80. zk., 2019ko apirilaren 30a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (546 KB - 30 orri.)
- EPUB (531 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
HEZKUNTZA SAILA
2049
AGINDUA, 2019ko apirilaren 2koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez dirulaguntzetarako deialdia egiten baitzaie Lanbide Heziketako prestakuntza-zikloak irakasten dituzten itunpeko ikastetxe pribatuei, 2019-2020 ikasturtean irakasleak prestatzeko jarduerak egin ditzaten.
Hezkuntza Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen Dekretuak Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzari esleitzen dizkion egitekoen artean dago Lanbide-heziketako irakasleentzako etengabeko prestakuntza-planak diseinatu eta aplikatzea, eta kontuan hartuko dira eguneratzea eta espezializatzea ere.
Hori dela eta, Lanbide Heziketako Sailburuordetzak prestatu egin behar ditu Lanbide-heziketako irakasleentzako etengabeko prestakuntza-planak, eta hor, batetik, Lanbide Heziketaren funtzionamendu egokia ekarriko duten irakasle gaituak bermatzeko prestakuntza-proposamenak egin, eta, bestetik, prestakuntza errazteko bideak zabaldu behar dira, betiere jardunean diren irakasleek agertu eta aurkeztu dituzten eskaerekin bat etorriz.
Bada funtsezko tresna bat Lanbide Heziketako irakasleen prestakuntza epe ertainean planifikatzeko: ikastetxe bakoitzeko Irakasleak Prestatzeko Plana. Ikastetxeko irakasleen prestakuntza-beharretan oinarritu behar du, eta kontuan hartu behar ditu honako hauek: ikastetxearen lehentasunezko helburu eta jarduerak, ikastetxeak eskaintzen duen prestakuntza eta irakasleen ezaugarriak. Irakasleekin batera sistematizatu eta egin behar da prestakuntza-beharren detekzioa, Lanbide Heziketako irakasleak prestatzeko planak zer jarduera finkatu behar dituen jakiteko eta horiek ikastetxearen helburuen eta antolamenduaren arabera ordenatzeko eta programatzeko. Hartara, prestakuntza-jardueren lehentasunak finkatuta eta programatuta, Irakasleak Prestatzeko jardueren urteko Plangintza egingo da, eta ondorioz, finantziatzeko diren prestakuntza-jarduerak, ikastetxeko 2019-2020 Ikasturteko Plangintzaren barruan egongo dira.
Esparru horretan, 2019-2020 ikasturtean, emango zaie lehentasuna lanbide- espezializazioko programak ematearekin lotutako prestakuntza- jarduerei eta baita lanbide-orientazioarekin zerikusia duten jarduerei. Era berean, prestakuntza- eta ikaskuntza-prozesuetan elkarlaneko metodologia aktiboak aplikatzeko prestakuntza bultzatuko da, baita STEAM kultura ere, eta prozesu horietan teknologia aurreratuak erabiltzea, eta edozein espezialitatetako irakasleen artean ekintzailetzaren kultura, sortzeko gaitasuna, berrikuntza eta pentsaera konstruktiboa indartzen duten neurriak. Baita ere bultzatuko dira irakaskuntzan genero-ikuspegia sartzeko jarduerak. Horrenbestez, agindu honek deitzen dituen dirulaguntzen esparruan, bereziki hartuko dira kontuan Lanbide Heziketako irakasleek arlo horietan dituzten gaitasunak hobetzen laguntzeko jarduerak, betiere, urteko plangintzaren barruan badaude.
Horregatik guztiagatik, honako hau
EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA
DEIALDIAREN XEDEA ETA BALDINTZAK
1. artikulua.– Xedea.
Agindu honen xedea da Lanbide Heziketako erdiko edo goiko mailako prestakuntza-zikloak ematen dituzten irakasleak 2019-2020 ikasturtean itunpeko ikastetxe pribatuetan prestatzeko jarduerak egiteko dirulaguntzak lehiaketa bidez ematea arautzea.
2. artikulua.– Prestakuntza-jardueren esparru orokorra.
1.– Ikastetxe bakoitzeko Lanbide Heziketako irakasleak prestatzeko planak finkatzen dituen beharren araberakoak izango dira deialdi honen barruko prestakuntza-jarduerak, eta urteko plangintzaren barruan egongo dira. Gainera, ikastetxearen lehentasunezko helburu eta jarduerekin lotuta egongo dira.
