Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

90. zk., 2019ko maiatzaren 15a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

TURISMO, MERKATARITZA ETA KONTSUMO SAILA
2273

AGINDUA, 2019ko maiatzaren 2koa, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuarena, zeinaren bidez arautzen eta iragartzen baitira turismo-enpresen sorkuntzari eta lehiakortasunaren hobekuntzari laguntzeko 2019ko ekitaldirako laguntzak.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren 2017-2020 aldirako Plan Estrategikoaren barruan garatuko ildo estrategikoak, sailaren turismoaren alorreko jarduna bideratzen dutenak, inspirazio-iturri izan dira Euskal Turismoaren 2030eko Estrategia eta haren barruko 2017-2020 aldirako Gida Plana prestatzeko. Hauexek dira:

1.– Turismo-eskaintza bikaina garatzea.

2.– Turistak erakartzea eta fidelizatzea.

3.– Tokiko komunitatearentzako balioa sortzea.

4.– Turismo jasangarriari lotutako jardunbideak garatzea.

5.– Sektorearen prestakuntza- eta lehiakortasun-baldintzak bultzatzea.

6.– Lurraldearen kudeaketa turistikoaren eredua hobetzea.

7.– Kudeaketa- eta gobernantza-eredu berri bat sustatzea.

«Hazkunde turistiko solidoa, enplegu handiagoa eta hobearekin» izeneko jomugak sailaren turismoaren alorreko ikuspegia biltzen du esandako denbora-tarte horretarako:

«Bikaintasun- eta espezializazio-jomuga baten garapena sustatzea, turistei goi-mailako balioa emango diena eta euskal gizarteari, enpresariei, kolaboratzaileei eta ingurumenari, berriz, oparotasun jasangarria».

Era berean, Euskadiko turismo-industriaren 2030eko ikuspegia ere kontuan hartzen du:

«Modu jasangarrian haztea, bikaintasun- eta espezializazio-jomuga gisa sendotzeko, Europa osoan erreferente izateko».

Turismo jasangarriko eredu honek lau zutabe ezinbesteko izango ditu, elkarren artean lotuta, bisitatzen gaituzten pertsonen esperientzia hobetzeko eta gizartearen zati batek turismoari buruz duen pertzepzioa hobetzeko: jasangarritasun ekonomikoa, toki-komunitatea, natura- eta kultura ingurunea, eta bidaiariak. Jomuga espezializatua, ondo egiten dakien horretara bideratua eta gainerako jomugetatik bereiziko duena. Azkenik, bikaintasun-jomuga, balio erantsiko handiko segmentu turistikoen mix bat erakartzeko gaitasuna ezaugarri duena: eguneko gastu handiagoa, egonaldi luzeagoa, eskakizun-maila handiagoa eta ingurunearekin errespetu handiagoa.

Ikuspegi hori lortzeko, Euskadik honako emaitza hauek lortu beharko ditu:

– Hazkunde handiagoa (gastu eta egonaldi handiagoak, dibertsifikazio handiagoa eta gehiago deszentralizatuta);

– Produktibitate handiagoa (operazio-kostu txikiagoak eta urtarokotasun apalagoa);

– Turismo jasangarria.

Programa honetan diruz laguntzeko moduko jarduketak aurretik aipatu ditugun ildo estrategikoen barruan daude jasota:

3. ildoa. Tokiko komunitatearentzako balioa sortzea: Turismoaren eragin zuzenak euskal gizartean ongizatea sortzen lagundu behar du, baita bertako kulturari eusten ere; hartara, turismo-enpresen garapen-ereduak inpaktu hori kontuan izan beharko du, beste sektore batzuekin sinergiak sortuta eta, bereziki, merkataritzarekin, artisautzarekin eta bestelako jomuga turistikoetatik bereizteko aukera ematen digutenekin. Hala, enpresa-aukera erakargarriak sortuko dira, jasangarriak, errentagarriak eta kalitatezko lanpostuak sortuko dituztenak bertako herritarrentzat. Era berean, ezinbestekoa da negozio berriak eta berritzaileak sortzea, Euskal Turismoaren 2017-2020 Marketin Planean identifikatutakoak, eta, bereziki, denboraldiz kanpo produktu eta zerbitzu berriak sortuko dituztenak eta kalitatezko lanpostuak emango dituztenak.

4. ildoa. Turismo jasangarriaren praktikak sustatzea: turismo-enpresek gizarte- eta ingurumen-erantzukizunaren aldeko apustuak egin beharko dituzte, bermatzeko turismoaren hazkundea bateragarria izango dela bertako biztanleen bizitza-kalitatea gordetzearekin eta aberastasuna sortzen jarraitzeko gaitasunarekin. Ingurumen-jasangarritasunaren esparruan, euskal turismo-industriak aztarna ekologikoa murrizten ahalegindu beharko du.

5. ildoa. Sektorearen prestakuntza- eta lehiakortasun-baldintzak hobetzea: euskal turismo-industriak giza kapital prestatua behar du, jardunerako baldintza eta azpiegitura onak, baita berrikuntza, teknologia eta sorkuntza-prozesuak hartzea ere, zeinek bere negozio-ereduan lehiakortasunari eutsi ahal izateko.

Aurreko guztia kontuan izanda, laguntza-programa honen helburu nagusia zera da, turismo-enpresen sorkuntza sustatzea eta egungoen lehiakortasuna hobetzea modu jasangarrian. Helburu espezifikoei dagokienez, berriz, honako hauek dira:

1.– Merkatuko negozio berritzaileen kopurua handitzea potentzial handiko segmentuetan, bertako ongizatean eta oparotasunean eragiteko eta Euskadiko natura- eta kultura-ondarea errespetuz baliatzeko.

2.– Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak (IKT) eta bestelako soluzio teknologikoak erabiltzen dituzten enpresen kopurua handitzea, enpresek bezeroekin duten interakzioa eta turismo-negozioen eraginkortasuna hobetzeko.

3.– Ingurumenaren aldetik turismo jasangarria eta eskuragarria eskaintzen duten enpresen kopuru handitzea.

4.– Eskaintzen dituzten zerbitzuen kalitatea hobetzen duten enpresen kopurua handitzea.

Prozeduraren ikuspuntutik eta administrazio-izapideak errazteko, agindu honetan erabaki da espedienteen izapidetze elektronikoa egingo dela. Programa honen aurretik antolatu direnetan enpresa onuradunekin izandako kudeaketa-esperientzia aztertuta, ikusi da prozedura hori aurrerapen bat dela lortu nahi den enpresen eta erakundeen lehiakortasunaren hobekuntzaren ildotik, eta horrek ez duela eragiten inolako diskriminazio edo kalterik.

Laguntza-programa honek behar besteko aurrekontu-kreditua du, Euskal Autonomia Erkidegoko 2019. urteko Aurrekontu Orokorretan aurreikusitakoa eta Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren 2019ko Dirulaguntzen Plan Estrategikoan jasota dago.

Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen helburua toki-garapenari lagunduko dioten turismo-negozio berriak sortzen laguntzeko oinarriak ezartzea da, baita turismo-enpresen lehiakortasuna hobetzen laguntzera bideratutako jarduketak ere, guztia ere berrikuntza teknologikoaren babesarekin; halaber, haien kalitatea hobetu nahi da eta turismo jasangarriko eta eskuragarriko eredu baterantz bideratu, baldin eta diruz laguntzeko honako ildo hauetan tokirik badute:

– Turismo-negozio berriak sortzea.

– Turismo-enpresen lehiakortasuna hobetzea.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Aurreko artikuluan adierazitako helburura zuzendutako ekonomia-baliabideak 652.000 eurokoak dira, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako esleitutako aurrekontu-kredituetatik hartuko dira.

Honako hauek dira agindu honetan diruz laguntzeko lerroetara bideratutako zenbatekoak:

a) Turismo-negozio berriak sortzea: 200.000 euro.

b) Turismo-enpresen lehiakortasuna hobetzea: 452.000 euro.

Eman beharreko laguntzen guztizko bolumenak ez du gaindituko artikulu honetan ezarritako zenbatekoa edo hori eguneratzetik ateratzen dena, indarreko legerian aurreikusitako kredituak lotzeko edo aurrekontuak aldatzeko erregimenari jarraikiz. Hori gertatzen bada, Turismo eta Merkataritzako sailburuordearen ebazpen bidez emango da horren berri.

3. artikulua.– Definizioak.

Agindu honen ondorioetarako, definizio hauek finkatzen dira:

1.– Enpresa. Bere forma juridikoa edozein izanik ere, jarduera ekonomiko bat garatzen duen pertsona batek edo gehiagok sortutako edo eratutako elkartea edo erakundea; hau da, merkatu jakin batean ondasunak jartzen dituena edo zerbitzuak eskaintzen dituena.

2.– Sukaldaritza-enpresak: jatetxeak, tabernak, kafetegiak eta tankera horretako establezimendu finkoak, publikoari oro har irekiak, tokian bertan kontsumitzeko otorduak eta edariak eskaintzen dituztenak modu ohikoan eta profesionalean.

3.– Biltzarrak antolatzen dituzten enpresa profesionalak. Biltzarrak, azokak, konbentzioak eta antzeko ekitaldiak eta profesionalki biltzar bat egitea eskatzen duen beste edozein jarduerari buruzko aholkularitza, plangintza, antolaketa, zuzendaritza eta kontroleko zerbitzuak eskaintzen dituzten turismo-bitartekaritzako enpresak.

4.– Turismo-garraioko enpresak. Pertsonak lekualdatzeko azpiegitura eta ekipo-ondasunak edukita, jarduera nagusi gisa Euskadi barruan interesekoak diren baliabide edota toki desberdinetan ibilbide gidatuak egitea duten enpresak.

5.– Turismo aktiboko enpresak. Modu jarraituan eta profesionalean eskaintzen dituzte, prezio baten truk, aisia-, kirol- eta abentura-jarduera turistikoak, konpetizioaz kanpoko testuinguru batean garatuak. Jarduera horiek egiten diren inguruan bertan (airean, lur gainean edo uretan) naturak eskaintzen dituen baliabideak erabiltzen dira nagusiki, eta jarduera horiek berezko dute halako arrisku bat, edo nolabaiteko trebetasuna eskatzen dute.

6.– Basquetour; Turismoaren Euskal Agentzia, Agencia Vasca de Turismo, SA (aurrerantzean, Basquetour). Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailari atxikitako sozietate anonimo publikoa izanik, haren xede soziala, besteak beste, honako hau da: euskal turismo-sektorearen lehiakortasuna hobetzeko beharrezkoak diren ekintzak bultzatzea, abian jartzea eta betearaztea. Ekintza horiek turismoaren arloko sailburuordetza eskudunak diseinatu eta planifikatuko ditu. 2013. urteaz geroztik, era berean, Espainiako Turismo Kalitatearen Institutuaren ordezkaritza gisa dihardu Euskadin.

7.– Bidaia konbinatua. Hurrengo paragrafoan adierazitako elementuetatik gutxienez bi elementu konbinatuz aurretik lotzea da, prezio globala ezarrita salduz edo eskainiz, baldin eta eskainitako prestazio horrek 24 ordutik gorako iraupena badu edo gutxienez gau bateko egonaldia hartzen badu.

Aurreko paragrafoan adierazten diren elementuak honako hauek dira:

– Garraioa.

