81. zk., 2019ko maiatzaren 2a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (532 KB - 44 orri.)
- EPUB (1313 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
AGINTARIAK ETA LANGILERIA
Oposaketak eta lehiaketak
HEZKUNTZA SAILA
2061
AGINDUA, 2019ko apirilaren 12koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez argitara ematen baita sailburu berberaren 2019ko martxoaren 1eko Aginduaren bitartez deitutako Euskal Autonomia Erkidegoko maisu-maistren kidegoan sartzeko hautaketa-prozeduran jardungo duten epaimahaien eta batzorde barematzaileen osaketa.
Hezkuntzako sailburuaren 2019ko martxoaren 1eko Aginduaren bitartez (EHAA, 2019ko martxoaren 7koa), Euskal Autonomia Erkidegoko maisu-maistren eta Musikako eta Arte Eszenikoetako irakasleen kidegoetan sartzeko eta hizkuntza-eskola ofizialetako irakasleen kidegoan sartzeko eta horra iristeko hautaketa-prozesuetarako deialdiak egin ziren. Agindu horren 5.1 oinarriak ezartzen du hautaketa-prozesuetako parte-hartzaileak hautatzeko, hautaketa-organoak izendatuko direla. Horiek izendatuko dira Hezkuntzako sailburuaren agindu bidez, aipatutako 2019ko martxoaren 1eko Aginduaren 5.2.2 eta 5.4 oinarrien arabera.
Aipatutako 5.2.2 oinarriaren arabera Hezkuntzako sailburuak izendatuko du zuzenean epaimahaiburua. Beste lau epaimahaikideak izendatzeko, berriz, zozketa egingo da oinarri horretan aipatzen diren funtzionarioen artean. Salbuespen gisa, titularren kopuru txikiagatik zozketa egiterik ez dagoen espezialitateetan, titular funtzionarioak izendatuko ditu zuzenean Hezkuntzako sailburuak. Epaimahaietan borondatez parte-hartzeko aurkeztutako eskabideak kontuan izan dira, 5.2.3 oinarrian ezarritako baldintzen arabera.
Batzorde barematzaileei dagokienez, batzordeburua hezkuntzako ikuskari bat izango da eta Hezkuntzako sailburuak izendatuko du. Batzordekideak izendatzeko, berriz, zozketa egingo da, kidegoko eta dauden batzordearen espezialitateko edo espezialitateetako jarduneko karrerako funtzionarioen artean.
2019ko apirilaren 11n epaimahaien eta batzorde barematzaileetako kideak izendatzeko zozketa egin zen, betiere espezialitate printzipioari jarraituz eta, posible izan denean, aintzat hartuta bi hautaketa-organoek zein lurralde historikotan izango duten egoitza.
Hori dela eta, hautaketa-organoen epaimahaiburuak eta epaimahaikideak izendatzeko egin beharrekoa egin ondoren, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Argitaratzea agindu honen I. eranskinean Euskal Autonomia Erkidegoko maisu-maistren kidegoan sartzeko Hezkuntzako sailburuaren 2019ko martxoaren 1eko Aginduaren bitartez deitutako hautaketa-prozeduran jardun behar duten epaimahaien osaketa.
Bigarrena.– Argitaratzea agindu honen II. eranskinean Euskal Autonomia Erkidegoko maisu-maistren kidegoan sartzeko Hezkuntzako sailburuaren 2019ko martxoaren 1eko Aginduaren bitartez deitutako hautaketa-prozeduran jardun behar duten batzorde barematzaileen osaketa.
Hirugarrena.– Epaimahaietako edo batzorde barematzaileetako kideren bat ordezkatu behar izanez gero, horren ordez eranskinetan azaltzen den hurrenkera bereko ordezkoa izendatuko da, eta hori ezinezkoa bada, hurrengo ordezkoak, agertzen diren hurrenkerari jarraituz.
Laugarrena.– Aurkeztutako eskabide kopurua dela-eta epaimahai bat baino gehiago eratu beharko bada, hautaketa-batzordeak eratuko dira dagozkion espezialitateetarako; 2019ko martxoaren 1eko Aginduaren 5.3 oinarrian ezarritakoaren arabera.
Epaimahai bakarra izendatzen den espezialitateetan, epaimahaiak hautaketa-batzorde gisa ere jardungo du, ondorio guztietarako.
Bosgarrena.– Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza espezialitateetako hautaketa-batzordeetako buruak izendatzea, horietan 10 epaimahai baino gehiago eratu behar izan badira. Izendatutako batzordeburuak agindu honen III. eranskinean agertzen dira.
Seigarrena.– Agindu honen eranskinetan azaltzen diren hautaketa-organoetako kideek ez dute prozeduran parte hartuko, eta Langileak Kudeatzeko zuzendariari horrela jakinaraziko diote frogagiriekin, baldin eta urriaren 1eko 40/2015 Legeak, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren Legeak, 23. artikuluan aurreikusten dituen gorabeheraren batean sartuta badaude, edo deialdi hau argitaratu aurreko bost urteetan kidego eta espezialitate berean sartzeko hautaprobetarako izangaiak prestatzen lanik egin izan badute.
Hamar egun naturaleko epea izango da uko egitea edo abstenitzea eskatzeko, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara eman eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.
Halaber, izangaiek hautaketa-organoetako kideak errefusa ditzakete, baldin eta urriaren 1eko 40/2015 Legeak, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarenak, 24. artikuluan aurrez ikusitako baldintzak ematen badira.
Zazpigarrena.– Agindu honen aurka berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara eman eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko aretoan, bi hilabeteko epean, aipatutako egunetik kontatzen hasita.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko apirilaren 12a.
Hezkuntzako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.