2.– Ikastetxe bakoitzeko Zuzendaritza arduratuko da aukeratzeaz Lanbide Heziketako irakasleak prestatzeko planaren barruko zer jarduera aurkeztuko dituen ikastetxeak deialdi honen bitartez finantzatzeko.
3.– Ikastetxe bakoitzeko Lanbide Heziketako irakasleen lana hobetzen eta horiek alde profesionaletik garatzen lagunduko dute prestakuntza-jarduerek, eta ikastetxe bakoitzak 2019-2020 ikasturtean eskaintzen duen prestakuntzarekin lotuta egongo dira.
3. artikulua.– Prestakuntza-jardueretarako baldintzak.
1.– Prestakuntza-jardueretan parte hartzen dutenak irakasle izango dira diruz lagundutako ikastetxean. Era berean, baldintza hauetako bat betetzen duten ikastetxeek prestakuntza-jarduera komunak (ikastetxe-artekoak) egin ahal izango dituzte:
a) Txikiak izateagatik eta/edo aurkezten dituzten jardueren ezaugarriengatik, batera jardun behar duten ikastetxeak izatea.
b) Lurralde Historiko bereko ikastetxeak izatea, edo lanbide-arlo bereko prestakuntza-zikloak ematea.
2.– Prestakuntza-jarduerak emateko, erakunde onuradunek prestakuntzan aditu diren kanpoko pertsonak edo erakundeak kontratatu behar izango dituzte, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluan ezarritako baldintzak jarraituz.
3.– Ikastetxe bakoitzean gehienez ere zortzi prestakuntza-jarduera lagun daitezke diruz, eta eskaera berean aurkez daitezke. Kopuru horretan ez dira kontuan hartuko ikastetxe-arteko jarduerak. Jarduera berean talde-bikoiztasuna gertatuz gero, jarduera-bikoiztasuna dagoela ulertuko da.
4.– Prestakuntza-jardueretan, arau orokor gisa, gutxienez zortzi irakaslek parte hartu behar dute. Ikastetxe batean kopuru horretara iristen ez badira, ikastetxe-arteko jarduera moduan aurkeztu beharko da.
Jarduera gehienez ere lurraldeko bi ikastetxetan ezarrita dagoen prestakuntza-ziklo bati badagokio, orduan soilik aukeratu ahal izango dira zortzi irakasle baino gutxiagoko jarduerak.
5.– Prestakuntza-jarduera bakoitza gutxienez 10 ordukoa izango da, eta gehienez 35ekoa.
6.– Nahitaezkoa da prestakuntza-jarduerek dirulaguntzarik jaso ez izana deialdiaren aurreko ondo-ondoko bi ikasturteetan, ikastetxe berean eta titulu berarekin edo eduki berekin. Ez da ulertuko titulu bera dutenik urte anitzeko (gehienez ere hiru urteko) prestakuntza-jarduera bateko mailek, ondo-ondoko zenbait ikasturtetan egiten badira.
7.– Prestakuntza-jarduerek dirulaguntzarik izango badute, 24.2 puntuko irizpideari jarraikiz, parte hartzekoak diren irakasleen behin betiko zerrendetako kide-kopuruaren % 80k edo gehiagok gainditu beharko dituzte prestakuntza-jarduera horiek. Urrian aurkeztuko dira zerrendok (B1 inprimakia).
Irizpide hau ez da aplikatuko prestakuntza-jarduera gainditzen duten bertaraturikoen kopurua prestakuntza-jardueren zerrendan (A1 inprimakia) eta prestakuntza-jardueraren fitxan (A2 inprimakia) aurreikusitako bertaraturikoen kopurua bera edo handiagoa bada.
Portzentaje hori aplikatzearen ondorioz zenbaki hamartarra ateratzen bada, gorantz biribilduta lortzen den zenbaki osoa hartuko da.
4. artikulua.– Erakunde onuradunen baldintzak.
1.– Agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradun izan ahal izango dira EAEn Lanbide Heziketako erdiko edo goiko mailako prestakuntza-zikloak emateko baimen ofiziala duten itunpeko ikastetxe pribatu guztiak. Ikastetxe horiek bete behar dute baita Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. eta 14. artikuluetan xedatutakoa.
2.– Ikastetxe onuradunek egunean egon beharko dute zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekin dituztenak betetzeari dagokionez. Era bereran, dirulaguntzen itzulketagatik eratorritako betebeharrak ordainduta eduki beharko dituzte.
Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izateari buruzko betebeharra organo kudeatzaileak behar beste aldiz egiaztatuko du; horretarako ez du erakunde eskatzaileen baimenik behar izango, beti ere azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren arabera (1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena).
