Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

81. zk., 2019ko maiatzaren 2a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
2062

AGINDUA, 2019ko martxoaren 4koa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez onartzen baita Colegio de Educadoras y Educadores Sociales del País Vasco / Gizarte Hezitzaileen Euskadiko Elkargoaren estatutuen aldaketa.

Ikusi eta aztertu da Gizarte Hezitzaileen Euskadiko Elkargoaren estatutuen aldaketa onartzeko egindako eskabidearen espedientea.

AURREKARIAK

Lehenengoa.– Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailean Gizarte Hezitzaileen Euskadiko Elkargoaren estatuak aldatzeko eskabidea sartu zen, eta espedientea tramitatu ondoren, nahitaezko txostenak eskatu ziren.

Bigarrena.– Enplegu eta Gizarte Politikak Sailaren eta Lehiaren Euskal Agintaritzaren txostenak jaso ondoren, 2018ko abuztuaren 16ko idazki baten bidez, Gobernantza Publiko eta Autogobernu sailak elkargoari eskatu zion estatutuen aldaketa agindu bidez onartzeko ikusi ziren akatsak konpontzeko. 2018ko azaroaren 7an, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailean elkargoak igorritako agiriak sartu ziren.

Hirugarrena.– Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko Zerbitzu Teknikoek aztertu dute espedientea, eta, ondoren, ebazpen-proposamena egin dute. Hona hemen horretarako kontuan hartu dituzten

OINARRI JURIDIKOAK

Lehenengoa.– Abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoaren Estatutuak 10.22 artikuluan ezartzen duenez, Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa du lanbide-elkargoen arloan eta lanbide tituludunen jardueran, hargatik eragotzi gabe Konstituzioaren 36. eta 139. artikuluetan xedatutakoa.

Bigarrena.– Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari dagokio espediente hau agindu bidez ebaztea. Hala ezarrita dago Herri Administrazio eta Justizia Sailaren (gaur egun, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila) egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen Lehendakariaren apirilaren 9ko 188/2014 Dekretuaren 10. artikuluan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren lehenengo xedapen gehigarrian eta lehenengo xedapen iragankorrean xedatuarekin lotuta.

Hirugarrena.– Tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 33. artikuluan eta Profesionalen elkargo eta kontseiluei eta tituludun lanbideen erregistroaren araudiari buruzko otsailaren 3ko 21/2004 Dekretuaren 35.5, 6 eta 7, 38.eta 39. artikuluan xedatuta dagoena betetzen da.

Aztertu dira manu horiek eta orokorrean aplikatu beharreko gainerako arauak; horrenbestez, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– GHEE-Gizarte Hezitzaileen Euskadiko Elkargoaren estatutuen aldaketa onartzea.

Bigarrena.– Elkargo horren estatutuen aldaketa argitaratzeko eta estatutuak agindu honen eranskinean jartzeko agintzea.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak. Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa jar dakioke Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke EAEko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko martxoaren 4a.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.

GIZARTE-HEZITZAILEEN EUSKADIKO ELKARGOAREN ESTATUTUAK
I. TITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Deitura eta izaera.

GHEE-Gizarte Hezitzaileen Euskadiko Elkargoa zuzenbide publikoko korporazioa da, izaera juridiko propioa du, bai eta bere xedeak betetzeko eta bere eginkizunak egikaritzeko gaitasun osoa ere.

2. artikulua.– Lurralde-eremua.

Elkargoaren eragineko lurralde-eremua Euskal Autonomia Erkidegoa da.

3. artikulua.– Egoitzaren helbidea.

Luzarra kalea 14-16, 4, 2. dptu. 48014 Bilbao.

Gobernu Batzordeak elkargoaren helbidea aldatu ahal izango du, behar izanez gero, eta elkargokideak aldaketa horren jakinaren gainean jarriko ditu gehienez ere 10 eguneko epean.

4. artikulua.– Oinarrizko abiaburuak.

Elkargoaren barne egituraren eta funtzionamenduaren oinarrizko printzipio dira elkargokideen arteko berdintasuna, bertako gobernu-organoen hautaketa demokratikoa, erabakiak gehiengo soilez hartzea, eta elkargokideek jarduteko askatasuna izatea, legeak errespetatuz.

5. artikulua.– Erregimen juridikoa.

1.– Elkargoa arautzen dutenak honakoak dira: estatutu hauek, Eusko Legebiltzarraren azaroaren 21eko 18/1997 Legea –tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzkoa–, eta Europar Erkidegoko, Estatuko eta Euskal Autonomia Erkidegoko legeria, elkargoaren jardunean eragina izan dezakeenean.

2.– Elkargoa kudeatzeko, gardentasunaren legezko printzipiora lotuko da, gainera, elkargorako web orria edukiko du, administrazio elektroniko segurua garatuko du eta leihatila bakarreko plataforma bat ezarriko du.

6. artikulua.– Elkargoak Euskal Autonomia Erkidegoko Gobernuarekin eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundiekin duen harremana.

Korporazio eta erakundeekin loturiko kontu guztietan, elkargoak horretarako lanbide elkargoen erregimen juridikoari buruzko eskumena duen Sailak ezarritako organoaren bitartez izango ditu harremanak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoarekin eta Gizarte Politikako Sailarekin, edo honen parekoarekin, lanbide edukiarekin lotutako kontuetan.

Era berean, elkargoak harremanak eduki ahalko ditu, bere eskumenen barruan, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundiekin eta udal erakunde eta hauen mendeko erakundeekin ere.

7. artikulua.– Elkargoaren eta beste erakunde profesional eta publiko batzuen arteko harremana.

1.– GHEE-Gizarte Hezitzaileen Euskadiko Elkargoak estatu mailako harremanak Gizarte Hezitzaileen Elkargo Ofizialeen Kontseilu Nagusiarekin izango ditu, legeria agindutakoarekin bat etorrita.

2.– GHEE-Gizarte Hezitzaileen Euskadiko Elkargoa Euskal Autonomia Erkidegoan gizarte-hezitzaileen elkargo bakarra den aldetik, lurralde eremu honetatik kanpoko beste elkargo edo elkarte profesional batzuekin elkarrekikotasun eta elkarlanerako akordioak ezarri ahal izango ditu.

3.– GHEE-Gizarte Hezitzaileen Euskadiko Elkargoak unean-unean egoki irizten dituen harremanak ezarri ahal izango ditu, indarrean dagoen legeriari jarraituz, atzerriko eta nazioarteko erakunde profesionalekin.

4.– Komeni denean, elkargoak, dagozkion ahalmen markoen barruan, Estatuko Administrazioarekin eta estatuz gaindiko erakundeekin ere izan ahalko ditu harremanak.

5.– Komeni denean, elkargoak, dagozkion ahalmen markoen barruan, unibertsitatearekin, hirugarren sektoreko erakundeekin, sindikatuekin eta gizarte esku-hartzearekin lotutako beste lanbide elkargo batzuekin ere izan ahalko ditu harremanak.

II. TITULUA
HELBURUAK ETA EGINKIZUNAK

8. artikulua.– Helburua.

Elkargoaren helburua hau da:

Euskal Autonomia Erkidegoan kidetutakoak ordezkatzea eta lanbidea eta euren interes orokorra defendatzea, bereziki edozein eremutako administrazio publikoekiko harremanetan.

9. artikulua.– Eginkizunak.

