Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

90. zk., 2019ko maiatzaren 15a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
2270

EBAZPENA, 2019ko apirilaren 12koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita ingurumen-inpaktuaren txostena eta lantzen baita ingurumen-inpaktuaren azterlanaren irismen-dokumentua, Sprilur SAk sustatutako Ormaiztegiko «Irai Errota» S-19 sektoreko urbanizazio-proiektuari buruzkoak.

AURREKARIAK

2018ko uztailaren 28an, Ormaiztegiko Udalak eskabide bat bete zuen, Sprilur SAk sustatutako «Irai Errota» S-19 sektorearen urbanizazio-proiektuaren (aurrerantzean, urbanizazio-proiektua) ingurumen-ebaluazio sinplifikatua egiteko prozedura hasteko, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoari jarraikiz.

Eskaerarekin batera, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45.1 artikuluan aipatzen den ingurumen-dokumentua bidali zen, 2018ko martxoko datarekin.

2018ko irailaren 17an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak kontsulta egin zien eraginpeko administrazio publikoei eta pertsona interesdunei, eta haien eskura jarri zuen proiektuaren ingurumen-dokumentua, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Zehazki, erakunde eta interesdun hauei egin zitzaien kontsulta: Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritza, Kultura Ondarearen Zuzendaritza, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza (Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritza), Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritza (horiek guztiak Eusko Jaurlaritzakoak), Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ingurumen Zuzendaritza Nagusia eta Kultura Zuzendaritza, Kantauriko Konfederazio Hidrografikoa, Ekologistak Martxan Gipuzkoa eta Eguzkizaleak elkartea.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikuluan ezarritako epea amaituta, honako hauen erantzunak jaso dira: Kultura Ondarearen Zuzendaritza, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza, Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritza (horiek guztiak Eusko Jaurlaritzakoak) eta Uraren Euskal Agentzia (espedientean daude horien emaitzak).

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzaketen planen, programen eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea. Eta, horrenbestez, ingurumenaren babes-maila handia bermatzen du lege horrek, garapen jasangarria sustatzea helburu hartuta.

Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela ingurumen-efektuen analisia, betiere, aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.2.a) artikuluan ezarritakoaren arabera, II. eranskinean jasotako proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egin behar da; zehazki, «Irai Errota» S-19 sektorearen urbanizazio-proiektua 7. taldearen (azpiegitura-proiektuak) a) apartatuan (Industrialdeen urbanizazio-proiektuak) dago jasota.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legean, xedatzen dena betez, ingurumen-organoak ebatzi du SPRILUR SAk sustatutako Ormaiztegiko «Irai Errota» S-19 sektorearen urbanizazio-proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua burutzeko egin behar dena, eraginpean dauden administrazio publikoak eta interesa duten pertsonak galdekatuz.

Txostenak jasotzeko xedatutako epea igaro ondoren, nahikoa judizio-elementu dituela iritzita, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean ezarritako irizpideak kontuan hartuta, ingurumen-organoak osorik baloratu du proiektua, ingurumenaren gain ondorio adierazgarriak izateagatik ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egin behar zaion zehazte aldera, aipatutako arauaren 47.2 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

Bestalde, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 34.6 artikuluan xedatutakoaren arabera, proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egin behar zaionean, arauaren 47.2.a) artikuluan ezarritakoari jarraikiz, ingurumen-organoak kontuan hartu beharko ditu 46. artikuluaren arabera egindako kontsulten emaitzak, eta ez da kontsulta gehiago egin beharko ingurumen-inpaktuaren azterketaren irismenari buruzko dokumentua egiteko.

Proiektuko ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-espedientean dauden dokumentu teknikoak eta txostenak aztertu ondoren, eta proiektuaren ingurumen-txostena zuzena denez eta indarrean dagoen araudian aurreikusitako alderdietara egokitzen denez, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzari dagokio (erakunde eskuduna da Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998ko Lege Orokorraren arabera), Ingurumena eta Lurralde Politikarako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera, ingurumen-inpaktuaren txosten hau ematea. Bertan, aipatutako proiektuak ingurumenean kalte esanguratsuak izan ditzakeen aztertuko da, eta, ondorioz, proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura egin behar zaion aztertuko da, eta, hala badagokio, halaber, ingurumen-inpaktuaren azterlanaren irismen-dokumentua idatzi behar den.

Hauek ikusi dira: Euskadiko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legea; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Sprilur SAk sustatutako Ormaiztegiko «Irai Errota» S-19 sektorearen urbanizazio-proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena formulatzea eta proiektuak ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egin behar duela ebaztea, eragin nabariak izan ditzakeelako ingurumenean, jarraian azaltzen ditugun arrazoi hauengatik:

A) Proiektuaren ezaugarriak.

Ormaiztegiko «Irai Errota» S-19 sektorearen urbanizazio-proiektuak 81.155 m2-ko azalera du, eta Eztanda ibaiaren bi ertzei dagozkien bi eremu barne hartzen ditu. Ezkerreko ertzean lurzati handi bakar bat planteatzen da, eta industria bakar batek (24.716 m2) okupatuko du lurzati hori; eskuinekoan, berriz, «industrialdea» tipologiako pabiloien zona bat dago aurreikusita (2.557 m2).

Kalkulatzen da proiektuan aurreikusitako jarduketak egiteko iraupena 20-21 hilabetekoa izango dela. Jarduketak honako hauek dira:

• Aurreikusitako plataformen lur-berdinketa; horretarako, lur-mugimendu garrantzitsuak egin beharko dira. Aurreikusitako bolumen globalak 83.705 m3-ko lur-erauzketak dira, eta 50.494 m3-ko betelanak, eta aurreikusten da 33.211 m3-ko soberakina sortuko litzatekeela.

• Sarbideak eraikitzea; honako ardatz hauek izango dira:

– Bide nagusia edo 1. ardatza, GI-2632 errepideko biribilgunetik hasita, Eztanda errekastoaren eskuinaldean barrena igarotzen dena, 525 metrokoa, eta ibai-sarea zeharkatzen duena Eztanda errekastoaren ezkerraldeko lurzatian sartzeko. Bide hori egikaritzeko lur-erauzketa dela eta, eskuineko ibaiertzean horma ainguratuak dituzten hainbat bidegune eta bi zubi eraiki behar dira:

– 1. zubia. Gorosti errekastoa zeharkatzen du. Zubiaren estribuak lehentasunezko fluxu-gunetik kanpo kokatu dira. Estribuen arteko argia 12,64 m-koa da. Pasagune horretarako, lehendik dagoen hodia eraistea eta atari zabaleko tartea berreskuratzea ahalbidetuko duen ubideratze bat aurreikusi da lehenik eta behin. Ubideratze hori landarezta daitekeen harri-lubetarekin egingo da. Bideratutako eremua egungo hodiaren ahokaduran hasiko da, eta zubia igaro ondoren amaituko da.

– 2. zubia. Eztanda errekastoa zeharkatzen du. Egungo araudi hidraulikoak eskatzen duen bidegurutze-zabalera dela medio, zubiak bi bao ditu zubi-pilare nagusi bat dutela ibilgutik kanpo. Bao bakoitzaren argiak 29,30 m-koak dira bermeen artean ibaiaren baoan, eta 26 m-koak ezkerreko ibaiertzaren baoan. Zubiaren estribuak ere lehentasunezko fluxu-gunetik kanpo kokatu dira.

– 2. bidea edo 2. ardatza: eskuineko ibaiertzeko pabiloietara sartzea ahalbidetzen duen kale bat da.

