Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

75. zk., 2019ko apirilaren 17a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
1948

4/2019 FORU ARAUA, martxoaren 11koa, Gobernu Onari buruzkoa, foru gobernantza publikoaren esparruan.

GIPUZKOAKO DIPUTATU NAGUSIAK

Jakinarazten dut Gipuzkoako Batzar Nagusiek onartu dutela «4/2019 Foru Araua, martxoaren 11koa, Gobernu Onari buruzkoa, foru gobernantza publikoaren esparruan»; eta nik aldarrikatu eta argitara dadin agintzen dut, aplikagarria zaien herritar guztiek, partikularrek nahiz agintariek, bete eta betearazi dezaten.

Donostia, 2019ko martxoaren 11.

Diputatu nagusia,

MARKEL OLANO ARRESE.

HITZAURREA
I

Gobernantza onak aukera eman die herrialdeei beren ongizatearen pertzepzio indizeei eusteko edo horiek hobetzeko, baita krisi ekonomikoko garaian ere. Emaitzek erakusten dutenez, gobernantza hobea duten herrialdeetan jendea pozik dago bere bizimoduarekin, eta ez hori bakarrik, gobernantzan hobekuntzak egin dituzten herrialdeetako biztanleen bizimoduan aldaketa adierazgarriak gertatu dira.

Gipuzkoako gizartearen exijentzia den eta Foru Aldundiak bere egiten duen gobernantza onaren ideia hori gobernatzeko modu desberdin batean islatzen da, gobernu kontzeptua berriz kokatzen duena, horizontalago eta laguntzaileago bihurtzen duena, eta bereziki lantzen ditu gizarte zibilarekiko konpromisoak eta loturak, gizarteari politika publikoen sustapen, diseinu, betearazpen eta ebaluazioaren berri emanez, interes kolektiboko gaien konponbidean parte izateko eta demokrazia parte-hartzailean sakontzeko.

Gobernantza onaren tresnak, prozedurak eta lanabesak bilakaera etengabean daude, eta diziplina hori berrikuntza praktiko handieneko esparruetako bat da, premia berrietara etengabe egokitzea eta iritsiko zaizkigun erronka berrien kontzientzia hartzea eskatzen diguna. Administrazioak bere gaitasun estrategikoa berreskuratu behar du, gizartearen eta bere konfigurazio demokratikoaren etorkizuneko erronkei aurre egiteko; eta, horretarako, gizartea inplikatu behar du elkarrekin kudeatzeko etorkizuneko erronka eta konpromiso horiek, herritarrak erabaki publikoetan parte hartzera eta erantzukizunak bereganatzera bultzatuz.

Foru arau honek finkatu nahi du administrazioaren eta herritarren arteko harreman eredu berri hori, oinarritzat hartuta zuzentasuna, kudeaketa ona, kontu ematea, gardentasuna eta herritarrek beraiei buruzko informazioa eskuratzeko duten eskubidearen aitorpena; betiere gobernu ona ezartzeko xedez, hori baita demokrazian sakontzeko bidea.

II

Foru Aldundia aitzindaria izan zen gardentasunari eta informazio publikoa eskuratzeari buruzko eta partaidetzari buruzko foru arauak onartzen, baita emakumeen eta gizonen berdintasuneko foru araua onartzen ere, eta horien bidez foru gobernuak pauso irmoak eman zituen gobernu irekiaren kontzeptuan eta emakumeen eta gizonen partaidetza parekidearen sustapenean.

Gaur egun, gobernantza publiko berri baten aldeko apustua egiteak eskatzen du esparru publikoaren kudeaketa ereduan sakontzea eta eredu hori gobernu onerantz bideratzea. Gobernu onaren kontzeptuak gobernantzako elementu exogeno batzuk hartzen ditu, hala nola zuzentasuna eta gardentasuna, baita gobernantzaren barruko beste batzuk ere, horien xedea delarik administrazio ona lortzea, eraginkorra eta ekitatiboa, eta administrazio berritzaile bat lortzea, gizarte konplexu baten eraldaketa eta aldaketa prozesuekin bat egiten duena, administrazioaren egitekoa baita gizarte horren premiak asetzea.

Aurrekoarekin bat eginez, foru arau honek arautzen du foru gobernu eredua, foru gobernantza publikoaren esparruan eta hiru pilare nagusitan oinarrituta: a) erakundearen zuzentasuna; b) administrazio ona, eta c) gardentasuna eta informazio publikoa eskuratzeko eskubidea gobernu irekiaren funtsezko alderdi gisa.

Foru arau honetatik kanpo gelditzen da, araudi tradizioko eta gaiaren espezifikotasuneko arrazoiengatik, gobernu irekiaren funtsezko alderdi bat: herritarren parte hartzearena, berariazko araudi batean xedatzen baita. Horrenbestez, foru arau honetan horren aipamena egiten den guztietan, herritarren partaidetzari buruzko araudira igortzen da.

Gainera, foru arau honek zeharkakotasunez jasotzen du genero ikuspegia, emakumeen posizio soziala, ekonomikoa eta politikoa indartzea helburu duena, bizitzaren esparru guztietan emakumeen eta gizonen berdintasuna bermatu eta demokrazia parte-hartzailean sakontzearren, hala xedatzen baitu 2/2015 Foru Arauak, martxoaren 9koak, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerakoak, 36. eta 37. artikuluetan.

Erakundearen zuzentasuna gobernu onaren funtsezko alderdi eta oinarrizko balioa da, eta hori bermatzeko nahitaezkoa da erantzukizun politikoa duten pertsonek nahiz langile publikoek, eta foru zerbitzuak ematen dituzten entitateek edo pertsonek jarduera eredugarria izatea eginkizun publikoak betetzerakoan. Zuzentasunak Gipuzkoako erakunde egituraren izaeraren, seriotasunaren, lan egiteko moduaren eta sareko lanaren ezaugarri izan behar du, globalizazioko eta lehiakortasuneko ingurune batean. Beraz, garrantzitsua da foru administrazioaren azpiegitura etiko bat sortzea, legeak betetzera mugatuko ez den eta erakunde zuzentasuneko esparru bat eraikitzeko pauso irmoak emango dituen politika bat bultzatuz, herritarrek beren erakundeekiko konfiantza berreskura dezaten. Horrez gain, kudeaketa publikoan jardunbide egokiak ezartzen eta garatzen badira, hobetu egingo da administrazioaren errendimendua, herritarrek behar dituzten zerbitzuen onerako.

Foru arau honetan jasotzen den ereduak Lankidetzarako eta Ekonomia Garapenerako Erakundeak ezarritako jarraibideak jarraitzen ditu. XX. mendeaz geroztik, erakunde hori zuzentasuneko esparruen sorrera sustatzen ari da antolakuntza testuinguru ezberdinetan egiten duen kudeaketarako; halaber, etengabeko hobekuntza prozesuak sustatzen ari da, prebentzio izaera duen ikaskuntzako espazio iraunkor bat sortzeko, zeinaren helburu nagusia baita zuzentasunaren kultura bultzatzea.

Administrazio onak abiapuntutzat hartzen du pertsona orok administrazio ona izateko duen eskubidea, Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Gutunak 41. artikuluan jasotakoa, eta foru administraziora eta bere sektore publikora zabaldu nahi du.

Foru arau honen ondorioetarako, administrazio ona da, kudeaketa aurreratuko eredu baten bidez eta plangintza eta ebaluazioa bezalako kudeaketa tresnak erabiliz, zerbitzuen hartzaile diren pertsona eta erakundeen beharrei modu eraginkor eta ekitatiboan erantzuten diena, eskubide guztiak bermatuz, baita hizkuntza eskubideak ere, eta kontuak eskatuko dizkion gizartearekin harreman etengabea duena. Horrenbestez, jarduera publikoaren kontu ematea sistema demokratikoaren funtsezko alderdia da, eta indartu egiten du herritarrek erakundeetan duten sinesgarritasuna eta konfiantza. Kontu emate horretan arduradun politiko eta langile publiko guztiak behartuta daude gauzatutako politika eta ekintzei eta hartutako erabakiei buruzko informazioa ematera herritarrei.

Gizarte berritzaile baten testuinguruan, administrazioaren zentzuzko berrikuntzak, oraingo erronketan eta etorkizunean egon daitezkeenetan zentratutakoak, eragiten du gobernantza ere etengabeko ezagutza eta berrikuntza lan bat izatea. Horrek berekin dakar gure ohiturak errotik aldatzea, administrazioaren eraldaketa digitalari ekitea eta prozedura administratiboetan, plangintzakoetan eta ebaluatzaileetan ezagutza teknikoa eta zientifikoa txertatzea, gizarte balioa sortzeko eta eztabaida nahiz erabakitze prozesu sendoagoak ahalbidetzeko.

Foru gobernu ona, gainera, gobernu gardena da hasieratik, eta, horretarako, batetik, modu irekian lan egin behar du, komunikazio aktiboa eta jende guztiak ulertuko duena garatuz, eta, bestetik, partaidetza eta politika eta zerbitzu publikoen baterako sorkuntza txertatu behar ditu. Garbi dago Foru Aldundiak eta sektore publikoko gainerako entitateek asko aurreratu dutela irekieraren eta elkarlanaren arloan, bereziki, 1/2010 Foru Araua, uztailaren 8koa, Herritarren Partaidetzari buruzkoa eta 4/2014 Foru Araua, otsailaren 6koa, Gardentasunari eta Informazio Publikoa Eskuratzeari buruzkoa, onartu ondoren. Horrenbestez, foru arau honen oinarrian dagoen printzipioa da informazioa eta datuak herritarrenak direla eta, ondorioz, azpimarratzen du administrazioen betebeharra dela datu horiek publiko egitea, legez babestutakoak izan ezik; era berean, foru arauak oinarri berriak ezartzen ditu benetako gardentasunean aurrera egiteko, kontrol demokratikoa hobetzeko tresna izango baita.

IIi

Gardentasunaren gaiaren inguruan kontuan hartu beharreko nazioarteko erreferentziazko araudia da Europako Kontseiluaren 205. Hitzarmena, dokumentu publikoak eskuratzeari buruzkoa, zeinak ezartzen dituen estatu kideen esperientzia eta praktikatik ateratako gutxieneko arauak; datuen babesari dagokionez, berriz, Europako Legebiltzarraren eta Kontseiluaren 2016/679 Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa. Halaber, honako hau da estatu mailan kontuan hartutako araudia: 19/2013 Legea, abenduaren 9koa, gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzkoa; 37/2007 Legea, azaroaren 16koa, sektore publikoko informazioa berrerabiltzeari buruzkoa eta horren aldaketak; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena, administrazioaren eta administratuen arteko ad extra jarduerak arautzeari dagokionez, administrazio publikoentzat nahitaezkoa baita; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena; 9/2017 Legea, azaroaren 8koa, Sektore Publikoko Kontratuena; eta 5/2018 Errege Lege Dekretua, uztailaren 27koa, Espainiako zuzenbidea Europar Batasuneko datuen babesari buruzko araudiaren arabera egokitzeko premiazko neurriena.

Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoan eta Gipuzkoako Lurralde Historikoan, ondoren zerrendatzen den araudia hartuko da oinarritzat Administrazio Publikoen eta herritarren arteko harremanetan: 1/2014 Legea, ekainaren 26koa, Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Haien Interes Gatazkak Arautzen dituena; 4/2011 Foru Araua, abenduaren 19koa, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren foru sektore publikoaren eremuan jardueren erregistroa eta ondasun eta interesen erregistroa arautzen duena; 10/1982 Legea, azaroaren 24koa, Euskararen Erabilera Normalizatzeko Oinarrizkoa; 4/2005 Legea, otsailaren 18koa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerakoa, eta 2/2015 Foru Araua, martxoaren 9koa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerakoa; baita herritarren partaidetzari buruzko araudia eta foru arau hau ere.

Horiek horrela, Euskal Herriaren Autonomia Estatutuak, 37.3.a) artikuluan, foru organoei beren erakunde propioen antolaketa, araubide eta jardueraren inguruan aitortzen eta esleitzen dien bakarreko eskumena gauzatuz, foru arau honek bere gobernu onaren eredua garatzen du, administrazioaren betebeharrak zabalduz aukera duen guztian.

IV

Gobernu Onaren Foru Arau honek bost titulutan banatutako 60 artikulu, lau xedapen gehigarri, xedapen indargabetzaile bat eta amaierako bi xedapen ditu.

I. tituluan, xedapen orokorrei dagokiena, foru arauaren xedeaz gain, gobernu onaren printzipioak ezartzen dira eta kontzeptuen definizio zehatza ematen da. Foru Arauaren aplikazio eremu subjektiboari dagokionez, berariaz adierazten da nori aplikatuko zaion foru araua, gardentasuneko betebeharrak direla eta. Era berean, gobernu onaren organoa sortzea aurreikusten da, xedetzat izango duena foru arau bera ezartzea eta ebaluatzea, eta berariaz sustatzen da erakundeen arteko lankidetza eta gobernu onerako prestakuntza.

II. tituluak Erakundearen Zuzentasun Sistema arautzen du, foru gobernu onaren benetako eta funtsezko giltzarri, zeinaren helburua baita azpiegitura etiko bat eraikitzea balio multzo batean oinarrituta eta helburuen, kodeen eta berme erakundeen bitartez egituratuta. Sistemaren helburuak finkatzen dira, eta azpimarratzen da sistemaren izaera prebentziozkoa eta zuzentasunaren kultura sustatzeko premia. Jokabide kodeak zuzentasun sistemaren oinarrizko tresna gisa hartzen dira, eta, era berean, sistemaren Berme Organoa aurreikusten da –3/2016 Foru Dekretuak, martxoaren 1ekoak, sortu zuena –, organo independente gisa eratuta kodeak betearazteko eta jokabide okerrak prebenitzeko. Titulu honetan ere, Interes Taldeen Erregistroaren sorrera aipatzen da, aurrerago egingo den foru dekretu batean sortuko eta arautuko dena eta bi helburu dituena, batetik, politika publikoen prestakuntzan eta aplikazioan taldeen parte hartzea ahalbidetzea, eta, bestetik, parte hartze hori etikoa eta gardena izatea.

III. tituluak, administrazio onari buruzkoak, plangintzari, ebaluazioari eta kontuak emateari buruz hitz egiten du I kapituluan. Estrategiak eta politika publikoak irudikatzeko eta horien ebaluazioa eta kontu ematea errazteko mekanismo gisa ulertzen du plangintza. Planen artean, nabarmentzen du Foru Aldundiak legealdiaren hasieran prestatu behar duen plan estrategikoa, gobernuaren jarduera gidatuko duena legegintzaldian zehar eta herritarrekin hartutako konpromisoa eratuko duena. Plan horretatik aterako dira beste batzuk, Diputatuen Kontseiluak onartuko duen egutegiaren arabera. Plan guztiek aurrerapenaren eta betetze mailaren inguruko zehaztapenak jasoko dituen jarraipen dokumentu bat edukiko dute.

Kapitulu honetan sartzen da politika publikoen, planen, programen eta zerbitzu publikoen ebaluazioa, pixkanaka-pixkanaka erabakitze prozesuetan txertatzen joateko, eta kontuak ematearen eta etengabeko hobekuntzaren kulturan aurrera egiteko.

Kapitulu honetan, kontu ematearen gaia arautzen da, hau da, arduradun politikoek eta langile publikoek erabili diren baliabideen, hartutako erabakien eta agindutako kudeaketaren emaitzei buruz herritarrei informazioa, erantzuna eta justifikazioa emateko eta herritarren ebaluaziora jartzeko prozesu iraunkorra; betiere, gizarte kontrola bultzatzeko helburu nagusiarekin.

Administrazio onaren tresna horietan guztietan genero ikuspegia txertatzeko betebeharra ezartzen da, emaitzak eta eraginak emakumeen eta gizonen egoera eta pertzepzio desberdinak kontuan hartuta aztertzeko. Ikuspegi hori ezagutza zientifikora eta komunikazio interaktibora hedatzen da.

Titulu honen II. kapituluan kudeaketa aurreratuaz hitz egiten da, hau da, jarraian zehaztuko diren ezaugarriak dituen administrazio bat izateko beharrezkoa den kudeaketa: profesionaltasunez eta inpartzialtasunez diharduen administrazioa, ikuspegi estrategikoz jokatzen duena, koherentea, helburu garbiak dituena, emaitzak lortzera bideratuta dagoena, eta zerbitzu, lan eta komunikazio hizkuntza euskara duena. Diputatuen Kontseiluak plan bat onartuko du eredu hori Foru Aldundian ezartzeko.

Herritarrekiko komunikazio interaktiboak ematen dio amaiera kapitulu honi, eta ondorengo eran definitzen du herritarren arreta sistema: herritarrei modu aktiboan entzuteko kanalak zabalik edukitzearren haien galderei eta eskaerei modu egokian erantzuten dien sistema da.

Bestalde, III. kapituluak berrikuntzaren eta eraldaketa digitalaren kudeaketa aztertzen du. 22. artikuluan arautzen da berrikuntza publikoa eta soziala eta hori gobernantza eredu berrietan eta Administrazioaren barne eta kanpo prozesuetan txertatzea. Hala, Foru Administrazioari eskatzen zaio berrikuntzarako testuinguruak sortzeko.