– Ostatua.

– Bestelako turismo-zerbitzu batzuk, garraioari edo ostatuari lotu gabe daudenak, baina bidaia konbinatu horretan funtsezkoak direnak.

8.– Bitartekaritzako turismo-enpresak: turismo-arloko aholkularitza-, bitartekaritza- eta antolaketa-zerbitzuak profesionaltasunez eta ohikotasunez ematen dituztenak dira, betiere erregelamenduz ezarritako eskakizunak betez. Beren baliabide propioak erabil ditzakete jarduera horiek egiteko. Honako hauek hartzen dira bitartekaritzako turismo-enpresatzat: bidaia-agentziak; enpresa elkartuen turismo-eskaintzen merkaturatze komuna egitea helburu duten turismo-enpresen elkarteak; erreserben zentralak, bitartekari turistikoak eta operadore turistikoak.

9.– Turismo-gidariak: jarduera eta zerbitzu turistikoen erabiltzaileentzat informazio- eta interpretazio-lana egiten dute Euskadiko interes kulturaleko ondasun eta gainerako baliabide turistikoen ondare historiko, natural eta gastronomikoari buruz. Zerbitzu horiek ohikotasunez, profesionaltasunez eta prezio bidez ematen dituzte, Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan eta atzerriko beste edozein hizkuntzatan.

10.– Zerbitzu turistikoak: turismo-erabiltzaileen eskariari erantzuteko egiten diren jarduerak, zerbitzu hori emateko erabiltzen diren instalazioak eta ondasun higiezinak barne. Ondorio horietarako, zerbitzu turistikoak dira: ostatu-zerbitzuak, bitartekaritzak, informazio turistikoa eta turismoarekin lotutako beste edozein zerbitzu.

11.– Produktu turistikoa: turismoa erabiltzeko eta lupertzeko egituratutako baliabide edo zerbitzu nagusi edo osagarri oro, erabiltzaile batek balia dezakeena jarduera bat edo gehiago egiteko.

4. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Agindu honetan bildutako laguntzak, Euskal Autonomia Erkidegoan jarduteko eskatzen diren legezko baldintzak betetzen dituzten enpresek eskuratu ahal izango dituzte; eta honako tipologia hauetako batean bilduta egon beharko dute:

a) Turismo-alojamenduko enpresak.

b) Sukaldaritza-arloko enpresak.

c) Bitartekaritzako turismo-enpresak.

d) Turismo-garraioko enpresak.

e) Turismo aktiboko enpresak.

f) Biltzarrak antolatzen dituzten enpresa profesionalak.

g) Turismo-gidak.

2.– Edozein kasutan erakunde publikoak eta zuzenbide publikoko erakundeak hortik kanpo geratuko dira.

3.– Enpresa onuradunak jardunean egon behar dira eskabidea aurkezten dutenean, salbu eta ekintzailetza-lerroko laguntzak eskatzen dituztenak (I. eranskina) turismo-negozio berri bat sortzeko, eskabideak aurkezteko epea amaitu ondoren martxan jarriko litzatekeena. Kasu horretan, 2019ko abenduaren 31 baino lehen bete beharko dute baldintza hori. Inguruabar edo zirkunstantzia hori ziurtagiri honen bidez egiaztatuko da: Ekonomia-jardueren gaineko zergan (EJZ) alta edo baja emanda egotearen ziurtagiria.

Alabaina, onartu egingo da enpresak aldi baterako ixtea, laguntzaren xedeko obra egiteko behar den denboran.

4.– Ondasun-erkidegoen eta sozietate zibilen kasuan, bertan parte hartzen duten pertsona guztiak, fisiko zein juridiko pribatuak, pertsona onuraduntzat hartuko dira, eta guztiek bete beharko dituzte agindu honetan ezarritako betekizunak eta baldintzak. Elkarteak ezingo dira desegin harik eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 44. artikuluak finkatzen duen epea igarotzen den arte.

5.– Enpresak hauek ezingo dira laguntzaren onuradun izan:

– Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13 artikuluan ondorio horietarako jasotako kasuren batean daudenak.

– Horretarako ezgaitzen dituen legezko debekua duten erakundeak, sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak azken xedapenetako seigarrenean xedatutakoari jarraikiz.

6.– Onuradun izaera lortzeko debekurik ez daukatela justifikatu behar dute pertsona edo enpresek, dirulaguntzaren erantzukizunpeko adierazpena aurkeztuz. Dirulaguntzen Lege Orokorreko (azaroaren 17ko 38/2003) 13. artikuluaren 2. eta 3. zenbakietan daude adierazita debeku horiek.

7.– Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko obligazioak bete diren automatikoki egiaztatuko da, laguntza eman aurretik eta ordainketa-proposamena egin aurretik.

Dirulaguntzaren eskaera aurkeztean, eskatzaileak baimena ematen dio dirulaguntza emango duen organoari zuzenean egiazta ditzan Dirulaguntzen Erregelamenduaren 18. eta 19. artikuluetan (887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa) aurreikusita dauden egoerak, ziurtagiri telematikoen bidez; kasu horretan, eskatzaileak ez ditu ziurtagiri horiek aurkeztu beharko.

Hala ere, eskatzaileak espresuki uka dezake horretarako adostasuna, eta, hori egiten baldin badu, aipatutako egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu.

5. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.

1.– Agindu honetan jasoko laguntzak dirulaguntza ez-itzulgarri gisa hartuko dira, eta Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako turismo-enpresen jarduerak finantzatzera bideratuko dira, betiere honako ildo hauetako batean sartzen badira:

a) Turismo-negozio berriak sortzea, I. eranskinean zehaztutako ezaugarrien arabera.

b) Turismo-enpresen lehiakortasuna hobetzea, II. eranskinean zehaztuta ezaugarrien arabera eta honako xede hauek bilatzen dituztenak:

– Turismo-enpresen eta -zerbitzuen berrikuntza, soluzio teknologikoen bitartez.

– Turismo-enpresen eta -zerbitzuen kalitatea hobetzea.

– Eskaintza turismo jasangarrira, arduratsura eta eskuragarrira bideratzea.

2.– Estrategiok elkar baztertzen dute.

6. artikulua.– Laguntzen zenbatekoa.

1.– Turismo-negozio berriak sortzera bideratutako proiektuetarako (I. eranskinean jasoak) dirulaguntza maximoa onartutako zenbateko garbiaren % 40 izango da, eskaera bakoitzeko, 18.000 eurora arte.

2.– Turismo-enpresen lehiakortasuna hobetzera bideratutako proiektuetarako (II. eranskinean jasoak) dirulaguntza maximoa onartutako zenbateko garbiaren % 30 izango da, eskaera bakoitzeko, 15.000 eurora arte.

7. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

1.– Diruz laguntzeko moduko gastutzat hartuko dira I. eta II. eranskinek horri buruz jasotako zehaztapenekin bat datozenak, zalantzarik gabe, eta, gainera, 2019ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean egin eta fakturatzen direnak.

2.– Inbertsio onargarri gisa inbertsio horren balio garbia zenbatuko da beti, halakotzat hartuz balio erantsiaren gaineko zerga kendu ondoren fakturatutako zenbatekoa.

3.– Leasing bidez ibilgetua eskuratuz gero, diruz laguntzeko tarteari dagozkion kuotak lagundu ahal izango dira diruz, interesik eta gasturik gabe.

4.– Baldin eta enpresa onuradunek egiten dituzten kontratu txikietan diruz lagun daitekeen gastuaren zenbatekoa handiagoa bada 40.000 euroko zenbateko garbia baino, obra egiteko kostuen kasuan, edo 15.000 euro baino handiagoa, ekipamenduen horniduraren edo kontsultoria edo laguntza teknikoaren zerbitzuak ematearen kasuan, enpresa onuradunak eskaintza bana eskatu beharko die hiru hornitzaileri, gutxienez, zerbitzua kontratatzeko edo ondasuna emateko konpromisoa hartu aurretik, salbu eta, zerbitzuaren edo ondasunaren ezaugarri bereziak direla-eta, haiek egin, eman edo eskaintzen dituzten nahikoa erakunde ez badago merkatuan, edo gastua dirulaguntza eman aurretik egin bada.

Aurkeztutako eskaintzen arteko aukeraketa egiteko, eraginkortasun-irizpideak zein irizpide ekonomikoak hartuko dira kontuan –justifikazioan edota dirulaguntza eskaeran eskaintza guztiak aurkeztu beharko dira–, eta, proposamen ekonomikoa aukeratu ezean, erabakia justifikatu beharko da memoria batean.

5.– Erregistro publiko batean izena emateko ondasunen kasuan, Dirulaguntzen Legearen (38/2003) 31.4 artikuluan araututako moduan jokatu beharko da.

6.– Oro har, ez dira diruz lagunduko honako hauek:

– Lursailak, eraikinak eta lokalak erostea;

– Funtzionamendu-gastuak (langilea, orokorrak eta abar), I. eranskinean zehaztuak salbu;

– Informatika-ekipamendua, nola eta ez den erabat beharrezkoa eta proiektua balioesteko azalpen-memorian zalantzarik gabe horrela justifikatzen bada, diruz lagunduko den ekimena garatzeari dagokionez;

– Programa informatikoen mantentze-lanetarako gastuak (ikuspegi funtzionaleko, legaleko eta teknologikoko eguneratzeak; eboluzioko mantentze-lanak, zuzenketaren alorreko mantentze-lanak, azpiegituren mantentze-lanak, lizentzien ordainketak eta abar); ekipamendu informatikoaren bermeak, aseguruak eta kanonak; konektibitate-gastuak; webak ostatatzeko gastuak (alta, mantentze-lanak), edota domeinuak erregistratzea, berritzea eta kudeatzea;

– Zerbitzuagatiko aldizkako ordainketa kuotak (SaaS irtenbideak, erabiltzeagatik ordaintzea, etab.), salbu kontratuaren lehen urteari dagozkionak, eta betiere aipatu kontratua 2019an gauzatzen bada. Kontratu hori eskabideari erantsi beharko zaio egiaztatua izateko.

– Ez dira onlineko publizitate-gastuak diruz lagunduko (Google adwords, gizarte-sareetako publizitatea, beste webgune batzuetako publizitate-gastuak, nola eta ez dauden merkatu-segmentu espezifiko eta espezializatuetara bideratuta, kasu horretan azalpen-memorian identifikatuta egon beharko dira, proiektua balioesteko, ezta gizarte-sareen kudeaketa (community managers) edota Interneteko presentzia handitzeko edota posizionamendua hobetzeko bestelako gastuak ere;

– Berrikuste- eta mantentze-gastuak.

– Enpresa eskatzaileak ekoiztutako, egindako edo garatutako aktiboak.

– Finantzaketako edota aholkularitza juridiko eta finantzarioko gastuak, zeharkako zergak edota pertsonalak notario- eta erregistro-errentaren gainekoak, administrazio-baimenen tasak, lizentziak edo antzekoak, I. eranskinean zehaztutakoak izan ezik.

8. artikulua.– Laguntzen baldintzak.

1.– Eskabideak era indibidualizatuan aurkeztuko dira, enpresa eta turismo-establezimendu edo -negozioka. Enpresa berak gehienez hiru laguntza-eskabide aurkeztu ahal izango bere titulartasuneko negozio desberdinetarako.