– Eskuineko ibaiertzeko baserrietara iristeko bidea, 65 metrokoa.

– Drainadura-obrak, gurutzatze-obrak eta adierazitako bideen eraikuntzarekin lotutako euste-hormak.

• Industrialdearen barne-urbanizazioko obrak: azpiegituren barne-sareak eraikitzea (ur-sarerako, gas-sarerako, energia elektrikoko sarerako, hondakin-uren saneamendu-sarerako, telekomunikazioen sarerako harguneak), 85 plazako aparkalekua, hiri-erremateko azken esku-hartzeak eta landareztatzea eta paisaiaren integrazioa. Lorategien eta berdeguneen espazio libreak Eztanda ibaiaren ertzetan eta kirol-ekipamenduko eremu batean daude, ibaiaren meandroan, futbol-zelai txiki bat dagoela.

B) Proiektuaren kokapena.

Proiektua Gipuzkoako Lurralde Historikoan kokatuta dago, zehazki, Ormaiztegiko udal-mugartean, Eztanda ibaiaren ibarrean, Beasain eta Zumarraga herrien arteko antzinako GI-2632 errepidearen, Irai Errota baserriaren eta Iberdrola azpiestazioaren artean.

Eztanda ibaia aztertzen ari garen eremutik igarotzen da, 12,48 km-ko ibilgua du, eta Oria ibaiarekin bat egiten du Beasainen. Gorosti errekastoa Eztanda ibaiaren eskuineko ibaiertzaren ibaiadarra da, eta ibai horretan isurtzen ditu urak, azpiestazio elektrikoaren ubideratzearen ondoan. Errekasto hori bi horma bertikalen artean bideratuta igarotzen da Ugarte baserriaren aldamenean dagoenean, ondoren, lurperatutako hodi batera igarotzen da, eta, jarraian, lurretan dagoen kutxa batera, Eztanda ibaiaren ubideratze horretako ibai-ahoraino.

Aztertutako eremua ez dator bat naturagune babestuen Euskal Sarean sartutako elementu bakar batekin ere, ezta 2000 Natura Sareko eremu bakar batekin ere. Ez dago interes ekologikoko gunerik edo lekurik ere.

Eremu horretan, Batasunaren intereseko bi habitat daude: 91E0* «Alnus glutinosa eta Fraxinus excelsior espezieen alubioi-basoak», 4.824 m2-ko azalera dutenak eta kontserbazio-egoera txarrean daudenak; eta 6510 «Altitude txikiko sega-zelai pobreak», 10.986 m2-ko azalera dutenak.

Landarediari dagokionez, Irai Errota 19. sektorearen mendebaldean gehien azaltzen den alea «belardi eta laborantza atlantikoei» dagokiena da, belardi horiek gaur egun abandonatuta daude; ondoren platano arrunten (Platanus hybrida) eta pinuen (Pinus radiata), haritz gorriaren (Quercus rubra) eta Serbiako izeiren baten landaketak daude. «Haltzadi kantauriarra» haltzen (Alnus glutinosa) eta platano arrunten (Platanus hybrida) konbinazioan azaltzen da. Erriberako landaredia da, ia ilaran dagoena. Ibaiertzetan, halaber, era askotako landaredia belarkara dago, baina izaera nitrofilo nabarmena dute, eta zuhaixkak batez ere intsusak (Sambucus nigra), hurritzak (Corylus avellana) eta zuhandorren bat dira (Cornus sanguínea), ia ibilgu osoan itzala egiten dutenak, azpiestazio elektrikoaren ondoko tarte bideratuan izan ezik.

Eztanda ibaiko portaera ezohiko samarra duen arrain-faunari dagokionez, adierazi behar dugu espezie hauek osatzen dutela: mazkarra edo lotrea (Barbatula quignardi), barboa (Luciobarbus graellsii), loina (Parachondroma miegii), txipa (Phoxinus bigerri) eta amuarraina (Salmo trutta fario). Ingurumen-dokumentuan adierazten da ibai-intereseko eremua lehentasunezko banaketa-eremua dela bisoi europarrarentzat (Mustela lutreola). Baina eremua ez da espezie horren Gipuzkoako Kudeaketa Planaren Interes Bereziko Eremuetako bakar batean ere kokatzen.

Kultura-ondareari dagokionez, proiektuaren eremuan bi errota izan ziren. Errota horiek, gaur egun, aurri-egoeran daude (ez da ikusgai geratzen aipatutako ondasunen hondakinik); horregatik, Kultura Ondare eraikiaren ikuspegitik ez dute baliorik.

Bestalde, eremua 100 urteko errepikatze?denborako uholde-arriskua duen lekuan eta lehentasunezko fluxu-gunean dago.

C) Balizko inpaktuaren ezaugarriak.

Proiektuaren izaera eta ezaugarriak kontuan hartuta, inpakturik esanguratsuenak obra-fasearen eta ustiaketa-fasearen ondorioz sortuko dira:

– Obra-fasea; kalkulatzen da fase horrek 20-21 hilabete iraungo duela, eta eraginak batez ere lur-mugimenduek, sarbidea eraikitzeak, drainadura-obrek, Eztanda ibaia eta Gorosti erreka gurutzatzearen obrek, Gorosti errekastoaren ubideratze-obrak, ezinbesteko euste-obrek eta -hormek, azpiegituren barne-sareen eraikuntzak, bide-sarearen zoladurak eta landareztatzeak eragingo dituzte. Honako inpaktu hauek nabarmendu dira:

• Hidrologiari eta uren kalitateari buruz. Aurreikusten da Gorosti errekastoaren tarte bat ubideratzea landarezta daitekeen harri-lubetarekin. Horrek ekarriko du uren kalitatea agian murriztea obrak egitean, makinen joan-etorriagatik eta ustekabeko isuriengatik.

• Faunaren eta fauna-intereseko eremuen gaineko eragina: lanak egiteko azalerak okupatzearen ondoriozko habitataren kalitatea txikitzeak, sortutako zaratak eta makinen joan-etorrien ondoriozko emisio posibleek eragindakoa, nagusiki. Proiektuaren eremua interes bereziko gunea da bisoi europarrarentzat, Gipuzkoako Lurralde Historikoan kudeaketa-plan bat duten espeziearentzat, alegia.

• Paisaiari dagokionez: paisaiaren kalitatea galtzearekin eta intrusio bisualarekin (ikusgaitasuna) lotutakoak lehendik zegoen paisaiaren kalitatea hainbat osagaitan aldatzen duten elementu berriak sartzeagatik (lur-erauzketak, lubetak, lur-mugimenduak, ezpondak).

• Landaredia naturalaren gaineko eragina: aurreikusten da hamar zuhaitz kentzea, haltzen (91E0* Batasunaren habitataren 200 m2), platanoen eta pinuen aleen artean.

• Eremuaren morfologia berria gauzatzeak lur-soberakinen bolumen handia sortzea ekarriko du.

– Ustiapen-fasea; proiektuaren barnean industrialdeko hondakin-uren saneamendu-sarearen eta Eztanda ibaiaren ezkerraldean zehar igarotzen den kolektore orokorraren arteko konexioa sartzen da.

• Hidrologiari eta uren kalitateari buruz. Eztanda ibaiaren eta Gorosti errekastoaren uren kalitatean plataformetako jariatze-urek eragina izan lezakete, plataforma horietako euri-uren sistema behin eta berriz aipatzen ari garen ibilguetan isurtzen delako.