Foru Aldundiak onartzen du bere betebeharra dela plan batean jasotzea eraldaketa digitala sustatzeko eta informazio eta komunikazioko teknologia berriak sartzeko bere estrategia, zeinaren helburuak izango diren administrazioaren eraginkortasuna hobetzea, informazioaren kudeaketa inteligentea egitea eta herritarrekiko harreman digitalerako eredua ezartzea.

IV. tituluak gobernu irekiaren funtsezko hiru elementu arautzen ditu: gardentasuna, datuak irekitzea eta informazioa eskuratzea.

I. kapitulua, gardentasunari eta datuak irekitzeari buruzkoa, zenbait ataletan banatzen da eta horietan xedapen orokorrak, jarduera publikoaren gardentasuna, datu irekiak eta administrazioaren antolamendua arautzen dira.

1. atalean, xedapen orokorrei dagokiena, bertan nabarmentzen dira, batetik, informazioa ematearen alde ahalik eta zabalen jokatzeko printzipioa, eta, bestetik, informazioa eskatzen duten pertsonen eskubidek eta betebeharrak. Horrez gain, informazio publikoaren kudeaketaz eta ezaugarriez arituko da; osotasuna, erabilgarritasuna eta argitaratze irekia bermatzera bideratutako kudeaketa.

2. atalak, jarduera publikoaren gardentasunari buruzkoak, sektore publikoak publizitate aktiboaren arloan dituen betebeharrak eta informazio publikoaren ondorio juridikoak jaso eta gero, 30.etik 35.era bitarteko artikuluetan zehazten da argitaratzekoa den informazio publikoa: erakundeari eta beronen antolaketa, plangintza eta ondareari buruzko informazioa; foru kargu publikoei buruzko informazioa; garrantzi juridikoa duen informazioa; kontratazio hitzarmen eta diru laguntzei buruzko informazioa; ekonomia, finantza, aurrekontu eta estatistika informazioa; eta herritarrekiko harremanei buruzko informazioa. Esparru horretan, foru arauak jasotzen ditu 9/2017 Legeak, azaroaren 8koak, Sektore Publikoko Kontratuenak, xedatutakoaren ondoriozko betebehar berriak, eta zabaldu eta hobetu egiten ditu publizitate aktiboko betebeharrak, arreta berezia jarriz gardentasunaren aldeko erakundeek planteatutakoetan.

Gardentasunarekin zuzenean lotutako datuen irekiera 3. atalean arautzen da, 38. artikulutik 41.era. Foru sektore publikoak formatu berrerabilgarria eta elkarreragingarria duten datuak eta dokumentuak irekitzeko ardura hartuko du bere gain, bai erabilera publiko-sozialerako bai pribatu-komertzialerako. Datuak berrerabiltzearen araubide administratiboa arautzen da; datuen politika partaidetzazkoa izango dela eta plan batean jaso ahal izango dela adierazten da, eta, amaitzeko, administrazioen arteko lankidetza sustatzen da.

Administrazioaren antolamendua 4. atalean jasotzen da, eta arauak aurreikusten du informazioko departamentu unitateak gardentasunerako nahiz datuetarako izatea; alabaina, ardura desberdinak izango dituzte: gardentasunaren ardura idazkaritza teknikoena izango da, datuena, berriz, unitate eta zerbitzu guztiena. Era berean, koordinazioaren premia adierazten da, eta organo koordinatzaileak izango dituen eskumenak zehazten dira.

Bestalde, II. kapituluan arautzen dira informazio publikoa eskuratzeko eskubidea eta bere mugak, eta zehazten dira informazioa eskuratzeko prozedura eta ebazteko modua. Handitu egin dira informazioa eskuratzeko orain arte zeuden bideak, eta 20 egunera murriztu da eskaera ebazteko epea. Nabarmentzekoa da Foru Aldundiak 50. artikuluan hartzen duen konpromisoa, eskaera guztiei erantzutekoa eta epe barruan ebaztekoa.

Bukatzeko, III. kapituluan arautzen dira gardentasun bermeak eta Foru Aldundiaren eskumen ahalmenari egokitutako zehapen araubidea. Gardentasunaren arloko Erreklamazio Batzordea sortuko da, kide anitzeko organo independentea izango da, eta herritarrek egiten dituzten erreklamazioak aztertuko ditu. Batzordea geroko foru dekretu batean garatuko da. Bestalde, 54.etik 59.era bitarteko artikuluetan honako puntu hauek arautzen dira: goi kargudunei eta asimilatuei eska dakiekeen erantzukizuna; arau-hausteen eta zehapenen araubidea; eta, azkenik, zehapen prozedura eta zehapenen publizitatea.

Amaitzeko, V. tituluak artikulu bakarrean arautzen du foru araua bost urtean behin ebaluatu beharko dela. Ebaluazioa partaidetzaren bidez egingo da eta Diputatuen Kontseiluak onartu beharko du, ondoren Gipuzkoako Batzar Nagusietara igortzeko.

Lehenengo xedapen gehigarrian jasotzen da Batzar Nagusiei zuzendutako aurreikuspena, foru arau honetan xedatutakoa bertan aplikatzeari buruzkoa.

Bigarren xedapen gehigarriak ezartzen du foru arau honen 11. artikuluan aurreikusitako Erakundearen Zuzentasun Sistemaren Berme Organoa izango dela Erakundearen Etika Batzordea, 3/2016 Foru Dekretuak, martxoaren 1ekoak, edo horren ordezko araudiak xedatutakoa.

Hirugarren xedapen gehigarriak urtebeteko epea ezartzen du 14. artikuluan jasotzen den Interes Taldeen Erregistroa arautzeko.

Laugarren xedapen gehigarriak dio foru arauak enplegatu publikoei egindako erreferentzia guztietarako Langile Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Testu Bateratura jo beharko dela.

Xedapen Indargabetzaileak indargabetu egiten ditu foru arau honetan ezarritakoarekin bat ez datozen edo kontraesanean dauden maila bereko edo txikiagoko xedapen guztiak. Indargabetuta geratzen dira, berariaz, honako hauek: 4/2014 Foru Araua, otsailaren 6koa, gardentasunari eta informazio publikoa eskuratzeari buruzkoa, eta 3/2007 Foru Arauak, martxoaren 27koak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko diru laguntzei buruzkoak, 17. artikuluko bigarren paragrafoko c atalean xedatutakoa.

Amaierako lehen xedapenean, Diputatuen Kontseiluari xedapenak emateko ahalmena ematen zaio, eta, bigarrenean, xedatzen da foru araua Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean jarriko dela indarrean.

I. TITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea.

Foru arau honen xedea da gobernu onaren kontzeptua arautzea foru gobernantza publikoaren esparruan. Izan ere, Gobernu Ona zuzentasun sistema bat duena izango da, hots, planifikatzen, ebaluatzen eta kontuak ematen dituen administrazio on batez, kudeaketa eredu aurreratu batez eta gobernu ireki, garden eta partaidetzazko batez hornituta dagoena. Gobernu horrek, eskura diren bitartekoak baliaturik, ahalik eta balio publiko handiena sortu behar du, gizartearen arazo eta behar garrantzitsuei erantzun behar die, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatuko du eta egungo eta etorkizuneko belaunaldientzako aukerak sorrarazi behar ditu, komunitatea, herritartasuna eta demokrazia sortzeko eztabaida demokratikoa sustatzearekin batera.

2. artikulua.– Aplikazio eremu subjektiboa.

1.– Foru arau hau honako hauei aplikatuko zaie:

a) Foru Administrazioari, hau da, Foru Aldundiari eta bere organoei.

b) Horretarako sektore publikoa osatzen duten entitateei:

I. – Foru organismo autonomoei.

II. – Foru enpresa-entitate publikoei.

III.– Merkataritzako foru sozietateei.

IV.– Foru fundazioei.

2.– Gardentasunari eta informazio publikoa eskuratzeari dagokienez, arau hau aplikagarri izango zaie, halaber, Gipuzkoako Batzar Nagusiei, bai duten jarduera parlamentarioari dagokionez bai administrazio zuzenbidearen araupeko beren jarduerei dagokienez, lehenengo xedapen gehigarrian xedatuarekin bat.

3.– Halaber, gardentasun betebeharrak aplikagarri izango zaizkie, oinarrizko araudiak xedatutako terminoetan, diru laguntzak jasotzen dituzten entitate pribatuei, alderdi politikoei, sindikatuei eta enpresa erakundeei.

4.– Zerbitzu publikoak ematen dituzten edo administrazio ahala duten pertsona fisikoek eta juridikoek, sektore publikoko kontratuen esleipendunek, eta oinarrizko araudiaren arabera eta bertan aurreikusitako irismenarekin behartuta dauden gainerako subjektuek IV. tituluan jasotako publizitate aktiboko betebeharrak betetzeko beharrezkoa den informazio guztia eman beharko diote artikulu honen 1 eta 2 zenbakietan zerrendatutakoen artetik haiekin loturaren bat duen entitateari, hark eskatzen dienean.

Informazioa emateko betebehar hori berariaz jasota egongo da dagokion lotura edo harremana eratzeko baliatuko den bitartekoan, hala nola hitzarmenetan, baldintza administratibo berezien agirietan edo horien baliokide izan daitezkeen kontratazio agirietan.

3. artikulua.– Gobernu onaren printzipioak.

Foru Aldundiaren eta foru sektore publikoa osatzen duten gainerako alderdien gobernu jarduera gidatuko dituzten printzipioak honakoak izango dira:

– Erakundearen zuzentasuna. Erakundearen zuzentasuna funtsezko balio gisa, ardura politikoa duten pertsonek eta enplegatu publikoek zein foru zerbitzuak emateko lanean parte hartzen duten erakunde edo pertsonek garatzen dituzten funtzio publikoetan aritzeko unean.

– Elkartasuna, pertsona ahulenak albo batean uzten ez dituen, gizarteratzeko eta bazterketa saihesteko mekanismoak garatzen dituen eta belaunaldien arteko elkartasuna bermatzen duen gizartea eraikitzeko.

– Jasangarritasuna, gizarte, ekonomia eta ingurumen mailako aurrerapen eredua bitartekoen erabilera jasangarri baterantz bideratzeko.

– Emakume eta gizonen berdintasuna. Emakumeek eta gizonek aukera berdinak dituzten gizartea, gobernu ona garatzeko eta ezartzeko erakunde eta tresnetan genero ikuspegia jasotzen duena.

– Hizkuntza berdintasuna. Euskararen erabileraren sustapen aktiboa, bai barneko lan politiko-administratiboan aritzean bai beste botere publiko batzuekiko erakundeen arteko harremanetan, eta bereziki herritarrekiko eta horien elkarte-ehunarekiko harremanetan. Jarduera proaktiboa, hizkuntz aukerak parekatzeko eta hiztunen arteko berdintasuna sustatzeko.

– Inpartzialtasuna, pertsonak berdintasunez tratatzen dituen, prozeduretan araua aplikatzen duen eta ongizatea mantentzeko eta hobetzeko aukeretarako sarbide unibertsala, baita gutxiengoena ere, bermatzen duen jarduteko modutzat ulertuta.

– Datu gardentasuna eta datuak irekitzea. Gardentasuna funtsezko kontzeptutzat, herritarrei eskatu duten informazio publiko garrantzitsu guztia emateko, eta informazio hori eskuratzeko aukera eskubide gisa eraturik, herritarrekiko konfiantzan oinarritutako harremana eratu, Foru Aldundiaren eta beronen sektore publikoaren erakunde-legitimitatea sendotu eta kontuak ematea ahalbidetzearren. Datuak ahal den formatu guztietan eta ordenagailuz automatikoki irakurtzeko moduan irekiko dira, hartara, gardentasunaren erakusgarri izateaz gain, ezagutza kolektibo bihurtuko baita informazioa.

– Kontuak ematea. Jarduera publikoan aritzeko unean garatutako politika eta ekintzen gaineko kontuak ematea, sistema demokratikoaren funtsaren parte gisa eta herritarrek beren erakundeekiko duten sinesgarritasun eta konfiantzaren sendogarri.

– Partaidetza, herritarrei aktiboki entzutea eta elkarlana. Gipuzkoako herritarrei aktiboki entzutea eta haiekiko konexioa izatea, partaidetzaren eta baterako sorkuntzan eta lankidetza publiko-pribatuko sinergietan oinarritutako ekintza publikoaren konpromiso zibikoaren indargarri gisa.

– Kudeaketako ekitatea, eraginkortasuna eta efizientzia. Foru sektore publikoak bere zerbitzuen hartzaile dituen pertsona eta erakundeen beharrei era ekitatezko eta eraginkor batean erantzuna emateko moduan bideratuko du bere jarduera, betiere pertsona guztiei bermatuta zerbitzu horiek eskuratzeko aukera.

– Objektibotasuna, irizpide objektibo eta neurgarriei jarraikiz egingo den politika eta zerbitzu publikoen emaitza eta inpaktuen ebaluazioan.

– Sarbide unibertsalaren eta pertsona guztientzako diseinuaren printzipioa. Zerbitzu eta azpiegitura fisiko edo teknologiko guztiak pertsona guztientzako irisgarriak izango dira. Informazioa eskuratzeko eta informazioa berrerabiltzeko bitarteko eta formatu egoki eta ulergarriak erabiliko dira, kontuan harturik betiere gizartea osatzen duten pertsonen aniztasuna.

– Teknologiaren neutraltasunaren printzipioa. Estandar neutro eta irekiak erabiltzea sustatu behar du administrazioak, eta kode irekiko programak erabiltzea eta datuak berrerabiltzea, eta, bereziki, teknologia gizarte erabilerari egokitzen zaiola zaindu beharko du, pertsona guztiek beren eskubideak gauzatu ahal izan ditzaten aukera-berdintasunean.

– Elkarreragingarritasuna. Informazio sistema guztiak eta horiek euskarria ematen dieten prozedura guztiak gai izango dira datuak partekatzeko eta elkarren artean informazioa eta ezagutza trukatzeko.

– Bitartekoen intermodalitatea, aplikazioek eta informazio sistemek herritarrei aukera eman diezaieten administrazioarekin harremana izateko unean baliatzen duten bidea aldatzeko, betiere osotasuna eta segurtasun juridikoa ziurtatuta eta, beraz, eragotziz kanal bata edo bestea aukeratzeak administrazioarekiko harremanean murriztapen edo diskriminaziorik eragitea.

– Informazioaren kalitatearen printzipioa, informazio osoa, eguneratua, ongi antolatua, argia eta ulergarria izatea bermatuta. Jendaurreko informazioak egiazkoa izan behar du, hau da, egia izan behar du, zehatza, eta benetakotasun eta fidagarritasun egiaztatuko dokumentuetatik iritsia. Baliagarria ere izan behar du, hau da, egokia izan behar du informazio horrekin lortu nahi diren helburuak betetzeko.

– Sinpletasun eta ulergarritasunaren printzipioa. Informazioa era argi eta egituratu batez argitaratuko da, erraz ulertzeko moduan, hizkera argiz eta ulertzea erraztuko duten ikusizko tresna grafikoak erabilita.

4. artikulua.– Gobernu onaren organoa.

Gaiaren arabera eskumena duen departamentuaren egitura organiko eta funtzionala ezarriko duen foru dekretuak zehaztuko du zein unitate administratiboari dagokion foru arau hau ezartzea eta ebaluatzea, eta bere egitekoen artean honako hauek egongo dira:

a) Gobernu onaren printzipioak foru departamentu guztietan aplikatzeko gidalerroak prestatzea.

b) Foru arau hau garatzeko proiektu arauemaileak prestatzea.

c) Departamentuekin elkarlanean aritzea, gobernu onaren tresnak garatzeko lanean.

d) Gobernu onaren printzipio eta helburuetan oinarritutako tresna edo prozesu berrien ezarpena balioestea.

e) Foru arau hau 60. artikuluan aipatuarekin bat ebaluatzea.

f) Jarduerak koordinatzea partaidetza eta plangintza estrategikorako unitateekin, gobernu irekiaren koherentzia bermatzeko.

g) Foru arau hau egoki betetzeko eslei dakion beste edozein.

5. artikulua.– Gobernu onera begirako erakundeen arteko lankidetza.

Foru arau honetan jasotzen den gobernu onaren eredua erakundearen zuzentasun, administrazio on eta gobernu ireki kontzeptuetan dago oinarrituta, eta Gipuzkoako administrazioek, hots, Foru Aldundiak eta Toki Erakundeek, partekatutako eredua izan nahi du. Horretarako Foru Aldundiak, oro har eta gauzak zehatz-mehatz ezartzeko asmorik gabe, gobernantza ereduaren gaineko gogoetarako guneak bultzatuko ditu, prestatzen dituen gobernu onerako programa, tresna eta bitartekoak udalen eskura jarriko ditu, eta Gipuzkoako Erakundeen berrikuntza sozial eta eraldaketa digitalean lagunduko du.

6. artikulua.– Gobernu onerako prestakuntza.

1.– Foru Aldundiak, langileei zuzendutako prestakuntza planaren barnean, gobernu ona osatzen duten elementuen gaineko prestakuntza ekintzak jasoko ditu, hau da, erakundearen zuzentasunari, administrazio onari eta gobernu irekiari buruzkoak, Foru Aldundiaren kulturan txertatuta gera daitezen.

2.– Era berean, foru gobernu onaren komunikazio interaktiborako ekintzak eta arlo horretarako prestakuntza ekintzak bultzatuko ditu, gizarteari zuzenduta, honek ezagutza sakonagoa lor dezan eta gobernu onaren ezarpenean lankidetzaren bidetik jarduteko.

7. artikulua.– Definizioak.

Foru arau honen ondorioetarako, honako kontzeptu definizioak izango dira:

– Erakundearen zuzentasuna: Erakundearen zuzentasun politikari oinarria ematen dion foru sektore publikoaren azpiegitura etikoa, helburu, printzipio eta berme-erakundeen bitartez egituratua eta bere sistemaren oinarrizko tresnatzat jokabide kodeak dituena.

– Interes taldeak: pertsonak eta erakundeak, duten forma edo estatutu juridikoa dena dela, arau edo xedapen orokorrak lantzeko edo politika publikoak prestatzeko edo aplikatzeko unean eragin dezaketen jarduerak garatzen dituztenak, beste pertsona edo erakunde batzuen intereserako; eta plataforma, sare edo jarduera kolektiborako beste forma batzuk, pertsonalitate juridikorik izan ez arren egiaz eragin-iturria direnak.

– Administrazio ona: herritarren beharrei ekitatez, eraginkortasunez eta efizientziaz erantzuten diena; gizarte balioa sortzen duena; kudeaketa publikorako eredu aurreratua jasotzen duena; euskararen erabileran jarduera proaktiboa garatzen duena hizkuntza berdintasuna lortzeko bidean; zerbitzuak definitzeko eta emateko unean, informazioa kudeatzeko sisteman eta herritarrekiko komunikazio interaktiboan jardunbide berritzaileak ezartzen dituena.

– Plangintza: foru sektore publikoaren estrategiak, politikak eta ekintza-programak gauzatzen, denboran proiektatzen eta helburuak eta emaitzak lortzera bideratzen dituen tresna.

– Ebaluazioa: behaketa, neurketa, analisi eta interpretazio prozesu integral, garden eta partaidetzazkoa, esku-hartze publikoaren gaineko ezagutzara bideratua, ebidentzietan oinarriturik esku-hartze horren diseinu, praktikan jartze, emaitza eta inpaktuei buruzko balorazio judizioa lortu ahal izatearren, erabakiak egokiago hartzera begira.

– Kontuak ematea: prozesu iraunkorra, arduradun politikoek, jarduketen arduradunek eta enplegatu publikoek herritarrei informazioa, erantzunak eta justifikazioak ematekoa, bitartekoen erabilerak, erabakiek eta agindutako kudeaketak izan dituzten emaitzei buruz; prozesu horretan, aipatutakoak herritarren ebaluazioaren pean geratzen dira.

– Kudeaketa aurreratua: eskura diren bitartekoen erabilera ekitatezko eta eraginkor baten bidez pertsonen eta gizarte taldeen beharrak asetzen laguntzen duena; kudeaketa horretan, zerbitzu publikoak hartzaile zuzen dituzten pertsona eta erakundeetara daude bideratuta, azken batean gizarteari balioa eskainiko dion kudeaketa publiko baten bitartez.

– Berrikuntza publiko eta soziala: administrazioa berritzeko prozesua, gizartean dauden ezagutza eta talentua jasotzen dituena herritarren arazoei hobeto erantzutearren; gaitasun tekniko eta teknologikoen eta bitartekoen erabilera burutsua egiten du, balio publikoa ematearekin batera.

– Eraldaketa digitala: erakunde batek bere egitura eta funtzionamendua teknologia eta ingurune digitalera egokitzeko aldatzen dituen prozesua, betiere antolaketa hobetzeko eta administrazioarekiko harreman modu berriak eskatzen dituzten herritarrei zerbitzu hobea emateko xedez.

– Komunikazio interaktiboa: administrazioaren eta herritarren artean interakzio sortzailea eta lankidetza eta erantzunkidetasunezko erlazio fluxuak ahalbidetzen dituen harreman eredua ezartzen duena, administrazioaren eta herritarren gizarte eraldaketara begira.

– Herritarrentzako arreta: herritarrei haien eskubideak baliatzea, dituzten obligazioak betetzea eta informazioa eskuratzea ahalbidetuko dien erlazio eremu onuragarria sortzeko antolatzen diren prozesu eta bitartekoen multzoa.

– Gardentasuna: obligazio positiboa, foru sektore publikoaren jarduera aditzera emateko garrantzitsua den informazioa hark bere ekimenez eta era iraunkor, eguneratu eta sistematiko batean publiko egitekoa.

– Informazio publikoa: foru sektore publikoko subjektuetako edozeinen esku dauden datuak edo dokumentuak, formatu edo euskarria dena dela, subjektu horiek beren jardueretan landu edo eskuratuak.

– Datu irekiak: foru sektore publikoak duen informazioa, pertsona guztiek erabiltzeko moduko formatuetan, hots, ordenagailu bidez automatikoki irakurtzekoak eta elkarreragingarriak direnetan, argitaratzen dena.

– Informazioa eskuratzea: foru sektore publikoko erakunde eta entitateek duten eta beren eginkizunak gauzatzen dituzten bitartean prestatutako edo eskuratutako informazio publikora iristeko pertsona guztiek duten eskubidea, inolako motibaziorik zein inolako interes espezifiko edo bestelako eskubiderik alegatu beharrik gabe balia daitekeena.

II. TITULUA
ERAKUNDEAREN ZUZENTASUNA

8. artikulua.– Helburuak.

Erakundearen zuzentasun sistemaren helburuak honakoak dira:

a) Zuzentasunaren kultura garatzea eta sustatzea arduradunek, enplegatu publikoek eta zerbitzu publikoen horniduran parte hartzen dutenek garatzen dituzten jarduera publikoetan.

b) Erakundearen irudia kalte dezaketen jardunbide okerrei edo jokabide desegokiei aurre hartzea.

9. artikulua.– Sistemak inspirazio dituen balioak.

Erakundearen zuzentasun sistemak inspirazio dituen balioak honakoak dira:

– Ordezkaritza. Foru kargu publikoek organoaren ordezkaritza-eginkizunak beteko dituzte, bai barnean bai kanpoan, erakundearen irudiak eskatzen duen duintasunarekin eta beharrezko portaera erakutsiz.

– Zuzentasuna. Beren eginkizun publikoetan ari direnean, eginkizun horiek berez eskatzen duten portaera etikoaren bidetik joko dute foru kargu publikoek eta enplegatu publikoek.

– Eredugarritasuna. Foru kargu publikoen eta enplegatu publikoen jarduerak, erakundearen irudia proiektatzen den ispilua izaki, portaera eredugarria erakustea eskatzen die horiei guztiei.

– Zintzotasunez eta desinteresatuki aritzea. Foru kargu publikoek eta enplegatu publikoek interes publikoa eta Gipuzkoako herritarrek, oro har, dituzten interesak erabat betetzera bideratuko dituzte beren jarduerak, ez beste ezertara.

– Objektibotasuna. Foru kargu publikoek eta enplegatu publikoek, beren jarduera publikoetan ari direnean, interes orokorrek, funtzio publikoen garapenak eta herritarren zerbitzurako sektore publikoak berezko dituen eginkizunek eskatzen duten objektibotasunarekin jardun beharko dute.

– Profesionaltasuna. Foru kargu publikoak eta enplegatu publikoak, beren eginkizunetan, goi mailako profesionaltasun irizpideei jarraikiz arituko dira.

– Efizientzia. Kargu publikoek eta enplegatu publikoek, bitartekoen kudeaketan eta kudeaketa ekonomiko eta finantzarioan ari direnean, efizientzia izango dute jarraibide, eta xahutzea mota oro saihestuko dute, beti, ondasun edo bitarteko publikoen erabileran, horien erabilera optimizatzea bilatuta.

– Elkarbizitza eta errespetua. Foru kargu publikoek eta enplegatu publikoek, beren eginkizunen bidez, elkarbizitza, elkartasuna eta tolerantzia erabat nagusituko diren gizartea sendotzea sustatuko dute, elkarrekiko begirunea, aniztasuna eta pertsonen arteko elkartasuna bultzatzearekin batera.

10. artikulua.– Jokabide kodeak.

1.– Jokabide kodeak Erakundearen Zuzentasun sistemaren oinarrizko tresna dira. Izan ere autoerregulazio dokumentuak dira, eta horien bitartez identifikatu egiten dira Foru Aldundian eta beronen sektore publikoan zuzenean edo zeharka eginkizun publikoetan ari diren pertsona guztiek jarraitu beharko dituzten balio, printzipio eta jokabide arauak.

2.– Foru Aldundiak Jokabide eta Jardunbide Egokien Kodea edukiko du bere kide, goi mailako kargudun eta langile asimilatuentzat.

3.– Foru Aldundiak jarduera-sektoreetarako jokabide kodeak prestatuko ditu, eta horietako balio eta printzipioak zabaldu egingo ditu herritarrei zerbitzuak ematen dizkieten edo zerbitzu publikoen hornitzaileak diren beste agente batzuetara ere.

4.– Jokabide kodeak Diputatuen Kontseiluak onartuko ditu, arlo horretan eskumena duen departamentuko diputatuak proposatutik. Jokabide kode horiek onartzeko prozesuan parte hartuko dute kodeak berak eragiten dien pertsonek.

5.– Erakundearen kide, goi kargudun eta langile asimilatuak banaka atxikiko zaizkio Jokabide eta Jardunbide Egokien Kodeari, eta atxikitze hori ezinbesteko baldintza izango dute, izendatuak izateko.

6.– Foru Aldundiak bultzatuko du bestelako jokabide kodeak prestatzea, Erakundearen Zuzentasun Sistemaren koherentzia ziurtatzearren.

11. artikulua.– Berme Organoa.

1.– Foru Aldundiak Erakundearen Zuzentasun Sistemarako berme organo independentea izango du. Horren eginkizunak izango dira jokabide kodeetan araututakoa bultzatzea, sustatzea eta betetzen dela zaintzea, eta erakundearen izena kalte dezakeen edozein urraketa edo okerreko jokabideri aurre hartzea.

2.– Berme Organoak sistema irisgarri eta sinplea edukiko du. Horretan, bai herritarrek bai Foru Aldundiko eta foru sektore publikoko beste erakundeetako langileek aukera izango dute, kontsultez gain, kexa edo salaketak ere egiteko, modu anonimoan zein identifikatuta, hau da, fede onez jardunez aukera izango dute erakundearen zuzentasunerako jokabide desegokitzat, edota horren kontrakotzat, har daitezkeen gertaerak edo egoerak izan direnean erakundea jakinaren gainean jartzeko.

3.– Foru Aldundiak, foru dekretu baten bitartez, garatu egingo ditu titulu honetan jasotzen diren aurreikuspenak, aipatutako organoaren antolaketa, prozedura eta funtzionamendu arauak zehaztuko ditu, eta horren osaketan emakume eta gizonen arteko ordezkaritza orekatua bermatuko du, hau da, sexu bakoitza, gutxienez, % 40an ordezkatuta egongo da, 4/2005 Legeak, otsailaren 18koak, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerakoak, xedatutakoaren arabera.

12. artikulua.– Sistema hedatzea eta xedatzea.

Foru Aldundiak erakundearen zuzentasuna osatzen duten balio, printzipio eta arauak hedatzeko eta horiek xedatzeko sistemak ezarriko ditu, batez ere prestakuntza eta komunikazio programen bitartez.

13. artikulua.– Toki erakundeekiko elkarlana.

1.– Foru Aldundia elkarlanean arituko da eskatzen duten Gipuzkoako udalekin, 2/2016 Legeak, apirilaren 7koak, Euskadiko Toki Erakundeei buruzkoak, arautzen dituen zuzentasun sistemak eta jokabide kodeak definitzeko eta itxuratzeko lanean, betiere bakoitzaren errealitate instituzional eta sozialarekin bat eta Foru Aldundiaren erakundearen zuzentasun sistemarekiko koherentziaren bidetik.

2.– Era berean, nahi duten udalek, aplikagarria zaien araudiarekin bat organo eskudunak aurrez hartutako akordioaz, foru arau honetako 11. artikuluan aurreikusitako Berme Organoari atxiki ahal izango zaizkio.

14. artikulua.– Interes Taldeen Erregistroa.

1.– Foru Aldundiak Interes Taldeen Erregistroa sortuko du. Horren helburua honakoa da: beren kontura lanean ari diren eta beste hirugarren pertsona edo erakunde batzuen interesak babestearren Foru Aldundiaren eta beronen sektore publikoaren politika publikoen prestakuntza eta aplikazioan parte hartzen duten pertsona eta erakundeak zein plataforma, sare eta jarduera kolektiborako beste modu batzuk inskribatzea eta kontrolatzea; izan ere, horiek nortasun juridikorik izan ez arren, eragin-iturri antolatua dira egiaz.

2.– Erregistroaren aplikazio esparruak barnean hartzen ditu politika publikoak prestatzeko edo aplikatzeko prozesuetan eta erabakiak hartzekoetan zuzenean edo zeharka eragiteko asmoz zertutako jarduera guztiak, horiek erabilitako bide edo bitartekoa dena dela. Barnean hartuko ditu, halaber, agintari eta kargu publiko, batzarkide, funtzionario eta foru sektore publikoaren zerbitzuko langileekiko harremanak, arau proposamenen, ekintza juridikoen edo beste kontsulta batzuen gaineko kontsulta ofizialetan egindako ekarpenekin eta izandako borondatezko partaidetzarekin batera.

3.– Interes Taldeen Erregistroak publikoa izango da, eta jasotzen dituen datuek eskuragarri egongo dira foru arau honek ezartzen duen gardentasun araubidearen bitartez; eta pertsona fisikoei zein taldeak ordezkatzen dituzten pertsonei dagokienez sexuka banaturik jasoko ditu datuak.

4.– Artikulu honetan jasotzen diren aurreikuspenak foru dekretu baten bitartez garatuko dira.

III. TITULUA
ADMINISTRAZIO ONA
I. KAPITULUA
PLANGINTZA, EBALUAZIOA ETA KONTUAK EMATEA

15. artikulua.– Plangintza.

1.– Legegintzaldi bakoitzaren hasieran, Foru Aldundiak plan estrategikoa prestatuko du. Plan horrek gobernuaren jarduera gidatuko du legegintzaldian zehar, eta hark herritarrekin hartua duen erantzukizunezko konpromisoa eratuko du. Plan hori Foru Aldundiaren departamentu guzti-guztien eta foru sektore publikoko beste erakunde guztien lehentasunak bideratu eta horiek guztiak ildo beretik eraman behar dituen bide-orri estrategikoa izango da.

2.– Plan estrategikoan zenbait alderdi identifikatuko dira, hala nola:

a) Helburu estrategikoak, gobernuaren lehentasunezko jarduera-ildoak, horiei lotutako adierazleak eta ildo horiek gauzatzeko ardura izango duten organoak.

b) Helburuei lotutako proiektu eta programa estrategikoak, gobernantza ereduarekin batera.

c) Planaren gobernantza.

d) Legegintzako programa.

3.– Foru Gobernuaren plan estrategikoa Batzar Nagusietara igorriko da, planaren berri izan dezaten, eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren gardentasun atarian argitaratuko da.

4.– Aipatutako planaz gain, eta plana bera bultzatu, sendotu eta zabaltzeko xedez, honakoak prestatu ahal izango dira:

a) Departamentuek bultzatutako planak, erakundearen lehentasun politikoekin lotutako lehentasunezko jardueratzat aurkeztuak eta herritarren beharrei erantzuten dietenak. Plan horiek, plan estrategikoan jasotako ildoak garatzeaz gain, horren parte izateke ere politika sektorialak garatzeko garrantzitsuak diren beste ildo batzuk jaso ahal izango dituzte.

b) Gobernuaren konpromisoen ildotik aurrerapen kalifikatua ekar dezaketen beste jarduera esanguratsu eta askotariko batzuk (programak, inbertsio proiektuak eta abar).

5.– Diputatuen Kontseiluak, legegintzaldi bakoitzaren hasieran, foru departamentuek prestatu beharreko plan eta bestelako jarduketen egutegia onartuko du. Egutegi hori urteka egokitu ahal izango da, eta plan berriak sartzeko aukera emango du.

6.– Plan estrategikoak eta onartzen diren bestelako plan eta jarduketa adierazgarriek jarraipen dokumentu bat edukiko dute. Horretan, aurrerapen eta betetze mailak eta aldaketak –horrelakorik izan bada– zehaztuko dira, hobekuntzak sartzeko, bitartekoak birbideratzeko edo denbora-programazioa analisiaren emaitzen argitan egokitzeko. Edonola ere, plana herritarrei azalduko zaie, eta horien elkarrekintza ere ahalbidetuko da, planaren aurrerapen maila eta emaitzak etengabe argitaratuko baitira bai herritarrekin komunikatzeko dauden bideen bitartez bai gardentasun konpromisoaren ondoriozko publizitate aktiborako betebeharra betez.