Enpresa batek eskabide berean eskatuz gero laguntza bere titulartasuneko turismo-negozio edo -establezimendu batean baino gehiagotan inbertsioak egiteko, haietarik bat aukeratzeko eskatuko zaio, agindu honen 14. artikuluari jarraikiz.

Bestalde, enpresa batek eskabide bat baino gehiago aurkeztuz gero turismo-establezimendu edo -negozio berean inbertsioak egiteko, eskabideetariko batean ez beste guztietan atzera egiteko eskatuko zaio, eta hala egiten ez badu, lehenengo erregistratu dena onartuko da, eta gainerakoei ezezkoa emango zaie.

Halaber, hainbat turismo-establezimendu edo -negozioren titular den enpresa batek hiru eskabide baino gehiago aurkezten baditu, eskatuko zaio bertan behera uzteko kopuru horretatik aurrerakoak; hala egiten ez badu, lehenengo erregistratu dena onartuko da, eta gainontzekoei ezezkoa emango zaie.

2.– Dirulaguntzaren xede den ekipamenduak, altzariek eta tresneriak berriak izan beharko dute, enpresaren/establezimenduaren aktibora bildu beharko dira eta enpresan gutxienez 5 urte eman beharko dituzte jardunean, fakturazio dataz geroztik.

3.– Instalazio elektrikoak, argiztapena, isolamendua eta girotzea, ur sanitarioaren eta energiaren kontsumoak, eta energia-etiketatzeari lotutako etxetresna elektrikoen eskuraketa xede dituzten edo horiei lotuta dauden inbertsioak, energia-efizientziaren irizpideak kontuan izanik egin beharko dira, eta etxetresna elektrikoen kasuan zorrotzenak izan beharko dute. Era berean, ingurumen-inpaktuak saihesteko edo gutxitzeko beharrezkoak diren neurriak hartzeko ahalegina egingo da, hala dagokionean.

4.– Diruz lagundutako webguneek eguneratuta egon beharko dute gutxienez ere 3 urteko aldian.

5.– Agindu honen babesean, dirulaguntza ematen den hari gabeko konexio zerbitzua doan eskaini beharko da 3 urtean, gutxienez, instalazioaren eguna kontatzen hasita.

6.– Dirulaguntzaren xede diren jarduera guztiak azpikontratatu ahalko dira, betiere Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluan jasotako baldintzetan.

9. artikulua.– Beste laguntza batzuekin bateragarri izatea.

1.– Agindu honen babespean lortutako dirulaguntzak bateragarriak izango dira administrazio publikoek edo erakunde pribatuek emandako beste edozein dirulaguntzarekin.

2.– Dirulaguntzaren zenbatekoak –Estatuko zein nazioarteko beste Administrazio Publikoen edo erakunde pribatu edo publikoen laguntzekin edo dirulaguntzekin batera– ezin izango du diruz lagundutako jardueraren kostua gainditu, eta, kasu horretan, agindu honetan emandako laguntza gutxituko da, soberako kopurua kenduta.

3.– Agindu honetan ezarritako laguntzek Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 zenbakiko Erregelamenduan (EE) ezarritako de minimis arauak errespetatuko dituzte. Hain zuzen ere, Erregelamendu hori Europar Batasunaren funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari dagokio.

Europar Batasunak ezarritakoa oinarri hartuta, de minimis erregelamenduaren arabera enpresa batek gehienez 200.000 euro jaso ditzake hiru zerga-ekitalditan, laguntza eskatu den ekitaldia erreferentziatzat hartuta.

Muga hori gaindituz gero, programa honi jarraikiz emandako laguntzaren zenbatekoa gutxitu egingo da, soberako kopurua kenduta.

I. ATALBURUA
PROZEDURA

10. artikulua.– Esleitzeko prozedura.

1.– Dirulaguntza jasotzeko, agindu honetan hautatzeko eskakizunak bete beharko dituzte eskabideek, eta proiektuek bat etorri beharko dute II. eta III. eranskinetan garatutako jarduketen tipologiarekin.

2.– Programa honi esleitutako zuzkidura ekonomikoa ez balitz nahikoa ildo baterako edo bietarako bideratutako laguntzen eskaerei erantzuteko, 11. artikuluan ezarritako irizpideen arabera balioetsiko dira lerro defizitarioaren eskabideak, eta handienetik txikienera antolatuko dira eskuratutako puntuazioaren arabera. Lehentasuna puntuazio handiena duenak izango du. Puntuazioan berdinketa izanez gero eta puntuazio berbera duten eskabide guztiei erantzuteko adina aurrekontu-kreditu izan ezean, onartutako inbertsioaren arabera antolatuko dira, eta inbertsio txikiena egiten duenari emango zaio ezezkoa. Hala ere berdinketak jarraituko balu, osorik aurkeztutako lehendabiziko eskabideak izango du lehentasuna, sarrera-erregistrora jota.

3.– Bigarren artikuluan aurreikusitako lerro bakoitzean, laguntzak 6. artikuluan ezarritako zenbateko maximoetan joango dira ematen, harik eta zuzkidura ekonomikoa agortu arte. Zenbatekoak esleitzeko prozesuan esleitzeke dagoen zuzkidura ez balitz nahikoa hurrengo gehieneko zenbatekoa duenari erantzuteko, soberakina hari emango zaio.

4.– Diruz laguntzeko bi lerroetako bakoitzerako laguntzak esleitu ostean lerroren baterako aurreikusitako zuzkidura agortuko ez balitz, bestearen zenbatekoa igotzeko bideratu ahal izango da soberakin hori, beharrezkoa balitz.

11. artikulua.– Balorazio-irizpideak.

1.– Proiektuen balioespena eskabidearekin batera aurkezten den proiektuaren memoriaren arabera egingo da, bai eta 12.3.b) artikuluan adierazitako dokumentu-egiaztagirien arabera ere.

Bi lerroetarako irizpide komunen mailakatzea eta haietako bakoitzaren irizpide komunena, ondoren adierazita bezala, agindu honen III. eranskinean daude banakatuta.

2.– Bi lerroetako jardueretarako irizpide komunak:

– 1. irizpidea: nolako inpaktua izango duen EAEko enpleguan. Enpresa eskatzaileak EAEn enplegua sortzeari eta eusteari emango zaio garrantzia. Gehienez ere 15 puntu emango dira.

– 2. irizpidea: enpresaren tamaina. Neurri txikiagoko enpresek aurkeztutako proiektuen alde egingo da. Gehienez ere 15 puntu emango dira.

– 3. irizpidea: enpresaren lehiakortasuna. Enpresak lehiakortasuna hobetzeko egiten duen ahalegina sarituko da, langileak trebakuntzaren bidez profesionalizatuta, jardunbide egokien programak txertatuta edo/eta kudeaketa-prozesuen ziurtagiriak sustatuta. Gehienez ere 12 puntu emango dira.

– 4. irizpidea. Enpresen arteko lankidetza eta lankidetza publiko-pribatua indartzea. Turismo-sektoreko enpresa-elkarteren bateko kide direla egiaztatzen duten enpresak sarituko dira, bere eragin-eremuaren turismo-garapena sustatzea xede duen enpresa publiko-pribatuko kide direnak, edota Turismo Produktuaren Klub batekoak. Gehienez ere 3 puntu emango dira.

– 5. irizpidea. Enpresaren eta kontsumitzailearen aurreko gizarte-erantzukizuna. Enpresek hainbat alderdiren inguruan duten konpromisoa sarituko da, hala nola berdintasuna, % 33ko edo hortik gorako desgaitasun-maila duten pertsonentzako enplegua sortzea, irisgarritasun unibertsala eta kontsumitzaileen aldekoa. Gehienez ere 10 puntu emango dira.

– 6. irizpidea. Aurreko dirulaguntzak. Deialdi honen aurreko lau urteetan MET/EMET programako dirulaguntzak jaso ez dituzten enpresak sarituko dira. Gehienez ere 10 puntu emango dira.

3.– Sorkuntza-lerrorako irizpide espezifikoa.

– 7. irizpidea. Enpresa-proiektua. Enpresa-proiektua balioesteko, honako alderdi hauek hartuko dira kontuan: bideragarritasuna, enplegua sortzeko gaitasuna, produktua zein zerbitzua berritzeko duen gaitasuna eta xede-turistaren tipologia. Gehieneko puntuazioa 35 puntu izango da, honela banatuta:

• Proiektuaren bideragarritasuna. Gehienez ere 9 puntu emango dira.

• Autoenplegua sortzea. Gehienez ere 5 puntu emango dira.

• Enplegu zuzena sortzea. Gehienez ere 7 puntu emango dira.

• Produktua eta/edo zerbitzua berritzea. Gehienez ere 5 puntu emango dira.

• Berrikuntza, bezeroaren tipologiaren arabera. Gehienez ere 9 puntu emango dira.

4.– Turismo-enpresen lehiakortasuna hobetzeko lerrorako irizpide espezifikoa:

– 8. irizpidea. Jarduera-tipologiaren arabera. Diruz-laguntzeko jarduerak puntuatzeko, sektorean lehiakortasuna hobetzeko turismo-enpresak onartutako neurriak hartuko dira kontuan. Gehieneko puntuazioa 35 puntu izango da, honela banatuta:

• Turismo-enpresen eta -zerbitzuen berrikuntza, soluzio teknologikoen bitartez. Gehienez ere 17 puntu emango dira.

• Turismo-enpresen eta -zerbitzuen kalitatea hobetzea. Gehienez ere 10 puntu emango dira.

• Eskaintza turismo jasangarrira, arduratsura eta eskuragarrira bideratzea. Gehienez ere 8 puntu emango dira.

5.– Enpresako langileak oinarri gisa hartuta egiten diren balioespenak, hau da, 1, 2 eta 3. irizpideei dagozkienak (trebakuntza), honela egingo dira:

a) 1. irizpidearen balioespena:

– EJZn alta emanda 12 hilabeteko edo gutxiagoko antzinakotasuna duten enpresak: eskabidea egin aurreko hileko RNT-langileen zerrenda nominaleko enplegu-datua hartuko da, eta, Gizarte Segurantzaren Erregimen Orokorraren mende ez dauden langilerik izan ezean, eskabidea egin aurreko hilean autonomoei egindako ordainketen agiria.

– EJZn alta emanda 12 hilabete eta egun batetik 24 hilabetera arteko antzinakotasuna duten enpresak: eskabidea egin aurreko hileko RNT-langileen zerrenda nominaleko enplegu-datua eta aurreko urteko RNT-langileen zerrenda nominaleko enplegu-datua hartuko dira, eta, Gizarte Segurantzaren Erregimen Orokorraren mende ez dauden langilerik izan ezean, bi aldi horietan autonomoei egindako ordainketen agiria.

– 24 hilabetetik gorako enpresak: deialdia egin aurreko bi ekitaldietan altan emanda zeuden batez besteko langile-taldearen enplegu-datuak balioetsiko dira, eta, Gizarte Segurantzaren Erregimen Orokorraren mende ez dauden langilerik izan ezean, bi aldi horietako azken hilabeteetan autonomoei egindako ordainketen agiria.

b) 2. eta 3. irizpideak balioesteko (prestakuntza):

– EJZn alta emanda 12 hilabeteko edo gutxiagoko antzinakotasuna duten enpresak: eskabidea egin aurreko hileko RNT-langileen zerrenda nominaleko enplegu-datua hartuko da, eta, Gizarte Segurantzaren Erregimen Orokorraren mende ez dauden langilerik izan ezean, eskabidea egin aurreko hilean autonomoei egindako ordainketen agiria.