• Paisaiari dagokionez: ezinbestekoa da diseinu-neurriak nahiz landareztatze motako neurriak edo neurri sofistikatuagoak aplikatzea elementu batzuk paisaian txertatzeko; neurri horiek guztiak zehaztasunez balioetsi eta egikaritu beharko dira, eta behar bezainbeste kontrastatu beharko dira aurreikusitako kontrasteak zuzentzeko eta konpontzeko.

Bigarrena.– Erreferentziako proiektuaren ingurumen-inpaktuaren azterketaren irismenari buruzko dokumentua prestatzea, Ebazpen honen Eranskinean adierazten diren terminoetan.

Hirugarrena.– Ormaiztegiko Udalari eta Sprilur SAri jakinaraztea ebazpen honen edukia.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko apirilaren 12a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

IVAN PEDREIRA LANCHAS.

ERANSKINA

1.– Irismen-dokumentua. Ingurumen-inpaktuaren azterketaren zabalera, xehetasun-maila eta zehaztasun-maila.

Ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko araudiaren arabera, ingurumen-inpaktuaren azterketak bete egin beharko ditu, gutxieneko edukiei eta egiturari dagokienez, Euskal Herriko ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Legeak Orokorrak, eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeak xedatzen dituztenak.

Aurrekoarekin bat etorriz, garatzen diren apartatuek eskema metodologiko honi erantzun behar diote:

1.– Proiektuaren deskribapen orokorra eta denboran zehar lurzoruaren erabilerari eta bestelako natura-baliabideei buruzko aurreikuspenak. Isuri, igorpen eta hondakin motak eta kopuruak eta ondoriozko materia- edo energia-emisioak balioestea.

2.– Aztertutako aukera nagusien azalpena, zero aukera barnean hartuta (proiekturik ez egitea, alegia) eta hartutako irtenbidearen alde egiteko arrazoi nagusien justifikazioa, ingurumenaren gaineko ondorioak kontuan hartuta.

3.– Ingurumen-inbentarioa eta elkarreragin ekologiko edo ingurumen-elkarreragin garrantzitsuenen deskribapena.

4.– Ingurumen-inpaktuen identifikazioa eta balioespena: proiektuak, zuzenean nahiz zeharka, biztanleriaren, giza osasunaren, floraren, faunaren, biodibertsitatearen, geodibertsitatearen, lurzoruaren, zorupearen, airearen, uraren, faktore klimatikoen, klima-aldaketaren, paisaiaren eta ondasun materialen gain, (ondare historiko-artistikoa eta arkeologikoa barne) izan ditzakeen eraginen ebaluazioa. Halaber, arreta jarriko zaio faktore guztien arteko elkarreraginari, proiektua gauzatu, ustiatu eta, hala badagokio, eraitsi edo bertan behera uzteko fase guztietan.

5.– Proiektuaren kalteberatasuna. Proiektuaren kalteberatasunaren ondorioz proiektuak ingurumenean eragingo dituen ondorio kaltegarri nagusiak zehaztea, istripu larriak eta/edo hondamendi handiak gertatzeko arriskua dela eta.

6.– Ingurumenean eragiten diren ondorio kaltegarriak prebenitu, zuzendu, eta, hala badagokio, konpentsatzeko aurreikusi diren neurriak.

7.– Ingurumena zaintzeko programa.

8.– Azterlanaren laburpena eta ondorioak, erraz ulertzeko moduan. Beharrezkoa bada, azterlana egitean izandako zailtasun tekniko edo informatiboen berri emango da.

Ondorengo ataletan xehetasun gehiagorekin garatu da ingurumen-inpaktuaren azterlanak izan behar duen irismena, proposatutako jarduerak eta horien eragina jasango duen ingurunearen ezaugarriak kontuan hartuta, baita egin diren kontsulten emaitzak ere. Era berean, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9koak 21/2013 Legearen VI. eranskinean garatzen da zein diren ingurumen-inpaktuari buruzko azterketa garatzeko baldintzak.

1.1.– Proiektuaren deskribapena eta proiektuko ekintzak.

Ingurumen-inpaktuaren azterlanak xehetasun-maila nahikoa duen proiektuaren deskribapen bat izan behar du barne, baita denborarekin aurreikus daitezkeen beharren azalpen bat ere, lurzoruaren eta bestelako baliabide naturalen erabilerari dagokionez. Halaber, kalkulatu behar du jardueren ondorioz sortuko diren hondakinen, isurien eta igorpenen mota eta kopurua eta horiei loturiko materia- edo energia-emisioak, zehazki, ingurumen-baldintzetan eragin garrantzitsuak izan ditzaketen ekintzak identifikatu behar ditu azterketa xehatu baten bitartez, bai gauzatze-fasea bai funtzionamendu-fasea aintzat hartuz.

Ingurumen-inpakturen bat izan dezaketen proiektuko ekintza guztiak identifikatu behar dira, neurri babesgarri eta zuzentzaile egokienak hartzen direla bermatzea helburu dela.

Saihestu eta zuzendu nahi diren eraginak proiektuak proposatutako jarduketetatik nahiz berezkoak zaizkion jarduera osagarri guztietatik etor daitezke (sarbideak, zerbitzuen hornidura, soberakinak kokatzea, obrarako instalazio lagungarriak, etab.). Beraz, antolamendu-eremuaren esparruan garatutako jarduketez gain, urbanizazioaren azpiegiturak eta zerbitzuak (saneamenduak, sare elektrikoa, bide-sarea, eta abar) sistema orokorrekin konektatzeko kanpoko lurretan gauzatzen diren jarduketak ere sartu beharko dira urbanizazio-proiektuaren deskribapenean. Jarduketa hauek guztiak xehetasun-maila nahikoarekin definitu beharko dira, proiektua gauzatzeak ingurumenean izan litzakeen ondorioak kalkulatzeko eta prebentzio- eta zuzenketa-neurri egokiak diseinatu ahal izateko, hartara hautemandako ingurumen-eraginak modu eraginkorrean murriztu, desagerrarazi edo konpentsatzen direla bermatuz.

Aurrekoa kontuan hartuz, eta ebaluatzen ari den proiektuaren ezaugarriak ikusita, besteak beste, honako alderdi hauek xehetasunez azaldu beharko dira:

– Proiektuaren eremuaren kokalekua eta mugaketa.

– Jarduketa-esparruaren deskribapena. Proposatutako antolamenduaren ezaugarriak eta deskribapen xehatua. Guztizko azalera-beharrak. Urbanizatu behar den eremuaren oinplanoak eta sekzioak antolamendu-proposamen xehatua eginez. Proposamen horretan urbanizatu behar den eremua mugatuko da, eta aurreikusitako erabilera desberdinetara (tertziarioak, zuzkidura-arlokoak, espazio libreak, ekipamenduak) bideratutako lurzatiak, bide-sarea (sartzeko bideak eta barne-bideak), aparkalekuak, parkeak eta lorategi-zonak eta abar kokatu eta identifikatuko dira.

– Ibilguetan egingo diren jarduketen deskribapen xehatua: ubideratzeak, ibilguak zuzentzea, zubiak eta pasabideak eraistea eta eraikitzea eta fabrikako obrak. Jarduketa horien ezaugarri orokorrak: oinplanoko trazadurak, luzetarako eta zeharkako profilak, sekzio ereduak, ibaiertzak babestea, fabrikako obrak eta eraikuntza-metodoak. Proiektatutako jarduketen justifikazio hidraulikoa. Ingurumen-inpaktuaren azterlanean, uren alorrean eskumena duen organoak erabakitakoa alde batera utzi gabe, bildu eta justifikatu beharko da Ormaiztegiko «Irai Errota» 19. sektorearen Plan Partzialari dagokionez, hots, 2017ko azaroan behin betiko onartu zen planari dagokionez egindako txostenetan Uraren Zuzendaritzaren eskakizunak nola hartu diren kontuan.