Elkargoaren eginkizunak hauek dira:

a) Lanbidearen jarduna forma eta modalitate guztietan arautzea, legeak ezarritako markoan, bai eta lanbidearen jarduna zaintzea ere.

b) Lanbidearen jardunerako baldintzak arautzeko garaian, botere publikoei aholku ematea.

c) Etika profesionala eta herritarren eskubide eta interesei zor zaien errespetua zaintzea.

d) Diziplina-eskumena egikaritzea lanbide eta elkargoari buruzko gaietan.

e) Administrazioaren kontsulta-organoetan parte hartzea, hark hala eskatzen duenean, lanbidearen inguruko gaiei dagokienean.

f) Lanbidea ordezkatu eta defendatzea, korporaziora borondatez atxikitako profesionalekin bat eginez, Administrazio publikoaren, erakundeen, epaitegien eta lanbidearekin loturiko auzietan legez parte har dezaketen gainerako pertsona publiko edo pribatuen aurrean.

g) Lanbidea bere osotasunean eta alderdi guztietatik gauzatzeko estatuko edo nazioarteko elkargoz gaindiko erakundeetan sartzea.

h) Eskatzeko eskubidea erabiltzea, legearekin bat eginez, eta lanbidea defendatzeko bidezko irizten dituen lege-erreformak proposatzea.

i) Elkargoan kidetutakoen intereseko diren lanbide- eta zerbitzu-jarduerak, kulturalak, laguntzakoak, aurreikustekoak eta antzekoak antolatzea.

j) Lanbide-heziketa sustatu eta garatzea eta kidetuen trebatze zientifikoa, teknikoa eta humanistikoa sendotzea.

k) Hainbat lanbide-tipologia elkargoaren eraginetarako definitu eta erregulatzea, eta dagozkion arauak ezartzea, aurretiaz eskumena duten unibertsitate edo prestakuntza-erakundeei jakinarazita eta beroriekin elkartuta.

l) Lanbidean intrusismoa ekiditeko hartu beharreko neurriak hartu eta, hala badagokio, lege-egintzak egikaritzea.

m) Gobernu Batzordearen bidea hartuta, bitartekari-lana betetzea eta arbitraje-prozedura erabiltzea, elkargokideen artean lanbide-kontuak direla-eta sortutako auzietan.

n) Lanbideko ordainsariei loturiko gaiak eztabaidatzen direnean, prozedura judizialetan edo administrazio-prozeduretan txostenak eta irizpenak igortzea.

o) Lanbidearen jardunerako baldintza orokorren gainean Eusko Jaurlaritzak prestatzen dituen arau guztien berri ematea.

p) Administrazioak eskatuta edo elkargoak bere ekimenez ezarritako eginkizunak egikaritzea, besteak beste: ikerketak egitea, txostenak igortzea edo estatistika-lanak burutzea.

q) Lege orokor eta bereziak, barne-estatutuak eta araudiak, edo elkargoko organoek euren eskumeneko arloetan hartutako erabaki eta arauak betetzea eta elkargokideei betearaztea.

r) Borondatez atxikitako profesionalei lanbidea egikaritzeko gaitasuna egiaztatzean laguntzea, hala eskatzen duten erakunde publiko eta pribatuen aurrean eta, bereziki, lanbide heziketa jarraitua sustatzea eta honen eragingarritasuna zaintzea.

s) Lanbidearen inguruko arau deontologikoak jaso eta lantzea.

t) Elkargokideek lanbide-ardurak bete ditzaten sustatzea.

u) Elkargokideen lanbide-interesak defendatzea.

v) Lanbide-jarduna herritarren behar eta interesei egokitu dakien lan egitea eta kontsumitzaile eta erabiltzaileek aurkeztutako kexa edo erreklamazioei erantzuteko zerbitzua ematea. Kexa edo erreklamazioei erantzuna emateko zerbitzuak kexa edo erreklamazioak bide elektronikotik eta urrunetik egin daitezkeela aurreikusita izan beharko du.

w) Gizarte-heziketa gizarte- nahiz lanbide-mailan merezi duen aitorpena sustatzea, Euskal Herrian nahiz hemendik at.

x) Legezko xedapenek agindutako eginkizunak edo elkargokideen interesen onerako eta elkargoaren helburuak betetzera bideratutako eginkizun guztiak.

III. TITULUA
ELKARGOKIDE EGITEA
I. KAPITULUA
ELKARGOKIDE IZAERA HARTZEA, UKATZEA ETA GALTZEA

10. artikulua.– Elkargoan sartzea.

1.– Euskal Herriko Gizarte Hezitzaileen Elkargoan berdintasunez sartu ahalko dira, abuztuaren 30eko 1420/1991 Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat eginez, Gizarte Hezkuntzan lortutako Unibertsitate Diploma duten profesionalak, edo organo eskudunak homologatutako beste edozein titulu dutenak, eta bigarren xedapen iragankorrean jasotako balizkoetako batean daudenak ere bai, aurretiaz dagokion gaitzea eginda, bai eta 1393/2007 EDarekin eta hau aldarazten duen 861/2010 EDarekin bat eginez, Gradu titulazioa dutenak ere.

2.– Europar Batasuneko kide diren estatuetako edo Estatuko Gizarte Heziketako profesionalen jardunean edo elkargotzean Erkidegoko Zuzenbidean kualifikazioak aitortzeari buruz indarrean dagoen araudian ezartzen denari begiratuko zaio, eta Europar Batasunean sartzen ez diren herrialdeetako profesionalei dagokienez, aldebiko edo nazioarteko hitzarmenetan –baldin baleude– ezartzen dena beteko da.

11. artikulua.– Elkargotzeko baldintzak eta prozesua.

1.– Elkargokide izateko baldintzak, egiaztatze akademikoa edo lanbidekoari dagokionez, GHEE-Gizarte Hezitzaileen Euskadiko Elkargoa sortzeko Euskal Lege Biltzarraren Legearen bidez arautuko dira. Elkargotzeko eskatzen diren baldintzen artean dago ez administratiboki ez penalki gaitua izateko lege-debeku baten pean ez egotea.

2.– Prozesua eta administrazio baldintzak honako hauek izango dira:

a) Elkargoratzeko idatzizko eskaria formatu ofizialean.

b) Elkargotzeko betekizunak betetzen direla egiaztatzen duten dokumentuak aurkeztea.

c) Elkargotze-kuota ordaintzea.

12. artikulua.– Ohorezko kideak.

Gobernu Batzordeak elkargoko ohorezko kide izendatu ahal izango ditu, meritu zientifiko, tekniko edo lanbidekoei esker, gizarte-heziketaren edo gizarte-hezitzaileen lanbidearen garapenaren alde lan egin duten pertsonak, horiek duten titulazioa dena delakoa izanda ere. Izendapenak ohorezko izaera baino ez du izango; hala ere izendatutakoek elkargoaren bizitzan eta arauek ezartzen dituzten elkargoaren zerbitzuetan parte hartu ahal izango dute.

13. artikulua.– Elkargoratzeko erabakia.

1.– Gobernu Batzordeak elkargoratze-eskabidea eta aurkeztutako dokumentazioa berrikusiko du eta, luzeen jota, eskabidea aurkeztu denetik –edo, kasua bada, interesatuak beharrezko dokumentuak aurkezten dituenetik edo eskarian zeuden akatsak zuzentzen direnetik– hiru hileko epean emango du behin betiko erabakia, indarrean dagoen Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearekin bat eginez.

2.– Elkargoko Administrazioak, Gobernu Batzordeak ezarritako irizpideei jarraituz, elkargotze-eskabidea behin-behinean erabakiko du, eskaria aurkezten denetik, luzeen jota, hiru hilabeteko epean.

14. artikulua.– Elkargoratzea ukatzea.

1.– Elkargokide egiteko eskabidea kasu hauetan ukatuko da:

a) Sarrera-eskabidearekin batera aurkeztutako dokumentazioa nahikoa ez bada, edo benetakotasunari buruzko zalantzak badaude, edo eskatzaileak elkargoratzeko gezurrezko datuak edo dokumentuak erabili baditu.

b) Eskatzailea lanbidea egikaritzeko ezgaitze-epai irmoa badu.

c) Eskatzailea lanbide-ezgaitzeko epai bat betetzen ari bada.

2.– Elkargoratzeko ukatze-erabakia interesatuari jakinaraziko zaio behar den bezala arrazoituta, eta interesatuak erabaki horren aurka egin ahal izango du, hilabeteko epean, Gobernu Batzordeari birjarpenezko errekurtsoa aurkeztuta. Behin betiko ukatze-erabakiaren aurka, interesatuak administrazioarekiko auzietako jurisdikziora jo ahal izango du.

15. artikulua.– Elkargokide-izaera galtzea.

Elkargokide-izaera honako arrazoi hauengatik galduko da:

a) Norberak eskatuta, Gobernu Batzordeari zuzendutako idazkiaren bidez.

b) Elkargo-kuotak edo elkargoko gobernu-organoek ezarritako bestelako ekarpenak sei hilabetean edo luzeagoan ordaindu ez izanagatik. Espediente-laburpen bat instruitzea beharrezkoa izango da, eta bertan kaltetuari idatziz eskatuko zaio hiru hilabeteko epean zorpekoak ordaintzeko. Epe hori agortu eta eskatutakoa beteko ez balitz baja emateko erabakia hartuko da, eta interesatuari berariaz jakinaraziko zaio.

c) Legez ezgaituta egoteagatik.

d) Heriotzagatik.

15 artikulua bis.– Elkargokide-izaera etenda geratzea.

Kuotak eta elkargoko gobernu organoek ezarritako beste ekarpen batzuk ordaintzen ez diren bitartean elkargokide izaera eten egingo da eta, ondorioz, ezingo da gainerako elkargokideentzat ezarritako sozietate-onurez gozatu.

