Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

93. zk., 2019ko maiatzaren 20a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
2364

77/2019 DEKRETUA, maiatzaren 14koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari Bilbao Exhibition Centre SA sozietatearen kapital-gehikuntzan parte hartzeko baimena ematen diona.

Bilbao Exhibition Centre SA sozietatearen Akziodunen Batzar Nagusiak, 2019ko martxoaren 25ean egindako bilkuran, erabaki zuen sozietatearen kapitalari 35.040.000,00 euro gehitzea.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak, Bilbao Exhibition Centre SA sozietatearen bazkide denez, lehentasunezko eskubidea du sozietatearen Akziodunen Batzar Nagusiak jaulkitzen dituen akzio berriak harpidetzeko, Kapital Sozietateen Legearen testu bategina onartzen duen uztailaren 2ko 1/2010 Legegintzako Errege Dekretuaren 304. artikuluan agindutakoarekin bat etorriz.

Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintza Dekretuaren 110.1 artikuluan ezartzen denez, enpresa-ondarea osatzen duten ondasunak eta eskubideak eskuratzeko, aurretiaz, Gobernu Kontseiluaren baimena beharko da, dekretu bidez emana, eta horretarako proposamena, berriz, ondareari buruzko eskumenak dituen saileko buruak eta, zuzenean nahiz bitarteko erakunde baten bidez, sozietatea loturik duen edo loturik izango duen saileko buruak egin beharko dute, biek batera. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu behar da dekretu hori; baina, edonola ere, ematen den egunetik aurrera izango da indarrean.

Kapitala ordezkatzen duten baloreak eskuratzeko baimena ematen duen dekretuak, doako eskuraketa ez baldin bada behinik behin, nahitaezkoa izango du sozietatearen xedea adieraztea, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoak eskuratze horretan zuzenean nahiz zeharka izango duen partaidetzaren ehunekoa ere.

Bilbao Exhibition Centre SA sozietatearen xedea da «merkataritza lehiaketak antolatu eta kudeatzea, jarduera ekonomikoaren adar ezberdinen eta aisialdi eta kulturarekin lotutako beste batzuen merkataritzako sustapen modura».

Ondorioz, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren eta Ogasun eta Ekonomiako sailburuaren proposamenez, eta Gobernu Kontseiluak 2019ko maiatzaren 14an egindako bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari baimena ematea hamazazpi milioi bostehun eta hogei mila (17.520.000,00) euro harpidetzeko Bilbao Exhibition Centre SA sozietatearen Akziodunen Batzar Nagusiak erabakitako kapital-gehikuntzan; zenbateko osoa hogeita hamabost milioi eta berrogei mila (35.040.000,00) euro da. Halaber, baimena ematen zaio ordainketa aipatu batzarrak ezarritako epeetan eta moduan egiteko, eta sozietatearen estatutuak aldatzeko. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak Bilbao Exhibition Centre SA sozietatean izango duen partaidetza zuzena % 49,98koa izango da.

2. artikulua.– Sozietateko estatutuen 6. artikulua aldatzea. Honela geratzen da: «Ehun eta hogeita bost milioi ehun eta berrogei mila zazpiehun eta hogeita hamasei (125.140.736) euroan finkatzen da sozietateren kapitala, zazpi milioi zortziehun eta hogeita bat mila berrehun eta laurogeita hamasei (7.821.296) akziotan gauzatzen dena –bakoitza hamasei (16) euroko balio nominalekoa–, eta 1etik 7821296ra (biak barne) korrelatiboki zenbatutakoak, guztiak ere harpidetuak eta ordainduak».

3. artikulua.– Ondare eta Kontratazioko zuzendariari ahalmena ematea aurreko artikuluetan xedatutakoa burutzeko beharrezkoak diren jarduerak gauzatzeko eta agiriak izenpetzeko.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu honek onartzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteizen, 2019ko maiatzaren 14an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

Ogasun eta Ekonomiako sailburua,

PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.


Azterketa dokumentala