Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

75. zk., 2019ko apirilaren 17a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ETXEPARE EUSKAL INSTITUTUA / BASQUE INSTITUTE
1958

EBAZPENA, 2019ko martxoaren 29koa, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariarena, 2019an euskararen eremu geografikotik kanpo zinema- eta literatura-arloko sortzaileak eta eragileak nazioartekotzeko bidaia-poltsetarako dirulaguntzen deialdia argitaratzeko dena.

Etxepare Euskal Institutua (aurrerantzean EEI) Sortzeko eta Arautzeko apirilaren 20ko 3/2007 Legearen 3.b) letrak helburu hau xedatzen du aipatutako institutuarentzat: «Euskal kultura bere hizkuntza ofizialetako edozeinetan eta zeinahi adierazpen, euskarri, bide eta adiera-moldetan kanpoan ezagutarazten eta hedatzen laguntzea, bereziki euskaraz sortutako kultura-eskaintza sustatuz eta hedatuz».

Bestalde, EEIren antolakuntza- eta jarduera-araudia onartzen duen 2008ko maiatzaren 13ko 88/2008 Dekretuak xedatzen du institutu horren eskumenekoa dela euskal kultura Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo sustatzea eta hedatzea. Dekretu horrek 19.2. zenbakian dio Euskal Kultura Sustatzeko eta Hedatzeko arloak musika, arte eszenikoak, ikusizko arteak, zinema, arkitektura eta diseinua hartzen dituela. Bestalde, zenbaki horren f) letrak institutuaren funtzioen artean aipatzen du euskal sorkuntza nazioartean ezagutzera emateko kultur -eragileei laguntzeko programak diseinatzea.

Hori dela eta, EEIri jarduteko arlo gisa adierazi zaizkion eskumenen barruan, interesgarritzat jo da euskal zinema eta literatura euskararen eremu geografikotik kanpo sustatu eta hedatzeko lagungarri diren kultur jardueretan parte hartzeko dirulaguntzak esleitzeko prozedura ezartzea.

2019ko martxoaren 22an, Zuzendaritza Kontseiluak Euskararen eremu geografikotik kanpo zinema -eta literatura-arloko sortzaileak eta eragileak nazioartekotzeko bidaia-poltsetarako dirulaguntzak onartu zituen, horien irizpideekin batera.

Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Helburua.

Ebazpen honen helburua da, 2019rako, euskararen eremu geografikotik kanpo zinema- eta literatura-arloko sortzaileak eta eragileak nazioartekotzeko bidaia-poltsetarako dirulaguntzak emateko baldintzak arautzen duen Zuzendaritza Kontseiluaren akordioa argitaratzea.

2. artikulua.– Berariazko baldintzak eta bazterketak.

Dirulaguntza hauek emateko, honakoak hartuko dira aintzat:

Zinema: zinema alorreko eragileek (zuzendari, aktore, ekoizle, gidoigile) nazioarteko zinemaldietan parte hartzeko dirulaguntzak ematea, horietan beren filmen bat aurkeztu edo ordezkatzeko hautatuak izan direnean.

Zinemaldi horiek nazioartekotzat jotzeko ezinbestekoa izango da gutxienez bost herrialdetako lanak programatzea eta webgunea ingelesez izatea.

Literatura: literatura sektoreko eragileek (idazle, ilustratzaile, itzultzaile eta editore) literatura-alorreko nazioarteko ekitaldietan parte hartzeko dirulaguntzak ematea, horietan libururen bat aurkeztu edo ordezkatu behar dutenean, literatura-sorkuntzaz jardun behar dutenean edo euskal ordezkaritza gisa doazenean.

Ebazpen honetatik kanpo geratuko dira honako hauek:

– Ikasketa-bidaiak, ibilaldiak, txangoak, elkartrukeak, aisialdia edo antzekoekin lotura dutenak.

– Hezkuntza arautuarekin zerikusia duten jarduerak eta edozein eratako ikastaroak.

– Biltzar, jardunaldi, hitzaldi, mintegi eta antzekoetan parte hartzea, horietan Etxepare Euskal Institutuak presentzia badu irakurletzen bidez.

– Gastronomia edo kirolarekin zerikusia duten topaketa, jardunaldi, erakustaldi eta antzekoak.

– Nagusiki edo osoki euskal etxeetako kideak hartzaile dituzten jarduerak.

3. artikulua.– Diru-zuzkidura.

Deialdi honetarako gehienezko zenbateko orokorra hogei mila (20.000) eurokoa izango da.

4. artikulua.– Dirulaguntzak emateko prozedura.

Dirulaguntza hauek baldintzak betetzen dituzten eskaeren artean banatuko dira, aurrekontuko zuzkidura agortu arte. Beraz, ebazpena emateko, eskabideak zein hurrenkeratan aurkeztu diren hartuko da kontuan zorrotz, dauden funtsak agortu arte. Ondorio horretarako, eskabidea erregistroan sartzen den eguna eta ordua hartuko dira kontuan.

Ebazpen honen ondorioetarako, aurrekontua agortu egiten bada, EEIko zuzendariak amaitutzat joko du eskabideak aurkezteko epea. Horretarako, dagokion ebazpena argitaratuko du Eusko Jaurlaritzaren iragarki-taula elektronikoan. Ezarritako xedera bideratutako diru-funtsak agortzeak arrazoituko du erabaki hori.

Funtsa agortu eta ebazpena argitaratu bitartean eskaeraren bat epe barruan jasotzen bada, hasiera batean kanporatua izango bada ere, erreserba egoeran geldituko da esleitutako dirulaguntzak onartzen ez diren kasuetarako. Ondorio honetarako ere erregistroaren hurrenkera hartuko da kontuan.

5. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen gastuak.

Dagokion ekitaldian parte hartzekoak: joan-etorria, ostatua eta dietak.

1.– Dirulaguntzen zenbatekoa:

a) Ostatu eta dietetarako gehieneko gastuak, pertsonako eta eguneko: Espainian, hirurogeita hamar (70) euro ostaturako eta berrogei (40) euro dietetarako. Espainiatik kanpo, ehun eta hogei (120) euro ostaturako eta hirurogei (60) euro dietetarako.

b) Soilik ostatu-gau baten gastua eta bi egunetako dietak onartuko dira ekitaldiko. Bi emanaldi edo gehiago izanez gero, bi gauren gastua eta hiru eguneko dietak onartu ahal izango dira gehienez.

c) Ekitaldiko pertsona bakar baten gastuak lagunduko dira diruz. Ekitaldi bererako eskaera bat baino gehiago bada, lehen erregistratu denak jasoko du laguntza.

d) Automobila erabiliz gero, zero koma hogeita bost (0,25) euro km-ko, gehi autopista eta aparkalekua. Kilometro-kopurua kalkulatzeko, pertsona fisiko edo juridikoaren egoitza soziala edo errolda hartuko da abiapuntutzat.

e) Ibilgailua alokatua denean, alokairuaren faktura, erregaia, autopista eta aparkalekua.

f) Hegazkina, trena edo bestelako garraio publikoren bat erabiliz gero, txartel arrunta onartuko da.

g) Ezin izango da diruz laguntzeko moduko gastutzat hartu BEZaren zenbateko kengarria, eskatzaileak zerga horren aitorpena egin beharra duenean.

2.– Dirulaguntzen gehieneko zenbatekoak eta mugak.

– 5.000 km-tik harago egitekoak diren ekitaldiak: mila (1.000) euro.

– 1.201 km-tik 5.000 km-ra bitartean egitekoak diren ekitaldiak: zortziehun (800) euro.

– Gehienez ere 1.200 km-ra egitekoak diren ekitaldiak: bostehun (500) euro.

Eskatzaileek nahi beste eskabide aurkez ditzakete, baina jasotako dirulaguntza guztien batura ez da inolaz ere izango bi mila (2.000) euro baino handiagoa. Era berean, proiektu berarekin lotuta pertsona batek baino gehiagok eginiko eskaerek ere ezin izango dute zenbateko hori gainditu. Horren inguruko desadostasunen bat bada, erregistroaren dataren arabera ebatziko dira.

3.– Hori guztia, dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan eta hori garatzeko araudian izaera orokorrarekin aurreikusitakoa eragotzi gabe.

6. artikulua.– Dirulaguntzen bateragarritasuna.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak izango dira beste erakunde publiko edo pribatu batzuek helburu berbererako emandakoekin, betiere gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Gainfinantzaketarik badago, dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, dagokion gehieneko mugaraino.

7. artikulua.– Onuradunak.

Ebazpen honek araututako dirulaguntzen onuradun izateko, honako baldintza hauek bete beharko dira: pertsona fisikoa edo juridiko pribatua izatea eta errolda edo egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoan izatea. Zabaldu nahi den obraren edo lanaren komunikazio-hizkuntza euskara denean, errolda edo egoitza soziala euskararen eremu geografikoan duten pertsona fisiko edo juridiko pribatuak ere aurkeztu ahal izango dira.

Euskararen eremu geografikotzat hau hartuko da: Euskal Autonomia Erkidegoa, Nafarroako Foru Komunitatea eta Euskal Hirigune Elkargoa.

Baldintza hori egiaztatzeko, pertsona fisikoek errolda-ziurtagiria aurkeztuko dute, eta, pertsona juridikoek, berriz, dagokion agiria.

8. artikulua.– Eskatzaileen betekizunak.

Eskatzaileek betekizun hauek bete beharko dituzte laguntzaren onuradun izateko:

– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzari egin beharreko ordainketak egunean izatea.

– Erakunde-mota hauetakoren bat ez izatea: nagusiki kapital publikoa duten erakunde pribatuak eta fundazioak; edota dagokion modalitateko sektorearen jarduerarekin lotura zuzenik ez duten elkarteak.

– Dirulaguntza eta laguntza publikoak lortzea galarazten dion zigor penalik edo administratiborik ez izatea.

– Legez debekatuta ez izatea laguntza edo dirulaguntza publikoak jasotzea, berariaz aipatuta sexu-bazterkeriagatik ezarritako zehapenak.

– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek ezaugarri bereko laguntza edo dirulaguntza batzuk eman badizkiote eta horiek itzultzeko edo zigorren bat ezartzeko prozeduraren bat izapidetzen ari bada, prozedura bukatu arte ezingo da dirulaguntza eman eta, hala dagokionean, ordaindu.

– Baldintza horiek guztiak jasotako dirulaguntzaren kitapena eman arte bete beharko dira, ez bakarrik onuradun-izaera izan ahal izateko, baizik eta, baita ere, izaera horri eusteko.

– Halaber, aplikagarria izango da dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 11. eta 13.2 artikuluetan eta hori garatzeko araudian izaera orokorrarekin aurreikusitakoa.

9. artikulua.– Eskatzailearen betekizun jakin batzuk egiaztatzea.

1.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidea arautzen duen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluarekin bat etorriz interesatuak eskubidea dute ez aurkezteko Administrazio jardulearen esku dauden edo beste edozein Administrazio batek egindakoak diren eskatutako agiriak. Horrela, haien kontsulta eta ateratzea Administrazioak egin ahal izango du, interesatuak aurka egin ezean. Kasu horretan, eskatzaileak aurkeztu beharko ditu.

Eskatzaileak Nafarroako Ogasunean ordaintzen baditu zergak, zerga-betebeharrak betetzen dituztela egiaztatzen duen ziurtagiria aurkeztu beharko du.

Errolda edo egoitza soziala Euskal Hirigune Elkargoan dutenek dagozkien Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eta zerga-betebeharrak betetzen dituztela egiaztatzen duen agiria aurkeztu beharko dute.

2.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuarekin bat eginez, betebehar hauek egiaztatuko dira, eskabidean jasotako erantzukizunpeko adierazpen bidez:

– Helburu bererako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo beste baliabide batzuk eskatu, eta, hala badagokio, jaso direla adierazi beharko da, edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik etorriak direla ere.

– Egungo zerga-ekitaldian eta aurreko bi zerga-ekitaldietan eskatutako eta, hala badagokio, jasotako beste «minimis» laguntza batzuk jakinaraztea.

– Eskatzaileak ez izatea zigor administratibo edo penalik, dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarrenik, ez eta horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik ere.

– Eskatzaileak eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla adieraztea, eta laguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak betetzen dituela adieraztea.

3.– Eskaera beste pertsona baten izenean egiten denean, legezko ordezkariaren identitatea eta daukan legezko ordezkaritza ahalmenaren egiaztagiriak aurkeztu beharko dira.

10. artikulua.– Laguntzak kudeatzeko organoa.

Etxepare Euskal Institutuko Euskal Kultura Sustatzeko eta Hedatzeko Arloari dagokio deialdi honen bidez emango diren dirulaguntzak kudeatzea.

EEIk proiektuen garapenaren jarraipena egingo du, eta onuraduna behartuta egongo da horretarako eskatutako ikuskapen- edo informazio-eskaerei erantzutera.

11. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Pertsona fisikoek eskabideak aurrez aurre edo bide elektronikoa erabiliz aurkeztu ahal izango dituzte.

– Aurrez aurre: eskabideak helbide honetan aurkeztuta: Etxepare Euskal Institutua, Andre Zigarrogileak plaza 1, Tabakalera eraikina, 3. solairua, 20012 Donostia, goizeko 08:30etik 14:00etara. Halaber, Eusko Jaurlaritzako Zuzenean bulegoetan edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean.

– Bide elektronikoa: euskadi.eus gunean artikulu honetako 4. atalean adierazitako helbidean aurkeztu ahal izango dira eskabideak.

Bide bat edo bestea erabili, eskatzaileak prozedurako edozein unetan aldatu ahal izango du ordura arte hautatutako bidea.

2.– Pertsona juridikoek eskabideak bide elektronikoa erabiliz aurkeztuko dituzte, artikulu honetako 4. atalean adierazitako helbidean.

3.– Salbuespenez, atzerriko pertsona fisiko edo juridikoek eskabideak aurrez aurre edo bide elektronikoa erabiliz aurkeztu ahal izango dituzte.

4.– Eskabideak aurrez aurre edo bide elektronikoa erabiliz aurkeztu, formularioa eta argibideak euskadi.eus egoitza elektronikoaren ondorengo helbidean egongo dira eskuragai:

https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2019/bidaia-poltsak/y22-izapide/eu

Eskabidearen ondoko izapideak gune honetan egingo dira bide elektronikoa erabiliz gero:

https://www.euskadi.eus//nirekarpeta

5.– Eskatzaileak euskara edo gaztelania erabili ahal izango du eskabidean eta gainerako agirietan. Halaber, eskabidearen ondoriozko jardunetan, eta prozedura osoan, eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

6.– Identifikazio elektronikorako, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan onartutako eta argitaratutako bitarteko elektronikoren bat izan beharko du eskatzaileak.

7.– Eskaerak aurkezteak esan nahiko du berariaz eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.

8.– Jarduerako eskabide bana aurkeztuko da. Eskatzaileren batek eskabide bat baino gehiago aurkezten baditu, nahikoa izango da administrazio-dokumentazioa behin aurkeztea.

9.– Eskabideak aurkezteko epea deialdia EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta 2019ko urriaren 31n amaituko da. Halaber, epe hori amaitutzat joko da deialdiaren diru-zuzkidura agortzen denean.

10.– 2019ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean egin beharreko jarduerak aurkeztu ahal izango dira.

12. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharrekoak.

Dagokion egintzaren arduradunaren ziurtagiria, gonbidapena edo kontratua. Bertan zehaztu beharko dira parte hartzearen nondik norakoak (data, iraupena, zeregina...) eta antolatzailearen kontaktu datuak.

13. artikulua.– Eskaeran egindako akatsak zuzentzea.

Etxepare Euskal Institutuak ikusten badu eskaera onartzeko eskatzen den dokumentazioan zerbait falta dela edo forma-akatsak daudela, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko. Era berean, ohartarazi egingo zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, edo dagokion izapidea egiteko eskubidea galduko duela, aurrez jakinaraziko zaion ebazpen baten bidez.

14. artikulua.– Ebazpenak.

1.– EEIko Euskal Kultura Sustatzeko eta Hedatzeko Arloari dagokio emango den kopurua ateratzea, EEIko zuzendariak ebazpena eman dezan.

2.– Dirulaguntzak esleitzeko ebazpena banaka jakinaraziko zaie interesdunei eta Eusko Jaurlaritzaren iragarki-taula elektronikoan ere argitaratuko dira, urriaren 1eko Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 45. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

3.– Gehienez bi hilabeteko epean eman eta jakinaraziko dira ebazpenak, eskaera behar bezala betetzen den egunetik kontatzen hasita. Epe hori jakinarazpenik gabe igarotzen bada, eskaerak baietsi egin direla ulertuko da, urriaren 1eko Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 24. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

15. artikulua.– Dirulaguntza onartzea.

Ebazpena jakinarazten den egunetik hasi eta hamabost eguneko epean onuradunak berariaz uko egiten ez badio, dirulaguntza onartu egin dela ulertuko da.

16. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

1.– Dirulaguntza adierazitako helburu zehatzerako erabiltzea, eta diruz lagundutako jarduera 2019. urtean burutzea.

2.– Esleitutako dirulaguntzaren zenbatekoa edozein delarik ere, dirulaguntzaren onuradun orok diruz lagundutako egitasmoaren gauzatzea eta gastua justifikatu beharko ditu.

3.– Ebazpena eman aurretik aldaketaren bat gertatzen bada eskaeran aurkeztutako proiektuan, idatziz jakinarazi beharko dio EEIri, edo «nirekudeaketak» helbidearen bitartez, izapidetze elektronikoaren kasuan. Jakinarazpen hori hartzen duenetik 15 egun balioduneko epea izango du EEIk erantzuteko. Erantzunik ematen ez badu, aldaketa onartutzat joko da.

4.– Ogasun eta Finantza Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari deialdi honen bidez jasotako dirulaguntzei buruzko informazioa ematea, hala eskatuz gero.

5.– Diruz lagundutako proiektuarekin lotutako materiala eta irudiak erabili ahal izateko baimena bermatu beharko dio onuradunak EEIri, horrek informazioa hainbat euskarritan zabal dezan.

6.– Esleipen-ebazpena argitaratzen den egunetik aurrera, katalogo, programa, iragarki-kartel, argazki eta argitaratzen diren gainerako material grafiko zein soinudunetan, EEIren logotipoaren bitartez, erakunde horren laguntza jaso dutela adieraztea, horrelakorik berariaz sortuz gero.

7.– Halaber, aplikagarria izango da dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan eta hori garatzeko araudian, izaera orokorrarekin aurreikusitakoa.

17. artikulua.– Justifikazioa eta ordainketa.

1.– Ebazpen bidez esleitutako dirulaguntza ordainketa bakar baten bidez ordainduko da, jarduera amaitu eta gastuak behar bezala justifikatu ondoren.

Dirulaguntzaren zenbatekoari kendu egingo zaizkio, indarrean dagoen zerga araudiaren baitan dagozkion atxikipen eta konturako ordainketak.

Kasua bada, jarduera hasteagatik aplikagarria den atxikipena, onuradunak eskatu beharko du. Eskaera hori justifikazio unean aurkeztu beharko da.

2.– Pertsona fisikoek justifikazioak aurrez aurre edo bide elektronikoa erabiliz aurkeztu ahal izango dituzte:

– Aurrez aurre aurkeztu ahal izango dituzte hurrengo helbidean: Etxepare Euskal Institutua, Andre Zigarrogileak plaza 1, Tabakalera eraikina, 3. solairua, Donostia (20012), goizeko 08:30etik 14:00etara, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluetan aurreikusitako organoen aurrean.

– Justifikazioak bide elektronikoaren bidez ere aurkeztu ahal izango dituzte hurrengo gunean:

https://www.euskadi.eus//nirekarpeta

3.– Pertsona juridikoek justifikazioak bide elektronikoa erabiliz aurkeztuko dituzte, aurretik adierazitako helbide elektronikoan.

4.– Salbuespenez, Euskal Hirigune Elkargoko pertsona fisiko edo juridikoek justifikazioak aurrez aurre edo bide elektronikoa erabiliz aurkeztu ahal izango dituzte.

5.– Bide presentziala nahiz bide elektronikoa erabili, justifikazioari buruzko argibideak euskadi.eus atarian egongo dira ikusgai, agindu honetako 11.4 artikuluan adierazitako helbidean.

6.– Bi hilabeteko epea izango dute eskatzaileek jasotako dirulaguntza justifikatzeko, jarduera amaitzen denetik aurrera zenbatzen hasita. Jarduera abenduan egiten bada, epe hori 2020ko urtarrilaren 31n amaituko da. Justifikazioa egiteko, agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Eginiko jarduera justifikatzeko agiria: kontratua, argazkia, antolakuntzaren ziurtagiria edo antzeko agiria.

b) Bidaiak, ostatua eta parking gastuak fakturen bidez egiaztatuko dira. Fakturek eskatzailearen izenean egon beharko dute. EEIk jatorrizkoak eskatzeko eskubidea izango du. Kilometroak eta dietak justifikatzeko aski izango da justifikaziorako fitxa betetzea.

c) Diruz lagundutako jarduera dela eta sortutako materialen ale bana, euskarri fisiko nahiz magnetikoan, erabilitako hizkuntza guztietan, halakorik sortu bada.

d) Halaber, aplikagarria izango da dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 30. artikuluan izaera orokorrarekin aurreikusitakoa.

7.– Ezinbesteko kasu baten ondorioz, aurrez ikusitako jarduera bertan behera geratzen bada eta eskatzaileak dagoeneko bidaia egina badu, legokiokeen dirulaguntzaren erdia ordainduko zaio, betiere antolakuntzaren agiriaren bidez egiaztatzen badu zeintzuk izan diren ekitaldia bertan behera uzteko arrazoiak.

8.– Dirulaguntza justifikatzeko bidalitako dokumentazioa aztertu ondoren, eskatzaileak ebazpenean eman zaion kopurua baino kopuru txikiagoa justifikatzen badu, justifikatutako kopurua soilik jasoko du.

18. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Ebazpen honetan edo bestelako xedapen orokorretan ezarritako betebeharrak ez betetzea.

2.– Emandako dirulaguntza guztia edo zati bat ebazpen honetan aurreikusitako jarduera ez den besteren batean erabiltzea.

3.– Halakorik gertatu dela egiaztatzen bada, ez betetzea gertatu dela ulertuko da eta, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan aurreikusitakoari jarraikiz, onuradunak itzuli egin beharko dizkio EEIri jasotako diru-kopuruak eta horiei legez dagozkien interesak.

4.– Halaber, aplikagarria izango da dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37 eta 40.1 artikuluetan eta hori garatzeko araudian izaera orokorrarekin aurreikusitakoa.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.– Eskatutako dirulaguntzen zenbateko osoa kontuan hartuta, 3. artikuluan ezarritako zenbateko osoa handitu ahal izango da, baldin eta EEIren beste dirulaguntza deialdi batzuk esleitu ondoren aurrekontu-izakinak agortu ez badira. Adierazitako aldaketaren berri EEIren zuzendariaren ebazpenaren bidez emango da EHAAn.

Bigarrena.– Ebazpen honetan aurreikusitako laguntzek edo dirulaguntzek Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 Araudia (EB) bete beharko dute, «minimis» laguntzen tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatzeari buruzkoa (EBAO, L 352 zk., 2013-12-24koa). Laguntza hauek «minimis» moduan izendatzen dira; izan ere, pertsona fisiko edo juridiko jakin bati emandako guztizko laguntza ezin da izan 200.000 eurotik gorakoa, hiru zerga ekitalditan zehar. Diru-kopuru horretatik beherako dirulaguntzek ez daukate eraginik merkataritzan, eta ez dituzte lehia-baldintzak desitxuratzen; hori dela eta, ez dira sartzen Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107.1 zenbakiaren aplikazio-eremuan.

Dirulaguntzaren onuradunak dagokion ekitaldi fiskalean eta aurreko bi ekitaldi fiskaletan jasotako «minimis» izaerako dirulaguntzen berri eman beharko du eskabidean jasotako erantzukizunpeko adierazpena betez, betiere jasotako dirulaguntzek Erregelamenduak adierazitako gehieneko muga gainditzen ez dutela egiaztatzeko asmoz.

Hirugarrena.– Datu pertsonalen babeserako informazio klausula.

Arduraduna: Etxepare Euskal Institutua.

Helburua: zinema eta literaturaren alorreko euskal sortzaile eta eragileak nazioarteratzeko bidaia-poltsetarako dirulaguntzak.

Lege-oinarria: interes publikoaren mesedetan zein tratamenduaren arduradunari esleitutako ahal publikoak gauzatzean egindako zeregina betetzeko beharrezkoa suertatzen den tratamendua da (Dirulaguntzen Lege Orokorrra eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legea).

Jasotzaileak: gaiaren gaineko eskumena duten Administrazioei jakinarazi ahal izango zaizkie datu pertsonalak.

Eskubideak: zeure datuak ikusteko, zuzentzeko zein ezabatzeko eskubidea duzu; baita haien tratamendua mugatzeko nahiz haren aurka egiteko, informazio gehigarrian adierazten den moduan.

Informazio gehigarria: web helbide honetan aurkitu ahal izango duzu datu pertsonalen babesari buruzko informazio gehiago: www.euskadi.eus/dbao/1032005

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Administrazio-bideari amaiera ematen dion erabaki honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete interesdunek EEIko Zuzendaritza Kontseiluari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik hasita; edota administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusian dagokion salan, bi hileko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Bigarrena.– Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Donostia, 2019ko martxoaren 29a.

Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria,

IRENE LARRAZA AIZPURUA.


Azterketa dokumentala