– Gainerako kasuetan: deialdia egin aurretik itxitako ekitaldian altan emanda zeuden batez besteko langile-taldearen enplegu-datuak balioetsiko dira, eta, Gizarte Segurantzaren Erregimen Orokorraren mende ez dauden langilerik izan ezean, ekitaldi horren azken hilabetean autonomoei egindako ordainketen agiria.

Kasu guztietan, kontratatutako langileen RNT-langileen zerrenda nominaleko enplegu-datua eta negozioan jardueraren bat garatzen duten eta Gizarte Segurantzaren Erregimen Orokorraren mende ez dauden langileen datuak batuko dira.

12. artikulua.– Eskabideen aurkezpena.

1.– Hilabetekoa izango da eskabideak aurkezteko epea, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

2.– Eskabideak, errekerimenduak, jakinarazpenak, zuzenketak eta agindu honetan jasotako gainerako kudeaketak bitarteko elektronikoen bitartez egingo dira, Administrazio Elektronikoaren otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuarekin bat etorriz (2012ko martxoaren 9ko EHAA, 50. zk.), eta, batez ere, zuzenketei buruz aipatutako dekretuaren 28.3 artikuluarekin; baita E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa (Platea) onartzen duen Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenarekin bat etorriz ere.

3.– Eskabidea jarraian zehazten den egoitza elektronikoaren bidez eskuratu eta beteko da:

https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2019/emet-2019/y22-izapide/es/ (gaztelaniaz);

https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2019/emet-2019/y22-izapide/eu/ (euskaraz).

Kanal elektronikoaren bitartez izapidetzeko zehaztapenak, baita eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak ere egoitza elektroniko horretan egongo dira eskura. Era berean, eredu horien edukiak agindu honetako V. eranskinean daude jasota.

Espedientea, errekerimenduak, jakinarazpenak eta agindu honetan jasota dauden eskabidearen ondorengo gainerako izapide guztiak honako helbide honen bitartez egiten dira: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/

4.– Betetako eskabideak, pertsona edo enpresa eskatzailearen sinadura ezagunaz gain, datorren artikuluak aipatzen duen dokumentazioa gaineratuko du, Administrazio Elektronikoaren otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera. Sinadura elektronikoaren aurkezpen-data hartuko da aurkezteko epetzat.

5.– Posible izango da ordezkaritza beste pertsona bati ematea, haren izenean bide elektronikoz jardun dezan Agindu honi dagozkion prozedura guztietan, dela Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoan dagoen Ordezkarien Erregistro Elektronikoaren bitartez (https://www.euskadi.eus/ordezkarien-erregistro-elektronikoa/y22-izapide2/eu/), dela eskabidera lege-ordezkaritza emateko inprimaki arautua, behar bezala beteta, erantsiz. Azken hori hemen dago eskuragarri: http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/eskabidea/borondatezko-legezko-ordezkaritza-egilestea-inprimaki-normaldua/

Ordezkariak (fisikoa edo juridikoa) identifikatzeko bitarteko elektroniko onartu bat eduki beharko du.

6.– Ondasun-erkidegoei eta sozietate zibilei dagokienez, eskaeran berariaz jaso behar dituzte taldeko kide bakoitzak hartutako gauzatze-konpromisoak, eta taldearen ordezkari edo ahaldun bakar bat izendatu beharko dute, taldeari onuradun gisa dagozkion betebeharrak betetzeko aski ahal duena. Elkarteak ezingo dira desegin harik eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 44. artikuluak finkatzen duen epea igarotzen den arte.

7.– Eskatzaileek laguntza jasotzeko eskabidea aukeratzen duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute, eskatutako dokumentazioarekin batera. Halaber, laguntza-eskabidearen ondoriozko jardueretan, eta prozedurak irauten duen bitartean, enpresa eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean xedatutakoa betez.

8.– Eskabidea aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartu direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.

13. artikulua.– Eskabidearen eta aurkeztu beharreko gainerako agirien edukia.

1.– Eskabideak enpresaren datu orokorrak bildu beharko ditu; horien artean, langileen datuak sexuaren arabera banatuta, baita proiektuaren analisia egiteko informazioa eta laguntzen kalkulua ere.

2.– Laguntza-eskabidearekin batera, eskabide horretan jasota dagoen informazioaren egiazkotasunari buruzko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da, baita ondoren aipatutako beste alderdi hauek ere:

– Laguntzaren pertsona edo enpresa onuraduna izateari dagokionez:

• Betetzen dituela deialdia arautzen duten oinarrietan ezarritako eskakizunak.

• Pertsona edo enpresa ez dagoela Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan aipatzen diren gainontzeko egoeretan, eragotzi egiten baitute pertsona edo enpresa onuradun izatea.

– Zehapenei dagokienez:

• Ez daukala dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dion zehapen penal edo administratibo irmorik eta ez daukala horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik ere.

• Enpresaren kontra dirua itzultzeko edo zehatzeko prozedurarik dagoen, edo ez, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak edo haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko dirulaguntza batzuen esparruan.

– Bestelako laguntzei dagokienez:

• Proiektu bererako beste erakunde publiko edo pribatuei eskatutako edo haiengandik jasotako laguntzak.

• Azken hiru ekitaldietan enpresak jasotako de minimis laguntzak, laguntza eskatu den azken urtea hartuta azken urteko erreferentziatzat.

• Aurkeztutako proiekturako erakunde publiko zein pribatuetan eskatu dituen bestelako laguntza-eskaera guztien berri emateko konpromisoa.

– Emakumeen eta gizonen berdintasunari dagokionez:

• Ez dagoela zigortuta dirulaguntzen eta laguntza publikoen onuradun izateko debekuarekin, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legearen (otsailaren 18ko 4/2005) 24.2 artikuluaren arabera.

• Betetzen duela Emakumeen eta gizonen egiazko berdintasuna bermatzeko martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoan xedatutakoa.

• Konpromisoa hartzen duela Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legearen 2.3 artikuluak administrazioarekin laguntzak kontratatzen, hitzartzen edo handik laguntzak jasotzen dituzten erakundeei ezarritako betebeharrak bere gain hartzeko. Hauek dira betebehar horiek: tratu-berdintasunaren, aukera-berdintasunaren eta langileen aniztasunarekiko eta desberdintasunarekiko errespetuaren printzipioak betez jardutea; estatistika eta azterketak egokitzea; edozein motatako hizkuntzaren erabilera ez-sexista egitea euskarri guztietan, eta zuzendaritza-organoetan eta kide anitzeko organoetan gaitasun, prestakuntza eta ahalmen egokia duten emakume eta gizonen presentzia orekatua edukitzea.

• Erakunde kolaboratzaile gisa ageri dela, Emakundeko gizonen eta emakumeen arteko aukera-berdintasunerako alorrean.

– Eskabideko datuei dagokienez:

• Egiazkoak direla eskabideko datu guztiak eta aurkeztutako dokumentazioa, eta norbere gain hartzen dela dagokion erantzukizuna (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen –urriaren 1eko 39/2015– 28.7 artikulua).

Erantzukizunpeko adierazpen batean jasotzen den datu edo informazioren bat zehaztasunik gabea edo faltsua bada edo aurkeztu ez bada, edo administrazio eskudunari ez bazaio aurkezten erantzukizunpeko adierazpena, deklaratzen dena betetzen dela egiaztatzeko eskatzen den dokumentazioa, ezinezkoa izango da dena delako eskubidea baliatzen edo jardueran aritzen jarraitzea, egitate horren berri izaten den unetik bertatik aurrera, hargatik eragotzi gabe izan litezkeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 69.4 artikulua).

3.– Eskabidearekin batera, honako dokumentazio honen kopia digitalizatuak aurkeztuko dira:

a) Oinarrizko dokumentazioa:

– Laguntza-eskabidearen xede diren jarduketei buruzko azalpen-memoria, IV. eranskinean bildutako edukiari erantzunez.

– Negozio-plana: sorkuntzarako laguntzen eskabideak (I. eranskina).

– Pertsona juridikoak: enpresaren konstituzio-eskriturak. Sorkuntzarako laguntzen eskabideen (I. eranskina) kasuan, laguntza justifikatzeko fasean aurkeztu ahal izango dira, betiere enpresa eskabide epea amaitu ondoren eratu bada.

– Ondasun-erkidegoak edo sozietate zibilak: eraketa-kontratua.

– Eskabidearen xede den inbertsio-proiektuan jasotako aktiboen aurrekontuak edo proformako fakturak, dirulaguntzaren xede diren elementuak eta/edo lanak argi eta garbi identifikatuta.

– Ekonomia-jardueren gaineko zergan izandako alta eta bajen ziurtagiria, nola eta enpresa ez dagoen salbuetsita eta ez duen hala egiaztatzen. Sorkuntzarako laguntzen eskabideen (I. eranskina) kasuan, laguntza justifikatzeko fasean aurkeztu ahal izango dira, betiere enpresa eskabide epea amaitu ondoren eratu bada.

– Negozioaren familia-jarraipena egiaztatzen duen dokumentazioa, halakorik balitz.

b) Irizpideak balioesteko dokumentazio osagarria:

– Hala badagokio, itxitako azken bi ekitaldiei dagokienez, alta egoeran dauden langileen batez besteko plantillari buruzko txostenak, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak eginak.

– Hala badagokio, RNT-langileen zerrenda nominala, eskabide telematikoa egiten den unean eguneratua.

– Hala badagokio, Langile Autonomoen Araubide Bereziko kotizazioen likidazio-agiria, eskabide telematikoa egiten den unean eguneratua.

– Hala badagokio, Langile Autonomoen Araubide Bereziko kotizazioen likidazio-agiriak, 11.5 artikuluan ezarritako hilabeteei dagozkienak, langileekin lotutako irizpideak balioesteko.

– Hala badagokio, enpresaren prestakuntza-plana, edo langileek prestakuntza-ikastaroak egin dituztela egiaztatzen duen dokumentazioa (3. irizpidea).

– Hala badagokio, turismo-sektorerako kalitatearen kudeaketaren ziurtagiriak (ISO 9001, Euskalit Bikaintasunerako Euskal Fundazioak administratutako EFQM aintzatespenak); edo ingurumen-kudeaketako ziurtagiriak (EMAS, Europar Batasuneko Etiketa Ekologikoa, Ekoscan, karbono-aztarna eta ISO 14001) edota turismo-kudeaketa jasangarriari buruzkoak (Turismo Jasangarriaren Kontseilu Orokorrak onartutako edo egiaztatutako turismo-kudeaketa jasangarriko sistemak edo programak). 3. irizpidea.

– Hala badagokio, EAEko turismoko enpresa-elkarte bateko edota xedetzat bere eragin-eremuaren turismo-garapena duen elkarte, erakunde publiko-pribatu edo/eta EAEko Turismo Produktuko Klub bateko kidea dela egiaztatzen duen agiri eguneratua. 4. irizpidea.

– Hala badagokio, emakumeen eta gizonen arteko berdintasun-plana (irizpide honek ez du balioko Berdintasun Legeak behartutako enpresen kasuan), edota lana eta familia kontziliatzeko plana. 5. irizpidea.