– Obrako instalazio laguntzaileen kokapena: makineria-parkeak, lurrak eta obrako materialak biltzeko zonak, hormigoi-makinak eta kamioien gurpilak garbitzeko eremuak, bulegoetarako eta langileentzako instalazioak eta abar. Ezinbestekotzat hartzen da proiektuaren afekzio-eremuan dauden zona sentikorrenek baldintza espezifikoak izatea zona horiek kokatzeko.

– Sarbideak eraikitzeko ezaugarriak, baita barneko bideen ezaugarriak ere: oineko trazadura, luzera eta sekzio eredua.

– Obra zibileko beste premia batzuk: beharrezko egiturak, ezaugarriak.

– Zerbitzu-hornidura: euri-urak drainatzeko sarea, saneamendu-sarea, ur-hornidura, elektrizitatearena, gasarena, telefonia-sarea, argiteria, e.a., xehetasun nahikoaz aztertu ahal izateko, ingurumenaren ikuspegitik, aurreikusten diren trazaduren egokitasuna eta obra horietako bakoitzaren ezaugarri orokorrak. Aurreikusten diren trazaduren oinplanoak eta sekzioak, zehaztuz, gainera, non izango diren sare orokorrekiko harguneak.

– Lur-mugimenduak.

• Sortuko den erliebearen ezaugarriak, egungo eta lur-mugimenduaren osteko egoeren profil topografikoak barne.

• Lurren mugimenduaren balantzea.

– Lurren balantzea kalkulatzea:

• Ekarpenak: hala badagokio, proiektua gauzatzeko behar diren ekarpeneko materialak zenbatzea. Obratik kanpoko materialaren bolumenaren zenbatekoa. Material horien jatorria eta ezaugarriak. Ekarpenak lortzeko zonak identifikatzea. Hala dagokionean, jarduketok eragindako afekzioak, neurri zuzentzaileak eta afekzio horiek minimizatzeko kontrolak, ekarpen-eremuen eta horiei lotutako azpiegituren kokapen-planoa (eskala honetan: 1:5.000).

• Soberakinak: obra-ingurunetik kanpo kudeatu beharreko indusketa-lanen soberakinak zenbatzea. Materialon gaineko kudeaketa-proposamena, soberakindegiaren ordezko kokaguneak, erabakiaren justifikazioa, jarduketok eragindako afekzioak (soberakindegira bitarteko garraioaren arazoari buruzko azterlana barne, kamioien zirkulazioari lotutako inpaktua aztertuta), eta afekzioak minimizatzeko aurreikusitako neurri zuzentzaileak eta kontrolak. Soberakindegi(ar)en eta horiei lotutako azpiegituren kokapen-planoa (eskala honetan: 1:5.000). Soberakindegia non kokatu erabakitzeko, irizpide hauek hartu beharko dira kontuan:

• Lehentasuna emango zaio soberakinak obra honetan edo ingurukoetan, edo eremu degradatu hurbilekoen lehengoratze-obretan berrerabiltzeari.

• Ur-ibilgu iraunkorrak dituzten ibarbideak salbuetsita geratuko dira, baita natura-intereseko flora- eta fauna-komunitateak ere.

• Dauden bideak eta errepideak erabiliko dira ahal den guztietan.

• Soberakindegietarako sarbideek eragindako populazioaren gaineko afekzioa ahal den guztian minimizatuko da.

• Proiektuaren fase guztietan sortutako hondakinak eta haien helmuga, lur-mugimenduen soberakinak barne. Eraikuntza- eta eraispen-jardueren ondorioz hondakinak sortzen badira, eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan aurreikusitakoa betez kudeatuko dira, eta dekretu horren 4. artikuluan eta Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan aipatutako Hondakin Kudeaketako Plana idatzi beharko da.

• Isurketak sortzea obra-fasean: isurketen izaera, arazketa-sistemak eta hondakinen azken helmugak.

• Igorpenen (hautsa, zarata, bibrazioak) eta isurketen ekoizpena, horien izaera, tratamenduak.

• Argi-igorpenak. Urbanizazio berriaren argiztapen-proposamenak kanpoko argiztapenaren erabilera eraginkorra egiten duela justifikatu beharko du, oinezkoei, ibilgailuei eta jabetzei eskaini behar zaien segurtasunari kalterik egin gabe. Horri gagozkiola, urbanizazioaren kanpoko argiztapenaren instalazioaren diseinuari, egikaritzeari eta mantentzeari dagokionez, azaroaren 14ko 1890/2008 Errege Dekretuan ezartzen duena hartuko da kontuan. Dekretu horren bidez onartzen dira kanpoko argiztapen-instalazioen energia-eraginkortasunari buruzko araudia eta horretarako jarraibide tekniko osagarriak (EA-01etik EA-07ra).

• Ingurumenerako, osasunerako eta ondasun materialetarako arriskutsuak diren bestelako jarduketak egoteko aukera zehaztea.

• Kalte litezkeen zerbitzuak (elektrizitatea, ur-hornidurarako eta -saneamendurako sistemak, bideak) etetea eta berriz jartzea.

• Obra-plana. Obra egikaritzeko epea. Jarduketarako zenbatesten den iraupena.

Atal honetako informazioarekin batera, edukiak hobeto ulertzeko beharrezkoak diren proiektuaren eskalako planoak emango dira, proiektatutako jarduketen oinplanoak, luzetarakoak eta zeharkakoak barne.

1.2.– Hautabideen azterketa eta hartutako erabakiaren justifikazioa.

Ingurumen-inpaktuaren azterlanaren barnean teknikoki bideragarriak diren hautabideen azterketa eta hartutako erabakiaren justifikazioa bildu beharko dira, proiektatutako jarduketa desberdinen espazio-antolamendua kontuan hartuta. Hautabideen azterketa horrek, beste alderdi batzuen artean, honako hauek balioetsiko ditu batez ere: proiektuaren afekzio-eremuan dauden ibai-ekosistemen berezko ingurumen-balioekiko errespetua. Ildo horretan, azterlanak sektorea antolatzeko egon litezkeen hautabideak, antolamendu-eremuan dauden landaredia naturalean eta azaleko ur-ibilguetan (Eztanda ibaia eta Gorosti errekastoa) duten afekzioa minimizatuko dutenak, hartu beharko ditu kontuan; betiere aintzat hartuta, kasu honetan, ibaiertzak landareztatzeko jarduketak ahalbidetuko dituzten irtenbide «bigunak» ereintzen eta landaketen bitartez, eta eraginpean hartutako ibilguei ahalik eta ahalmen ekologiko handiena emango dieten bioingeniaritzako teknikak erabiltzea ahalbidetuko dutenak.

Atala bukatzeko, hautatutako aukera argudiatu egin beharko da, eta bermatu egin beharko da hautatutako aukera teknikoki eta ingurumenari dagokionez bideragarria dela, eta ingurumenaren osagaiei ahalik eta afekzio txikiena eragiteko ahalegina egin beharko da.

1.3.– Ingurumen-inbentarioa eta elkarreragin ekologiko edo ingurumen-elkarreragin garrantzitsuenen deskribapena.

