80. zk., 2019ko apirilaren 30a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (487 KB - 19 orri.)
- EPUB (448 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
HEZKUNTZA SAILA
2048
AGINDUA, 2019ko martxoaren 27koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez deialdia egiten baita Helduen Hezkuntzako ikastetxe publikoetako ikasleen elkarteentzako eta unibertsitate-mailakoak ez diren ikastetxeetako ikasleen guraso-elkarteentzako laguntzak emateko, Haur Hezkuntzako lehenengo ziklokoak izan ezik (L1 Hezkuntza-komunitatearen prestakuntza).
EAEko hezkuntza-sistemarentzat ezinbestekoa da bertan sartuta dauden gizarteko sektore guztien parte-hartzea eta haien guztien laguntza, ezarrita dauzkan helburuak lortuko baditu. Zehazki, Oinarrizko Hezkuntzaren curriculuma zehaztu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzen duen abenduaren 22ko 236/2015 Dekretuaren 29. artikuluan xedatzen da gurasoek edo legezko tutoreek eskubidea dutela haurren eta nerabeen eskolako hezkuntzaren jarraipena egiteko eta hartan parte hartzeko.
EAEko Hezkuntza Sistema Hobetzeko Planak, Heziberri 2020 Planaren barruan, lerro estrategikoak zehazten ditu euskal hezkuntza-sistema osoa zuzentasunaren eta kalitatearen aldetik bikaintasunerantz joateko funtsezkotzat jotzen diren alderdiak antolatzeko, 2015-2016 ikasturtetik 2019-2020 ikasturtera bitartean. Lehenengo lerro estrategikoak (L1 Hezkuntza-komunitatearen prestakuntza) nahitaezkotzat jotzen du hezkuntza-komunitate osoa (irakasleak, zuzendaritza-taldeak, irakasle ez diren langileak, eta familiak) prestatzea. Eta, familiei dagokienez, beren prestakuntza eta parte-hartzea funtsezko kate-mailatzat jotzen ditu hezkuntzaren arrakastaren ekuazioan. Bigarren lerro estrategikoak (L2 Hezkuntza inklusiboa eta aniztasunerako arreta) zehazten du nola erantzun behar dion gizarteak, eta derrigorrezko hezkuntzak, horren parte den aldetik, aniztasunari; praktikan, hezkuntza-erantzunaren ardatza kalitateko hezkuntza justu, ekitatibo eta guztiei aukera berdinak emango dizkien batera lekualdatzea dakar
Hirugarren lerro estrategikoak (L3 Elebitasuna, hezkuntza eleaniztunaren esparruan) euskararen gainean ezarriko du hezkuntza eleaniztunaren ardatza, bi hizkuntza ofizialen arteko egungo desoreka gainditzeko –gaur egun gaztelaniaren aldekoa baita– eta bi hizkuntzen arteko berdintasun soziala eta ikasleen aukera-berdintasuna sustatzeko. Laugarren lerro estrategikoak (L4 Ikasmaterialak eta Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak) nahitaezko ikusten du teknologia digitala sartzea, ikasketa-metodologia eraldatzaile batetik abiatuta.
Beraz, heziketa integrala lortzeko, irakaskuntza arautuak behar-beharrezkoa du jarduera osagarriak eta eskolaz kanpoko ekintzak gauzatzea, Hezkuntza Sistema Hobetzeko Planeko lerro estrategikoekin lotutakoak. Eta hori parte-hartzearekin bakarrik lortzen da, hala Helduen Hezkuntzako ikasleenarekin nola adin txikiko ikasleen gurasoenarekin, indarrean dagoen legeriak ezarritakoaren arabera eratutako elkarteen bitartez.
Halaber, aipatutako dekretuaren 29.5 artikuluak hau ezartzen du: familiek parte har dezaten eta elkarlana egon dadin ikastetxeen eta familien artean, ikastetxeek eta guraso-elkarteek prestakuntza-jarduerak antolatu ahal izango dituzte gurasoentzat eta legezko tutoreentzat, betiere inklusioaren eta hezkidetzaren ikuspegitik.