Nolanahi ere, erakunde eskatzaileek espresuki ukatu dezakete baimen hori, eta, hala eginez gero, ziurtagiriak aurkeztu beharko dituzte uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitako eran; errege dekretu horren bidez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen da.
3.– Ezingo dira deialdira aurkeztu laguntzak edo dirulaguntza publikoak eskuratzeko aukera galtzearekin zigortuta daudenak, edo horretarako ezgaitzen dituen lege-debekuren baten eraginpean daudenak, ez eta sexu-bazterkeriagatik zigortuta daudenak ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean xedatutakoaren arabera.
5. artikulua.– Aurrekontu-zuzkidura.
169.600 euro baliatuko dira agindu hau garatzeko.
6. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen gastuak.
1.– Soil-soilik gastu hauek lagundu ahal izango dira diruz:
– Ikastetxe eskatzailekoak izan gabe prestakuntzan aditu diren pertsonak edo erakundeak kontratatzearen ondoriozkoak.
– Prestakuntza-jardueretarako material espezifikoak erostearen ondoriozkoak.
2.– Ezingo dira diruz lagundu aurreko zenbakian sartuta ez dauden gastuak; zehazki, honako hauek:
– Ekipamenduen inbertsioa edo amortizazioa.
– Inplikatutako langileen lekualdaketak.
– Ikastetxearen funtzionamendu-gastu arrunta.
– Lokalen kudeaketa- edo alokairu-gastuak.
– Gauzatzearen ondoriozkoak diren beste batzuk: matrikulak ordaintzea, prestakuntzan aditu direnen egonaldiak...
7. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoa.
Dirulaguntza aukeratutako prestakuntza-jarduerei dagokien aurrekontuaren defizitaren % 100 ere izan ahal izango da, eta ikastetxeko gehieneko muga 32.000 euro izango da, eta emandako prestakuntza-ordu bakoitzekoa 110 euro.
8. artikulua.– Bateragarritasuna beste dirulaguntza edo laguntza batzuekin.
Agindu honetan araututako dirulaguntzak ematea bateraezina izango da erakunde publiko edo pribatuen beste edozein dirulaguntzarekin, baldin eta xede bera badute; zehazki, hobekuntza-planei, curriculumari eta oinarrizko gaitasunen garapenari zuzenean lotutako prestakuntza-proiektuak eta hezkuntza-berriztapenerako proiektuak aurkezteko Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak kudeatutako deialdiaren bidez diruz lagundutako jarduerak ezingo dira diruz lagundu.
II. KAPITULUA
ESKAERAK, AUKERAKETA ETA PROZEDURA
9. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.
1.– Interesa duten erakundeek baliabide elektronikoak erabiliz egingo dituzte eskaerak, kontsultak eta izapide guztiak.
2.– Izapidetze elektronikoa arautzen dute, batetik, otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak –Administrazio Elektronikoari buruzkoak–, eta, bestetik, Informatika eta Telekomunikazioetako Zuzendariak 2006ko otsailaren 9an emandako Ebazpenak, hain zuzen ere, E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa –Platea– onartzen duenak.
3.– Honako egoitza elektroniko honetan zehazten da nola izapidetu eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2019/ikpp/web01-tramite/eu/
Eskaeraren osteko izapideak helbide honetan egingo dira, bide elektronikoz: http://www.euskadi.eus/nirekarpeta.
10. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea eta tokia.
1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
2.– Eskabideak modu elektronikoan aurkeztu beharko dira Euskadi.net-en egoitza elektronikoan (https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2019/ikpp/web01-tramite/eu/).
3.– Ikastetxearen legezko ordezkariari dagokio eskaera egitea, Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendariari zuzenduta.
4.– Eskaerak eta haiei gehitutako dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkeztu ahal izango dira, ikastetxeak zer nahi duen. Era berean, eskaera egin duen ikastetxeak aukeratutako hizkuntza erabiliko da prozeduran, hala ezarrita baitago azaroaren 24ko 10/1982 Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan (10/1982 Legea, Euskararen Erabilera Normalizatzeko Oinarrizko Legea).
5.– Ikastetxe onuraduna ez badago alta emanda Ogasun eta Ekonomiako Sailaren Hirugarrenen Erregistroan, izapide hori bide elektronikoa erabiliz egin beharko du:
https://www.euskadi.eus/y22-izapide2/eu/contenidos/informacion/regtelter_infor/eu_rtt/infor_rtt.html
Gune elektroniko horretan, bertan dauden datuak aldatu ere egin ahal izango du. Ofizioz aztertuko da erakunde eskatzailea alta emanda dagoen erregistroan.