16. artikulua.– Elkargoan berriro sartzea.

1.– Elkargoan berriro sartzeko, lehenengo aldiz sartzeko bete beharreko baldintza berak bete beharko dira, eta eskatzaileak egiaztatu egin beharko du –beharrezkoa bada– zigorra edo zehapena bete duela, bajarako zioa hori izan bada.

2.– Bajaren zioa kuotak edo ekarpenak ez ordaintzea izan bada, edo baja eskatu baldin badu, eskatzaileak elkargoko organoek balioz ezarritako birsartze-kuota ordaindu beharko du.

II. KAPITULUA
ELKARGOKIDEEN ESKUBIDEAK ETA BETEBEHARRAK

17. artikulua.– Elkargokideen eskubideak.

Elkargokideen eskubideak hauek dira:

a) Gizarte-hezitzailearen lanbidean jardun ahal izatea.

b) Elkargoaren laguntza, aholkua eta defentsa jasotzea, honek dituen baliabideen laguntzaz, eta arauz ezarritako baldintzetan, lanbidean jardutearekin loturiko kontu guztietan.

c) Elkargoaren zerbitzuak eta bitartekoak erabiltzea ezarritako baldintzen barruan.

d) Elkargoaren esparruan deitutako hauteskundeetan hautatzea eta hautatua izatea.

e) Elkargoaren bizitzan parte hartzea, batzar nagusietara eta batzordeetara edo beste lan-talde batzuen bilkuretara joatea, norberaren lanbide-espezialitatearen arabera.

f) Arauz hartutako baldintzetan, batzordeen eta lan- taldeetan partaide izatea.

g) Finkatutako baldintzekin bat etorrita sortzen diren aurreikuspen-erakundeetan partaide izatea.

h) Gobernu Batzordeari iradokizunak, eskabideak eta kexak idatziz aurkeztea.

i) Elkargoaren jardunari buruzko eta lanbidearen intereseko informazioa jasotzea.

j) Datu pertsonalak babestearen inguruan indarrean dagoen legeriak aitortutako eskubideez gozatzea.

18. artikulua.– Elkargokideen betebeharrak.

Elkargokideen betebeharrak hauek dira:

a) Lanbidean ardura etikoz jardutea, estatutuetan, kode deontologikoan eta eman daitezkeen beste aginduetan ezarritako arauak errespetatuz.

b) Elkargoaren arauak betetzea, bai eta elkargoko gobernu-organoek hartutako erabakiak ere.

c) Elkargoari hogeita hamar eguneko epean egoitza edo helbidearen aldaketak jakinaraztea.

d) Ezarritako kuotak eta ekarpenak garaiz ordaintzea.

e) Elkargoaren bizitzan parte hartzea, batzar nagusietara eta batzordeetara edo beste lan-talde batzuen bilkuretara joatea, norberaren lanbide-espezialitatearen arabera.

f) Elkargokideak hautatua izan den kargurako arduraz jardutea, eta elkargoko gobernu-organoek eska diezazkioketen egitekoak betetzea.

g) Beste elkargokide batzuen korporazio- edo lanbide-eskubideei kalterik ez egitea.

h) Gobernu Batzordeari laguntza ematea eta, bereziki, elkargoarekin loturiko kontuetan laguntzea edo informazioa ematea, Gizarte Hezitzailearen Kode Deontologikoak babesten duen lanbideko sekretua urratu gabe.

i) Zuzenean edo zeharka bezeroak erakartzeko publizitatea ez erabiltzea, gai honetan indarrean dagoen legediaren arabera lehiaketa desleiala izan badaiteke.

III. KAPITULUA
LANBIDEAREN JARDUNA ARAUTZEN DUTE OINARRIZKO ABIABURUAK

19. artikulua.– Oinarrizko abiaburuak.

Gizarte-hezitzailearen oinarrizko abiaburuak gizartean eta heziketan esku-hartzean profesional gisa modu eraginkorrean jokatzera bideratu egingo dira; eta pertsona, talde eta kolektiboak dinamizatzean espezializatzera ere bai, pertsona, gizarte eta kultura mailako garapen prozesuei ekin ahal izateko.

20. artikulua.– Jardun profesional.

1.– Gizarte-hezitzailearen lanbidea liberala da. Hala ere, lanbide hori lan-harreman gisa egikaritu ahal da, edozein enpresa publiko edo pribaturekin, bai eta funtzionario-izaerako harreman baten bidez ere.

2.– Dena delarik ere, lanbide-egintza elkargoak onetsitako arau deontologikoei lotu beharko zaie.

21. artikulua.– Lehiaketa desleiala.

1.– Gizarte-hezitzaileak saihestu egin beharko du gain honetan indarrean dagoen lege araudiaren kontra dagoen lehiaketa desleial oro. Beti ere, debekatuta egongo da engainuzko propaganda, ezarritako araudiaren kontrakoa denean.

2.– Gizarte-hezitzaileak ahalegina egingo du, erabilera zientifikoekin bat eginez, bere jakinduria lanbide- komunitateari helarazteko.

22. artikulua.– Txostenak egitea.

Lan profesionalak direla-eta, dokumentuak, txostenak, aginduak, diagnostikoak eta antzekoak egin behar dira, profesionalak sinatu behar ditu, eta bertan elkargokide-zenbakia adieraziko du. Halaber, agiri horien edukiaren eta egokieraren ardura elkargokidearena izango da.

IV. TITULUA
GOBERNU ORGANOAK

23. artikulua.– Elkargo organoak.

Elkargoak honako organoak izango ditu:

a) Gobernu Batzordea izeneko gobernu-organo bat.

b) Batzar Nagusia, osoko bilkurako organo gisa.

c) Presidentea, aurreko organoen goreneko ordezkaritza izango duena.

I. KAPITULUA
BATZAR NAGUSIA

24. artikulua.– Batzar Nagusia.

1.– Batzar Nagusia elkargoaren organo burujabea da, eta, horren ondorioz, hartzen dituen erabakiak bete beharko dituzte elkargokide guztiek, bai eta bertaratzen ez direnek, disidenteek eta absentistek ere.

2.– Batzar Nagusiaren bileretan elkargokide guztiek har dezakete parte eskubide guztien jabe direla egiaztatu ondoren.

25. artikulua.– Batzar motak.

1.– Ohikoak eta ezohikoak izan daitezke batzarrak.

2.– Ohiko batzar orokorrak urtean behin egingo dira, urteko lehenengo hiruhilekoan. Ohiko batzarrean jasoko dira aurreko ekitaldiaren aurrekontuaren likidazioa, aurreko urteko jardueraren memoria, kudea- keta-proiektua eta unean uneko ekitaldiaren aurrekontua.

3.– Ezohiko Batzar Nagusia bilduko da ondorengoek eskatuz gero:

a) Gobernu Batzordeak edo/eta Batzorde Iraunkorrak.

b) Gutxienez, elkargokideen % 20k eskatzen badu. Horrelakoetan batzarrerako deia, gehienez, 45 eguneko epean egingo da.

Aztergaien zerrendan agertzen diren puntuen gainean baino ezingo dira erabakiak hartu. Aztergaien zerrenda hori Gobernu Batzordeak edo batzarrerako deia egin duten elkargokideek, hala badagokio, egingo dute.

26. artikulua.– Deialdiak.

Batzar Nagusirako bilkurak idatziz jakinaraziko zaizkie elkargokideei banakako jakinarazpenez, gutxienez 15 egun lehenago, eta bertan eguna, ordua, lekua eta aztergaien zerrenda zehaztu behar dira.

27. artikulua.– Batzar Nagusiaren bilkurak.

1.– Batzar Nagusiaren bilkuretako buru elkargoko presidentea izango da, eta elkargoko idazkaria batzarraren idazkari izango da. Presidenteak zuzenduko ditu mahai-inguruak hitza eman edo eten ahalko du eta elkargokideen hitzaldien luzera edo irismena egokia ez denean zuzenketa eskatu ahalko du, esaterako, eztabaida gaira lotzen ez direnean edo Presidentearen autoritateari, beste elkargokide bati Gobernu Batzordeari edo Asanbladari errespetu eza erakusten duenean, eta lokaletik kaleratu ahalko du, baldin-eta bi ohartarazpen eginda jarrera aldatuko ez balu. Asanbladak irauten duen bitartean, ezingo da irudia edo hitza erreproduzitzeko ikus-entzunezko mediorik erabili; baina Idazkariak erabili ahalko du, akta eratzeko zorroztasun handiagoa lortze aldera.