Parte-hartze horrek, ordea, gastu handiak eragiten dizkiete legeak ezarritakoaren arabera eratutako erakunde guztiei, eta, beraz, sistemak berak lagundu egin behar die partaidetza hori gauza dadin.
Beraz, agindu honen bidez laguntzak emateko deialdia egiten da Helduen Hezkuntzako ikastetxe publikoetako ikasleen elkarteak eta unibertsitate-mailakoak ez diren ikastetxeetako ikasleen guraso-elkarteak egon daitezen sustatzeko, bai eta elkarte horiek antolatzen dituzten jarduera osagarriak eta eskolaz kanpoko jarduerak partez ordaintzeko ere.
Laguntza horietarako dauden baliabideak mugatuak direnez, guztira eman daitezkeen laguntzen zenbatekoa elkartea dagoen ikastetxeak duen bekadun-kopuruaren araberakoa izango da, eta kontuan hartuko da, baita ere, zentro hori sare publikoan edo itunduan dagoen; bi faktore horiek kolektibo babestuaren egoera sozio-ekonomikoaren adierazle argiak dira.
Hori dela eta, Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legean eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onetsitako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. tituluan jasotako xedapenetan –Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren esparruan dirulaguntzak emateko moduari buruzkoa– ezarritakoaren arabera, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan ezarritako oinarrizko araudia betez –zeinaren bidez onesten baita Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren erregelamendua–, eta oro har aplikatu behar diren gainerako xedapenekin bat etorriz, honako hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Agindu honen bidez, laguntzak emateko deialdia egiten da 3. artikuluan aipatzen diren jarduerek eragindako gastuak ordaintzeko. Ekintza horiek 4. artikuluan aipatzen diren erakunde onuradunek 2019ko urtarrilaren 1etik 2019ko abenduaren 20ra egiteko dira.
2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
Helburu horretarako, bostehun mila (500.000) euroko kreditua esleitzen da Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan 2019. urterako.
3. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.
Hezkuntza Sailak, deialdi honen bidez, Hezkuntza Sistema Hobetzeko Planeko lerro estrategikoari lotutako prestakuntza bultzatzen du, eta, batez ere, ildo hauekin lotutakoa.
– L1. Hezkuntza-komunitatearen prestakuntza.
– L2. Hezkuntza inklusiboa eta aniztasunerako arreta.
– L3. Elebitasuna, hezkuntza eleaniztunaren esparruan.
– L4. Ikasmaterialak eta Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak.
1.– Agindu honetako laguntzak helburu hauek betetzeko dira:
a) Prestakuntza-jardueren gastuetarako (prestakuntza-jardueraren kostua): ikastaroak, mintegiak, tailerrak, barnetegiak; antolaketa-gastuetarako (hizlariaren joan-etorriak, osatu-hartzeak eta otorduak, lokalen alokairua, prestakuntza-jarduerari lotutako materialak), baldin eta Hezkuntza Sistema Hobetzeko Planeko lerro estrategikoei lotuta badaude, eta inklusioaren eta hezkidetzaren ikuspegitik diseinatu eta garatuko dira, eta unibertsitate-mailakoak ez diren ikastetxeetako ikasleei eta ikasleen gurasoei zuzenduta egongo dira. Jarduera horien kostuaren % 100 ordainduko da, gehienez ere.
b) Helduen Hezkuntzako ikasleen elkarteek eta unibertsitate-mailakoak ez diren ikastetxeetako ikasleen gurasoen elkarteek funtzionatzeko beharrezkoak diren ekintzetarako eta azpiegitura-gastuetarako (langileen nominak, hornidurak, alokairuak). Jarduera horien kostuaren % 100 ordainduko da, gehienez ere.
c) Jarduera osagarrien gastuetarako (irteerak, txangoak, topaketak). Jarduera horiek Hobekuntza Planaren lerro estrategikoei lotuta egongo dira, inklusioaren eta hezkidetzaren ikuspegitik diseinatu eta garatuko dira, eta ez dira izango a) atalean dauden jarduerak, horiek ere unibertsitate-mailakoak ez diren ikastetxeetako ikasleei eta ikasleen gurasoei zuzenduta egon arren. Gehienez ere jarduera horien kostuaren % 50 ordainduko da (lokalen alokairua, jarduera osagarriari lotutako materialen erosketa).
Inklusioaren eta hezkidetzaren ikuspegia zera da: proposatzen diren ekintzetan kontuan hartuko dela ikasleetan dagoen aniztasuna (generoa, kultura, hezkuntza-behar espezifikoak eta bereziak), bai eta haren familietan dagoena ere, eta behar diren neurriak hartuko dira ikasle guztiek parte hartu ahal izan dezaten ekintza horietan.
2.– Unibertsitate-mailakoak ez diren ikastetxeetako ikasleei eta ikasleen gurasoei zuzendutako prestakuntza-jardueren gastuek eskatutako kopuruaren % 50aren bestekoak edo hortik gorakoak izan beharko dute. Azken justifikazioan, ikasleen eta/edo gurasoen prestakuntza-jardueren justifikatutako gastuak guztira justifikatutako gastuaren % 50aren bestekoa edo hortik gorakoa izan beharko du.
4. artikulua.– Erakunde onuradunak.
1.– Erakunde hauek deialdi honetan parte hartu eta dirulaguntzak jaso ahal izango dituzte:
a) Euskal Autonomia Erkidegoko Helduen Hezkuntzako ikastetxe publikoetako ikasleen elkarteak.
b) Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitate-mailakoak ez diren ikastetxeetako ikasleen gurasoen elkarteak, Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikasleenak soilik direnak izan ezik.
Elkarte horiek federazioren batean badaude, federazio horrek elkarteen ordezkari gisa jardun dezake, baldin eta izapidetze elektronikorako sarrera izateko bi aldeek sinatutako ordezkaritza eman bazaio federazioari. (V. eranskina) «Ordezkaritza ematea»
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoan izapideak bitarteko elektronikoen bidez egiteko ordezkari bat izendatzen denean, pertsona horrek alta emanda egon beharko du Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko Ordezkarien Erregistro Elektronikoan: https://www.euskadi.eus
5.– Deialditik kanpo geratzen dira derrigorrezkoa ez den 0 eta 3 urte bitarteko irakaskuntza mailako haurren guraso-elkarteak.
5. artikulua.– Proiektuen betekizunak eta egiaztapena.
1.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan azaldutako egoeretako batean dauden erakundeak ezingo dira onuradun izan.
2.– Erakunde horiek legez eratuta eta Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistroan izena eta alta emanda egon beharko dute, eta zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean izan beharko dituzte.
3.– Era berean, ez dute izan beharko dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera ukatzen dien zigor administratibo edo penalik, ezta dirulaguntzak jasotzeko legezko debekurik ere, sexuaren bereizkeriaren ondoriozkoak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenarekin bat.
4.– Ofizioz egiaztatuko da eskatzaileak Euskal Autonomia Erkidegoko dagokion elkarte-erregistroan inskribatuta eta alta emanda daudela.
5.– Dirulaguntzaren eskabidea aurkeztuta, eskatzaileak baimena ematen dio laguntza ematen duen organoari zuzenean egiaztatzeko laguntzak eskatzen dituzten erakundeek betetzen dituztela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak; izan ere, organo kudeatzaileak automatikoki eta behar beste aldiz egiaztatuko du hori, eta ez du eskatzaileen baimenik beharko horretarako, Dirulaguntzei buruzko Erregelamendu Orokorra onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22. artikulua eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua aplikatuz. Erakunde eskatzaileak berariaz egin diezaioke uko baimen horri, eta, hala eginez gero, ziurtagiria aurkeztu beharko du, Dirulaguntzei buruzko erregelamendu orokorraren 22. artikuluan azaltzen den eran. Onuraduna edo erakunde laguntzailea ez dagoenean behartuta Gizarte Segurantzarekiko betebeharretan aipatzen diren agiriak edo aitorpenak aurkeztera, betebehar hori erantzukizunpeko adierazpen baten bitartez egiaztatuko da.
6.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.5 eta 50.6 artikuluak aplikatuta (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen testu bategin hura), eskabidean dagoen erantzukizunpeko adierazpen baten bidez honako hauek egiaztatuko dira:
a) Edozein administraziori edo erakunde publiko zein pribaturi xede bererako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo bestelako baliabideak eskatu eta, jaso izanez gero, jaso direla.
b) Eskabideko eta harekin batera doan dokumentazioko datuak egiazkoak direla, eta betetzen direla laguntza horiek jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzak.
c) Eskatzaileak ez duela dirulaguntzak edo laguntza publikoak jasotzeko debekurik zigor- eta administrazio-arloan, ez eta laguntzak jasotzeko legezko debekurik ere, sexu-bereizkeriaren ondoriozkoak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean xedatutakoarekin bat etorriz.
d) Eskatzailea ez dagoela sartuta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo/eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntza edo dirulaguntzak direla-eta hasitako edozein itzultze- edo zigor-prozeduratan.
e) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta edukitzea.
7.– Eskabideetan, laguntzak eskatzen dituen erakundeak berariaz adierazi ahal izango du baimena ematen diola organo kudeatzaileari gainerako datu edo dokumentu guztiak lortu edo egiaztatzeko, hargatik eragotzi gabe Administrazio Publikoak egiaztapen, kontrol eta ikuskaritzaren alorrean dituen ahalmenak.
8.– Betebeharrak ebazpena eman aurretik egiaztatuko dira, bai beharrezko egiaztagiriak erakutsiz, bai organo kudeatzaileari betebeharrak zuzenean egiaztatzeko baimena emanez.
6. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.
1.– Prozedura honen izapide guztiak elektronikoki egingo dira.
2.– Izapidetze elektronikoa Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak arautzen dute.
3.– Deialdi honetako eskabideen aurkezpenari eta gainerako izapideei buruzko argibideak eta erabili beharreko txantiloiak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2019/ampas/web01-tramite/eu
4.– Kontsultak eta eskabidearen ondorengo izapideak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren «Nire karpeta» atalean egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta.
7. artikulua.– Dokumentazioa aurkeztea, eta horretarako epeak.
1.– Erakunde eskatzaileek «Eskabidea» (I. eranskina) eta «Gastuen aurrekontua» izeneko inprimaki normalizatuak (II. eranskina) aurkeztu beharko dituzte, behar bezala beteta. Halaber, administrazio publiko edo erakunde pribaturen bati laguntza edo dirulaguntza eskatu dioten erakundeek (laguntza hori eman bazaie edo oraindik ebazteko badago) «Beste finantzaketa-iturri batzuk» inprimakia (III. eranskina) aurkeztu beharko dute. Ereduak eskuragarri daude Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2019/ampas/web01-tramite/eu
2.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
3.– Dokumentazioa modu elektronikoan aurkeztu beharko da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2019/ampas/web01-tramite/eu
4.– Erakunde eskatzaileek euskaraz edo gaztelaniaz aurkez dezakete dokumentazioa, beraiek nahi duten eran. Prozedura osoan zehar, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a eta 6.1 artikuluetan ezartzen den moduan.
5.– Ikasleen gurasoen elkarte batek ofizialki onartutako bi zentrotan badihardu, bi eskabide egingo ditu; zentro bakoitzeko bat. Zentro batean bi eskabide baino gehiago badaude, ikasleen gurasoen elkarteenak nahiz irakaskuntza-elkarte eta kooperatibenak, eskatzaile bakoitzak adierazi beharko du ikasleen zer ehunekori ematen dion zerbitzua, «Gastuaren aurrekontua» izeneko inprimaki normalizatuan.
8. artikulua.– Akatsak zuzentzea.
1.– Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak ikusten badu aurkeztutako dokumentazioa osorik beteta ez dagoela, edo nahitaezko agiri guztiekin batera aurkezten ez bada, erakunde interesdunari hauxe eskatuko zaio: hamar egun balioduneko epean, akats hori zuzentzeko edo nahitaezko agiriak aurkezteko. Epe horretan eskabidea zuzendu ez bada, ulertuko da eskabidea bertan behera utzi dela.
2.– Akatsak zuzentzeko jakinarazpena bide elektronikoen bidez egingo da.
3.– Jakinarazpena burututzat joko da interesdunak jakinarazpena jaso izanaren agiria elektronikoki sinatzen duenean.
4.– Jakinarazpen elektronikoa Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren «Nire Karpeta» atalean kontsultatu beharko da. Jakinarazpena bidali eta interesduna hamar egun naturaleko epean ez bada edukira sartu, jakinarazpena ezetsitzat hartuko da, eta izapidea gauzatutzat. Prozedurak jarraitu egingo du, salbu eta ofizioz edo hartzaileak eskatuta egiaztatzen bada teknikoki edo materialki ezinezkoa dela sartzea.
5.– Aurreko puntuan esandakoa alde batera utzi gabe, organo kudeatzaileak interesdunei jakinarazpen-abisuak bidali ahal izango dizkie, SMSak edo mezu elektronikoak igorriz eskabideetan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpen-baliorik izango.
9. artikulua.– Datuak babestea.
Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz, deialdi honen izapideetan jasotako datu pertsonalak, parte-hartzaileek erabiltzea eta argitaratzea baimenduko dituztenak, fitxategi batean jasoko dira, hain zuzen ere «Ikasleen Elkarteetarako Dirulaguntza» deritzona. Fitxategi horren helburua deialdi honetako dirulaguntzak kudeatzea izango da, bai eta deialdi honetara aurkezten diren pertsonei deialdiaren garapenari buruzko informazioa ematea ere. Fitxategi horren arduraduna Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritza da. Datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko eta aurka egiteko eskubideak baliatzeko, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzara jo beharko da (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).
Era berean, prozedura honetan parte hartzen duten erakundeek baimena ematen diote Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari beste erakunde publiko batzuetan egiazta dezan aurkeztutako agiriak benetakoak direla.
10. artikulua.– Dirulaguntzak kudeatzeko organoa.
Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusten diren laguntzak kudeatzeko lanak egitea.
11. artikulua.– Elkarteentzako laguntzak zenbatzeko prozedura.
1.– Laguntzen banakako zenbatekoa zehazteko, artikulu honetan ezarritako banaketa-sistema aplikatuko da. Zenbateko hori ez da inola ere izango elkarte horietako bakoitzak eskatutako zenbatekoa baino handiagoa.
2.– Hauxe izango da banaketa-sistema:
a) 162 euroko hasierako laguntza bat esleituko zaie onartutako eskabide guztiei.
b) Jarraian, elkarte bakoitzari esleituko zaio bi puntuazio hauen batura:
i) Diharduen zentroetako ikasle-kopuruagatik dagokion puntuazioa. Elkarte bakoitzari duen ikasle-kopuruaren araberako puntuak emango zaizkio, eskabidea aurkezteko epea bukatzen denean dagoen dokumentazio estatistiko ofizialari jarraikiz.
ii) Zentroko bekadun-kopurua bider 3 egitearen ondorioz ateratzen den puntuazioa, eskabidea aurkezteko epea bukatzen denean dagoen dokumentazio estatistiko ofizialari jarraikiz. Hezkuntza Sailaren mendeko ikastetxe publikoetako elkarteen kasuan, aurreko puntuazioa berriro bider 2 egingo da, eta elkarteak parte hartzen badu zentroko Hamaika Esku programan, berriro ere bider 2.
Zentro bati ez zaio inola ere emango bi puntuazioen batura baino puntuazio altuagorik.
c) Deialdiaren zenbatekoari ((500.000 euro) hasierako laguntzen zenbatekoa kenduko zaio. Kenketa horren emaitza izango da banatu beharreko soberakina.
Banatu beharreko soberakin hori elkarte guztiei emandako puntu guztien baturarekin zatituko da, eta zatiketa horren emaitzarekin biderkatuko da elkarte bakoitzari esleitutako puntuazioa.
d) Lortutako zenbatekoari hasieran emandako 162 euroko laguntza gehituko zaio, elkarte bakoitzari eman beharreko dirulaguntzaren guztizko zenbatekoa zehazteko.
12. artikulua.– Ebaluazio-batzordea.
Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak batzorde bat izendatuko du, laguntzak esleitzeko proposamena egiteko. Hauek osatuko dute batzordea:
a) Pedagogia Berriztatzeko Zerbitzuaren zuzendaria edo hark izendatzen duen ordezkoa: batzordeburu jardungo du.
b) Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzetako Berrikuntza Pedagogikorako lurralde-burutza bakoitzeko ordezkari bana.
c) Pedagogia Berriztatzeko Zerbitzuko ordezkari bat; idazkari jardungo du.
13. artikulua.– Ebazpena.
1.– Deialdi honetan aurreikusitako laguntzak emateko prozeduraren ebazpena Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak emango du eta interesdunei jakinaraziko zaie Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuz, lau hileko epean, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Aurkeztutako eskabideei dagokienez, entitate onuradun bakoitzari emandako dirulaguntzaren zenbatekoa adieraziko da edo, dagokionean, eskabidea ez onartzeko arrazoiak.
2.– Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren iragarki-taulan (https://www.euskadi.eus/y22-ediktu/eu/) argitaratuko da ebazpena, eta argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu jakinarazpen-ondorioak.
3.– Aurreko puntuan esandakoa alde batera utzi gabe, organo kudeatzaileak interesdunei jakinarazpen-abisuak bidali ahal izango dizkie, SMSak edo mezu elektronikoak igorriz eskabideetan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpen-baliorik izango.
Gainera, dirulaguntzen ebazpena EHAAn argitaratuko da, jende guztiak jakin dezan.
4.– Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango diote interesdunek Hezkuntzako sailburuordeari, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta biharamunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan xedatuarekin bat.
5.– Artikulu honen lehenengo apartatuan aipatutako epea igarota, ebazpena onuradunei jakinarazten ez bazaie, dagokion eskabidea ezetsi egin dela uler dezakete onuradunek Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoaren ondorioetarako.
14. artikulua.– Laguntzen bateragarritasuna.
Deialdi honen bidez lortutako laguntza bateragarria izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren bidez edo beste edozein administrazio publiko edo erakunde pribatutatik lortutakoekin, baldin eta guztien baturak ez badu gainditzen dirulaguntza honen xede den gastuaren % 100. Gainditzen badu, egindako gastutik gora jasotzen den kopurua kenduko zaio deialdi honen arabera legokiokeen dirulaguntzari.
15. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.
