekabeko isurpenak, uraren kalitatearen gaineko eragina, hondakinak sortzea, soinu-mailen igoera, partikulek eragindako kontaminazio atmosferikoa eta abar. Zaratari dagokionez, irizten da badirela kalitate akustikoarekin loturiko helburuak betetzeko neurri zuzentzaileak eraikin berrien fatxadaren zenbait puntutan, eta puntu horietan gainditzen direla kalitate akustikoaren helburuak, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarrita daudenak. Uholdeak izan ditzaketen eremuak oinezkoentzako ibaiaren ertzeko pasealeku gisa erabiliko dira.

Ondorio gisa esan daiteke ez dela hauteman plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, baldin eta, eraginpeko eremuan egiten diren esku-hartzeak eta jarduerak gauzatzean, betetzen bada indarrean dagoen araudia, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, paisaiari, kutsadura akustikoari eta kultura-ondarearen babesari dagokienez. Bereziki, kontuan hartuko da Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 36. artikuluan adierazitakoa, hartara eragotzi gabe 43. eta 45. artikuluetan eta Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoaren (2015-2021) zehaztapenetan ezarritakoa.

e) Era berean, Plana egokitzat jotzen da ingurumen arloko Europar Batasuneko edo nazio-mailako legedia txertatzeko.

2.– Sor daitezkeen ingurumen-efektuak eta seguruenik eraginpean izango den eremuaren ezaugarriak:

Planaren xede den eremua Deba ibaiaren lur alubialaren inguru lau batean dago, Eskoriatzaren hirigunean bertan, hiri-kokagunez eta bide-azpiegiturez inguratuta, eta ez dago eraikita. Ingurumenaren aldetik, Deba ibaiaren presentzia da nabarmenena (eremuaren iparraldeko muga), eta hori bisoi europarraren interes bereziko eremua da, eta ibai ertzeko landaretza du, «91E0 Alubioi-basoak» Batasunaren intereseko lehentasunezko habitat mota duena.

Jarduera-eremua ibilgua zaintzeko eremuan dago, eta planaren xede den eremuaren iparraldeko zerrenda 10 urteko errepikatze-denboretako uholde-eremuen barruan dago, eta lehentasunezko fluxu-eremuaren barruan ere bai.

Jarduera-eremua GI-627 errepidearen eraginpeko gunean dago. Ikerketa dela-eta aurkeztutako eragin akustikoari buruzko ikerketaren arabera, gainditu egiten dira kalitate akustikoaren helburuak, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarrita daudenak, baina iritzi da badirela kalitate akustikoarekin loturiko helburuak betetzeko neurri zuzentzaileak eraikin berrien fatxadaren zenbait puntutan.

3.– Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, ingurumen-txosten estrategikoak formulatzen duen ebazpenean adierazitakoarekin bat, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, ingurumen-agiri estrategikoan eta Planean bertan jasotakoarekin bat etorriz.

Planean hartuko beharreko erabakien artean eta Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen duenari jarraikiz, ezingo dira exekutatu etorkizuneko garapen urbanistikoak honako eremuetan: kanpoko ingurumarian kalitate akustikoaren helburuak betetzen ez direnetan, hargatik eragotzi gabe 43. eta 45. artikuluetan ezarritakoa.

Era berean, kontuan hartuta planaren esparrua foru-errepideen zortasun akustikoko eremu baten barruan dagoela, eremu horretan edozein jarduketa egin ahal izateko, azpiegitura horiek kudeatzen dituen organoaren nahitaezko txostena beharko da.

Ibai ertzeko pasealekuak kontuan hartu beharko ditu Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoan (2015-2021) honelako jardueretarako ezarritako zehaztapenak.

Bestalde, proiektua gauzatzean aplikatu beharreko neurriei dagokienez, kontuan hartu beharko dira obretako jardunbide egokien eskuliburua, lurren eta soberakinen kudeaketa, hondakinen sorkuntza eta kudeaketa, induskatutako lurzoruen kontrola eta uraren eta airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesa (ebazpen honen I. eranskinean jasota daude Planetik eratorritako proiektuko obrak gauzatzeko neurri babesle eta zuzentzaileetako batzuk).

Eraikingintza eta eraikuntza jasangarrienerako behar diren ezaugarriei dagokienez, EAEko etxebizitzen eraikuntza jasangarriaren gidan jasotako neurriak eta ingurumen-jardunbide egokiak erabiliko dira eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute:

– Materialak. Lehengai ez-berriztagarrien kontsumoa murriztea.

– Energia. Berriztagarriak ez diren iturrien bidez sortutako energia kopurua edo -kontsumoa murriztea.

– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

– Atmosfera. Gas, hauts, bero eta argi gutxiago isurtzea.

– Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasungarritasuna hobetzea.

Bigarrena.– Xedatzea, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritako terminoekin bat, ez dela aurreikusten Eskoriatzako (Gipuzkoa) Dorleta 11.1 EUaren Plan Bereziak ingurumen-eragin esanguratsurik eragingo duenik. Hortaz, ez zaio ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar.

Hirugarrena.– Eskoriatzako Udalari jakinaraztea ebazpen honen edukia.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategikoak indarraldia galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, Eskoriatzako Dorleta 11.1 EUaren Plan Berezia onartzen ez bada. Kasu horretan, berriro hasi beharko da planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko maiatzaren 10a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

IVAN PEDREIRA LANCHAS.

ERANSKINA

– Exekuzio-faseko lanak bisoi europarraren ugalketa-alditik kanpo egin beharko dira (martxoaren 15etik uztailaren 31ra arteko alditik kanpo).

– Ibilguaren ondoko lanek libre utzi beharko dute jabari hidrauliko publikoaren zortasun-eremua.

– Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Gutxienez, gai hauekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu: lanaldiak, makineria, aldi baterako desbideratzeak, isurketak saihestea, ahalik eta hauts eta soinu gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa izan dezaketen jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea, etab.

– Hondakinak sortzea eta kudeatzea: obrak egitean eta garbiketa-kanpainak dirauen bitartean sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta berariazko arauetan xedatutakoa beteko da.

Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzeko ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntza- eta eraispen-hondakinak.

Hondakin arriskutsuak jasotzen dituzten ontziek uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte (833/1988 Errege Dekretua, Hondakin toxikoei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko Erregelamendua onartzen duena).

– Olio erabiliak, berriz, industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan eta EAEn erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1998 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

– Induskatutako lurzoruen kontrola: Eskoriatzako Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak hautemateagatiko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.

– Airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesa: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuari eta isuri akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen isuri akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-isuriak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.

Halaber, eguneko lan-ordutegian jardungo da eta kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.


Azterketa dokumentala