– Hala badagokio, % 33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten pertsonak kontratatu izanaren egiaztagiriak. 5. irizpidea.

– Hala badagokio, irisgarritasun unibertsala egiaztatzen duen ziurtagiria (UNE 170001-1 araua). 5. irizpidea.

– Hala badagokio, lan-kontratuak. 7. irizpidea.

– Hala badagokio, negozio-plana enpresak sortzeko eta garatzeko lankidetzan jarduten duten enpresek garatu edo tutorizatu dutela egiaztatzea (enpresa-haztegiak, enpleguak abiarazteko eta sorraraztekoak, enpresa-zentroak eta abar). 7. irizpidea.

4.– Ordezkaritza hirugarren pertsonen esku utzi nahi izanez gero, haien izenean jardun dezaten modu elektronikoan eta horretarako Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektroniko erabili beharrik ez izateko, «Borondatezko Legezko Ordezkaritza Egilesteko inprimaki normaldua» (http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/eskabidea/borondatezko-legezko-ordezkaritza-egilestea-inprimaki-normaldua/) aurkeztu beharko da, egokiro beteta, honako dokumentazio honekin batera:

– Pertsona fisikoen kasuan: ordezkaritza ematen duen pertsonaren NANa edo agiri baliokidea, salbu eta eskabidean baimena ematen badio organo emaileari aipatu informazioa eskura dezan beste administrazio batzuekiko elkarreragingarritasun-zerbitzuen bitartez.

– Pertsona juridikoaren kasuan: ordezkaritza-ahala edota ordezkaritza hirugarren pertsona bati ematen dion erakundearen legezko ordezkari gisa legitimatzen duen bestelako edozer agiri, zuzenbidez balio duena.

5.– Dirulaguntza kobratzeko, eta pertsona edo enpresa onuradunaren bankuko edo izen sozialeko datuak aurretik eman ez badira edo aldatu nahi izanez gero bakarrik, datuok eman beharko dira hirugarrenaren altarako, Ogasun eta Ekonomia Sailak ezarritako ereduaren eta prozeduraren arabera (http://www.euskadi.eus/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/web01-s2oga/eu/).

Hirugarrenen alta Hirugarrenen Erregistro Telematikoaren bidez egiten bada, inprimakiarekin batera nortasun fiskaleko txartela ere aurkeztu beharko da.

6.– Indarreko dokumenturen bat jadanik Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan turismo- eta ostalaritza-arloan eskumena duen Sailaren esku badago, ez dago zertan aurkeztu. Eskatzaileak dokumentazio hori dagoeneko aurkeztu baldin badu, eskabidean adierazi beharko du zer espediente-zenbakirekin, zer egunetan eta zer organo edo bulegotan aurkeztu zuen, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 28. artikuluko 3. apartatuan ezarritako betekizunekin eta zehaztapenekin bat etorriz.

7.– Era berean, ez da beharrezkoa izango Basquetourrek ematen duen dokumentazioa aurkeztea: Espainiako Turismoko Kalitateko «Q» marka lortu edo berritu dela egiaztatzen duten ziurtagiriak, baita enpresa horrek garatutako jardunbide egokien programaren bat gainditu dela egiaztatzen dutenak ere.

14. artikulua.– Aurkeztutako eskabideen zuzenketa.

1.– Eskabidea guztiz beterik ez bada, edo aurreko artikuluan aipatutako dokumentazioarekin batera ez badago, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko turismo- eta ostalaritza-arloko teknikariek entitate eskatzaileari 10 eguneko epea emango diote akatsa zuzen dezan edo beharrezko dokumentuak bidaltzeko; era berean, hori egin ezean eskabidean atzera egin duela ulertuko dela adieraziko dio. Epe hori igaro ostean zuzenketak egin ez badira, eskabidea bertan behera geratu dela adierazteko ebazpena emango da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legean ezarritakoari jarraituz.

Eskabidea aztertuta egiaztatzen bada laguntzaren xedeko proiektua hobeto sartzen dela II. eranskineko beste atal edo azpiatal batean –eskabidean adieraziaz bestelakoan alegia–, eta atal edo azpiatal horretako laguntzak lortzeko baldintzak betetzen baditu, eskabidea zuzentzeko eskatuko zaio enpresa eskatzaileari. Horretarako epea igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean adierazitakoaren arabera baloratuko da inbertsioen egokitasuna.

2.– Jakinarazpenak bitarteko elektronikoen bitartez egingo dira.

3.– Jakinarazpen-sistemak aukera emango du egiaztatzeko zein egun eta ordutan eskaini zaion jakinarazpena jakinarazten den ekintzaren interesdunari, eta zeinetan sartu den hura haren edukira; une horretatik aurrera jakinarazpena gauzatutzat joko da. Jasota baldin badago jakinarazpena egin dela, eta hamar egun natural igarotzen badira edukira sartu gabe, ulertuko da jakinarazpenari uko egin zaiola, eta izapidea egintzat joko da, betiere ofizioz edo hartzaileak eskatuta ez bada konprobatzen teknikoki edo materialki ezinezkoa izan dela sartzea.

15. artikulua.– Ebaluazio-batzordea.

1.– Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko lurralde bulegoetako teknikariek epearen barruan aurkeztu diren eskabideen azterketa eta ebaluazio indibiduala egingo dute, agindu honetan ezarritako betekizunak betetzen direla egiaztatuz, eta eskabide bakoitza behar bezala ulertzeko eta ebaluatzeko beharrezkotzat jotzen duten dokumentazio eta/edo informazio osagarria eskatu ahal izango diote enpresa eskatzaileari.

2.– Esandako analisiaren emaitzak txosten indibidualizatu batean jasoko dira eskabide bakoitzeko, eta, bertan, eskabide bakoitzari kalkulatutako dirulaguntzaren zenbatekoa ere ipiniko da, eta, beharrezkoa denean, txosten horrekin batera III. eranskinean ezarritako balioespen-irizpideen behin-behineko haztapena ere ipiniko da.

3.– Proiektuen balioespen-irizpideak ez dira kontuan hartuko ez badira egiaztatzen dokumentu bidez, 13. artikuluan dokumentazio osagarritzat zehaztu diren kasuetan edo, gainerako kasuetan, ez badira egokiro eta arrazoiz justifikatzen azalpen-memoria batean. Era berean, ez da aplikatuko turismo-enpresen lehiakortasuna hobetzeko lerroko 8. balioespen-irizpide espezifikoa, onartzen ez diren jardueretan.

4.– Ebaluazio Batzorde bat osatuko da aurkeztutako eskabideak batera balioesteko, 11. artikuluan zerrendatutako irizpideen arabera eta III. eranskinean jasotako mailakatzea kontuan hartuta. Horretarako, egindako txostenak hartuko dituzten kontuan. Batzorde horrek organo eskudunari emango dio dagokion ebazpen-proposamena, eta ebazpen horretan adieraziko du zer proiektu finantzatu diren, zer enpresa diren onuradun, eta zer diru-kopuru emango diren, edo, bestela, zergatik ukatu diren.

5.– Ebaluazio Batzordeak aipatu balioespena egingo du, kontuan hartuta, alde batetik, enpresek eskaeran horien gainean egiten duten edo ematen duten justifikazioaren egokitasuna eta baliozkotasuna, eta, bestetik, proiektu bakoitzaren ezaugarriak, eta beste erakunde batzuek aurkeztutako antzeko proiektuei antzeko puntuazioa emango zaie.

6.– Behar beste kreditu izango balitz emaitza positiboa jaso eta laguntza programaren oinarri arautzaileetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten eskabide guztiei erantzuteko, ez da beharrezkoa izango lehentasun-irizpideen balioespena egitea.

7.– Batzordeak honako kide hauek izango ditu: Basquetourrera atxikitako pertsona bat eta Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko beste bost, zeinetarik batek lehendakaritza beteko duen, eta beste batek idazkari gisa jardungo baitu, botoa emateko eskubiderik gabe. Titularrak kanpoan badira, ordezkoak izendatu ahalko dira. Hauek izango dira:

– Lehendakaria: Carlos Izaguirre San Emeterio; ordezkoa: M.Ş Felicidad Arzamendi Vargas.

– Idazkaria: Cristina Madinabeitia Olariaga; ordezkoa: Ana Sarriegi Fortun.

– Batzordekideak: Gema Etxenike Jauregibeitia; ordezko bokala: Inés Pérez Citores; Miren Josune Etxebeste Hernandorena; ordezko batzordekidea: Amaia Agirre Gogorza; Ana Isabel Lekue Gallano; ordezko batzordekidea: Ana Abel Aguilera Iturbe-Ormaetxe; Eider Albizu Zenikazelaia; ordezko batzordekidea: Idurre Ostolaza Gárate.

Erabakiak hartzerakoan, agindu honetan ezarritako oinarri arautzaileetan eta oro har ordenamendu juridikoan ezarritakoa errespetatuko beharko du batzordeak, betiere bozketa-prozeduraren bidez. Ebaluazio Organoaren funtzionamenduari dagokionez, atal honetan aurreikusi gabe dauden kasu guztietan, modu osagarrian aplikatuko da Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen atariko tituluko II. kapituluko 3. sekzioa.

Bere eginkizunak betetzeko, osatzen den kide anitzeko organoak, administrazioaren zerbitzu teknikoei laguntzeko, langile adituen laguntza erabili ahal izango du dirulaguntza jaso duten arlo guztietan.

16. artikulua.– Dirulaguntza emateko ebazpena.

1.– Turismo eta Ostalaritzako Zuzendaritzako titularrari egokituko zaio administrazio-ebazpena ematea, eskatutako dirulaguntzak onartzeko edo ukatzen dituena. Ebazpen horretan jasoko dira: enpresa onuradunen identifikazioa, finantzatutako proiektuak eta emandako zenbatekoak edo, hala badagokio, laguntza ez emateko arrazoiak.

Ondasun-erkidegoen edo sozietate zibilen kasuan, elkarteen eskabideek berariaz adierazi behar dituzte elkarteko kide bakoitzak proiektua gauzatzeko hartzen dituen konpromisoak eta bakoitzari aplikatu beharreko zenbatekoa, horiek ere onuradun izaera izango baitute.

2.– Ebazpena Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratuko da (https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/), sei hilabeteko gehieneko epean, agindu honek ondorioak izaten dituenetik aurrera, eta jakinarazpen-ondorioak izango ditu argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Organo kudeatzaileak beste aukera bat ere badu: interesdunei jakinarazpenaren argitalpenaren abisuak bidaltzea, eskaeretan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara SMSak edo mezu elektronikoak bidaliz. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpen eginaren ondoriorik izango.

Hori guztia, hargatik eragotzi gabe diruz lagundutako eskabideen zerrenda argitaratzea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, ebazpena irmo bihurtu eta hurrengo hilabetearen barruan argitaratu ere.

3.– Epe hori igarotzen bada ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, enpresa interesdunak bere eskaera ezetsi dela ulertu ahal izango du, organo eskudunak ebazpena espresuki emateko duen betebeharraren kalterik gabe.