7.– Plan eta programa guztiek, plan estrategikoa barne, genero ikuspegia jasoko dute diseinu, kudeaketa eta ebaluazio prozesuan. Horrek eskatzen du datuak sexuaren arabera bereizita ematea, egoera aztertzean, genero etenari aurre egiteko helburuak eta ekintzak planifikatzean eta emaitzak ebaluatzean; emakumeek eta gizonek izan ditzaketen egoera desberdinak kontuan hartuta. Ikuspegi hori berori jasoko da erabakiak hartzeko erabiliko diren adierazle eta estatistika datuetan.

16. artikulua.– Ebaluazioa.

1.– Foru Aldundiak eta sektore publikoko beste erakundeek pixkanaka-pixkanaka ebaluazioa sartuko dute beren erabakitze prozesuetan, diseinutik beretik jasoz alegia, kontuak ematearen kultura bultzatzearren.

2.– Foru Administrazioak politika publikoen zein plan, programa eta zerbitzu publikoen ebaluazioa bultzatuko du:

a) Politika publikoen ebaluazioak politikei buruzko analisi estrategikoa eta politikak zabaltzeko alderdi operatiboen gaineko analisia bateratuko ditu, gizarte balioei lotutako irizpideak ere jasota.

b) Bere aldetik planen ebaluazioak, maila operatiboan, helburuen eta bitartekoen arteko erlazioaren analisira joko du.

c) Osterantzean, zerbitzu kalitatearen ebaluazioak zerbitzu prestazio mailak aztertuko ditu, herritarren igurikipenekiko, administrazioak bere gain hartutako konpromisoen betetze maila neurtzearekin batera. Eta hala badagokio, beharrezko zuzentze neurriak ezartzeko aukera ere aztertuko du.

3.– Ebaluazioak, zenbait teknika erabiliz, informazio estatistiko, tekniko eta soziala biltzera joko du, emaitzak eta inpaktuak ebaluatu ahal izatearren. Hau da, diseinatutako estrategiaren egokitasuna ebaluatu beharko du, eta baita horrek errealitate aldakor batean moldatzeko eta egokitzeko duen gaitasuna, eraginkortasun eta efizientzia, kudeaketa eta jarraipen mekanismo guztien egokitzapena, eta plangintzaren eta gauzatze fasearen eragin guztiak ere (espezifikoak edo orokorrak, bilatuak zein bilatu gabeak, positiboak, negatiboak edo neutroak, zuzenak edo zeharkakoak).

4.– Foru Aldundiak, foru dekretu bidez, artikulu honetan jasotako aurreikuspenak garatuko ditu, eta politika publikoen diseinuan, plangintzan eta foru zerbitzuetan ebaluazioa sartzea ahalbidetuko duten lehentasunak, irizpideak eta epeak finkatuko ditu.

5.– Politika publikoak, plan eta zerbitzuen ebaluazioa egitean, emaitzak eta horien inpaktuak aztertuko dira emakumeek eta gizonek izan ditzaketen egoera desberdinak kontuan hartuta, eta, horretarako, sexuen arabera bereizitako datuak eta genero adierazleak aztertuko dira.

17. artikulua.– Kontuak ematea.

1.– Foru sektore publikoak, gizarteari kontuak emateko xedez:

a) Informazio publikoa emango du egiten duen kudeaketari buruz, eta herritarrek informazioa eskuratzeko baldintzak hobetu eta eskuratze bera bermatuko du, informazio hori arlo publikoaren gaineko kontrol sozialean erabili ahal izan dadin.

b) Herritarrekin eztabaidatzeko guneak bultzatuko ditu, Foru Aldundiaren eta foru sektore publikoko erakundeen kudeaketaren inguruko ideia eta kritikak aditzera eman eta trukatu ahal izatearren.

c) Politika publikoak diseinatzeko eta gauzatzeko prozesuetan herritarren eskaerak jasoko ditu.

2.– Kontuak emateko unean, Foru Aldundiak mekanismo nagusi hauek izango ditu:

a) Informazio publiko interaktibo eta gardena.

b) Kudeaketa eta plangintzaren eta eginaren emaitza eta inpaktuen ebaluazioa.

c) Partaidetza eta horri lotutako kontsulta prozesuak, horiei dagokien berariazko araudian aurreikusitako baldintzetan.

3.– Kontuak emateari indar emango dio Foru Aldundiak, gaiak honakoak direnean:

a) Foru Gobernuaren plan estrategikoa eta urteko aurrekontua, kudeaketaren funtsezko tresnak baitira biok, Aldundiaren estrategiaren eta bitartekoei emandako xedeen isla.

b) Erakundearen Zuzentasun Sistemako Berme Organoa.

c) Departamentuetako programa sektorialak.

d) Ematen dituen zerbitzuak, kontuak zerbitzuen hartzaileen aurrean emanez, alderdi aktiboa baitira programak zabaltzeko eta hobetzeko unean (zerbitzu kartak).

4.– Gainera, Foru Aldundiak plan estrategikoaren eta aurrekontuaren inguruko kontuak emango ditu, urtero, Batzar Nagusietan, horien aurrerapen, emaitza eta inpaktuei buruzko eztabaida sozial eta askotarikoa zabaltzearren.

5.– Gizartearen aurrean kontuak emate horren gaineko epe ertainera begirako ikuspegia bultzatzearren, Foru Aldundiak zenbait adierazleri buruzko informazioa jasoko du bere web orrian, hain zuzen magnitude sinpleen bitartez lurraldearen egoera islatzearren, aurreko bost ekitaldiekiko bilakaera konparatiboarekin osatuta. Aipatutako adierazle horiek informazio ekonomiko eta finantzarioko datuak emango dituzte, lortutako gizarte ongizate mailako helburuei buruzkoak, eta egindako inbertsioei eta horiei buruzko ebaluazioari dagozkionak. Horiez guztiez gain, nazioarteko erakundeek onartutako beste adierazle batzuk jasoko dira, Gipuzkoako herritarren bizi-kalitatearen bilakaera analizatu ahal izateko, betiere adierazle horiek lurralde mailan eskuragarri badaude. Datuei dagokienez, sexuen arabera bereizita emango dira pertsonen datuak direnean eta, adierazleei dagokienez, genero adierazleak erantsiko dira.

6.– Kontuak emateko prozesu guztiek genero ikuspegia hartuko dute aintzat. Prozesu horietan bultzatu egingo da emakumeak informazioa eskuratu ahal izatea eta eztabaida eta proposamen guneetara iristea.

18. artikulua.– Planei eta horien ebaluaziori buruzko informazioa.

1.– Plan onartuei eta horien jarraipen eta ebaluazioari zabalkundea emango zaie erakundearen interneteko atarian, eta horiek guztiak Foru Aldundiaren gardentasun atarian argitaratuko dira. Informazio hori guztia argia, sinplea, erraza eta pertsona guztiek ulertzeko modukoa izango da, foru arau honetako 44. artikuluan ezarritakoaren arabera.

2.– Kontuak emateko unean, egun dauden komunikazio bideak erabiliko ditu Foru Aldundiak, informazio horrek hartzaile dituen sektoreetara egokituta. Erakundearen web orriaren bitartez ematen den informazioak herritarrekiko elkarrekintza aurreikusiko du. Horrenbestez, kontuak ematearekin batera herritarrei entzuteko prozesua garatuko da.

19. artikulua.– Plangintza eta ebaluazioko jakintza tekniko eta zientifikoa.

1.– Plangintza eta ebaluazio prozesuetan jaso egingo da aplika daitekeen jakintza zientifiko eta teknikoa, ebaluazioko emaitzek eta plangintzak oinarri dituen datuek lagundu dezaten pisu handiagoko eztabaida eta erabakitze prozesuak ahalbidetzen. Horiek ez dituzte, baina, gobernu-ekintza zein erabaki politikoak hartzeko prozesuak ordezkatuko.

2.– Ebaluazio eta plangintza prozesuetan jakintza tekniko eta zientifikoa txertatzeko unean kontuan hartuko dira, beste irizpide batzuen artean, dauden teoria zientifiko eztabaidatuenen garrantzia, sinesgarritasuna, euskarri enpirikoa eta barne balio edo sendotasuna, teoria horiek gobernu politika proiektatuaren kasu zehatz eta testuinguru espezifikoan izan dezaketen aplikagarritasunarekin batera.

3.– Foru sektore publikoak bere erakundearen gaitasun tekniko eta zientifikoak baliatuko ditu nagusiki, eta ahal denean baita Euskal Herrian dauden ikaskuntza eta ikerkuntza erakundeenak ere.

4.– Era berean, eta dauden aurrekontu aukeren barnean, ikerkuntza sustatuko da, politika publikoak diseinatzeko erabakietara begira dauden aukera edo arrisku garrantzitsuak zehaztu ahal izatearren.

5.– Jakintza tekniko eta zientifikoa era ulergarri eta egoki batez jasotzen dela ziurtatuko da, egiten dituen ekarpenak herritarrek parte hartzeko prozesuetara eta herritarrei kontsultatzeko prozesuetara hurbilduz.

6.– Genero ikuspegia jakintza zientifiko eta tekniko adituan txertatuko da, eta erabakiak hartzeko prozesuetan egiten diren datu analisietan ikuspegi hori jasotzea bermatuko da, hain zuzen datuen ustiapenak aukera eman dezan emakumeek eta gizonek esku-hartze publikoaren esparruetan dituzten nahi, egoera, baldintza eta behar desberdinak ezagutzeko. Horrek eskatuko du, gutxienez, taldeak osatzean emakumeen eta gizonen kopurua orekatua izatea; helburuen, ikerketa hipotesien eta proiektuaren diseinuan izango duten inpaktuaren gaineko hausnarketa egitea; genero ikuspegia kontuan hartzea datuak eskuratu, aztertu eta interpretatzerakoan, baita emaitzetan eta inpaktuetan ere; eta emaitzen aurkezpenari eta zabalkundeari dagokionez, hizkuntzaren erabilera sexista baztertzea eta emakumeen ekarpenak eta genero espezifikotasunak ikusaraztea.

II. KAPITULUA
KUDEAKETA AURRERATUA

20. artikulua.– Kudeaketa aurreratuaren eredua.

1.– Kudeaketa publikoaren eredua administrazio proaktiboa lortzera egongo da bideratuta, holako administrazioa izango baita:

a) Inpartzialtasunez eta profesionaltasunez diharduena.

b) Bere jardueren garapenean koherentea dena.

c) Epe ertain eta luzeko ikuspegi estrategikoz jokatzen duena.

d) Helburu eta konpromiso esplizitu eta ebaluagarriak dituena.

e) Sozialki erabilgarriak eta eraginkorrak diren emaitzak lortzera bideratua eta gizartearen aurrean kontuak ematen dituena.

f) Administrazio onerako beharrezko arintasun eta malgutasunez diharduena.

g) Zuzendaritza eta kudeaketa postuen aitzindaritza garatzen eta bultzatzen duena.

h) Enplegatu publikoen jarduna bultzatzen, partaidetza sustatzen, eta konpromiso eta erantzunkidetasuna indartzen dituena.

i) Kudeaketako elementu guztietan genero ikuspegia txertatzen duena, halako moduan ezen lortzen den hobekuntzak eragin positibo berberak izango baititu emakumeengan eta gizonengan.

j) Euskara izango duena zerbitzu, lan eta komunikazio hizkuntza.

2.– Foru Aldundiak, epe ertain eta laburrean izango diren erronkei aurre egiteko eta Gipuzkoako gizartearen lehentasunezko beharrei erantzuteko gai izango den administrazioa izateko helburuarekin, berrikuntza ekonomiko eta sozialaren eragilea izan behar duen administrazioaren egitura organiko eta funtzionala definituko du.

3.– Kudeaketa-eredua Foru Aldundian ezartzeko programa onartuko du Diputatuen Kontseiluak, horretako adierazleekin batera, gaiaren arabera eskumena esleitua duen departamentuak proposatuta. Urtero, ezarpen mailaren jarraipen txostena egingo du departamentu horrek, programaren ebaluazioarekin eta inpaktuaren balorazioarekin batera.

4.– Foru sektore publikoa osatzen duten beste erakundeek kudeaketa aurreratu eta berritzailerako ereduak bereganatuko dituzte, beraien ezaugarrietara egokituta.

21. artikulua.– Herritarrekiko komunikazio interaktiboa.

1.– Foru Aldundiak definitu egingo ditu herritarrentzako arretarako duen sistemako elementuak, eta horien guztien kudeaketa orokorra eramango du, herritarren galdera eta eskaerei egoki erantzun ahal izatearren. Horrela, herritarren eskaerak leihatila bakarraren logikarekin jasoko dira, erakundeak onartuen artean erabiltzea erabakitzen duten bidea dena dela.

2.– Sistemak, herritarrentzako arretako espezializazioa eta informazioaren eta zerbitzu publikoen irisgarritasun eta integrazioaren bideragarritasuna kontuan harturik, bi arreta maila ezarriko ditu:

a) Herritarrentzako arreta maila orokorra. Informazioa, orientazioa eta laguntza eskainiko ditu, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta beronen sektore publikoko edozein organoren zerbitzu publikoak tramitatzeko unean.

b) Herritarrentzako arreta maila espezializatua. Herritarrentzako arreta zerbitzu espezializatuek erakunde arduradun bakoitzaren eskumenen esparruko zerbitzu publiko espezifikoei buruzko informazioa eta tramitazioa eskainiko dituzte, betiere ezagutza maila espezializatua behar badute.

3.– Herritarrentzako arretaren ardura duen unitateak departamentuekin koordinatuko ditu herritarrentzako arreta sistema ezartzeko beharrezko jarduketak, eta departamentuena berena izango da ematen duten eta koherentea izan behar duen informazioa egoki txertatzeko, aldatzeko, jarraitzeko eta eguneratzeko ardura.

4.– Informazio eskaintza eta zerbitzu publikoak eskuratzeko aukera era presentzialean, telefonoz, internet bidez, sare sozialen bitartez edo teknologiak ahalbidetzen dituen beste bide batzuk erabiliz gauzatu ahal izango dira, indarrean dagoen legediaren esparruan betiere.

5.– Gainera, herritarrekiko entzute aktiborako bideak zabalik mantentzearren, Foru Aldundiak norabide bikoitzeko komunikazioa bultzatzen duten eta herritarren interakziorako baliagarriak diren espazioak txertatuko ditu komunikazio digitalerako euskarri guztietan (web atari edo orriak, sare sozialak).

6.– Komunikazio interaktiboko eta informazioko jardueretan kontuan hartuko da gizartearen aniztasuna; horretarako, genero ikuspegia jasoko da, hizkuntzaren erabilera sexista baztertuko da eta ez dira erabiliko genero estereotipoak errepikatzen dituzten irudiak.

III. KAPITULUA
BERRIKUNTZA ETA ERALDAKETA TEKNOLOGIKOAREN KUDEAKETA

22. artikulua.– Berrikuntza publiko eta soziala.

1.– Foru Aldundiak, berrikuntza sozialarekiko eta hori gobernantza eredu berrietan txertatzeko konpromisoa duela, esperimentazio aktiborako espazioak sortuko ditu lurraldeak aurre egin behar dien erronka eta arazo konplexuei dagokienez, gizartearekiko eta beronen agenteekiko era partekatu batean. Espazio horietan bermatu egingo da emakume eta gizonen presentzia orekatua izatea, erronka handiak erdigunean jartzen dituzten politika publiko berriak kolaborazioaren bidetik eraikitzearren konponbide integralei ekiteko unean.

2.– Jakintza sortzea eta elkarrekin trukatzea gobernantza berriaren elementu estrategikoetakoa denez, Foru Aldundiak horren inguruko eztabaida publikoa sustatuko du, horren gaineko ezagutza adituarekin batera, unibertsitate eta ikerkuntza-zentro espezializatuekiko elkarlanean.

3.– Era berean Foru Administrazioak berrikuntza publikoa bultzatuko du, bai herritarrentzako zerbitzuei dagokienez, hau da, herritarrengan eragin zuzena duten politika publikoak eta zerbitzuak sortzeko eta hobetzeko prozesuetan, bai barne prozesuetan, informazio eta datuen eta teknologiaren erabilera inteligente batez, gaitasunen erabilera egokiago batez, eta jakintza kolektiboa kudeaketa publikoan txertatzera begirako ikuspegi berri batez.

4.– Berrikuntzaren kultura bere baitan txertatzen eta berrikuntza bere ohiko jardueraren parte bihurtzen duen erakundea sortzearren, Foru Aldundiak berrikuntzaren kudeaketari ekingo dio, sorkuntza-ideia berriak praktikara eramango diren gogoeta eta proposamen esparruak sorraraziko dituzten ekimenen bitartez. Berrikuntzaren kultura berri honek emakumeen eta gizonen partaidetza orekatua izan behar du, bere proposamenetan genero ikuspegia kontuan hartzearekin batera.

23. artikulua.– Eraldaketa digitala.