Atal honetan eremua deskribatuko da, elementu baliotsuenak eta proiektuko ekintzek gehien eragin ditzaketenak nabarmenduta. Abenduaren 9ko 21/2013 Legearekin bat etorriz, jarduera egin aurretik lekuaren egoera eta ingurumen-ezaugarriak aztertuko dituen txostena ere izan behar du, baita oraingo ingurumen-egoera eta ebaluatzen den proiektutik eratorritako jarduketaren ondoriozko egoera konparatzeko azterlan bat ere.

Ingurumen-inbentarioa atalez atal baloratuko da. Balorazio horretan, elementuen garrantzi erlatiboa aztertuko da erreferentzia-esparru baten barnean (herri mailan, eskualdekoan eta abar).

Kasu guztietan, datuak eskuratzeko iturri dokumentalak adieraziko dira, material bibliografikoak izan, norberak prestatuak edo bestelakoak.

Orokorrean, ingurumen-inbentarioaren azalpena modu laburrean egingo da, ingurumen-inpaktuaren azterlanaren ikuspuntutik ekarpenik egiten ez duten azalpen orokorrak ekidinez, eta proiektuak ingurumenean izan litzakeen eraginak ulertzeko behar dena kontuan hartuz.

Jarduketa-eremuaren ingurumen-inbentarioaren alderdi garrantzitsuenen irudi kartografikoak lortu beharko dira, hala eskala orokorrean nola xehatuan, eta kasuan-kasuan erabili den eskala adierazi beharko dute.

Aurrekoa gorabehera, proiektuaren eraginpean dagoen eremuaren ezaugarriak ikusita, ingurumen-inbentarioak honako alderdi hauek hartuko ditu barne:

• Jarduketa-eremuaren geologia eta geomorfologia.

– Eragin-eremuaren ezaugarri geologikoak. Interes geologikoko guneak eta puntuak.

– Unitate eta prozesu geomorfologikoak.

– Baldintza geoteknikoak.

• Lurrazaleko eta lurpeko hidrologia.

– Eraginpean hartutako arroaren deskribapena.

– Proiektuaren eraginpeko eremuan ibilguen egoera ekologikoaren zehaztapena.

– Proiektuaren eremuko ezaugarri hidrogeologikoak.

– Substratuaren material litologikoen iragazkortasuna. Akuiferoen kalteberatasuna.

– Ur-puntuen inbentarioa, puntu horien erabilera zein den adieraziz.

• Eragin-eremuan dauden biozenosien eta ekosistemen deskribapena.

– Eraginpean dauden landare- eta fauna-komunitateak: ezaugarriak, kontserbazio-maila eta egitura-konplexutasuna. Katalogatutako eta babestutako espezieak, Espezie Mehatxatuen Euskadiko Katalogoan galtzeko arriskuan dauden espezie gisa katalogatutako espezieak azaltzea.

– Proiektuak kaltetutako landaredia mota bakoitzaren azalera zehaztuko da, baita haien ezaugarriak, aleen heldutasun-maila eta balio ekologikoa ere.

• Korridore ekologikoak. Habitaten konektibitatea/zatiketa.

– Horri dagokionez, ingurumen-inpaktuaren azterlanak lurraldearen konektibitate ekologikoari dagokionez proiektuaren eragina aztertu beharko du, eta, hala badagokio, behar diren prebenitzeko, babesteko eta zuzentzeko neurriak proposatu beharko ditu.

• Nekazaritza-alderdiak.

– Lursailen produkzio-gaitasuna.

– Nekazaritza eta Basozaintzako Lurralde Plan Sektorialaren antolamendu-kategoria bakoitzean kaltetutako azalera.

– Kaltetutako nekazaritza-ustiapenen kopurua: etxebizitzak, lurzatien zatiketa, dimentsioa, forma, irisgarritasuna, balio agrologikoa edo produktibitatea.

• Paisaia.

– Ikusgaitasuna, kalitatea eta hauskortasuna. Paisaiaren azterketa jarduketaren irisgarritasun bisualaren azterketa batekin osatuko da.

• Eragin zuzena edo zeharkakoa pertsonen osasunean eta herritarren lasaitasunerako baldintzetan.

– Eragiketa gauzatu aurretik, jarduketa-zonatik hurbil dauden etxebizitzetan dauden soinu-mailak erregistratzea. 1:5.000 eskalako planoa, soinu-mailak kalkulatzeko puntuak lokalizatuta.

• Lurralde-plangintza, sektore-plangintza barne.

– Indarreko udal-plangintzaz eta udalerriaz gaindiko lurralde-plangintzaz gain (Lurralde Plan Partziala), EAEko Ibaien eta Erreken Ertzak Antolatzeko Lurraldearen arloko Planean (isurialde kantauriarra) ezarritakoa hartu beharko da kontuan. Plan hori behin betiko onartu zen azaroaren 19ko 449/2013 Dekretuaren bitartez.

• Dokumentazio grafikoa.

Atal honetan jarduketa-eremuko ingurumen-inbentarioko alderdi garrantzitsuenei buruzko irudi kartografikoak jaso behar dira, eskala handian zein xehetasunez, eta kasu bakoitzean erabilitako eskala adierazi beharko da. Besteak beste, plano hauek hartuko dira barne: Batasunaren intereseko habitaten mugaketa kartografikoaren planoak, intereseko florarako eta faunarako garrantzitsuak diren eremuenak, eta proiektuaren afekzio-eremuan dauden kultura-ondareko elementuenak.

Halaber, sintesi-kartografia bat prestatuko da ingurumen-inbentarioko elementu nabarmenak bertan jasoz.

1.4.– Jarduketak ingurune hartzailean izan ditzakeen eraginak identifikatzea eta karakterizatzea.

Inpaktuen identifikazioa eta balorazioa ingurumen-inbentarioko elementuen eta inpaktuak sor ditzaketen proiektuko ekintzen arteko interakzioaren ondorio dira. Afekzioaren munta zenbatesteko, kontuan hartu behar dira proiektuak zuzenean nahiz zeharka eragindako baliabideen kalitatea eta kantitatea. Obra-fasean eta funtzionamendu-fasean eragindako inpaktuak bereizi beharko dira.

Inpaktuen identifikazio eta balorazio hori ongi arrazoitu beharko da kasu bakoitzean, horretarako Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen VI. eranskinean adierazitako terminologia erabiliko da. Kasu honetan, funtsean, honako hauek konparatuko dira: egungo egoera eta etorkizunekoa, neurri zuzentzaileak hartuta.

Ingurumen-inpaktuaren azterlanean, baloratzeko erabilitako metodologiak eta estimazio-metodoak zehaztuko dira. Erabilitako adierazle edo parametroak aipatuko dira, ahal den heinean oro har onartutako arauak edo azterketa teknikoak erabiliz, inpaktu mota bakoitzaren arabera muga-balioak edo gida-balioak ezartzeko.

Bereziki, eta beste batzuk alde batera utzi gabe, proiektuaren eta eraginpeko ingurunearen ezaugarriak kontuan hartuta, ingurumen-inpaktuaren azterketak honako ingurumen-inpaktu hauek gutxienez balioetsi beharko lituzke:

1.– Baliabide naturalak galtzea. Ekosistema baliotsuetan (azaleko uren ubideek eta ur horiekin lotutako landarediak osatzen dituztenak, adibidez) eragindako inpaktuetatik eratorritakoak, hala badagokio, edo espezie babestu eta enblematikoetan eragindako zuzeneko afekzioa, edo espazio-heterogeneotasunaren gainean eragindakoa, heterogeneotasun hori aniztasun biologikoa mantentzeko oinarri gisa hartuta, eta abar. Afekzioaren munta zuzenean edo zeharka eragina izan duten baliabideen kalitatea eta kopurua kontuan hartuta balioetsiko da.

2.– Balio estetiko-kulturalak galtzea, paisaia baliotsuak izatetik eratorritakoak, bere osagai naturalak eta haien erabilera, osaera estetikoa eta eratortzen den atmosfera emozionala integratzearen ikuspegitik.

3.– Produktibitate ekologikoa eta nekazaritza-arlokoa galtzea, ingurune edafikoa erabiltzeko gaitasunaren arabera.

4.– Eragin zuzena edo zeharkakoa pertsonen osasunean eta herritarren lasaitasunerako baldintzetan. Obra-fasean, jendea bizi den hurbileko zonetan hautsa, soinu-mailak eta bestelako eragozpenak areagotzetik eratorritakoak. Ustiapen-fasean, kontuan hartuko da, bereziki, urbanizazioko eremu akustikoei aplikatzekoak diren kalitate akustikoaren helburuak betetzea, Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera, zonakatze akustikoaren, kalitate-helburuen eta emisio akustikoen inguruan.

5.– Uraren kalitatearen gaineko afekzioak. Uraren kalitatearen gaineko afekzioak aztertzean azaleko zein lur azpiko urak aztertuko dira, eta baliabide horien unean-uneko kalitatea ere aintzat hartuko da.

6.– Ondasunei eragin diezaieketen istripu-arriskuak, arrisku geoteknikoak (hegalen ezegonkortasun-arriskua, errekastoen ertzeetako higadura-arriskua eta ezegonkortasuna), uholde-arriskua, isurketa-arriskua, eta abar.

1.5.– Proiektuaren kalteberatasuna.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 35. artikuluan xedatutakoarekin bat, ingurumen-inpaktuaren azterlanak barnean hartuko du proiektuak istripu larrien edo hondamendi naturalen ondorioz jasan ditzakeen kalteetatik eratorritako arriskuen ebaluazioa, eta ingurumenean izan ditzakeen kontrako efektuen gainekoa, halakorik gertatuz gero, edo atal hau proiektuan aplikatu behar ez izatearen justifikazioa.

1.6.– Prebenitzeko, zuzentzeko eta konpentsatzeko neurriak proposatzea.

Ingurumen-inpaktuaren azterlanak ingurumen-eragin kaltegarri nagusiak ekiditeko, murrizteko, desagerrarazteko edo konpentsatzeko proposatutako neurriak azalduko ditu inguruneko elementu bakoitzerako. Espero diren inpaktuen garrantziaren arabera proposatu eta dimentsionatuko dira neurri horiek.

Neurri babesgarri eta zuzentzaileen proiektua behar bezain xeheki idatzi beharko da, ingurumenaren babesa eta neurri horiek hartzea gomendagarri bihurtzen duten helburu espezifikoak beteko direla bermatzeko moduan. Era berean, proiektuaren aurrekontuan jaso beharko dira neurri babesgarri eta konpentsatzaileei aurre egiteko behar diren partida guztiak.

Neurri babesgarri eta zuzentzaileen proposamenak honako alderdi hauek azpimarratu behar ditu bereziki: azaleko uren kalitatea eta ibai-ekosistemak babestearekin lotutakoak, Batasunaren intereseko espezieei eta habitatei ez ezik, Espezie Mehatxatuen Euskadiko Katalogoan sartuta daudenei ere eragindako afekzioak prebenitzearekin eta zuzentzearekin lotutakoak, paisaiaren afekzioak prebenitzearekin eta zuzentzearekin lotutakoak eta herritarren lasaitasunarekin eta giza habitataren kalitatearekin lotutakoak.

Aurrekoarekin bat etorriz, eta ingurumena babesteko helburuak benetan betetzeko beharrezkoak diren beste neurri batzuk alde batera utzi gabe, garrantzitsutzat hartzen da ingurumen-inpaktuaren azterlanean ondoren azalduko diren alderdiei dagokienez neurriei buruzko proposamen xehatu bat sartzea. Aipatutako alderdiak honako hauek dira:

• Urei buruzko ingurumen-inpaktua prebenitzeko neurriak.

– Olioen, erregaien eta bestelako produktuak edo hondakinak ingurunean ustekabean isurtzea eragotziko duten neurriak: iragazgaitze-sistemak, kubetoak, etab.

– Obrak egin bitartean, uretan dauden solido esekien kopurua areagotzea saihesteko aurreikusitako neurriak.

• Obra-fasean hautsa eta zarata kontrolatzeko neurriak.

• Hondakinen kudeaketa.

– Hondakinak obra-fasean kudeatzeko proposamena. Bilketa-, biltegiratze- eta tratamendu-sistemen deskribapena. Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak kudeatzeko plana, eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak sortzea eta kudeatzea arautzen duen otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuaren 1.a) epigrafean ezarritakoaren arabera.

• Paisaia eta ibilguak integratzen laguntzeko neurriak.

– Esku hartu den ibilguetan proiektatutako irtenbideek ahalbidetu beharko dute ibaiertz berriak landareztatzea, ur-bazterreko landarediko espezie autoktonoak erabilita. Ahal den neurrian, ubideratzeko jarduketen eta fabrikako obraren diseinuan, irtenbide «bigunak» diseinatuko dira, landareztatzeko jarduketak ahalbidetuko dituzten irtenbideak, ereintzen eta landaketen bitartez.

– Ubidea kaltetzen den tarteetan habitata berreskuratzea ahalbidetuko duten ekintzak, hala nola ibai-ohe irregularra, babesguneak, oinak, eta abar diseinatzea, habitataren heterogeneotasuna areagotzeko eta fauna urtarra berreskuratzen laguntzeko.

– Landareztatze-proiektu bat garatuko da, proiektua egikaritzearen ondorioz kaltetutako azalera guztietan aplikatzeko. Landareztatze-proiektuak jaso beharko ditu bere memorian proposatzen diren tekniken zergatia, hautatu diren espezieak, landaketa-dentsitateak, landareen tipologia, hidroereintzen osaera eta dosiak eta lurzoru begetalaren lodiera.

Landareztatzeko irizpide orokor gisa honako hauek aipa daitezke: bioingeniaritzako tekniken erabilerari lehentasuna ematea, espezie inbaditzaileak sartu edo susta daitezen ekiditea eta, tarte horretan badaude, desagerrarazteko programak proposatzea.

Proiektu-eskalako planoa, landareztatuko diren azalerak zehaztu eta irudikatuko dituena, kasu bakoitzerako aurreikusi den tratamendua (ereintzak, landaketak, landare-pantailak jartzea, eremu laguntzaileen eta erantsitako instalazioen tratamendua, eta abar) ez ezik, aipatutako gainerako neurri zuzentzaileen kokapena ere (material finak atxikitzeko sistemak, gurpilak garbitzeko sistema, etab.) adieraziz.

1.7.– Ingurumena zaintzeko programa.

Ingurumena zaintzeko programa bat eratuko da. Programa horren helburu nagusia izango da ingurumen-inpaktuaren azterlanean finkatutako kalitate-helburuak beteko direla bermatuko duen sistema bat ezartzea, bertan adierazitako jarraibideekin eta neurri zuzentzaileekin batera.

Programaren helburuak zehaztuko dira, eta, helburu bakoitzarentzat, jaso beharreko datuak, erabili beharreko metodologia, neurketa-puntuak (puntu horiek zehazki kokatzeko egoera-planoa eta krokisa barne) eta neurketen maiztasuna ere bai.

Kalitate-helburuak, hala behar denean, legeetatik edo oro har onartutako azterketa teknikoetatik hartutako muga-balioen edo gida-balioen arabera ezarriko dira. Hala ere, proiektuaren eraginpeko eremuaren berezitasunek eta ezaugarri zehatzek hala eskatzen badute, balio are zorrotzagoak ezarri beharko dira hori beharrezkoa den parametroetan.

Era berean, dagokion aurrekontua aurkeztu beharko da, behar bezainbat banakatuta, proiektuaren garapenetik eratorritako afekzioen jarraipen egokia egin ahal izateko.

Proiektuari buruz eta proiektuak ingurunean duen eraginari buruz jasotako datuen ondorioz beharrezkoak diren beste kontrol batzuez gain, programa horrek jarraian adieraziko diren kontrolak izan beharko ditu:

– Eztanda ibaiaren eta Gorosti errekastoaren ibai-uren kalitate-kontrola, ibaian gora eta ibaian behera jarduketa-eremuan.

– Dekantazio-gailuen irteeran kokatutako uren kalitatearen kontrola.

– Lurzoruen eta indusketa-materialen kalitatearen kontrola.

– Hondakinen kudeaketaren kontrola.

– Proiektuaren ingurunean dagoen landarediari eta intereseko faunari eragindako afekzioen kontrola.

– Landareztatzearen kontrola.

1.8.– Laburpen ez-teknikoa.

Laburpen-dokumentu bat idatzi beharko da, eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen VI. eranskinean ezarritako ezaugarriak izan beharko ditu. Dokumentuan labur-labur eta jendeak ulertzeko moduan jaso beharko dira proiektuaren izaerari buruzko informazioa, proiektuak inguruneari eragiten dion modua, eta aurreikusitako inpaktuak saihesteko eta/edo minimizatzeko proposatutako neurriak. Halaber, dokumentazio grafikoa sartzea ere gomendatzen da, batez ere, jendeari informazioa emateko.

2.– Dokumentazio teknikoaren aurkezpena.

Atal honetan ezarritakoa betetzeko, dokumentazioa aurkezteko gidaliburuaren arabera prestatuko da dokumentazioa. Gidaliburua ingurumen-organoaren web-orrian eskuratu daiteke, eta haren edukiak jarraian jaso dira:

1.– Ingurumen-inpaktuaren adierazpen estrategikoaren eskaerarekin batera aurkeztutako dokumentuek koherentzia egokia errespetatu beharko dute, bai haien artean bai aurretik aurkeztutakoenekin, halakorik bada, erabakia hartu behar duten administrazio-organoen lana errazteko eta ez eragozteko.

2.– Arreta berezia jarri beharko da kasu bakoitzean dokumentu teknikoen atalak haien artean erlazionatzea ahalbidetzen duten datuak adieraztean (esaterako, atal batean proiektuko ekintzak deskribatzen badira eta beste batean ekintza horiek eragindako ingurumen-inpaktuak, bi kasuetan ekintzak izen berarekin aipatu beharko dira). Prozedura industrialek, ekipamenduek eta instalazio lagungarriek izen berberak eduki beharko dituzte aurkezten den dokumentazio guztian eta, behar izanez gero, kodetu egin beharko dira.

3.– Beharrezkoa bada, datuak zein iturritatik lortu diren adierazi beharko da.

4.– Dokumentazio grafikoa eta kartografikoa sartu beharko da, behar bezala geoerreferentziatua, behar duten apartatuetan.

5.– Plano guztiak beren kodeekin eta edukia azaltzen duten izenburuekin identifikatu beharko dira. Halaber, honako hauek adierazi beharko dira: irudikatutako datuak zuzen interpretatzeko behar diren azalpenak eta sinboloak; eskala grafikoa eta numerikoa, inprimatzeko formatua adierazita; sinadura eta noiz egin den. Kodea eta izenburua sustatzaileak egoki deritzonak izango dira, baina geroago aipatuko dugun artxiboaren izenarekin ez da nahasi behar hori.

Jatorrizko eskalatik murriztutako planoak aurkeztuz gero, zuzendu egin beharko da planoan jatorrian adierazitako eskala, aurkeztutako planoan oinarritutako neurketek ez dezaten akatsik izan.

6.– Testuetan zehar aipatutako eranskin, irudi, plano edo argazki guztiak dokumentazioarekin batera aurkeztuko dira. Erreferentzia horiek, dagokion elementua (kodea eta artxiboaren izena, gutxienez) erraz aurkitzeko moduan egingo dira.

7.– Eskaera IKS-eem sistemaren bidez aurkeztu beharko da, aplika daitezkeen eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean eskura daitezkeen fitxak eta formularioak erabilita (ikusi estekak amaieran).

7.1.– Dokumentuak .pdf formatuko artxiboetan aurkeztu beharko dira, artxibo bakoitza gehienera 30 MBkoa dela eta bilaketak egitea zilegitzen dutela. Tamaina handiagoko artxiboak zatitu egin behar dira sisteman txertatu ahal izateko.

Logotipo, goiburu eta orri-oinetan kolorerik ez erabiltzea gomendatzen da; behar-beharrezkoa den kasuetan soilik erabiliko da –planoak, diagramak, eta abar–, alegia, koloreak informazio jakin bat ematen duenean.

7.2.– Oro har, artxiboak «Dokumentu Administratiboak» deitutako atalean txertatu beharko dira IKS-eem sisteman. Nahitaezkoak ez diren dokumentuak direnean, edo artxibo bat baino gehiago behar denean dokumentu bat aurkezteko, «Hautazko dokumentuak» deritzon fitxa erabili beharko da.

7.3.– IKS-eem sisteman txertatzen diren artxiboak ondorengo tauletan azaltzen den kodifikazio-sistemaren arabera izendatu beharko dira (ez da nahasi behar hori sustatzaileak bere nahierara hauta ditzakeen kodeekin, esaterako, plano jakin bat izendatzeko darabilen kodearekin):

1. taula. Dokumentuak eta haiei dagozkien artxiboen izenak.

(Ikus .PDF)

2. taula. Ingurumen-inpaktuaren azterketaren atalen banakapena eta haiei dagozkien artxiboen izenak.

(Ikus .PDF)

* Nahitaez aurkeztu behar diren dokumentuak eta atalak. IKS-eem sistemak eskatuko du nahitaez, gutxienez, artxibo bat, amaiera-kodea 000 duena, txerta dadila.

** Dokumentu hauek sustatzaileak edo organo substantiboak egoki baderitzote soilik aurkeztuko dira.

*** «Ingurumen-inpaktuaren azterlana. Inpaktuen identifikazioa eta balorazioa» atalaren kasuan, berariazko kapitulu bat txertatu beharko da proiektuak Natura 2000 Sarean dituen ondorioei buruz, baldin eta soilik Natura Ondarea eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legearen 45.4 artikuluan aurreikusten diren inguruabarrak ematen badira.

Artxiboen izenak, edukiaren eta 1. eta 2. tauletan azaldu denaren arabera dagokien kodea eraman behar du soil-soilik. Horregatik, zenbakiak eta gidoi ertainak edukiko ditu izenak, baina ez du onartuko ezein hizki eta aipatutako karaktere horietaz kanpoko besterik.

Dokumentu edo atal batek 30 MB edo gutxiagoko tamaina duenean, artxibo bakarrean aurkeztu beharko da, eta 000 izango dira haren izenaren azken hiru zenbakiak. Artxibo hori IKS-eem sisteman txertatuko da «Dokumentu administratiboak» erlaitzean. Dokumentuak edo atalak hori baino tamaina handiagoa duenean, behar bezainbat artxibotan zatituko da haietako ezeinek 30 MBko tamaina gainditu ez dezan. Kasu horretan, artxibo horietako bakoitzak izen bat izango du non azken hiru zenbakiak korrelatiboak izango baitira, 000 duenetik abiatuta. Artxibo korrelatibo horiek, -001etik aurrerakoak, «Hautazko dokumentuak» erlaitzean txertatuko dira IKS-eem sisteman.

Beraz, adibidez, «Proiektuaren dokumentu teknikoa» atalari dagozkion bi artxibo aurkezten badira, 206-000 eta 206-001 izena emango zaie, eta bi artxibo aurkezten badira «Ingurumen-inpaktuaren azterlana. Sintesi-dokumentua» atalean, 207-07-000 eta 207-07-001 izena emango zaie. 206-000 eta 207-07-000 artxiboak «Dokumentu administratiboak» erlaitzean txertatuko dira, eta 206-001 eta 207-07-001 artxiboak aldiz «Hautazko dokumentuak» erlaitzean.

7.4.– 1. taulako dokumentu bat edo 2. taulako atal bat artxibo bat baino gehiagotan zatituta aurkeztu behar izaten denean, 000 artxiboaren lehen orrialdean edo lehenengoetako batean, dokumentu edo atal horretan jasota dagoen informazio aipagarriaren aurkibide osoa joan behar du. Aurkibideak dokumentuaren edo atalaren epigrafeak jasoko ditu (epigrafearen deskribapen-izenburuarekin), eta artxiboaren izena eta epigrafe bakoitzaren hasierako orrialdearen zenbakia dagokion .pdf artxiboan.

Kontuan izan behar da IKS-eem sisteman txertatzen diren dokumentuak programa informatiko baten bidez erabiliko direla, eta ez direla inprimatzekoak; horregatik, aurkibidean agertzen den orrialde-zenbakiak bat etorri behar du haren irakurketa-programan orrialde horretara iristeko erabili behar den «Joan orrialdera» aginduan ipini behar denarekin.

7.5.– Ingurumen-inpaktuaren azterlaneko kartografia-plano guztiak, eta azterlanean sortzen diren tamaina handiko gainerako plano, figura eta irudi guztiak, IKS-eem sisteman txertatu beharko dira «Ingurumen-inpaktuaren azterlana. Planoak eta irudiak pdf formatuan» atalean. Plano, figura eta irudiak artxibo bat edo gehiagotan jaso beharko dira 2. taulan atal horretarako azaldu den eran kodifikatuta. Horrek esan nahi du plano, figura edo irudi horietan jasotzen den informazioari dagokion erreferentzia egin beharko zaiola ingurumen-inpaktuaren azterlanean atal horri dagokion memorian.

7.6.– Dokumentu kartografikoak pdf formatuan aurkeztu beharko dira, eta dokumentu horiek geoerreferentziatuta egongo dira UTM30N ETRS89 erreferentzia-sistema erabiliz. Era berean, dagokion proiekturako bereziki sortu diren .shp geruzak aurkeztu beharko dira, eta ez dago jada GeoEuskadi sisteman integratuta dauden .shp geruzak aurkeztu beharrik. Shp geruzak daramatzaten artxiboak «Ingurumen-inpaktuaren azterlana. Planoak eta irudiak shp formatuan» atalean sartuko dira sisteman.

7.7.– Isilpeko datuei dagokienez, haiei buruzko artxiboak IKS-eem sisteman «Isilpeko datuak» izena daraman atalean txertatuko dira, eta haien izena honako kodifikazio-era honetan egin beharko da (ikus 1. taula):

a) Lehen hiru zenbakiek 056 izan behar dute.

b) Ondorengo hiru zenbakiak, dagokien dokumentu motarenak izan behar dute; esate baterako, proiektuaren dokumentu teknikoa bada 206 izango da, eta 207 ingurumen-inpaktuko azterlanekoa bada.

c) Ingurumen-inpaktuaren azterlanaren osagaietakoa bada artxiboa, bi zenbaki gehigarri erantsi beharko zaizkio, 2. taulan dagokion atalaren arabera.

d) Azken hiru zenbakiak, dokumentu edo atal horretan bertan espedienteari atxikitako azken artxibo ez-isilpekoarekin korrelatiboa den zenbakiarenak izan behar dute. Behar bezainbeste zenbaki korrelatibo erabiliko dira artxiboek 30 MB baino gehiagokoak izanez gero.

e) Artxibo-izenaren osagai ezberdinen zenbakiak gidoi ertain batez bereizita joan behar dute.

Isilpeko artxibo baten izenaren adibidea, honako inguruabar hauek dituela suposatuz:

– Ingurumen-inpaktuko babes-neurriei buruzko informazioa.

– 207-05-003 da «Ingurumen-inpaktuaren azterlana. Prebenitzeko, zuzentzeko eta konpentsatzeko neurriak» atalean sartutako azken fitxategiaren izena.

– Isilpekotasuna duten bi artxibo gehigarri sartu nahi dira.

Adibide horretan, isilpeko bi artxibo horien izena izango da, hurrenez hurren: 056-207-05-004 eta 056-207-05-005.

Ahalegina egin behar da isilpeko artxiboak bere sortako azkenak izateko; hala, arestian azaldu dugun adibidean, ez litzateke artxibo gehigarririk sartu behar 207-05-006 izenarekin eta ondorengoekin «Ingurumen-inpaktuaren azterlana. Prebenitzeko, zuzentzeko eta konpentsatzeko neurriak» atalean. Isilpeko artxiboak «Hautazko dokumentuak» fitxan txertatu behar dira.

Isilpeko informazioa behar bezainbeste identifikatuta eta bereizita egon behar da gainerako informaziotik. Beraz, 1. taulako «Isilpeko datuak» atalean ez dauden edo 056 zenbakiaz hasten ez diren artxiboetan ez datorren informazioa ezingo da isilpekotzat hartu.

7.8.– Informazio jakin bat aurkezten denean 1. taulako dokumenturen baten edo 2. taulako ataletako baten zuzenketa edo aldaketa moduan, IKS-eem sistemara ekarri beharko da informazio eraberritu hori jasotzen duen artxibo osoa, eta horrek ordeztuko du aurretiaz izen berarekin dagoena. Aurreko informazioren bat osatzen edo zuzentzen duen informazioak egoera horren berri eman beharko du hasieran. Artxibo berrian jasotzen den informazioaren eta eskabidean barnebilduta dauden gainerako dokumentu eta ataletan datorren informazioaren artean behar den koherentzia gorde beharko du sustatzaileak. Eskaera bat zuzentzeko aipatutako jarraibideak betetzen ez badira, izapide gehigarri bat eskatu ahal izango da, kontraesanezko edo inkongruenteak izan daitezkeen alderdiak argitzeko, horrek prozeduraren ebazpenean dakarren atzerapenarekin.

8.– Organo sustatzaileak datuak igortzean datu pertsonalak babesteari buruzko arautegia betetzen dela bermatu beharko du beti.

ESTEKAK

IKS-eem sistema:

http://www.ingurumena.ejgv.euskadi.eus/r49-orokorra/eu/contenidos/informacion/ikseem/eu_ikseem/index.shtml

Datuen fitxa:

http://www.euskadi.eus/contenidos/informacion/tramitacion_eae/eu_def/adjuntos/2017-05-09%20EAEO-eus.pdf


Azterketa dokumentala