11. artikulua.– Aurkeztu beharreko dokumentazioa.
Ikastetxe eskatzaileek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:
1.– Eskabide-inprimakia, behar bezala beteta.
2.– Eskaera eginda, diruz lagundu nahi diren prestakuntza-jardueren zerrenda, jarduerak lehentasunen arabera adierazita; bertan, oinarrizko informazioa adieraziko da (A1 inprimakia).
3.– «Prestakuntza-jardueraren fitxa» inprimaki normalizatua (A2 inprimakia), proposatutako jarduera bakoitzeko.
4.– «Klaustroaren akta» inprimaki normalizatua; bertan, berariaz jasoko da klaustroak prestakuntza-jardueren berri baduela, eta bere gain hartzen dituela jarduera horiek parte hartzaileengan izan ditzakeen ondorio pertsonalak eta ikastetxearen barne-antolamenduan izan ditzakeenak (A3 inprimakia). Ikastetxe-arteko prestakuntzaren kasuan, ikastetxe bakoitzak «Klaustroaren akta» inprimakia aurkeztu beharko du.
5.– Ikastetxe-arteko prestakuntza-jardueren kasuan, «Ordezkaritza ematea» inprimaki normalizatua (A4 inprimakia).
6.– Ikastetxearen Prestakuntza-Plana, hautu hori eginez gero, balorazio-irizpideen arabera puntuatua izan ahal izateko.
12. artikulua.– Aurkeztutako eskabideetako akatsak zuzentzea.
Dirulaguntzak lortzeko eskabideak oso-osorik betetzen ez badira, edo eskabidearekin batera aurreko artikuluan zehaztutako dokumentazioa aurkezten ez bada, eskatzaileari eskatuko zaio hamar eguneko epean akatsa zuzentzeko, edo nahitaezko agiriak aurkezteko, eta, gainera, esango zaio aurrekoa egin ezean, eskabideari uko egiten diola ulertuko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan xedatutakoaren araberakoa izan beharko duen ebazpena eman ondoren.
13. artikulua.– Dirulaguntzak kudeatzen dituen organoa.
Hezkuntza Sailaren Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritza izango da agindu honetan araututako laguntzen organo kudeatzailea.
14. artikulua.– Ebaluazio-batzordea.
Jardueren balorazioa, 15. artikuluan xedatutako irizpideen arabera, honako hauek kide izango dituen batzorde batek egingo du:
– Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaria; lehendakaria izango da.
– Lurralde-ordezkaritza bakoitzeko teknikari bat, Lanbide Heziketako Sailburuordetzak izendatua.
– Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzako teknikari bat, idazkari-lanetan jardungo duena; hitza eta botoa izango ditu.
15. artikulua.– Balioespeneko irizpideak eta esleipeneko prozedura.
1.– Prestakuntza-jarduerak banan-banan baloratuko dira, deialdi honetako betebeharrak betetzen direla egiaztatu ondoren, eta irizpide hauek kontuan hartuta:
a) Alderdi orokorrak (gehienez, 3 puntu).
– Justifikazioa eta helburuak: 0,5 puntu, gehienez ere.
– Helburuak: 0,4 puntu, gehienez ere.
– Edukia: 0,4 puntu, gehienez ere.
– Irakasten duen entitatea edo prestakuntza-arloko aditua: 0,4 puntu, gehienez ere.
– Parte hartzen duten irakasleen administrazio-egoera: 0,3 puntu, gehienez ere.
– Jardueraren ebaluazioa: puntu 1, gehienez ere.
b) Ikastetxeko Irakasleak Prestatzeko Planean txertatutako prestakuntza-jarduera (gehienez, 4 puntu): irakasleek epe ertainean dituzten prestakuntza-beharrak finkatuko ditu, ikastetxearen helburuen arabera ordenatuta, eta urteko plangintzaren oinarria izango da.
Honako puntuazio hauek batuko dira:
– Ikastetxeak bere irakasleak prestatzeko plana aurkezten badu, eta planak gutxienez bi urterako balio badu, 0,5 puntu.
– Ikastetxeko Irakasleak Prestatzeko Planak barne hartzen badu sail guztietako irakasleen prestakuntza-beharrak antzematea, puntu 1.