4.– Ebazpen horren kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Turismo eta Merkataritza Sailburuordetzaren aurrean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legean ezarritakoaren arabera. Gora jotzeko errekurtsoa egoitza elektronikoan bakarrik egin ahal izango da: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/

5.– Erakunde onuradunei dirulaguntza horiek emateko –eta, bidezko denean, ordaintzeko– ezinbestekoa izango da amaiera ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emanda dituzten izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen arloan hasi eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiei. Prozeduraren ondorioz laguntza publikoak jasotzeko desgaikuntza edo itzultzeko betebeharra ezarriko balitz eta halakorik egingo ez balitz horretarako ezarritako borondatezko epearen barruan, indargabetu egingo da baldintzapean emandako laguntza, onuradun izateko debekua dakarten egoeretako batean egoteagatik.

17. artikulua.– Enpresa onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan araututako dirulaguntzen enpresa onuradunek indarrean dagoen araudia bete beharko dute, betiere azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartzen duen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan eta Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 14. artikuluan ezarritako betebeharrak aparte utzi gabe; era berean, beste baldintza hauek ere errespetatu beharko dituzte:

a) Esleitutako dirulaguntza onartzea. Ildo horretan, dirulaguntza eman dela - ebazpena Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoaren bidez argitaratuta- jakinarazita eta hamabost eguneko epean enpresa onuradunak ukoa espresuki adierazten ez badu, ulertuko da dirulaguntza onartu egin duela.

b) Dirulaguntza eman den xede jakinerako erabiltzea. Horrez gain, laguntzaren xede diren helburuak eta jarduketak bete dituztela justifikatu beharko dute, agindu honetan eta laguntza emateko ebazpenean xedatutakoari jarraikiz.

c) Helburu berberarekin edozein administrazio edo erakunde publiko zein pribatuk emandako dirulaguntzak edo laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskuratu dituela jakinaraztea dirulaguntza eman duen organoari. Jakin bezain laster egin behar da jakinarazpen hori, eta, nolanahi ere, dirulaguntza justifikatzeko agiriekin batera.

d) Dirulaguntza emateko kontuan hartutako edozein zirkunstantzia objektibo zein subjektibotan aldaketarik badago, haren berri ematea aldaketa hori egin baino lehen.

e) Onuradun izandako enpresek aipamena egin beharko diote Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak eskainitako babesari, proiektua zabaltzeko egiten dituzten dokumentu eta publizitate orotan, Eusko Jaurlaritzaren nortasun korporatiboko eskuliburuan jasotako moduan (http://www.euskadi.eus/erakunde-ikurrak-eta-nortasuna/web01-s1ezaleh/eu/).

f) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan turismoaren arloan eskumena duen Sailak, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, jasotako laguntzei dagokienez dituzten eginkizunak betez, eskatzen dieten informazio guztia aurkeztea.

g) Jasotako funtsen aplikazioa egiaztatzen duten dokumentuak eta fakturak gordetzea, baita dokumentazio elektronikoa ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak horiek egiaztatzeko eta kontrolatzeko aukera izan dezan, gutxienez, 4 urteko denbora-tartean, diruz lagundutako jardueraren azken justifikazioaren egunaren biharamunetik zenbatzen hasita.

h) Bere gain hartzea Emakumeen eta gizonen berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak 2.3 artikuluan administrazioaren laguntzak jasotzen dituzten edo harekin kontratuak edo hitzarmenak egiten dituzten erakundeei ezartzen dizkien betebeharrak. Honako printzipio hauek araututa jarduteko beharra: tratu-berdintasuna, aukera-berdintasuna eta langileen aniztasunarekiko eta desberdintasunarekiko errespetua; estatistika eta azterketen egokitzapena; hizkuntzaren erabilera ez-sexista edozein euskarritan, eta zuzendaritza-organoetan eta kide anitzeko organoetan gaitasun, prestakuntza eta ahalmen egokia duten emakume eta gizonen presentzia orekatua.

18. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa eta ordainketa.

1.– Justifikaziora sartzeko eta hori betetzeko, modu bakarra egongo da: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/ egoitza elektronikoa erabiltzea.

2.– Enpresa onuradunak frogatu beharko du, baliabide telematikoen bidez, bete dituela ezarritako baldintzak eta lortu duela dirulaguntzaren xede zen helburua.

3.– Laguntza emateko ebazpena berariaz edo modu tazituan onartu ondoren egingo da laguntzaren justifikazioa. Justifikazioa egiteko epea 2020ko urtarrilaren 31n amaituko da. Epe hori igaro eta justifikaziorik aurkeztu ez bada, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko lurralde-bulegoetako teknikariek errekerimendua egingo diote enpresa onuradunari, hamabost eguneko epe luzaezinean aurkez dezan. Ezarritako epearen barruan justifikaziorik ez aurkeztea arrazoi izango da ez-betetze gisa hartzeko.

4.– Horretarako, egindako gastutzat hartuko dira 2020ko urtarrilaren 31ren aurretik egiazki ordaindu direnak. Ondorioz, ez dira kontuan hartuko epe horren ostean egindako ordainketak, epeka eta/edo geroratuta adostutakoak barnean hartuta.

5.– Justifikazioa egiteko, justifikazio-kontu sinplifikatua erabiliko da. Horrek dokumentazio hau bildu beharko du gutxienez:

– Dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko jarduketen azalpen-memoria; zer jarduera egin eta zer emaitza eskuratu diren adierazi behar da.

– Justifikazio-memoria ekonomikoa, egindako jardueraren kostua frogatzen duena, honakoez osatua:

a) Jardueraren gastuen zerrenda sailkatua, enpresa hartzekodunaren identifikazioarekin (IFZ eta enpresaren izen soziala), faktura emandako data, kontzeptua eta zenbatekoa (BEZik gabe) eta ordainketa-eguna.

b) Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko baliatu diren bestelako diru-sarreren eta dirulaguntzen inguruko erantzukizunpeko adierazpena, zenbatekoa eta jatorria zehaztuta; gaineratuz betetzen dituela oinarrietan eta esleipen-ebazpenean zehaztutako baldintzak, lortu dituela adierazitako proiektuaren emaitzak jardueraren azken memoriaren eta justifikazioko kontuaren bitartez egiaztatzen den moduan, bai eta aurkeztutako datuen eta agirien egiazkotasuna ere.

c) Hala balegokio, kontratu txikietarako eskatutako hiru eskaintzak, baita hautaketa justifikatzen duen memoria ere, proposamen ekonomikoaren aldeko hautua egiten ez denean.

d) Hala badagokio, jarduera ekonomikoen gaineko zergan alta emanda egotearen ziurtagiria, agindu honen 4.3 artikuluan zehaztutako kasuetan, turismo-negozio berriak sortzeko ekintzailetza-lerrora bildutako proiektuetarako (I. eranskina), negozio horiek eskabideak aurkezteko epea amaitu ondoren sortu badira.

e) Hala badagokio, enpresa-eraketaren eskriturak, agindu honen 4.3 artikuluan zehaztutako kasuetan, turismo-negozio berriak sortzeko ekintzailetza-lerrora bildutako proiektuetarako (I. eranskina), negozio horiek eskabideak aurkezteko epea amaitu ondoren sortu badira.

6.– Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko lurralde bulegoetako teknikariek egiaztatuko dute egin direla diruz lagundutako jarduerak, aurkeztutako dokumentazioa aztertuta. Era berean, ausazko laginketa baten bidez egiaztatuko dituzte egoki iritzitako egiaztagiriak, dirulaguntza behar bezala aplikatu dela egiaztatzeko argibide nahikoa eman dezaten, eta, horretarako, aukeratzen dituzten fakturak eta gastu-egiaztagiri jatorrizkoak bidaltzeko eskatu ahal izango diote enpresa onuradunari. Aukeraketa horretarako oinarritzat hartuko da lagina ez izatea egindako egiaztapenen % 20 baino txikiagoa lurralde bakoitzean.

7.– Dokumentazioa egiaztatzean ikusten bada konpon daitezkeen akatsak daudela enpresa onuradunak aurkeztutako egiaztagirian, jakinaren gainean jarriko dute aipatutako langileek, eta hamar eguneko epea emango diote akatsok zuzentzeko.

8.– Dirulaguntzaren behin betiko zenbatekoa likidatzeko, dirulaguntza emateko ebazpenean zehaztutako finantzaketa-ehunekoa aplikatuko zaie enpresa onuradunak benetan ordaindu eta justifikatu dituen gastuei, kontuan izanik agindu honen 6. artikuluan ezarritako gehieneko zenbatekoak. Inola ere ezin izango da gainditu dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritako zenbatekoa. Justifikazioen zenbatekoak, II. eranskinean aurreikusitako jarduketen atal berari dagozkionak, euren artean konpentsatu ahal izango dira.

9.– Nolanahi ere, ez balira dirulaguntzaren justifikazioan aurkeztutako gastu guztiak onartuko, eta, horrek emandako dirulaguntza murriztea ekarriko balu, Turismo eta Ostalaritzako Zuzendaritzako titularrari dagokion dirulaguntzaren likidazioa proposatu baino lehen, hamabost eguneko entzunaldi-izapidea emango zaio enpresa interesdunari, hala badagokio, aurkeztutako dokumentazioa konpon dezan.

10.– Aipatutako alderdi guztiak egiaztatu dituztenean, teknikariek txosten bat emango dute; bertan, justifikatutako eta onartutako gastuaren arabera, dagokion dirulaguntzaren likidazioa proposatuko da.

11.– Dirulaguntzaren ordainketa Turismo eta Ostalaritzako Zuzendaritzako titularrak aginduko du, egindako gastuak aurretiaz justifikatu ondoren, aurreko zenbakian xedatutakoarekin bat.

12.– Zergei buruzko araudia aplikatzerakoan Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari (PFEZ) dagozkion atxikipenak eta ordainketak kenduko zaizkio laguntza edo dirulaguntzaren zenbatekoari.

19. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

1.– Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira eta beste administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatuetatik beste dirulaguntza batzuk edo bestelako laguntzak jasotzen badira, edota, hala badagokio, helburu bererako beste diru-sarrera zein baliabide batzuk eskuratzen badira, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu egin ahal izango da, betiere ustezko ez-betetzeak estaltzen ez badira, arau honetan ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira eta hirugarrenei kalterik eragiten ez bazaie. Ondore horietarako, aldatzeko ebazpena emango du Turismo eta Ostalaritzako Zuzendaritzako titularrak, eta bertan emandako dirulaguntzen zenbatekoak doituko dira.

2.– Aurrekoa gorabehera, aurkeztutako proiektuari aldaketa mamitsurik eragiten ez dion aldaketa oro eta betiere deialdia egiteko agindu honetako gutxieneko eskakizunak betetzen badira eta laguntza helburu bererako erabiltzen bada, turismo eta ostalaritza arloko eskumena duen zuzendaritzari jakinarazi eta justifikatu beharko zaio idatziz, baina dirulaguntza emateko ebazpena ez da aldatuko.

3.– Baldin eta justifikatzeko fasean jardueraren onartutako behin betiko eta benetako kostua gutxiago bada onetsitako gastuaren aurrekontua baino (laguntza zehazteko baliatu zena), emandako dirulaguntzaren zenbatekoa txikitu egingo da, Turismo eta Ostalaritzako zuzendariaren likidazio-ebazpenaren bidez, eta gero dirulaguntzaren portzentajea oinarri berriari aplikatuko zaio.