2.– Elkargokide bat beste batek baino ezin du ordezkatu Batzar Nagusian, Gobernu Batzordeari igorritako idatzi baten bidez; idatzi horretan, argi adierazita egongo da ordezkapena utzi zaion elkargokidearen izena, eta zein batzar nagusitarako utzi zaion ordezkapena, data ere adieraziz. Dokumentu hori bi elkargokideek sinatuko dute, eta bertan zehaztutako batzar nagusirako baino ez da baliozkoa izango.

3.– Elkargokide bakoitzak gehienez ere bost ordezkapen hartu ahal izango ditu bere gain, eta berorien botoak.

4.– Batzar Nagusiaren eraketa baliozkoa izango da lehenengo deialdian elkargokideen gehiengo osoak parte hartzen badu, bertaratuta edo ordezkarien bidez. Bigarren deialdian, ordu erdi geroago egingo dena, eraketa baliozkoa izango da bertaratutako edo ordezkapenezko elkargokideen kopurua edozein delarik ere.

5.– Aztergaien zerrendan ageri diren gaiei buruz baino ezin izango dituzte erabakiak hartu.

6.– Bozketak bi motatakoak izango dira: izenduna edo sekretua. Bozketa sekretua izango da, batzarrean dagoen elkargokide batek hala eskatzen duenean.

7.– Erabakiak bertaratutakoen eta horiek ordezkatzen dituztenen botoen gehiengo soilez hartuko dira. Hala ere, bertaratutakoen hiru laurdenen gehiengoa eskatuko da honakoak bozkatu eta onesteko:

a) Indarreko aurrekontuan aurreikusita ez dauden prestazio ekonomikoak.

b) Gobernu-batzordearen aurkako zentzura-botoa.

c) Estatutu hauen aldaketa.

28. artikulua.– Batzar Nagusiaren Akta Liburua.

Batzar Nagusiaren bilkuretan akta bat egingo da, eta horretarako prestatutako liburu batean jasota geratuko da, presidenteak eta idazkariak sinatuta. Batzaren akta, hurreneko bilkuran irakurri eta onetsiko da.

29. artikulua.– Batzar Nagusiaren eskumenak.

Batzar Nagusiaren eginkizunak eta eskumenak hauek dira:

a) Gobernu Batzordea aukeratzea.

b) Gobernu Batzordeak aurkeztutako urteko jardueren memoria onartzea.

c) Gobernu Batzordeak aurkeztutako ekitaldiko balantzea eta emaitzen kontua onestea.

d) Gobernu Batzordeak aurkeztutako urteko aurre- kontuak eta kudeaketa- proiektua onestea.

e) Barne-araudia onestea.

f) Kode deontologikoa onestea.

g) Estatuen aldaketa onestea; horretarako, Ezohiko Batzar Nagusira bertaratutako elkargokideen botoen gutxienez hiru laurdeneko gehiengoak hartutako erabakia beharko da.

h) Sarrera-kuotak, ohikoak eta ezohikoak, zenbatekoak diren eta nola ordaindu behar diren zehaztea.

i) Gobernu Batzordeak bere esku uzten dituen gaien inguruan erabakiak hartzea.

j) Elkargoa fusionatzeko, xurgatzeko, banatzeko, izena aldatzeko edo desegiteko proposamenak onestea. Horietarako guztietarako beharrezkoa izango da batzarrera bertaratutakoen erdiek gehi batek onartzea.

k) Gobernu Batzordearen edo bertako kideen kudeaketa zentzaraztea.

l) Elkargoko gobernu-organoen titularrak kargutik kentzea zentsura-botoaren bidez. Zentsura eragingarria izan dadin Batzar Nagusira bertaratutakoen bi hereneko gehiengoa eskatuko da.

II. KAPITULUA
GOBERNU BATZORDEA PRESIDENTEA ETA ELKARGOKO GAINERAKO KARGUAK

30. artikulua.– Osaera.

1.– Gobernu Batzordea ondokoek osatzen dute:

a) Presidentea, elkargoko organo gisa.

b) Presidenteordea.

c) Idazkaria.

d) Diruzaintza eta

e) Bi bokal, gutxienez.

2.– Gobernu Batzordearen barruan, ahal bada, hiru lurralde historikoetako ordezkari bana egongo da.

31. artikulua.– Eginkizunak.

Gobernu Batzordeari dagozkio elkargoaren zuzendaritza eta administrazioa, bai eta Batzar Nagusiak hartutako erabakiak egikaritzea ere. Gobernu Batzordearen eskumenak ondokoak dira:

a) Batzar Nagusiaren erabakiak, estatutuak eta elkargoari eragiten dion indarreko legeria bete eta betearaztea.

b) Elkargoratzeko eskaeren gainean erabakiak hartzea.

c) Elkargoratzeko kuoten zenbatekoa, aldizkakoak ez direnak eta derramak zehaztea.

d) Elkargoaren ondasunak administratzea, bai eta elkargokideek ordaindu beharreko kuota mota guztien diru-bilketa egitea ere.

e) Elkargoaren interesen defentsarako hartu beharreko neurriak hartzea.

f) Diziplina-zehapenak jartzea, aurretik dagokion espedientea instruituta.

g) Elkargoaren eginkizunak hobeto betetzearren beharrezko diren lan-batzordeak sortu edo berregituratzea, eta berauek desegitea horretarako ziorik egonez gero.

h) Elkargokideen eginkizun eta lanbide-eskumenak betetzen direla zaintzea.

i) Ohiko eta ezohiko batzarrak egiteko egunak zehaztea.

j) Batzar Nagusiari unean uneko ekitaldiaren memoria eta balantzea aurkeztea, eta hurrengo ekitaldiko kudeaketa-plana eta aurrekontu ekonomikoa.

k) Elkargoak batzarren artean egiten duen bidea antolatu, zuzendu eta kudeatzea.

l) Eta hemen adierazita ez badago ere, estatutu hauetatik erator daitekeen beste edozein eginkizun.

32. artikulua.– Karguen iraupena.

1.– Karguek lau urte iraungo dute, eta berriro ere aukeratuak izan daitezke. Gobernu Batzordeko kideren batek dena delakoagatik kargua uzten badu, batzordeak berak izendatuko du ordezko bat, behin-behinean kargua betetzeko; horrek karguan iraungo du lehenengo arauzko hautatzea egiaztatzen denera arte.

2.– Gobernu Batzordearen kideen erdiek baino gehiagok utziko balute beren kargua, hilabeteko epean hauteskundeetarako deia egingo da.

33. artikulua.– Bilkura.

1.– Gobernu Batzordeak, bere eginkizunak betetze- ko, gutxienez lau bilkura egingo ditu –hiru hilean behin –, eta horietarako deia presidenteak egingo du. Ohiz kanpo, behar beste bilduko dira kideak, presidenteak deituta edo batzordeko kide batek eskatuta.

2.– Zitazioak banakakoak izango dira eta zortzi egun lehenago bidaliko dira. Premiazko kasuan, ahoz egin.

3.– Erabakiak baliozkoak izan daitezen, beharrezko izango da lehenengo deialdian gutxienez eratzaileen erdiak gehi bat egotea. Eta, bigarrenean, ordu erdi geroago, presidentea edo presidenteordea, eta idazkaria edo diruzaina nahikoak izango dira.

4.– Emandako botoen gehiengo soilez hartuko dira erabakiak. Berdinketa egonez gero, presidentearen kalitatezko botoak erabakiko du; edo, hori ez balego, presidenteordeak, edo, hori ez balego, kide zaharrenak.

5.– Bozketak isilekoak izango dira, Gobernu Batzordeko edozein kidek hala eskatzen badu.

6.– Kide guztiek dute bertaratzeko betebeharra. Kideren bat, zuriketarik egin gabe, hiru batzar jarraituetan edo sei batzar ez-jarraituetan agertuko ez balitz, kargua utzi duela ulertuko da. Ez bertaratzeko arrazoia idatziz egin beharko da zortzi eguneko epean, batzarra egin denetik zenbatzen hasita.

7.– Gobernu Batzordeak bere karguetako bati gaitzespena adierazi ahalko dio. Eskariak –bilerako aztergaien zerrendan jasota egongo denak- argi adierazi beharko du zertan oinarritzen den, eta gaitzespen mozioak aurrera egiteko, bertaratuen erdiak onetsi beharko dute. Berdinketa egongo balitz, Presidentetzako kalitatezko botoak erabakiko du. Gaitzespen mozioak aurrera eginez gero, gaitzetsitako pertsona bakarreko karguak bertan behera geratuko dira une horretan bertan, eta elkargoko interesen ondorengo kudeaketa orori utziko dio bere agintaldian. Batzordearen esku jarri beharko du berak dituen material, erreminta edo elkargoaren bestelako objektuak. Kargutik kentze hori Eusko Jaurlaritzari jakinaraziko zaio ohiko bideetatik, dagozkion ondorioak izan ditzan.

34. artikulua.– Gobernu Batzorde Iraunkorra.

1.– Gobernu Batzorde Iraunkorra Gobernu Batzordeko bi kidek eta presidenteak osatuko dute.

2.– Gobernu Batzordeak berariaz eskuordetutako ahalmen guztiak egikarituko ditu Gobernu Batzorde Iraunkorrak, eta gehiengo soilez hartuko ditu erabakiak.

35. artikulua.– Gobernu Batzordearen presidentearen betekizunen gainean.

Presidentea elkargoko pertsona bakarreko organoa da, eta honako eskumen hauek ditu:

1.– Elkargoaren legezko ordezkaritza esparru publiko nahiz pribatuetan, eta judiziokoetan nahiz judizioz kanpokoetan.

2.– Gobernu Batzordeko eta Batzar Nagusiko buru izatea.

3.– Gobernu Batzorderako deia egitea eta honi eskatzea Batzar Nagusirako deia egin dezan, kasuan-kasuko aztergaien zerrenda eginez.

4.– Hauteskunde mahaiko presidente, bokal eta idazkari-karguak zozketatzea, estatutuen 47. artikuluan xedatutakoarekin bat eginez.

5.– Bere sinadura erabiliz elkargoaren dokumentu guztiak baimentzea.

6.– Elkargoaren bankuko kontuak zabaltzeko baimena ematea, diruzainarekin batera, eta honek proposatutakoari jarraikiz, fondoen mugimendua baimentzea.

7.– Diruzainarekin batera, edonolako finantza eta gordailuak eratu edo ezereztatzea.

8.– Elkargoaren garapenak eskatzen dituen edonolako botere, dokumentu eta notario-aktak egilestea.

36. artikulua.– Presidenteordearen betekizunak.

Presidenteordeari dagokio presidentea ordeztea honek berariaz eskuordetzen dizkion eginkizunetan. Gainera, presidentea ez dagoenean, gaixo dagoenean, edo kargua hutsik denean ere ordezkatuko du; presidentearen dimisioa egon denean, presidenteordeak ordezkatuko du Gobernu Batzordeak onartzen badu, eta hurrengo Batzar Nagusira arte izango da karguan.

37. artikulua.– Idazkariaren betekizunak.

Idazkariaren betekizunak hauek dira:

a) Liburu ofizialez arduratzea.

b) Akta-liburuak idatzi eta sinatzea presidenteak oniritzia eman ondoren.

c) Urteko memoria idaztea.

d) Elkargoko administrazio-zerbitzuen funtzionamendua gainbegiratzea.

e) Elkargokideak eta dagozkien espediente pertsonalak erregistratzeaz arduratuko da.

f) Egiaztagiriak egitea presidenteak oniritzia eman ondoren.

g) Elkargoaren material inbentariagarria erregistratzea.

38. artikulua.– Diruzainaren betekizunak.

Diruzainaren betekizunak hauek dira:

a) Elkargoaren fondoak biltzea, administratzea eta zaintzea.

b) Presidenteak edo/eta Gobernu Batzordeak agindutako ordainketak egitea, eta horretarako elkargoaren fondoen mugimendurako dokumentuak sinatzea.

c) Elkargoaren kontabilitatea egitea.

d) Batzar Nagusian aurkeztu beharreko aurrekontuen proiektua prestatzea.

e) Urtero diruzaintzaren kontu orokorra aurkeztea eta zenbaketak eta egoeraren balantzeak egitea presidenteak edo Gobernu Batzordeak eskatzen dion bestetan.

39. artikulua.– Bokalen betekizunak.

1.– Bokalek Gobernu Batzordearen lanean lagunduko dute, bilkuretara joan eta eztabaidetan parte hartuko dute, eta elkargoan eratzen diren lan-batzordeak gain- begiratuko dituzte.

2.– Gobernu Batzordeak izendatu ahalko ditu bokalak, 32. artikuluak eta honekin bat datozenek adierazitako legezko iraupenean, idazkariordearen kargurako. Idazkariordetzari dagokio Idazkaritzaren ordez jardutea berariaz honek eskualdatzen dizkion zeregin guztietan; izendapen hori hurrengo Batzar Nagusian onetsia izan beharko du. Bestalde, idazkaria ez-bertaratu izanagatik, gaixotasunagatik edo kargua hutsik dagoelako, ordezkari lana beteko du, beti ere hau Gobernu Batzordeak onartu badu eta hurrengo Batzar Nagusira arte.

III. KAPITULUA
LURRALDE ORDEZKARIA

40. artikulua.– Lurralde-ordezkaria.

Gobernu Batzordearen erabakiz, GHEE-Gizarte Hezitzaileen Euskadiko Elkargoaren lurralde-eremuan ordezkari bat izendatu ahalko da.

Lurralde-ordezkariak Gobernu Batzordeak eskuordetutako ahalmenak ditu. Ahalmen horiek idatziz eskuordetuko dira, murriztuz interpretatuko dira eta berariaz erabakiko da ordezkariak gehienez zenbateko dirutza konprometitu ahal duen indibidualki egintzako eta aurrekontu ekitaldiko. Lurralde-ordezkaria bere lurralde-eremuko elkargokideen lana eta bilkuren koordinatzailea izango da, elkargoaren intereseko zerbitzuak emango ditu, mugapeari dagozkion kontuak aztertuko ditu, eta Gobernu Batzordeari informazioa eta aholkua emango dio.

41. artikulua.– Izendapena.

Elkargoaren Gobernu Batzordeak izendatuko du lurralde-ordezkaria jardun profesionalagatik lurralde historikora atxikitako elkargokideen artetik.

42. artikulua.– Gobernu Batzordearen eragin-lurraldea.

Elkargoaren egoitzaren eraginpeko lurraldearen kasuan, presidenteak 40. artikuluan zehaztutako eginkizun guztiak hartu ahal izango ditu bere gain.

IV. KAPITULUA
LAN BATZORDEAK

43. artikulua.– Lan-batzordeak sortzea.

1.– Gobernu Batzordearen ekimenez, eta denboran egonkortutako beharrizanei erantzun eta helburuak lortze aldera, egoki iritziko diren lan-batzordeak sor daitezke.

2.– Gobernu Batzordearen kide batek gainbegiratu- ko ditu lan-batzordeak.

3.– Gobernu Batzordeen ekimenez, denboran egonkorrak ez diren beharrizan eta helburuei erantzuteko xedez, egoki iritzitako lan-taldeak sor daitezke.

4.– Lan Batzorde eta Taldeen helburu eta funtzionamendu araudiak Gobernu Batzordeak onetsi beharko ditu.

V. KAPITULUA
GOBERNU BATZORDERAKO HAUTESKUNDEAK

44. artikulua.– Hautagai eta hautatua izateko baldintzak.

Elkargokide guztiek, urtebete kidetuta egonez gero, eskubidea dute Gobernu Batzordearen kideen izendapenean hautesle aritzeko, eta hautatuak izateko ere bai, beti ere elkargoaren betekizunak beteta badituzte, edo zehapen baten eraginpean ez badaude, edo orokorrean elkargo-jarduera etenda ez badute, eta eskubideak mugatuta ez badituzte.

45. artikulua.– Deialdia.

1.– Lau urtean behin, Gobernu Batzordeak ohiko hauteskundeetarako deia egingo du Gobernu Batzordeko kargu guztiak betetzeko. Hala ere, estatutu hauetako 36. artikuluak esandakoari ere begiratuko zaio.

2.– Deialdia hauteskundeak egin baino bi hilabete lehenago, gutxienez, egingo da. Deialdiak baliozko hautesleen hauteskunde-errolda finkatuko du, eta hauteskundeetarako egutegia eta bozketa-prozedura, botoen kontaketa, eta aldarrikapenak zehaztuko ditu, bai eta beharrezko izango diren baliabideak ere.

46. artikulua.– Hautagai-zerrendak.

1.– Hautagai-zerrendak osatu egin beharko dira eta deialdia egin osteko hogeita hamar egunetan aurkeztuko dira Gobernu Batzordeari igorritako idatzian; idatzi hori elkargokideen ehuneko hiruk abalatuko dute euren sinadurarekin.

Hautagai bakoitza zein kargutara aurkezten den adierazi beharko da hautagai-zerrenda osatzerakoan. Elkargokideak ezingo dira aurkeztu leku edo zerrenda batera baino gehiagora.

2.– Gobernu Batzordeak hauteskunde-egunaren aurreko hogeita bost egunetan aurkeztutako baliozko hauteskunde-zerrendak aldarrikatuko ditu, jakinarazpen publikoa egin eta elkargokide guztiei pertsonalik jakinarazita. Gobernu Batzordeak, elkargoak dituen baliabideen arabera, hautagai guztien propaganda ahalbidetuko du, berdintasunean.

3.– Hautagaien aldarrikapenaren aurka edozein elkargokidek aurkeztu ahal izango du erreklamazioa Gobernu Batzordean, hiru eguneko epean, eta horren gaineko erabakia Gobernu Batzorde Iraunkorrak hartuko du hurrengo hiru egunetan.

4.– Zerrenda bakarra egonez gero, berretsi egin beharko da horretarako jarritako eguneko bozketaren bidez.

47. artikulua.– Hauteskunde-mahaiak.

1.– Hauteskunde-mahaia presidente batek, bi bokalek eta idazkari batek osatuko dute; horiek eta dagozkien ordezkoak elkargoko presidenteak zuzendutako zozketan izendatuko dira hautesleen artean.

2.– Zozketaz izendatutako pertsonak bertaratzen ez badira, hauteskunde-mahaia elkargokide zaharrenak eta gazteenak eratuko dute, presidente eta idazkari gisa, hurrenez hurren.

3.– Egoki iritziz gero, hauteskunde-mahaiak egoitza bat baino gehiago aukera dezake, edo ibiltaria izan daiteke.

4.– Hautagaiak ezin dira hauteskunde-mahaiaren partaide izan.

5.– Hautagai-zerrenda bakoitzak kontu-hartzaile bat aukera dezake.

48. artikulua.– Bozketa-sistema.

Botoa emateko orduan, mahaikideen aurrean identifikatu egingo dira, eta prezintaturiko hautestontzi batean sartuko dute botoa. Mahaiko idazkariak zerrenda batean jasoko du botoa eman duten elkargokideen izena.

49. artikulua.– Bestelako bozketa-sistemak.

Era berean, elkargokideek ohiko posta erabiliz eman dezakete botoa, bai eta beste bidalketa-modalitate batzuen bidez ere, Erkidegoan indarrean dagoen legeriari jarraituta.

50. artikulua.– Zenbaketa eta hauteskunde-aktak.

1.– Behin bozketa bukatuta, mahaiak egiaztatu egingo du postaz eta bestela bidalitako botoak ez direla pertsonalki botoa eman dutenenak. Ondoren, gutunazalak zabaldu egingo dira, boto-txartelak hautestontzietan sartu eta zenbaketa hasiko da, jendaurrean.

2.– Mahaiko idazkariak hauteskunde-akta egingo du eta bertako gorabeherena. Akta hori mahaikide guztiek sinatu beharko dute, bai eta, egonez gero, kontu-hartzaileek ere. Azken hauek erreklamazioak egiteko aukera izango dute, eta Gobernu Batzordeari jakinarazi.

51. artikulua.– Zenbaketa-sistema.

1.– Hautagai-zerrenda bakoitzari boto bat emango zaio hautestontzian sartutako baliozko boto-paper bakoitzeko.

2.– Baliogabetzat hartuko dira boto-paper apurtuak, zuzenduak edo aldatuak.

52. artikulua.– Hautagai-zerrenda hautatua zein izan den jakinaraztea.

Boto gehien lortu dituen hautagai-zerrenda izango da garaile aldarrikatua. Hala ere, hori ez da eragozpen izango estatutu hauen 46.4 artikuluan ezarritakoa betetzeko.

53. artikulua.– Erreklamazioak ebaztea.

1.– Gobernu Batzordeak, 72 orduko epean, kontu-hartzaileen erreklamazioen eta hauteskunde-mahaiaren aktan jasotako bestelako gorabeheren gaineko behin betiko ebazpena emango du, eta aukeratuak izan diren hautagaien aldarrikapena egingo du.

2.– Hautatutako batzorde berriaren eraketa jakinaraziko zaio Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailari, edo gai honetan ahalmena duen sailari, bai eta elkargokide guztiei ere.

3.– Aldarrikapena egin eta gehienez hilabeteko epean hartuko ditu karguak bere gain Gobernu Batzorde berriak.

54. artikulua.– Errekurtsoak.

Hauteskundeen arloan Gobernu Batzordeak hartutako erabakien aurka, edozein elkargokidek erabili ahal izango du estatutu hauen 73., 74., 75. eta 76. artikuluetan ezarritako errekurtso-sistema.

V. TITULUA
EKONOMIA ETA FINANTZA ARAUBIDEA

55. artikulua.– Ahalmen juridikoa.

Elkargoak gaitasun juridikoa osoa du ekonomiaren eta ondarearen alorretan jarduteko eta, horrela, bere helburuak bete ahal izateko.

56. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Elkargoak ohiko baliabide ekonomikoak eta ezohikoak izango ditu eskura.

2.– Honako hauek izango dira elkargoaren ohiko baliabideak:

a) Elkargokide egiteko ordaindu beharreko kuotak.

b) Elkargokideek ordaindu beharreko ohiko kuotak.

c) Batzar Nagusiak onartzen dituen ezohiko kuotak.

d) Argitalpen, zerbitzu, arbitraje, irizpen, edo elkargokideen eskumenetan sartzen ez diren txostenetatik eratorritako diru-sarrerak, bai eta elkargoaren zerbitzuen funtzionamenduaren ondorioz sortzen diren beste kopuru batzuk ere.

e) Ondasun edo eskubide propioen etekinak.

3.– Honako hauek izango dira ezohiko baliabideak:

a) Jatorri publiko edo pribatuko dirulaguntzak edo dohaintzak.

b) Jaraunspen bidez edo bestela elkargoaren ondarekoak izatera pasatzen diren ondasunak.

c) Legezko den horrelako beste edozein.

4.– Elkargoak unean-unean indarrean dauden kontabilitateari buruzko arauekin bat eginez, arduraz eramango du kontabilitatea, eta, nahitaez, kontuen auditoria egingo zaio, aurrekontuen ekitaldi bakoitzeko, edo, bestela, urtean behin. Horretaz aparte, zentsatutako elkargokide guztizkoaren % 15k edo gehiagok kontuen auditoretza egiteko eska dezakete Batzar Nagusian arauz erabakitako baldintzetan.

57. artikulua.– Ondarea.

Elkargoaren ondarea bakarra da.

58. artikulua.– Elkargoaren aurrekontua.

Aurrekontua urtero egingo da, urte naturalka, eragingarritasun eta ekonomia printzipioen arabera, eta elkargoaren diru-sarrera eta gastuen guztizkoa adieraziko da bertan. Era berean urtero ekitaldiaren balantzea egingo da.

59. artikulua.– Elkargoko kuotak.

Elkargoaren Batzar Nagusiak, Gobernu Batzordeak proposatuta, sarrera-kuotak, ohikoak eta ezohikoak, zenbatekoak diren finkatuko du, bai eta ordaintzeko modua ere.

60. artikulua.– Elkargoa desegitea.

Tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legean ezarritako zioren bat dela-eta elkargoa desegiten bada, Gobernu Batzordeak likidazio-batzorde gisa jardungo du, eta dauden ondasun eta eskubideen norakoa erabakiko du, beti ere irabazi asmorik gabeko lanbide-erakunde edo elkarteren baterako bada, eta aurretik Batzar Nagusiak erabaki badu.

VI. TITULUA
DIZIPLINA-ARAUBIDEA

61. artikulua.– Diziplinazko erantzukizuna.

1.– Erantzukizun zibil edo penaletan erorita ere, elkargokideak lotuta daude diziplinazko erantzukizunera estatutu hauetan eta aplika daitezkeen legezko arauetan adierazitako moduan.

2.– Elkargoaren diziplina-zehapenak adierazita egongo dira beti zehapenari loturiko elkargokidearen espedientean.

3.– GHEE-Gizarte Hezitzaileen Euskadiko Elkargoak diziplina-ahalmena du elkargokideak zigortzeko hauek lanbide-jardunean burutzen dituzten egintza edo ez-egiteengatik, bai eta lepora dakiekeen beste egintzaren batengatik ere, baldin-eta lanbidearen izen onaren kontrakoak badira, edo elkargokideen ohoreari kalte egiten badiote, edo korporazio-organoen errespetuaren aurka egiten badute, edo, orokorrean, lanbidearen betekizunak edo jokabide-arau etikoak ez-betetzeagatik, hauek lanbidea kaltetzen badute.

4.– Elkargoak, Gobernu Batzordearen bitartez, edo kasurako ezarritako batzorde eskuordetuaren bitartez, Elkargoen Kontseilu Nagusiari, egongo balitz –eta ez balego, Espainiar Estatuko gizarte hezitzaileen gainerako elkargoei– jakinaraziko dio zenbat zigor eta birgaitze izan diren sei hilean behin, elkargoratze bakarraren eraginetarako.

62. artikulua.– Eskumenak.

1.– GHEE-Gizarte Hezitzaileen Euskadiko Elkargoak diziplina-ahalmena egikarituko du Gobernu Batzordearen bitartez eta, kasua bada, Gobernu Batzorde Iraunkorraren bitartez. Diziplina-egintza Gobernu Batzordeko kideren baten aurkakoa bada, azken honek ezingo du parte hartu berari dagozkion eztabaida eta bozketetan.

2.– Zigor edo zehapenak beti erabakiko ditu Gobernu Batzordeak, eta kasua bada, Gobernu Batzorde Iraunkorrak, aurretik espediente bati hasiera emanda; espediente horretan, entzunaldirako tramitea eman beharko dio kulpatuari, frogak ekartzeko aukera eta defendatzekoa, bere burua defendatuz, edo ordezkaria edo abokatua erabilita.

3.– Espedientea tramitatzeko eta ebazpen-proposamenerako, Gobernu Batzordeak zuzenean instruktore bat izendatuko du, edo horretarako modu iraunkorrean jarduteko eskuordetutako organo batek, bestela. Espediente zehatzailearen instruktorea, inola ere, ez da organo erabakitzailearen parte izango, ez eta entzule gisa ere.

4.– Huts-egite arinak baino ez ditu zigortuko Gobernu Batzordeak, eta kasua bada, Gobernu Batzorde Iraunkorrak, espediente laburtuan eta aurretik kulpatuari entzunaldia eskainita.

5.– Espedientearen azken ebazpen zehatzailea beti arrazoitua egongo da eta interesatuari jakinarazita.

6.– Zehapenak jartzearen aurka, kaltetuek estatutu hauetako 73. artikuluan eta hurrengoetan araututako errekurtso-sistema erabili ahal izango dute.

7.– Erabaki zehatzaileak berehala izango dira egikaritzekoak administrazio-bidea agortzen duen ebazpen edo egintzatik aurrera.

63. artikulua.– Diziplina-prozedura.

1.– Diziplina-prozedurari ofizioz, salaketa baten edo jakinarazpen baten ondorioz, edo lanbidea egikaritzeko ezgaitze judizial irmo baten ondorioz ekingo zaio. Ez dira salaketatzat hartuko izenik gabeko idatzi edo jakinarazpenak.

2.– Diziplina-espediente bati hasiera eman aurretik, aurretiko diligentzia informatzaileak instruitzeko erabakia har daiteke. Aurretiko diligentzia informatzaile horiek diziplina-espediente izatera iristen direnean, horren hasiera-data, espedientearen hasiera data izango da.

3.– Diziplina-espediente bat artxibatzeko erabakia arrazoitu egin beharko da.

4.– Gobernu Batzordeak diziplina-espedienteen tramitazioaren prozedura erregulatzeko araubide bat onetsi ahal izango du.

5.– Besterik ezean, administrazio-prozeduraren arauak izango dira aplikatzekoak.

64. artikulua.– Falten sailkapena.

Faltak arinak, astunak eta oso astunak izan daitezke.

65. artikulua.– Falta arinak.

Falta arinak honako hauek dira:

a) Lankideenganako bidegabekeriak, larriak ez badira.

b) Lanbide-publizitateari buruzko arauak ez betetzea.

c) Elkargoak eskatutako txosten edo beste dokumentu batzuk ez ematea.

d) Elkargoak lanbide-dokumentazioaren gainean ezarritako arauak ez betetzea.

e) Lanbide-jarduera erregulatzen duen beste edozein agindu ez betetzea, beti ere falta astuna edo oso astuna ez bada, eta hala ezarrita baldin badator Estatuko Hezitzaileen Elkargoen Kontseilu Nagusiak onetsitako estatutuetan, arau honen 66. artikuluko j) idatzi-zatian eta 67. artikuluko g) idatz-zatian adierazita bezala.

66. artikulua.– Falta astunak.

Falta astunak honako hauek dira:

a) Lankideenganako bidegabekeria astuna, edo horien aurkako eraso fisikoa.

b) Lanbidearen izen onaren, moralaren edo duintasunaren aurkako egintza edo ez-egiteak. Pertsonen duintasunaren eta euren oinarrizko eskubide eta askatasunaren aurka egitea, lanbidea egikaritzeko orduan.

c) Datu objektibo eta fidagarriei lotzen ez zaizkien txostenak edo egiaztagiriak egitea, baldin eta eskaera egin dutenentzat kalte larria ekartzen badute, edo lanbide-jarduna kaltetzen badute.

d) Lankideentzat lehiaketa desleiala diren egintzak, hirugarren bat kaltetzen badute.

e) Asegurua izateko betebeharra ez betetzea.

f) Estatutuen edo elkargoko organoek hartutako erabakien ez-betetze larria, beti ere falta-maila handiagokoa ez denean, bereziki legez derrigortutako lanbide-egikaritze kasuetan.

g) Estatutuak edo elkargoko organoek hartutako erabakien ez-betetze larria, beti ere falta-maila handiagokoa ez denean, egintza horiek elkargoko organoen funtzionamendu normala oztopatu edo aztoratzen dutenean.

h) Lanbide-arloan kulpa-delitu edo zigor-falta izan daitekeen edozein jokabide, lanbide-egikaritzea eskatu dutenentzat edo horretara lotuta daudenentzat kalte larria bada.

i) Gutxienez bost arau-hauste arin egitea bi urteko epean.

j) Estatuko Hezitzaileen Elkargoen Kontseilu Nagusiak onetsitako estatutu-xedapenetan halakotzat hartzen direnak, aurreko falten artean, gaitzat hartutako lanbidearenak diren ezaugarriei dagozkienak, bertako elkargokideei dagokienez.

67. artikulua.– Falta oso astunak.

Falta oso astunak honako hauek dira:

a) Lanbidean jardutea legez gaitutako titulua izan gabe.

b) Lanbidean aritzea, lanbidean jarduteko ezgaituta egonda edo ezgaitasun- edo debeku-kausaren bat izanda.

c) Lanbideko sekretua urratzea.

d) Lanbidean doluzko delitua izan daitekeen edozein jokabide, parte-hartze maila dena delakoa izanda ere.

e) Lanbide-intrusismoa sustatzea eta, bereziki, jakina duen edozein intrusismo-egintzaren berri izanda, hura jakinarazteko beharra ez betetzea.

f) Bi urteko epean, gutxienez, bi arau-hauste astun egitea. Idatz-zati honetan ezarritakoa ez zaio aplikatuko aurreko paragrafoko i) letran adierazitako arau-hausteari.

g) Estatuko Hezitzaileen Elkargoen Kontseilu Nagusiak onetsitako estatutu-xedapenetan halakotzat hartzen direnak, aurreko falten artean, gaitzat hartutako lanbidearenak diren ezaugarriei dagozkienak, bertako elkargokideei dagokienez.

68. artikulua.– Zehapenak ezartzea.

1.– Honako zehapen hauek ezar daitezke:

Falta arinengatik:

a) Ahozko ohartarazpena.

b) Idatzizko ohartarazpena.

c) 300,51 eurotik beherako isuna.

Falta astunengatik:

a) Lanbidean aritzeko ezgaitasuna elkargokide gisa, hiru hilabeteko epea baino laburragoan.

b) 300,52 euro eta 3.005,06 euro bitarteko isuna.

Falta oso astunengatik:

a) Lanbidean jarduteko ezgaitasuna elkargokide gisa, urtebete eta bost urte bitartean.

b) 3.005,07 euro eta 30.050,61 euro bitarteko isuna.

2.– Isunen norakoa azaroaren 21eko 18/1997 Legeak –tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseilukoei buruzkoa– xedatutakoari egokituko zaio.

69. artikulua.– Falta oso astunengatiko zehapen-erabakiak hartzea.

1.– GHEE-Gizarte Hezitzaileen Euskadiko Elkargoaren lanbidean jarduteko ezgaitasunerako erabakia Gobernu Batzordeak hartuko du, eta, kasua bada, Gobernu Batzorde Iraunkorrak, bozketa sekretu bidez eta bertako kideen bi herenen botoarekin.

2.– Kideren bat, justifikaziorik gabe, bilkura horretara ez bertaratzeak Gobernu Batzordeko kide izateari uztea ekarriko du.

3.– Lanbide-ezgaitasunaren kasuan, zigorraren berri emango zaie zehatutakoaren jarduketa-esparruko organismo, erakunde edo enpresei.

70. artikulua.– Faltak eta zehapenak preskribatzea.

1.– Oso astunak diren faltek preskribitu egingo dute hiru urtera, astunek bi urtera eta arinek urtebetera.

2.– Preskripzio epea falta burutu den egunean hasiko da kontatzen.

3.– Interesatuaren jakinaren gainean, zehapen-prozedurari ekiten zaionean, preskripzioa eten egingo da, eta preskripzio epeari berriro helduko zaio baldin eta zehapen espedientea, ustezko arau hausleari egotzi ezin zaizkion kausengatik, sei hilabete edo gehiagoz geldirik egongo balitz.

4.– Oso falta astunengatik jarritako zigorrek hiru urtera preskribituko dute; astunek bi urtera eta falta arinengatik jarritakoek urtebetera. Hala ere, hiru urte edo gehiagoko iraupeneko lanbide-ezgaitze zigorretan, preskripzio epeak zehapen aldiaren iraupena izango du.

5.– Zehapenen preskripzio epea zehapena jartzeko erabili den ebazpena indarrean jartzen den egunaren biharamunetik hasiko da kontatzen.

6.– Preskripzioa eten egingo da baldin eta, interesatua jakinaren gainean egonda, betearazpen prozedurari ekiten bazaio, eta epea berriro igaroko da baldin-eta prozedura hori, falta-egileari egotzi ezin zaizkion kausengatik, sei hilabete edo gehiagoz geldirik baldin badago.

71. artikulua.– Birgaitzea.

1.– Zigortutakoek, aurretik buruturiko faltak eragindako kalteak guztiz konpondutakoan, birgaitze- ko eskabidea egin dezakete. Horren ondorioz, euren espediente pertsonaletik oharra ezabatu egingo litzateke ondoren adierazitako epeetan, zehapena betetzen denetik kontatzen hasita.

a) Sei hilabete falta arina bada.

b) Bi urte falta astuna bada.

c) Hiru urte falta oso astuna bada.

d) Bost urte faltak urtebetetik gorako desgaitzea ekarri badu.

2.– Birgaitzea Gobernu Batzordeari eskatu behar zaio, eta beronek ebatziko du.

VII. TITULUA
ARAUBIDE JURIDIKOA

72. artikulua.– Elkargoko organoen erabakien baliozkotasuna.

1.– Elkargoko organoen egintza guztiak urriaren 1eko 39/2015 Legearen informazio-printzipioei lotuta daude, hots, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen printzipioei, haien betekizun, baliozkotasun eta eraginari dagokienean.

2.– Era berean, elkargoko organoen balizko egintzen araubide juridikoa urriaren 1eko 39/2015 Legeak, hots, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoak, eta indarrean dagoen gainerako legeriak zuzenduko du.

73. artikulua.– Elkargoko organoen erabakiak.

1.– Elkargoko organoek hartutako erabakiak berehala exekutatuko dira, organoak berak, arrazoituta, kontrakoa ezartzen ez badu, behintzat.

2.– Errekurtsoak jartzeak ez du etengo aurka egindako egintzaren eragingarritasuna; baina erabakia hartu behar duen organoak ofizioz eten dezake, edo aldeetako batek eskatuta, baldin eta horren egikaritzeak konpontzen zailak edo konponezinak diren kalteak sortuko lituzkeela irizten badio, edo aurka egitearen oinarrian aipatutako Prozedura Erkidearen Legean aipatzen diren zuzenbide osoko deuseztasuneko kausaren bat baldin badago.

74. artikulua.– Elkargoaren egintzen aurkako errekurtsoak.

1.– Elkargoaren organoen egintzak eta erabakiak administrazio-zuzenbideari lotuta daudenean, errekurritu daitezke horien aurka gora jotzeko errekurtsoa edo berraztertzeko errekurtsoa jarrita, hurrengo artikuluan eta indarrean dagoen Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121.etik 126.era bitarteko artikuluetan eta berauei lotutakoetan ezarritako moduan.

2.– Errekurtso horien ebazpenen aurka, eta administrazio-bideari amaiera ematen dioten elkargoko organoen egintza eta erabakiei, administrazio-zuzenbideari lotutakoei, errekurtsoa jar dakieke administrazioarekiko auzietako jurisdikzioan, horren inguruko lege arauemaileak agindutakoari jarraituz.

3.– Elkargoaren egintzak eta ebazpenak, estatutuen arabera emandako eskumenen barruan, administrazio-zuzenbideari lotuta daudenak eta administrazio-bidea agortzen dutenak ondorengoak dira:

a) Gora jotzeko errekurtsoen ebazpenak.

b) Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112 artikuluan zehaztutako inpugnatze-prozeduren ebazpenak.

c) Mailaz goragokorik ez duten elkargoko organoen ebazpenek, legeren batean aurkakorik ezartzen ez bada behintzat.

d) Elkargoaren organoen gainerako ebazpenek, lege edo erregelamenduetako xedapenen batek aginduz gero.

e) Prozedura amaitzekoak diren akordio, itun, hitzarmen edo kontratuek.

75. artikulua.– Errekurtsoak aurkezteko epea.

1.– Aurreko artikuluan aipatutako errekurtsoak hilabeteko epean jarri beharko dira jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita egintzak adieraziak badira. Egintzak presuntziozkoak badira, epea hiru hilabetekoa izango da, eta epearen zenbaketa hasiko da Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak ezarritako moduan. Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezteko epeari dagokionez, jurisdikzio hori arautzen duen legeak ezarritakoari jarraituko zaio.

2.– Errekurtsoen ebazpena ziotua izan beharko da, interesatuari edo honen ordezkoei jakinarazia, eta argitaratua, elkargoko organoek egoki irizten badiote.

3.– Gora jotzeko errekurtsoa jarri zenetik hiru hilabete igarota ebazpenik eman ez bada, errekurtsoa ezetsitzat joko da, 39/2015 Legearen 24. artikuluaren lehen zenbakiaren hirugarren paragrafoan adierazitako kasuan izan ezik.

Berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu bada, ezetsitzat joko da aurkeztu zenetik hilabetea igarota ebazpenik eman ez bada.

76. artikulua.– Aparteko errekurtsoak.

Berrikusteko errekurtso berezia administrazio-zuzenbideari lotutako elkargoko organoen egintzen aurka jarri ahal izango da, 39/2015 Legearen eta unean-unean indarrean dagoen legeriaren aginduei jarraituz.

VIII. TITULUA
ESTATUTUAK ERABERRITZEA

77. artikulua.– Aldatzeko proposamena.

Estatutu hauek aldatu egin daitezke. Aldatze-prozesuari ekiteko, Gobernu Batzordeak aldatze-proposamena aurkeztuko dio Batzar Nagusiari, edo idatziz, elkargokideen % 20k, gutxienez, eskatuta; eta proposamen horretan, berrikustekoak diren artikulua edo artikuluak zein diren zehaztuko da, bai eta horiekin lortu asmo den testu berria ere.

78. artikulua.– Aldatze-proposamenen inguruko eztabaida eta bozketa.

1.– Proposatutako aldaketak elkargokideei jakinaraziko zaizkie, jaso eta hamabost eguneko epean zuzenketak aurkez ditzaten.

2.– Epe hori igarota, aldatze-proposamenari zuzenketak jarri ala ez, Ezohiko Batzar Nagusirako deia egingo da, eta deialdiarekin batera elkargokide guztiei igorriko zaizkie aldarazpen-proposamena eta aurkeztutako zuzenketak.

3.– Aldatze-proposamenak edo, hala badagokio, testuari jarritako zuzenketek, aurrera egin dezaten, Ezohiko Batzar Nagusira bertaratutako elkargokideen botoen, gutxienez, hiru laurdeneko gehiengoz hartutako erabakia beharko da.

79. artikulua.– Kontseiluari eta Administrazioari jakinaraztea.

Estatutuen aldaketaren berri emango zaio –baldin eta erakunde hori sortuta badago– Gizarte Hezitzaile Elkargoen Estatuko Kontseilu Orokorrari eta Eusko Jaurlaritzako sail eskudunari, beronek onartzeko, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratua eta dagokion erregistroan inskribatua izan dadila agintzeko.


Azterketa dokumentala