– Orobat, ikastetxeko irakasleak prestatzeko planak barne hartzen badu planaren eta aurreikusitako prestakuntza-jardueren ebaluazioa, puntu 1.
– Prestakuntza-planak barne hartzen baditu, halaber, ikastetxeak hartu dituen behin-behineko irakasleentzako edo ordezko irakasleentzako prestakuntza-jarduerak, puntu 1.
– Eskatutako prestakuntza-jarduera ikastetxeak 2019-2020 ikasturtean irakasleak prestatzeko daukan planean aurreikusitako jardueretan sartzen bada, 0,5 puntu.
c) Ikastetxeak prestakuntzaren arloan izandako ibilbidea eta Prestakuntza-Planaren jarraitutasuna (gehienez, puntu 1).
– Ikastetxeak aurreko ondo-ondoko bi deialdietan diruz lagundutako jarduera guztiak ongi garatu baditu, puntu 1 gehituko da.
– Aurreko ondo-ondoko bi deialdietan hasieran diruz lagundutako baina garatu gabeko edo gaizki garatutako jarduera bakoitzeko, 0,25 puntu kenduko dira.
d) Lehentasunezko jarduerak (gehienez, 2 puntu):
– Lanbide-espezializazioko programak ematearekin lotutako prestakuntza-jarduerak (2 puntu).
– Lanbide-orientazioarekin zerikusia duten jarduerak (2 puntu).
– Prestakuntza eta ikaskuntzaren arloan elkarlanean aritzeko metodologia aktiboekin zerikusia duten jarduerak (2 puntu).
– Lanbide-heziketaren ikaskuntza-mailetan STEAM kulturarekin zerikusia duten jarduerak (2 puntu).
– Prestakuntza eta ikaskuntza-prozesuetan teknologia aurreratuak erabiltzearekin zerikusia duten jarduerak (2 puntu).
– Edozein espezialitateko ikasleengan ekintzailetzaren kultura sustatzeko jarduerak (2 puntu).
– Irakasleen artean sormena, berrikuntzarako gaitasuna eta pentsaera konstruktiborako gaitasuna indartzen duten jarduerak (2 puntu).
– Irakaskuntzan genero-ikuspegia sartzeko, gizon eta emakumeen berdintasuna sustatzeko eta/edo genero-indarkeria desagerrarazteko jarduerak (puntu 1).
e) Ikastetxe arteko prestakuntza-jarduerak eta/edo bestelako prestakuntza-biderik ez duten heziketa-zikloetakoak eta/edo EAEn berriak diren heziketa-zikloetakoak eta/edo ziklo berezietakoak (gehienez, 2 puntu):
– Ikastetxe-arteko prestakuntza-jarduera bat izateagatik, puntu 1 gehituko da.
– Gertatzen den beste edozein inguruabarrengatik, 0,5 puntu gehituko dira.
f) Euskaraz garatzekoak diren prestakuntza-jarduerak (2 puntu).
g) Aurrekontua (gehienez 2 puntu). Aurkeztutako aurrekontuaren egokitasuna, orduko eta plazako kostu unitarioari dagokionez. Kostua zenbat eta handiagoa, puntuazioa txikiagoa.
2.– Prestakuntza-jarduerak baloratu ondoren, ordenatu egingo dira, I. puntuko baremoaren arabera lortutako guztizko puntuazioa kontuan hartuta.
Emandako puntuazioan berdinketa gertatzen bada, lehentasuna emango zaie euskaraz egingo diren jarduerei; ondoren, ikastetxe-arteko jarduerei, ikastetxeko jardueren aurretik; eta, hirugarrenik, parte-hartzaile bakoitzeko ordu-kostu txikieneko jarduerari.
3.– Puntuaziorik onena lortu duten prestakuntza-jarduerei soilik emango zaie dirulaguntza, deialdi honetara bideratutako aurrekontu-kredituak agortu arte.
4.– Gutxienez 6 puntu lortzen dituzten prestakuntza-jarduerek jaso ahal izango dituzte laguntzak.
16. artikulua.– Ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epeak, jakinarazpen-modua eta publizitate-prozedura.
Aurkeztutako eskabideak prozedura bakar baten bidez izapidetuko dira, eta haiei buruz ebaztea, ikastetxe interesdunek azaldutako gai guztiak erabakita, Lanbide Heziketako sailburuordeari dagokio, ebaluazio-batzordeak proposatuta.
Aipatu ebazpenak ez du amaitzen administrazio-bidea, eta gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango da haren aurka Hezkuntzako sailburuaren aurrean, hilabete bateko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121.eta 122. artikuluei jarraikiz.
Ebatzitakoa banan-banan jakinaraziko zaie ikastetxe interesdunei bide elektronikoak erabiliz, honako honen bidez: http://www.euskadi.eus/nirekarpeta; horrek ez du eragotziko hura Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea publizitate-ondorioetarako.
Ebazteko eta ebatzitakoa ikastetxe interesatuei jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita. Adierazitako epea igarotakoan, aipatutako jakinarazpena egin ez bada, interesdunek eskaera ezetsitzat jo ahal izango dute, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a artikuluan ezarritako ondorioetarako.
Erakunde onuradunei dirulaguntzak eta laguntzak emateko eta, hala behar bada, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea itzulketa- edo zehapen-prozedura oro; zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek eta zuzenbide pribatuko erakunde publikoek emandako izaera bereko laguntzengatik edo dirulaguntzengatik hasitakoak eta artean izapidetzen ari direnak.
17. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea.
Dirulaguntza bi zatitan ordainduko da: lehena, emandako laguntza osoaren % 40, laguntza onartu ondoren ordainduko da, 20.1 artikuluan xedatutakoaren arabera. Gainerakoa (% 60), berriz, justifikazioa 21. artikuluan adierazitako epean eta baldintzetan aurkeztu ondoren.
18. artikulua.– Dirulaguntza emateko baldintzak aldatzea.
1.– Baldin eta prestakuntza-jardueretako parte hartzaileen kopurua % 40tik gora txikiagoa bada eskabideak adierazten duena baino, dirulaguntza emateko baldintzak aldatzen direla joko da, eta ebazpena aldatuko da, orduko eta plazako kostua esleitutakoa izateko, betiere, parte-hartzaileen kopurua 3.7 puntuak aipatzen duenaren araberakoa bada.
Portzentaje hori aplikatzearen ondorioz zenbaki hamartarra ateratzen bada, gorantz biribilduta lortzen den zenbaki osoa hartuko da.
2.– Ikasturtea laburragoa bada dena delakoagatik, dirulaguntzaren zenbatekoa orduko eta plazako-kostu proportzioan jaitsiko da. Betiere, ematen den ordu bakoitza 110 euroz hornituko da gehienez.
3.– Aurrekoa hala izanik ere, dirulaguntza emateko kontuan izandako baldintzak aldatzeak, eta, hala egokituz gero, helburu bererako edozein diru-sarrera edo baliabide lortzeak, berekin ekarri ahal izango du ebazpena aldatzea, betiere haren onuradun izateko ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira.
4.– Ondorio horietarako, Lanbide Heziketako sailburuordeak dagokion likidazio-ebazpena emango du; ebazpen horretan, emandako dirulaguntzaren kopurua doitu egingo da, edo, hala egokituz gero, jasotako gehiegizko diru-kopurua itzultzeko aginduko da.
19. artikulua.– Ez betetzeak eta itzulketa-prozedura.
1.– Honako hauetakoren bat gertatuz gero, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdu dela eta, hala egokituz gero, jasotako zenbatekoa gehi dagokion interesa Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar zaizkiola deklaratuko da:
a) Ikastetxe onuradunak aurkeztutako azken memoriatik ondorioztatzea jarduerak ez dituela lortu diruz lagundutako proiektuan proposatutako gutxieneko helburuak.
b) Agindu honetan eta hura garatzen duten ebazpenetan xedatutako edozein betebehar edo baldintza ez betetzea.
c) Ez betetzea Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontuen konturako dirulaguntzen onuradunen edozein betebehar. Betebehar horiek azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan jasota daude.
d) Aldi berean, erakunde publiko edo pribatuen beste edozein dirulaguntza jaso izana.
2.– Jasotako dirulaguntzaren itzulketa eta dagokion berandutza-korritua arau hauen arabera eskatuko da: Euskadiko Ogasun Orokorraren Printzipio Arautzaileen Legearen 53. artikulua (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako testu bategina), abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuko II. titulua eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 42. artikulua.
III. KAPITULUA
IKASTETXE ONURADUNEN BETEBEHARRAK, JUSTIFIKAZIOA, JARRAIPENA, EBALUAZIOA ETA ZIURTAPENA
20. artikulua.– Ikastetxe onuradunen betebeharrak.
Agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradun diren ikastetxeek, nolanahi ere, honako betebehar hauek dituzte:
1.– Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, erakunde onuradunek, esleitzeko erabakia jakinarazi eta hurrengo hamabost eguneko epean berariaz eta idatziz dirulaguntzari uko egiten ez badiote, onartutzat joko da.
2.– Diruz lagundutako prestakuntza-jarduerak sartzea ikastetxearen 2019-2020 ikasturterako urteko planean; jarduera horiek ere egongo dira ikastetxeak urte horretarako izango duen prestakuntza-planaren barruan.
3.– Diruz lagunduko den prestakuntza-jarduera bakoitzean aurreikusitakoaren arabera parte hartuko duten irakasleen behin betiko zerrenda eta behin betiko egutegia bidaltzea 2019ko urriaren 31 baino lehen (B1 inprimakia).
4.– Idatziz erregistratzea kasuan kasuko saioaren aktan (C2 inprimakia) irakasle-taldeen prestakuntza-jardueren emaitzak. Azken akta itxia izango da, eta gerora ezin izango zaio ezer aldatu, errakuntzak edo aipatu gabeak izan ezik; edonola ere, aldaketak ondo justifikatu beharko dira agiri bidez. Behin betiko akta bakar bat aurkeztuko da prestakuntza-jarduera bakoitzeko.
Azken aktak (C2 inprimakia) behin betiko zerrendan (B1 inprimakia) dauden irakasle guztiak jasoko ditu, bakoitzari dagokion partaidetza portzentajearekin.
5.– Prestakuntza-saioetara bertaratutako pertsonen sinadurak kontrolatzeko orria pasatzea. Prestakuntza-saio batzuk edo guztiak on-line motakoak badira, dagokion erregistroa aurkeztuko da. Erregistro horretan, prestakuntza-jardueran parte hartzen duten irakasleak ikastaroan sartu diren egunak eta ordu tarteak agertuko dira. Prestakuntza-jardueraren barnean lan pertsonaleko saioak badaude, prestakuntza-jardueraren koordinatzaileak erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztuko du, prestakuntza-jardueran parte hartzen duten irakasleek lan pertsonalean betetzekoak ziren orduak egoki bete dituzten ala ez azaltzen duena (C3 inprimakia). Orri horiek (C2 bis inprimakia, on-line prestakuntzaren erregistroa eta C3 inprimakia) eranskin gisa gehituko zaizkio 4. puntuan deskribatutako aktari.
6.– Prestakuntza-jarduera bakoitzeko, koordinatzaile bat izendatuko da. Koordinatzaile horrek kudeatuko du ikastaroa. Horrek, besteak beste, zeregin hauek dakartza: behin betiko irakasle-zerrenda eta egutegia egitea (B1 inprimakia), pertsonen sinaduren kontrol-orria biltzea (C2 bis inprimakia), azken akta prestatzea (C2 inprimakia). Era berean, amaierako ebaluazio-memoria egingo du (C4 inprimakia). Txosten horretan, hasierako aurreikuspenaren gainean egindako aldaketa guztiak jasoko ditu.
7.– Emandako dirulaguntza justifikatzea 21. artikuluan jasotakoaren arabera.
8.– Dirulaguntza zertarako eman den, horretarako erabiltzea.
9.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan xedatutako gainerako betebehar guztiak betetzea; zehazki, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, laguntzen xedea fiskalizatzeko dituzten funtzioetan jardunez, eskatzen duten edozein informazio ematea.
10.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan jasotzen diren betebeharrak betetzea.
21. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa.
1.– Ikastetxe onuradunek honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte diruz lagundutako prestakuntza-jarduerak amaitu ahala eta, nolanahi ere, uztailaren 15a baino lehen, http://www.euskadi.eus/nirekarpeta helbidea erabiliz:
a) Diruz lagundutako jarduera guztien memoria ekonomikoa (C1 inprimakia).
b) Hartu-agirien, fakturen eta, legez onartuta egonda, emandako dirulaguntzari egotz dakiokeen beste edozein gastu-frogagiriren kopiak.
c) Prestakuntza-jarduera bakoitzaren amaierako akta, sinaduren kasuan kasuko kontrol-orriak erantsita (C2 eta C2 bis inprimakiak), eta, hala badagokio, on-line prestakuntzaren erregistroa eta erantzukizunpeko adierazpena, lan pertsonaleko saioak egoki bete izana jasotzen duena (C3 inprimakia).
d) Amaierako ebaluazio-memoria: prestakuntza-jarduera bakoitzaren garapena eta hartan lortutako emaitzak jasoko ditu, kuantifikatuta eta aurreikusitako helburuekin alderatuta (C4 inprimakia).