20. artikulua.– Atzera egitea eta uko egitea.

1.– Enpresa eskatzaileak eskabide horretan atzera egiteko aukera izango du. Eskatutako laguntzak emateko prozeduraren ebazpena jakinarazi baino lehen egin beharko du atzera. Turismo eta Ostalaritzako Zuzendaritzako titularrak bete-betean onartuko du atzera egite hori, eta prozedura bukatutzat joko du pertsona horri dagokionez.

2.– Enpresa onuradunak uko egin ahal izango dio emandako laguntzari. Emandako dirulaguntza onartu ondoren ere uko egin ahal izango zaio. Turismo eta ostalaritzaren alorrean eskumena duen zuzendaritzaren titularrak, ebazpen bitartez, berariaz onartuko du uko egitea, eta prozedura amaitutzat eman.

21. artikulua.– Ikuskatzea.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak egokitzat jotako ikuskaritza eta egiaztapen guztiak egingo ditu, diruz lagundutako jardunen garapenari eta egikaritzeari dagokienez; horrela, enpresa onuradunek eskatzen zaien informazio guztia aurkeztu beharko dute, eta hori guztia Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak egin dezaketen kontrola alde batera utzi gabe, betiere beren eginkizunak egikarituz, jasotako laguntzei dagokienez.

22. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Enpresa onuradunak ez badu betetzen agindu honetako betebeharren bat edo dirulaguntza emateko ebazpenak ezartzen duen baldintzaren bat, ez badu betetzen proiektuaren zati bat (eta, modu horretan, laguntzaren xedea osorik hutsaltzen badu), edo dirulaguntza edo laguntza publikoak itzultzera behartzen duen egoeraren batean badago Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluarekin eta abenduaren 17ko 38/2003 Legearen 37. artikuluarekin bat etorriz, laguntza eman zuen organo eskudunak, ez-betetzearen espedientea izapidetu ondoren (interesdunari entzunda), ebazpen bidez, dirulaguntza osoa edo zati bat jasotzeko eskubidea kenduko dio onuradunari, eta, hala badagokio, aginduko dio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko hartu dituen laguntzak (guztia edo zati bat, proiektuaren betetze-mailarekiko modu proportzionalean) eta berandutze-interesak, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta itzulketei buruzko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuarekin eta aipatutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53. artikuluarekin bat etorriz, hartara eragotzi gabe beste neurri batzuk hartzea. Aipatutako diru-zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.

2.– Ondoren zerrendatzen diren egoera hauetako batean egoteak dirulaguntza kobratzeko eskubidea galaraziko du erabat:

a) Diruz lagundutako jarduerak I. eta II. eranskinetan ezarritakoa baino zenbateko txikiagoarekin egitea.

b) Justifikazio-agiriak ezarritako epetik kanpora aurkeztea, delako errekerimendua egin denetik aurrera.

c) Laguntza eskuratzeko eskatutako betekizunak ez betetzea.

d) Inbentarioan jasotzeko moduko ondasunei dagokienez, diruz lagundutako ondasunak ez bideratzea dirulaguntza emateko baliatutako xederako, Aginduaren 8. artikuluan ezarritako denboran.

3.– Justifikaziorako beharrezko dokumentazioa partzialki ez izateak dirulaguntza murriztea ekarriko du, aurkeztu gabeko dokumentazioaren proportzio bereko zenbatekoan.

4.– Turismo eta Ostalaritzako zuzendariarena da ez-betetzearen espedienteak hasteko eta ebazteko eskumena. Ez-betetze espediente hori egoitza elektronikoan bakarrik egin ahal izango da: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/s/

5.– Prozedura administrazioko arau-hauste baten ondorioa bada, eskumena duen organoari jakinaraziko zaio, behar den zehapen-prozedurari ekin diezaion.

23. artikulua.– Datu pertsonalak.

Eskatzaileen datu pertsonalak «Turismo arloko laguntzak eta dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueran tratatu eta sartuko dira. Datu pertsonalak Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoak, eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduak (pertsona fisikoak babesteari buruzkoa, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez) ezarritakoaren arabera tratatuko dira.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

1.– Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

2.– Oinarri hauetan jasota ez dagoen guztirako, honako arau oinarrizko hauek aplikatuko dira: 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena; 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzena; 887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua Onartzen duena, eta prozedurari dagokionez, 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuari, hilabeteko epean, edo, zuzenean, administraziorekiko auzi-errekurtsoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, betiere agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko maiatzaren 2koa.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua,

SONIA PÉREZ EZQUERRA.

I. ERANSKINA
TURISMO-NEGOZIO BERRIAK SORTZEKO LAGUNTZEN LERROA

1.– Euskal Turismoaren 2017-2020 aldirako Marketin Planean identifikatutako potentzial handiko eskariaren segmentuetan turismo-produktu, -zerbitzu eta/edo -esperientzia jasangarri berriak sortuko dituzten negozio berriak sortzea babestuko da (ihesaldiak, ibilbideak, interes bereziko turismoa, kostaldeko atsedenak, bilerak) eta/edo lehentasunezko bezeroen nitxoak, bertako ongizatean eta oparotasunean eragiten dutenak eta Euskadiko natura- eta kultura-ondarea errespetuz baliatzen dutenak.

Turismo-produktu eta -zerbitzu berritzaileak ematen dituzten enpresak sortzeak izango du lehentasuna, beste ekoizpen-sektore, enpresa edota zerbitzu batzuekin sinergien eta hibridazioaren fruitu, bereziki bertako merkataritzarekin eta artisautzarekin, edota gainerako jomuga turistikoetatik bereizten gaituzten bestelako elementu bereziekin.

Era berean, Euskal Turismoaren 2017-2020 aldirako Marketin Planean identifikatutako lehentasunezko turista-nitxoetara bideratutako produktuak, zerbitzuak edo/eta esperientzia bereziak sortzen dituzten turismo-enpresak sortzea balioetsiko da, hala nola gastu-gaitasun handiagoa dutenetara, egonaldi luzeagoak egiten dituztenetara edota erdi- eta behe-denboraldian eskaintza sortzeko gauza direnetara.

Ez dira kontuan hartuko baldin eta enpresetako proiektuen izaera berritzailea eta bereizgarria ez bada nabarmena, eurei dagokien turismo-azpisektoreko gainerako enpresa eta establezimenduetatik, salbu eta udalerri horietan antzeko beste negoziorik ez badago, eta horrela justifikatzen bada proiektuaren eskabidearekin batera erantsitako memorian.

Negozio-eredu berriak agindu honen 4.1 artikuluan jasotako enpresen tipologian sartu beharko dira.

2.– Agindu honetako 4. artikuluak zerrendatutako turismo-enpresek eskatu ahal izango dituzte lerro honetako laguntzak, baldin eta jarduera ekonomikoen gaineko zergan alta eman badute 2017ko urtarrilaren 1aren ondoren eta 2019ko abenduaren 31ren aurretik.

3.– Dirulaguntza jaso ahal izango dute honako hauek:

– Sortze-gastuak: erregistroa, notarioak, aholkularitza, proiektu teknikoak.

– Abiarazteko gastuak: lokalaren alokairua, bideragarritasun-azterketak, markak erregistratzea, irudi korporatiboaren diseinua.

– Enpresa sortzeko eta handitzeko beharrezkoak diren aktibo finkoetako inbertsioak: instalazioen egokitasuna; altzariak eta ekipamendua erostea, informatikoa barne; eta III. eranskinaren 2.1 zenbakian adierazitako soluzio teknologikoak txertatzea.

– Garraio-elementuak diruz laguntzeko modukoak izango dira, baldin eta diruz lagundutako jarduera bertan garatzen bada edota hura garatzeko ezinbestekoa baldin bada, eta motordun ibilgailuei dagokienez, betiere agindu honetako II. eranskineko 2.3 zenbakian jasotako garraio-elementuetarako jasangarritasun-eskakizunak betetzen badituzte. Lehendik diren garraio-elementuak egokitzea gaineratu egingo da eskakizunotara.

Kanpo gelditzen dira sortutako turismoko enpresen, produktuen eta/edo zerbitzuen sustapen eta merkaturatzeari lotutako gastuak, betiere Web 2.0 teknologiaren bitartez egiten ez badira.

Gogorarazi behar dugu «bidaia konbinatu» bat –agindu honen 3. artikuluan zehaztua– osatzen duten turismoko zerbitzuak eta/edo produktuak bidaia-agentzia baten bitartez merkaturatu behar direla eta turismo-produktu horren publizitatean merkaturatzen duen bidaia-agentziaren ENK jakinarazi behar dela, horrelaxe araututa baitago bidaia-agentziei buruzko maiatzaren 22ko 81/2012 Dekretuaren 1.2 eta 10. artikuluetan.

4.– Lerro honetarako laguntza kalkulatzeko gutxieneko inbertsioa 10.000 euro garbi dira.

II. ERANSKINA
TURISMO-ENPRESEN LEHIAKORTASUNA HOBETZEKO LAGUNTZEN LERROA

1.– Lerro honen xedea turismo-enpresen lehiakortasuna hobetzea da, honako hauen bidez: berrikuntza teknologikoa babestea, haien kalitatea hobetzea eta turismo jasangarri eta eskuragarrira egokitzea.

2.– Honako jarduera hauek lagunduko dira diruz:

2.1.– Turismo-enpresen eta -zerbitzuen berrikuntza, soluzio teknologikoen bitartez.

2.1.1.– Soluzio teknologikoak ezartzea negozioen lehiakortasuna hobetzeko, sustapena eta komunikazioa egiteko, eta turismo-produktuak edo -zerbitzuak merkaturatzeko, horretarako Web 2.0 teknologia baliatuta, honako aplikazio-esparru hauetan:

– Negozioaren eraginkortasuna eta kudeaketa hobetzea, hala nola hodeiko biltegiratzea, ordainketa eta kobrantza segurua, negozioaren kudeaketa integrala, Big Data prozesuetan oinarritutako soluzio aurreratuak (prezioen aurreikuspen-analisia, merkatuen monitorizazioa eta abar), fakturazio elektronikorako, bezeroarentzako zerbitzuak kudeatzea, erreserbak kudeatzea, eskaera digitalak eta abar.

– Interneten negozioaren presentzia handitzea (hala nola webgune dinamikoak –sare sozialetako sarbideak, edukiaren eguneratze aktiboa, webgunearen administrazioa eta edizioa online egitea– eta interaktiboak, bezeroekin komunikatzeko kanal gisa –blogak, foroak, galdetegiak...– responsive diseinuarekin eta establezimendu fisikoaren geolokalizazioarekin).

– 2.0 hedabideetan sustapena eta komunikazioa handitzea (hala nola negozioa dinamizatzea sare sozialetan; sareko publizitatea eta marketina, merkatu-segmentu espezifiko edo espezializatuetara bideratuta, hartarako kanal eta atari egokiak erabiliz).

– Produktuak eta/edo zerbitzuak zuzenean merkaturatzea eta saltzea erraztea (sareko merkaturatzea webetik bertatik; denda birtuala, nire online denda.).