Agindu honetan araututako laguntzak jasotzen dituzten erakundeek honako betebehar hauek izango dituzte:
1.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan jasotakoak (finantzaketa publikoa dela jakinarazteko publizitate egokia emateko neurriak ere hartu beharko dituzte, dirulaguntzei buruzko lege horren 18. artikuluaren 3. eta 4. zenbakietan jasotakoarekin bat etorriz):
2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartua) ezarritakoak:
a) Jarduera gauzatzea edo dirulaguntza ematea bidezko egiten duen egoeran egotea.
b) Laguntza eman dien erakundeari justifikatzea baldintzak eta betekizunak betetzen dituztela, bai eta laguntza ematea edo laguntzaren onura jasotzea ekarri duen jarduera egin dutela ere.
c) Dirulaguntza ematen duen administrazioak egiaztatzeko egiten dituen jarduketak egiteko laguntza ematea, bai eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren kontrol-jarduketetarako ere.
d) Beste edozein administrazio, erakunde publiko edo pribatuk helburu bererako emandako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskuratuz gero, horren berri ematea dirulaguntza eman duen erakundeari.
e) Laguntza ematerakoan kontuan izan zen dena delako egoera objektiboa edo subjektiboa aldatu bada, horren berri ematea laguntza eman dien erakundeari.
3.– Emandako dirulaguntza onartzea. Ildo horretatik, jakinarazpenaren osteko hamabost eguneko epean ez bada berariaz eta idatziz uko egiten, dirulaguntza onartu egin dela ulertuko da.
4.– Diruz lagundutako jardueren ondorioz sor daitezkeen arriskuak bere gain hartzea eta arrisku horiek estaltzeko asegurua egitea.
16. artikulua.– Dirulaguntzak ordaintzea eta justifikatzea.
1.– Agindu honen babesean emandako laguntzak bi zatitan ordainduko dira:
a) Lehenengoa, dirulaguntzaren % 75, emandako laguntza onartu ondoren.
b) Gainerako % 25a, ordea, «Gastuaren justifikazioa» izeneko inprimaki normalizatua (IV. eranskina) behar bezala beteta aurkeztean ordainduko da. Inprimaki horrekin batera, onartutako dirulaguntzaren zenbatekoa edo handiagoa osatzen duten fakturak eta ordainagiriak aurkeztu beharko dira. Agiri horiek aurkezteko epea 2019ko abenduaren 20an amaituko da, egun hori barne.
2.– Administrazioak laguntzak eta dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren datu-basean egon behar du entitate onuradunak. Alta emateko edo hirugarren interesdunaren datuak aldatzeko, hirugarrenen erregistro telematikora jo beharko da, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia Sailaren helbide hau erabiliz: http://www.ogasun.ejgv.euskadi.eus/r51-341/eu/edukiak/informazioa/regtelter_infor/eu_rtt/infor_rtt.html
3.– Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo erakunde autonomiadunek ezaugarri bereko beste laguntza edo dirulaguntzaren batzuk eman izana dela-eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da onuradunei dirulaguntzak eman eta ordaindu ahal izateko.
17. artikulua.– Justifikazioak aurkezteko tokia eta modua.
1.– Justifikazioak eta memoria bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu behar dira, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2019/ampas/web01-tramite/eu
2.– «Gastuaren justifikazioa» izeneko inprimaki normalizatua aurkeztuko da (Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan dago eskuragarri, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2019/ampas/web01-tramite/eu, behar bezala beteta, eta fakturekin eta ordainagiriekin batera.
3.– Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak dirulaguntza justifikatzeko jatorrizko dokumentazioa eskatu ahal izango dio erakunde onuradunari.
4.– 2. artikuluan aipatutako zenbatekoarekin lotura duten gastuek zuzeneko harremana izan behar dute antolatutako ekintzekin edo erakundeak antolakuntza eta funtzionamendu arloetan dituen ohiko gastuei erantzun behar diete.
5.– Diru hauen izaera hezigarri eta osagarria dela eta, fakturen eta ordainagirien justifikazio-balioa beren edukiaren araberakoa izango da, eskala hauei jarraikiz:
a) Balioaren % 100 unibertsitate-mailakoak ez diren ikastetxeetako ikasleei eta ikasleen gurasoei zuzendutako prestakuntza-jardueren gastuei dagokienez. Jarduera horien kostuaren % 100 ordainduko da, gehienez ere.
b) Balioaren % 100 gastu hauei dagokienez: Helduen Hezkuntzako ikasleen elkarteek eta unibertsitate-mailakoak ez diren ikastetxeetako ikasleen gurasoen elkarteek funtzionatzeko beharrezkoak diren azpiegituren gastuak eta jarduera-gastuak. Jarduera horien kostuaren % 100 ordainduko da, gehienez ere.
c) Balioaren % 50 gastu hauei dagokienez: jarduera osagarrien gastuak –17.5.a) artikulukoak ez direnak–; jarduera horiek unibertsitate-mailakoak ez diren ikastetxeetako ikasleei eta ikasleen gurasoei zuzenduta daude. Jarduera horien kostuaren % 50 ordainduko da gehienez ere.
6.– Unibertsitate-mailakoak ez diren ikastetxeetako ikasleei eta ikasleen gurasoei zuzendutako prestakuntza-jardueren justifikatutako gastuak guztira justifikatutako gastuaren % 50aren bestekoa edo hortik gorakoa izan beharko du.
7.– Esleitutako dirulaguntza adierazitako epeetan justifikatu ezean edo esleitutako dirulaguntza baino gutxiago justifikatuz gero, ebazpena aldatzeko prozesua hasiko da, dagokion kopuruaren heinean, eta, hala badagokio, galdu egingo da laguntza eskuratzeko eskubidea.
18. artikulua.– Dirulaguntza emateko baldintzak aldatzea.
1.– Laguntza emateko aintzat hartu diren baldintzen aldaketa orok ebazpena aldatzea eragin ahal izango du, betiere dirulaguntzaren onuradun izateko ezarri diren gutxieneko baldintzei eusten bazaie. Ondorio horietarako, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak dagokion likidazio-ebazpena emango du; ebazpen horretan, emandako laguntzen zenbatekoak berriz doituko dira, eta laguntza horiek emateko ezarritako irizpideak eta mugak aplikatuko dira. Hartzaileek, beraz, sobera jasotako zenbatekoak itzuli beharko dituzte.
2.– Baldintzak aldatzeak emandako dirulaguntza osoa edo haren zati bat itzuli beharra baldin badakar, 18. artikuluan araututako itzultzeko prozedura hasiko da.
19. artikulua.– Ez-betetzearen araubidea.
1.– Dirulaguntzen pertsona onuradunek, nolanahi ere, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontuen kargurako laguntza publikoak erabiltzeagatik ezartzen den zehapen-araubideari eutsi beharko diote, eta –Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritakoa aplikatuz– honako kasu hauetan, berriz, eman eta jasotako zenbatekoa itzuli beharko dute, osorik edo partez, baita aplika daitezkeen legezko interesak ere (berandutze-interesa barne dela):
a) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2033 Lege Orokorraren 37. artikuluaren 1. apartatuan jasotako itzulketa-kausaren bat egoteagatik edo Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 91. artikulutik 93. artikulura bitartean jasotako itzulketa-kausaren bat egoteagatik.
b) Erakunde onuradunak dirulaguntza ez erabiltzea eskatu zen eta eman zen xede bererako.
c) Ez gauzatzea dirulaguntza ematea eragin zuen jarduera.
d) Ez justifikatzea interesa erakutsi zuen xede jakinetarako aplikatu izana.
e) Oro har ez betetzea Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. Tituluan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartua), agindu honetan edo dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritako betekizunak.
2.– Itzulketarako, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan horretarako ezarritako prozedura beteko da, hargatik eragotzi gabe bidezkoak diren gainerako ekintzak; dekretu horren bidez arautzen da Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra, eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen. Bestalde, aipatutako zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira, legezko ondorio guztietarako.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honek administrazio-bideari amaiera ematen dio, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek Hezkuntzako sailburuari; horretarako, hilabeteko epea dute, agindu hau EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko martxoaren 27a.
Hezkuntzako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.