2.– Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzak aleatorioki aukeratuko du emandako dirulaguntzaren diru kopuru osoa behar bezala justifikatzen duten ordainketaren frogagiriak aurkeztu beharko dituzten pertsona onuradunen % 20.
22. artikulua.– Jarraipena.
1.– Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzak diruz lagundutako jardueren jarraipena egingo du, haiek egiten direla bermatzeko Hezkuntza Ikuskaritzaren bidez.
2.– Baldin eta, ikasturtean zehar, gorabeheraren bat gertatzen bada diruz lagundutako prestakuntza-jardueren garapenean, dagokion Ikuskaritzako Lurralde Burutzak, komeni bada, egoki irizten dion txostena bidaliko dio Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzari; hartara, Zuzendaritza horrek agindu hau betetzeko beharrezko diren neurriak hartuko ditu.
23. artikulua.– Ebaluazioa.
Kasuan kasuko Lurralde Ordezkaritzako Lanbide Heziketako lurralde-unitateak, ikastetxeek bidalitako amaierako memoria eta bere ustez eskatu behar duen beste edozein datu edo txosten oinarri hartuta, honako dokumentazio hau bidaliko dio ikasturtea amaitutakoan Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzari:
– Ikastetxeen zerrenda. Bertan, onartutako jardueretan aurreikusitako helburuak zenbateraino bete diren adieraziko da, eta, gutxieneko helburuak lortu ez badira, aipatu egingo da espresuki.
– Prestakuntza-jarduera bakoitzean parte hartzen dutenen zerrenda. Hartan, pertsona bakoitzak guztira egindako ordu-kopurua adieraziko da, bai eta kopuru hori zer bertaratze-ehuneko den prestakuntza-jarduerako ordu guztiak kontuan hartuta. Gainera, prestakuntza-jarduera nork koordinatu duen adieraziko da. Zerrenda horrek bat etorri behar du 20.3 artikuluan aipatzen den behin betiko zerrendarekin.
24. artikulua.– Irakasleen parte-hartzearen ziurtapena.
1.– Irakasleek prestakuntza-jarduera bakoitzean izandako parte-hartzea, ontzat eman bada amaierako ebaluazio-memoriaren arabera, ofizioz erregistratuko da Hezkuntza Sailak irakasleen berritze- eta prestatze-jarduerez daukan datu-basean, betiere 23. artikuluan aipatutako parte-hartzaile zerrenda oinarri hartuta.
2.– Prestakuntza-jarduera gainditutzat joko da, eta hala erregistratuko, bertaratzea % 80tik gorakoa izan bada.
3.– Hezkuntza Sailak irakasleen berritze- eta prestatze-jarduerez daukan datu-basea kontsultatu ahal izango dute interesdunek, indarrean dagoen legediaren arabera, eta bertatik Berritu eta Prestatzeko Jardueren Ziurtagiria lortu ahal izango dute.
25. artikulua.– Datu pertsonalen babesa.
Kapitulu honetako prozeduretan aurkeztutako eskaeretan eta dokumentazioan agertzen diren datu pertsonalak Lanbide Heziketako Irakasleen Prestakuntzaren arloan eskumena duen Zuzendaritzak, arduradun gisa, tratatuko ditu, eta Lanbide Heziketako Irakasleen Prestakuntza izeneko fitxategian sartuko dira. Datu pertsonalen aipatutako tratamenduaren xedea izango da deialdi hau kudeatzea eta ebaztea. Xede hori horien interes publikoan eta horietan parte-hartzeko eskaeran oinarrituta dago.
Datuen sarbide-, zuzentze-, ezereztetze-, eta transferitze-eskubideak, horiek mugatzeko eta aurka egiteko eskubideak, eta datuen tratamendu automatizatuan baino oinarritzen ez diren erabakien aurka egiteko eskubidea erabiltzeko, hala dagokionean, Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzara jo beharko da (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Deialdi honetan aurreikusi ez den guztirako, aplikagarria izango da Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea, eta laguntza eta dirulaguntza publikoak erregulatzen dituen araudia.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean. Halaber, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio EAEko Justizia Auzitegi Nagusiari, bi hilabeteko epean. Bi epeok agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzari baimena ematen zaio agindu hau ondo betetzeko eman beharreko xedapenak eman ditzan.
AZKEN XEDAPENETAKO LAUGARRENA
Agindu honek EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko apirilaren 2a.
Hezkuntzako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.