2.1.2.– Berrikuntza sustatzea negozio-prozesuetan eta I+G+B jarduerak garatzea; esaterako, turismo-jardueretara bideratutako mugikorretarako aplikazioak, edota negozioaren kudeaketa (check-in eta check-out, gelen baliagarritasuna eta/edo zerbitzuena...), multimedia-ingurunean, errealitate handitukoak eta errealitate birtualekoak, turismo-bitartekoak eta -produktuak gehiago gozatzeko eta ezagutzeko gamifikazio-programak, edota turismo-eskaintza eta -esperientzia bereiztera bideratutako bestelako elementu teknologikoak.

2.1.3.– Kudeaketa adimenduneko sistemak biltzea (domotika) establezimenduan (kudeaketa-zentrala, sentsoreak eta detektagailuak, eragingailuak, komunikazio-euskarriak eta abar).

2.1.4.– Haririk gabeko konektibitatea hobetzea turismo-ostatuetan.

Diruz lagunduko dira turismo-ostatuetako establezimenduetan hari gabeko sareak zabaltzeko edo hobetzeko helburua duten inbertsioak, establezimenduaren azaleraren % 90 hartzen dutenak, gelak eta eremu komunak barnean hartuta (itxiak eta irekiak).

Zehazki, honako hauek:

a) Establezimenduaren hari gabeko konektagarritasuna zabaltzeko edo hobetzeko inbertsioak, eta ez dira kontuan hartuko diruz lagunduko hari gabeko sarea edo Internetera sartzeko linea hedatzearen ondorioz establezimenduan egiten diren egokitzapen ez-teknikoak eta obren gastuak.

b) Establezimenduan haririk gabeko konektibitatea zabaltzeko edo hobetzeko diren zerbitzu profesionalak azpikontratatzea. Zerbitzu horien barnean sartzen dira honako hauek: sarearen estaldura eta neurria aztertzeko lanak, sarea hedatzeko establezimenduan egiten diren egokitzapen teknikoak, parametrizazioa, konfigurazioa eta sarearen eta emandako zerbitzuen egiaztapena, sarearen administratzaileak gaitzeko zerbitzuak eta hirugarrenei azpikontratatu beharreko edozein jarduera, baldin eta hari gabeko sarea hedatzeko edo hobetzeko ezinbestekoa bada eta horrekin lotuta badago.

2.1.5.– Atal honetarako laguntza kalkulatzeko gutxieneko inbertsioa 5.000 euro garbi dira.

2.2.– Turismo-enpresen eta -zerbitzuen kalitatea hobetzea.

Atal honetan, honako helburu hauek dituzten jarduketak lagunduko dira diruz:

2.2.1.– Euskal turismo-estrategiarekin lerrokatutako turismo-produktuen eta/edo -zerbitzuen eskaintza zabaltzea (enogastronomia, ihesaldiak, ibilbideak, bilerak, euskal kostaldea, natura, kultura), betiere enpresak eta/edo turismo-establezimenduak aurrez eskaintzen ez zituenak, baldin eta zerbitzuak espezializatzen edota urtarkotasunari buelta ematen laguntzen badute, enpresei urte osoan zehar zerbitzuak eskaintzeko aukera emanez.

Diruz laguntzeko moduko inbertsioak honako hauek izango dira: produktu eta/edo zerbitzuaren eskaintza berrirako beharrezko diren instalazioak egokitzea eta ekipamendua eta altzariak erostea. Garraio-elementuak diruz laguntzeko modukoak izango dira baldin eta eskaintza eta/edo produktu berriak bertan garatzen badira, edo elementu horiek ezinbestekoak badira garapen horretarako, edo bezeroei eskainitako zerbitzuak hobetzea badakarte. Motordun ibilgailuetan, eranskin honen 2.3 apartatuan zehaztutako jasangarritasun-eskakizunak bete beharko dituzte.

Hauek ez dira kontuan hartuko: altzari eta ekipamendu berriak jartze hutsa, edo lokalen birgaikuntzak edo erreformak, negozioak modernizatzea badakarte ere, baldin eta ez badira sortzen turismo-produktu edo -zerbitzu berriak, lehendik eskainitakoez bestelakoak, azken horiek baitira azpiapartatu honen xedea.

2.2.2.– Obrak eta ekipamendu-erosketak sukaldaritza-establezimendu edo turismo-ostatuetarako.

Helburu hauek dituzten inbertsioak bakarrik lagunduko dira diruz:

– Sukaldeak egokitzeko obrak, erabat edo zati batean ireki, eta bezeroen bistara gera daitezen, bezeroek sukaldaritza ikusi, eta, batzuetan, sukaldariarekin batera aritu edo platerak nahieran pertsonalizatzeko aukera izan dezaten, horrek balio erantsia ematen baitio esperientzia gastronomikoari. Jakiak agerian manipulatu eta prestatzeko ekipamendu-erosketak ere lagunduko dira, sukaldea apartatu honetan xedatutakoari jarraikiz erreformatzearekin batera egiten badira.

– Edariak dosifikatzeko edo banatzeko gailuak erostea, kopak prestatzeko.

– Hondakinak jasotzeko sistemak erostea, instalazioak (barrak, zoruak eta abar) beti garbi edukitzen laguntzen dutenak, baita horien kudeaketa eta birziklapena hobetzeko balio dutenak.

– Terrazak gaitzea eta modernizatzea, urte osoan zehar baliatu ahal izan daitezen.

2.2.3.– Hau egiaztatzen duten enpresak sartu ahalko dira apartatu honen barruan: hobekuntzaren xedeko negozioan edo establezimenduan turismo-jardueran dihardutela 2016. urtea baino lehenagotik. Nolanahi ere, ontzat emango dira data horren ondorengo titulartasun-aldaketak, baldin eta familia-ondorengotza dela kausa egin badira (odol-ahaidetasuneko edo kidetasuneko laugarren mailara arte), eta egiaztatzen bada negozioa transmititzen duen pertsonak 2016 urtea baino lehen bertan ziharduela.

2.2.4.– Atal honetarako laguntza kalkulatzeko gutxieneko inbertsioa 5.000 euro garbi dira.

2.3.– Eskaintza turismo jasangarrira, arduratsura eta eskuragarrira bideratzea.

2.3.1.– Turismo-jarduerak ingurunearen gainean duen inpaktua murriztera bideratutako inbertsioak:

a) Energiaren efizientzia hobetzera bideratutako instalazioak: barruko argiak, kanpoko argiak, bero- eta/edo hotz-sorgailuak (galdara, klimatizagailua), kontrol- eta erregulazio-sistemak.

b) Energia ez-kutsatzaileen eta berriztagarrien instalazioak: biomasa, geotermia eta elektrizitatea sortzea (energia fotovoltaikoa, energia eolikoa, energia mini-hidraulikoa).

c) Garraio eta mugikortasun efizientea, betiere diruz lagundutako jarduera bertan egiten bada edota garatzeko ezinbestekoa bada, edo bezeroei eskainitako zerbitzuetan hobekuntza badakar.

– Motor % 100 elektrikoa duten ibilgailuak eta ibilgailu arinak gas naturalez eta/edo GLPz ibiltzera eraldatzea.

– Birkarga elektrikoa eta erregai alternatiboak.

– Lagundutako pedalak dituzten bizikletak eta trizikloak.

2.3.2.– Turismo-enpresek online eskaintzen dituzten instalazioak, zerbitzuak, produktuak eta komunikazio-sistemak eskuratzea errazten laguntzen duten teknologiak biltzea, berdintasun-baldintzetan, aniztasun funtzional fisikoa, bisuala, entzumenekoa, intelektuala eta organikoa dituzten pertsona guztiei.

2.3.3.– Atal honetarako laguntza kalkulatzeko gutxieneko inbertsioa 3.000 euro garbi dira.

III. ERANSKINA
AURKEZTUTAKO PROIEKTUAK BALIOESTEKO IRIZPIDEAK ETA PONDERAZIO-FAKTOREAK

1.– Bi lerroetarako balio duten irizpideen mailakatzea:

(Ikus .PDF)

2.– Sorkuntza-lerrorako balioespen-irizpide espezifikoa:

(Ikus .PDF)

3.– Turismo-enpresen lehiakortasuna hobetzeko lerrorako irizpide espezifikoa:

(Ikus .PDF)
IV. ERANSKINA
PROIEKTUA BALIOESTEKO AZALPEN-MEMORIAREN EDUKIA

1.– SORKUNTZA-LERROAN AURKEZTUTAKO ESKABIDEAK (I. ERANSKINA)

1.1.– PROIEKTUA:

1.1.– Negozioaren aurkezpen laburra, haren alderdi garrantzitsuenak nabarmenduta ebaluazio-irizpideekin lotuta: zertan datzan, helburuak, eskaintzen dituen edota martxan jarri nahi dituen produktuak eta zerbitzuak.

1.2.– Proiektuaren berrikuntza: elementu berritzaileak identifikatzea euren esparruko tankerako beste negozio batzuei dagokienez; turismokoak ez diren bestelako ekoizpen-sektoreekin duen hibridazioa edo sinergia; eskaintzaren segmentuak segun eta zer produktutara edota publikotara bideratzen den eta abar.

1.3.– Laguntzak zer inbertsiotarako eskatzen diren, horien justifikazioa.

1.4.– Enplegua sortzea:

1.4.1.– Sustatzailea:

Proiektua sustatzen duen pertsona bakoitzaren identifikazioa. Prestakuntza eta/edo esperientzia, aurkeztutako proiektuari dagokionez.

1.4.2.– Langileen kontratazioa:

– Pertsona kopurua eta lanpostuen definizioa.

– Sortutako eta aurreikusitako lanpostuak, lanaldiaren tipologia eta kontratatutako pertsonen sexu- eta adin-identifikazioa.

2.– TURISMO-ENPRESEN LEHIAKORTASUNA HOBETZEKO LAGUNTZEN LERRORA AURKEZTUTAKO ESKABIDEAK (II. ERANSKINA)

2.1.– PROIEKTUA:

2.1.– Laguntzak zer inbertsiotarako eskatzen diren, horien laburpena.

2.2.– Laguntza horien bidez lortu nahi diren negozio-lehiakortasunaren hobekuntza-helburuak.

2.3.– II. eranskineko 2.2.1 apartatuan, diruz laguntzeko moduko jardueren memorian, zehatz-mehatz azaldu beharko da zertan datzan zerbitzua edo produktu turistikoa, enpresak aurretik eskainitakoarekin zer berritasun edo desberdintasun duen, euskal-turismo estrategiarekin nola lerrokatzen den, negozioari zer balio erantsi ematen dion eta justifikatzea zer-nola laguntzen duen eskaintzen dituen zerbitzuak pertsonalizatzen edo espezializatzen edota urtarokotasunari buelta ematen.

3.– BI LERROETARAKO

3.1.– Ahal den neurrian, laguntza zer proiektutarako eskatu den, proiektu hori hobeto ulertzeko behar den informazio grafikoa (krokisa, planoak, argazkiak, etab.) erantsiko zaio memoriari; batez ere, laguntzaren xedea denean instalazioak egokitzea edo ekipamenduak edo garraio-elementuak erostea.

3.2.– Hala dagokionean, laguntzaren xedeko baliabide teknologikoa erabili ahal izateko ekipamendu informatikoa erosi beharraren justifikazioa (aginduaren 7.6 artikulua).

3.3.– Merkatu espezifiko edo espezializatu batzuetako segmentuetara bideratutako online publizitatea: horiek identifikatzea (aginduaren 7.6 artikulua).

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala