Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

63. zk., 2019ko apirilaren 1a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA JUSTIZIA SAILA
1639

AGINDUA, 2019ko martxoaren 15ekoa, Lan eta Justiziako sailburuarena. Honen bidez hasiera ematen zaio azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuan ezarritako Hauteskunde Sindikalen Batzordeko, Lurralde Batzordeetako eta Ikuskaritzako kide diren sindikatuentzako 2019. urterako dirulaguntzak emateko prozedurari.

Euskal Autonomia Erkidegoan Sindikatu Hauteskundeen Bulego Publikoa, Batzordea eta Ikuskaritza sortu zituen azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuaren II. xedapen gehigarrian zehaztu ziren sortutako organoak osatzen dituzten sindikatuei dirulaguntzak emateko prozedurak.

Halaber, aipatutako dekretuaren 8. artikuluak Sindikatu Hauteskundeen Batzordearen osaeran sindikatuei dagokien ordezkaritza arautu zuen, proportzionaltasun irizpidea errespetatuz, enpresetako eta administrazio publikoen zerbitzupeko langileen ordezkaritza-organoetarako hauteskundeetan Euskal Autonomia Erkidegoan sindikatu bakoitzak eskuratutako ordezkatze-mailaren arabera.

Horretaz gain, aipatutako dekretuaren II. xedapen gehigarriak aurrekontu-kreditua banatzeko ohiko prozedura zehazten du, eta, horren ondorioz, dirulaguntzaren zenbatekoa zati berdinak emanez banatu daiteke, edo proportzionaltasuna aplikatuz, enpresetako eta administrazio publikoen zerbitzupeko langileen ordezkaritza-organoetarako hauteskundeetan Euskal Autonomia Erkidegoan sindikatu bakoitzak eskuratutako ordezkatze-mailaren arabera. Hori guztia, dirulaguntzak emateko aginduan xedatzen denari jarraikiz, eta Sindikatu Hauteskundeen Batzordeko kide diren sindikatuekiko akordiorik dagoen ala ez ere kontuan hartuz.

2018ko ekitaldirako Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Nagusiak onartzen dituen abenduaren 22ko 5/2017 Legearen aurrekontu luzapenean ezartzen du 3112 Programan 520.000,00 euroko dirulaguntza bat sindikatuentzako, Sindikatu Hauteskundeen Batzorde Zentralean eta Lurralde Batzordeetan parte hartzeagatik.

Sindikatu Hauteskundeen Bulego Publikoa, Batzordea eta Ikuskaritza sortu zituen azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuak xedatutakoari jarraikiz, Sindikatu Hauteskundeen Batzordean eta Lurraldeetako Batzordeetan parte hartzeagatik sindikatuei dagokien dirulaguntza emateko prozedurari hasiera ematen zaio, honenbestez.

Hori guztia dela eta,

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Helburua.

Hasiera ematen zaio Sindikatu Hauteskundeen Batzordeko eta Lurralde Batzordeetako partaide diren sindikatuentzako 2019ko dirulaguntzak emateko prozedurari, Sindikatu Hauteskundeen Bulego Publikoa, Batzordea eta Ikuskaritza sortu zituen azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuak arautzen dituen batzorde horietan parte hartzeagatik dagozkienak.

2. artikulua.– Aurrekontu dotazioa.

2019. urterako aurrekontu dotazioa 520.000,00 eurokoa izango da, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Nagusi Luzatuen kargura.

3. artikulua.– Prozedura arrunta.

2019ko uztailaren 31ra arteko epea izango dute sindikatuek eta Lan eta Gizarte Segurantza Zuzendaritzak Sindikatu Hauteskundeen Bulego Publikoa, Batzordea eta Ikuskaritza sortu zituen azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuko bigarren xedapen gehigarriaren bigarren atalean aipatzen den adostasunera heltzeko. Aipatutako epea igarota administrazioak inolako adostasunik lortu ez dela konprobatuko balu, bigarren xedapen gehigarriaren bigarren apartatuan ezarritakoa aplikatuko litzateke.

4. artikulua.– Erakunde onuradunen baldintzak.

1.– Erakunde onuradunek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean eduki beharko dituzte.

b) Ezingo dute eduki zigor- edo administrazio-mailako zehapenik, laguntza publikoak edo dirulaguntzak eskuratzeko aukera galarazten dienik, eta, halaber, ezingo dira egon horretarako gaitasuna kentzen dien legezko debekuren batean, ezta sexu-diskriminazioaren zioz sortu direnetan ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean ezarritakoaren arabera.

c) Ezingo dira egon Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 1. eta 2. apartatuetan aurreikusten duen egoera batean ere.

2.– Nolanahi ere, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren (Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena) 50.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo erakunde autonomiadunek ezaugarri bereko beste laguntza edo dirulaguntzaren batzuk eman izana dela-eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da onuradunei dirulaguntzak edo laguntzak eman eta ordaindu ahal izateko. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak betetzeke dituztenak ezingo dira onuradun izan.

3.– Artikulu honetan onuradun izateko ezartzen diren baldintzak betetzen direla justifikatzeko, bestalde, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu ahalko da. Salbuespen bakarra zerga-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekikoak egunean direla ziurtatzeko agiria izango da.

4.– Laguntza hauek jasoko dituzten erakunde sindikalek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela automatikoki egiaztatuko du, beharrezkoa den adina aldiz, organo kudeatzaileak, eta horretarako ez du erakundeen baimena beharko.

Hala ere, erakunde sindikal horiek berariaz ukatu ahal izango diote baimena. Kasu horretan, arauz ezarritako eran aurkeztu beharko dituzte ziurtagiriok.

5. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Nolanahi ere, laguntza hauen onuradun suertatzen diren erakunde sindikalek bete egin beharko dute Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14., 18. eta 46. artikuluetan ezarritakoa, bai eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren (Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena) 50. artikuluan ezarritako betebeharrak ere, eta, zehazki, honako hau:

a) Dirulaguntza eman ahal izateko moduko egoera batean egotea.

b) Jasotako finantziazioaren izaera publikoa agerraraztea.

c) Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari beharrezko informazio oro ematea, jasotako laguntzen xedea fiskalizatzeko eta jatorrizko helburuak betetzen direla egiaztatzeko funtzioak betez.

d) Idatziz jakinaraztea Lan eta Gizarte Segurantza Zuzendaritzari xede bererako beste dirulaguntzarik edo laguntzarik jaso den, edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribaturen eskutik.

e) Idatziz jakinaraztea Lan eta Gizarte Segurantza Zuzendaritzari edozein egoera objektibo edo subjektibo aldatu den, baldin eta egoera hori dirulaguntza emateko orduan erabakigarria bada, bai eta Zuzendaritzarekin lankidetzan aritzea ere, datuak egiaztatu, jarraipena egin eta kontrolatzeko prozeduretan.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu hau azkena da administrazio bidean. Beronen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Lan eta Justiziako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko martxoaren 15a.

Lan eta Justiziako sailburua,

MARÍA JESÚS CARMEN SAN JOSÉ LÓPEZ.


Azterketa dokumentala