Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

74. zk., 2019ko apirilaren 16a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
1926

EBAZPENA, 2019ko apirilaren 3koa, Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendariarena, Bizkaiko Foru Aldundiaren Kontuhartzailetzako lanpostua sailkatzeko dena. Lanpostua Toki Administrazioko gaikuntza nazionaleko funtzionarioentzat gordeta dago.

Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legeak (TAOL) 36.1.b) artikuluan jasotakoaren arabera, Diputazioaren berezko eskumenak dira udalerriei laguntza eta lankidetza juridiko, ekonomiko eta teknikoa ematea, betiere idazkaritza eta kontuhartzailetza zerbitzuen jarduera bermatuz 1.000 baino gutxiago biztanle dituzten udalerrietan.

2018ko martxoaren 16an, TAOLren 92.bis artikuluaren laugarren atalean ezarritakoan oinarrituta, gaikuntza nazionala duten Toki Administrazioko funtzionarioen araubide juridikoa arautzen duen 128/2018 Errege Dekretua argitaratu da Estatuko Aldizkari Ofizialean.

Errege-dekretu horren 16. artikulua da probintzietako diputazioek euren lanpostu zerrendetan gaikuntza nazionala duten Toki Administrazioko funtzionarioen lanpostuak jasotzearen betebeharra xedatzen duena, funtzionario horiei gordetako funtzioak betetzea bermatu dadin probintzietako diputazioek baliatu behar dituztenean funtzio horiek. Era berean, aipatutako artikuluaren bigarren atalaren arabera, adierazitako lanpostuen sailkapena egiteko eskuduntza Autonomia Erkidegoarena da, dagokion erakunde bakoitzaren proposamenez.

Modu horretan, Bizkaiko Foru Aldundiko eskaera Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako Zuzendaritzan jaso da, gaikuntza nazionala duten toki administrazioko funtzionarioentzat gordetako lanpostu baten sailkapena gauzatzeko, «1626 Sarrerako Kontu-hartzailea» lanpostuarena, hain zuzen ere.

Sailkapen hori Bizkaiko Foru Aldundiak hartutako 2018ko abenduaren 11ko Erabakiaren (aurrerago 2019ko martxoaren 26ko erabakiaren bidez aldatua) ondorioa da, hots, Udal Azterlanetarako eta Toki Erakundeentzako Ekonomia Laguntzarako Zerbitzuari atxikitako Sarrerako Kontu-hartzailea izeneko lanpostua sortzea onetsi duen Erabakiarena.

Hori guztia dela eta, Foru Aldundiak aurkeztutako eskaera aztertu ondoren, TAOLaren 92. bis artikulua eta bigarren xedapen gehigarriari jarraituz, aipatutako martxoaren 16ko 128/2018 Errege Dekretuaren 16. artikuluarekin bat etorriz, eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen apirilaren 11ko 71/2017 Dekretuaren 10. artikuluaren arabera ere, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Bizkaiko Foru Aldundiko «1626- Sarrerako Kontu-hartzailea» lanpostua sailkatzea, gaikuntza nazionala duten Toki Administrazioko funtzionarioen eskalako Kontu-hartzailetza azpieskalan, sarrerako kategorian.

Bigarrena.– Lanpostu hori betetzeko sistema merezimendu-lehiaketa izango da.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal zaio Erakunde Harremanetarako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin, eta uko egin barik errekurtsoa aurkezteko xedez zuzenbidean onartutako edozein bideri.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Administrazioarekiko Auzietako Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluari jarraituz, Herri Administrazioek ez dute ebazpen honen aurka administrazioarekiko errekurtsorik jartzerik izango. Hala ere, ebazpen hau errekurritu daiteke EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietako Salan, argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita, bi hilabeteko epean, 29/1998 Legearen 45. eta hurrengo artikuluen arabera. Halaber, aurretiaz eta epe berean, Administrazio Erregistroen eta Toki Araubidearen Zuzendaritza honi eskatu ahalko diote ebazpen hori baliogabetzeko edo errebokatzeko, 29/1998 Legearen 44.1 artikuluan ezartzen denaren arabera.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko apirilaren 3a.

Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendaria,

ELIXABETE ETXANOBE LANDAJUELA.


Azterketa dokumentala