1.– Foru Aldundiak plan batean jasoko du informazio eta komunikazioko teknologia berriak sartzeko bere estrategia. Estrategia horren helburuak honakoak izango dira: administrazioaren eraginkortasun eta efizientzia sinplifikatzea eta hobetzea; informazio eta datuen kudeaketa inteligente eta gardena; eta herritarrekiko harreman digitalerako eredua, diseinutik beretik haien ikuspegia jasotzen duena.

2.– Foru Aldundiak erabili egingo ditu, bere zerbitzuetan txertaturik, herritarrei balioa eskaintzen dieten, erakundearen efizientzia areagotzen duten eta zerbitzu eta tramiteen elkarreragingarritasuna, segurtasuna eta irisgarritasuna bermatzen dituzten tresnak. Horien artean honakoak nabarmentzen dira:

a) Tramiteak eta zerbitzuak:

i) Tramitazio elektronikorako aplikazioak, tramitazio sinple, eraginkor eta efizientea eskaintzen dutenak segurtasuna, benetakotasuna, legezkotasuna eta irisgarritasuna bermatuta.

Ii) Espediente eta artxibo elektronikorako plataformak, osotasuna, benetakotasuna, segurtasuna eta irisgarritasuna bermatzen dituztenak.

Iii) Mugikortasuna: gailu mugikorren bitartez herritarrekin komunikatzea ahalbidetzen duten teknologien erabilera.

Iv) Hodeia (Cloud), hodei-plataformak herritarrekiko elkarrekintza ahalbidetzeko, interakziorako espazio irisgarri eta seguruak eskainiz.

b) Datuak eta informazioa:

i) Gauzen interneta (IoT): Foru Administrazioaren ekipo, azpiegitura, bitarteko eta instalazioei lotutako elementu fisikoak sarean konektatzea ahalbidetzen duten teknologiak erabiltzea, balio publikoa ematen duten zerbitzu berriak garatzeko.

Ii) Datu-baseak, big data edo geolokalizazioa.

c) Komunikazioa:

i) Sare sozialak, gizartearekiko solas irekia finkatzeko.

Ii) Multimedia edukiak: eduki dinamikoak, erakargarriak eta erraz ulertzekoak erabiltzea, politika publikoak eta emaitzak modu interaktiboan komunikatzeko.

3.– Foru Aldundiak teknologia berrietan eta ingurune digitaletan trebatuko ditu enplegatu publikoak, dituzten eginkizunak ingurune digitalera egokitzea ahalbidetzearren. Aldi berean, arrakala digitalaren kontra borrokatzeko jarduketak bultzatuko ditu, herritarren aukera berdintasuna bermatzearren, emakumeen eta gizonen arteko aukera berdintasuna barne harturik.

IV. TITULUA
GOBERNU IREKIA: GARDENTASUNA, DATUAK IREKITZEA ETA INFORMAZIOA ESKURATZEA
I. KAPITULUA
GARDENTASUNA ETA DATUAK IREKITZEA
1. ATALA
XEDAPEN OROKORRAK

24. artikulua.– Informazio ematearen alde ahalik eta zabalen jokatzeko printzipioa.

Informazio publikoaren eta informazioa eskuratzearen arau orokorra gardentasuna izango da, eta salbuespena, informazioa ukatzea edo mugatzea. Salbuespen guztiak lege mailako xedapen bidez edo oinarrizko eskubideren baten babesaren bidez ezarri behar dira, eta aplikatzerakoan modu murriztailean interpretatu behar dira, dagokion informazioa salbatzearen edo eskuratzearen alde era zabalenean eginez. Horretarako, datu pertsonalen disoziazioa eta informazio partziala eskuratzeko aukera erabiliko dira, betiere, informazioa ematearen alde ahalik eta zabalen jokatzeko printzipioaren mesedetan.

25. artikulua.– Informazio publikoa eskatzen duten pertsonen eskubideak eta informazioa eskuratzen duten pertsonen betebeharrak.

1.– Informazio publikoa eskatzen duen pertsona ororen eskubideak honakoak dira:

a) Foru arau honek ematen dizkion eskubideei buruzko informazioa jasotzea eta eskubide horien erabilera eraginkor eta zuzenerako aholkua hartzea.

b) Eskatzen duen informazioa jasotzea, foru arau honek ezartzen dituen gehieneko epeen barnean.

c) Eskatutako informazio publikoa aukeratutako forma edo formatuan jasotzea, egindako aukerak eskuragarri ez dagoen formatu bat behar duenean, materialki bideraezina denean edo neurriz gaineko kostua dakarrenean izan ezik; horrelako kasuetan, behar bezala arrazoiturik jakinaraziko zaio.

d) Informazio osoa edo informazioaren parte bat ez emateko arrazoiak zein diren jakitea, informazioa berak eskatutako modu edo formatuan ez emateko arrazoiekin batera.

e) Jasotako informazioa erabiltzea, aurretiazko jakinarazpen zein baimenik gabe, foru arau honetan eta aplikatzekoa den gainerako araudian aurreikusitako mugen barnean.

2.– Informazio publikoa eskuratzen duten pertsonek honako betebehar hauek izango dituzte:

a) Bere eskubidea fede onaren eta eskubide-abusua galarazteko printzipioen ildotik baliatzea eta, zehazki, informazioa eskuratze horretan zerbitzuen funtzionamenduaren eraginkortasunari ez eragiteko moduan jardutea, eskaerak ahalik eta zehatzen adieraziz.

b) Jasotako informazioa berrerabiltzeari dagokionez legediak ezarritako betebeharrak errespetatzea.

c) Hala dagokionean, kasuan kasuko ebazpenean informazioa eskuratzeari dagokionez aurreikusten diren baldintzak betetzea, informazio hori modalitate jakin batean edo artxibo edo dependentzia publiko jakin batean era presentzialean eskuratu behar denean.

26. artikulua.– Informazioa kudeatzeko sistema.

1.– Foru Aldundiak bere informazio aktiboen kudeaketa egokia bultzatuko du, aktiboen osotasuna bermatzeko, aktiboen erabilgarritasuna arautzeko eta aktiboen argitaratze irekia ahalbidetzeko, hain zuzen barne efizientzian, prozesuen eraginkortasunean eta balio publikoaren sorreran lagundu dezaten.

2.– Foru Administrazioak informazio unitate bat izendatuko du informazioaren kudeaketa koordinatzeko. Zenbait arloren arteko lan sarea sortuko da, informazioaren kudeaketan arau eta prozedura komunak ezarri eta aplikatzeko, aktiboak analizatzeko sistema komunak sortu eta mantentzeko, eta informazioaren gainean kontrol, segurtasun, eguneratze eta kalitate prozesuak ezartzeko.

27. artikulua.– Informazio publikoaren ezaugarriak.

Informazio publikoak ezaugarri hauek ditu:

a) Informazioa, eta batez ere formatu elektronikoan dagoena, kudeatzeko unean, datu edo dokumentu bakoitza bakarra izango da, partekatua, eskuragarria, egituratua eta deskribatua, erabiltzeko mugei buruzko informazioa jasoko du eta, hala dagokionean, geografikoki kokatuta egongo da.

b) Dokumentu edo datu-multzo bakoitza pertsonentzako erabilera libreko eta doako ohiko formatu irekietan argitaratuko da eta, osagarri gisa, erabilera orokorreko beste formatu batzuetan ere.

c) Gai bati berari buruz ematen diren eta erakunde, organo edo departamentu desberdinetatik datozen datuak, ahal bada, formatu berean argitaratuko dira.

d) Informazio publikoa deskribatu eta egituratzeko erabilitako hiztegi, eskema eta metadatuak web orrian argitaratuko dira, pertsonek beren bilaketetan erabili eta informazioa egoki interpretatu ahal izan dezaten.

e) Zenbaki-datu multzoak edukia ustiatzea eragozten duen murriztapenik gabeko moduan argitaratu edo jarriko dira erabilgarri.

f) Datuak eta metadatuak elkarreragingarriak izango dira, aplika daitekeen elkarreragingarritasunari buruzko arau teknikoaren arabera.

g) Datuak zabaltzeko unean iturri primarioak baliatuko dira. Datuak osoak izango dira, eta jaso edo bildu bezain pronto jarriko dira erabilgarri; horretaz gain, informazioa ikusgarriagoa izan dadin bistaratze tresna grafikoak erabili ahal izango dira.

h) Oro har, datuak argitaratzeko unean datuak irekitzeari dagokionez nazioarteko gomendioetan jasotako estandarrak erabiliko dira.

i) Datuak sexuen arabera bereizita aurkeztuko dira, baldin eta datu estatistikoak, galdeketenak edo politika publikoek gizon eta emakumeengan duten eragin desberdina ikusarazteko datu garrantzitsuak badira.

2. ATALA
JARDUERA PUBLIKOAREN GARDENTASUNA

28. artikulua.– Sektore publikoak publizitate aktiboaren arloan dituen betebeharrak.

1.– 2. artikuluko 1 eta 2 zenbakietan zerrendatutako subjektuek, beren ekimenez eta doan, argitaratu egingo dute 30. artikulutik 35.era bitartekoetan zehazten den informazio publikoa. Informazio hori gutxienekoa eta nahitaezkoa da. Osterantzean, publizitate arloan araubide zabalagoa aurreikus dezaten beste xedapen espezifiko batzuk ere aplikatu ahal izango dira.

2.– Edonola ere, 30. artikulutik 35.era bitarteko artikuluetan zehazten den informazioak bereziki babestutako datuak dituenean, argitaratu ahal izango da bakarrik aurrez datu horiek anonimizatuko badira.

29. artikulua.– Informazio publikoaren ondorio juridikoak.

Titulu honetan oinarrituta zabaltzen edo ematen den informazio publikoaren ondorio juridiko bakarra da foru arau honen eta aplikatzekoa den gainerako araudiaren berri emateko eta informazioa eskuratzeko eskubidea gauzatzeko betebeharrak betetzea.

30. artikulua.– Erakundeari eta beronen antolaketa, plangintza eta ondareari buruzko informazioa.

1.– Erakundeari eta antolamenduari buruzko ondorengo informazioa argitaratuko dute 2. artikuluko 1 eta 2 zenbakietan zerrendatutako subjektuek:

a) Dituzten eginkizunak.

b) Aplikatzen zaien araudia.

c) Duten antolaketa-egitura, organo bakoitzeko arduradunak identifikatzen dituen eta bakoitzaren profil eta ibilbide profesionala deskribatzen duen organigrama gaurkotu batez.

d) Organo horien egoitza, jendea hartzeko ordutegia eta harremanetarako bitartekoak.

e) Langile kopurua departamentuka eta zuzendaritzaka berezitua: urteko guztirako lansariak, ordainsari-tarte, ordainsari-maila eta lanpostuen arabera; langile finkoen eta aldi baterako langileen ehunekoak; erantzukizunezko postuetan dagoen emakume ehunekoa; esleitutako hizkuntza eskakizunak eta eskakizun egiaztatuen ehunekoa; eta izendapen eta kargu gabetze libreko konfiantzako, aholkularitzako edo laguntzako kargu kopurua. Informazio hori sexuen arabera bereizita aurkeztuko da eta hiru hilean behin eguneratuko da, eta, betiere, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharrekoak diren lanpostuak aldatzen, kentzen edo sortzen diren bakoitzean.

f) Lan eskaintza publikoa edo langile beharrak eta hautapen prozesuak kudeatzeko antzeko beste tresnaren bat.

g) Sindikatu-ordezkaritzako organoetan dauden erakunde sindikalak, sindikatu bakoitzak duen ordezkari kopurua, urtean erabilitako ordu kopurua eta horiei loturik liberazioek eragiten dituzten kostuak.

h) Funtzionario, langile eta sindikatuekiko hitzarmen, akordio eta itunak.

i) Langileei eragiten dieten bateragarritasuna baimentzeari edo onartzeari buruzko ebazpenak.

j) Erasota laga nahi duten beste edozein datu.

2.– Foru Aldundiak eta foru sektore publikoko entitateek argitaratu egingo dituzte, halaber:

a) Helburu zehatzak eta horiek lortzeko ekintzak, bitartekoak eta denbora aurreikusiak finkatzen diren urteko eta urte anitzeko plan eta programak, foru arau honen 15. artikuluan ezarritakoak. Horien betetze maila eta lortutako emaitzak aldizka ebaluatu eta argitaratu beharko dira, 16. artikuluko neurketa eta balorazio adierazleekin batera. Baita egindako partaidetza prozesuak eta horietan lortutako emaitzak ere, partaidetzari buruzko foru araudian xedatutakoaren arabera.

b) Erakundeek egindako publizitate eta komunikazio kanpainak, horien gastuak, esleipendunak eta betetze epea adierazita. Horietako bakoitzaren euskarria, hedabidea eta gastuaren xehetasunak argitaratuko dira.

3.– Foru Aldundiak beste zenbait informazio ere argitaratuko ditu, hala nola:

a) Jabetzan dauzkan edo berak eskubide errealen bat duen higiezinen zerrenda. Horretan adierazi egingo du higiezin horiei zer erabilera ematen zaien edo zer zerbitzuk erabiltzen dituen, eta zer departamentu edo entitateari atxiki edo zer erakunderi laga zaizkion. Horretaz gain, ibilgailuei buruzko informazioa eta erakundeak bere titulartasunekoak dituen kultur ondasunen zerrenda argitaratuko dira.

b) Foru Aldundiak partaidetza duen erakunde publiko eta pribatuen oinarrizko datuen zerrenda, horien sorrerari buruzko akordioak, partaidetza motaren zehaztapena eta kasuan kasuko web orrialdeetarako esteka.

c) Kontsulta eta gizarte partaidetzarako organoak, horien jarduerak eta hartutako akordioak ere barne.

d) Interes Taldeen Erregistroa.

31. artikulua.– Foru kargu publikoei buruzko informazioa.

1.– 4/2011 Foru Arauak, abenduaren 19koak, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren foru sektore publikoaren eremuan jardueren erregistroa eta ondasun eta interesen erregistroa arautzekoak, bere aplikazio esparruan hartzen dituen pertsonei dagokienez, ondoko informazioa argitaratuko da, gutxienez:

a) Pertsona horien identifikazioa eta profil eta ibilbide profesionala.

b) Urtean jasotzen dituzten soldatak edo era guztietako lansariak.

c) Beren kargua dela eta beste organo eta erakunde batzuetan dituzten karguak edo ordezkaritzak, eta baita bestelako kargu publikoak ere, halakorik baldin badute.

d) Egin beharreko jardueren bateragarritasunari buruz organo eskudunak emandako ebazpenak.

e) Abenduaren 19ko 4/2011 Foru Arauaren 8. artikuluaren indarrez Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu behar diren ondasun eta interes aitorpenei buruzko datuak; eta 15. artikuluaren indarrez Gipuzkoako Batzar Nagusietara igortzen den sei hilean behingo informazioa, jasotako aitorpen kopuru eta motei, aitorpen betebeharra bete ez duen kargudun kopuruari eta horien identifikazioari buruzkoa.

f) Foru gobernua osatzen dutenen eta goi kargudunen erakunde jardueraren agendak, kargu horietan dauden bitartean, gutxienez, publiko egongo direnak. Agenda aldez aurretik publiko egiterik ez dagoen kasuan, ondoren argitaratuko da, baldin eta justifikatutako arrazoirik ez badago. Nolanahi ere, gobernuko kideen eta goi kargudunen erakunde jardueraren agendetan sartu beharko dira, aldez aurretik, lobbyekin edo lobbyetako kideekin egiten dituzten bilerak.

g) Egindako bidaia ofizialen zerrenda, horien xedea, destinoa, data, partaideak eta kostua adierazita.

2.– Erakundearen Zuzentasun Sistemari buruzko informazioa, horretan bereziki aipatuta kargudun publikoen jokabide kodeak eta onartutako beste edozein kode; baita sistemaren Berme Organoari eta emandako ebazpenei buruzko informazioa ere. 2. artikuluko 1 eta 2 zenbakietan jasotzen diren gainerako entitateek ere argitaratuko dituzte zuzentasun sistema betez gauzatuko dituzten jarduerak.

32. artikulua.– Garrantzi juridikoa duen informazioa.

Foru Aldundiak, bere eskumenen esparruan, honakoak argitaratuko ditu:

a) Gauzatze bidean diren arauak prestatzeko prozeduren zerrenda eguneratua, horien xedea, tramitazioaren egoera eta izapide egutegi aurreikusia adierazita.

b) Arauak prestatzeko espediente bakoitzari dagokionez eta 6/2005 Foru Arauak, uztailaren 12koak, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Erakunde Antolaketari, Gobernuari eta Administrazioari buruzkoak, xedatutakoarekin bat:

i) Foru arau eta foru dekretuen aurreproiektuak prestatu aurretik egindako kontsulta publikoaren emaitza.

Ii) Hasteko agindua edo ebazpena eta txosten erantsia.

Iii) Foru arau aurreproiektuen eta izaera orokorreko xedapen proiektuen testua, entzunaldi edo jendaurreko informazioaren tramitera igarotzen direnean; eta tramite hori egiten ez bada, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Lege Aholkularitzako Batzordearen irizpena eskatzen den unean; eta, eskatzen ez bada, onarpenaren unean.

Iv) Genero inpaktuari buruzko aurretiazko ebaluazioaren txostena.

v) Aurrekontuaren gaineko eraginari buruzko txostena, hala badagokio.

Vi) Jarraitu den prozedurari buruzko amaierako txostena, horretan jasota tramiteetan zehar hartu diren alegazio, gomendio, ohar eta iradokizunen aipamena; eta bereziki aipatuko dira tramite horien edo zuzenketa tekniko edo formazkoen ondorioz arauaren testuan egindako aldaketak.

Vii) Lege Aholkularitzako Batzordearen irizpena, horrelakorik eman denean.

Viii) Herritarren partaidetzarako prozesuaren memoria eta konklusioak, horrelakorik izan bada.

c) Onartutako araudiaren geroko ebaluazioari dagokionez, indarrean dagoen araudiari jarraikiz Gipuzkoako Batzar Nagusiei bidaltzen zaizkien txostenak.

d) Jarraibideak, instrukzioak, akordioak, zirkularrak edo partikularrek edo beste organo batzuek egindako kontsulten erantzunak, zuzenbidea interpretatzen badute edo ondorio juridikoak badituzte.

e) Indarrean dagoen legedi sektorialarekin bat, tramitazioan zehar jendaurreko informazio aldi bat igaro behar duten dokumentuak.

f) Diputatuen Kontseiluak onartutako akordio guztien laburpenak.

g) Kontsulta-organoek emandako nahitaezko txostenak, Kontratazio Alorreko Errekurtsoetarako Foru Auzitegiaren eta Auzitegi Ekonomiko- Administratiboaren ebazpenekin batera.

h) Ondorio publikoak dituzten ebazpen administratibo eta judizialak eta eragiten dieten behin betiko ebazpen judizialak.

i) Prozedura guztien katalogo eguneratua, euskarri fisikoan zein euskarri elektronikoan eskuragarri daudenena, administrazioaren isiltasuna aplikatzeko modua eta jar daitezkeen errekurtsoak ere barne.

j) Urteko araugintza plana.

k) Urteko txosten bat, aurkeztutako administrazio errekurtso eta administrazioarekiko auzi errekurtsoei buruzkoa.

33. artikulua.– Kontratazio, hitzarmen eta dirulaguntzei buruzko informazioa.

2. artikuluko 1 eta 2 zenbakietan zerrendatutako subjektuek ondoko informazio hau argitaratu beharko dute:

1.– Bere kontratazio jarduerari dagokionez:

a) Sektore publikoko kontratuen oinarrizko legedian araututako informazio guztia kontratatzailearen profilean argitaratzeko betebeharra. Gardentasun atariak profil horretara bidaliko du, dagokion lotura ezarriz.

b) Kontratuen lagapenak eta azpikontratazioak, azpikontratatzailea identifikatuta.

c) Amaierako txosten-laburpen ekonomikoa, obra eta zerbitzu emakidako kontratuen esleipen prezioa eta amaierako kostua adierazita, dagozkien aldaketak eta prezio berrikuspenak barne.

d) Sektore publikoko kontratuen legedian aurreikusitako prozeduretako bakoitzaren bidez esleitutako kontratuen aurrekontu bolumenaren kopuruari eta ehunekoari buruzko datu estatistikoak, ezagutu ahal izateko kontratu modalitate bakoitzean kontratatzen diren ehunekoak eta azken lau urteetan sektore publikoarekin kontratatzen duten enpresetako bakoitzak jasotako ehunekoak.

e) Kontratazio publikoko urteko plana, 180.000 euroko balio zenbatetsitik gorako kontratuenak, zerbitzuen eta horniduren kasuan, edo 2.000.000 eurotik gorakoenak, obren eta obra eta zerbitzu emakiden kasuan.

f) Zerbitzuak emateko kontratuetan, enpresa esleipendunak publiko egin beharko ditu ondoko datuak, erabiltzaileek ezagutu ahal izan ditzaten:

i) Kudeatzaileek zerbitzuaren kalitateari, zerbitzua jasotzeari eta zerbitzua emateko baldintzei dagokienez onartu eta bere gain hartutako obligazioak.

Ii. Erabiltzaileen eskubideak eta betebeharrak.

Iii. Kexak edo erreklamazioak egiteko prozedura.

2.– Hitzarmenei eta kudeaketa mandatuei dagokienez:

a) Izenpetutako hitzarmenen zerrenda, alderdi sinatzaileak, xedea, iraupen epea, egindako aldaketak, hitzartutako prestazioak eta hitzarmenak betetzeko subjektu obligaziodunak adierazita, hitzartutako obligazio ekonomikoekin batera hala dagokionean.

b) Izenpetutako kudeaketa mandatuen zerrenda, horien xedea, aurrekontua, betebehar ekonomikoen iraupena eta egiten diren azpikontratazioak adierazita, pertsona edo erakunde esleipendunak, esleipenerako segitutako prozedura eta horren zenbatekoa ere jasota.

c) Bitarteko propioei egindako enkarguak argitaratuko dira sektore publikoko kontratuen legediak xedatutakoaren arabera.

3.– Dirulaguntzei dagokienez:

a) Emandako dirulaguntza eta laguntzak, horien zenbatekoa, xedea, helburua eta pertsona onuradunak adierazita. Norgehiagoka libreko dirulaguntzetan, ebazpenaren aurretiko txosten teknikoa jendaurrean azalduko da.

b) 1/1987 Legeak, martxoaren 27koak, Lurralde Historikoetako Batzar Nagusietarako Hauteskundeei buruzkoak, 11. artikuluan aipatzen dituen hauteskunde gastuak finantzatzearren alderdi politiko edo hautesle federazio, koalizio edo elkarteei emandako dirulaguntzak, emandako zenbatekoari buruzko azalpena emanez artikulu horretan aurreikusten diren baldintzetan.

c) Dirulaguntza plan estrategikoak eta horietako aldaketak.

34. artikulua.– Ekonomia, finantza, aurrekontu eta estatistika informazioa.

1.– 2. artikuluko 1 eta 2 zenbakietan zerrendatutako subjektuek jendaurrean azaldu beharko dute ondorio ekonomikoak edo aurrekontu mailakoak dituen ondoko informazioa:

a) Aurrekontuak, aurrekontuko partida nagusiak deskribaturik eta informazio eguneratu eta ulergarria emanez gauzatze egoerari eta ekitaldian zehar onartutako aurrekontuko aldaketei buruz, azken hauen gauzatze mailari buruzko hiruhileko informazioarekin batera.

b) Eman behar diren urteko kontuak, eta kontu horien gainean kanpo kontrolerako organoek egiten dituzten kontu auditoretzari eta fiskalizazioari buruzko txostenak.

2.– Foru Aldundiak beste zenbait informazio ere argitaratuko ditu, hala nola:

2.1.– Aurrekontuei buruzko informazioa:

a) Diputatuen Kontseiluak onartutako urteko kontua.

b) Aurrekontu egonkortasunari eta finantza jasangarritasunaren helburuak betetzeari buruzko informazioa.

c) Aurrekontuen genero eraginaren ebaluazioa.

2.2.– Gastuei, sarrerei eta ordainketei buruzko informazioa:

a) Foru sektore publikoaren finantzaketari buruzko oinarrizko informazioa, dauden finantzaketa tresnak adierazita.

b) Zerga sarrerak: zerga itunduei buruzko zerga informazioa, batez ere bide horretatik jasotako zerga sarrerei eta zerga bakoitzaren ehunekoari buruzkoa, azken urteotan sarrerek izandako bilakaerarekin batera.

c) Zerga autonomia.

d) Programa garrantzitsuetako gastuei buruzko informazioa.

e) Gastu publikoa eta inbertsioa, biztanleko.

f) Hornitzaileei ordaintzeko epea eta berankortasunari buruzko txostenak.

g) Zerga itunduen bitarteko udal finantzaketaren bidetik urtean Gipuzkoako udalerriei esleitutako zenbatekoen banakako zerrenda.

h) Gastuaren efizientzia edota eraginkortasun adierazleak.

2.3.– Zorpetzeari buruzko informazioa:

a) Gipuzkoako Foru Aldundiaren zorpetzea, horrek denborak izandako bilakaerarekin, epeekin eta oinarrizko ezaugarriekin, biztanleko zorpetzea eta zorpetze erlatiboa ere adierazita; horiez guztiez gain, baita bere merkataritza-sozietateei baimendutako zorpetze eragiketak ere.

b) 4/2007 Foru Arauak, martxoaren 27koak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Finantza eta Aurrekontu Araubidearenak, 108. artikuluan eta hurrengoetan jasotzen duenarekin bat, Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako abalak.

2.4.– Foru Aldundiak ematen dituen zerbitzu publikoen kostu eta etekinei buruzko azterlan edo analisiak.

2.5.– Zerga estatistikak eta finantza eta zerga jardueren alorreko estatistikak.

3.– Ekonomia, finantza eta aurrekontuei buruzko informazioa, ahal den neurrian, sexuka bereizirik jasoko ditu datuak.

35. artikulua.– Herritarrekiko harremanei buruzko informazioa.

1.– 2. artikuluko 1 eta 2 zenbakietan zerrendatutako subjektuek urteko memoria egingo dute hartu eta tramitatutako eskaera, kexa eta iradokizunei buruz, akatsak konpontzeko eta zerbitzuak hobetzeko hartutako neurriak ere jasoz bertan.

2.– Foru Aldundiak beste zenbait informazio ere argitaratuko ditu; horietako gaiak honakoak izango dira:

a) Zerbitzu kartak.

b) Herritarren partaidetzari buruzko foru araudiak aurreikusten dituen baldintzetan abiatuta, martxan eta amaituta dauden partaidetza prozesuak, eta bereziki prozesu horien emaitza eta egindako proposamenen inguruan hartutako akordioak jasotzen dituzten txostenak; eta partaidetza jarduerari buruzko urteko txostena, genero ikuspegia txertatuta.

c) Partaidetza prozesuen ebaluazioak eta herritarren partaidetzarako sistemaren ebaluazio orokorrak, berariazko foru araudiak ezarriak.

d) Zerbitzu emateei aplika dakizkiekeen tasak, tarifak edo prezioak.

e) Herritarrek zerbitzu emateekiko adierazten duten gogobetetasunari buruzko inkestak, non eta horrelakoak ez diren beste bitarteko batzuen bidez argitaratzen.

f) Eskumenekoak dituen zerbitzu publikoen betetze maila eta kalitatea balioesteko beharrezko estatistika informazioa, genero ikuspegia barnean jasota.

g) Departamentu bakoitzak herritarrei emandako zerbitzuen katalogoa.

h) Publizitate aktiboari buruzko informazioa, hots, eskuratzea maizena eskatzen den publizitate aktiboari buruzkoa, horrek izan ditzakeen datu pertsonalak aurrez kenduta, informaziorako sarrera ukatzen edo mugatzen duten ebazpenekin batera, betiere horiek interesdunei jakinarazi ondoren.

i) Gardentasunaren eta informazioa eskuratzearen inguruko obligazioen betetze mailari buruzko urteko txostena.

36. artikulua.– Gardentasunari eta informazio publikoa eskuratzeari buruzko Foru Arauari dagokion publizitate aktiboa.

1.– Urte naturaleko lehen hiruhilekoan, Gipuzkoako Foru Aldundian gardentasun arloko koordinazioaren eginkizuna dagokion departamentuak txostena egingo du, foru arau honek aurreko urte naturalean zehar izan duen betetze mailari buruz.

2.– Txosten horrek, gutxienez, alderdi hauek jasoko ditu:

a) Gipuzkoako Foru Aldundiko departamentu bakoitzak eta 2. artikuluko 1 eta 2 zenbakietan zerrendatutako gainerako subjektuek publizitate aktiborako betebeharrei dagokienez lortutako betetze maila. Txostenak informazioaren balorazio kuantitatiboa eta kualitatiboa jasoko ditu, honako hauek balioetsiz: argitalpena bera, informazioaren edukia (hau da, informazioaren ezaugarriak) eta argitaratzeko erabiltzen den web euskarria.

b) Gardentasun atarian kontsulta gehien jasotako edukiak.

c) 2. artikuluko 1 eta 2 zenbakietan zerrendatutako subjektuen aurrean informazio publikoa eskuratzeko eskubidea baliatzeari dagokionez: aurkeztutako eskaera kopurua; erabakitako eskaera kopurua; erabakitzeko batez besteko epea; erabat, partzialki edo hirugarren pertsonen aurkaritzarekin baietsitako eskaera kopurua; ezetsi edo ez onartutako eskaera kopurua; neurri batean edo hirugarren pertsonen aurkaritzarekin baiesteko, ezesteko eta ez onartzeko arrazoiak; gehien eskatutako informazioa; eta pertsona eskatzailearen profila (adin tartea, sexua, eta eskaeran erabilitako hizkuntza). Foru Aldundiak departamentuka aurkeztuko du informazio hori.

d) Aurreko apartatuan aurreikusitako ondorioetarako, Foru Aldundiko departamentuek eta 2. artikuluko 1 eta 2 zenbakietan zerrendatutako gainerako subjektuek gardentasunaren arloko koordinazioaren eginkizuna duen departamentuari bidali beharko diote honek txostena egiteko eskatzen dien informazioa, betiere urteko lehen bi hilabeteen barnean.

3.– Prestatzen den txostena Diputatuen Kontseiluari aurkeztuko zaio. Ondoren, Gipuzkoako Batzar Nagusietara bidaliko da. Txostena tramitatu ondoren, gardentasun atarian argitaratuko da, Batzar Nagusiek bidalitako komunikazioarekin batera.

37. artikulua.– Betebehar berriak eta publizitate aktiboaren historikoa.

1.– Diputatuen Kontseiluak arau bidez zabalagotu ahal izango ditu kapitulu honetan jasotzen diren publizitate aktiborako betebeharrak, eta erregelamendu bidez garatuko ditu informazioa gardentasun atarian sartzeko, mantentzeko eta kentzeko denborak. Oro har, informazioa bost urtez egongo da egoera aktiboan. Denbora hori igarota, hurrengo apartatuan aipatzen den historikoaren parte bihurtuko da. Kargu publikoak izan dituzten pertsonei buruzko informazioa hiru hilabetez egongo da, 4/2011 Foru Arauak, abenduaren 19koak, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren foru sektore publikoaren eremuan jardueren erregistroa eta ondasun eta interesen erregistroa arautzekoak, jasotzen dituen betebeharrak betetzen direnetik kontatzen hasita.

2.– 44. artikuluan araututako gardentasun atariak hamar urtez mantenduko du argitaratzen den eta egungoa izateari uzten dion informazioaren historikoa.

3. ATALA
DATU IREKIAK

38. artikulua.– Datuak irekitzea eta berrerabiltzea.

1.– Foru sektore publikoak, eskura duen informazioa irekitzeko, formatu berrerabilgarriak eta elkarreragingarriak lehenetsiko ditu, bai erabilera publiko-sozialerako bai pribatu-komertzialerako, hain zuzen gardentasuna areagotzeko, herritarrek jarduera publikoaren gaineko ezagutza eta kontrol handiagoa izan dezaten ahalbidetzeko eta, aldi berean, ezagutzaren kolaborazio ekonomia sorrarazteko. Datuak argitaratzen direnean errespetatu egingo dira 27. artikuluan deskribatutako ezaugarriak.

2.– Barnean izango dira foru liburutegi, museo eta artxiboetako dokumentuak, erakunde horiek, dokumentuen sortzaile gisa, jabetza intelektualeko eskubideen jatorrizko titularrak direnean, edo eskubideen titulartasuna eskualdatu zaielako horien titularrak direnean, betiere lagapenaren baldintzak errespetaturik eta jabetza intelektualari buruzko legediak xedatuarekin bat.

3.– Zerbitzu emakiden bitartez zerbitzu publikoen kudeaketa esleituta duten enpresek dauzkaten datuak ere barnean izango dira.

4.– Foru arau hau ez zaie aplikatuko zerga administrazioari eragiten dioten dokumentuei edo datu pertsonalen babesari buruzko araudiak babestuei, norbaiten jabetzakoak diren edo interes legitimoa duten subjektuen dokumentuei, jabetza intelektualeko edo komertzialeko eskubideak dagozkien dokumentuei eta ezargarria zaion araudian xedatutakoa batez beste batzuei.

5.– Datu pertsonalak dauzkan informazioa berrerabiltzeko jarraitu egin beharko da datu pertsonalak babesteari buruzko araudiak xedatua. Oro har, beharrezko anonimizazio prozesuak erabiliko dira, modurik izan ez dadin alegia eskaintzen den informazioa pertsona identifikatu edo identifikagarri batekin lotzeko.

6.– Datuak progresiboki irekiko dira, administrazioak dituen giza baliabideen eta materialen arabera, eta inpaktu eta erabilgarritasun handienekoei zein herritarrek gehien eskatzen dituztenei emango zaie lehentasuna.

39. artikulua.– Datuak berrerabiltzearen araubide administratiboa.

1.– Printzipioz, datuak irekiak eta doakoak izango dira eta, horrekiko koherentziaren bidetik joz, erabiltzen diren lizentziak irekiak izango dira, ez esklusiboak, ez dute baimen beharrik izango, murriztapen txikienak izango dituzte, eta nazioarteko parametroen araberakoak izango dira. Dena den, datuak berrerabiltzeko aurretiazko lizentzia bat eskuratu beharra ezarri ahal izango da, erregelamendu bidez.

2.– Era berean, datuak berrerabiltzeko eskaera egin ahal izango da, 48. artikuluan aurreikusten den tramitazio prozedurari jarraikiz.

3.– Informazioaren berrerabiltze horretara jotzen duten pertsonek edo agenteek beren ardurapean eta beren kontura erabiliko dute informazioa, eta horiei egokituko zaie, ez beste inori, erabilera horretatik ondoriozta daitezkeen kalteengatik hirugarrenen aurrean erantzutea. Foru Aldundiak ez du ardurarik izango informazioa berrerabiltzen duten pertsonek edo agenteek informazio horri ematen dioten erabileraren gainean, ezta informazio berrerabili horren erabilerak eragiten dituen edo eragin ditzakeen kalte materialen, datuen gaineko kalteen edo galera ekonomikoen kasuan ere.

4.– Eskaera ezesten bada hirugarrenen jabetza intelektualaren kasuetan oinarrituta, haien titularra den pertsonaren aipamena jasoko da, pertsona ezaguna baldin bada. Betebehar horretatik salbuetsita egongo dira bibliotekak, museoak eta artxiboak.

40. artikulua.– Datu irekietarako plana eta datu inbentarioa.

1.– Datu irekiei eta informazioa berrerabiltzeari buruzko politika plan batean jaso ahal izango da. Horretan lehentasunak, datuak irekitzeko mekanismoak eta tresnak ezarriko dira, eta baita politika horren ezarpenari buruzko ebaluazioa ere. Plan edo programa horrek datuen jasangarritasun ekonomikoa bermatuko du, eta herritarrek eta sektore ekonomikoak datuak berrerabiltzea sustatzeko politikak jasoko ditu halaber.

2.– Datu irekietarako partaidetza bidezko politika zabaldu ahal izatearren, Foru Aldundiak jendaurrean azalduko du eskura duen datu multzoa, horrela ahalbidetzearren herritarrek datuak irekitzeko proiektuak proposatzea. Gainera, proposamenak eta ekarpenak egiteko espazio bat edukiko dute herritarrek gardentasun atarian.

41. artikulua.– Administrazio arteko lankidetza.

1.– Foru Aldundia Gipuzkoako toki erakundeekiko elkarlanean arituko da informazioa zabaltzeko eta berrerabiltzeko unean, eta toki erakunde horiek gardentasun atarian datu-sisteman parte hartu ahal izatea ahalbidetuko du.

2.– Foru Aldundiak Open data Euskadi plataformarekin federatuko du bere sistema, alde batetik open data ekimen publikoak modu efiziente batez baliatzeko eta, bestetik, informazio publikoaren erabiltzaile diren pertsona fisiko edo juridikoek informazioa produktu edo zerbitzu berriak garatzeko berrerabil dezaten ahalbidetzeko.

4. ATALA
ADMINISTRAZIOAREN ANTOLAMENDUA

42. artikulua.– Gardentasuneko eta datu informazioko departamentu unitateak.

1.– Foru Aldundiaren esparruan, departamentu bakoitzaren barnean idazkaritza teknikoak, edo egitura organiko eta funtzionalari buruzko dagokion dekretuak eskumena ematen dion administrazio unitateak, ondoko eginkizunak izango ditu publizitate aktiboari eta informazio publikoa eskuratzeko eskubideari dagokienez:

a) Publizitate aktiboa behar duen informazioa biltzea eta gardentasun atariaren bitartez zabaltzea.

b) Informazioa eskuratzeko eskaerak tramitatzea eta ebazpen proposamena prestatzea.

c) Eskaera egiten duen pertsonak informazioa egiaz eskuratu ahal izateko beharrezko barne tramiteak egitea.

d) Foru arau hau bere departamentuaren barnean betetzeari buruzko informazioa prestatzea, 36. artikuluan aurreikusten den urteko txostenera begira.

e) Eta, oro har, departamentuaren barnean ardentasuna bultzatzea.

2.– Departamentuko gainerako zerbitzuek ahalik eta laguntzarik handiena eskainiko diote lehen aipatutako idazkaritza teknikoari edo administrazio unitateari. Zerbitzu bakoitzaren ardura izango da berak duen informazio publikoa, bai publizitate aktiboa behar duena bai informazioa eskuratzeko eskaera baten xede dena, idazkaritza teknikoari edo administrazio unitateari edo, hala dagokionean, informazioa eskatu duen pertsonari berari zuzenean ematea.

3.– Foru Aldundiaren unitate eta zerbitzu guztiek, informazioa dutenez, beren gain izango dute bitarteko publikoz sortutako informazioa jendaurrean jartzeko ardura. Informazio hori datu ireki gisa eskainiko dute, foru arau honetan adierazten diren baldintza eta ezaugarriekin.

4.– Osterantzean, foru sektore publikoko erakundeek beren erakundeen barnean izendatuko dituzte informazio unitateak, foru arau honen ondorioetarako, eta 43. artikuluko koordinazio zereginak betetzen dituenari jakinaraziko diote izendapen hori.

43. artikulua.– Departamentu arteko koordinazioa.

1.– Departamentu arteko koordinazioa, gardentasun, datu eta informazioa eskuratzeko eskubidea baliatzeari dagokienez, gai honen inguruko eskumena duen departamentuari dagokio:

2.– Eginkizun hauek izango ditu:

a) Gardentasuneko eta informazioko departamentu unitateak koordinatzea.

b) Gardentasunari buruzko urteko txostena prestatzeko lan teknikoa.

c) Araudia behar bezala aplikatzeko zirkularrak prestatzea.

d) Datu ataria kudeatzea.

e) Argitaratu beharreko datuak departamentuetako unitateekin batera identifikatzea eta informazio berrerabilgarriaren inbentarioa egitea.

f) Hala dagokionean, datu irekien plana eta horren ebaluazioa prestatzea.

g) Informaziorako eta datuak irekitzeko eskaerak eta herritarrentzako arretarakoak kudeatzea.

h) Koordinazio onerako beharrezko iritzitako beste edozein eginkizun.

3.– Gardentasunaren ardura duten idazkaritza teknikoetako edo administrazio unitateetako titularrak elkartu egingo dira, publizitate aktiboaren eta informazio publikoa eskuratzearen arloan egindako eta egiteko jardueren bateratze lan, balorazio eta koordinaziorako, gardentasuna ezartzera begira irizpide homogeneoak finkatzeko eta 36. artikuluak jasotzen duen urteko txostena aztertzeko.

4.– Informazioa duten zerbitzuetako titularrek solasguneak eta datuak irekitzeko jarduerak koordinatzeko espazioak edukiko dituzte, gai honen inguruko eskumena duen sailak bultzatuta.

44. artikulua.– Gardentasun ataria.

1.– Foru Aldundiko gardentasun ataria telekomunikazio sare publikoen bitartez erabil daitekeen helbide elektronikoa da. Horren titulartasuna, kudeaketa eta administrazioa Foru Aldundiari dagozkio, eta duen informazio publikoa jendearen eskura jartzea du helburu, bai foru arau honen arabera publizitate aktiboa eman behar zaion informazioa denean, dela informazioaren sorburutik beretik dela 2. artikuluko 1 eta 2 zenbakietan zerrendatutako subjektuen Interneteko orrietarako esteka bitartez, bai interesgarri iritzitako beste orrialde batzuk direnean. Gainera, atari horretan herritarren eskura jarriko da datu katalogoa, berrerabili ahal izateko moduko formatu irekiak baliatuta.

2.– Atariak ez du egoitza elektroniko baten izaera juridikorik ez teknikorik izango, bai ordea sarbide unibertsala, teknologiaren neutraltasuna, elkarreragingarritasuna, informazio argitaratuaren kalitate eta berrerabiltzea eta horren identifikazio eta kokapena bermatu ahal izateko ezaugarri eta mekanismo egokiak.

3.– Atariko edukietarako lehenbiziko sarrera euskarazko orrira bideratuko da beti; horretan, gaztelaniazko orrirako esteka egongo da, beste hizkuntza batzuetan daudekeen orrietarakoa bezalaxe.

4.– Erabiltzen den hizkerak ikusgarri egingo ditu bai emakumeak bai gizonak, eta informazioaren edukietan eta, hala badagokio, eduki horiekin batera diren irudietan bermatu egingo da tratamendu orekatu, berdintasunezko, askotariko eta ez estereotipatua, emakumeek bizitzako arlo sozial, politiko, ekonomiko eta kulturalean duten presentzia egoki islatzearren.

5.– Gardentasun atarira Gipuzkoako atari instituzionaletik iritsi ahal izango da.

6.– Gardentasun atariak Gipuzkoako udalen gardentasun atarietarako estekak eduki ahal izango ditu, eta aplikagarri zaien araudiak ezartzen dituen publizitate aktiborako betebeharrak dituzten lurralde historikoko beste subjektu eta erakundeen atarietarako estekak halaber.

7.– Gainera, Foru Aldundiak neurri osagarriak eta beste administrazio publiko batzuekin edo beste entitate batzuekin lankidetzan aritzeko neurriak hartu ahal izango ditu, publizitate aktiboari dagokionez dituen obligazioak betetzeko.

II. KAPITULUA
INFORMAZIO PUBLIKOA ESKURATZEKO ESKUBIDEA

45. artikulua.– Informazio publikoa eskuratzeko eskubidea baliatzea.

1.– Pertsona guztiek informazio publikoa eskuratzeko eskubidea baliatu ahal izango dute, 2. artikuluko 1 eta 2 zenbakietan zerrendatutako subjektuen aurrean. Eskubide hori erabiltzeko unean zein horretarako prozeduran jarraitu egingo dira bai foru arau honetan jasotako aurreikuspenak bai aplikagarria den legediak xedatua.

2.– Eskubidea baliatzeko ez dago eskaera zertan arrazoitu, ez pertsona interesduna zertan izan, ezta beste inolako eskubide edo interes zilegirik zertan egokitu.

3.– Informazioa eskuratzeko eskubidea gauzatzeko prozedurak eskakizun formal txikienak izango ditu, eta erraz eta bizkor garatzeko eta erabakitzeko modukoa izango da.

46. artikulua.– Informazio publikoa eskuratzeko eskubidea baliatzeko mugak.

1.– Informazio publikoa eskuratzeko eskubidea mugatu edo ukatu egingo da oinarrizko legedian ezarritako baldintzetan.

2.– Muga horiek era murriztaile batez interpretatuko dira, mugak babesten duen ondasun juridiko edo interesari informazio eskuratze horrek eragin liezaiokeen kaltea baloratuta (kaltea haztatzeko testa); eta, osagarri gisa, haztatu egingo da informazio eskuratze horretarako ba ote den muga justifikatzen duen interes edo ondasunaren gainetiko interes publikorik (interesak haztatzeko testa).

3.– Edonola ere, informazioa eskuratzeko eskubideari ezarritako mugak bakar-bakarrik legeek zehazten duten denboran zehar aplikatu ahal izango dira, edo justifikatzen dituen arrazoiak dirauen bitartean.

4.– Artikulu hau aplikaturik ematen diren ebazpenek amaiera emango diote prozedurari, eta ebazpen horiei publizitatea emango zaie, betiere dituzketen datu pertsonalak bereizita, pertsona interesdunei zuzendutako jakinarazpenaren ondotik.

47. artikulua.– Eskuratze partziala.

Eskatutako informazioak aurreko artikuluan aurreikusitako mugaren bat izanez gero, entitateak eskuratze partziala onartu ahal izango du muga hori daukan informazioa isilean gorde ondoren, non eta zentzurik gabeko informazio bat gelditzen ez den; eta adierazi beharko da zein zati gorde den isilean.

48. artikulua.– Eskuratze prozedura.

1.– Eskaera egiteko ahozko edo idatzizko edozein bitarteko erabili ahal izango da. Eskaera ahoz egiten bada edo aurrez aurre egiten bada, herritarren arretarako bulegoetan egin beharko da. Eskaera aurrez aurre egiten bada, formatu elektronikoan jasoko da eta kopia bat emango zaio eskatzaileari; eskaera telefono bidez egiten bada, eskaera kodearen erreferentzia emango zaio.

2.– Informazioa eta datu irekiak eskuratzeko eskaeretan informazio hau jasoko da:

a) Eskatzailearen nortasuna.

b) Eskuratu nahi den informazioa.

c) Formatua edo informazioa jasotzeko modua.

d) Harremanetarako helbidea, ahal delarik elektronikoa.

3.– Eskaeran ez badira datu horiek behar bezala ematen, edo eskatutako informazioa ez bada behar beste identifikatzen, hamar eguneko epea emango zaio eskatzaileari informazio hori zuzentzeko edo osatzeko, eta, hala egin ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko da, ebazpena eman ondoren.

4.– Eskaeran adierazi egingo da publikoa edo itxia den, hau da, eskatzaileak baimenik ematen duen egiten duen kontsulta hori, datuak bereizi ondoren betiere, gardentasun atarian informazio gisa argitara dadin. Era berean, eskaeran eskatzailearen sexua adieraziko da, estatistika xedeetarako.

5.– Eskaerak behar bezala identifikatutako hirugarren pertsona batzuen eskubide eta interesei dagokien informazioari buruzkoak baldin badira, unitate izapidetzaileak ahozko edo idatzizko entzunaldia emango die hirugarren horiei, egoki deritzotena alegatu dezaten; horretarako, hamabost eguneko epea emango zaie. Eskatzaileari aditzera eman beharko zaio zirkunstantzia hori, adieraziz era berean erabakitzeko epea etenik dagoela ukituen alegazioak jaso arte edo horiek aurkezteko epea igaro arte.

6.– Foru Aldundiaren esparruan, eskatutako informazioa daukan departamentuko idazkaritza teknikoak tramitatuko du eskaera, edo egitura organiko eta funtzionalari buruzko dagokion foru dekretuan eginkizun hori atxiki zaion administrazio unitateak bestela. Informazioa departamentu bat baino gehiagoren esku baldin badago, informazioaren zati nagusia prestatu duen departamentuaren idazkaritza tekniko edo administrazio unitateari egokituko zaio tramitazioa.

7.– Eskaera zuzenean aurkezten bada Foru Aldundiaz besteko foru sektore publikoko erakundeen aurrean edo foru arau honek behartzen dituen beste subjektu batzuen aurrean, erakunde edo subjektu horiek dagokion Foru Aldundiaren departamentuari igorriko diote eskaera, erregistratzeko eta erabakitzeko, eskatutako informazioarekin batera beren esku baldin badago.

8.– Tramitazio lanean ari den idazkaritza tekniko edo administrazio unitatetik jasotzen dituzten eskaeretan ahalik eta gehien lagundu eta horiei lehentasun gorena emango diete departamentuetako zerbitzuek.

9.– Zerbitzu publikoak ematen dituzten edo ahalmen administratiboak baliatzen dituzten pertsona fisiko edo juridikoen esku dagoen informazioa denean, horiek lotzen zaizkion departamentuko idazkaritza tekniko edo administrazio unitateak tramitatuko ditu eskaerak.

10.– 2. artikuluko 1 eta 2 zenbakietan zerrendatutako subjektuei zuzendutako informazioa eskuratzeko eskaerak bide elektronikotik aurkeztu ahal izateko, dagokion bitartekoa gaituko da bai gardentasun atarian bai Foru Aldundiaren kontsulta eta kexa sisteman, edo ezartzen den, eskubide hori baliatzea ahalbidetzen duen eta egoitza elektronikoan argitaratzen den beste edozeinetan. Aipatu atari horretan eskaera-eredu normalizatua egongo da, eskubide hori baliatzea ahalbidetzearren.

49. artikulua.– Eskaerak ez onartzea eta aplikagarriak diren arauak.

1.– Eskaerak ez onartzeko erabakia arrazoitu egin beharko da, eta ondorengo kausaren bat gertatzen denean bakarrik erabakiko da:

a) Prestatzen ari den edo jendaurrean jartzekoa den dokumentazioari buruzkoa izatea. Kasu horretan, eskaera ez onartzeko ebazpenean zehaztu beharko da zein organo ari den informazioa prestatzen, noiz amaituko duen, nola argitaratuko den edo zein lekutan egongo den eskuragarri.

b) Dokumentazio osagarriari edo laguntzaileari buruzkoa izatea, eta garrantzia juridikorik edo interes publikorik ez izatea. Nahitaezko txostenek ez dute dokumentazio osagarri edo laguntzaileen izaera izango; ez eta azken erabaki bat arrazoitzeko eransten diren hautazko txostenek ere.

c) Informazioak birlanketa konplexua behar izatea, zabaldu ahal izateko. Eskatutako informazioa erabilera arrunteko tratamendu informatizatuaren bidez lor badaiteke, ez da informazioaren birlanketatzat hartuko.

d) Eskaera zuzentzea informazioa ez daukan edo zein entitatek izan dezakeen ez dakien organo bati.

e) Eskaera argi eta garbi errepikakorra izatea edo gardentasun helburuak arrazoitzen ez duen neurriz gaineko izaera izatea, edota eskaeraren xedeari dagokionez gehiegizko kostuak izatea.

2.– Nolanahi ere, ez onartzeko arrazoiak modu murriztailean interpretatuko dira, informazioa ematearen alde ahalik eta zabalen jokatzeko printzipioa aplikatuz.

50. artikulua.– Ebazpena.

1.– Eskaera ebazteko eskumena diputatu nagusiarena edo eskaera tramitatu duen departamentuko foru diputatuarena izango da, 48. artikuluan aurreikusiarekin bat.

2.– Foru Aldundiak eskaera guztiei erantzun, horiek epe barruan ebatzi eta interesdunei jakinaraziko dizkie.

3.– Jasotzen denetik gehienez 20 eguneko epearen barnean jakinarazi beharko da eskaerari buruzko ebazpena. Epe hori beste hogei eguneko epe batez luzatu ahal izango da, eskatutako informazioaren bolumen edo konplexutasunagatik. Kasu horretan, eskatzaileari lehen bost egunetan zehar eman beharko zaio aditzera epearen luzapena, horretarako arrazoiarekin batera. Eskaera aurkeztu eta 20 egun igarota berariazko ebazpenik eman ez bada, ezetsia izan dela ulertuko da.

4.– Ematen den informazioa foru arau honen aplikazio eremutik kanpoko administrazio edo erakunde batek prestatu edo sortu badu neurri batean, ebazpenean aipatu egingo da zertzelada hori, informazioaren jatorrizko iturria edo iturriak adieraztearekin batera.

5.– Oro har, baiespenezko ebazpenaren jakinarazpenarekin batera informazio eskatua joango da, edo informazio hori berehala eskuratzeko modua, non eta tartean ez den informazioa eskuratzea berandutzen duen legezko aurreikuspenen bat, edo informazioaren edo informazioa eskuratzeko modu edo formatuaren ezaugarriek berehalakotasun hori eragozten ez duten. Informazioa berehala eskuratzen ez bada, ebazpenak berariaz jasoko du noiz eta nola gauzatuko den eskuratze hori, betiere 10 eguneko epearen barnean.

6.– Datuak berrerabiltzea ezesteko erabakia hirugarrenen jabetza intelektualarekin lotutako balizkoetan oinarrituta dagoenean, datuen titularraren aipamena jasoko da, pertsona ezaguna baldin bada. Betebehar horretatik salbuetsita egongo dira bibliotekak, museoak eta artxiboak.

7.– Ematen den ebazpenari hautazko erreklamazioa jarri ahal izango zaio foru arau honetan aurreikusten den Gardentasun arloko Erreklamazio Batzordean, hilabeteko epean, eta, hala dagokionean, baita kasuan kasuko administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ere.

51. artikulua.– Informazio publikoa eskuratzea gauzatzea.

1.– Oro har, eskatutako informazio publikoa eskatzaileak aukeratutako modu eta formatuan emango da eta, horrela ez bada, bide elektronikoa erabiliko da nagusiki, posible den guztietan. Kopia formatu elektronikoan bidaltzen bada, bermatu beharko da interesdunak informazio hori tratatzeko eta berrerabiltzeko aukera izatea.

2.– Hala eta guztiz ere, eskatzaileak adierazitako modu eta formatuez bestelako batzuetan emango da informazioa, ondoko kasuotan:

a) Informazioa dagoeneko argitaratuta dagoenean eta erraz eskuratzeko modukoa denean, horrelakoetan informazioa eskuratzeko modua adieraztera mugatu ahal izango baita ebazpena.

b) Informazioa in situ eskuratzeak jatorrizko euskarria galtzea edo hondatzea ekar dezakeenean.

c) Kopia aukeratutako formatuan egitea ezinezkoa denean horretarako behar diren ekipo teknikoak falta direlako.

d) Informazioa eskuratzeko aukeratutako modalitateak jabetza intelektualaren eskubideari eragin diezaiokeenean.

e) Altxor publikoarentzat errazago eta merkeago denean.

3.– Informazioa eskuratzea doan izango da. Dena den, informazioa kopia bidez edo jatorrikoaz besteko formatu batera pasatuz eskuratzen bada, horien kostu erreala gaindituko ez duen kantitate bat ordaintzea eskatu ahal izango da, Tasa eta Prezio Publikoei buruzko Foru Arauan ezarriarekin bat.

4.– 44. artikuluan araututako gardentasun atarian jendaurrean jarriko da aplika daitezkeen tasa eta prezioen zerrenda.

III. KAPITULUA
GARDENTASUN BERMEAK ETA ZEHAPEN ARAUBIDEA
1. ATALA
GARDENTASUNAREN BERMEAK

52. artikulua.– Gardentasunaren arloko Erreklamazio Batzordea.

1.– Gardentasunaren arloko Erreklamazio Batzordea sortuko da. Kide anitzeko organoa izango da, independentea eta autonomia funtzionalez hornitua, eta informazio aktiborako betebeharraren eta informazio publikoa eskuratzeko eskubidea baliatzearen inguruan herritarrek egiten dituzten erreklamazioak aztertuko ditu.

2.– Gardentasunaren arloko Erreklamazio Batzordearen eginkizunak honakoak izango dira:

a) Informazio publikoa eskuratzeko eskubidearen ezeste berariazko edo ustezkoa dela eta aurkeztutako erreklamazioak ebaztea.

b) Goi kargudunek eta langile asimilatuek publizitate aktiboaren arloan egindako ez-betetze posibleei buruzko salaketak aztertzea.

c) Espedienteak abia ditzatela eskatzea, foru arau honetan aurreikusten diren gardentasun betebeharrak bete ez direlako zantzu sinesgarriak, horretarako egindako txostenaren bidez egiaztatuak, daudenean.

d) Bere jardueraren urteko txostena prestatzea, foru arau honetako 36. artikuluan jasotzen den txostenean txertatzeko.

3.– Gardentasunaren arloko Erreklamazio Batzordea gaiagatik eskuduna den departamentuari atxikiko zaio, aurrekontu ondorioetarako eta bitarteko materialetara begira.

4.– Gardentasunaren arloko Erreklamazio Batzordeak hiru kide izango ditu, Foru Aldundiko karrerako funtzionarioak; gutxienez horietatik bik A Taldekoak izan behar dute, lanpostura sartu ahal izateko Zuzenbideko lizentziatura edo unibertsitate-gradua eskatu zaienak. Batzordeko eginkizunetan aritzeak ez du arduraldi esklusiborik eragingo. Beraz, eginkizun horiek eta lanpostukoak txandakatuko dituzte batzordekideek.

5.– Gardentasunaren arloko Erreklamazio Batzordeko kideak Foru Aldundiak izendatuko ditu, lau urterako. Batzordearen osaketa Gardentasun Atarian argitaratuko da. Izendapen horretan kontuan hartuko da gizonen eta emakumeen presentzia orekatua, hau da, sexu bakoitza, gutxienez, % 40an ordezkatuta egongo da, 4/2005 Legeak, otsailaren 18koak, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerakoak, xedatutakoaren arabera.

6.– Foru Aldundiak, foru dekretu baten bitartez, garatu egingo ditu artikulu honetan jasotzen diren aurreikuspenak, eta aipatu organoaren antolaketa, prozedura eta funtzionamendu arauak zehaztuko ditu.

53. artikulua.– Gardentasun bermeak.

1.– Erantzukizun publikoa duten pertsonek bete egin behar dituzte publizitate aktiboari eta informazio publikoa eskuratzeko eskubideari lotutako obligazioak, arau honetan eta aplikagarria den beste edozein legeditan ezarriarekin bat.

2.– Herritarrek Gardentasunaren arloko Erreklamazio Batzordeari salatu ahal izango dizkiote publizitate aktiboari eta informazio publikoa eskuratzeko eskubideari lotutako obligazioen ez-betetzeak, eta Batzordeak, salaketaren irismena aztertu ondoren, kasuan kasuko obligazioak betetzea eskatu ahal izango dio organo eskudunari.

3.– Foru kargudunek edo asimilatuek ez badituzte betetzen errekerimendu edo eskaera horiek edota arrazoitu gabe onartzen ez badituzte edo ukatzen badituzte, lege eskakizunak ez betetzeagatiko espedientea abiatzea eskatuko dio Gardentasunaren arloko Erreklamazio Batzordeak organo eskudunari, foru arau honetan aurreikusten diren baldintzetan.

2. ATALA
ZEHAPEN ARAUBIDEA

54. artikulua.– Erantzuleak.

Atal honetan aurreikusten diren arau-hausteen erantzuleak goi kargudunak edo asimilatuak izango dira.

55. artikulua.– Goi kargudunei eta asimilatuei egotzi dakizkiekeen arau-hausteen araubidea.

1.– Aurreko artikuluan zerrendatutako pertsonei egotz daitezkeen arau-hauste oso larriak honakoak dira:

a) Publizitate aktiborako betebeharrak ez betetzea, Gardentasunaren arloko Erreklamazio Batzordeak berariaz egindako errekerimenduari hirutan baino gehiagotan erantzun ez zaionean bi urteko epean.

b) Hirutan baino gehiagotan ez betetzea, bi urteko epean, informazioa eskuratzeari dagokionez aurkeztu zaizkion erreklamazioei buruz Gardentasunaren arloko Erreklamazio Batzordeak emandako ebazpenak.

2.– Arau-hauste larriak honakoak dira:

a) Urtean bitan baino gehiagotan ez betetzea foru arau honek ezartzen duen publizitate aktiboko informazioa argitaratzeko obligazioa.

b) Bi urteko epean bitan ez betetzea informazioa eskuratzeari dagokionez Gardentasunaren arloko Erreklamazio Batzordeak emandako ebazpenak.

c) Informazioa emateko unean ez betetzea informazio publikoaren egiazkotasun printzipiotik eta foru arau honetan ezarriarekin bat ondorioztatzen diren eskakizunak.

d) Urtean bitan baino gehiagotan ukatzea, eta justifikaziorik gabe, Gardentasunaren arloko Erreklamazio Batzordeari aurkezten zaizkion erreklamazioen tramitazioko eginbeharrekotarako eskatutako laguntza.

e) Urtean bitan baino gehiagotan ez betetzea, justifikaziorik gabe, informazio publikoa eskuratzeko eskaera epe barruan ebazteko obligazioa.

3.– Arau-hauste arinak honakoak dira:

a) Arau honetan ezarritako obligazioak ez betetzea, arau-hauste larri edo oso larritzat jotzen ez direnean.

b) Ez betetzea, justifikaziorik gabe, informazio publikoa eskuratzeko eskaera epe barruan ebazteko obligazioa.

56. artikulua.– Goi kargudunei eta langile asimilatuei ezar dakizkiekeen zehapenak.

1.– Aurreko artikuluan aurreikusitako arau-hauste arinak ohartarazpenez edo 200 eta 1.000 euro bitarteko isunaz zehatuko dira.

2.– Arau-hauste larriak ez-betetzeari buruzko adierazpena Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuz edo 1.001 eta 6.000 euro bitarteko isunaz zehatuko dira.

3.– Goi kargudunei eta zuzendaritzako langileei egotz dakizkiekeen arau-hauste oso larriak ez-betetzeari buruzko adierazpena Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuz, edo 6.001 eta 12.000 euro bitarteko isunaz zehatuko dira.

57. artikulua.– Zehapen prozedura.

1.– Zehapen prozedura abiarazteko organo eskuduna gaiaren araberako departamentuko diputatua izango da.

2.– Espedientearen instrukzioaz arduratuko den administrazio unitateak esleituta izango du eskumen hori egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen foru dekretuan.

3.– Edonola ere prozedura ofizioz abiatuko da, organo eskudunaren erabaki baten bitartez bai bere ekimenez, bai Gardentasunaren arloko Erreklamazio Batzordeak eskaturik, beste organo batzuek egin eskaera arrazoituaren bitartez, edo partikular batek jarritako salaketagatik.

4.– Gardentasunaren arloko Erreklamazio Batzordeak, arlo honetan ez-betetzeak gertatu direla egiaztatu eta horiek kapitulu honetan aurreikusitako arau-hausteen artean egon daitezkeela iritziz gero, espedientean jasotako informazio guztia organo eskudunari emango dio, prozedura abiaraztearren. Gardentasunaren arloko Erreklamazio Batzordeak prozedura abiatzea eskatzen duenean, organo eskudunak hasiera eman beharko dio prozedurari, gehienez hamabost eguneko epean, eta horren emaitza ere aditzera eman.

5.– Ebazteko organo eskudunak edozein unetan hartu ahal izango ditu ondoren eman daitekeen ebazpenaren eraginkortasuna ziurtatzeko behin-behineko beharrezko neurriak, akordio arrazoitu baten bitartez betiere.

58. artikulua.– Zehatzeko eskumena.

1.– Arau-hausteak goi kargudunei egotz dakizkiekeenean, arau-hauslea atxikita dagoen departamentuko titularrak baliatuko du zehatzeko ahala, zehapen arin eta larriak direnean; zehapen oso larrien kasuan, Diputatuen Kontseiluak baliatuko du zehatzeko ahal hori.

2.– Gipuzkoako sektore publikoko beste erakundeetako zuzendaritzako kargudunak direnean, hau da, langile asimilatuak, zehatzeko ahalaren titulartasuna entitatea atxikitako departamentuko buruari dagokio.

59. artikulua.– Zehapenen publizitatea.

Foru arau honetan aurreikusten diren arau-hauste oso larri eta larriengatik ezartzen diren zehapenak gardentasun atarian, egoitza elektronikoan edo dagokion web orrian argitaratuko dira, zenbait kasutan Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean ere argitaratu beharko direla, eta Foru Aldundian gardentasunaren arloan eskumena duen zuzendaritza-organoak egiten duen urteko ebaluazio txostenean erasota utzi ahal izango dira.

V. TITULUA
FORU ARAUAREN EBALUAZIOA

60. artikulua.– Foru arauaren ebaluazioa.

1.– Foru Aldundiak bost urtean behin ebaluatuko ditu foru arau honek gobernu onaren aurrerapen eta hobekuntzan dituen emaitzak eta eraginak, bertan jasotzen diren kontzeptu guztiei dagokienez.

2.– Ebaluazioa partaidetzaren bidez egingo da 16. artikuluan jasotzen den lankidetza zientifiko eta teknikoarekin. Araua era objektiboan ebaluatua izan dadin, Diputatuen Kontseiluak definituko ditu foru arau honi darizkion gobernu onaren adierazleak. Adierazleetan nahiz ebaluazioan genero ikuspegia txertatuko da, foru arau honen 16. artikuluan xedatutakoaren arabera.

3.– Diputatuen Kontseiluak onartu eta gero, ebaluazio txostena Batzar Nagusietara eramango da, bertan eztabaidatzearren.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.–Batzar nagusiak.

Batzar Nagusiek bere erregelamenduan arautuko dute nola ezarriko dituzten foru arau honetako IV. tituluan eta 19/2013 Legeak, abenduaren 9koak, gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzkoak, I. tituluan aurreikusitako publizitate aktiborako betebeharren eta informazio publikoa eskuratzeko eskubideen inguruko xedapenak.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Berme Organoa.

Foru arau honek 11. artikuluan aurreikusten duen Erakundearen Zuzentasun Sistemaren Berme Organoa Gipuzkoako Lurralde Historikoko foru sektore publikoko Erakundearen Etika Batzordea izango da, 3/2016 Foru Dekretuak, martxoaren 1ekoak, edo hori ordezkatuko duen araudiak araututakoa.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Interes Taldeen Erregistroa.

Foru Aldundiak urtebeteko epean onartuko du foru arau honetako 14. artikuluan aipatzen den Interes Taldeen Erregistroa arautuko duen foru dekretua.

LAUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Enplegatu publikoak.

Foru arau honek enplegatu publikoen inguruan eta foru merkataritza sozietateetako edo izaera bereko fundazioetako enplegatuen inguruan xedatutakoak ez du eragozten Enplegatu Publikoaren Estatutuaren Legearen Testu Bateginak 52. artikulutik 54.era bitartean xedatutakoa aplikagarri izatea, hala badagokio.

XEDAPEN INDARGABETZAILE

Indarrik gabe geratzen dira foru arau honetan ezarritakoarekin bat ez datozen edo kontraesanean dauden maila bereko edo txikiagoko xedapen guztiak. Indargabetuta geratzen dira, berariaz, honako hauek: 4/2014 Foru Araua, otsailaren 6koa, gardentasunari eta informazio publikoa eskuratzeari buruzkoa, eta 3/2007 Foru Arauak, martxoaren 27koak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko diru laguntzei buruzkoak, 17. artikuluko bigarren paragrafoko c atalean xedatutakoa.

AZKEN XEDAPENTAKO LEHENENGOA.– Xedapenak emateko ahalmena.

Ahalmen ematen zaio Diputatuen Kontseiluari foru arau hau garatzeko eta gauzatzeko beharrezkoak diren xedapenak onar ditzan.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Indarrean jartzea.

Foru arau hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu, eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.


Azterketa dokumentala